39. ALDIZKARIA - 2005eko apirilaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

354/2005 EBAZPENA, martxoaren 9koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana, 2005. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onesten duena.

Espainiako 1978ko Konstituzioaren 51. artikuluak ezarritako markoaren barrenean, toki entitateek, beren eskumenen esparruan, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzte, besteak beste, kontsumo arloko argibide eta aholkuak ematea eta salaketak bideratzea.

Horrelako jarduerak diruz lagundu ohi dira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko zerbitzuen eskumena hartu zenetik. Izaniko esperientzia ikusirik eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak dirulaguntzen arloan ezartzen duen legezko esparrua kontuan harturik, komeni da kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat eta horren oinarri arau-emaileak onestea.

EBATZI DUT:

1. 2005. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea.

2. Deialdiko oinarri arau-emaileak onestea. Oinarri horiek ebazpen honen eranskinean azaltzen dira.

3. Ebazpen honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 55.737 euroko gastua onestea gehienez, 2005eko Gastuen Aurrekontuetako 860001-81510-4600-492300 kontusailaren kargura.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Toki administrazioek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute ebazpen honen aurka, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iruñean, 2005eko martxoaren 9an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

2005. URTEAN KONTSUMITZAILE ETA ERABILTZAILEAK BABESTEKO JARDUERAK EGITEN DITUZTEN NAFARROAKO TOKI ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO DEIALDIAREN OINARRIAK

1. oinarria. Xedea.

Deialdi honen xedea da 2005. urtean kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduerak egiten dituzten Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak ematea.

2. oinarria. Onuradunek bete beharrekoak.

Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babesteko jarduerak Kontsumitzaleendako Argibideetarako udal bulego baten bidez egiten dituzten Nafarroako toki entitateek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan. Bulego horren egoitzak udal lokal batean egon beharko du.

3. oinarria. Dirulaguntzak har ditzaketen jarduerak.

Kontsumitzaileen legezko interes ekonomikoak babestea xede duten jardueren artean, honako hauek izan daitezke dirulaguntzen xede:

a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta aholkuak ematea eta haien salaketa eta erreklamazioak bideratu eta izapidatzea.

b) Kontsumoko gaiei buruzko argitalpenak egitea.

c) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jarduera antolatzea, kontsumo arduratsua bultzatzen duten jarduerak barne.

d) Kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko lanetan aritzen diren toki entitateetako langileek prestakuntza ikastaroetan eta bilera instituzional edo teknikoetan parte hartzea.

4. oinarria. Eskabideak eta dokumentazioa.

Toki entitateek 15 egun balioduneko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, oinarri hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Erregistroan aurkeztuko dira (Tomás Caballero parkea 1) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aurreikusiriko tokietan.

Dokumentazioa posta bulego batean aurkezten bada, gutunazal ireki batean egin beharko da, lehenengo orriko goiko aldean bulegoaren izena, eguna, tokia eta ordua (minutu eta guzti) adierazi ahal izateko. Datu horiek guztiak gordekinean ere azaldu beharko dira (posta zerbitzuak arautzen dituen abenduaren 3ko 1829/1999 Errege Dekretuaren 31. artikulua).

Eskabidearekin batera ondoko agiri hauek aurkeztu behar dira:

1) 2004. urteari dagokion dokumentazioa:

_Eginiko jardueren memoria.

_Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulegoan aurkeztu diren aholku-eskaera, salaketa eta erreklamazioen zerrenda eta bakoitzaren gaia.

_Kontsumitzaileendako Argibideetarako Udal Bulegoak egin dituen bitarteko lanak.

_Informazio kanpainak, argitalpenak, etab.

2) 2005. urteari dagokion dokumentazioa:

_Jendea hartzeko ordutegia (hilean zein egunetan eta zein ordutan).

_2005eko jardueren programa eta gastuen aurrekontu zehaztua.

Atal horretan bulegoak dituen giza-baliabideak aipatu beharko dira (zerbitzua udalak berak kudeatzen ez badu sinaturiko kontratuaren kopia aurkeztu beharko da), jardueren egutegia, kanpainak, aurreikusitako programazioa eta aipatu nahi diren gainerako datuak. Era berean, programaturiko jarduketei buruzko ingurumen arloko zehaztapenak adierazi beharko dira.

Nolanahi ere, Kontsumo Zerbitzuak eskaera behar bezala baloratzeko behar dituen argibide edo agiriak eskatzen ahalko dizkio eskatzaileari.

Bai aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez, bai esku-orrien, informazio-afixen eta publizitaterako gainerako euskarrien argitalpenari dagokionez, paperaren neurrizko erabilera bultzatzeko ingurumen arloko jokabide egokiak kontuan hartzea aholkatzen da, konparazio batera, paper birziklatua eta klororik gabe zuritutako papera erabiltzea eta orriak bi aldeetatik inprimatu eta fotokopiatzea.

5. oinarria. Laguntzak emateko lehentasun irizpideak.

Kontsumo Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskaerak. Horretarako, jardueraren onuradun izan daitekeen jende multzoa eta Kontsumitzalearendako Argibideetarako Bulegoak jendeari laguntzeko egiazki erabilitako denbora baloratuko ditu.

6. oinarria. Ebazpena.

Kontsumo Zerbitzuko zuzendariak proposamen bat prestatuko du, dirulaguntzaren xede izan diren jarduerak zehaztu, 5. oinarrian laguntzak emateko ezarritako irizpideen ponderazioa adierazi eta eskaera bakoitzari emanen zaion diru-kopurua finkatuko dituena.

Organo eskudunak bi hilabeteko epea du laguntzari buruzko ebazpena emateko, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Epe horretan ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Berariazko edo ustezko ezespenaren aurka, administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

7. oinarria. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzak 5. oinarrian azaldu diren lehentasun irizpideen arabera eta aurrekontuetako baliabideen arabera banatuko dira. Dena dela, ezin izanen da toki entitateek eskaeran adierazitako aurrekontuaren % 50 baino gehiago eman.

8. oinarria. Justifikazioa eta ordainketa.

Dirulaguntza bi epetan ordainduko da, ondoko dokumentazioa aurkeztu ondoren: lehenengo zatia ordaintzeko, ekainaren 30era bitarte egindako jardueren memoria eta horiek sortutako gastuen egiaztagiriak aurkeztu beharko dira Kontsumo Atalean uztailaren 30a baino lehen. Bigarren zatia ordaintzeko, abenduaren 15a baino lehen, abenduaren 10era bitarte egindako jardueren memoria eta horiek sortutako gastuen ziurtagiriak aurkeztu beharko dira.

9. oinarria. Dirulaguntzen bateraezintasuna.

Emandako laguntzak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, Espainiako edo munduko beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek helburu bererako ematen dituzten beste batzuekin.

10. oinarria. Laguntzen onuradunen betebeharrak eta laguntzak itzuli beharra.

Dirulaguntza jasotzen dutenek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako betebeharrak izanen dituzte.

Betebehar horiek edo dirulaguntza emateko ebazpenetan zehazten diren berariazko baldintzak ez betetzeak ordaindutako dirulaguntza galtzea edo murriztea ekar dezake eta, kasua bada, jasotako dirua itzuli beharra.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluak agintzen dituen kasuetan ere, jasotako laguntza osorik nahiz partez itzuli beharko da eta bai, hala tokatzen denean, berandutza interesak ordaindu ere.

11. oinarria. Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa.

Oinarri arau-emaile hauen kontra, toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Iragarkiaren kodea: F0504248