63. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 27a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

147/2005 FORU AGINDUA, maiatzaren 12koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, 2004ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako ekitaldietan finkagune iraunkorrei dagokien Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren eredua (S-90) onetsi eta aitorpenak aurkezteko arauak ematen dituena.

Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, zerga hori arautzen duen abenduaren 30eko 24/1996 Foru Legeko 80. eta 81. artikuluetan ezarritakoarekin bat, beharturik daude Zergaren aitorpena aurkeztera, zerga zorra zehaztu eta hari dagokion dirusarrera egitera, eta behar diren dokumentu eta egiaztagiriak aurkeztera, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak ezarritako toki eta moduan.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Finkagune iraunkorrei dagokien Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren eredua (S-90) onestea.

1._Onetsi egiten da finkagune iraunkorrei dagokien Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren eta Sozietateen gaineko Zergaren autolikidazioaren eredua (S-90), foru agindu honen I. eranskinean agertzen baita, 2004ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasitako ekitaldietarako.

Eredu horren argibide osagarrien orriak estatistiketarako bakarrik balioko du.

2._Halaber, zilegi izanen da aitorpena Ekonomia eta Ogasun Departamentuak horretarako prestatzen duen programa informatikoa aplikatu ondoren sortutako agirian aurkeztea.

3._Bide telematikoaz ere aurkezten ahalko da, foru agindu honetan ezarri bezala. 4. artikuluan aipatutako agirietakoren bat aurkeztu behar baldin bada, Sozietateen gaineko Zergaren aitorpenaren azalarekin batera aurkeztu beharko da, 3. artikuluan ezarritako tokietan.

2. artikulua. Aitorpena egin beharra.

Aitorpena S-90 ereduari jarraituz egitera behartuta daudenak: Sozietateen gaineko Zergaren subjektu pasiboak, 24/1996 Foru Legearen 11. artikuluan aipatzen direnak, Hitzarmen Ekonomikoaren 19. artikuluan xedatutakoaren arabera zergak Foru Komunitatean ordaindu behar badituzte, bai eta finkagune iraunkorrei dagozkien Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren zergadunak ere, Hitzarmen Ekonomikoaren 28. artikuluan xedatutakoaren arabera zergak Foru Komunitatean ordaindu behar badituzte.

3. artikulua. Aurkezteko tokia eta epea, eta ordaindu edo itzultzeko modua.

1._Foru agindu honen bitartez onetsitako autolikidazioaren eredua Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztu beharko da edo posta ziurtatuaz bertara igorri, beste Administrazio batzuetan aurkeztu behar diren aitorpenak galarazi gabe, hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaz gain beste baten zergapeko izanez gero.

Nafarroako Foru Komunitatearen dirubilketa erregelamendua onesten duen uztailaren 2ko 177/2001 Foru Dekretuaren xedapen gehigarrian xedatutakoaren arabera, entitate laguntzaileetan ere aurkezten ahalko da.

Hurrengo atalean ezartzen den epeaz kanpo aurkeztutako aitorpenak Ekonomia eta Ogasun Departamentuko bulego iraunkorretan aurkeztuko dira edo, bestela, posta ziurtatuaz igorriko.

2._Subjektu pasiboek zergaldia bukatu ondoren sei hilabete pasa eta hurrengo hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena, hala Nafarroako foru arautegia, nola Estatuko arautegia aplikatu behar denean.

Subjektu pasiboek, aurreko lerroaldean aipatzen den aitorpen epea foru agindu honek indarra hartu baino lehen hasia bada, foru aginduak indarra hartu eta hogeita bost egun naturaleko epean aurkeztu beharko dute aitorpena.

3._Subjektu pasiboak, aitorpena aurkezten dutenean, behartuta egonen dira autolikidaziotik ateratako tributu-zorra Nafarroako Ogasun Publikoaren lankide den edozein finantza entitatetan sartzera. Dirusarrera egiteko "712 Ordain gutuna" erabiliko da.

Egindako autolikidaziotik dirua itzultzeko ateratzen bada, zein entitate eta kontutan ordaindu behar den adierazi beharko da aitorpenak horretarako duen atalean.

4. artikulua. Aurkeztu beharreko agiriak.

1._Subjektu pasiboek, aitorpenarekin batean, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Konturako atxikipen edo dirusarrerak aitortzen direnean: ordaintzaileak luzatutako ziurtagiria, gutxienez datu hauek jasoko dituena:

_Etekinen ordaintzailearen izen-deiturak edo sozietatearen izena, helbidea eta IFZ edo IFK eta etekinen zenbatekoa.

_Hartzailearen sozietatearen izena, IFK eta helbidea.

_Konturako atxikipenaren edo dirusarreraren zenbatekoa, horrelakorik egin bada.

