63. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 27a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

I R U Ñ A

Deialdia, Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren zerbitzuko hezitzaile euskaldun izateko 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko

Iruñeko Udalaren Haur Eskoletako lehendakariak 2005eko apirilaren 27an eman ebazpenaren bitartez onetsi da Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako hezitzaile euskaldun izateko 3 lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren zerbitzuko hezitzaile euskaldun izateko hiru lanpostu, bi txanda irekian eta bat igoera txandan, oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Egunsenti eskolan ari daitezen. Lanpostu zenbakiak: 703, 704 eta 706.

1.2. Igoera txandan lanpostu hutsik gelditzen bada izangaiek hautaprobak gainditzeko eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez eskuratzeagatik, txanda irekikoei metatuko zaizkie.

Bestalde, igoera txandan lanpostu hutsak baino izangai gehiagok gainditzen badute, gainditu baina lanposturik eskuratzen ez dutenek txanda irekiko lanpostu hutsa eskuratzeko aukera izanen dute, txanda horretako izangaiekin lehia garbian, azken puntuazioaren arabera.

1.3. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko ditu izendatuak, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituztela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko dira, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.

1.4. Lanpostuek C mailari dagozkion lansariak izanen dituzte, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraituz.

1.5. Izangai izendatuek Iruñean bizi beharko dute.

1.6. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatu ahalko dute administrazio organo eskudunek.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa izatea.

b) Adinez nagusi izatea.

c) Haurtzaindegietako teknikari espezialistaren titulua edo Haur Hezkuntzako goi mailako teknikariarena izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunerako.

Titulazio horren faltan, honako hauek ere balioko dute: Haur Hezkuntzako maisu-maistra espezialista, OHOko irakaslea eskolaurreko espezialitatearekin.

d) Lehen mailako goi zikloko Euskararen Gaitasun Agiria edukitzea, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria.

e) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.

2.2. Igoera txandako izangaiek, aipatu baldintzez gain, honako hauek ere bete behar dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denerako:

a) Nafarroako edozein administrazio publikotako langile finko izatea eta borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea igoera txandan parte hartzerakoan duen lanpostuan.

b) Deialdiko lanpostuen maila berean edo baxuagoan egotea.

c) Nafarroako Administrazio Publikoetan bortz urteko antzinatasun onartua dutela frogatzea.

2.3. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duten izangaiek betebehar horiek frogatu beharko dituzte deialdi honen 7. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituztela ulertuko da eta hautapen prozesuan zehar haien jabe izan beharko dute izendapena bitarte. Gainera, izendapena baino lehenago, proposatutako izangaiek elikagaiak erabiltzeko karneta dutela frogatu beharko dute. Hura agiriak aurkezteko aipatu epearen barnean eskura dezakete.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren bulegoan aurkeztu behar dira, Oliveto Kondearen etorbidean, 4-2.ean, eta horretarako hogeita hamar egun natural egonen dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta azken eguneko 14:00ak arte, balioduna bada, edo balioduna den hurrengoan. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (1. eranskina). Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

_Haur Eskolak erakunde autonomoaren kontuan (Nafarroako Kutxa, 20540214783000000511 kontua) espedientea osatu eta azterketa eskubideagatik 8,20 euro ordaindu izanaren gordekina.

_Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.

_Euskarako tituluaren fotokopia.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, mahaiburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakaria, edo hark izendatzen duena.

Mahaikideak: Nafarroako Gobernuak izendatutako bi mahaikide.

Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Haur Eskoletako letratua.

Mahaikide-idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko pedagogo bat.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

Organo kolegiatua modu baliozkoan eratzeko, lehendakariak eta idazkariak bertan egon behar dute, edo bestela haien ordezkoek, baita kideen erdiek ere gutxienez.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6._Oposizio-lehiaketa nola eginen den.

6.1. Lehiaketaldia, agiriak aurkeztea eta balorazioa.

6.1.1. Lehiaketaldia.

Lehiaketaldia ez da baztergarria eta xedea du izangai bakoitzaren merezimenduak (prestakuntza eta laneko esperientzia) baloratzea. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean lotutakoak hartuko dira kontuan.

6.1.2. Merezimenduen frogagirien aurkezpena.

Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, oposizioaldiko azken puntuazioa argitaratzen den egunetik hasita, deialdiko 3. eranskinak aipatzen dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko, oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko eskabideak aurkezteko epearen egunean osatzen duten horienak alegia.

Ez dira inoiz ere kontuan hartuko hautapen prozeduran parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren agiriak.

