59. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko apirilaren 18koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Vodafone España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I._Aurrekariak.

Azken urteotan telekomunikazioen merkatuan geroz eta liberazio handiagoa izan denez, asko handitu eta ugaritu dira konpainia operatzaileek zerbitzuak kalitatez emateko beharrezkoak diren elementu eta azpiegiturak. Foru Komunitate osoan zabaldu dira eta zabaltzen ari dira azpiegitura horiek, bai hiri inguruetan bai landa eremuetan, eta gure lurraldeari lotuta ikusten ditugu.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatu eta planifikatzearren, herritarren osasuna dela-eta aurre neurriak hartu eta osasuna bera zaintzearren, azpiegitura horiek ingurumenean, hirigintzan eta begirako duten eragina gutxitzearren, bai eta gai horren inguruko informazioaren gardentasuna eta ikerkuntza zientifikoa sustatzearren ere, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea onetsi zen (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa).

Aipatu foru legeak halako estazioen instalazio eta funtzionamendurako baldintza eta muga batzuk ezartzen ditu, eta instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena aurreikusten du. Bestalde, esposizioa eta segurtasun distantzia direla-eta gehieneko mailak ezartzen ditu eranskinetan, eta begi-eragina ahal den guztian gutxitzeko neurri berariazkoak hartuko direla ageri da; halaber, multzo historiko artistikoetan, eremu arkeologikoetan eta kultur intereseko ondasunetan mugak izanen dituzte instalazioek. Kasua bada, ingurumen, paisaia edo hirigintza arrazoiak direla medio, berariazko konponbideak jarriko dira azpiegituren eragina ahal den guztian gutxitzeko eta ingurunearekin harmonizatzeko.

Azkenik, foru legeak ezartzen du operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu beharko dutela, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren. Azpiegitura Planak, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera, ondoko informazioa azaldu beharko du laburbilduta, euskarri grafikoan ez ezik euskarri informatikoan:

_Oro har: sarea garatzeko titulu gaitasun-emailea, instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere, erantzukizun zibileko asegurua, emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena, eta informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

_Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere: lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak, zoruaren hirigintza-kalifikazioa, ingurumen-afekzioak eta ondare historiko-artistikoak izanen dituen afekzioak, batera erabiltzeko aukera, azpiegiturarako proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa eta zehaztasunak, kokalekuari buruzko azalpena, kota altimetrikoa, estaldurak hartzen dituen eremuak, frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia, instalazioaren emisio elektromagnetiko handiena iristeko moduko lekuan, bai eta arretazko erabilerako leku hurbilenetan ere.

_Kokalekuei buruzko informazio grafikoa, UTM koordenadak erabiliz eta kartografiaren bitartez.

II._Hasierako azalpenak eta tramitazioa.

Aipatu den 10/2002 Foru Legeak ez du "Azpiegituren Lurralde Plana" tramitatu eta onesteko prozedura zehazten; figura horrek oinarrizko estazioen ezarpena arautzen du. Alde horretatik, halako planak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 28.2 artikuluak aipatzen dituenen artean sar daitezkeela uste da, hau da, lurraldearen antolamenduan eragina duten planen artean, eta foru lege horren 45. artikuluan Udalez gaindiko Eragina duten Plan edo Proiektuetarako aurreikusten den onespen prozedura aplika daiteke, analogiaz. Prozedura horrek eskatzen du espedienteak jendaurrean jartzea, Nafarroako Gobernuak behin betiko onespena eman aurretik.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeari lotuta, eta 9. artikulua aplikatuta, Vodafone España, S.A. operadoreak, 2002. urtearen bukaeran, Azpiegituren Lurralde Plana aurkeztu zuen Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan. Operadore horrek Nafarroako Foru Komunitatean dituen instalazioak eta jarri nahi dituenak azaltzen dira bertan.

Aurkeztutako agirietan hutsuneak baitaude, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Azpiegituren Lurralde Planeko elementuak edo horiek izan behar duten gutxieneko informazioa ageri da artikulu horretan), ahozko eta idatzizko zenbait errekerimendu egin zaio, hutsuneak zuzen ditzan.

