34. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

217/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 25ekoa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, 2005eko kanpainan nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzen araubidea ezartzen duena.

Nekazaritza lurretako oihangintza neurrietarako laguntzen araubidea ezarri zuen urtarrilaren 31ko 31/1994 Foru Dekretuaren bidez, nekazaritzan oihangintza inbertsioak egiteari buruz Kontseiluak ekainaren 30ean emandako 2080/92 (EEE) Erregelamendua garatu eta aplikatu da Nafarroan.

Nekazaritza bideratu eta bermatzeko Europako Funtsaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko ematen diren laguntzei buruzko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduak (aurrekoa indarrik gabe utzi eta ordeztu du), eta horren aplikaziorako xedapenak ezartzen dituen Batzordearen uztailaren 23ko 1750 (EE) Erregelamenduak indarra hartu dutenez, Nafarroako Foru Komunitatean beste araudi bat ezarri behar da, Europako araudi berriarekin bat etortzeko.

Europako Batasuneko arautegiak adierazten du oihangintza neurriak Batasunaren eta estatu kideen nazioarteko konpromisoekin bat etorriz hartu behar direla, eta bakoitzaren oihangintza programetan oinarritu. Nafarroako Foru Komunitatearen kasuan, Oihan Planak jarraibideak ezartzen ditu sektorearen plangintza egin eta mendiari lotutako natur baliabideak antolatzeko 1998tik 2007ra bitartean. Halaber, Nafarroako nekazaritza garatzeko 2000-2006 programak oinarria jartzen du 2000ko urtarrilaren 1etik aurrera aplika daitezen 1257/99 (EE) Erregelamenduko VIII. kapituluan oihangintzari laguntzeko ezarri diren neurriak. Erregelamendua Batzordeak aldatu zuen, 2002ko maiatzaren 15eko B(2002) 1616 Erabakiaren bidez. Haien artean daude nekazaritza lurrak oihantzeari buruzkoak, aipatu Erregelamenduko 31. artikuluan ageri direnak.

Laguntza horiek garatzearren, Nafarroako nekazaritza garatzeko 2000-2006 programan xedatutakoari jarraikiz, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren txostena ikusirik, eta Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen 23/1983 Foru Legearen 36.2 artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. 2005eko kanpainan nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzen araubidea onestea. Oinarriak Foru Agindu honen eranskinean bildu dira.

2. Dirulaguntzak emateko baldintza izanen da kasuko ekitaldiko aurrekontuan horretarako kredituak egotea. Laguntza horiek pagatzeko gastua 2006ko gastu aurrekontuan "Oihan Planerako dirulaguntzak" izenaz edo antzekoaz sortuko den kontusailari egotziko zaio.

3. Nekazaritza lurrak oihantzeko 2005eko dirulaguntzen deialdia egitea.

4. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko ohiko komunikabideetan argitara dadila agintzea.

5. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

Iruñean, 2005eko otsailaren 25ean._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

2005EKO KANPAINAN NEKAZARITZA LURRAK OIHANTZEKO LAGUNTZEN ARAUBIDEKO OINARRIAK

1. Laguntza araubidearen helburua.

Nekazaritza bideratu eta bermatzeko Europako Funtsaren (FEOGA) kargura nekazaritza garatzeko ematen diren laguntzei buruzko maiatzaren 17ko Kontseiluaren 1257/1999 (EE) Erregelamenduko (zenbait erregelamendu aldatu ditu) VIII. kapituluaren 31. artikuluan aipatu xedeekin bat, laguntza araubide honen helburua ondokoa da:

_Nekazaritza eremuetan funtzio ekonomiko, ekologiko eta sozialak mantendu eta garatzen laguntzea.

_Zuhaitz eremuak handitzea, laborantza utziz malda handikoak edo produkzio urrikoak diren eremuetan edo arazo bereziak izateagatik nekazaritza lana uztea komeni denetan.

_Nafarroako Foru Komunitateko oihan baliabideak hobetzea.

_Nekazaritzako ingurunearen kalitatea hobetzea ekologiaren eta paisaiaren aldetik, tokietako formazioak eta konposizio floristikoak dibertsifikatuz.

_Natur ingurunea kudeatzea ingurumenarekin bateragarriena den bidea erabiliz.

_Birlandatzea oso txikia izan den eremuetan nekazaritzako jarduera dibertsifikatzea, soberakindunak edo defizitarioak diren laboreendako beste errenta egoki bat sortzen laguntzeko.

2. Hasierako definizioak.

2.1. Oihantzeko laguntzetarako egokiak diren lurrak: azken urteotan aprobetxamendu nagusia zuhaitzak ez, baizik eta nekazaritza eta/edo abeltzaintza izan dutenak. Oro har, kategoria hauen barnean dagoena:

a) Goldatzen diren lurrak, ondoko laboreak dituztenak: zerealak, lekaleak, patatak, erremolatxa, baratzeko laboreak, jorra-landareak, industria landareak, plastikopeko laboreak, lore eta landare apaingarriak, bazka-landareak eta haziak.

b) Lugorriak: labore txandaketan sartzen diren lurrak, landuak edo ez, denbora batean uztarik ematen ez dutenak (soildutako lurrak, berez ateratzen diren landareak dituzten lurrak, ongarri berdeko lurrak).

c) Familia baratzeak.

d) Belardi eta larre iraunkorrak.

e) Labore iraunkorrak (frutarbolak, baiak, olibondoak, mahastiak eta hazitegiak).

