II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
O T E I T Z A
Etxeko animaliak eta bereziki zakurrak edukitzea arautzen duen ordenantza behin betikoz onetsirik
Oteitzako Udalak, 2005eko otsailaren lehenean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen animaliak edukitzea arautzen duen ordenantza.
Onesteko erabakia 2005ko 31. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, martxoaren 14an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Oteitzan, 2005eko apirilaren 21ean._Alkatea, Víctor Luis Echeverría Sáenz.
ETXEKO ANIMALIAK, ETA BEREZIKI ZAKURRAK, EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA
Xedea
1. artikulua. Zakurrak edukitzea arautzea da ordenantza honen xedea.
2. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, gizonak lagun egiteko eduki edo baliabideak ateratzeko hazten dituen animaliak dira etxekoak.
Zakurren inskripzioa
3. artikulua. Zakur guztiak Udalaren erroldan inskribatu beharko dira.
Alta edo bajarik izanez gero, hori gertatu eta, gehienez ere, hogeita lau orduko epean jakinarazi beharko zaio Udalari. Zakurraren jabeari dagokio hori egitea.
4. artikulua. Alta ematean, beharrezkoa izanen da Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak txertoa jartzea eta osasun azterketa egitea. Ondoren, agiriak emanen ditu, eta zakurra identifikatzeko txapa ere bai.
5. artikulua. Hiltzeagatik gertatutako baja izanez gero, albaitariaren esanetara egonen da. Hark, zakurra aztertu ondoren, non eta nola ehortzi behar duen adieraziko dio jabeari.
Txertaketa
6. artikulua. Zakur guztiei urtean behin jarri beharko zaie txertoa. Jabearen ardura da zakurra eramatea txertoa jartzera.
Zakurrei txertoa jarri ondoren, zakurra identifikatzeko eta txertoa jarri diotela frogatzeko txapa emanen zaie jabeei, animaliaren lepokoan paratzeko.
7. artikulua. Amorruaren kontrako txertoa urtean behin eman behar denez, Alkatetzak multzoka txertatzeko lekua, ordua eta epea adieraziko ditu.
Horrekin batera, Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuek azterketa orokorra eginen diete animaliei, eta halaber, bizkarroirik dutenentz begiratuko ere. Zakurren jabeen erantzukizuna izanen da albaitariek agindutako tratamendua betearaztea.
8. artikulua. Animaliari eritasun aztarnarik, bizkarroirik edo zauririk agertuz gero, zakurraren jabea albaitariarengana jotzera beharturik egonen da hogeita lau ordu baino lehen, eta Nafarroako Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak agintzen duen tratamendua egin beharko dute.
Eritasun kutsakorrik badela egiaztatuz gero, zakurra bakartuko da, inguruabar hori desagertu delako ziurtagiria egin arte.
Debekuak
9. artikulua. Debeku dira ordenantza honetako 10etik 16ra bitarteko artikuluetan azaldutako jokabideak, bai eta arau-hauste arin, larri eta oso larrien zerrendan ezarritakoak ere (24. artikulua).
10. artikulua. Udal mugapeko edozein alderditan debeku da zakurra lepokorik edo urteko nortasun eta txertaketa txaparik gabe ibiltzea.
Zakurrak lotu gabe ibiltzea debeku da Oteitzako hirigune guztian eta ibilgailuak pasatzen diren errepideetan edo karriketan.
Alde horietan, zakurrek arduradun bati loturik ibili behar dute, gehienez ere 1,50 metroko hede sendo edo kate batetik.
11. artikulua. Udalerriko alde guztietan, aurreko artikuluetan aipatu betebehar horiek bete gabe dabiltzan zakurrak osasun publikorako arriskutzat hartuko dira eta Foru Gobernuko Albaitaritza Zerbitzuak bildu eta atxikiko ditu.
12. artikulua. Beren arduradunek behar bezala kontrolatzen ahal ez badituzte, debeku da leku horietan animaliak edukitzea. Animalia baten edukitzaileak behar bezalako neurriak hartuko ditu hirugarrenei edo hauen ondasunei kalterik ez trabarik egin ez diezaien.