Errekerimenduak egin eta gero, operadoreak aurtengo otsailean osatu du eskatutako dokumentazioa, euskarri informatiko eta grafikoan. Aztertu ondoren departamentuetara igorri da, beharrezkoak diren txostenak egiteko.

Azken dokumentazio horretan oinarriturik, Vodafone España, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana telefonia mugikorreko oinarrizko 166 estaziok osatzen dute (115 jarrita daude eta 51 aurreikusita).

III._Egindako txostenak.

Vodafone España, S.A.k aurkeztu duen Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari buruz egin diren txostenen laburpena:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua.

Vodafone España, S.A.k emandako datuen gainean ingurumen azterketa egin da; 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluan eskatzen denaren arabera, datu horiek Ingurumenaren gaineko Eraginen Azterlan sinplifikatu bat osatzen dute. Hori ikusita, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak aditzera eman du, eginda dauden eta egitekoak diren instalazioak bi eranskinetan bereizita (horiei gehitu die Zerbitzuko datuen arabera instalazio berriak izanen liratekeen estazioak, operadoreak egindakotzat aurkeztu baditu ere), zein diren ingurumen aldetik adostasuna jaso dezaketen estazioak, eta ingurumeneko tramiterako zehaztasunak eta datuak falta dituztenak, edo kontrako txostena dutenak.

Lurzoru ez urbanizagarrian kokatutako estazioen eragina baloratzen da, eremu horren ezaugarri bereziak kontuan hartuta, gailur garaien okupazioa, beste estazio batzuen konkurrentzia, energiaz hornitzeko zailtasuna, garrantzia duen paisaian eragina izatea, etab. Eragin handia sortzen duten estazioetan, egiturak partekatzeko prozedura metodo eraginkorra da ingurumenaren gaineko eragina txikiagoa izateko.

Hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian dauden estazioei dagokienez, 100 metrotik beherako tartean arretazko erabilerako lekuak hartzen dituztenak bereizten dira, indarra duen araudiari jarraikiz.

Aurreikusitako instalazioak.

Laburbilduz, Vodafone España, S.A.k telefonia mugikorreko 51 estazio berriri buruzko dokumentazioa aurkeztu du, Nafarroan duen sarea zabaltzeko instalatu nahi baititu. Estazio horietako 19 hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian daude, eta 32 lurzoru urbanizaezinean. Beste alde batetik, nabarmendu behar da estazio berri guztietako 16k egiturak partekatzen dituztela Nafarroako Gobernuaren estazioekin, kasu batzuetan beste operadore batzuekin batuta, eta 11k operadore batekin edo birekin partekatzen dituztela.

Eginda dauden instalazioak

Eginda dauden telefoniako 115 estazioren fitxak aurkeztu ditu operadoreak.

b) Ekonomia eta Ogasun Departamentua -Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua.

Zerbitzu honek txostena egin du Vodafone España, S.A.k aurkeztu duen Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari buruz eta, telekomunikazioei dagokienez, adostasun txostena eman du, oro har hartuta, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen baititu (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko Foru Legea). Kokaleku batzuen datu fitxetan informazioa falta dela adierazi du; zehazki, sei kokalekutan, instalazioak iristeko moduko lekuan duen emisio elektromagnetiko handiena, eta, bestalde, 2.000 metroko tartea bi kokalekutan salbuespenez murrizteko arrazoi tekniko bereziak daudela azaltzen duen justifikazio arrazoitua (Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak, telekomunikazioko oinarrizko estazioen erabilera banatzeko prozedura arautzeari buruz, azaroaren 27an emandako 1324/2000 Foru Aginduaren 2.1 artikulua).

c) Osasun Departamentua - Nafarroako Osasun Zerbitzua - Osasun Publikoaren Institutua.

