48. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 22a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

L I Z A R R A

Estatuaren Administrazio Orokorraren eta Lizarrako (Nafarroa) Udalaren arteko hitzarmena, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4.b) artikulua aplikatzearen ondorioz

Madrilen, 2005eko urtarrilaren 17an.

Bildurik:

Jordi Sevilla Segura jauna, Herri Administrazioen ministroa, Estatuaren Administrazio Orokorraren ordezkari, eta

María José Fernández Aguerri andrea, Lizarrako (Nafarroa) Udaleko alkatea, Udal horren ordezkari.

Biek esku hartzen dute esleituak dituzten eskumenak erabiliz, izanez ere eskumenak heldu zaizkie, alde batetik, Herri Administrazioen Ministerioaren oinarrizko egitura organikoa garatzen duen maiatzaren 28ko 1320/2004 Errege Dekretuan ezarritakotik eta Ministro Kontseiluak 1996ko otsailaren 23an hartutako Erabakitik, hura hartu baitzen Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeko 38.4.b) artikuluan aurreikusitako hitzarmenak formulatzeko Toki Administrazioa osatzen duten entitateekin; eta beste aldetik, Toki Araubideko Oinarriak arautzen dituen 7/1985 Legearen eskutik eta Toki Araubidearen alorrean indarra duten legezko xedapenen Testu Bateginean ezarritakotik, hori apirilaren 18ko 781/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen.

Bi alderdiek onartzen diote elkarri esku hartzeko bakoitzak daukan arrazoia, bai eta hitzarmen hau egilesteko behar adinako lege-gaitasuna ere, eta horrenbestez

Azaltzen dute:

Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeak (1992ko 285. Estatuko Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa; urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua _1999ko 12. Estatuko Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 14koa_) bere 38.4.b) artikuluan ezartzen du ezen herritarrek herri-administrazioetako organoetara zuzentzen dituzten eskabideak, idazkiak eta komunikazioak aurkezteko tokiak direla edozein administrazio-organotako erregistroa, dela estatuko administrazio orokorrekoa, dela autonomia-erkidegoetako administraziokoa, dela honi buruzko hitzarmena izenpetuz gero, tokiko administrazioko erakunderen batekoa.

Arau hori ukaezinezko aurrerapausua da herritarren eta gure herrialdean batera diharduten administrazio publiko diferenteen arteko harremanak errazteko bidean eta, horretaz gain, oso tresna garrantzitsua da administrazio horien artean nahitaez izan behar duen lankidetzan.

Gaur sinatzen den hitzarmenaren bidez gauzatu egiten da esku hartzen duten administrazioen borondatea, alegia, herritarrek Estatuko Administrazio Orokorreko edozein organo edo entitateri zuzendu nahi dizkioten agiriak Lizarrako Udaleko erregistroetan aurkezteko aukera izatea.

Horiek horrela, esku hartzen duten administrazioek hitzarmen hau formalizatzen dute, honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK

Lehenbizikoa._Hitzarmenaren xedea:

Hitzarmenaren xedea da herritarrei aukera ematea Lizarrako Udaleko erregistroetan aurkez ditzaten Estatuko Administrazio Orokorrari eta hari lotuak edo haren mendekoak izanik nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateei zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak.

Bigarrena._Epeak betetzeari buruzko ondorioak:

Estatuko Administrazio Orokorrari eta hari lotuak edo haren mendekoak izanik nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateei zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak Lizarrako Udaleko erregistroetan sartzeko datak balio osoa izanen du interesatuek bete beharreko epeei dagokienez, horretarako aplikatuko baita Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legeak (4/1999 Legeak aldatua) bere 48. artikuluan ezarritakoa.

