59. ALDIZKARIA - 2005eko maiatzaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

ERABAKIA, 2005eko apirilaren 18koa, Nafarroako Gobernuak hartua. Honen bidez Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.k (TRADIA) aurkeztua, jendaurrean jartzen da eta, aldi berean, udal ukituei entzunaldia ematen zaie.

I._Aurrekariak.

Azken urteotan telekomunikazioen merkatuan geroz eta liberazio handiagoa izan denez, asko handitu eta ugaritu dira konpainia operatzaileek zerbitzuak kalitatez emateko beharrezkoak diren elementu eta azpiegiturak. Foru Komunitate osoan zabaldu dira eta zabaltzen ari dira azpiegitura horiek, bai hiri inguruetan bai landa eremuetan, eta gure lurraldeari lotuta ikusten ditugu.

Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatu eta planifikatzearren, herritarren osasuna dela-eta aurre neurriak hartu eta osasuna bera zaintzearren, azpiegitura horiek ingurumenean, hirigintzan eta begirako duten eragina gutxitzearren, bai eta gai horren inguruko informazioaren gardentasuna eta ikerkuntza zientifikoa sustatzearren ere, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legea onetsi zen (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzekoa).

Aipatu foru legeak halako estazioen instalazio eta funtzionamendurako baldintza eta muga batzuk ezartzen ditu, eta instalazioen kontrola eta aldizkako ikuskapena aurreikusten du. Bestalde, esposizioa eta segurtasun distantzia direla-eta gehieneko mailak ezartzen ditu eranskinetan, eta begi-eragina ahal den guztian gutxitzeko neurri berariazkoak hartuko direla ageri da; halaber, multzo historiko artistikoetan, eremu arkeologikoetan eta kultur intereseko ondasunetan mugak izanen dituzte instalazioek. Kasua bada, ingurumen, paisaia edo hirigintza arrazoiak direla medio, berariazko konponbideak jarriko dira azpiegituren eragina ahal den guztian gutxitzeko eta ingurunearekin harmonizatzeko.

Azkenik, foru legeak ezartzen du operadoreek azpiegiturei buruzko lurralde plan bat aurkeztu beharko dutela, non gaur egun dauden estazio finkoak eta sare osoa ezarri eta garatzeko dauden aurreikuspenak azalduko diren. Azpiegitura Planak, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluaren arabera, ondoko informazioa azaldu beharko du laburbilduta, euskarri grafikoan ez ezik euskarri informatikoan:

_Oro har: sarea garatzeko titulu gaitasun-emailea, instalazio berriak jartzeko programa eta egutegia, enpresa garapenaren nahiz lehiatzeko gaitasunaren gaineko eragina, bai eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde nahiz gizarte kohesioaren hobekuntzaren gainekoa ere, erantzukizun zibileko asegurua, emandako zerbitzuei eta erabilitako teknologiei buruzko azalpena, eta informazio teknikoa eta sarearen eskema orokorra.

_Kokapen bakoitzari buruzko fitxa bat ere eginen da, ondoko datuekin gutxienez ere: lekuaren kokapena, sarbideak eta hornidurak, zoruaren hirigintza-kalifikazioa, ingurumen-afekzioak eta ondare historiko-artistikoak izanen dituen afekzioak, batera erabiltzeko aukera, azpiegiturarako proposaturiko konponbide teknikoaren justifikazioa eta zehaztasunak, kokalekuari buruzko azalpena, kota altimetrikoa, estaldurak hartzen dituen eremuak, frekuentzien tartea eta emisioaren potentzia, instalazioaren emisio elektromagnetiko handiena iristeko moduko lekuan, bai eta arretazko erabilerako leku hurbilenetan ere.

_Kokalekuei buruzko informazio grafikoa, UTM koordenadak erabiliz eta kartografiaren bitartez.

II._Hasierako azalpenak eta tramitazioa.

Aipatu den 10/2002 Foru Legeak ez du "Azpiegituren Lurralde Plana" tramitatu eta onesteko prozedura zehazten; figura horrek oinarrizko estazioen ezarpena arautzen du. Alde horretatik, halako planak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 28.2 artikuluak aipatzen dituenen artean sar daitezkeela uste da, hau da, lurraldearen antolamenduan eragina duten planen artean, eta foru lege horren 45. artikuluan Udalez gaindiko Eragina duten Plan edo Proiektuetarako aurreikusten den onespen prozedura aplika daiteke, analogiaz. Prozedura horrek eskatzen du espedienteak jendaurrean jartzea, Nafarroako Gobernuak behin betiko onespena eman aurretik.

Maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legeari lotuta, eta 9. artikulua aplikatuta, ezartzen baitu dagoeneko badiren estazio finkoak eta sarearen ezarpen eta garapenerako aurreikuspenak bilduko dituen Azpiegituren Lurralde Plana aurkeztu behar dela, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U. (TRADIA) operadoreak, 2002ko uztailaren 19an, Nafarroako Foru Komunitatean duen Azpiegituren Lurralde Plana aurkeztu zuen, Nafarroako Gobernuan.

Haren ondoren, 2004ko ekainean, operadoreak idazki bat aurkeztu zuen eta hartan adierazi Tradiaren Azpiegituren Lurralde Plana, autoprestazio araubideko irratikomunikazioko sarea, Iruñeko Antso Azkarra etorbideko 71 zenbakiko kokalekura mugatuta gelditzen zela.

Aurkeztutako agirietan hutsuneak baitaude, 10/2002 Foru Legearen 10. artikuluan ezarritakoari jarraikiz (Azpiegituren Lurralde Planeko elementuak edo horiek izan behar duten gutxieneko informazioa ageri da artikulu horretan), zenbait errekerimendu egin zaio, hutsuneak zuzen ditzan.

Errekerimenduak egin eta gero, operadoreak aurtengo otsailean osatu du eskatutako dokumentazioa, euskarri informatiko eta grafikoan. Lantaldeak aztertu eta dokumentazio orokor guztia dagoela egiaztatu ondoren, departamentuetara igorri da, beharrezkoak diren txostenak egiteko.

III._Egindako txostenak.

Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.k (TRADIA) aurkeztu duen Azpiegituren Lurralde Planari buruz egin diren txostenen laburpena:

a) Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzua.

Zerbitzu honek planeko kokaleku bakarri buruzko adostasun txostena egin du, eta adierazi du instalazioaren lurzatia "Torre Basoko institutua" izeneko arretaz erabiltzeko eremutik 100 metrotara baino gertuago dagoela, eta sustatzaileak, hori kontuan hartuta, toki horretako erradiazioei buruzko azterlana aurkeztu duela.

Txostenaren arabera, estazioa bizitegitarako hiri lurzoruan dagoenez, natur ingurunearen gaineko eragina garrantzi gutxikoa da eta begi-eragina arina, eraikin baten zabaltzako tarte batean dagoen masta bat baita. Era berean, ez da sarbidearen ondoriozko eraginik aurreikusten, eraikinetik beretik izanen baitu sarbidea, ez eta hornidura elektrikoaren ondoriozkorik ere, eraikinetik beretik deribatuko baita.

b) Ekonomia eta Ogasun Departamentua - Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzua.

Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuak ondokoa adierazi du bere txostenean: "Difusio Digital Societat de Telecomunicacions, S.A.U.k (TRADIA) aurkeztu duen Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Planari buruz eta, telekomunikazioei dagokienez, adostasun txostena eman da, oro har hartuta, maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean eskatutako baldintzak betetzen baititu (Nafarroako Foru Komunitatean uhin elektromagnetiko ez-gidatuen bidezko telekomunikazioko oinarrizko estazioak antolatzeko Foru Legea). Horrenbestez, Lurralde Plan horren tramitazioa egin dadila proposatu da."

c) Osasun Departamentua - Nafarroako Osasun Zerbitzua - Osasun Publikoaren Institutua.

Operadore horrek aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, aditzera eman dute bakar batek ere ez duela gainditzen maiatzaren 6ko 10/2002 Foru Legean zehazten diren esposizioko gehieneko mailak.

d) Kultura eta Turismo Departamentua - Ondare Historikoaren Zerbitzua.

Aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, Ondare Historikoaren Zerbitzuak adierazi du ez dagoela espedientea tramitatzeko eragozpenik, bere eskumenekoa den arloari dagokionez.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak 2005eko martxoaren 22an egindako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Nafarroako Foru Komunitateko Azpiegituren Lurralde Plana, Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.k (TRADIA) aurkeztua, bi hilabetez jendaurrean jartzea eta, aldi berean, Iruñeko Udalari entzunaldia ematea, instalazioek ukitzen baitute. Erabaki honen III. atalean aipatu diren departamentuetako txostenak erantsi zaizkio planari.

Horretarako, espedientea ikusgai egonen da Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan (Armadaren etorbidea, 2, 2. oina, Iruña) eta epe horretan zilegi izanen da egokiak diren alegazioak aurkeztea, idatziz.

2. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta ondokoei jakinaraztea: Iruñeko Udalari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuari, Kultura eta Turismo Departamentuko Ondare Historikoaren Zerbitzuari, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari, eta Difusio Digital Societat de Telecomunicaciones S.A.U.ri (TRADIA), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 18an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria. Nafarroako Gobernuko idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0511044