2.2 Laguntza jasotzeko egokia ez den lurra.

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak balio naturalak eta fauna zaintzeko zehazten dituen eremuak, eta, bereziki, oihantzeak kalte egin diezaieketen taxon edo habitatei dagokienez, Batasunaren interes leku diren edo izateko proposamena duten lekuak. Bereziki, oihantzeak kalte egin diezaieketen estepetako taxon edo habitatei dagokienez, honako eremuak:

_Batasunaren Intereseko Leku izateko proposamena dutenak, hala nola: Errege Bardea, Ablitasko mendia eta Estellerriko igeltsu-lurrak, zehatzago, ondoko katastro-poligono hauetan dauden lehorreko lurrak: Ablitas (2, 6, 9, 11, 12, 13 eta 14), Andosilla (1, 5, 6, 8, 9, 10 eta 11), Los Arcos (11, 14, 15, 16 eta 19), Arguedas (6, 7, 8, 9, 10 eta 11), Errege Bardea (denak), Cabanillas (7, 8 eta 9), Caparroso (11, 12, 13, 15 eta 16), Cárcar (4, 6 eta 10), Faltzes (2, 3, 4, 5, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11), Fustiñana (1, 4, 5, 6, 7, 8, 10, 11 eta 12), Lerín (7, 12 eta 13), Lodosa (9), Miranda-Arga (3 eta 4), Azkoien (3, 7, 8, 9 eta 16), Sartaguda (2), Sesma (2, 9 eta 10), Tutera (11, 13, 14), Valtierra (12).

_Ingurumen mailako balio handiko eremuak, zehatzago, ondoko katastro-poligono hauetan dauden lehorreko lurrak: Aberin (4), Ablitas (10), Arellano (3 eta 4), Los Arcos (18), Arroitz (3, 6, 7, 8, 9, 10 eta 11), Beire (1, 2 eta 3), Berbintzana (4 eta 5), Carcar (2, eta 7), Zarrakaztelu (16, 17 eta 18), Caparroso (1, 2, 10 eta 17), Cascante (14, 15 eta 16), Corella (13, 14, 15 eta 16), Deikaztelu (7, 8 eta 9), Faltzes (14, 15, 16, 17, 18, 19, 20 eta 21), Larraga (1, 3, 4, 5, 6, 9 eta 10), Lerin (5, 6, eta 9), Lodosa (8), Martzilla (7 eta 9), Melida (6), Mendabia (10, 11 eta 15), Miranda-Arga (1 eta 2), Erriberri (1, 2, 3 eta 4), Oteitza (3 eta 4), Azkoien (13), Pitillas (5), Sesma (4, 5, 6 eta 7), Tafalla (9, 10, 11, 12, 13, 14 eta 15), Tutera (25, 26, 38, 39, 40, 41, 42, 43, 44, 45, 46, 47, 48, 49 eta 50), Villafranca (7) eta Villatuerta (4).

b) Nafarroako ureztaketen plangintzan edo lurzati berrantolamenduko prozesuetan sartutako lurrak, halako lanen ondorengo garapena baldintza badaiteke.

Lurzati berrantolamenduko edo/eta ureztalurren planifikazioko prozesuetako lurrak oihantzeko dirulaguntzak jasotzeko, aurretik, arlo horietako organo eskudunek baimen espresua eman beharko dute.

2.3. Nekazaritzako ustiategiak.

Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera, hauxe da titularra: titularrak, nekazaritzako jardunean, batez ere merkatuari begira enpresarialki antolatzen dituen ondasun eta eskubideen multzoa, berez unitate tekniko ekonomikoa osatzen duena.

2.4. "Abeltzaintzako ustiategiaren titularra":

Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuaren arabera, hauxe da titularra: ustiategiaren titularra, nekazaritza jardueran aritzen den pertsona fisiko nahiz juridikoa, ustiategiko ondasun eta ustiategia kudeatzetik etortzen ahal diren arrisku eta erantzunbehar zibil, sozial eta fiskalak bere gain hartzen dituena.

2.5. Ogibide nagusia nekazaritza duen pertsona.

Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 2ko Legegintzako 150/2002 Foru Dekretuaren arabera, nagusiki nekazaria izateko baldintza hauek bete behar dira:

a) Nafarroako Nekazaritza Ustiategien Erregistroan inskribaturik dagoen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea.

b) Urtero bere errentaren 100eko 50 gutxienez bere ustiategiko nekazaritza jardueratik eskuratzea, eta kopuru hori gutxienez erreferentziako errentaren 100eko 15 izatea.

c) Ustiategiarekin zuzenean lotutako jardueretan urtean emandako denbora gutxienez bere lan denbora osoaren erdia izatea.

d) Gizarte Segurantzako nekazaritza araubide berezian bere gaingo langile gisa alta emanda egotea, edo bere gaingo langileen edo autonomoen araubide berezian, bere nekazaritza jarduera zein den.