6.1.3. Merezimenduen balorazioa.

Epaimahaiak baloratuko ditu, 4. eranskineko baremoari jarraituz, izangaiek jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsaturikoak erabiliz; halakoak ez badira ez aurkeztutzat joko dira.

Delako balorazioa Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean emanen da aditzera.

6.2. Oposizioaldia eta kalifikazioa.

Oposizioa 2005eko irailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko dira probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu hurrengo probak egiteko iragarkiak, araudiaren arabera.

6.2.1. Oposizioko probak hauek izanen dira:

Lehenbiziko proba: bi zatitan banatzen da.

Lehen zatia: idatzizkoa, gehienez ere ordu eta erdian egin beharrekoa. Epaimahaiak deialdi honetako 2. eta 3. eranskinetako gaiei buruz egindako galderak erantzun beharko dira.

0 eta 50 bitarteko puntuazioa izanen du eta baztertuta geldituko dira 25 puntu baino gutxiago lortzen duten izangaiak.

Bigarren zatia: ariketa teoriko-praktikoa izanen da, hain zuzen ere Haur Hezkuntzako Lehenengo Zikloari (0-3 urte) zuzendua, eta gehienez ere hiru ordu iraunen du. Hartara, epaimahaiak, proba hasterakoan, zozketaz aterako du 3. eranskineko gai bat.

Lehenengo proga gainditu duten izangaien ariketak bakarrik zuzenduko dira. 0 eta 50 bitarteko puntuazioa izanen du eta baztertuta geldituko dira 25 puntu baino gutxiago lortzen duten izangaiak.

Bigarren proba: Proba psikologikoak.

Proba psikologikoak NAPIko teknikariek egin eta baloratuko dituzte.

0 puntutik 50era bitarte baloratuko da proba.

Gainditzeko gutxienez ere 25 puntu eskuratu beharko dira.

6.2.2. Ariketak burutzeko plika itxien sistema erabiliko da. Plikak jendaurrean irekiko dira, eta probak egin diren tokiko iragarki oholean iragarriko da noiz irekiko diren, hogeita lau ordu lehenago, gutxienez ere.

6.2.3. Ariketa guztiak baloratzeko erabateko adostasunik ez badago, Epaimahaiak kide guztien kalifikazio partzialak batuko ditu eta gero kide kopuruarekin zatituko. Emandako puntuazioen artean ehuneko berrogeiko edo gehiagoko aldea badago, aintzat hartuta bakoitzak eman dezakeen gehieneko puntuazioa, puntuaziorik altuena eta baxuena automatikoki baztertuko dira eta gainerako kalifikazioen banaz-bertzeko puntuazioa aterako da.

6.2.4. Lehenengo ariketa zuzendutakoan, epaimahaiak aditzera emanen ditu Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean eta proba egin zen tokian, gainditu duten izangaien zerrenda lortutako kalifikazioekin batera. Orobat, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere zehaztuko ditu.

6.2.5. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.

7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Lehiaketaldian, izangaien merezimenduen balorazioa bukaturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean, puntuazio ordenaren araberakoa, lehiaketaldian eta oposizioaldian izangai bakoitzak erdietsi dituen puntuazioak batuz, eta organo dei-egileari igorriko dio, puntu gehien eskuratu dituzten izangaiak izendatzeko proposamenarekin batean.

7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiek egiaztatu beharko dute deialdiko 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituztela.

7.2.1. Iruñeko Udalaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finko ez diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Deialdiaren 2.1.d) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

d) Elikagaiak erabiltzeko karnetaren fotokopia konpultsatua.

e) Lan Osasunaren Zerbitzuak luzatutako txostena, karguari dagozkion eginkizunak betetzea galarazten duen eritasun edo akats fisiko nahiz psikikorik ez duela egiaztatzen duena.

f) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

g) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.

Deialdiaren egile ez den Nafarroako beste Administrazio Publiko bateko langile finkoen kasuan, lehengo administrazioko espediente pertsonala eraman beharko du, beren gorabehera eta aurrekariak, hots, noiz sartu zen, antzinatasuna, maila, egoera administratiboak, etab. azaltzen dituzten agiriak.

7.2.2. Iruñeko Udaleko edo haren erakunde autonomoetako langile finko diren izangaiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Deialdiaren 2.1.c) oinarrian eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

b) Deialdiaren 2.1. d) oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Elikagaiak erabiltzeko karnetaren fotokopia konpultsatua.

Dagokienen kasuan, Haur Eskoletako zuzendaritzak eskatzen duen dokumentazioa.

