29. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 9a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

B U R L A T A

Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza behin betikoz onetsirik

Burlatako Udalak, 2004ko ekainaren 2an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

Aurreko erabakia 2004ko 99. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, abuztuaren 18an. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325 eta 326. artikuluekin bat, argitalpen hartatik hogeita hamar eguneko jendaurreko aldia iragan denez haren kontra inork inolako erreklamaziorik egin gabe, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da. Hortaz, argitara ematen da haren testu osoa, alegia, Burlatako udal esparruan hizkera ez sexistaren erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzarena

Burlatan, 2005eko otsailaren 7an._Alkatea, José Muñoz Arias.

BURLATAKO UDAL ESPARRUAN HIZKERA EZ SEXISTAREN ERABILERA ETA SUSTAPENA ARAUTZEN DITUEN UDAL ORDENANTZA

Zioen azalpena

Gaur egun dugun legeriaren ariora, gizon eta emakumeak berdinak gara legearen aitzinean eta eskubide eta betebehar berak ditugu. Zoritxarrez, errealitatea hagitz bertzelakoa da, eta emakumea desabantailean dago beti gizonaren aldean. Desberdintasun horren markarik agerikoenetariko bat da emakumea mintzairan desagerraraztea, baita haren errepresentazioa ere irudi sexistak edo baztertzaileak erabiliz.

Sexismoaren ondorio horren kontra baizik ez bagara borrokatzen, begibistakoa da ez dugula arazoaren jatorria konpondu edo aldatuko (hau da, gizartea bera). Nolanahi ere, mintzaira den bitartean pentsamenduak eta komunikazioa kodetzeko gizaki guztiek dugun tresna, posible da aitzinapauso batzuk ematea. Ahalegin hori nolabait bideratu behar da; hain justu ere, horri erantzuten dio ordenantza honek.

Hain zuzen ere, mintzaira da gizarte baten pentsamendua eratzerakoan eraginik handiena duen elementua. Beraz, gure eguneroko hizketak emakumeak ikusezin egiten dituen bitartean eta gure publizitateak menpekoaren jantziekin agertarazten, ez dugu lortuko gizarte bat eratzerik eskubide eta aukera berdintasuna egiazkoa duenik.

Izatez ere, deus baino lehen, oso garbi izan behar dugu hizkuntz sistema ez dela neutroa. Mintzaira ez da sortu hiztunak baino lehen. Gaur egun erabiltzen dugun zeinu sistema hau guzon eta emakumeak joan gara lantzen, sortzen eta birsortzen, komunikaziorako eta pentsamendurako.

Mintzaira eta hizketa androzentriko eta sexista gizarte androzentriko eta sexistaren isla eta ondorioa da.

Hori dela eta, Burlatako Udalean gure apurra egin nahi dugu, modu eraginkorrean egin ere, sexismoa mintzairaratik desagertzeko, ordenantza hau zabalduz, eta espero dugu hura erreferentzia bilakatzea, ez bakarrik gure Udalaren barnean, baizik eta Burlatako gizarte osoaren baitan.

Europako Batasunak genero-zeharkakotasunaz aipatzen dituen jarraibideetara egokitzeko Burlatako Udalaren prozesuaren barnean sartzen da lan hau. Udalaren politika eta kudeaketa jarraibide horietara egokitzeko asmoz, Emakumearen Informazio Batzordeak eskaturik Burlatako Udalak Emakumeen eta Gizonen Aukera Berdintasunerako I. Plana onetsi zuen 2002ko ekainean; haren neurrien artean _1.1.3., 1.1.4. eta 1.5.3._ azpimarratzen zen hizkuntzan eta emakumeaz eskaintzen den irudian dagoen sexismoa desagerrarazi beharra.

Beraz, udal ordenantza honen xedea da mezu batzuen anbiguetatea eragoztea, emakumearen presentzia agerian jartzea administrazioaren hizkeraren diskurtsoan gramatika arauak bortxatu gabe eta Burlatako Udaleko langileak gaztelaniak dituen estrategia ex sexistekin trebatzeko ekimenari erantzutea, baita langile horiek sentiberatzea ere gaur egungo gizarteak eskatzen dituen aldaketei dagokienez.

Izan ere, biztanlerian duen eragin ukaezina dela-eta, nahitaezkoak dira administrazio publikoaren lehia eta ahalegina kontzientzia hartze kolektibo honetan, haren eragina nabarmena baita norbanakoaren nahiz gizarte taldeen garapenean eragiten duten sektore guztietan.

