60. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 20a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ZIZUR NAGUSIA

Deialdia, Zizur Nagusiko Udalaren obretako behargin izateko lanpostu bat betetzeko, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta funtzionarioen araubidean

O I N A R R I A K

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Zizur Nagusiko Udalaren obretako behargin izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez eta funtzionarioen araubidean betetzea, deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten plantillako langileen artean, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategineko 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraituz.

1.2. Hautaprobak gainditu ondoren, deialdiko lanposturako izendatzen den langilea D maila edo taldean sartuko da, eta plantilla organikoan eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritako lansariak eta osagarriak hartuko ditu, eta Zizur Nagusiko Udalaren Obra eta Lorategi Zerbitzuan atxikia egonen da.

Izendapenarekin batera pertsona izendatu hori nomina eta plantillako funtzionario bihurtuko da, Zizur Nagusiko Udalaren langileen arloan indarrean dauden xedapenetan ezarri diren eskubide eta betebehar guztiekin. Halaber, Gizarte Segurantzako araubide orokorreko afiliazio berarekin jarraituko du.

1.3. Deialdi murriztu honetan parte hartzeak ez du, inolaz ere, langileak aurretik zeukan araubide juridikoa aldatuko.

1.4. Lanpostua hartzen duen langileak bete beharko ditu Zizur Nagusiko Udalaren Giza Baliabideen Antolaketa eta Funtzionamendurako azterlanean obretako beharginentzat ezartzen diren eginkizunak, hain zuzen ere Lanpostuen zerrenda-Eginkizunen eskuliburuan ezarritakoak.

1.5. Lanaldia izanen da Udalak lan urte bakoitzerako ezarritakoa.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zizur Nagusiko Udalaren zerbitzuko funtzionario izatea, E mailari atxikia.

b) Obretako peoi lanposturako izendapena izatea eta Zizur Nagusiko Udalaren Obra eta Lorategi Zerbitzuan atxikia egotea.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea, honako sustapen honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun onartua egiaztatzea.

e) Eskola Graduatuaren edo Lehen Graduko Lanbide Heziketaren titulua edo haien baliokidea edukitzea.

Titulazioaren baldintzaren ordez, administrazio publikoaren zerbitzuan egiazki egindako zortzi urte onartuak froga daitezke.

Baldintza horiek eskabideak aurkezteko unean beharko dira frogatu.

2.2. Betiere, izangaiek eskabideak aurkezteko epearen azken egunerako bete behar dituzte beharkizun horiek, eta hauta-probek dirauteino eutsi behar diete, harik eta izendatuak izan arte.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera bete eta Zizur Nagusiko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita. Eskabidearekin batera Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da, bai eta deialdiko 2.1. oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatzen duten agiriak ere.

3.2. Deialdi honetako 3.1. oinarrian aipatzen diren eskabideekin batera, lehiaketaldian baloratu behar diren merezimenduak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztu beharko dira, halakorik baldin badago. Merezimenduen egiaztagiriek jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak izan beharko dute. Dokumentazio hori aurkezten ez bada deialdi honetako 3.1. oinarrian eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldiko merezimenduak baloratzeko mugaeguna izanen da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea amaitutakoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta, halakorik bada, baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko du.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar eguneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3. Aipatutako epe hori bukatu eta erreklamazioak ebatzi ondoren, Alkatetzak ebazpena emanen du eta onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Ebazpen horretan berean zehaztuko da oposizio-lehiaketako probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaian honako hauek ariko dira:

Mahaiburua: Luis María Iriarte Larumbe, Zizur Nagusiko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: José Manuel Vizcay Vilella, Zizur Nagusiko Udaleko lehen alkateordea.

Mahaikide idazkaria: Jesús Javier Múgica Martinena, Zizur Nagusiko Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: María Isabel Abadía Sanz, Zizur Nagusiko Udaleko administrazio publikoko teknikaria eta Giza Baliabideen arduraduna.

Mahaikidea: Eduardo Senar Senar, Zizur Nagusiko Udaleko Hirigintza Zerbitzuetako burua.