2.6. Basozaleen elkartea.

Basoberritze lanak, bai instalazio fasean bai arbolak bizirik dauden denboran, bateratuta kudeatzeko xedea duen pertsona fisiko edo juridikoen elkartea. Baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Oihantzeko lurzatiak mugakideak izatea, oihandutako gutxieneko azalera lortu ahal izateko, 5. oinarrian ezarritakoaren arabera.Gutxieneko azalera lortu ondoren, lurzati mugakide ez direnak ere baimendu daitezke, salbuespenez, betiere irizpide tekniko eta ekonomikoak bateragarriak badira ekintzaren azalera osorako.

b) Oihantzea lur azalera orokorrean hartuta egitea, irizpide tekniko eta ekonomiko koherenteak izanik eta proiektu bakar batean oinarriturik.

c) Mantentze eta hobetze lanak, tratamendu fitosanitarioak eta suteei aurre hartzeko neurriak landatutako eremu osoan bateratuta egiteko konpromisoa.

d) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko kudeaketei begira, ordezkari bat hautatzea.

e) Ezkontideek osatuta ez egotea.

2.7. Mozketa epea:

Zuhaitz multzo bat erein, landatu edo berez birsortzen denetik zurtarako aprobetxatzeko mozten den arteko denbora da. Honako sailkapen hau ezartzen da, espezie multzoaren arabera:

a) Epe laburreko espezieak: 15 urte edo gutxiagoko mozketa epea dutenak eta, edozein modutan ere, 10 urtetik gorakoak, hala nola makalak, sahatsak, akaziak eta gaztainondoak (azken biak basoberan bakarrik).

b) Epe erdiko espezieak: 15 urtetik 70era bitarteko mozketa epea duten espezieak, hala nola pinu beltza, Korsikako larizio pinua, izei gorria, Sitkako izeia, Douglas izeia, Lawson altzifrea, alertzeak, zedroak, basagereziondoa, lizarrak, intxaurrondoa, tulipa arbola, haritz amerikarra, urkia, Sorbus, haltza, ezkiak, platanoa, zurzuria, astigarrak, Populus (hibridoak ez) eta gaztainondoak.

Intsinis pinua erabiliz egiten diren landakentedako ez da dirulaguntzarik izanen nekazaritzako lurrak oihantzeko kanpaina honetan.

c) Epe luzeko espezieak: 70 urtetik gorako mozketa epea dutenak, hala nola ler gorria, larizio pinu hispanikoa, Austriako larizio pinua, Aleppo pinua, pinazi-pinua, mendi-pinua, izeia, hagina, pagoa, artea, haritz arrunta, haritz kandugabea, haritz ilaunduna, ezkametza eta ametza.

d) Zuhaixka espezieak: abaritza, gurbitza, legeltxorra, ezpela, gorostia, elorri beltza, hurritza, ipurua, miterra eta hostazuria, besteak beste.

3. Laguntzen araubidea eta onuradunak.

1. Laguntzen araubidean honako hauek sartzen dira:

a) Oihantzeko gastuetarako laguntzak.

Nekazaritza lurrak oihantzen dituen eskubide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridikori emanen zaizkio.

b) Oihandutako hektarea bakoitzeko urteko saria, landaketak egin ondoko lehenengo bost urteetan arbolak dituzten lur azaleren mantentze gastuetarako.

Nekazaritza lurretan arbolak sartu eta mantentze lanak egiten dituen eskubide pribatuko edozein pertsona fisiko edo juridikori emanen zaizkio.

c) Hektarea bakoitzeko urteko saria, nekazaritza lurrak oihantzearen ondorioz dirusarreretan izandako galerak konpentsatzeko.

Onuradunak ondokoak izanen dira:

_Ogibide nagusia nekazaritza dutenak eta beren elkarteak.

_Zuzenbide pribatuko pertsonak, baldin eta nekazaritzako ustiategien titular badira.

Laguntza hauen onuraduna ezin izanen da nekazaritza aldez aurretik uzteko laguntzen edo orain arte erretiratzeko emaniko bestelako laguntzen onuradun. Laguntza horiek Kontseiluak maiatzaren 17an Nekazaritza bideratu eta bermatzeko Europako Funtsaren kontu nekazaritza garatzeko laguntzak arautu eta erregelamendu batzuk aldatu eta indargabetzeko eman 1257/1999 EE Erregelamenduko IV. Kapituluan aurreikusten ziren.