Horrenbertzez, aise ondorioztatzen da administrazioak duen hizkera berezitik hizkuntzan dagoen sexismoa desagerraraztearen garrantzia, bai bere barne harremanetan, bai herritarrekiko harremanetan.

Hortaz, Emakumearen Aukera Berdintasunerako Europako Batasuneko IV. Ekintza Programaren (1996-2000), UNESCOren Konferentzia Orokorraren 14.1. eta 109. ebazpenen, Europako Kontseiluko Ministro Batzordearen 1990eko otsailaren 21eko Jarraibidearen eta Hezkuntza eta Zientzia Ministerioaren 1995eko martxoaren 22ko Aginduaren xedapen eta araudiei jarraikiz, ordenantza hau prestatu dugu, eta agerian jartzen dugu hartan gomendatzen diren bideetarik bakarrak ere ez dituela gaztelaniaren gramatika arauak urratzen.

Nolanahi ere, azpimarratu nahi dugu hizkuntzan dagoen sexismoa ez datzala gaztelaniaren sisteman berean; aitzitik, hiztun komunitateak zuzentzat hartzen dituen erabilera sendotuetariko batzuetan dago. Alabaina erabilerak aldatzen dira eta gramatiketan eta hiztegietan behiala okertzat edo desbideratzetzat hartzen zena, arau bilakatzen da eta alderantziz. Horrek, bistan dena, ikusarazten digu hizkuntza etengabe aldatzen eta bilakatzen ari dela. Are gehiago, ez da ahantzi behar hizkuntza garai bakoitzean aldatzen dela erabiltzen duen komunitatearen beharrei egokitzeko; hartara, gurea bezalako gizarte batean, sexuen arteko berdintasun handiagoa eskatzen ari bada, mintzairak, gizartearen emaitza den aldetik, berdintasun hori islatu ez ezik, hartaraino iristen ere lagundu behar du.

Burlatako Udalak uste du sexismoa mintzairatik nahiz mezutik desagerraraztea udalerriaren betebeharretarik dela. Bere egiten du, gainera, ordenantza honetan, biztanleriaren aldeko jarrera hizkera horren sustapen eta normalizazioari dagokionez, bai Nafarroako Gobernuak (Nafarroako Emakumearen Institutua) bai Udaleko Emakumearen Informazio Batzordeak egundaino egindako azterlanetatik ondorioztatzen denez.

Hori guztia hizkera ez sexista erabiltzearen alde gizarteak duen borondatearen adierazpena da eta adierazten digu Burlatako bizilagunek, legeak ematen dizkien eskubideak erabiliz, Udalari eskatzen ahalko diotela eta noski eskatuko diotela sexua dela-eta baztertuko ez dituzten zerbitzuak emateko, eta zerbitzu publikoa izateko xede duen Udal batek eskari horri erantzun beharko dio nahitaez.

Horrenbertzez, ordenantza honen helburu orokorra da Burlatako bizilagunei bermatzea Udalak ez duela irudi sexistarik edo emakumeekin baztertzailerik aurkeztuko, bere adierazpen, arreta edo zerbitzuetan.

Aipatu den araudiarekin bat eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 324. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza hau onestea erabaki da:

I. KAPITULUA

Ordenantzaren aplikazio esparrua

1. artikulua. Ordenantza hau Burlatako Udalean aplikatuko da, erran nahi baita, hartan berean zentzurik hertsienean eta haren menpeko erakunde autonomoetan.

2. artikulua. Udalaren eskumeneko zerbitzuetan, hirugarrenek ematen badituzte ere edozein dela kudeaketa moldea, ordenantza honetako IV. kapitulua aplikatuko da.

II. KAPITULUA

Administrazioen arteko harremanak

3. artikulua. Orokorrean, Burlatako Udalak bertze administrazio publikoei igortzen dizkien agiriak, jakinarazpenak eta adierazpenak, hizkera ez sexistan idatziko dira.

III. KAPITULUA

Herritarren eskubideak

4. artikulua. Herritarrek eskubidea dute Burlatako Udalari eskatzeko hizkera ez baztertzailea erabiltzeko, bai gaztelaniaz bai euskaraz.

