65. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ARBIZU

Bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantza behin betiko onespena

Arbizuko Udalak, 2005eko urtarrilaren 15ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Bikote egonkorren erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen udal ordenantza.

Eta jendaurrean egon denez, aitzinetik Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratuta.

Eta ezarritako epean inork ez duenez haren kontrako alegaziorik aurkeztu, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 325 eta 326. artikuluetan xedatutakoari jarraikiz, hura behin betikoz onetsirik dago.

Hartara, eta antolamendu juridikoak agintzen duena betez, eta orok jakin dezan, oso-osorik argitaratuko da.

Arbizun, 2005eko apirilaren 9an._Alkate udalburua, Jesús María Mendinueta Urdánoz.

EZKONDU GABEKO BIKOTE EGONKORREN UDAL ERREGISTROAREN ANTOLAKETA ETA FUNTZIONAMENDUA ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

1. artikulua. Arbizuko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroak administrazio izaera du eta bertan ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzeak, baita haien iraungitzea ere, inskribatzen ahal dira ordenantza honetan ezartzen den eran eta baldintzetan.

2. artikulua. Ezkontzaz kanpoko elkartzea honako hau da: elkartze libre eta publikoa, adin nagusiko bi lagunek edo adingabeko bi emantzipatuk osatzen dutena, zein den ere haien sexu orientazioa, senar-emazteen gisako maitasun harremana izanik, zuzenean edo albotik bigarren maila arteko odolkidetasun edo adopzio bitarteko ahaidetasun loturarik izan gabe, baldin eta bietako inor ez badago beste bati ezkontza bidez edo bikote egonkorra osatuz loturik.

3. artikulua. Elkartzea egonkortzat joko da bikoteko kideak etenik gabe gutxienez ere urtebetez elkarrekin ezkonduta baleude bezala bizi izan badira; hala ere, bien arteko seme-alabarik badute, aski izanen da elkarrekin bizitzea. Betiere, elkartzea egonkortzat jotzeko aski izanen da bikote egonkorra eratzeko borondatea agiri publiko baten bidez adieraztea.

4. artikulua. Bikote guztiek, sexu berekoak izan edo ez, erregistroan inskribatzeko eskatzen ahal dute, baldin eta haien adostasun libre eta osoarekin ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatu badute.

Erregistratu ahal izateko, elkartze egonkorra izan beharko du, hirugarren artikuluan xedatu bezala.

Gutxienez, elkartutako kide batek egon beharko du Arbizuko udalerrian erroldatua, bertan bizi ohi delako, eta auzotartasun zibil nafarraren jabe izan.

Halaber, bi kideek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, ez daudela ezkonduak ezta inskribatuak ere ezkondu gabeko bikote egonkorren beste erregistroren batean.

5. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa egiteko, bi lagunek batera agertu beharko dute erregistroaz arduratzen den funtzionarioaren aitzinera, haien artean ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzen dutela deklaratzeko.

Ez da inskripziorik eginen bikoteko bat burujabetu gabeko adingabea bada, edo lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaide badira, nahiz alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaide badira.

Bikoteko batek akats edo anomalia psikikorik badu, orduan ere ez da inskripziorik eginen. Halakoetan, medikuaren irizpena beharko du, ezkontzaz kanpoko bizikidetasunezko elkartzea osatzeko gaitasuna aitortzen diona.

Era berean, ukatu eginen da inskripzioa bikoteko bat ezkondua badago edo ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua bada.

6. artikulua. Lehenbiziko idazpena egitean, bikoteak nahi dituen argitasun guztiak agertarazi ahalko ditu beren arteko elkartzeari buruz. Hitzez hitz idazten ahalko dira elkartutako kideen giza eta ondare loturak arautzen dituzten hitzarmenak.

Aurreko lerroaldean aipatutako edukiak geroago ere inskribatu ahalko dira, bikoteko bi kideak bertara joanda.

Nolanahi ere, elkartzea bukatu edo iraungitzeko oharpenak egiteko, aski izanen da kide bakar batek hala eskatzea.

7. artikulua. Ezkontzaz kanpo elkartutako bi kideek batera eskaturik eginen dira inskripzio guztiak bikote egonkorren udal erregistroan, elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena izan ezik, kide batek bakarrik eskaturik egiten ahal baita.

8. artikulua. Kasu hauetan, bikote egonkorra desegintzat hartuko da:

_Kide bat ezkontzen denean.

_Bien artean hala erabakita.

_Bikoteko kide batek bere aldetik hala nahita, beste kideari modu frogagarrian jakinarazita.

_Urtebetetik gora elkarrekin bizitzeari utzita.

_Kideek eskritura publikoan adostutako kasuetan.

