I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
230/2005 FORU AGINDUA, martxoaren 13koa, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emana, eskumen batzuk Herri Lan zuzendari nagusiaren, Garraio zuzendari nagusiaren eta departamentuko idazkari nagusi teknikoaren esku utzi eta karguak hutsik daudenerako, kargudunak ez daudenerako, haiek eri daudenerako edo lanera joaterik ez daukatenerako haien aldi baterako ordezkoak izendatzen dituena.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 36. artikuluko 1. idatz-zatiak xedatzen duenez, organoen berezko eskumenak maila bereko edo beheragoko beste organo batzuen esku uzten ahalko dira. Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko jarduerak arin eta era eranginkorrean egiteko, bidezkotzat jo da Departamentuko zuzendari nagusiei eta departamentuko idazkari nagusi teknikoari kontseilariaren eskumen batzuk esleitzea.
Bestaldetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 41. artikuluko 2. idatz-zatiak xedatzen duenez, departamentuaren titularrak izendatuko ditu zuzendari nagusien eta idazkari nagusi teknikoaren aldi baterako ordezkoak, karguak hutsik daudenerako, kargudunak ez daudenerako, haiek eri daudenerako edo lanera joaterik ez daukatenerako.
Hori horrela eta aipatu artikuluek ematen dizkidaten ahalmenez baliatuz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko foru arauetan xedaturikoaren arabera kontratazio arloan Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari dagozkion eskumenak Herri Lan zuzendari nagusiaren, Garraio zuzendari nagusiaren eta departamentuko zuzendari nagusi teknikoaren esku uztea, kasuan kasuko eskurantzen barruan.
Ez da haien esku utziko 1.000.000 eurotik goitiko proiektuak eta kontratazio espedienteak onesteko eta kontratu horiek esleitu, aldatu eta horien gainean ebazteko eskumena.
2. Ondare erantzukizunaren arloan Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariari dagozkion eskumenak departamentuko zuzendari nagusi teknikoaren esku uztea.
3. Foru agindu honen bidez egiten den esku uztearen arabera ematen diren ebazpenetan gorabehera hori espresuki adierazi beharko da eta, ondorio guztietarako, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak emanen balitu bezala jokatuko da.
4. Zuzendari nagusien eta departamentuko idazkari nagusi teknikoaren haien aldi baterako ordezkoak izendatzea, karguak hutsik daudenerako, kargudunak ez daudenerako, haiek eri daudenerako edo lanera joaterik ez daukatenerako.
a) Garraio zuzendari nagusiak Herri Lan zuzendari nagusia ordeztuko du.
b) Herri Lan zuzendari nagusiak Garraio zuzendari nagusia ordeztuko du.
c) Araubide Juridikoaren Ataleko buruak departamentuko idazkari nagusi teknikoa ordeztuko du.
5. Foru agindu hau jakinaraztea interesatuei, departamentuko zerbitzuei, Idazkaritza Nagusi Teknikoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak departamentu honetan duen Kontu Hartzailetza Delegatuari.
6. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehena._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak martxoaren 2an eman 207 eta 208/2004 Foru Aginduak eta ekainaren 9an eman 558/2004 Foru Agindua indarrik gabe gelditu dira.
Bigarrena._Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean izanen ditu ondorioak.
Iruñean, 2005eko martxoaren 1ean._Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilaria, Alvaro Miranda Simavilla.
Iragarkiaren kodea: F0503447