Ordezkoa: Juan José Crespo, Zizur Nagusiko Udalaren lorezaintzako kapataza.

Mahaikidea: Antonio Acebedo Magallanes, Zizur Nagusiko Udaleko obretako kapataza.

Ordezkoa: Lorenzo de la Villa Casado, Zizur Nagusiko Udaleko obretako 2. mailako ofiziala.

Mahaikidea: Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordezkari bat.

Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengoa, gutxienez, bertan izan gabe.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.

6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehiaketa lehenbizi eta oposizioa gero, oinarri hauetan adierazten den gisara.

6.2. Oposizioaldia ekainean hasiko da, gutxi gorabehera. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da oposizioko probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren. Gero, epaimahaiak behar den garaian argitaratuko ditu, bata bestearen ondotik, gainerako probak egiteko iragarkiak.

7._Lehiaketaldia.

7.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen, eta 30 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez, II. eranskinaren arabera eta honela banaturik:

_Ikasketa tituluak: 4 puntu gehienez.

_Egindako zerbitzuak: 10 puntu gehienez.

_Lanbide curriculuma: 9,925 puntu gehienez.

_Hizkuntzak: 6,075 puntu gehienez.

7.2. Epaimahaiak edozein unetan eska ditzake lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

Epaimahaiak baremoaren atal bakoitzean izangaien merezimenduak baloratuko ditu. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak aurretiaz azaldu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du atal bakoitzerako ezarritako puntuazioa baino handiagorik eman.

7.3. Lehiaketaldia amaitzen denean, epaimahaiak Udalaren iragarki oholean jarriko du izangaietako bakoitzak lortutako puntuazioa.

8._Oposizioaldia.

8.1. Ondoko ariketak egin beharko dira oposizioaldian:

a) Lehenbiziko ariketa: galdera sorta teoriko-praktiko bat erantzun beharko da, galdera bakoitzak aukeran zenbait erantzun izanen dituena, bete beharreko lanpostuarekin ikusteko izanen duena eta eraikuntza, igeltserotza eta oro har obren gainekoa.

b) Bigarren ariketa: proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez.

Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen ditu, eta Zerbitzu horrek oposiziogile bakoitzari ematen dion puntuazioa loteslea izanen da oposizio-lehiaketako epaimahaiarentzat.

8.2. Oposizioko ariketak ere ez dira baztertzaileak izanen, eta 70 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez, honela banaturik:

_Lehenbiziko ariketa: 50 puntu gehienez.

_Bigarren ariketa: 20 puntu gehienez.

8.3. Lehen ariketa plika sistemaren bidez eginen da. Plikak jendaurrean irekiko dira, Udalaren iragarki oholean gutxienez ere hogeita lau ordu lehenago iragarriko den ekitaldian.

Epaimahaiak aipatu ohol horretan paratuko ditu kalifikazioak, bai eta oposizioko hurrengo ariketa noiz, non eta zer ordutan eginen den ere, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago.

8.4. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9._Gainditu dutenen zerrenda.

9.1. Izangaien kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak argitaratuko ditu probak gainditu dituztenen zerrenda, guztira lorturiko puntuen hurrenkerari jarraikiz, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldiko ariketa guztietan lorturiko kalifikazioak batuta, eta puntuaziorik altuena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena. Proposamen hori Udalaren iragarki oholean argitaratu beharko da.

9.2. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

10._Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Hautapen prozesua amaitu ondoren, Alkatetzak, ebazpen baten bidez, proposatutako izangaia izendatu eta izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agindua emanen du.

10.2. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapenaren jakinarazpenetik kontatzen hasita. Epe horretan, eta ezinbesteko kasuak salbu, jabetza hartzen ez badu, obretako beharginaren kategoria erdiesteko eskubide guztiak galduko ditu, eta horrela gertatuz gero, probak gainditu dituztenen zerrendan ondo-ondotik heldu denarekin beteko da hutsunea.

