65. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

K A S E D A

Animaliak edukitzearen gaineko ordenantza

Kasedako Udalak, 2005eko apirilaren 28an, hasiera batean onetsi zuen Animaliak, bereziki arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak, edukitzea arautzen duen ordenantza, ondotik osorik ematen dena. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zenetik jendaurrean egonen da 30 egunean, bidezko juzgatzen diren alegazioak aurkez daitezen.

Kasedan, 2005eko maiatzaren 11n._Alkatea, Jesús Esparza.

UDALAREN OSASUN ORDENANTZA, KASEDAKO UDAL MUGAPEAN ANIMALIAK EDUKITZEAREN GAINEKOA

I. KAPITULUA

Xedea, aplikazio eremua eta xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honek xedea du Kasedako udal mugapean, gizakien eta etxeko animalien arteko harremanetarako osasun arauak eta baldintzak ezartzea, bai eta, Udalaren eskumenen barrenean, haien inguruko jarduera guztiak arautzea ere.

2. artikulua. Baimena ematen da, oro har, etxebizitza partikularretan etxeko animaliak edukitzeko, baldin eta betiere osasungintza aldetik arriskurik ez bada, animaliak berak arriskugarriak ez badira, hirugarrenei trabarik jartzen ez bazaie, egokiro edukitzen badira eta bizilekuan behar diren higiene-baldintzak betetzen badira.

II. KAPITULUA

Zakurrei aplikatu beharreko berariazko araudia

3. artikulua. Nahitaezkoa da udal mugapean bizi diren zakur guziak erakunde eskudunek ezarritako zakur erroldan inskribatzea. Titulartasunaren gainean, edozein goiti-beheiti, baja edo alta gertatzen bada, jabeak erakunde eskudunei jakinarazi behar die dena delakoa gertatu eta gehienez ere zortzi eguneko epean.

4. artikulua. Udal mugapean bizi diren zakurren jabeen betebeharra da amorruaren kontrako txertoak zakurrei paratzea, legezko arauetan ezarritako egutegiaren arabera hasi eta jarraikia. Orobat, jabeen obligazioa da arlo honetako arauetan nahitaezko gisa ezarritako txerto eta tratamendu guziak paratzea ere.

Zakurrak identifikatu eta haiei txertoak paratzen dizkieten zerbitzu baimenduek jabeari emanen diote egindakoaren egiaztagiria eta haren berri emanen zaie Udalari eta, hala behar izanez gero, Nafarroako Gobernuko zerbitzu eskudunei.

5. artikulua. Se autoriza la circulación canina en la vía pública, debiendo ir los animales identificados y vacunados. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko katea edo uhal sendoarekin lotuak.

Lehenago eraso egin duten zakurrek edo aldez aurretik arriskugarri gerta daitezkeenek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Debeku da animaliak ibiltzea edo egotea haurrendako jolastokietan, ikastexeetako patioetan eta haurtzaindegietan.

Agintaritza eskuduneko agenteek salatu eginen dute zakurrak ez badabiltza baldintza hauetan eta ordenantza honen gainerakoan ezarritakoetan, bai eta zakurrak bildu eta gorde ahalko ere, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

6. artikulua. Aurreko artikuluak dioena aplikatzearen ondorioz bildutako zakurrak agintaritzako agenteek identifikatuko dituzte eta jakinaraziko diote jabeari, zeinak 72 orduko epea izanen baitu zakurra erreklamatzeko.

Jabeek erreklamatu gabeko zakurrak edo identifikatu ezin daitezkeenak, udal zerbitzuek, lehenbizi, udaltzainei eman edo salaketa egin zuen pertsonari eskainiko dizkiote, eta bigarrenez animalia hauek biltzeko zentroei. Artikulu honetan ezarritako edozein jarduketaren kostuak zakurraren jabeak ordaindu beharko ditu.

7. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonen ardura izanen da zakurrek eremu publikoaren gainean kaka egitea galaraztea. Zakurraren gidaria behartua dago hark egindako gorotzak bildu eta kentzera. Horretarako etxeetarako zabor biltontziak edo Udalak zehaztuko dituen tokiak erabiliko ditu. Zikindutako tokia garbitzea jabearen ardura izanen da.

8. artikulua. Atari zakurrak libre uzten ahalko dira bakar-bakarrik jabetza partikularreko esparruetan, baldin eta eremu publikotik behar bezala itxirik badaude, alegia, kanpora ateratzea ezinezkoa dutela, eta jabea beharturik dago babestutako esparru horren sarbide guztietan seinaleak paratzera, argi ikusteko lekuan eta irakurtzeko moduan, zakurra bertan dela ohartarazteko, 2. artikuluan aipatzen diren molestiak inola ere gerta ez daitezen.

