I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
83/2005 EBAZPENA, maiatzaren 2koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean, 2005. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onesten duena.
Sektoreko enpresek beharrezkoa zuten modernizazioaren ondorioz, gomendagarria da errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen marko bat ezartzea.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa arautzen duen abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1. artikuluko d) idatz-zatiak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Foru Komunitatean, 2005. urtean, errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolatzeko dirulaguntzen deialdia onestea. Haren oinarriak foru agindu honen 1. eta 2. eranskinetan daude.
2. 150.000 euroko gastua onestea, 2005. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4810/441100 kontusailaren kargura.
3. Ebazpen honen berri ematea Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatuari.
4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2005eko maiatzaren 2an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría.
1. ERANSKINA
Nafarroako Foru Komunitatean errepideko garraio publikoaren sektorean prestakuntza ekintzak antolazteko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak
Lehenbizikoa._Xedea.
Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektoreari loturiko pertsonendako prestakuntza edo hobekuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroak antolatzeko eta testu didaktikoak argitaratzeko dirulaguntzak arautuko dituzten oinarriak ezartzea.
Ekintzen, jardunaldien edo ikastaroen edukiak zuzeneko lotura izanen du errepideko garraioarekin eta bukatuak beharko dute egon 2005eko abenduaren 1a baino lehen. Laguntzetatik kanpo daude gaitasun profesionaleko ziurtagiriak, segurtasun aholkularitzakoak eta merkantzia arriskutsuak eramateko baimenak erdiesteko ikastaroak, hala nola garraoilariei arau, jarduera eta abarren berri emateko argitaratzen diren liburuxkak.
Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuetatik edo beste erakunde pribatu edo publiko batetik helburu berbererako beste laguntza bat jasotzen baldin bada, onuradunak jakinarazi beharko du. Kasu horretan, emandako dirulaguntzari jasotako laguntzaren zenbatekoa kenduko zaio. Nolanahi ere, jasotzen diren dirulaguntza guztien zenbatekoa ezin izanen da jardueraren kostua baino handiagoa izan, inola ere.
Bigarrena._Onuradunak.
Dirulaguntzak jasotzen ahalko dituzte legearen arabera eraturik eta Nafarroako Foru Komunitatean egoitza duten garraiolari elkarteek edo irabazi asmorik gabeko erakunde eta entitate juridiko edo ekonomikoek, publiko zein pribatu, edozein delarik beren izaera juridikoa.
Hirugarrena._Eskabideak.
Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen bulegoan (Iruñeko San Ignazio etorbidea, 3, behea, Iruña) aurkeztu beharko dira, edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan aipaturiko Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan nahiz Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako erregistro edo bulegoetan.
Eskabideei honako dokumentazio hau erantsiko zaie:
A) Kasuan kasuko erregistroan inskribatua izatearen egiaztagiria.
_Elkartea edo entitatea eratzeko akta edo eskritura eta estatutuak.
_Elkartearen edo entitatearen izenean eskaera aurkezten duen pertsonaren ordezkaritza egiaztatzeko agiria.
_Identifikazio Fiskaleko Txartela.
_Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza frogatzen duten agiriak.
B) Egin beharreko jardueren memoria eta haiek egiteko aurreikusten den egutegia.
_Irakasleak: ikastaroak eman behar dituzten pertsonen izena eta lanbide kualifikazioa azaldu beharko da.
_Jarduera bakoitzeko aurreikusten diren gastuen aurrekontua, sailez sail xehetua. Jarduerak finantzatzeko baliabideak edukiz gero, aipatu egin beharko dira.
Dirulaguntza zenbat ekintzatarako eskatzen den, haietako bakoitzean azalduko dira datu horiek, 2. eranskineko eredua erabiliz; interesatuek Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko bulegoetan (Yanguas y Miranda, 5, 31002 Iruña) jaso ahalko dute eredua.
Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.
Dirulaguntza hauek lehenbiziko aldiz eskatu eta A) atalean aipatutako agiriak Foru Komunitatateko edozein organotan dagoela adierazten duten eskatzaileek ez dituzte agiri horiek aurkeztu beharko; kasu horretan, agiriak noiz eta non aurkeztu zituzten azaldu eta aitorpen bat sinatuko dute, agiri horietan ez dela aldaketarik izan bere erantzukizunpean azaltzeko.
