I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.2. Foru Dekretuak
71/2005 FORU DEKRETUA, apirilaren 25ekoa, apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretua aldatzen duena. 68/2003 Foru Dekretuak haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak ematen ditu.
Apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuak haize-energia, saiakuntza xede, argindar bihurtzeko instalazioak paratzeko baimenen sistema ezarri zuen. Sistemak indarra hartu duenean komenigarri ikusi da hartan zuzenketa zenbait egitea, haize-energiaren sektoreko enpresek dituzten beharrak hobeki asetzeko.
Hori horrela, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak eta Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak hala proposaturik, Nafarroako Kontseilua ados jarri ondoren, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko apirilaren 25eko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,
DEKRETATU DUT:
Artikulu bakarra.
Apirilaren 7ko 68/2003 Foru Dekretuaren 3. artikulua aldatzea. Foru dekretu horrek haize-energia argindar bihurtzeko instalazioak autokontsumorako edo saiakuntzarako ezarri eta erabiltzeko arauak ematen ditu. Artikulua honela geldituko da:
"3. artikulua. Saiakuntzarako instalazioak.
Nafarroan egoitza izan eta sorgailu eolikoak proiektatu, diseinatu, fabrikatu eta instalatzen dituzten enpresek instalazio eolikoak sustatu ahal izanen dituzte Foru Komunitateko lurraldean helburu esperimentaletarako, hau da, beren prototipoekin proba, saio, neurketa eta esperimentuak egiteko, energia ekoitzi eta metatzeko sistema hibridoak ere barne harturik, halakorik badute. Honako hauek izanen dituzte betebeharrak:
a) Instalazio horiek paratu beharrak oinarri izan beharko du I+G plan edo programa berariazko bat, eta enpresa interesatuak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuan aurkeztu beharko du.
b) Saiakuntzarako instalazioen kopurua aurkeztu diren plan edo programak gauzatzeko behar-beharrezkoa dena izanen da, ez besterik. Toki bakar batean, gehienez ere, aire-sorgailuen 6 prototipo instalatzen ahalko dira. Instalatutako prototipoek, betiere, desberdinak beharko dute izan. Hori dela eta, prototipotzat joko da edozein makina edo sistema hibrido, baldin eta, aipatutako departamentuaren iritziz, ohiko sistemen aldean berrikuntza garrantzitsuak badakartza edo ohiz kanpoko potentziak eragiten baditu.
c) Makina edo sistema hibrido bakoitza gehienez ere hiru urterako jarriko da, salbu eta Industria eta Teknologia, Merkataritza, Turismo eta Lan Departamentuak, aurkeztu den I+G plana edo programa aztertu ondotik, berariaz epe luzeagorako baimena ematen duenean. Instalazioak egoteko denbora, gehienez ere, 10 urte izanen dira.
d) Enpresa bakoitzak Nafarroan, gehienez ere, saiakuntzarako 12 prototipo instalatzeko baimena izan dezake aldi berean, enpresa bakarrean edo hari lotutako enpresen artean. Betiere, bi enpresa elkarri lotuta daudela uste izanen da enpresa batak edo haren bazkideek bestean %25etik gorako partaidetza izanez gero, salbu eta partaidetza hori inbertsio enpresa publikoetatik badator, edo arrisku-kapitaleko enpresetatik, edo erakunde inbertsio-egileetatik, eta baimena eskatzen duen enpresaren gain inolako kontrolik ez badute, ez bakarka ez denek batera.
e) Saiakuntzarako instalazio eolikoak ezartzeko baimena jasotzen duten enpresek energia berriztagarriak ikertu eta garatzeko gastuen finantzaketan erabili beharko dituzte instalazioetan ekoitzitako energia salduz lortzen dituzten dirusarrerak, instalazioa ezarri eta mantentzeko gastuak kenduta."
AZKEN XEDAPENA
Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2005eko apirilaren 25ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.
Iragarkiaren kodea: F0511417