34. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 21a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

27/2005 FORU DEKRETUA, otsailaren 14koa, Faltzesko Udaleko 22.450 metro koadroko herrilurraren desafektazioa onesten duena, ondoren haren erabilera lagatzeko.

Faltzesko Udalak Nafarroako Gobernuari eskatu dio 22.450 metro koadroko herrilurraren desafektazioari aginduzko onespena eman diezaiola. Lursail horrek 13. poligonoko 169. lurzatiaren puska bat hartzen du, B azpilurzatian,"Macaya" izeneko alderdian.

Proposaturiko desafektazioaren xedea da lur hori Teodoro Vergara Martínez jaunari hamar urtez lagatzea, urtero kanon bat kobratuta, eremua egokitu eta behi suharren ganadu-etxe baten bazkaleku gisara aprobetxatzeko. Kontratua luzatzen ahalko da bi aldeak ados badaude.

Faltzesko Udalak hertsiki bete du espediente honen xede den arloaren gainean Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak dioena, baita Nafarroako Toki Entitateen Ondasunei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa ere (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia).

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko otsailaren hamalauko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Faltzesko Udaleko 22.450 metro koadroko herrilurraren desafektazioa onestea. Lursail horrek 13. poligonoko 169. lurzatiaren puska bat hartzen du, B azpilurzatian, "Macaya" izeneko alderdian. Lurren lagapena foru dekretu honetako 2. artikuluko baldintzetan egin arte, lursaila herrilurtzat joko da.

2. Faltzesko Udalari baimena ematen zaio lur hori Teodoro Vergara Martínez jaunari hamar urtez lagatzeko, urtero kanon bat kobratuta, eremua egokitu eta behi suharren ganadu-etxe baten bazkaleku gisara aprobetxatzeko. Kontratua luzatzen ahalko da bi aldeak ados badaude.

3. Aipatu desafektazioaren onespena Udalak gai honetaz 2004ko maitzaren 27an onetsitako baldintza plegua hertsiki betetzearen baldintzapean dago, batez ere klausula berezi bat, zeinean adierazten baita herrilur hori herri ondarera itzuli behar dela desafektazioa eragin zuten helburuak desagertu edo betetzen ez badira.

4. Faltzesko Udalak espediente honen xede diren lurren mugak jarri beharko ditu eta, foru dekretu hau argitaratu eta urtebeteko epean, desafektazioaren helburua betetzen ari dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko ditu Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan.

5. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen duela adieraztea. Horren aurka, aukeran, errekurtso hauetariko bat paratzen ahal da:

_Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Faltzesko Udalak, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezake, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

6. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Faltzesko Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2005eko otsailaren 14an._Nafarroako Gobernuko jarduneko lehendakaria, Francisco J. Iribarren Fentanes._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0502733