Aurretik dirulaguntza hauek eskatu dituztenek aski izanen dute aitorpen bat aurkeztea, agiri horietan ez dela aldaketarik izan bere erantzukizunpean azaltzeko.
Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio zuzen dezala hamar eguneko epean, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea beste tramiterik gabe artxibatuko dela.
Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak eskaerari buruzko ebazpena emateko beharrezko dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari noiznahi.
Laugarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.
Deialdi honen babesean antolaturiko prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroetan, kostuaren % 80rainoko dirulaguntza ematen ahalko da.
Ekintzaren kostua kalkulatzeko, agiri bidez justifikatzen diren gastuak hartuko dira aintzat eta, horrez gainera, beste % 10, justifikatzeko zailak diren gastuei dagokiena (administrazioa, gutunak, etab.). Diruz laguntzen diren ekintzetarako norberaren baliabideak edo lokalak jarri baldin badira, % 15 gehiago erantsiko da.
Laguntza jaso dezaketen jarduerak: ondoko hauek dira dirulaguntza izan dezaketen gastuak:
_Irakasle edo hizlariak.
_Material didaktikoa.
_Instalazioak alokatzea.
_Laneko ekipo eta baliabideak.
_Prestakuntza ekintzaren zabalkundea eta publizitatea.
_Liburu eta gida didaktikoak argitaratu eta banatzeko gastuak.
Parte-hartzaileentzat dohainik ez diren ekintza, ikastaro, mintegi edo jardunaldien kasuan, entitate antolatzaileak izandako diru-sarreren berri eman beharko du, ematen den dirulaguntza ekintzaren kostua baino handiagoa izan ez dadin.
Bosgarrena._Balorazio irizpideak.
Laguntza zenbatekoa izanen den zehazteko kontuan hartuko dira aurrekontuetan dagoen dirua, aurkeztutako eskabideen kopurua, ekintzen kalitatea, bai eta ekintzaren inguruko beste inguruabar sozioekonomiko batzuk ere, eta ondoko hauek izanen dira gehieneko puntuazioak eta irizpide objektiboak:
a) Eginen diren jarduerak:
_Ikastaro eta mintegiak: 10 puntu.
_Jardunaldiak: 8 puntu.
_Prestakuntzarako libruru, gidaliburu edo bestelako materialen argitalpena: 10 puntu.
b) Proposatzen diren helburuek bat egiten ote duten Foru Komunitateko garraioen sektoreko prestakuntzaren, sustapenaren eta zabalpenaren alorretan dauden beharrekin:
_Eskatzaileak Nafarroako Foru Komunitateko garraio sektorean duen ordezkaritza. 15 puntu.
_Errepideko garraioari buruzko gai berariazkoak: 10 puntu.
_Garraio enpresa bat kudeatu edo bertan lan egiteko balio dezaketen bestelako gaiak: 6 puntu.
c) Irakasgaien, irakasleen eta programen ezaugarriak edo egin beharreko jardueren kalitatea: 20 puntu.
d) Eskatzaileak zuzenean eskatutako ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, bertako instalazioetan eginak: 5 puntu.
e) Jarduera osoaren kostua, kontuan hartuta haren iraupena eta edukia: 10 puntu.
Dirulaguntzaren zenbatekoa laugarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz kalkulatu eta irizpide hauek aplikatuz lortutako puntuazioen arabera ponderatuko da.
Seigarrena._Ebazpena.
Laguntzak Garraio zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez banatuko dira, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hilabete batean gehienez, ondoko hauek osatuko duten balorazio batzordearen proposamena ikusirik:
_Garraio zuzendari nagusia, batzordeburu lanetan arituko dena.
_Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria.
_Garraioaren Ustiapenerako Ataleko burua, idazkari lanetan arituko dena.
Ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie.
Adierazitako epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskabidea ezetsi egin dela ulertuko da.
Zazpigarrena._Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoren egiten diren prestakuntza ekintzen kasuan, dirulaguntza jasotzen dutenek ekintza hori non eginen den, bai eta aurreikusten diren egutegia eta ordutegia jakinaraziko dio Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, ekintza hasi baino gutxienez hamar egun lehenago, Zerbitzu horretako funtzionarioek haren garapenaren segimendua egin dezaten. Liburuak, gidaliburuak eta abar argitaratuz gero, haien maketa aurkeztu beharko da aurretik, deialdian ezarritako helburuarekin bat datozen baloratzeko.