4. Laguntzen araubideko lehentasun irizpidea.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuan jasotzen diren laguntza eskaerak multzotan sailkatuko dira eta lehentasun irizpide hau aplikatuko zaie:

1. Basozaleen elkarteek aurkeztutako eskaerak, zuhaitzak sartzeko lur azaleraren % 75 laborantzako alorra baldin bada.

2. Ogibide nagusia nekazaritza dutenen eskaerak.

3. Basozaleen elkarteen gainerako eskaerak.

4. Zuzenbide pribatuko beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek aurkeztutako eskaerak.

Multzo bakoitzean lehentasuna izanen dute PACen Eskualdekatze Planaren arabera eskualdeko errendimendu txikikoak diren lurrei dagozkien eskaerek. Errendimendu berdinak direnean, malda handieneko lurrek izanen dute lehentasuna.

Hala ere, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak lehentasuna eman ahalko die Batasunaren intereseko leku izateko hautatu edo proposatu tokietan dauden lurrei, betiere leku horiek 2. oinarriko 2.2 atalean ageri ez badira edo beren ezaugarriengatik degradatzeko arrisku nabaria badute.

5. Laguntzak emateko baldintzak.

Pertsona fisiko edo juridikoek oinarri hauetako laguntzak eskatu nahi badituzte, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Landaketak tokiko baldintzei egokitua izan beharko du eta ingurumenarekin bat etorri.

b) Onuraduna lurren titularra ez bada lurren titularraren baimen idatzia izatea.

c) Oihandu nahi den nekazaritza lurrak Nafarroako Foru Komunitatearen mugen barnean egon beharko du.

d) Eremuen azalerari dagokionez, honako muga hauek ezarri dira espediente bakoitzeko:

_Banakako laguntzak: 1 Ha.

_Basozaleen elkarteak: 5 Ha.

Oihantzen diren lurrak baturik egon daitezke edo, salbuespen gisa, lurzati batean baino gehiagotan sakabanaturik, betiere hektarea batetik bost hektarea bitarteko azalera jarraia bada, gutxienez. Betebehar honetatik at geldituko dira 6.6. oinarrian bildutako jarduketak.

e) Dirusarrerak galtzeagatik ematen diren konpentsazio sariei dagokienez, laguntza eskatzen duena oihandu beharreko lurraren jabea ez denean, Nafarroako Landa Errentamenduen Erregistroan inskribaturiko kontratua aurkeztu beharko du eta horretan agertuko da jabeak eskatzailearen eskura uzten dituela lurrak, 20 urterako gutxienez ere. Lurrak Udal edo Kontzeju batenak badira, nahikoa izanen da entitate horiek 2004. urtean emandako 20 urterako lagapena aurkeztea.

f) Eskatzaile bakoitzak laguntza-eskaera bakarra aurkez dezake urtean.

6. Oihantzeko laguntzak.

1. Laguntzak aldez aurretik onarturiko oihantzearen egiazko kostuaren (BEZik gabe) ondoko portzentajeen pareko izanen dira, eta inoiz ere ez gehieneko zenbatekoak baino handiagoak.

2. Kontzeptu horretan sartzen dira landaketak egiteko behar diren lan eta material guztiak: lurra prestatzea, landatzea, landareak eta haziak, itxiturak, obra osagarriak, e.a.

Epe laburreko espezieak _Nekazari profesionalak

edo haien batasunak 50 1.200 euro/ha.

Epe erdiko koniferoak _Basozaleen elkarteak 75 1.740 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 70 1.620 euro/ha.

Epe luzeko koniferoak _Basozaleen elkarteak 85 1.980 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 80 1.800 euro/ha.

Epe erdiko hostozabalak _Basozaleen elkarteak 85 2.250 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 80 2.070 euro/ha.

Epe luzeko hostozabalak _Basozaleen elkarteak 90 2.700 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 85 2.490 euro/ha.

3. Gabonetako izeiak landatzeko ez da dirulaguntzarik emanen.

4. Epe laburreko espezieen landaketen kasuan, oihantzeko laguntzak baizik ez dira emanen, betiere onuradunen ogibide nagusia nekazaritza denean.

5. Ibaiekin muga egiten duten lurrak basoberritzeagatik dirulaguntza hartzeko, errekatik lehen bost metroetan nahitaez sartu beharko dira inguruko landaredi naturaleko baso espezie ur bazterrekoak, eta basoberritzearen gainerako zuhaitzekin tarte egokia utzi.

6. Ibai-bazterretako landaredia berreskuratu eta herri inguruneko paisaia eta aberastasun ekologikoa handitzeko asmoa duten landaketek lehen aipatutako dirulaguntza handienak izanen dituzte, zeinahi espezie sartu eta edozeinek ere sartzen dituela.

7. Hostozabalen arboladiak erabatekoak izanen dira edo mistoak, gutxienez % 75 hostozabalak izanik.

8. Zuhaixkak soilik sartzen badira, epe luzeko koniferoen dirulaguntzak izanen dituzte edo epe luzeko hostozabalena, haien izaeraren arabera.

9. Landareek eta haziek oihan espezieen arloan indarra duten arauek ezarritako baldintzak beteko dituzte, bai eta proiektuetako baldintza pleguetan eta memoria teknikoetan ezarritako baldintzak guztiak ere. Ongi garatutako sustrai sistema izanen dute, berehalako oreka lor dadin lur gaineko zatiarekin, eta ongi adarkatuak izanen dira beren eiteari edo landatzeko sasoiari dagokion moduan.