11._Errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren, bere oinarrien eta ondoriozko egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkeztu ahal dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Legeria orokorrean ezarritako administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, arlo horretako bereko organo eskudunari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita, organo egileari aldez aurretik errekurritzeko asmoa dagoela adierazita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

11.2. Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, jaun alkateari zuzendua, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu ondoko hilabetearen barrenean.

Zizur Nagusian, 2005eko apirilaren 8an._Alkate udalburua, Luis María Iriarte Larumbe.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ................................., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionala: ........................, gaur egungo helbidea: ................................. (....................), karrika ................, posta kodea: ......................, telefonoa: ........,

Zure aitzinera azaldu eta adierazten dut:

Zizur Nagusiko Udalaren obretako beharginaren lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Eskabideak aurkezteko epearen azken egunean deialdian eskatzen diren beharkizun guztiak betetzen ditudala.

Eskabide honekin batera aurkeztu diren orrien kopurua......

Horrenbestez,

Eskatzen dizut eskabide hau ontzat eman eta, horren ondorioz, arestian aipatutako deialdian onar nazazula.

.....................(e)n, ................(e)ko ................aren ..............(e)an

(Eskatzailearen sinadura)

ZIZUR NAGUSIKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

II. ERANSKINA

Merezimenduak baloratzeko baremoa

1._Ikasketa tituluak:

a) Goi mailako ikasketa titulu ofizialak: 3 puntu, titulu bakoitzeko.

b) Erdi mailako ikasketa titulu ofizialak: 2 puntu, titulu bakoitzeko.

c) Aurrekoak ez bezalako titulu ofizialak, epaimahaiak baloratu beharrekoak: puntu 1, titulu bakoitzeko.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko 2.1.c) oinarrian ezarritakoaren arabera deialdian parte hartzeko ezinbesteko baldintza den titulua.

Lehenbiziko atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 4 puntu izanen da.

2._Egindako zerbitzuak:

Atal honetan baloratuko dira izangai bakoitzak deialdia argitaratzen den egunean, antzinatasuna zehazteko, zerbitzu egiten aitortuak dituen urteak. Urte bakoitzeko puntu bat.

Zerbitzu urteen kopurua ez bada osoko zenbaki bat, izangaiei egokituko zaie egin dituzten zerbitzu egunei proportzioan dagokien puntuazioa.

Bigarren atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 10 puntu izanen da.

3._Lanbide curriculuma:

Lanpostuarekin zerikusia duten prestakuntza ekitaldiak: 0,10 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide bakoitzeko (10 ikastordu):

Baloratu beharreko ikastaroetan, irakastorduen zatikiak hainbanatuko dira.

Ikastorduen kopurua agertzen ez duten ziurtagiriei kreditu bateko balorazioa emanen zaie.

Ikasturte bateko iraupena agertzen duten ziurtagiriei 12 kredituko balorazioa emanen zaie.

Bigarren atal honi dagokion puntuazioa gehienez ere 9,925 puntu izanen da.

4._Izangaiek dakizkiten hizkuntzak:

Frantsesez, ingelesez edo alemaneraz jakiteagatik, gehienez ere 1,50na puntu eskuratu ahalko dira, eta euskaraz jakiteagatik, berriz, 1,575 puntu gehienez.

Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzaturiko Gaitasun Agiria edo ofizialki baliokidetzat jotzen den titulua edukitzeagatik aurreko atalean adierazten den gehieneko puntuazioa emanen da.

Titulurik eduki ezean, Hizkuntza Eskola Ofizialean gaindituriko maila bakoitzagatik gehieneko puntuazioaren 1/5 emanen da. Euskararen kasuan, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan gainditutako urrats bakoitzagatik 1/12 emanen da.

Bestela, atal honetan ezarritako puntuazioa eskuratu ahalko da Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak emandako balorazioa aurkeztuz, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariaren martxoaren 8ko 18/2004 Foru Aginduan ezarritakoari jarraituz, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautzen baititu.

Nola nahi den ere, gehienez ere 6,075 puntu lor daitezke atal honetan.

Iragarkiaren kodea: L0510824