II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
UHARTE
Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial-arduradun izateko lanpostu bat, C mailakoa, betetzeko deialdia, Uharteko Udaleko D mailako lan-kontratudun eta funtzionarioendako murriztua
1._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial-arduradun izateko lanpostu bat, C mailakoa, funtzionario moduan betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoetako Funtzionarioen Estatutuko 15.6 artikuluaren babesean. Lanpostua oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez beteko da, Uharteko Udaleko D mailako lan-kontratudun eta funtzionarioen artean.
1.2. Deialdi honetan izendatuko den izangaiak, lanpostuaren jabetza hartzen dutenetik aitzina, zerbitzu anitzetako ofizial-arduraduna izanen da, C mailakoa, eta anarteraino zuen lanpostua bertzerik gabe amortizatuko da.
1.3. Lanpostuaren lansariak C mailari dagozkionak izanen dira, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Funtzionarioen Estatutuari buruzko 251/1993 Dekretuari jarraikiz.
1.4. Hautapen probak gainditu ondotik deialdi honetako lanpostua betetzeko izendatzen den izangaia Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean afiliatuko da; alta emanen zaio araubide horretan eta hark aurreikusten duen babesa izanen du.
1.5. Izendatutako izangaiak lantokia duen herrian bertan bizi beharra du, eta hori betetzeko Uharteko udal mugapean finkatuko du bere bizilekua.
1.6. Lanaldia araudi aplikagarrian ezarritakoa izanen da, baita opor egun eta jaiegunen zehaztapena, bidai-sariei dagokiena eta gainerako eskubideak ere. Halarik ere, lanaldia noiznahi alda dezakete administrazio organo eskudunek, betiere zerbitzuaren beharren arabera.
2._Eginkizunak.
Izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu:
_Uharteko Udaleko zerbitzu anitzen koordinazioa eta zuzendaritza.
_Zerbitzu anitzetako ofizialak berezko dituen lanak;
_Bere mailaren eta kategoriaren barrenean bere esku uzten zaizkion guztiak.
3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.
3.1. Izangaiek ondoren azaltzen diren baldintzak bete beharko dituzte eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Uharteko Udaleko D mailako funtzionario edo lan-kontratuduna izatea;
b) Goi Mailako Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.
Titulazioaren baldintzaren ordez Nafarroako Administrazio Publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte frogatzea aski izanen da.
c) Nafarroako administrazio publikoetan bortz zerbitzu urte, egiazkoak, frogatzea.
d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
3.2. Izangai hautatuak deialdi honen hamabigarren oinarrian ezartzen diren epean eta moduan egiaztatu beharko ditu baldintza horiek guztiak. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta oposizio garaitik izendapenera arte bete beharko dira.
4._Eskabideak.
4.1. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabideak aurkeztu beharko dituzte Uharteko Udalaren erregistro orokorrean, atxikirik doan ereduari jarraikiz, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean, azken eguneko 14:00ak arte, edo, bertzenaz, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean ezarritako edozein bideren bitartez.
4.2. Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.
4.3. Eskabide horrekin batera, izangaiek lehiaketaldian baloratuko diren merezimenduen ziurtagiriak, deialdiko zazpigarren oinarrian ezarritakoak, aurkeztu beharko dituzte. Agiriak jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako kopiak izanen dira, bertzenaz aurkeztu gabetzat joko dira.
5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du.
5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.
5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.
6._Epaimahaia.
6.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: José Iriguíbel López jauna, Uharteko Udaleko alkatea. Ordezkoa:
Ordezkoa: Amparo Miqueleiz Arrarás andrea.
Mahaikidea: Antonio Hernáez Iribarren jauna, Uharteko Udaleko zinegotzia.
Ordezkoa: Martín Astrain Lazcano jauna, Uharteko Udaleko zinegotzia.
Mahaikidea: Atarrabiako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Ordezkoa: Burlatako Udaleko zerbitzu anitzetako arduraduna.
Mahaikidea: Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.
Idazkaria: Miren Sanz de Galdeano Martínez de Eulate andrea.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.
6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
7._Lehiaketaldia.