Landare loteen % 95 bederen landare komertziala izanen da, eta hori horrela erabakiko da eitearen, adinaren, neurrien eta osasun egoeraren arabera.

Beraz, irizpide hauek erabiliko dira baztertzeko:

_Eite akatsak izatea edo indar falta, bai lur gaineko aldean bai sustraietan.

_Behar den adina edo neurria ez izatea.

_Ihartze zantzuak, zauriak edo gune nekrosatuak izatea.

Ez da inoiz gaitz edo izurri seinaleak agerian dituen loterik onartuko, eta in situ suntsitu beharko dira.

Landareen adina eta gutxieneko neurriak aipatuko dira aurkeztutako proiektuan edo memoria teknikoan.

10. Epe luzeko hostozabalak edo koniferoak sartzen badira, landareak edo haziak Nafarroakoa izan beharko du edo, bestela, inguruko hurbilekoa edo antzeko baldintza ekologikoak bete. Gaztainondoak sartzen badira, "tinta" gaitzerako gogorrak diren hibridoek soilik izanen dute dirulaguntza.

7. Lur azalera oihanduak mantentzeko laguntzak.

1. Urteko sari hauek landaketa egin ondoko lehenbiziko bost urteetan izaten diren mantentze gastuetarako izanen dira. Zuhaitz edo zuhaixka espezieen eta laguntzen onuradunen arabera ezberdinak izanen dira.

2. Mantentze lanetarako sari hauek ezarri dira:

ESPEZIE MOTA ONURADUNA LAGUNTZEN ZENBAT.

Epe erdiko koniferoak _Basozaleen elkarteak 210,00 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 190,00 euro/ha.

Epe luzeko koniferoak _Basozaleen elkarteak 230,00 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 210,00 euro/ha.

Epe erdiko hostozabalak _Basozaleen elkarteak 280,00 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 250,00 euro/ha.

Epe luzeko hostozabalak _Basozaleen elkarteak 300,00 euro/ha.

_Gainerako eskaerak 270,00 euro/ha.

3. Zuhaixkak soilik sartzen badira, laguntzak epe luzeko konifero edo hostozabalentzat izanen dira, batekoak edo bestekoak diren kontuan hartuta.

4. Azalera baterako laguntza lortu nahi bada, ezinbestekoa da basoberritzearen landare guztiak egoera onean eta kasu bakoitzean behar den dentsitatearekin egotea, eta zuhaitzendako garai egokian egin beharreko sasi-garbiketa edo jorratzeak egitea, hazkunde garaian beste landarerik lehian ez izateko.,

5. Hutsarteak multzoka agertzen badira, multzo horietako zuloak birlandatu beharko dira. Mantentze lanetako bost urte horietan zehar, hazkunde egokiko landareen guttieneko dentsitateak gorde beharko dira, honako hauek, hain zuzen ere:

_250 landare hektareako, makal eta trufetan.

_600 landare hektareako, epe erdiko hostozabaletan.

_1.000 landare hektareako, epe luzeko hostozabaletan eta koniferoetan.

6. Ibai-bazterretako landaredia berreskuratzeko landaketak mantentzeko lanek lehen aipatutako dirulaguntza handienak izanen dituzte, zeinahi espezie sartu eta edozeinek ere sartzen dituela.

8. Nekazaritza lurrak oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzeko laguntzak.

1. Nekazaritza lurrak oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzeko urteko sariak ogibide nagusia nekazaritza dutenei emanen zaizkie, edo zuzenbide pribatuko haien elkarte eta pertsonei, nekazaritzako ustiategien titular badira. Kasu batean zein bestean eskatzaileek uztailaren 2ko 150/2002 Legegintzako Foru Dekretuak arautzen duen Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan egon beharko dute sartuta. Hona hemen laguntza horien zenbatekoak:

Laguntzak:

.Laborantzako alorrak

_Ogibide nagusia nekazaritza dutenak:

-6.6. puntuan bildutako jarduketak: 390,00 euro/ha.

-Gainerako oihantzeak: 260,00 euro/ha.

_Nekazaritzako ustiategien titularrak:

-6.6. puntuan bildutako jarduketak: 180,00 euro/ha.

-Gainerako oihantzeak: 130,00 euro/ha.

.Bestelako lurrak:

_Ogibide nagusia nekazaritza dutenak:

-6.6. puntuan bildutako jarduketak: 90,00 euro/ha.

-Gainerako oihantzeak: 60,00 euro/ha.

_Nekazaritzako ustiategien titularrak:

-6.6. puntuan bildutako jarduketak: 45,00 euro/ha.

-Gainerako oihantzeak: 30,00 euro/ha.

2. Laguntza hauen xedea da oihantzea bukatzen denetik 20 urtez gehienez oihantzearen ondoriozko dirusarrera galerak konpentsatzea.

3. Errenta galtzeagatik konpentsatzeko laguntzen titularraren izaera aldatzen denean, dagokion saria ere aldatuko da, egoera berriari egokitzeko. Titular izaera aldatzen bada baina hasiera batean sari hau aurreikusia ez bazegoen, ez da laguntza emanen.