Hirugarrena._Toki Entitatearen konpromisoak:

Lizarrako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Bere erregistroetan onartzea Estatuko Administrazio Orokorrari eta hari lotuak edo haren mendekoak izanik nortasun juridiko propioa duten zuzenbide publikoko entitateei zuzendutako eskabideak, idazkiak eta komunikazioak, zeinahi delarik haien kokapena.

b) Bere erregistroetan jasotzea Estatuko Administrazio Orokorrari zuzendutako eskabide, idazki eta komunikazioen sarrera, idazpenetan zehazki adierazita haien zenbakia, motari dagokion epigrafea, sarrera eguna, aurkezpenaren eguna eta ordua, interesatua edo administrazio organo igorlea, zein pertsona edo organo administratibori zuzentzen zaion, eta erregistratzen den idazki edo komunikazioaren edukiari buruzko oharren bat.

c) Agiriak berehala igortzea, erregistratu ondoren eta betiere jaso ondoko hiru egunen barrenean, haietan ezarritako hartzaile izan behar duten organo edo entitateetara zuzenean. Igorpenetan baliabiderik egokienak erabiliko dira, hartzaileei ahalik eta azkarren irits dakizkien, bereziki baliabide informatiko, elektroniko eta telematikoak, betiere hori egiten ahal den kasuetan eta betetzen badira Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean (4/1999 Legeak aldatua) eskatzen diren baldintza eta bermeak.

Laugarrena._Estatuko Administrazio Orokorraren konpromisoak:

Estatuko Administrazio Orokorrak konpromiso hauek hartzen ditu:

a) Lizarrako Udalari ematea, Herri Administrazioen Ministerioaren bitartez, Estatuko Administrazio Orokorra osatzen duten edo hari lotuak dauden edo mendekoak diren organo eta entitateei buruzko informazioa, eta informazio hori aldian-aldian eguneratzea.

b) Lizarrako Udalari ematea, Herri Administrazioen Ministerioaren bitartez, Estatuko Administrazio Orokorraren eta hari lotuak dauden edo mendekoak diren zuzenbide publikoko entitateen eginkizun eta jarduerei buruz herritarrei informazioa helarazteko tresnak.

c) Laguntza teknikoa ematea eta lankidetzan jardutea, erregistroen antolaketa eta informatizazioari buruz.

Bosgarrena._Erregistroen informatizazioa:

Esku hartzen duten administrazioek konpromisoa hartzen dute elkarri jakinarazteko elkarren arteko komunikazio sistemen bateragarritasunari eragiten ahal dion erregistroen informatizazioan hartutako edozein neurriren berri, bai eta behar den garaian dagokion lankidetza hitzarmena sinatzeko ere, beren erregistroen bateragarritasun informatikoa eta koordinazioa bermatzearren.

Seigarrena._Hitzarmenaren iraupena

Hitzarmen hau lau urterako da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematen denetik hasita, eta epe hori besterik gabe beste lau urterako luzatuko da, non ez duen administrazio esku-hartzaileetako batek espresuki salatzen, iraungi baino hiru hilabete lehenago bederen.

Hitzarmenaren indarra iraungitzen ahalko da, baita ere, administrazio esku-hartzaileek elkarrekin ados hala erabakiz gero, bai eta haietako batek bere aldetik hartutako erabakiaren bidez, baldin eta egiaztatzen bada besteak larriki urratu duela onartutako betebeharren bat.

Hala hitzarmenaren formalizazioa nola haren iraungipena, nolanahi gertatuta ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Lizarrako Udalaren iragarki oholean argitaratuko dira.

Zazpigarrena._Zalantza eta eztabaiden ebazpena:

Herri Administrazioen ministroak ebazpen betearazlearen bidez erabakiko ditu Hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzean sortzen diren zalantza eta eztabaida guztiak.

Nolanahi dela ere, ebazpen horien aurka errekurtsoa aurkezten ahalko da administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Herri Administrazioen ministroa, Jordi Sevilla Segura. Lizarrako Udaleko alkate udalburua, María José Fernández Aguerri.

Argitara ematen da hitzarmeneko seigarren klausulan ezarritakoaren ondorioak izan ditzan.

Lizarran, 2005eko martxoaren 2an._Alkatea, María José Fernández Aguerri.

Iragarkiaren kodea: L0504251