65. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko maiatzaren 30ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, Maila Ez-unibertsitarioko Irakasleen Batzordeak deitutako lanuztea dela-eta, Hezkuntza Departamentuaren ikastetxe publikoetan gutxieneko zerbitzu funtsezkoak ezartzen dituena.

CCOO, UGT, EILAS, CSIF, AFAPNA, LAB, ELA eta ANPE sindikatuen ordezkariek lanuzterako deia egin diete maila ez-unibertsitarioko irakaskuntza publikoko irakasle guztiei, 2005eko ekainaren 2ko 11:00etatik 15:30era bitarte.

Konstituzioaren 28.2 artikuluan onartzen den greba egiteko eskubidearekin batera, gizartearen oinarrizko zerbitzuak mantentzeko behar diren bermeak jarri behar dira, aipatu eskubidearen erabilera inola ere galarazi gabe, halaxe ulertu baitute, agindu hari dagokionez, bai jurisprudentzia arruntak bai konstituzionalak berak ere.

Hezkuntza zerbitzua ematea funtsezko zerbitzua da, Espainiako Konstituzioaren 27. artikuluan ezarritako hezkuntza eskubidea bermatzeko tresna delakoz.

Lanuzterako deia dela-eta, ikastetxe publikoei atxikitako irakasleek ematen duten zerbitzuak ezin dira erabat gelditu, zerbitzu horiek funtsezkoak baitira hezkuntza zerbitzua behar den bezala emateko.

Horretaz gain, funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzeko eskumena berea du gobernuko agintaritzak, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-Dekretuko 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49.1.f), 53 eta 58.1.b) artikuluetan xedaturikoaren arabera.

Azaldutakoaren arabera, erabaki honen helburua da maila ez-unibertsitarioko ikastetxe publikoetako irakasleen gutxieneko zerbitzu funtsezkoak arautzea.

Horrenbestez, Espainiako Konstituzioaren 28.2 artikuluak, martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege-Dekretuko 10. artikuluko 2. lerroaldeak, eta Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Legearen 49.2 artikuluak xedatutakoa kontuan hartuz eta Hezkuntza kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Gobernuak,

ERABAKI DU:

Lehenbizikoa._Lanuzteak maila ez-unibertsitarioko irakaskuntza publikoko ikastetxeetako irakasle diren langileen jarduera guztiak ukituko ditu eta 2005eko ekainaren 2ko 11:00etatik 15:30era bitarte eginen da, gutxieneko zerbitzu funtsezkoak errespetatuko direla.

Gutxieneko zerbitzu funtsezkoak proportzionaltasun egokia erabiliz finkatu dira, lanuzteak hartzen duen eremuaren ezaugarrien arabera.

Bigarrena._Gutxieneko zerbitzu funtsezkoak, errespetatu beharrekoak, honako hauek dira:

1. Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan, Bigarren Hezkuntzako institutuetan eta Arte eta Hizkuntza Irakaskuntzen ikastetxe publikoetan:

_Zuzendaria.

_Ikasketaburua.

_Ikasleei zerbitzua ematea bermatzeko behar adina irakasle, zuzendariak izendaturik.

2. Egoitzetan eta Hezkuntza Bereziko ikastetxeetan:

_Zuzendaria.

_Ikasleei zerbitzua ematea bermatzeko behar adina irakasle eta langile, zuzendariak izendaturik.

3. Aurrean aipatutako langileen lanuzteak edo lan nahasmenduak legez kontrakoak izanen dira eta kasuan kasuan aplikatuko den legeriaren arabera zehatuko dira.

4. . Zuzendariek langile guztiei, 1. eta 2. puntuetan aipatzen direnei izan ezik, beren eskubideak modu librean erabiltzea bermatuko diete, bai lanuztean parte hartzeko, bai lan egiteko.

5. Halaber, garraio eta/edo jantoki zerbitzua duten ikastetxeetan, behar diren neurriak hartuko dira zerbitzu horietan gerta litezkeen gorabeherak konpontzeko.

Hirugarrena._Aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak horretarako izendatutako langileek bete behar dituzte. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak horren erantzule izanen dira.

Laugarrena._Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak langileentzat onartzen dituen eskubideei.

Bosgarrena._Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadila agintzea.

Tuteran, 2005eko maiatzaren 30ean._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0513323