Iragarkia
59. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 18a
II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
IRUÑEKO UDALAREN HAUR ESKOLAK
Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako zuzendari euskalduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia
Iruñeko Udalaren Haur Eskoletako lehendakariak 2005eko apirilaren 21ean eman ebazpenaren bitartez onetsi da Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako zuzendari euskalduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdia.
1._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako zuzendari euskalduna izateko lanpostu bat, hain zuzen ere Izartegi Haur Eskolako zuzendariaren lanpostua betetzeko aldez aurretik izapidatuko den lekualdatze lehiaketaren ondorioz hutsik geldituko dena (901 zenbakia).
1.2. Izendapenak nomina eta plantillako funtzionario bilakatuko du izendatua, indarra duten xedapenek ezartzen dituzten eskubide eta betebehar guztiak dituela. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean inskribatu eta kidetuko da, araubide horretan aurreikusitakoaren babesean.
1.3. Lanpostuak B mailari dagozkion lansariak izanen ditu, uztailaren 4ko 158/1984 Foru Dekretuan eta gainerako xedapen aplikagarrietan xedatutakoari jarraituz.
1.4. Izangai izendatuak Iruñean bizi beharko du.
1.5. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatu ahalko dute administrazio organo eskudunek.
2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio honetara onartuak izateko, izangaiek, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko edozein estatutakoa izatea.
b) Adinez nagusi izatea.
c) Maisu-maistren titulua edukitzea, Haur Hezkuntzaren espezialitatekoa, edo bestela Oinarrizko Heziketa Orokorreko irakaslearena, Eskolaurre espezialitatekoa.
d) Lehen mailako goi zikloko Euskararen Gaitasun Agiria edukitzea, Hizkuntza Eskola Ofizial batek luzatua, edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den agiria.
e) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.
f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaituak edo gabetuak ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertuak ez izatea.
2.2. Probak gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak betebehar horiek frogatu beharko ditu deialdi honen 7. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen dituela ulertuko da eta hautapen prozesuan zehar haien jabe izan beharko du izendapena bitarte. Gainera, izendapena baino lehenago, proposatutako izangaiak elikagaiak erabiltzeko karneta duela frogatu beharko du. Hura agiriak aurkezteko aipatu epearen barnean eskura dezake.
3._Eskabideak.
3.1. Deialdi honetan parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren bulegoan aurkeztu behar dira, Oliveto Kondearen etorbidean, 4-2.ean, eta horretarako hogeita hamar egun natural egonen dira, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta azken eguneko 14:00ak arte, balioduna bada, edo balioduna den hurrengoan. Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.
3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
_Haur Eskolak erakunde autonomoaren kontuan (Nafarroako Kutxa, 2054 0214783000000511 kontua) espedientea osatu eta azterketa eskubideagatik 17,40 euro ordaindu izanaren gordekina.
_Deialdian parte hartzeko eskubidea ematen duen titulu akademikoaren fotokopia.
_Euskarako tituluaren fotokopia.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkatetzak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, mahaiburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
5._Epaimahaia.
5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:
Mahaiburua: Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko lehendakaria, edo hark izendatzen duena.
Mahaikideak: Nafarroako Gobernuak izendatutako bi mahaikide.
Langileen Batzordeko ordezkari bat.
Mahaikide-idazkaria: Haur Eskoletako kudeatzailea.
Mahaikide-idazkari ordezkoa: Iruñeko Udaleko pedagogo bat.
Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.
Organo kolegiatu horren eraketa baliozkoa izateko, beharrezkoa izanen da elkartzea mahaiburua eta idazkaria, edo haien ordezkoak, eta gutxienez ere mahaikideen erdiak.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta deialdia egin duen organoari eman beharko diote horren berri.
5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartu ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.
6._Oposizio-lehiaketa nola eginen den.
6.1. Lehiaketaldia, agiriak aurkeztea eta balorazioa.
6.1.1. Lehiaketaldia.
Lehiaketaldia ez da baztergarria eta xedea du izangai bakoitzaren merezimenduak (prestakuntza eta laneko esperientzia) baloratzea. Betiere deialdiko lanpostuetako eginkizunekin zuzenean lotutakoak hartuko dira kontuan.