Zortzigarrena._Dirulaguntzaren ordainketa.
Diruz lagundutako ekintzak ordaintzeko eskaera aurkezteko bi epe egonen dira.
Dirulaguntzen onuradunek 2005eko uztailaren 31 baino lehen aurkeztuko dituzte egun hori baino lehen egindako prestakuntza ekintzei dagokiena ordaintzeko eskaera. Gainerako kasuetan 2005eko abenduaren 10a baino lehen aurkeztuko da.
Egiaztagiriak epe horietatik kanpo aurkeztuz gero, kasuan kasuko kontzeptuei dagokien dirulaguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du.
Prestakuntza ekintza, jardunaldi edo ikastaroen dirulaguntzak dokumentazioa zuzen aurkeztu eta gero ordainduko dira.
Aurkeztu beharreko agiriak:
Memoria, jardueraren nondik-norakoei eta aprobetxamenduari buruzkoa. Ikastaroa izanez gero, eman duten irakasleek sinatua beharko du.
_Irakasleen nortasun datuak eta kalifikazioa, ikastaroen kasuan.
_Eginiko jardueretako parte-hartzaileei buruzko informazioa. Ikastaroetan parte hartu dutenen zerrenda, beren izena eta nortasun agiri nazionalaren zenbakia, eta asistentzia orriak, behar bezala sinatuak.
_Egindako ordainketen frogagiriak. Egindako ekintza, jardunaldi edo ikastaroei zuzen-zuzenean loturiko gastuak baino ez dira aintzat hartuko. Prestakuntza ekintza entitatearen beraren langileekin antolatua baldin bada, entitate onuradunak agiri bidez justifikatu beharko du, bai erabilitako langileen soldataren kostu gordina, bai haiengatik enpresaburuek Gizarte Segurantzari ordaindutako kuota.
_Matrikulen ordainean izandako diru-sarrerak.
_Elkarte onuradunaren ordezkariaren aitorpena, zeinetan berretsiko baitu egindako ikastarorako ez duela inolako laguntzarik jaso beste organismo edo erakunde publikoren baten eskutik.
_Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria, Nafarroako Ogasun Publikoarekiko beharkizunak bete dituela adierazten duena.
Agiri guztiak ekarri ondoren, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuak aztertuko ditu, eta bidezkoa bada, behar den dirulaguntzaren ordainketa tramitatuko da.
Bederatzigarrena._Baliogabetzea.
Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, eta legez ezarritako gainerako kasuetan, dirulaguntza osorik edo hein batean uzten ahalko da baliorik gabe, eta jasotako zenbatekoak itzul daitezela erabaki.
Hamargarrena._Finantzaketa.
Deialdi honek sortzen dituen gastuak 2005. urteko Gastuen Aurrekontuko "Garraio sektoreko prestakuntza ekintzetarako laguntza" izeneko 630001/62310/4810/441100 kontusailaren kargura finantzatuko dira.
Nolanahi dela ere, laguntzak mugaturik egonen dira, aurrekontuko diruaren arabera.
Hamaikagarrena._Publizitatea.
Laguntzen onuradunek ikastaroen iragarkietan eta zabalkundean paratu beharko dute Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren dirulaguntza jaso dutela.
Hamabigarrena._Errekurtsoak.
Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.
Prozedurari bukaera ematen dion ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
2. ERANSKINA
Prestakuntzarako dirulaguntzen programa -2005. urtea.
Entitate eskatzailea
Ikastaro edo jardueraren izena
Egitea komeni dela azaltzen duen memoria:
Helburua
Bete beharreko premiak
Eskura dauden baliabideak
Eskatzen den dirulaguntza
Azalpen memoria:
Ikastaro/mintegi/ekintzaren egitaraua
Egiteko eguna eta tokia
Aurreikusten diren parte-hartzaileak
Aurrekontu zehaztua
Dirusarrera aurreikusiak:
Matrikulengatik
Bestelako dirulaguntzengatik
Iragarkiaren kodea: F0511694