59. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

70/2005 EBAZPENA, apirilaren 19koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, "Nafarroako unibertsitateen eta beste unibertsitate batzuen artean ikasleak mugitzeko laguntzetarako" deialdia egiten duena. 2005/2006 ikasturtea.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du. Bertan Nafarroako unibertsitateen eta beste unibertsitate batzuen artean ikasleak mugitzeko laguntzetarako deialdia (2005/2006 ikasturtea) onetsi eta argitaratzeko proposatzen du, Goi mailako Irakaskuntzaren Eremu Europarra sortzeko bateratze-esparruaren barruan.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean aurreikusitakoa eta Balorazio Batzordearen ekarpenak kontuan hartuz eta Nafarroako unibertsitateak entzun ondoren.

Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1.d) artikuluak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1._"Nafarroako unibertsitateen eta beste unibertsitate batzuen artean ikasleak mugitzeko laguntzetarako" deialdia (2005/2006 ikasturtea), ebazpen honen eranskin gisa doana, onestea.

2._Gehienez ere 38.200 euroko gastua onestea "Atzerriko unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta bestelakoak" izeneko 431000-43100-4800-322300 kontusailaren kargura eta gehienez ere 1.800 euroko gastua onestea "Espainiako unibertsitateekin trukeak egitea: Seneca" izeneko 431000-43100-4800-322302 kontusailaren kargura. Bi kontusailak 2005. urteko ekitaldirako onetsi diren Gastuen Aurrekontuetakoak dira.

3._Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahal da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hau argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4._Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko agintzea.

5._Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzura, Unibertsitate Publikoko Bateratze Europar eta harreman instituzionaletarako errektoreordeari eta Ikasleen eta Unibertsitateko Hedapenerako errektoreordeari. Nafarroako Unibertsitateko Ikasleen, Antolamendu Akademikorako eta Nazioarteko Harremanetarako errektoreordeari, Nafarroako Unibertsitateko Dokumentazio Zentro Europarreko zuzendariari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntzakoan duen kontuhartzaile delegatuari, Goi mailako Irakaskuntzaren Atalera, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren atalera, Goi mailako Irakaskuntzaren Bulegora, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora eta Administrazio Orokorreko Bulegora, behar bezalako ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2005eko apirilaren 19an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

E R A N S K I N A

2005-2006 ikasturtea

NAFARROAKO UNIBERTSITATEEN ETA BESTE UNIBERTSITATE BATZUEN ARTEAN IKASLEAK MUGITZEKO LAGUNTZA OSAGARRIETARAKO DEIALDIA

I. Atzerriko unibertsitateekiko trukearen bidezko mugikortasuna.

II. Espainiako unibertsitateekiko trukearen bidezko mugikortasuna.

Argibideak:

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzua. Santo Domingo kalea 8, 3. solairua 31001 Iruña (Nafarroa). E-mail: ensenanzas.universitarias@cfnavarra.es. Telefonoak: 848 426065, 848 426059, 848 426078.

Zerrendak ikusgai:

_Hezkuntza Departamentuko iragarki taulan. Santo Domingo aldapa z.g.

_www.pnte.cfnavarra.es/dgupl/

I._ATZERRIKO UNIBERTSITATEEKIKO TRUKEAREN BIDEZKO MUGIKORTASUNA

1._Xedea.

Lehen eta bigarren zikloetan matrikulaturik dauden nafar ikasle unibertsitarioei zuzenduriko programa honen xedea da Europar Batasunak edo nazioarteko mugikortasunerako bestelako programek finantzatutako laguntzen programa osatzea. Horretarako unibertsitateko irakaskuntzako azken ikasmailetako ikasleen mugikortasuna xede du, ikasketa hauetako batzuk, 2005-2006 ikasturtean, atzerriko unibertsitate batean (jatorrizko unibertsitatea ez dena) egin ditzaten erraztuz. Ezen mugikortasun honek eragina baitu hezkuntza kalitatearen hobekuntzan, Nafarroako unibertsitateen goiko irakaskuntzako eskaintzaren zabaltzean, eta, orobat, horrelako trukaketan parte hartzen duten ikasleen aberastasun pertsonala ahalbidetzen baitu.

Deialdi honen ondorioetarako egonaldi edo trukatze bat 2005-2006 ikasturtean egiten dela ulertuko da 2005eko uztailaren 1etik 2006ko irailaren 30a bitarte egiten denean.