6.1.2. Merezimenduen frogagirien aurkezpena.
Oposizioaldia gainditzen duten izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute, oposizioaldiko azken puntuazioa argitaratzen den egunetik hasita, deialdiko III. eranskinak aipatzen dituen merezimenduen egiaztagiriak aurkezteko, oposizio-lehiaketan parte hartu ahal izateko eskabideak aurkezteko epearen azken egunean osatzen duten horienak alegia.
Ez dira inoiz ere kontuan hartuko hautapen prozeduran parte hartzeko eskabidearekin batera aurkeztu diren agiriak.
6.1.3. Merezimenduen balorazioa.
Epaimahaiak baloratuko ditu, III. eranskineko baremoari jarraituz, izangaiek alegatutako eta jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsaturikoen bidez egiaztatutako merezimenduak; halakoak ez badira ez aurkeztutzat joko dira.
Delako balorazioa Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean emanen da aditzera.
6.2. Oposizioaldia eta kalifikazioa.
Oposizioa 2005eko irailean hasiko da. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpen berean zehaztuko dira probak non, zer egunetan eta zer ordutan hasiko diren. Ondoren, epaimahaiak argitara emanen ditu hurrengo probak egiteko iragarkiak, araudiaren arabera.
6.2.1. Oposizioak hiru proba izanen ditu:
_1. proba. Hiru zatik osatzen dute:
A._30 galderako testa, gai-zerrendako lehen bost gaien inguruan.
B._Idatzizko azterketa, gai-zerrendako 6.etik 14.era bitarteko zenbakietatik, biak barne, zozketaz ateratako gai baten gainean.
C._Idatzizko azterketa, gai-zerrendako 15.etik 20.era bitarteko zenbakietatik, biak barne, zozketaz ateratako gai baten gainean.
Azterketak zuzentzeko ordena hau izanen da: A, B eta C.
B azterketa zuzendu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da A azterketa gainditu izana, eta C azterketa zuzendu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da A eta B azterketak gainditu izana.
2. probara pasatu ahal izateko nahitaezkoa izanen da proba honetako hiru azterketak gainditu izana.
Proba egiteko denbora lau ordu eta erdia izanen da.
Proba honetako nota A, B eta C azterketetan eskuratutako puntuazioak batuz eskuratuko da. A azterketaren balorazioa 0tik 15 puntu bitarte izanen da eta gainditzeko gutxienez ere 7,5 puntu beharko dira. B azterketaren balorazioa 0tik 40 puntu bitarte izanen da eta gainditzeko gutxienez ere 20 puntu beharko dira. C azterketaren balorazioa 0tik 45 puntu bitarte izanen da eta gainditzeko gutxienez ere 22,5 puntu beharko dira.
_2. proba.
Azterketa idatzia: aplikazio praktikoa, gai-zerrendako 11.etik 17.era bitarteko zenbakietatik, biak barne, zozketaz ateratako gai baten gainean.
0tik 100 puntura bitartean baloratuko da.
Hurrengo probara pasatzeko gutxienez ere 50 puntu eskuratu beharko dira.
Proba egiteko denbora hiru ordu izanen da gehienez.
_3. proba.
Proba sikologikoak.
Proba psikologikoak NAPIko teknikariek egin eta baloratuko dituzte.
0 puntutik 100era bitarte baloratuko da proba.
Hurrengo probara pasatzeko gutxienez ere 50 puntu eskuratu beharko dira.
Oposizioaldiko azken puntuazioa hiru probak gainditu dituzten oposizio-egileendako eginen da, bakoitzean erdietsitako puntuazioak batuz.
Puntuazio horri lehiaketako puntuak batuko zaizkio eta honela aterako da oposizio-lehiaketako puntuazio osoa.
6.2.2. Ariketa guztiak baloratzeko erabateko adostasunik ez badago, epaimahaiak kide guztien kalifikazio partzialak batuko ditu eta gero kide kopuruarekin zatituko. Emandako puntuazioen artean ehuneko berrogeiko edo gehiagoko aldea badago, aintzat hartuta bakoitzak eman dezakeen gehieneko puntuazioa, puntuaziorik altuena eta baxuena automatikoki baztertuko dira eta gainerako kalifikazioen banaz-bertzeko puntuazioa aterako da.
6.2.3. Ariketa bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak aditzera emanen du Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean eta aurreko ariketa egin zen tokian, gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin batera. Orobat, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua ere zehaztuko ditu, gutxienez ere 48 ordu lehenago.
6.2.4. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala, gidabaimena edo pasaportea eraman beharko dute. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo nortasuna aipatutako agirietako baten bidez frogatzen ez dutenak.