5. artikulua. Administrazioari ahoz zuzentzen zaizkion herritarrei hizkera ez baztertzaile horretan eginen zaie harrera. Horretarako, Udalak jarduketa plana diseinatu eta gauzatuko du, jendeari harrera egiteko tokietan prestatutako udal langileak egotea bermatzeko, ordenantza honetako V. kapituluan aipatzen den ildotik.

IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

6. artikulua. Burlatako Udalak estereotipo sexistarik gabeko hizkera erabiliko du, bai gaztelaniaz bai euskaraz, orokorrean herritarrei zuzentzen zaienean:

_Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideak emateko plakak.

_Zigiluak, tanpoiak, logotipoak, menbreteak eta antzeko elementuak.

_Eraikin, karrika eta eremu publikoetako errotuluak.

_Udalaren egoitza eta bulegoetako errotuluak, Udalaren ibilgailuetakoak, eta enplegatutako langileen arropa eta uniformeetakoak.

_Interes turistikoko, zerbitzuen kontroleko eta adierazleetako seinaleak, etzanak izan ala zutikakoak izan.

_Udalak administrazio prozedura guztien gaineko argibideak eman beharrez herritarren eskura jartzen dituen agiri eta ereduak.

7. artikulua. Publizitatea hedabideetan.

Burlatako Udalak eskatuko du beti berak prentsan argitaratzen dituen iragarkietan edo ikusentzunezko hedabideetan _irratian eta telebistan_ ematen duen publizitatean erabilera sexistarik ez izateko.

Orobat, Burlatako Udaleko Emakumearen Informazio Batzordeak edozein hedabidetan agertzen diren iragarkiengatik sorrarazten diren salaketak bildu eta Lan eta Gizarte Aferen Ministerioaren menpeko Emakumearen Institutuko Publizitatearen Behatokira bideratuko ditu, haien edukia, Publizitateari buruzko azaroaren 11ko 34/1988 Lege Orokorraren 3. artikuluan ezarritako eskumenen arabera, "pertsonaren duintasunari erasotzen badio edo Konstituzioan babesten diren balio eta eskubideak urratzen baditu, bereziki haurrari, gazteari eta emakumeari dagokionez".

8. artikulua. Argitalpenak.

Burlatako Udalak, bere erakunde eta enpresek sorrarazten dituzten argitalpenak, administrazio agiriak, ordenantzak, zirkularrak, eskabide-orriak, inprimakiak, etab., baita Udaleko langileen hitzarmen kolektiboa, hizkera ez sexistan idatziko dira.

9. artikulua. Iragarkiak paratzen dituzten entitateei aditzera emanen zaie beren iragarkiak modu ez sexistan emateko aukera dagoela, eta horretarako Udalak bere zuzenketa zerbitzua eskainiko die.

V. KAPITULUA

Udal langileak eta Udalaren barne funtzionamendua

10. artikulua. Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi publiko guztietan % 5eko balorazioa izanen du probetan hizkera ez baztertzailea erabiltzeak.

Zerbitzu publikoen zeharkako kudeaketarako Burlatako Udalak egiten dituen kontratazio espedienteetan, klausula bat sartuko da emakumearendako iraingarri eta/edo baztertzaile diren irudi edo mezuak ez erabiltzeko konpromisoa bilduko duena, eta % 5eko balorazioa izanen du proiektu teknikoa idazterakoan hizkera ez baztertzailea erabiltzeak.

VI. KAPITULUA

Mintzairaren erabilera ez sexistaren sustapena

11. artikulua. Burlatako Udalak, bere Emakumearen Informazio Batzordearen bidez, jarduketa programak eginen ditu, administrazio hizkeraren erabilera ez sexistarekin ikusteko duten gaien gaineko informazio maila handitu beharrez eta emakumeenganako estereotipo baztertzailerik gabeko komunikazio moduen gaineko ezagutza eta erabilera gizarte alor guztietan sustatu beharrez.

12. artikulua. Burlatako Udalak Nafarroako Gobernuaren ekimen eta kanpainetan parte hartuko du baita, era mankomunatuak, bertze udal entitateekin batean.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ordenantza honek indarra hartuko du hamabortz egun iragaten direlarik behin behinekoz onesteko erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita.

Bigarrena._Burlatako Udaleko Emakumearen Informazio Batzordeari ahalmena eman zaio segimendua egiteko ordenantza hau betetzen ote den, eta hura bermatzeko edozein gairen gainean proposamenak egiteko.

Iragarkiaren kodea: L0502207