Dena den, laguntza hauen xede diren ikasketak dira Espainian ofizialki onartutako titulu bat lortzera bideratuak daudenak, hots, Arkitektura, Ingeniaritza, Diplomatura edo Lizentziatura.

2._Laguntzen zenbatekoa.

Laguntza hauek 2005eko ekitaldirako onetsitako gastuen Aurrekontuaren barneko "Atzerriko unibertsitateekin trukeak egitea: Erasmus eta bestelakoak" izeneko 431000-43100-4800-322300 kontusailaren kontura izanen dira.

Laguntzaren zenbatekoa 60 euros hilabeteko izanen da, gehienez ere. Bederatzi hilabeteko egonaldirako, hots, gehienez egin daitekeenerako, 540 euro osotara.

Laguntzen Balorazio Batzordeak laguntzen zenbateko zehatza ezarriko du espediente onenak dituzten eskabide baliodunek atzerrian egoteko duten hilekoen kopurua kontuan hartuz, betiere muga hauen barruan:

_Gutxienez hiru hilabeteko iraupena, programan sartu ahal izateko.

_Gehienez ere bederatzi hilabeterako finantzazioa, egonaldia iraupen handiagokoa izan arren.

Dirulaguntza kopurua eskabide kopuru osoaren, egonaldien eta aurrekontuetako dotazioaren arabera izanen da.

3._Eskatzaileen beharkizunak.

a) Nafarra izatea,

b) edo nafar auzotasuna izatea

c) edo Nafarroan erroldaturik egon izana, eskaera egin aurreko azken bi urteetan, gutxienez.

d) Nafarroako unibertsitate batean edo gure komunitatean ikasleak aukeratutako espezialitateko karrerarik ez dagoelako edo bertan plazarik lortu ez duelako Espainiako beste batean matrikulatuta egotea.

e) Europar Batasunak diruz lagundutako mugikortasunerako programa batean edo nazioarteko mugikortasunerako bestelako programetan sartuta egotea.

f) Trukearen iraupena, gutxienez, hiru hilabetekoa izatea, eta 2005eko uztailaren 1etik 2006ko irailaren 30a bitarte egitea.

g) Nafarroako Gobernuak lehendik eginiko deialdietan horrelako laguntzarik eskuratu ez izana.

4._Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuan aurkezteko epea 2005eko uztailaren 31n bukatuko da.

Laguntzarako eskabidea eta dokumentazioa Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan.

5._Eskaerak egiteko dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

a) Laguntza eskaera, inprimaki normalizatuan, behar bezala betea.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo eskatzailearen jaiotze tokia egiaztatzen duen beste agiri ofizial batena.

c) Nafarroan sortu ez direnek, N.A.N.az gainera, eskaera egin aurreko azken bi urteetan Nafarroan etengabe erroldaturik egon direla egiaztatzen duen agiria.

d) Nafarrak direla edo, aurreko letraren arabera, azken bi urteetan bertan erroldaturik egon direla egiaztatu ezin dutenek, Erregistro zibilaren edo bestelako erakunde ofizial baten agiria aurkeztuko dute, nafar auzotasuna dutela egiaztatuz.

e) Dagokion Espainiako unibertsitateak luzatutako egiaztagiria edo beste agiriren bat, ondoko hauek egiaztatuko dituena:

_Eskatzailea unibertsitate horretan ikasketak egiten ari dela, karrera eta Lehen edo Bigarren Zikloko ikasmaila zehaztuz.

_Eskatzaileak parte hartzen duen mugikortasun jarduera, zein unibertsitatetara joanen den, atzerriko egonaldia noiz hasi eta noiz bukatuko den. Agiri horiek eskaerarekin batera aurkezterik ez badago, eskatzailearen aitorpena erantsiko da, informazio hori zehazteko, eta gai hau justifikatzeko beharkizuna luzatuko, posible den une arte.

f) Nafarroako unibertsitateetan ikasten ari ez diren eskatzaileek ziurtagiri akademiko osoa, jatorrizkoa edo kopia konpultsatua, 2004/2005 ikasturteko datuekin eguneratua aurkeztu beharko dute. Ziurtagiri horretan honakoak agertuko dira, zehatz mehatz: matrikulaturik egon den ikasgai guztiak, eta, bere kasuan, kreditu kopurua eta lortutako kalifikazioak. Halaber, egokituak edo konbalidatuak izan diren ikasgaiak edo kredituak. Era berean, titulazioa osatzen duten ikasgai edo kreditu kopurua.