7.3. Aipatu epearen barrenean, eta behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu, agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira izendatu, eta haien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe.

7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Haur Eskoletako lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1. atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.

8._Lanpostu hutsen esleipena.

Aurreko oinarrian ezarritakoa bete duten izangaiek, Haur Eskoletako zuzendaritzak adierazitako epearen barrenean, aukeran ematen zaizkien lanpostu hutsetatik zein lehenesten duten jakinaraziko dute.

Hautapen probak igoera txandan gainditzen dituzten izangaiek deialdiko lanpostuak betetzeko lehentasuna izanen dute txanda horretakoak ez diren izangaien aurrean.

Txanda irekiko izangai izendatuendako lanpostu hutsen esleipena, interesatuen eskabideei jarraikiz eginen da, hautapen probetan lortutako puntuazioaren ordenaren arabera.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

9.1. Lehendakariak, ebazpen bidez, gainditu duten izangaiak Iruñeko Udaleko Haur Eskolak erakunde autonomoko funtzionario izendatuko ditu, haur eskolako hezitzaile lanpostuan ari daitezen, euskaraz, eta lanpostu hutsak esleituko dizkie aitzineko oinarrietan ezarritakoa bete duten izangaiei.

9.2. Izendapen horiek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira.

9.3. Izendatutako izangaiek karguaren jabetza hartu beharko dute izendapenen ebazpenean ezarritako egunean. Egun horretan lanpostuaz jabetzen ez badira, ezinbesteko kasuetan salbu, Haur Eskoletako funtzionario izateko eskubide oro galduko dute. Hori gertatuz gero, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñeko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, hilabeteko epean, Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua.

Iruñean, 2005eko apirilaren 27an._Lehendakaria, María Teresa Mur Dallo.

1. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: .................., adinez nagusia; NAN zenbakia: ........................ (edo nortasun agiri baliokide bat), 19.......(e)ko ...........................aren ....(e)an jaioa, ...........................(e)koa, helbidea ..........................., ................... kalea, .... zk.a, ............ posta kodea, eta ............... telefono zk.a.

Zure aitzinean agertu eta azaltzen dut:

Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako hezitzaile euskaldun izateko hiru lanpostu, bat txanda irekian eta bi igoera txandan, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........................... egunean argitaratu zen hartan.

f Txanda irekia.

f Igoera txanda.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdiaren 2.1.c) atalean adierazitako titulazioaren jabe naizela, eta haren kopia aurkezten dudala.

Deialdiaren 2.1.d) atalean adierazitako titulazioaren jabe naizela, eta haren kopia aurkezten dudala.

Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den titulazioaren jabe naizela, euskaraz dakidala frogatzen duena, eta haren kopia eransten dudala.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

(Txanda igoerakoak bakarrik). Aurkezten ditudan agiriekin deialdiaren 2.2 oinarrian igoera txandan onartua izateko eskatzen diren baldintzak betetzen ditudala frogatzen dudala.

Horrenbestez,

Eskabide hau eta hari erantsitako agiriak onartu eta aipatutako deialdian onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, 2005eko .........aren ...........(e)an.

IRUÑEKO UDALAREN HAUR ESKOLAK ERAKUNDE AUTONOMOKO LEHENDAKARIA.

2. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Udal administrazioa. Udal organoak: alkatea, osoko bilkura eta gobernu batzordea.

2._I) Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Estatutuak. II) Prezio publikoen gaineko arauak, Iruñeko Udalaren Haur Eskoletan egon eta laguntza zerbitzuak emateagatik.

3._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legea: Edukiaren egitura eta azterketa.

4._Administrazio prozedura. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea. Oinarriak eta ezarpen eremua. Administrazio prozeduraren faseak. Administrazio errekurtsoak.

5._Gizarte Zerbitzuei buruzko Foru Legea. Legearen oinarriak. Legearen xedeak. Jarduketa eremuak.

3. ERANSKINA

Gai zerrenda

1._Ikastetxeko hezkuntza proiektua, curriculum proiektua eta gelako programazioa. Taldelana eta parte hartzea, haur eskolako proiektuak prestatu, aplikatu eta ebaluatzerakoan.

2._Haur eskolen antolaketa. Haur eskoletako hezkuntza taldea. Antolaketa moduak, irakaskuntza-ikaskuntza prozesuko koherentzia horizontal eta bertikalaren arabera. Ikastetxea, haurren ikaskuntzaren eragile gisa.