13. artikulua. Debeku da zakurren edo bertze edozein animaliaren gorotzik uztea parkeetan, lorategietan, edo erabilera publikoko bertze edozein alderditan, Oteitzako herrigunean.
Agindu honek ezartzen duen debekua bete beharrez, animaliaren edukitzaileak, eta bereziki zakurraren edukitzaileak, hark delako alderdietan uzten dituen gorotzak bildu beharko ditu.
14. artikulua. Debekatua dago zakurrak, edo beste edozein animalia saltoki edo garraiobide publiko guztietan sartzea (ikuskizun publikoak, kirol eta kultur arlokoak, erabilera publikoko igerilekuak), katea edo muturrekoa ezarriagatik ere eta arduradunarekin badoa ere. Debeku honen barrenean sartzen da etxeetan igogailuak ezin erabiltzea. Salbuespena itsu-zakurren kasua da, baina horiek espresuki baimendu beharko dira.
15. artikulua. Zakur zaindariak jabego partikularreko barrutietan baizik ez dira libre egon ahal, betiere baldin eta barruti horiek eremu publikoari erabat itxita badaude, zakurrak hesiz kanpora jauzi egin ahal izan ez dezan. Jabea zakur zaindaririk badagoela gaztigatzera beharturik dago, aise irakur daitezkeen plakak ikusgai paratuz zainpeko barrutiko sarrera guztietan.
Erantzukizunak
16. artikulua. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratzen den edozein tratamendu prebentibo eginen du.
17. artikulua. Jabearen erantzukizun subsidiarioa deusetan ukatu gabe, animalia baten edukitzailea:
a) Erantzule izanen da jendeari, gauzei, bide eta eremu publikoei eta, oro har, natur inguruneari kalte edo traba egiten badie, kasuan-kasuan aplika daitekeen legeari jarraikiz.
b) Halaber, ardura izanen du animaliek bide eta eremu publikoak zikintzea galarazteko.
c) Orobat, ardura izanen du bere animaliak zaunkaka edo zalapartaka hasten badira, berehalakoan horiek isilarazteko, batez ere gaueko hamarretatik goizeko zortziak arte gertatzen denean, eta neurriak hartzeko aurrerantzean horrelakorik berriz ere gerta ez dadin.
Zakurrak edo bertzelako animaliak bildu eta atxikitzea
18. artikulua. Bere eskumenen esparruan, Oteitzako Udalari dagokio:
a) Animalia abandonatuak biltzea.
b) Lagun egiteko animaliak dekomisatzea, tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo muntadura desegokietan badira.
19. artikulua. Horretarako izendatzen den lokalera eraman eta gero ezin bada zakurraren jabea nor den jakin, edo eta zakurra harrapatu eta hirurogeita hamabi orduko epean jabeak eskatzen ez badu, animalia saldu, hil edo ikerketak egiteko ematen ahalko da. Gero ez da izanen erreklamaziorik egiteko eskubiderik.
20. artikulua. Bildutako edozein zakur delako lokaletik atera ahal izateko, nahitaezkoa izanen da txertoaren eta identifikazioaren ziurtagiria aurkeztea eta ematen diren gainerako betebeharrak betetzea, baita sortutako tasak, gastuak eta isunak ordainduak izatea ere.
21. artikulua. Bertze zakur bati ausiki egin dionean, gizaki bati ausiki egin dionean edo ohiz kanpoko oldarkortasuna adierazten duenean, zakurra horretarako izendatzen den lokalera eraman beharko da, albaitari batek azter dezan. Albaitariak susmatzen badu amorru zantzurik badela, zakurra bakartu eginen da berehala, aztertu ahal izateko. Albaitariak kasu horietarako ezarririk dauden arauen ariora jokatuko du.
22. artikulua. Jabeek ordainduko dituzte animaliak bildu eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.
Arau-hausteak
23. artikulua. 1. Ordenantza honi dagokionez, arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.