Lehen ziklotik etorri eta Diplomatu, Ingenieri Tekniko edo Arkitekto Teknikoko titulua duten ikasleek aurkeztu beharko dituzte Lehen Ziklkoari dagozkion ziurtagiri akademiko pertsonalak eta Bigarren Zikloan egindakoa egiaztatzekoak.

g) Hala behar denean, eranskin honen 3.1.d. eta 3.2.d puntuetan adierazitakoari dagokionez, Nafarroako unibertsitate batean ikasketak ez egiteko arrazoiei buruzko azalpena.

Laguntza eskaeraren eta transferentzia bidez ordaintzekoaren inprimakiak (ikus 10. puntua, Laguntzaren ordainketa) Nafarroako unibertsitateetan, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean eta Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuan eskuratu ahalko dira.

6._Laguntza emateaz arduratzen den Balorazio Batzordearen osaketa.

Ebazpen proposamena eginen duen Balorazio Batzordea honela osatuko da:

Batzordeburua: Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

Batzordeburua egon ezean, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du.

Batzordekideak:

_Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Goi mailako Irakaskuntzaren atalburua.

_Unibertsitateko Ikerketarako Laguntzen atalburua.

_Goi mailako Irakaskuntzaren bulegoburua.

Goi mailako Irakaskuntzaren bulegoburua idazkari lanetan arituko da.

Batzorde honek gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoen edo entitateen aholkua eskatu ahalko du.

7._Laguntza emateko irizpideak.

Laguntza emanen zaie deialdi honen 3. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta espediente akademiko onenak dituzten eskatzaileei, 2. puntuan zehaztutakoa oinarri.

a) Puntuazio irizpideak:

Eskatzaileak espediente akademikoko batez bestekoaren arabera ordenatuko dira. Batez bestekoa ekibalentzia honi jarraikiz kalkulatuko da:

Ohore Matrikula: 4

Bikain: 3

Oso ongi: 2

Nahiko: 1

Ondorio hauetarako kontuan hartuko da deialdia arte egindako kreditu edo ikasgaietako ohiko deialdi eta ez-ohizko deialdietan eskuratutako batez bestekorik altuena.

"Gai" kalifikazioa duten ikasgaiak eta ikasgai konpentsatuak nahikotzat baloratuko dira.

Konbalidatutako ikasgaiak edo kredituak nahikotzat baloratuko dira eta egokitutako ikasgai edo kredituetarako jatorrizko zentroan erdietsitako kalifikazioa hartuko da kontuan.

Ikasgaiz ikasgai antolatutako ikasketetan, batez bestekoa kalkulatzeko, horietako bakoitzean, baremoari jarraikiz, lortutako kalifikazioaren batuketa gainditutako ikasgaien kopuruarekin zatituko da.

Kredituetan egituratutako Ikasketa Planen kasuan, aurreko baliokidetasun taula aplikatzetik sortu den puntuazioa haztatuko da kreditu kopuruaren arabera, ondoko formulari jarraikiz:

PM: ikasgai bakoitzean lortutako kalifikazioaren haztapenetik sortutako balorea.

P: ikasgai bakoitzaren puntuazioa, baliokidetasun taularen arabera.

NCA: ikasgaia osatzen duten kreditu kopurua.

NCT: gainditutako kredituen kopuru osoa, batez besterako kontatu daitezkeenak.

Nafarroako unibertsitateetako ikasleak unibertsitateak berak barematuko ditu oinarri honetan ezarritako puntuazio irizpideak oinarri.

Halaber, Nafarroako unibertsitate batean ikasten ez duten ikasleak Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko Goi mailako Irakaskuntzaren Atalak baloratuko ditu, oinarri honetan ezarritako irizpide berberak oinarri.

Ikasle eskatzaileen espedienteak barematuta berdinketarik badago, ebazpen proposamena eginen duen Balorazio Batzordeak lortutako kalifikazio onenen arabera ebatziko du.

Azkenik, ebazpen proposamena eginen duen Balorazio Batzordeak Nafarroako unibertsitateei eskatu ahalko die proposamena egin ahal izateko behar duen dokumentazioa, hautagaien zerrenda nominala, laguntza eskuratzeko duten lehentasunaren araberakoa, proposatu baino lehen.