Operadore horrek aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, aditzera eman dute Azpiegituren Lurralde Planak ez dituela gainditzen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean zehazten diren esposizioko gehieneko mailak.

d) Kultura eta Turismo Departamentua - Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak plan honi buruzko txosten batzuk egin zituen 2004. urtean; hots, adostasun txostena eman zaie AT-NA-Castejon, AT-NA-Corella, AT-NA-Ledea, AT-NA-Elo, AT-NA-Mutiloa, AT-NA-Olatz, AT-NA-Paloma, AT-NA-San Adrian eta AT-NA-Areta izeneko kokalekuei eta Ibarrea, Erreniega eta Aintzoain estazioei, baina gogorarazten da obrak egitean zorupean aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legezko betebeharra dela zaindu eta berehala administrazio honi horren berri ematea (Espainiako Ondare Historikoari buruzko 16/1985 Foru Legea). Planeko gainerako kokalekuei buruz ere adostasuneko txostena egin da, baina ez da zehaztapenik ezarri.

e) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentua - Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzua.

Plan honi dagokionez, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak adostasun txostena egin du oihan lurzoruan egin nahi diren instalazio guztiei buruz; hala ere, Ledeako estazioa lekuz aldatu behar dela adierazi da, arboladia ez hartzeko.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2005eko martxoaren 22an egindako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Vodafone España, S.A.k aurkeztua, jendaurrean jartzea eta, aldi berean, instalazioek ukitzen dituzten udalei entzunaldia ematea, bi hilabetez. Erabaki honen III. atalean aipatu diren departamentuetako txostenak erantsi zaizkio planari.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 2. oina, Iruña) eta epe horretan zilegi izanen da egokiak diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

2. Espedientea behin betikoz onetsi aurretik, entitate sustatzaileak Testu Bategin bat aurkeztu behar du, hasiera batean aurkeztutako planari gehitutako dokumentazioaren ondoriozko aldaketa guztiak biltzeko, bai eta departamentuetako txostenetan azaldu diren gabezien eta hutsuneen ondoriozko aldaketak ere; sustatzaileari ohartarazten zaio, departamentuetako txostenetan azaldutakoari jarraikiz kokalekuei buruko dokumentazioa osatzen edo zuzentzen ez bada, horiek planetik kanpo geldituko direla.

3. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta udal hauei jakinaraztea: Agoitz, Aberin, Oibar, Allin, Allo, Altsasu, Ameskoabarren, Andosilla, Anue, Arakil, Aranguren, Arano, Artzibar, Arguedas, Armañantzas, Arroitz, Artaxoa, Barañain, Barbarin, Baztan, Bera, Berriobeiti, Burgi, Burlata, Cadreita, Caparroso, Zarrakaztelu, Cascante, Castejon, Cintruenigo, Zizur Zendea, Zizur Nagusia, Corella, Cortes, Desojo, Egues, Erroibar, Espartza, Lizarra, Esteribar, Etxarri-Aranatz, Ezkabarte, Ezporogi, Faltzes, Fitero, Fontellas, Funes, Galar, Garaioa, Goizueta, Goñi, Gorriti, Gorza, Gesalatz, Uharte, Ibargoiti, Igantzi, Imotz, Ituren, Itza, Jaurrieta, Lana, Larraga, Larraun, Elizagorria, Legarda, Leitza, Lekunberri, Lerin, Ledea, Lodosa, Los Arcos, Irunberri, Mañeru, Martzilla, Mendabia, Mendaza, Milagro, Elo, Monteagudo, Murchante, Noain-Elortzibar, Otsagabia, Odieta, Erriberri, Oltza, Orkoien, Orotz-Betelu, Iruña, Puiu, Ribaforada, Erronkari ibarra, Orreaga, Saldias, San Adrian, Zangoza, Santakara, Doneztebe, Sesma, Tafalla, Tiebas-Muru Artederreta, Tutera, Uharte-Arakil, Uxue, Ultzama, Urdazubi, Urrotz, Urzainki, Luzaide, Valtierra, Viana, Bidankoze, Villafranca, Deierri, Esa; halaber, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari eta Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuari, Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari eta Vodafone España, S.A.ri, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 18an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0511047