3._Hezitzailearen eginkizuna haur hezkuntzan. Eskumenak, trebetasunak eta jarrerak. Haurraren eta hezitzailearen arteko harreman interaktiboak. Bere egitekoa taldekide gisa. Laneko bilerak: xedeak, antolaketa eta ebaluazioa. Profesionalen koordinazioa.

4._Hezkuntzako esku-hartzearen oinarriak. Ikuspuntu globalizatzailea. Ikaskuntzaren zentzua eta esanahia. Haurrak egiten duen ezagupenen erdiespena eta hezitzailearen laguntza pedagogikoa. Estimulazio goiztiarra. Esku-hartzeko eremuak. Eguneroko bizitzako ohiturak, jolasa eta fantasia ardatz metodologiko gisa.

5._Programazioa. Helburuak, xedeak, metodologia, edukiak, materialak, jarduerak, ebaluazioko irizpideak. Behaketa eta esperimentazioan oinarritutako metodologia. Laneko programazioa epe labur eta luzera. Egindako lanaren dokumentazioa.

6._Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren ebaluazioa. Ebaluazioaren eginkizuna. Ebaluazioko estrategiak, teknikak eta tresnak. Behaketa, ebaluazio teknika gisa.

7._Praktikan oinarritutako ikerketa, haur hezkuntzan. Ikerketa, hezkuntza taldea hobetzeko estrategia gisa.

8._Bilakaera unerik garrantzitsuenak 0-3 urte bitarteko aldian.

9._Pentsamenduaren konplexutasuna. Garapen kognitiboa eta mugimenduarena, 0-3 urte bitarteko haurrengan. Sentitze-mugitzezko garapenaren eta garapen koginitiboaren arteko harremana haurtzaroan. Garapen logiko-matematikoa. Autoikaskuntza. Pertzepzioaren garapena: zentzumenak garatzeko jarduerak eta espazioak. Psikomotrizitatea eta bere eginkizun globalizatzailea, garapen kognitibo, afektibo eta mugimenduzkoan. Gorputz-eskema, garapena. Jarreraren kontrola. Lateralitatea.

10._Garapen sozio-afektiboa. Nortasunaren garapena. Identitatea, autonomia eta autoestima. Indibiduatzea eta sozializazioa. Teknikariaren eginkizuna garapen sozio-afektiboan. Harreman afektiboa, ikaskuntzaren oinarri gisa. Haurren arazo afektiboak, agerbideak.

11._Mintzairaren garapena. Adierazpena eta komunikazioa 0-3 urte bitarteko haurrengan. Mintzaira eta pentsamendua. Ulermenaren eta adierazpenaren garapena. Hitzik gabeko komunikazioa eta hitzezko komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko baliabide didaktikoak.

12._Sexuaren inguruko heziketa haurtzaroan. Norberaren sexuaren aurkikuntza eta identifikazioa. gizonezko eta emakumezkoen rolen eraikuntza. Genero bereizkuntza saihesteko hezkuntzako estrategiak.

13._Ingurune ekologikoaren eta haurren giza garapenaren arteko harremana. Inguruaren eragina haurra heltzeko prozesuan. Hurbileko maila ekologikoa: familia-eskola. Familia, sozializazioaren lehenengo eragile gisa. Familiaren igurikimenak haur hezkuntzari dagokionez. Atxikimendua. Egokitzapen aldiaren planifikazioa eta prozesu horretako arazo ohikoenak.

14._Esku-hartzea familiekin. Familiaren partehartzea haur eskolaren heziketa zereginetan. Komunikazio eta lankidetza bideak. Bilerak gurasoekin, helburuak, planifikazioa eta balorazioa.

15._Jokabide arazoak eta nahasteak haurtzaroan: teknikarien esku-hartzerako jarraibideak eta teknikak. Haurren agresibitatea. Lankidetza familiekin: esku-hartze ereduak.

16._Autonomia eta osasuna: haurren oinarrizko beharrak. Norbere autonomiarako ohiturak lantzea eta ebaluatzea. Elikadura, esfinterren kontrola, loa, garbiketa, janztea. Janordua hezkuntzarako une gisa. Haurraren atsedena. Osasun arazoei aurrea hartzea. Istripuei aitzintzea. Lehen sorospenak.

17._Jolasa, haurren garapen orokorrean. Jolasa, baliabide didaktiko gisa. Haur jolasaren garapena. Jolas heuristikoa. Jolas eta jostailu motak. Jolasa laguntzen duten material eta baliabideak. Helduen zeregina. Jolas eremuak eta jolastokia. Jolaserako giroa sortzea.

18._Haur literatura. Ipuina: hezkuntzan duen balioa. Ahozko tradizioaren garrantzia. Material grafikoak: haurrendako albumak, ipuinak, etab. Txotxongiloak.