4. Basozaleen elkarteen kasuan, konpentsazio sari horiek kide bakoitzaren izenean emanen dira, ogibide nagusia nekazaritza duen edo nekazaritzako ustiategi baten titularra den kontuan hartuta, eta oihandu lurretatik bakoitzari dagokionaren arabera.

9. Espedienteen aurkezpena, tramitazioa eta ebazpena.

1. Foru agindu honetako dirulaguntzetarako eskabideak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko erregistroan (Iruñeko Armada etorbideko 2an) aurkeztuko dira, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan xedatutakoa deusetan galarazi gabe. Departamentuak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2000ko maiatzaren 15eko Foru Aginduaren arabera izapidatuko ditu. Agindu horren bidez ezarri zen FEOGA-Bermearen sailak kofinatzatutako laguntzak eman eta kudeatzeko prozedura.

2. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak luzatutako inprimakietan eginen da eskaera eta, horrekin batera, behar den dokumentazioa eta finkaren edo finken lurzati zedula (jabea azalduko duena, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emana) aurkeztuko dira.

3. Eskabideak aurkezteko epea 60 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik.

4. Laguntza eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

4.1. Banakako eskaerak:

a) Inprimaki ofiziala behar bezala betea. Jatorrizko inprimakiak baino ez dira onartuko, datu guzti-guztiak beteak eta eskatzaileak berak sinatuak.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia.

c) Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, eskatzailearen izenean, behar bezala betea eta banku-entitateak zigilatua, eta eskatzaileak eta banku-entitateak sinatua.

d) Eskatzailea oihandu beharreko lurren titularra ez bada, eta errenta galeragatik konpentsatzeko saririk eskatu ez badu, lurren titularraren idatzizko baimena edo kontratu pribatua, 20 urteko eperako.

e) Eskatzailea lurren titularra ez bada eta errentaren galerak konpentsatzeko sariak eskatu nahi baditu, Landa Errentamenduen Erregistroan inskribaturiko kontratua, non azaldu beharko den jabeak eskatzailearen esku uzten dituela oihandu beharreko lurrak, 20 urtez gutxienez. Lurrak Udal edo Kontzeju batenak badira, nahikoa izanen da entitate horiek 20 urterako lagapena aurkeztea, ahalik eta gaurkotuena.

f) Oihantze lurretan sartzen diren lurzati guztien zedulak, Lurralde Aberastasunaren Zerbitzuak emanak, ahalik eta gaurkotuenak. Zedulan lurzati bakoitzaren jabea adierazi beharko da, baita lurraren egungo erabilera ere.

Eskatzaileak lurzatien zedulak aurkeztea ezinezkoa duela frogatzen badu, lurren jabetza eta erabilgarritasuna justifikatzen duten beste agiri batzuk onartuko dira.

g) Udalaren adierazpena, oihantzeko lurzati horietan zuhaitzak landatuko direla dioena, ahalik eta gaurkotuena. Era berean, Udalak jakinaraziko du horren gaineko eragozpenik ez duela.

h) Proiektu teknikoa eta haren kopia, egin beharreko lanak azaldu eta kuantifikatzeko, inbertsioa 12.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada. Proiektuan ondoko hauek jaso behar dira: memoria, egin beharreko lanen xehetasunak, aurrekontua, baldintzen plegua, ingurumenaren gaineko kalteen azterlana eta planoak (1:10.000 eskalakoak gutxienez). Proiektuak eskatzaileak sinatu behar du, baita teknikari eskudun unibertsitarioak ere, eta dagokion Lanbide Elkargoak ikus-onetsi.

i) Memoria teknikoa eta haren kopia, inbertsioa 12.000 eurotara iristen ez bada. Memorian ondoko hauek jaso behar dira: aurrekariak, ekintzaren xedea, egin beharreko lanen xehetasunak, aurrekontua eta planoak (1:10.000 eskalakoak gutxienez). Memoriak eskatzaileak sinatu behar du, baita teknikari eskudun unibertsitarioak ere.

4.2. Basozaleen elkarteen eskaerak:

a) Inprimaki ofiziala, behar bezala betea, eta elkartearen ordezkariak sinatua.

b) Eskatzailearen IFZren fotokopia.

c) Elkartearen ordezkariaren datu pertsonalak.

d) Dirulaguntza transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, elkartearen izenean, behar bezala betea eta banku-entitateak zigilatua, eta basozaleen elkarteko ordezkariak eta banku-entitateak sinatua.

e) Basozaleen elkartearen estatutuak, datu hauek azalduta: xedea, bazkideen zerrenda, partaidetza-kuotak, araubide ekonomikoa eta iraunaldia (gutxienez 20 urtekoa).

f) Elkartearen kide bakoitzak aurreko ataleko a, b, c, d, e, f eta g puntuetan adierazi diren agiriak aurkeztu beharko ditu.