Hautagaiek laguntzari uko egiten badiote edo ezarritakoa ez badute betetzen, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak ordezkatu ahalko ditu, hautagaien artean ezarritako lehentasun-ordenaren arabera.

Ebazpen proposamena loteslea izanen da eta Nafarroako unibertsitateek diotena entzun ondoren emanen da.

8._Ebazpena emateko epea.

Laguntzak eman edo ukatuko dira Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2005eko irailaren 30ean emanen da, beranduenez, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholetan argitaratuko eta interesatuei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan aurreikusitako moduan.

9._Onuradunen beharkizunak.

1. Hauek dira onuradunen beharkizunak:

a) Egonaldia egitea eskaeran eta emakida-ebazpenean adierazitako baldintzetan.

b) Laguntzaldia bukatu eta, gehienez ere, bi hileko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, hartutako laguntzaren xedea, hots, atzerriko egonaldia egin izana egiaztatzen duena.

2. Laguntza galduko da ondoko arrazoiak direla kausa:

a) Atzerriko egonaldia ez hastea. Kasu honetan laguntza osoa itzuli beharko da.

b) Egonaldia epea baino lehenago bertan behera uztea. Kasu honetan bertan behera uzteko arrazoiak azaldu eta justifikatu egin beharko dira, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari igorritako idazki bat aurkeztuz. Zerbitzu honek, arrazoiak askitzat hartzen baditu, atzerrian egondako hilabeteen arabera, laguntzaren zati proportzionala itzultzea xedatu ahalko du.

c) Egonaldia egin dela egiaztatzen duen agiria ez aurkeztea. Kasu horretan laguntza osoa itzuli beharko da.

Edonola ere, itzultzearen zenbatekoari, laguntza hartu eta itzultzearen arteko tartearengatik sortutako korritua gehituko zaio.

10._Uko egitea.

Laguntzari uko egiten badio, onuradunak Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio, emateko ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, gehienez ere.

Laguntzari uko egiteak jasotako diru kopurua itzultzeko beharkizuna ekarriko du.

11._Erreserben zerrenda.

Erreserben zerrendak bakarrik izanen du indarra emateko ebazpena argitaratzen denetik hogeita hamar naturaleko epean eta horrek ez du erran nahi eskuratutako eskubiderik dagoenik.

Aldi honetan izaten diren uko egiteak zerrenda horretan dauden eskatzaileek bete ahal izanen dituzte, emateko ebazpenean ezarritako erreserba ordenari jarraikiz, betiere aurrekontuetako posibilitateen barruan.

12._Laguntzaren ordainketa.

Laguntzaren zenbatekoa laguntza ematearekin batera ordainduko da. Ordainketa hau aurrerakina izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 18. artikuluan aurreikusiriko ondorioetarako.

Laguntzaren ordainketa ezin izanen da egin interesatuak ez badu "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" aurkeztu, hark berak sinatua eta laguntzaren zenbatekoa jaso nahi duen bankuak behar bezala betea. Bankuko kontuak ikaslearen beraren izenean egon behar du.

Halaber, Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren (IFZ) fotokopia erantsi beharko du.

13._Laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza horiek bateragarriak dira mota bereko beste edozein laguntzarekin.

14._Laguntzen erregimen juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen gai orotarako, arau-hauste eta zehapenen erregimena barne, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoak arautuko du.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritakoa izanen da.

15._Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina hilabeteko epean.

Oinarri hauek aplikatuz diktatzen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

II._ESPAINIAKO UNIBERTSITATEEKIKO TRUKEAREN BIDEZKO MUGIKORTASUNA

1._Xedea

Programa honen xedea da ikasleen mugikortasunerako Espainiako "Seneka" Laguntzen Programaren laguntza osagarria ematea Nafarroan.

Horretarako unibertsitateko irakaskuntzako azken ikasmailetako ikasleen mugikortasuna xede du, ikasketa hauetako batzuk, 2005-2006 ikasturtean, Espainiako unibertsitate batean (jatorrizko unibertsitatea ez dena) egin ditzaten erraztuz. Ezen mugikortasun honek eragina baitu hezkuntza kalitatearen hobekuntzan, Nafarroako unibertsitateen goiko irakaskuntzako eskaintzaren zabaltzean, eta, orobat, horrelako trukaketan parte hartzen duten ikasleen aberastasun pertsonala ahalbidetzen baitu.