19._Espazio eta denboren antolaketa eta ebaluazioa. Eguneroko erritmo eta ohiturak. Denbora antolatu eta banatzeko ereduak. Banakako jarduerak eta taldekakoak. Espazioen antolaketa: zokoak, jolaserako eta atsedenerako eremuak.

20._Girotzea, ekipamendua, material didaktikoa eta curriculum materialak, haur hezkuntzan. Baliabideen hautaketa, erabilera eta ebaluazioa.

21._Hezkuntza plastikoa. Tailerrak, haurraren interesean eta jardueran oinarritutako metodologia gisa. Adierazpen plastikoa: teknikak eta baliabideak. Adierazpen plastikoaren garapena haurrengan. Mintzaira plastikoaren oinarrizko elementuak. Adierazpen plastikoaren xedeak, edukiak, materialak, jarduerak, estrategia metodologikoak eta ebaluazioa.

22._Ikus-hezkuntza. Argia, itzala eta kolorea. Irudiaren eragina haurrarengan. Irudien irakurketa eta interpretazioa. Zinema, telebista, bideoa eta publizitatea. Ikus-entzunezko materialak eta teknologia berriak hautatu eta erabiltzeko irizpideak haur hezkuntzan.

23._Musikako heziketa haurtzaroan. Soinuaren eta ixiltasunaren aurkikuntza. Erritmoa eta gorputz-adierazpena. Musikako jardueraren hautaketa: ezaugarriak eta irizpideak. Baliabide didaktikoak.

24._Aniztasunarekiko arreta. Normalizazio eta integraziorako oinarriak. Integrazio programak. Hezkuntzako behar bereziak. Familia disfuntzionalak. Haurrenganako tratu txarrak. Inmigrazioa. Hezkuntza eta laguntza neurriak.

25._Eskola berria eta Decroly, Montessori, Freinet eta Pestalozziren ideiak. Gaur egungo mugimendu pedagogikoak: Vigotsky, Brunet, Ausubel. Reggio Emiliako (Italia) Udalaren haur eskoletan aplikatutako Loris Malaguzziren pedagogia. Korronte psikopedagogiko nagusien eragina haur hezkuntzan.

IV. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

I) Prestakuntza (5 puntu gehienez).

Jasotako edo emandako prestakuntza ikastaro bakoitzeko:

_Ikastaro, mintegi eta lan-taldeak, haur hezkuntzarekin zerikusia dutenak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, 10 ordu baino gutxiagokoak ez badira:

10 orduko: 0,1 puntu.

_Ikastaro, mintegi eta lan-taldeak, oro har hezkuntzarekin zerikusia dutenak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, 10 ordu baino gutxiagokoak ez badira:

10 orduko: 0,05 puntu.

II) Laneko esperientzia (5 puntu gehienez).

_Haur hezkuntzako ikastetxe publikoetan egindako urte bakoitzeko: 0,5 puntu.

_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,041 puntu.

_Haur hezkuntzako ikastetxe pribatu edo hitzartutakoetan egindako urte bakoitzeko: 0,375 puntu.

_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,031 puntu.

_Haur hezkuntza ez beste etapetan, ikastetxe publiko, pribatu edo hitzartuetan egindako urte bakoitzeko: 0,125 puntu.

_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,01 puntu.

Oharrak:

1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte osatutako merezimenduak baizik ez dira barematuko.

2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.

3. Esperientziako puntuetan ezarritakoari dagokionez, denbora partzialeko kontratuak lanaldi osokoak balira bezala kontatuko dira, betiere lanaldia % 75ekoa edo handiagoa bada.

Ohiko lanaldiaren 100eko 75 baino tikiagoa bada, proportzioa aterako da.

4. Laneko esperientziari dagokionez, gehienez ere 10 urte hartuko dira kontuan, betiere izangaiari komeni zaion moduan. Hilabetetik beherako kontratuak ez dira baloratuko.

5. Laneko esperientzia frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriekin, eta bertan adierazi beharko dira hezkuntza maila, laneko kategoria eta kontratuak hasi eta amaitu zireneko egunak. Orobat, kontratuak eta Gizarte Segurantzako kotizazio ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

6. Ez da zerbitzuen egiaztagiririk kontuan hartuko, horien hasiera eta amaiera data zehatzik ez bada agertzen, nahiz eta bertan ageri zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela, salbu eta ikastordu guztiak egin direla zehazten bada; kasu horretan urte osoa bezala baloratuko da.

Iragarkiaren kodea: L0512141