7._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
7.1. Lehiaketaldian, izangaien merezimenduen balorazioa bukaturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoaren iragarki oholean, puntuazio ordenaren araberakoa, lehiaketaldian eta oposizioaldian izangai bakoitzak erdietsi dituen puntuazioak batuz, eta organo dei-egileari igorriko dio, puntu gehien eskuratu dituen izangaia izendatzeko proposamenarekin batean.
7.2. Izendapen proposamena jakinarazi eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposatutako izangaiak egiaztatu beharko du deialdiko 2. atalean ezarritako baldintzak betetzen dituela.
7.3. Aipatu epearen barnean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuak izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen da izendatu eta, beraz, egintza guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere eskabidea faltsutzeagatik legokiokeen erantzun beharra deusetan ukatu gabe.
7.4. Aurreko atalean aurreikusitakoa gertatuz gero, Haur Eskoletako lehendakariak probak gainditu dituztenen zerrendan, 7.1. atalean aipatutakoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko du baja, eta horrekin ere aurreko ataletan adierazitako moduan jokatuko da.
8._Izendapena eta jabetza hartzea.
8.1. Lehendakariak, ebazpen baten bidez, Iruñeko Haur Eskolak erakunde autonomoko funtzionario izendatuko du, haur eskolako zuzendari euskaldunaren lanpostuan ari dadin.
8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
8.3. Izendatutako izangaiak karguaren jabetza hartu beharko du izendapenaren ebazpenean ezarritako egunean. Epe horretan eta ezinbesteko kasuetan salbu, jabetza hartzen ez badu, haur eskoletako funtzionario izateko eskubide guztiak galduko ditu. Hori gertatuz gero, 7.4 atalean ezarritakoari jarraituko zaio.
10._Errekurtsoak.
Deialdi honen, bere oinarrien edo berau aplikatzeko egintzen aurka, hautara, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñeko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko da, hilabeteko epean, Iruñeko Udaleko Haur Eskoletako lehendakariari zuzendua.
Iruñean, 2005eko apirilaren 21ean._Lehendakaria, María Teresa Mur Dallo.
I. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena: .................., adinez nagusia; NAN zenbakia:.................. (edo nortasun agiri baliokide bat), 19.....(e)ko .......................aren ....(e)an jaioa, ...........................(e)koa, helbidea .................., ................ karrika, .... zk.a, ......... solairua, ................. posta kodea, eta ............... telefono zk.a: ..............
Zure aitzinean agertu eta azaltzen dut:
Onartua izatea eskatzen dudala Iruñeko Udalaren Haur Eskolak erakunde autonomoko haur eskolako zuzendari euskalduna izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian, ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, ........................... egunean argitaratu zen hartan.
Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.
Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Deialdiaren 2.1.c) atalean adierazitako titulazioaren jabe naizela, eta haren kopia aurkezten dudala.
Deialdiaren 2.1.d) atalean adierazitako titulazioaren jabe naizela, eta haren kopia aurkezten dudala.
Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.
Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.
Horrenbestez,
Eskabide hau eta hari erantsitako agiriak onartu eta aipatutako deialdian onar nazatela eskatzen dut.
Iruñean, 2005eko .............aren ............(e)an.
IRUÑEKO UDALAREN HAUR ESKOLAK ERAKUNDE AUTONOMOKO LEHENDAKARIA
II. ERANSKINA
Gai zerrenda
1._0tik 3 urte bitarteko hezkuntza etapa, indarra duen legerian.
2._Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Estatutuak.
3._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileriaren Estatutua.
4._"Iruñeko Udalaren Haur Eskolak" erakunde autonomoaren zerbitzuko langileen egitekoak eta erantzukizuna.
5._Arriskuei nola aitzindu haur eskoletan. Lan-baldintzak eta osasuna.
6._Ikastetxeko hezkuntza proiektua eta curriculum proiektua, haur eskolan.
7._Haur eskola zer den: antolaketa eta funtzionamendua.
8._Girotzea, ekipamendua, hezkuntza eta curriculum materialak, 0tik 3 urte bitarteko hezkuntza etapan.
9._Teoria psikopedagogiko nagusien eragina, haur eskolan: Vigotsky, Piaget, Bruner, Ausubel eta Malaguzzi.
10._Kalitatea, berrikuntza eta ebaluazioa. Kalitate faktoreak haur eskolaren antolaketan eta funtzionamenduan. Kultura estatikoa eta kultura dinamikoa. Ikastetxearen ebaluazioa eta hobekuntza planak.