g) Proiektu teknikoa eta haren kopia, egin beharreko lanak azaldu eta kuantifikatzeko, inbertsioa 12.000 eurokoa edo hortik gorakoa bada. Proiektuan ondoko hauek jaso behar dira: memoria, egin beharreko lanen xehetasunak, aurrekontua, baldintzen plegua, ingurumenaren gaineko kalteen azterlana eta planoak (1:10.000 eskalakoak gutxienez). Proiektuak eskatzaileak sinatu behar du, baita teknikari eskudun unibertsitarioak ere, eta dagokion Lanbide Elkargoak ikus-onetsi.

h) Memoria teknikoa eta haren kopia, inbertsioa 12.000 eurotara iristen ez bada. Memorian ondoko hauek jaso behar dira: aurrekariak, ekintzaren xedea, egin beharreko lanen xehetasunak, aurrekontua eta plano topografikoak (1:10.000 eskalakoak gutxienez). Memoriak eskatzaileak sinatu behar du, baita teknikari eskudun unibertsitarioak ere.

i) Udalaren adierazpena, oihantzeko lurzati horietan zuhaitzak landatuko direla dioena, ahalik eta gaurkotuena. Era berean, Udalak jakinaraziko du horren gaineko eragozpenik ez duela.

5. Laguntza eskaerak baldintzak betetzen ez baditu edo eskatzen den dokumentazioa osorik ez badago, interesatuari eskatuko zaio 10 eguneko epean hutsa zuzen dezala edo behar diren agiriak aurkez ditzala. Eskatutakoa betetzen ez badu, eskariari uko egiten diola ulertuko da eta, hortaz, ez zaio dirulaguntzarik emanen.

6. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntza eskaeretako lurrek oihantzeko baldintzak betetzen dituzten zehaztuko du, eta egin beharreko jarduketak zehatz azaltzen dituzten memoria egiaztatzaileak eta proiektuak ebaluatuko ditu. Indarra duen araudia betetzen ez duen edo teknikoki zuzena ez den oro baztertu egin ahalko du.

7. Proiektuen erredakzioaren kostua, laguntzen zenbatekoaren ondorioetarako, landaketa egiteko aurrekontuan sartuko da.

8. Proiektua eskatzen denean, eskatzaileak lanen zuzendaritza teknikoa aurkeztu beharko du; unibertsitateko teknikari eskudun batek izanen du horren ardura, indarra duen legeriari jarraikiz. Obra zuzendaritzaren kostua, laguntzen zenbatekoaren ondorioetarako, landaketa egiteko aurrekontuan sartuko da, eta obra zuzendariak sinatutako akten bidez egiaztatuko da.

9. Proiektu edo memoria teknikoan azaldu beharko dira, landaketa egiteko faseari lotutako gaiez gain, lehen bost urteko mantentze lanei dagozkienak. Hortaz, zehazki adierazi beharko dira egin beharreko lanak, sasoiz sasoi, hartuko diren osasun eta ingurumen arloetako neurriak eta beharrezko diren gainerako lanak.

10. Aurrekontuen eranskin gisa, taula bat aurkeztu beharko da, eskaera inprimakian adierazitako inbertsioak xeheka emateko.

11. Ordainketa Erakundearen zuzendariak, egiten diren txostenak ikusi eta gero, laguntzen kontzesioari buruz behar den ebazpena eman eta onuradunari jakinaraziko dio.

12. Obrak bukatutakoan, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuari horren berri eman beharko zaio, eta, horrekin batera, egindako inbertsioaren frogagiri guztiak ere igorriko zaizkio.

10. Laguntzak ordaintzea.

1. Oihantzeko laguntzak, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko langileek txostena egin ondoren, zatika ordainduko dira, atal bakoitzaren ziurtapenekin batera, edo oso-osorik, obra bukatutakoan.

Aurrerakinak ere eman ahalko dira, inbertsioaren kostu osoaren % 20tik beherakoak betiere. Horiek likidatzeko banku-abal bat jarri beharko da, aurreratzen den zenbatekoaren %110 adinakoa.

Zatika ordaintzen den dirulaguntza guztia edo aurrerakina ezin izanen da hasiera batean onartutako dirulaguntza baino handiagoa izan.

2. Dirusarreren galerak konpentsatzeko laguntzak urtero ordainduko dira, bukaerako obraren ziurtagiriaren ondoren.

3. Oihandutako lurrak mantentzeko laguntzak urtero ordainduko dira, oihantzearen ziurtagiria eman eta hurrengo urtetik aurrera.

4. Oihantzeko laguntzaren behin betiko ordainketaren aurreko baldintza gisa eta 8/1997 Foru Legea aplikatuz, onuradunak faktura bidez egiaztatuko ditu beste batzuek egindako lanak eta emandako materialak.

11. Onuradunen konpromisoak.

1. Onuradunak oihantzea eginen du onetsitako proiektuan ezarritako baldintza eta epeen eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak ezarritako baldintzen arabera.

2. Onuradunak oihantzea 2006ko martxoaren 31ren aurretik egiteko konpromisoa hartzen du.

3. Onuradunak konpromisoa hartzen du lurrak dauden herrian egin behar den edo egiten ari den lurzati berrantolamendua ez oztopatzeko.