7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 15 puntu eskuratzen ahalko dira.
7.2. 4.3. oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz baloratuko dira:
Zerbitzu anitzetako enplegatu gisa administrazio publikoetan egiazki egindako zerbitzuengatik, puntu 1 urte bakoitzetik -ez dira kontatuko deialdian parte hartzeko baldintzei jarraikiz aurkeztu eta kontatu diren urteak-
7.3. Lehiaketaldia amaiturik, izangai bakoitzaren puntuazioa Uharteko Udaleko iragarkien oholean paratuko da jendaurrean. Oposizio-lehiaketako guztirako puntuazioa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.
8._Oposizioaldia.
8.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.
8.2. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 35 puntu lortzen ahalko dira bertan:
a) Igeltserotza proba. Puntuazioa, gehienez ere: 15 puntu; gutxieneko puntuazioa: 7,5 puntu.
b) Elektrizitate proba. Puntuazioa, gehienez ere: 15 puntu; gutieneko puntuazioa: 7,5 puntu.
c) Aukerako proba: idatzizkoa eta ahozkoa, euskararen ezagutzari buruzkoa, eskabide ereduan horretarako atala betez hala eskatzen duten izangaientzat. Gehienez ere 5 puntu emanen dira eta ez da baztergarria izanen.
8.3. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, gainditu duten izangaien zerrenda emanen da aditzera, lortutako puntuazioarekin batera, Uharteko Udaleko iragarki oholean.
8.4. Hauta-probak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean hori eskatzen duten minusbaliatuendako.
8.5. Ez da nahitaezkoa izanen proben egunak, orduak eta tokia argitaratzea; hala ere, Uharteko Udalaren iragarki oholean aditzera eman beharko dira gutienez berrogeita zortzi ordu lehenago edo hogeita lau ordu lehenago, hasierako proba baten jarraipena baldin bada.
8.6. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.
9._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Azken ariketaren emaitza emandakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Uharteko Udalaren iragarki oholean eta azkeneko ariketa egin den tokian, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian nahiz oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duten izangaien aldeko izendapen proposamena eginen du. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.
9.2 Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaletan, proposatutako izangaiak baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean.
Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbertzeko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez badira ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzun beharra ukatu gabe.
Aurreko lerroaldean aurreikusitakoa gertatuz gero, 9.1 atalean aipatzen den izangai onartuen zerrendako hurrengo izangaiak beteko du hutsunea, eta horrekin ere aurreko ataletan zehaztu den era berean jokatuko da.
10._Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Uharteko Udalak aitzineko atalean xedatutakoa bete duen izangaia izendatuko du. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapenaren jakinarazpenetik hasita. Aipatu epean jabetza hartzen ez badu, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, eskubide guztiak galduko ditu. Halakoetan, deialdiko 9.2 atalean ezarritakoari lotuko zaio.
11._Errekurtsoak.
Epaimahaiaren egintzen aurka, errekurtso arrunta paratzen ahalko da, hilabeteko epean, alkateari zuzendua. Alkatearen ebazpenaren eta deialdi honen aurka, bai eta bere oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka ere, ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahalko da, aukeran:
a) Administrazioekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina
b) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekuritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
Uharten, 2005eko maiatzaren 3an._Alkatea, José Iriguíbel López.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: ........................., adinez nagusia, NAN zenbakia: ......., sorteguna: ........, sorterria: ............... (.......), bizitokia: .............. (............), karrika: ..........., zenbakia: ......., posta kodea: ......, telefonoa: ............, zure aitzinera agertzen naiz eta
Honako hau azaltzen dut:
Uharteko Udaleko funtzionario edo lan-kontratudun finkoa naizela.
Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial-arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdiko eta oinarrietako baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala, denboraz eta moduz.
Horrenbertzez:
Eskabide hau onar dezazun eskatzen dut eta, beraz, ni Uharteko Udaleko zerbitzu anitzetako ofizial-arduradun izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onar nazazula.
Euskara proba egin nahi dudala/ez dudala nahi.
(Tokia, eguna eta izenpea)
UHARTEKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.
Iragarkiaren kodea: L0511874