Dena den, laguntza hauen xede diren ikasketak dira Espainian ofizialki onartutako titulu bat lortzera bideratuak daudenak, hots, Arkitektura, Ingeniaritza, Diplomatura edo Lizentziatura.

Deialdi honen ondorioetarako, mugikortasuntzat hartuko da matrikulaturik dagoen unibertsitatetik Estatuko beste unibertsitatera joatea edo truke bat egitea, betiere mugikortasun programa baten barruan.

Hortaz, ez dituzte laguntza hauek jasoko bizitoki pertsonal edo familiarretik unibertsitate ikasketak egiteko beste herri edo hiri batera mugitu behar dutenek, interesatuek bestelako laguntzak eskatu eta erdiesteko izan dezaketen eskubidea kaltetu gabe.

2._Laguntzen zenbatekoa.

Laguntza horiek 2005erako onetsitako gastuen Aurrekontuaren barneko "Espainiako unibertsitateekin trukeak egitea: Seneka" izeneko 431000-43100-4800-322302 kontusailaren kontura izanen dira.

Laguntzaren zenbatekoa, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak ematen duenaren osagarria, gehienez ere 500 euroskoa izanen da, pertsona eta ikastaro bakoitzeko. Laguntzen Balorazio Batzordeak laguntzen zenbateko zehatza ezarriko du aurkeztutako eskabide baliodunen kopurua eta beste unibertsitate batean egon beharreko hilabete kopurua kontuan hartuz, bai eta aurrekontuetako dotazioa ere.

3._Eskatzaileen beharkizunak.

a) Nafarra izatea,

b) edo nafar auzotasuna izatea

c) edo Nafarroan erroldaturik egon izana, eskaera egin aurreko azken bi urteetan, gutxienez.

d) Nafarroako Unibertsitate batean edo gure Komunitatean ikasleak aukeratutako espezialitateko karrerarik ez dagoelako edo bertan plazarik lortu ez duelako Espainiako beste batean matrikulatuta egotea.

e) Ikasleen mugikortasunerako Espainiako "Seneka" Laguntzen Programan sartuta egotea, Hezkuntza eta Zientzia ministerioak, ezartzen duenaren arabera.

f) Nafarroako Gobernuak lehendik eginiko deialdietan horrelako laguntzarik eskuratu ez izana.

4._Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskaerak eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuan aurkezteko epea 2005eko uztailaren 31n bukatuko da.

Laguntzarako eskabidea eta dokumentazioa Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako tokietako edozeinetan.

5._Eskaerak egiteko dokumentazioa.

Aurkeztu beharreko agiriak honako hauek dira:

a) Laguntza eskaera, inprimaki normalizatuan, behar bezala betea.

b) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo eskatzailearen jaiotze tokia egiaztatzen duen beste agiri ofizial batena.

c) Nafarroan sortu ez direnek, N.A.N.az gainera, eskaera egin aurreko azken bi urteetan Nafarroan etengabe erroldaturik egon direla egiaztatzen duen agiria.

d) Nafarrak direla edo, aurreko letraren arabera, azken bi urteetan bertan erroldaturik egon direla egiaztatu ezin dutenek, Erregistro zibilaren edo bestelako erakunde ofizial baten agiria aurkeztuko dute, nafar auzotasuna dutela egiaztatuz.

e) Dagokion Espainiako unibertsitateak luzatutako egiaztagiria edo beste agiriren bat, ondoko hauek egiaztatuko dituena:

_Eskatzailea unibertsitate horretan ikasketak egiten ari dela, Ikasketak eta 2005-2006 ikasturtean egin asmo duen ikasmaila zehaztuz.

_Eskatzaileak parte hartzen duen mugikortasun jarduera, zein unibertsitatetara joanen den, atzerriko egonaldia noiz hasi eta noiz bukatuko den. Agiri horiek eskaerarekin batera aurkezterik ez badago, eskatzailearen aitorpena erantsiko da, informazio hori zehazteko, eta gai hau justifikatzeko beharkizuna posible den une arte luzatuko da.

f) Hala behar denean, eranskin honen 3.d. puntuan adierazitakoari dagokionez, Nafarroako unibertsitate batean ikasketak ez egiteko arrazoiei buruzko azalpena.