Aipatutako kasu guztietan, bi kideak daude behartuak bikote egonkorren udal erregistroaren arduradunari jakinarazi eta elkartzea desegiteko eskatzera. Alabaina, kide bakar batek eskatzen ahalko du elkartzea bukatu edo iraungitzeko idazpena.

9. artikulua. Erregistroa Udalaren idazkaritza orokorrean egonen da.

10. artikulua. Aurreko artikuluetan aipatzen diren inskripzioak erregistratzeko Liburu Orokorra erabiliko da.

Liburua orri mugigarri, zenbatu eta zigilatuez osatua dago, eta irekitzeko eta ixteko eginbideak paratuko dira hasieran eta bukaeran.

11. artikulua. Bikote bakoitzaren lehenbiziko inskripzioa izanen da bere oinarrizko inskripzioa, eta haren bazterrean jarriko dira geroago Liburu Orokorrean elkartze horri buruz egiten diren gainerako idazpen guztiak.

12. artikulua. Erregistroan Liburu Lagungarri bat ere izanen da, inskribatuen deituren arabera ordenaturik, eta bertan adieraziko da Liburu Orokorreko zein orrialdetan dauden inskribaturiko bikoteekin zerikusia duten oharpenak.

13. artikulua. Erregistroan inskribatutakoen intimitatea, norbanakoarena nahiz familiarena, babesteko ez zaio publizitaterik emanen idazpenen edukiari, salbu eta Erregistroaren arduradunak luzatzen dituen egiaztagiriak, bikoteko edozein kidek, epaileek edo auzitegiek hala eskatu ondotik.

14. artikulua. Egiten diren inskripzioak eta luzatzen diren ziurtagiriak doakoak izanen dira.

15. artikulua. Izatezko bikoteen erregistroan inskribatzen diren ezkondu gabeko bizikidetasunezko elkartzeek, ezkontza bidezko elkartzeen tratamendu bera izanen dute Arbizuko Udalean.

I. ERANSKINA

Arbizuko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ..................................................... sorterria: ................ helbidea (erroldakoa): .................., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: ..................., eta

Izena: ........................................................ sorterria: ............... helbidea (erroldakoa): ................., adinez nagusia (edo adingabe burujabea, horren agiria aurkezten baitugu), N.A.N. zenbakia: ...................,

Eta adierazten dugu:

Udal honetako Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela nahi dugula, horri buruzko ordenantzaren arabera, eta horretarako,

Aitortzen dugu:

Lehenbizi: aipatu ordenantzan aurreikusitako bizikidetasuna dela eta, gure helbidea honako hau izanen dela: ...................... (oroitarazi behar zaio ............ jaun/andreari T.A.O.L.aren 15. artikuluari jarraituz, erroldatu beharra duela ohiko bizilekuko udalerrian).

Bigarren: ez gaudela gu biok ezkontzaren bidez lotuak, ez eta gutako inor beste inorekin ere.

Hirugarren: gure artean ez dagoela lerro zuzenean odolkidetasunezko edo adopzio bidezko ahaidetasunik, ez eta alboko lerrotik bigarren maila bitarteko odolkidetasunezko ahaidetasunik ere.

Laugarren: gutako inork ez duela akats edo anomalia psikikorik eta ez dela ezkontzeko gaitasun gabea deklaratua izan.

Bosgarren: ez dugula nahi (nahi dugula) erregistroan jasotzerik gure arteko giza nahiz ondare mailako harremanen gaineko hitzarmenik.

Seigarren: baimena ematen dugula ...................ko Udal Erroldako datuak egiaztatzeko.

Eta zin egiten dugu gutako inor ez dagoela inskribatua maila eta xede bereko inongo erregistrotan ere.

Horiek guztiak horrela,

Arbizuko Udaleko Ezkondu gabeko bikote egonkorren erregistroan inskriba gaitzatela eskatzen dugu.

Sin.: ................................... Sin.: ...................................

II. ERANSKINA

Arbizuko Udalean, ................ egunean, honako hauek agertu gara:

Izena: ........................, N.A.N. zenbakia: ...................., eta

Izena: .................., N.A.N. zenbakia: ....................,

Eta Ezkondu gabeko bikote egonkorren udal erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen ordenantzan zehaztutakoarekin bat, adierazten dugu asmoa dugula gure arteko bikote egonkorra bukatutzat edo iraungitzat jotzeko, izan ere horrelaxe inskribatua dago aipatu Udaleko erregistroan.

Horregatik guztiagatik, eskatzen dugu bukatutzat edo iraungitzat jo dadila aipatutako elkartzearen inskripzioa.

Iragarkiaren kodea: L0512750