11._Familiaren eta haur eskolaren arteko harremanak.
12._Irakaslanaren printzipioak eta oinarrizko metodologia, 0tik 3 urte bitarteko hezkuntza etapan.
13._Haurrarendako garrantzitsuak diren alderdiei eskolan ematen zaien arreta: egokitzapena, janaria, loa, esfinterren kontrola eta oldarkortasuna.
14._Haur eskolako zuzendariaren eginkizunak eta erantzukizuna. Kudeaketa estiloak. Xedeak eta printzipioak.
15._Pertsonen arteko harremanak eta talde-lana. Zuzendaritzako roletik lan-taldean parte hartzea. Langileen motibazioa. Bileren zuzendaritza eraginkorra.
16._Problemak nola konpondu eta erabakiak nola hartu. Konponbideak eratzeko teknikak. Erabaki gauzagarriak.
17._Gatazken bakebidea. Negoziazioa eta bitartekaritza. Akordio eraginkorrak. Elkar ulertze giroa sortzea. Estresaren kudeaketa.
18._Emoziozko adimena zuzendaritzari aplikatua. Giza faktorea, laneko eta antolaketako gako. Hunkipenak. Komunikazioaren eraginkortasuna.
19._Informazioa eta komunikazioa. Komunikazioa hobetzeko teknikak. Lan giroa.
20._Denboraren kudeaketa: eskolako zuzendaritzan kontrolatu beharreko alderdia. Norberaren lanaren antolaketa. Presako lanak eta lehentasuneko lanak. Denboraren erabilera egokiena.
III. ERANSKINA
Merezimenduak baloratzeko baremoa
I) Prestakuntza (10 puntu gehienez).
Jasotako edo emandako prestakuntza ikastaro bakoitzeko:
_Haur hezkuntzako berariazko ikastaro, mintegi eta lan-taldeak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, 10 ordu baino gutxiagokoak ez badira:
10 orduko: 0,1 puntu.
_Ikastaro, mintegi eta lan-taldeak, oro har hezkuntzarekin zerikusia dutenak, zentro ofizialek edo administrazio publikoek behar bezala ziurtatuak, 10 ordu baino gutxiagokoak ez badira:
10 orduko: 0,05 puntu.
II) Laneko esperientzia, hezitzaile edo zuzendari gisa (10 puntu gehienez).
_Haur hezkuntzako ikastetxe publikoetan egindako urte bakoitzeko: 0,5 puntu.
_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,041 puntu.
_Haur hezkuntzako ikastetxe pribatu edo hitzartutakoetan egindako urte bakoitzeko: 0,375 puntu.
_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,031 puntu.
_Haur hezkuntza ez beste etapetan, ikastetxe publiko, pribatu edo hitzartuetan egindako urte bakoitzeko: 0,125 puntu.
_Aurreko atalean aipatzen diren ikastetxeetan egindako urteko zatiki den hilabete bakoitzeko: 0,01 puntu.
Oharrak:
1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunera arte osatutako merezimenduak baizik ez dira barematuko.
2. Data beretan bi kontratu edo gehiago egon badira, izangaiari mesedegarrien zaion hura baloratuko da soilik.
3. Esperientziako puntuetan ezarritakoari dagokionez, denbora partzialeko kontratuak lanaldi osokoak balira bezala kontatuko dira, betiere lanaldia % 75ekoa edo handiagoa bada.
Ohiko lanaldiaren % 75 baino tikiagoa bada, proportzioa aterako da.
4. Lanbideko esperientziari dagokionez, ez dira baloratuko hilabete baino gutxiago irauten duten kontratuak.
5. Laneko esperientzia frogatuko da enpresa edo administrazio kontratatzailearen ziurtagiriekin, eta bertan adierazi beharko dira hezkuntza maila, laneko kategoria eta kontratuak hasi eta amaitu zireneko egunak. Orobat, kontratuak eta Gizarte Segurantzako kotizazio ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.
6. Ez da zerbitzuen egiaztagiririk kontuan hartuko, horien hasiera eta amaiera data zehatzik ez bada agertzen, nahiz eta bertan ageri zerbitzuen iraupena ikasturte batekoa izan dela, salbu eta ikastordu guztiak egin direla zehazten bada; kasu horretan urte osoa bezala baloratuko da.
Iragarkiaren kodea: L0511324
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