Etekinak entitate gordailugile edo kudeatzaileen bidez ordaindu badira, aipatu ziurtagiriaren ordez entitate horiek interesatuei egiten dizkieten komunikazioak aurkezten ahalko dira, hots, ordaindu eta atxikitako zenbatekoak adierazten dituztenak.

b) Inbertsioetarako Erreserba berezirako izendatutako diru kopuruarengatik zerga oinarriaren murrizketa aplikatu behar denean: kopuruaren azalpena eta dagokion inbertsioaren egiaztagiriak.

c) Gardentasun fiskalaren araubideari jarraikiz tributatzen duten entitateetako bazkide diren subjektu pasiboek, edo bazkide izateak berekin dituen eskubide ekonomikoak dituztenek, egozpenen ziurtagiriak aurkeztuko dituzte, Zergaren Erregelamenduaren jatorrizko idazketaren 32.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legearen lehenengo eta bigarren xedapen iragankorretan ezarritakoaren babesean.

d) Pizgarriengatik zerga-kuotan egindako kenkarien egiaztagiriak.

Ikerketa zientifikorako eta berrikuntza teknologikorako jarduerengatiko kenkaria baldin bada, haren proiektua eta azalpen txostena aurkeztuko dira, edo, bestela, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren txostena, bi agiri horiek aipatzen baitira Zergari buruzko Foru Legeko 66. artikuluan, ikerketarako, garapen zientifiko eta teknologikorako, berrikuntzarako eta enplegu sustapenerako pizgarri fiskalei buruzko martxoaren 1eko 3/2001 Foru Legeak artikulu horri emandako idazketaren arabera.

2._Aurreko atalean xedatutakoa ezertan ukatu gabe, likidazio oinarria eta kuota ezartzeko behar den justifikazioa, fakturazio betebeharrak arautzen dituen Erregelamendua onesten duen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuan eta baliabide elektronikoen bitartez fakturatzeko araubidea onesten duen uztailaren 29ko 245/2004 Foru Aginduan ezarri bezala eginen da.

5. artikulua. S-90 eredua telematika bidez aurkezteko baldintza orokorrak.

1._S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa baldintza hauen pean dago:

a) Aitortzaileak identifikazio fiskaleko zenbakia eduki behar du (IFZ).

b) Aitortzaileak 2CA motako erabiltzaile-ziurtagiri bat izan behar du, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege-Etxeak emana eta bere nabigatzailean instalatua.

c) Aurkezlea hirugarren pertsonen izenean aitorpenak aurkezteko pertsona edo entitate baimendua baldin bada, Diru eta Tinbre Fabrika Nazionala-Diruaren Errege Etxeak emandako 2CA motako erabiltzaile ziurtagiria izan beharko du eskura bere nabigatzailean.

d) Aurkezteko modu hau hautatzen duten aitortzaileek kontuan hartuko dituzte aurkezpena egiteko behar diren arau teknikoak, foru agindu honetako II. eranskinean ageri direnak.

2._S-90 ereduaren aurkezpen telematikoa eta, hala behar baldin bada, dirusarrera, foru agindu honetako 3. artikuluan ezarritako epe orokorretan eginen dira.

3._Bide telematikoz igortzen diren aitorpenetan akats formalak agertzen direnean, sistemak berak emanen dio horren berri aitortzaileari akatsak azaltzeko mezuen bitartez, behar den zuzenketa egin dezan.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 12an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Tributu aitorpenak bide telematikoz aurkezteko arau teknikoak

Aitorpena aurkezteko modalitate hau aukeratzen duten aitortzaileek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

1. Aurkezlearen ekipo informatikoak honako hau izan beharko du:

_Prozesadorea: Pentium II edo berriagoa.

_RAM Memoria: 64 MB; ahal bada 256 MB.

_Tartea disko gogorrean: 20 MB.

_CD-ROM unitatea.

_800 x 600eko bereizmena edo handiagoa duen monitorea.

_Sistema eragilea: Windows 98, Me, NT 4.0 SP6 duena, 2000 edo XP.

_Softwarea: Microsoft Internet Explorer 5.5 edo berriagoa.

_Interneteko sarbidea.

2. Igorpen prozesuan honako prozesu hau abiaraziko da, urratsez urrats aurrera egiteko modukoa, baldin eta igorlearen ekipoak lehenago deskribatutako baldintzak betetzen baditu eta nabigatzailearen konfigurazioak javascript, javaren applet-ak eta cookie-ak exekutatzen uzten badu, eta, gainera, eskatzen ahal diren baimenak ematen badira:

Erabiltzailearen eta zerbitzariaren ziurtagiriak erabiliz, bi muturretan "SSL-V3" protokoloaren estandarrei jarraituz konektatzen diren ekipoak kautotzea, aitorpenaren aurkezlearen eta hartzailearen (Nafarroako Zerga Ogasuna) ekipoak, alegia.

Iragarkiaren kodea: F0512619