34. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 21a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Deialdia, famili langile bat lanaldi erdian eta oposizio-lehiaketa bidez hartzeko

Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak honako honen bidez deialdia iragarri nahi du famili langile bat lan araubidean, lanaldi erdian eta oposizio-lehiaketa bidez hartzeko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan lan egiteko. Hona hemen deialdiaren oinarriak:

O I N A R R I A K

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaiak lan-kontratudun finkoaren izaera izanen du, eta Gizarte Segurantzan inskribatuko da eta bertan alta emanen zaio. Legearen araberako probaldirik luzeena gainditu beharko du langileak.

1.2. Izendatuak Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko udalerriren batean beharko du bizi.

1.3. Kontratatuaren eginkizunak famili langile batek berezko dituenak izanen dira, hau da, beren egoeragatik zerbitzu honen beharra duten familiei edo pertsonei laguntza ematea (garbiketa pertsonala, etxearen garbiketa, otorduak prestatzea, e.a.), betiere Mankomunitatearen Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren ardurapean.

1.4. Lansaria izanen da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bateginean D mailari esleitzen zaionaren % 50ekoa, eta horri erantsiko zaizkio Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko enpresa-itunean zehazturiko lansari osagarriak.

1.5. Lanaldi erdiko lanpostua izanen da, eta ordutegia zerbitzuen beharren arabera finkatuko da, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak zehazten duenaren arabera. Lanaldia beharren arabera luzatu ahalko da Mankomunitateak komenigarria dela baderitzo.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Deialdian onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiar nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko edozein herrialdetakoa edo bertze edozein estaturena, haietan Europako Elkarteak eginiko eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen indarrez aplikatzen bada langileen zirkulazio librea, Europako Elkartea eratu zeneko itunean zehaztu zen bezala.

Parte hartu ahal izanen dute, halaber, espainarren eta Europar Batasuneko herrialdeetako nazionalen ezkontideek, ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek, betiere zuzenbidez bereiztuak ez badira, hogeita bat urtez beheitikoak edo beraien bizkar bizi diren hogeita bat urtez goitikoak. Orobat, hemezortzi urte beteak izatea eta jubilaziorako ezarritakoa baino adin handiagoa ez izatea.

b) Eskola-graduatua edo baliokideren bat izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa edukitzea, eta administrazio publiko baten zerbitzutik berezia ez izatea.

d) Gutxienez ere B motako ibilgailuak gidatzeko baimena edukitzea, eta bere ibilgailua izatea lanpostuaren egitekoak bete ahal izateko.

2.2. Izangaiek eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako bete beharko dituzte aurreko baldintzak, bai eta oposizio-lehiaketaren prozedurak iraun bitartean, izendapena etorri arte.

3._Eskabideak.

3.1. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Mankomunitateko erregistroan aurkeztuko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.

NANaren eta gidabaimenaren fotokopiak erantsi beharko dira, bai eta izangaiak lehiaketan baliarazi nahi dituen merezimenduen egiaztagiri guztiak ere, jatorrizkoak edo fotokopia konpultsatuak.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4._Izangaien onarpena.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, Mankomunitateko buruak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako okerrak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Mankomunitateko buruak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Egun bakarrean egin ahalko dira epaimahaiak hala erabakitzen badu.

5._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

5.1. Lehiaketaldia:

Alegaturiko merezimenduak agiri bidez egiaztatu beharko dira, eta gehienez ere 15 puntu lortu ahalko da lehiaketaldian. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datuak eskatzen ahalko ditu noiznahi.

Deialdia argitaratzen den egunean izangaiak dituen merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko, eta horretarako ere, behar bezala egiaztatuta egon beharko dute agiri bidez, eta eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira. Bertzenaz ez dira aurkeztutzat hartuko

Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko.

Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, behar den hainbanaketa eginen da.

5.2. Oposizioaldia:

Oposizioak hurrengo ariketak izanen ditu:

a) Lehenbiziko ariketa: Deialdiko I. eranskineko gaietako bat zozketa bidez aukeratu eta idatziz garatu beharko da.

Ariketaren iraupena 2 ordukoa izanen da.

b) Bigarren ariketa: epaimahaiak kasu praktiko bat zehaztuko du, lanpostuarekin ikusteko zuzena duena, eta idatziz argitu beharko da.

Ariketaren iraupena 2 ordukoa izanen da.

6._Oposizio-lehiaketaren balorazioa.

Oposizioa-lehiaketan gehienez ere 50 puntu lortu ahalko dira.

6.1. Lehiaketaren balorazioa:

Lehiaketaldiak gehienez ere 15 puntuko balorazioa izanen du, modu honetan banaturik:

1. Lanbide esperientzia: famili langilearen lanpostuan aritu izanagatik, Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetan: 4 puntu urte bakoitzeko, gehienez ere 12 puntu.

2. Egiaztatutako lan denborak urtebetea osatzen ez badu, proportzioaren araberako kalkulua eginen da.

3. Prestakuntza ikastaroak: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuetan bete beharreko eginkizunekin lotuak:

_20 ordu bitarte: 0,25 puntu.

_20tik 40 ordu bitarte: 0,50 puntu.

_40 ordu baino gehiagokoak: puntu bat.

Gehienez ere 3 puntu.