Laguntza eskaeraren eta transferentzia bidez ordaintzekoaren inprimakiak (ikus 10. puntua, Laguntzaren ordainketa) Nafarroako unibertsitateetan, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean eta Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuan eskuratu ahalko dira.

6._Laguntza emateko irizpideak.

Laguntza emanen zaie deialdi honen 3. puntuan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eskatzaileei. Haien artean eskura dagoen aurrekontua banatuko da, bigarren puntuan zehaztutakoaren arabera.

7._Laguntza emateaz arduratzen den Balorazio Batzordearen osaketa.

Ebazpen proposamena eginen duen Balorazio Batzordea honela osatuko da:

Batzordeburua: Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

Batzordeburua egon ezean, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak ordeztuko du.

Batzordekideak:

_Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Goi Mailako Irakaskuntzaren atalburua.

_Unibertsitateko Hedapen atalburua.

_Goi Mailako Irakaskuntzaren bulegoburua.

Goi Mailako Irakaskuntzaren bulegoburua idazkari lanetan arituko da.

Batzorde honek gai honetan kualifikatuta dauden pertsona fisikoen edo entitateen aholkua eskatu ahalko du.

Ebazpen proposamena loteslea izanen da eta Nafarroako unibertsitateek diotena entzun ondoren emanen da.

8._Ebazpena emateko epea.

Laguntzak eman edo ukatuko dira Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez. Ebazpen hori 2005eko irailaren 30ean emanen da, beranduenez, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Hezkuntza Departamentuko iragarki oholetan argitaratuko da eta interesatuei jakinaraziko zaie, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58. artikuluan aurreikusitako moduan.

9._Onuradunen beharkizunak.

1. Hauek dira onuradunen beharkizunak:

a) Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren xedapenetan ezarri direnak.

b) Laguntzaldia bukatu eta, gehienez ere, bi hileko epean, Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, hartutako laguntzaren xedea, hots, egonaldia egin izana egiaztatzen duena.

2. Laguntza galduko da ondoko arrazoiak direla kausa:

a) Egonaldia ez hastea. Kasu honetan laguntza osoa itzuli beharko da.

b) Egonaldia epea baino lehenago bertan behera uztea. Kasu honetan bertan behera uzteko arrazoiak azaldu eta justifikatu egin beharko dira, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira igorritako idazki bat aurkeztuz. Zuzendaritza honek, arrazoiak askitzat hartzen baditu, atzerrian egondako hilabeteen arabera, laguntzaren zati proportzionala itzultzea xedatu ahalko du.

c) Egonaldia egin dela egiaztatzen duen agiria ez aurkeztea. Kasu horretan laguntza osoa itzuli beharko da.

Edonola ere, itzultzearen zenbatekoari, laguntza hartu eta itzultzearen arteko tartearengatik sortutako korritua gehituko zaio.

10._Laguntzaren ordainketa.

Laguntzaren zenbatekoa laguntza ematearekin batera ordainduko da. Ordainketa hau aurrerakina izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 18. artikuluan aurreikusiriko ondorioetarako.

Laguntzaren ordainketa ezin izanen da egin interesatuak ez badu "Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera" aurkeztu, hark berak sinatua eta laguntzaren zenbatekoa jaso nahi duen bankuak behar bezala betea. Bankuko kontuak ikaslearen beraren izenean egon behar du.

Halaber, Identifikazio Fiskaleko Zenbakiaren (IFZ) fotokopia erantsi beharko du.

11._Laguntzaren bateragarritasuna.

Laguntza horiek bateragarriak dira mota bereko beste edozein laguntzarekin, arestian aipatutako 1999ko azaroaren 29ko Ministerioaren Aginduan aipatutakoa salbu.

12._Laguntzen erregimen juridikoa.

Oinarri hauetan xedatuta ez dagoen gai orotarako, arau-hauste eta zehapenen erregimena barne, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak emateko eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzeari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedatutakoak arautuko du.

Zehapen prozedura Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak ezarritakoa izanen da.

13._Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da, Hezkuntza kontseilariari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina hilabeteko epean.

Oinarri hauek aplikatuz diktatzen diren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratu ahalko da Hezkuntza Departamentuko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta hurrengo egunetik aitzina.

Iragarkiaren kodea: F0511071