65. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

277/2005 EBAZPENA, apirilaren 4koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako Lan Osasunaren Batzorde Mistoa eratzeko aktaren eranskina" erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 1/2005 [A.I.]).

Ikusirik "Nafarroako Lan Osasunaren Batzorde Mistoa eratzeko aktaren eranskinaren" testua, alde batetik CEN enpresaburuen elkarteak eta, bestetik, UGT eta CC.OO. sindikatuek sinatua 2004ko azaroaren 30ean.

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko martxoaren 23an sartu da aipatu aktaren eranskinaren testua eta, horrekin batera, erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko eskaria.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak eta neurri zehatzei eta lanbideartekoei buruzko akordioak erregistratu, gorde eta argitaratzea, L.E.ko 83. eta 90. artikuluetan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. L.E.ko 83.3 artikuluan, 90. artikuluko 2. eta 3. atalei loturik, ezarritakoarekin bat, eta hitzarmen kolektiboak erregistratu eta gordetzeari buruzko maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, bidezkoa da aipatu eranskina erregistroan inskribatu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Aipatu aktaren eranskina, 2004ko azaroaren 30ekoa, departamentu honetako erregistroan inskribatzeko agindua ematea, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 4an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NAFARROAKO LAN OSASUNAREN BATZORDE MISTOA ERATZEKO AKTAREN ERANSKINA

INGURUMENEKO ORDEZKARIAREN EGINKIZUNAK

2001eko maiatzaren 31n, alde batetik CEN enpresaburuen elkarteak eta, bestetik, UGT eta CC.OO sindikatuek lan osasunaren Batzorde Mistoaren Akta sinatu zuten.

Batzordea bederatzi pertsonak osatzen dute, alderdi sinatzaile bakoitzetik hiru, eta bertan ezartzen diren arau eta prozeduren araberako erregelamendua du.

Lan Osasunaren Batzorde Misto horrek figura bat sortu eta arautu du: "laneko arriskuei aurrea hartzearen inguruko Foru Komunitateko ordezkaria". Figura horren eginkizunak eta jarduketarako prozedura zehaztu dira akta horretan.

2004ko urriaren 20an, Miguel Sanz Sesma Nafarroako Gobernuko lehendakariak, Juan Antonio Cabrero Samaniego Nafarroako UGTko idazkari nagusiak, José María Molinero de Frutos Nafarroako CCOOko idazkari nagusiak eta José Manuel Ayesa Dianda Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko lehendakariak adostu eta sinatu egin zuten Nafarroako III. Enplegu Plana, 2005-2007rako.

Enplegu Plan horretako 5. kapituluan laneko arriskuei aurrea hartzeko ekintzak azaltzen dira eta, horien artean, laneko arriskuei aurrea hartzearen inguruko Foru Komunitateko ordezkariaren figurari jarraipena eta indarra emateko proposamena egiten da.

Enplegu Plan horretako 6. kapituluan "ingurumen politiken garapena" izeneko arloa sartu da. Horren arabera, ingurumenaren eta ingurumen arloko ekintza sindikalaren arteko lotura helburu behinenetako bat da garapen iraunkorraren printzipioa lan harremanetan integratzeko gure komunitatean, eta beharrezkoa da, halaber, foru administrazioaren eta agente ekonomiko eta sozialen arteko lankidetza eta bien parte-hartzea.

Horregatik, ingurumenaren arloa Enplegu Planaren barruan sartu behar da, berariazko gai gisa, informazio, prestakuntza eta kontzientziazio ekintzak abian jartzeko.

Nafarroako Foru Komunitaterako ingurumeneko ordezkariaren figuraren _Plan honetan sortu denaren_ ezaugarri bat da enpresa edo lantoki bati zuzenean lotuta ez egotea, bere jarduketa esparruak Foru Komunitate osoa hartzen baitu. Enpresetan ingurumenaren arloko kulturak izan duen aldaketari buruz informatu eta prestatzea izanen da bere eginkizun nagusia, horrela langileen eta enpresaren parte-hartzea bultzatzeko eta, halaber, ingurumena kudeatzeko sistemak eta horien araudi eta erregelamenduak ezartzen laguntzeko.

Ingurumeneko ordezkari hori Foru Komunitateko produkzio sektoreekin elkarlanean arituko da, horri esker, bere prestakuntza edo informazio ekintzen bitartez, gizarte, lan, industria eta ekonomia arloetan aurrera egiteko, garapen iraunkorrerantz betiere.

Horren guztiaren xedea:

_Enpresek ingurumena kudeatzeko sistemak ezartzea.

_Langileak ingurumena kudeatzeko sisteman parte hartzera bideratzea, enpresek halako sistemak ezartzea erabakitzen dutenean.

_Hartutako erabakia finkatzea, sistemak funtziona dezan.

Horiek horrela, José Manuel Ayesa Dianda Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko (CENeko) lehendakariak, José María Molinero de Frutos Nafarroako CC.OO.ko idazkari nagusiak eta Juan Antonio Cabrero Samaniego Nafarroako UGTko idazkari nagusiak,

Erabaki dute:

_Laneko arriskuen arloan bezalaxe, ingurumeneko arriskurik ez izateko ere oinarrizkoa dela prebentzioa.

_Produkzio garbirantz jotzeko bidea, hau da, kutsatzailea ez den eta natur baliabideak erabiltzean ingurua errespetatzen duen produkziorantz jotzeko bidea lanean eta bizitzan baldintza osasungarriagoak izateko bidea ere badela.

_Kasu askotan antzeko egoerak daudenez eta enpresa munduan lan osasunaren eta ingurumenaren artean mugarik ez dagoenez, beharrezkoa dela 2001eko maiatzaren 31n sortu zen batzorde mistoaren eskumenak handitzea, ingurumen arloko eskumenak emanez.

Hala, Foru Komunitatean laneko eta ingurumeneko arriskuei aurrea hartzeko ordezkariek Batzorde Misto horrek ezarritako eskumenak izanen dituzte, eta horrexek finkatzen dituen enpresetan eta/edo sektoreetan arituko dira.

Ordezkari horiek ingurumenari lotutako eginkizunetan esku hartzeko, enpresaburuaren edo haren ordezkariaren adostasuna beharko da aurretik. Horri begira, Batzordeak berak kreditatuko ditu ordezkariak, esleitzen zaien enpresan egiaztagiriak aurkez ditzaten.

Batzorde Mistoak berariaz ezarriko ditu haien eginkizunak. Hauek izanen dira, oro har:

1. Lantokietan ikustaldiak egitea.

2. Enpresaburuari aholkuak ematea, enpresan laneko eta ingurumeneko arriskuei aurrea hartzeari buruz.

3. Enpresarekin batera aritzea prebentzio ekintzak hobetzeko.

4. Ingurumenaren eta laneko arriskuen arloan indarra duen araudia betetzerakoan langileen parte hartzea bultzatzea.

Nafarroako Gobernuari eskatuko zaio aurrekontuan kontusail bat jar dezala ordezkari horien lana aurrera eraman ahal izateko.

Batzorde Mistoko alderdi bakoitzak bidezkoak diren ordezkariak izanen ditu proiektua abiarazteko.

Iruñean, 2004ko azaroaren 30ean._Nafarroako CC.OO., José María Molinero de Frutos._Nafarroako UGT, Juan Antonio Cabrero Samaniego._Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioa, José Manuel Ayesa Dianda.

Iragarkiaren kodea: F0510477