6.2. Oposizioaren balorazioa:

Lehen ariketa: gehienez ere 15 puntu.

Bigarren ariketa: gehienez ere 20 puntu.

Oposizioa gainditzeko ariketa bakoitzaren puntuazio osoaren % 50 erdietsi beharko da gutxienez ere, kanporaturik geldituko baitira puntuazio hori eskuratzen ez dutenak.

Epaimahaiko kide bakoitzak bere aldetik eginen du kalifikazioa eta kalifikazio guztien banaz-bertzekoa izanen da kasuan kasuko ariketa atalaren puntuazioa.

6.3. Azken balorazioa:

Azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7._Epaimahaiaren osaera eta jarduna.

7.1. Kide hauek osatuko dute oposizio-lehiaketa honetako epaimahaia:

Mahaiburua: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Batzarreko kide bat, Mankomunitateko buruak hautatua.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak izendaturiko teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak izendaturiko teknikaria.

Mahaikidea: Etxez etxeko laguntza zerbitzuko famili langile bat, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hautatua.

Ordezkoa: Etxez etxeko laguntza zerbitzuko famili langile bat, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hautatua.

Mahaikidea: gizarte langile bat, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hautatua.

Ordezkoa: gizarte langile bat, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateak hautatua.

Idazkaria: Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: Zangozako Udaleko idazkaria.

7.2. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

7.3. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta laguntza emanen diote epaimahaiari.

7.4. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

7.5. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da, eta hartara izangaiek N.A.N. aldean daramatela joan beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak oposiziotik bazterturik geldituko dira.

8._Gainditu dutenen zerrenda.

8.1. Oposizio-lehiaketako kalifikazioa bukatutakoan, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu Mankomunitateko egoitzaren iragarki oholan (kale Nagusia, 9, Zangoza), aprobatu duten izangaien izenak, zerrenda puntuazioaren arabera ordenatuz, eta izendapen proposamena helaraziko dio Zerbitzuen Mankomunitateari puntuaziorik handiena lortu duen izangaiaren alde.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Proposatzen den izangaiak 30 egun naturaleko epea izanen du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina, bere gaitasunaren eta deialdiko gainerako baldintzen egiaztagiriak aurkezteko. Izangaiak epe horretan dokumentazioa aurkezten ez badu, behar bezala egiaztatutako kasuetan izan ezik, lanpostua eskuratzeko eskubidea galduko du eta aprobatuen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea.

9._Izendapena eta jabetza hartzea.

Mankomunitateak 8.3. atalean zehazturikoa betetzen duten izagaia izendatuko du lanposturako. Izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Izendatzen den izangaiak hilabeteko epea izanen du, izendapena jakinarazten zaionetik hasita, karguaren jabetza hartzeko. Hala egiten ez badu, eskubide guztiak galduko ditu eta 8,3 atalean adierazitakoari jarraituko zaio.

10._Errekurtsoak.

Deialdiaren eta oinarrien aurka edo berau aplikatzeko egintzen aurka, aukeran, ondoko errekurtsoetako bat aurkez daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari edo Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Zangozan, 2005eko urtarrilaren 14an._Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko burua, José Daniel Plano Izaguirre.

ESKABIDE EREDUA

Izena: ..............., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia: ....., sorteguna: ....., sorlekua: ........., probintzia: ....., bizilekua: ....., karrika: ....., zenbakia: ....., solairua: ......, posta kodea: ....., telefonoa: .........., gidabaimena: ............. ean luzatua (data adierazi).

Badut ibilgailua lanpostuko eginkizunak betetzeko; matrikula zk.a: ................

Zure aitzinera agertu eta azaltzen dut:

Onartua izan nahi dudala famili langile bat lan araubidean eta lanaldi erdian hartzeko eginen den oposizio-lehiaketako probetan, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aritzeko, deialdia...... eguneko ..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Horrenbertzez:

Eskabide hau ontzat eman dezazula eskatzen dizut eta, horren indarrez, onar nazazula famili langile bat lan araubidean eta lanaldi erdian hartzeko eginen den oposizio-lehiaketaren probetan, Zangozako Eskualdeko Zerbitzuen Mankomunitateko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuan aritzeko.

Zangozan, (eguna erantsi)

(Sinadura)

ZANGOZAKO ESKUALDEKO ZERBITZUEN MANKOMUNITATEKO BURUA.

I. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. gaia._Nafarroako oinarrizko gizarte zerbitzuak.

2. gaia._Etxez etxeko laguntza zerbitzua gizarte zerbitzu oinarrizkoen ingurumarian.

3. gaia._Famili langileak etxez etxeko laguntza zerbitzuan. Definizioa, egitekoak, bertze profesionalekiko harremanak.

4. gaia._Hirugarren adinaren ezaugarriak eta harekin agertzen diren arazo nagusiak: fisikoak, psikikoak eta gizarte arlokoak.

5. gaia._Osasuna. Ohitura osasungarriak, nutrizioa eta elikadura, soinketa, eritasunei aurre hartzea eta istripuak, errehabilitazioa, osasun laguntza eta medikazioa.

6. gaia._Famili langilearen eginkizunak etxez etxeko laguntza zerbitzuko bezero guztiak kontuan hartuta.

Iragarkiaren kodea: L0502501