4. Onuradunak konpromisoa hartzen errentaren galeragatik dagokion sarian eragina izan dezakeen edozein aldaketaren berri idatziz jakinarazteko.

5. Sutea edo landaketaren suntsiketa izaten bada onuradunari egozten ez zaizkion arrazoiengatik, laguntza guztiak bertan behera utziko dira, suntsitutako azalera berriz landatu arte, alde batera utzi gabe hartutako konpromisoak eta izaten ahal diren erantzukizunak. Onuradunari egozten ahal zaizkion arrazoiak badira, laguntza guztiak bertan behera utziko dira eta jasotako diru guztia (diruaren legezko korrituarekin gehituta) itzul dezala eskatuko zaio.

5. Laguntza hauen babesean oihantzen diren lurrak oihan lurzoru bihurtuko dira eta lur horien erabilera aldatzeko Nafarroako Oihan Ondarea babestu eta garatzeko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legean ezarritakoari jarraituko zaio.

7. Konpromiso horiek guztiak eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak laguntzak eman aurretik ezartzen dituen gainerako baldintza teknikoak lotesleak izanen dira onuradunarentzat. Betetzen ez badira laguntzak bertan behera utziko dira.

12. Bateraezintasunak.

Oihantze eta mantentze laguntzak bateraezinak dira oihan lanetarako laguntzen beste deialdi batzuekin.

13. Ikuskapenak.

1. Erregimen honetan ezarritako laguntzen onuradunek Administrazioko langileen ikuskapena izanen dute, eskatzen zaizkien baldintzak eta hartzen dituzten konpromisoak betetzen dituzten egiaztatzeko.

2. Onuradunak egindako aitorpena eta aurkeztutako dokumentazioa egiazkoak direla frogatzearren, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak datu base informatikoa erabili ahalko du, Kontseiluaren azaroaren 27ko 3508/92 (EEE) Erregelamenduan ezarritako zenbait laguntza-erregimen komunitario kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratuaren parte baita.

3. Ikuskapen aktaren kopia bat emanen da, ikuskatzaile-teknikariak sinatua. Laguntzen onuradunak aukeran izanen du sinatzea ala ez.

4. Onuraduna behartua dago urtean egiten dituen mantentze-lanen berri ematera, horrelakorik eskatzen baldin bazaio.

14. Ez betetzea.

1. Mantentze-lanak ez betetzea.

Onuradunak betebeharretan huts egin duela ondorioztatuko da espedientearen dokumentazio teknikoan ezarritako mantentze-lanak egiten ez baditu, betiere aurretik onartutako justifikaziorik ez badago, eta, halaber, dokumentazioan adierazi gabe ere, landaketa egoki garatzeko behar direnak egiten ez baditu.

Halaber, betebeharretan huts egin duela ondorioztatuko da lanak proiektuan edo memoria teknikoan azaldu bezala egiten ez badira, edo laguntza hauek kudeatzen dituen Administrazioak emaniko baldintza teknikoen arabera egiten ez badira, edo epetik kanpo egiten badira.

2. Ez-betetzeak, errenta galeragatik emandako sarian:

Onuradunaren aldaketa dagokion urte naturalaren barrenean ez jakinarazteagatik, izan ere jakinarazpen horretaz aritu gara 11.4 puntuan, baja emanen zaio onuradunari aldaketa gertatzen den momentuan berean eta eskatu eginen zaio errenta galeragatik hartutako laguntza, egun horretatik aitzinekoa, itzul dezan, gehi diruaren legezko interesa, alegia, hartu zuen egunetik itzultzen duen arte.

3. Aitorpen faltsu bat arduragabekeria larri baten ondorioa izan dela frogatzen denean, onuraduna nekazaritza garatzeko dagokion urte naturaleko era guztietako neurrietatik kanpo geldituko da (1257/1999 Erregelamenduko basogintzaren kapitulua).

4. Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza osorik edo haren zati bat itzuli beharko da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21., 27., 28. eta 30. artikuluetan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

15. Jabetzak eskualdatzea.

Oihantzeko laguntzen onuradunak laguntzak jaso dituen lurra eskualdatzen badu, jabe berria subrogatu eginen da lehengo jabeak zituen eskubide eta betebeharretan, errenta galerak konpentsatzeko laguntzetan izan ezik, horiek titular berriaren baldintzen araberakoak izanen baitira, betiere lehenago halako laguntza eman bazen.

16. Laguntzen lehengo araubidea.

1. 31/1994 Foru Dekretuaren eta ondoko aldaketen arabera eta Ingurumen kontseilariaren 290/2001 Foru Aginduaren arabera nekazaritza lurrak oihantzeko laguntzak dituzten onuradunek aipatu Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz laguntza horiek hartzen jarraituko dute.

2. Laguntzen araubide hau ez zaie aplikatuko 9. oinarrian ezarri epea baino lehen nekazaritza lurrak oihantzeko egin diren eskariei.

17. Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Epeak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

Iragarkiaren kodea: F0503544