III. KAPITULUA

Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak

9. artikulua. Definizioa

Honako arraza hauetako zakurrak izan daitezke arriskutsu: pit bull terrier, staffordshire bull terrier, american staffordshire terrier, rottweiler, dogo argentinarra, fila brasildarra, Tosa Inu, Akita Inu, Mallorcako ausiki-zakurra, Kanarietako ausiki-zakurra, artzanor napolitarra, bullmastiff, dobermann eta tosa japoniarra. Horietaz gain, oro har, arraza horien aitzinekoak izanik, beren ezaugarri etnikoak dituztenak eta beren gurutzatzeak.

Horrelako animaliak dituztenek berenak identifikatzeko dokumentazioa izan beharko dute, osasun egoera nahiz inmunizazioak ere bertan aipatzen direla, eta udal zerbitzuei erakutsi beharko diete, eskatzen baldin bazaie.

10. artikulua. Lizentzia

Ordenantza honetan oinarriturik, arriskugarri gerta daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du. Erosi aitzin eskatuko da lizentzia. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

_Adinez nagusi izatea eta ez egotea ezindurik animalia behar bezala zaintzeko.

_Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzearen inguruko arau-hauste larri edo oso larriengatik zehatua ez izana, lizentzia aldi baterako eteteko zehapena izan ezik, hura osoki bete bada.

_Ahalmen fisikoaren eta gaitasun psikologikoaren agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.

_Egiaztatzea erantzukizun zibileko aseguru bat egin izana, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutienez ere ehun eta hogei mila euroko zenbatekoa duena.

_Kasuan kasuko ordenantzetan onartzen den udal tasa ordaintzea.

Lizentzia eskatu behar dute arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, eskatzailea Kasedan bizi bada.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek betebehar hori izatea alde batera utzirik, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Kasedako Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

Lizentziak 5 urteko iraupena izanen du, eta indarrik ez galtzeko beharrezkoa izanen da hura eskuratzeko eskatu ziren betebeharrei eustea denbora horretan guztian.

Aitzinekoa ukatu gabe, Udalak egiaztatzen ahalko du, lizentziak irauten duen bitartean, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskugarri gerta daitekeen animaliaren jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, ulertuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren ekintzei.

11. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileen betebeharrak.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabe eta edukitzaileek honako betebehar hauek dituzte:

Arriskugarri gerta daitekeen animalia edukitzeko administrazio lizentzia.

Animalia eskuratzeko unean, bertze jabe baten izenean zentsaturik baldin badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, gehienez ere eskuratzen duenetik hasi eta bortz eguneko epean, animaliaren titulartasun aldaketa gertatu dela.

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko dituzte, urte bakoitza amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak edukitzeko gaitasun fisikoa eta psikologikoa erakusten duen ziurtagiria, eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko sariaren kopia konpultsatuak.

Arriskugarri gerta daitekeen animalia bat Kasedara ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskugarri gerta daitezkeen animalien erregistroan inskribatzera.

12. artikulua. Erregistroa

Arriskugarri gerta daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Kasedako Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

_Animaliaren espeziea.

_Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

_Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

_Sexua. Erreseina edo erreseina erdia.

_Jaioteguna.

_Animaliaren ohiko helbidea, zehazturik gizakiekin batera edo bertzela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako bertze xede baterako den.

_Jabearen izena, helbidea eta NANa.

_Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan egiaztatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskugarria bihurtuko duen eritasun edo nahasterik ez duela, ez eta borroketan nahiz bertzelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

_Hezi duten zentroko datuak, halakorik bada.

_Eraso kasuak.

_Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak horren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabortz eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoetan berehala jakinarazi behar baita.

13. artikulua. Segurtasun neurriak

Eremu publikoetan, higiezin kolektiboetako eremu komunetan, eta, oro har, erabilera publikorako diren toki eta eremuetan, kapitulu honetan aipatzen diren zakurrak gehienez ere bi metroko luzera duen katearekin edo uhal luzaezinarekin lotuta eta muturrekoa paratua dutela (homologatua eta zakurraren arrazari egokitua) eramanen dira. Lagun bakarrak ez du inoiz eramaten ahalko zakur hauetako bat baino gehiago eta adin tikikoek ez dituzte inola ere eramaten ahalko.

Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak dituzten instalazioek ezaugarri hauek izan beharko dituzte, animaliak handik atera eta hirugarrenei kalterik egin ez diezaieten:

_Hormek eta hesiek behar adinako altuera eta sendotasuna izan beharko dute. Orobat, tinko egon beharko dute, animaliaren pisuari eta presioari eusteko.

_Instalazioetako ateek inguruaren gainerakoa bezain sendoak eta eraginkorrak izan beharko dute, eta haien diseinuaren bidez saihestu beharko da animaliek berek segurtasun mekanismoak erauzi edo ireki ahal izatea.

_Barrutiak behar bezala seinalatua egon beharko du, mota horretako zakurrak daudela ohartaraziz.

Arau-hausteak eta zehapenak.

14. artikulua. Ordenantza honetan ezarritakoa ez betetzeak arau-hauste administratiboa ekarriko du, eta ondoko artikulu hauen arabera zehatuko da:

Zehapen prozedurari ofizioz emanen dio hasiera erakunde eskudunak, bai beraren ekimenez bai salaketa baten ondorioz.

15. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaileak izanen dira ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau-hausteen erantzuleak.

16. artikulua. Zehapenaren tramitazioa eta prozedura Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezartzen duen araudi orokorrari eta zehatzeko ahalmenaren gainean hura garatzen duenari atxikiko zaizkie.

17. artikulua. Ordenantza honen kontrako arau-hausteen sailkapena eta zehapena Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean eta hura garatzen duen araudian ezarritakoaren arabera eginen dira. Araudi horretan agertzen ez diren kasuetarako, honako hau aplikatuko da:

a) Arau-hauste arinak:

Oro har, arau-hauste arinak izanen dira jardueretarako eta instalazioetarako baimenean ezarritako baldintzak eta ordenantza honen betebehar eta xedapenak ez betetzea, arau-hauste larriaren edo oso larriaren kalifikazioa ez baldin badute.

b) Arau-hauste larriak:

Arau-hauste larritzat joko dira:

1._Udal agintzaritzari, haren funtzionarioei edo udaltzainei, haien eginbeharretan ari direla, informaziorik ez eman edo desmen egitea; halaber, informazio edo dokumentazio faltsua edo okerra ematea ere bai.

2._Animaliek nahitaez hartu beharreko txertoak ez hartzea.

3._Zakurrak arduradun batekin loturik ez ibiltzea.

4._Animaliak haurrak jostatzeko eremuetan edo eskolako patioan egotea edo ibiltzea.

5._Animaliei tratu txarrak eman edo jipoitzea, edo justifikaziorik gabe mina edo sufrimendua ekar diezaiekeen edozein jarduketa eginaraztea.

Zakur arriskugarriez den bezainbatean, kasu hauen tipifikazioa arau-larriarena izanen da:

_Arriskugarri gerta daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

_Animaliari identifikagarria paratzeko betebeharra ez betetzea.

_Erregistroan ez inskribatzea.

_Arriskugarri gerta daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

_Adingabe batek zakur arriskugarria eramatea.

_Lege honek ezarritako egitekoak bete beharrez agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

c) Arau-hauste oso larriak:

_Hauek arau-hauste administratibo oso larriak izanen dira:

_Hiru arau-hauste larritan berrerortzea.

_Arriskugarri gerta daitekeen animalia, edozein espezietakoa izanik ere, abandonatzea, eta orobat edozein zakur, eta animalia abandonatutzat hartuko da bai aginduari jarraikiz identifikatua doana bai bere etorkiaz edo bere jabeaz identifikagarririk batere eramaten ez duena, betiere inork lagundurik ez badoa.

_Arriskugarri gerta daitezkeen animalia edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

Arau-hauste larrien edo oso larrien tipifikazioa dutenek berekin ekar dezakete, zehapen osagarri gisa, arriskugarri gerta daitezkeen animaliak konfiskatzea edo akabatzea.

Arau-hausteak kalifikatzean, asmoa, egindako kaltearen tamaina, izandako partaidetza maila eta lortutako irabaziak, egindako kaltearen konponezina eta, oro har, Udalaren agintaritza eskudunak atzemandako aringarriak eta astungarriak ere hartuko dira kontuan.

Arau-hauste tipifikatuek isun hauek izanen dituzte zehapen:

18. artikulua. Ordenantza honetako aitzineko artikuluan kalifikatutako arau-hausteak honela zehatuko dira:

1._Arau-hauste arinak 60 eurotik 200 eurora bitarteko isunarekin.

2._Arau-hauste larriak 200 eurotik 600 eurora bitarteko isunarekin.

3._Arau hauste oso larriak 600.1 eurotik 6.000 eurora bitarteko isunarekin.

_Animalien jabe edo edukitzailea eginen da arau-hausteen erantzule.

_Artikulu honetan izaera administratiboko erantzunbeharra aurreikusten da eta horrek ez du ukatzen bide penal eta zibila eskatu ahal izatea.

_Arau-hausteak delitu edo faltatzat hartzen ahal direnetan, agintari eskudunek animalia inkautatzea erabaki dezakete, agintaritza judizialak horren gaineko erabakia hartzen duen arte, eta organo jurisdikzional eskudunari eman beharko zaio egitateen berri.

19. artikulua. Alkatetzari dagokio ordenantza honetan zehaztutako arau-hausteen gaineko zehapen espedienteak ebazteko ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Ordenantza honetan ezartzen ez den guztian men eginen zaio Toki Administrazioari buruzko Foru Legeak, Animaliak Babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak, Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuei buruzko Foru Legeak, Osasunari buruzko Foru Legeak, Osasunari eta Animalien Hazkuntzari buruzko Arauek, 50/-1999 Legeak, abenduaren 23koak, arau hauek garatzen dituzten lege xedapenek eta gai honen gainean aplika daitezkeen gainerako arauek ezartzen dutenari.

Bigarrena._Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L0512257