2. Honakoak dira arau-hauste arinak:
a) Lagun egiteko animalia bat edukitzea 7/94 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera erroldatu gabe.
b) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.
c) 7/94 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.
d) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso-agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.
e) Lagun egiteko animalia bat ematea, ordenantza honek edo, bestela, 7/94 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.
f) Hiriko karriketan barna basa-espezieekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.
g) Animaliekin sartzea ikastetxeetan, osasun etxeetan, igerilekuetan, taberna-jatetxeetan eta lokal publikoetan oro har.
h) Behin eta berriz enbarazu edo gogait egitea.
i) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.
j) Zakurrak hiriko eremu publikoetan eramatea, kate edo hederik gabe.
k) Eremu publikoak lagun egiteko animalien gorotzez zikindu eta ez garbitzea.
l) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.
m) Bere zakurraren zaunkak ez isilaraztea, bereziki gaueko hamarretatik goizeko zortziak bitartean gertatzen direnean.
3. Honakoak dira arau-hauste larriak:
a) Animaliak behar duten mantenurik gabe edukitzea.
b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene-osasun baldintza txarretan edukitzea.
c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/94 Foru Legean finkatzen diren baldintza eta betebeharren kontra.
d) Animaliak ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.
e) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.
f) Animaliekin sartzea elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietara.
g) Animalia bizkarroidunak edo erituak edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitari agiririk gabe saltzea.
h) Zakurrek basafaunari kalte egitea, bereziki ugalketa sasoian.
4. Honakoak dira arau-hauste oso larriak:
a) 7/94 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontra doazen jarduerak antolatu, haien publizitatea egin eta, bertzenaz, egin egitea.
b) Animalien kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.
c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.
d) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen gaiak ematea.
e) Arau-hauste larrietan berrerortzea.
Zehapenak
24. artikulua. Arau-hauste arinek 60,01etik 150,25 eurora bitarteko isunak izanen dituzte zehapen; larriek 150,26tik 601,01 eurora bitartekoak, eta oso larriek 601,02tik 3005,06 eurora bitartekoak.
25. artikulua. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpideak hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:
a) Egindako arau-hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.
b) Irabazte asmo bidegabekorik izan den eta arau-haustean zer etekin atera den.
c) Ankerkeriarik egin ote zaion animaliari.
d) Arau-hausteak errepikatu edo horietan berrerori ote den.
26. artikulua. 1. Ordenantza honek aurreikusten dituen arau-hausteei zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.
2. Etxeko animalien kontrako arau-hausteengatik irekitzen diren zehapen espedienteak eratu eta ebazteko ahalmena dagokio:
a) Alkateari edo zinegotzi eskuordeari, arau-hauste arinak badira.
b) Udalaren osoko bilkurari, arau-hauste larriak edo oso larriak badira.
Erantzukizun zibila
27. artikulua. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik pagatu behar dituzkeen ordainak ere.
Animalien babesa
28. artikulua. Animalien babesari dagokionez, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legean xedatzen dena izanen da araua.
Arriskugarri gerta daitezkeen animaliak
29. artikulua. Arriskugarriak gerta daitezkeen animaliak edukitzeko, administrazio lizentzia eskuratu beharko da; eskatzailea non bizi den, udalerri hartantxeko Udalak emanen du delako lizentzia, Arriskugarriak gerta daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legeak ezartzen dituen baldintzak bete ondoan.
30. artikulua. Arriskugarri gerta daitezkeen zakurrak esparru publikoetan agertu eta ibiltzeko, nahitaezkoa izanen hede edo kate bat erabiltzea, bi metro baino luzera gutiagokoa, baita muturreko homolagatua ere, haren arrazarendako egokia.
Arriskugarriak gerta daitezkeen animalien araubide juridikoari buruzko abenduaren 23ko 50/1999 Legean eta hura garatzen duen martxoaren 22ko 287/2002 Errege Dekretuan xedatzen dena aplikatuko da arriskugarri gerta daitezkeen zakurren gainean aurreikusi ez den orotan.
AZKEN XEDAPEN BAKARRA
Aplikazio osagarria
Ordenantza honetan aurreikusi ez direnetan, honako arau hauetan xedatua aplikatuko da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/90 Foru Legea, Jarduera Sailkatuei buruzko Erregelamendua, Animaliak babesteari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legea eta uztailaren 24ko 188/86 Foru Dekretua.
Iragarkiaren kodea: L0511476