29. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 9a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

13/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana. Honen bidez sortzen da emakumeari ematen zaizkion tratu txarrei arreta eman eta aurrea hartzeko Gizarte Baliabideak aztertu eta baloratzeko Erakundearteko Azpibatzorde Teknikoa.

Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak abuztuaren 17an emandako 59/1999 Foru Aginduaren bitartez, Larrialdi Zentroaren eta Abegi Etxearen Batzorde Teknikoa sortu zen tratu txarren edota eraso sexualen biktimentzat. Nafarroako Emakumearen Institutuko eta Gizarte Ongizatearen Institutuko langileek osatzen dute Batzordea.

2002ko maiatzaren 16an, tratu txarren edota eraso sexualen biktimei arreta integrala emateko Erakundearteko Hitzarmena sinatu zuten Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaren ordezkariek, Nafarroako Auzitegi Nagusiarenek (Botere Judizialeko Kontseilu Orokorraren izenean), eta Nafarroako Fiskaltzarenek. Hitzarmen horren xedea da etxeko tratu txarrak eta eraso sexualak jasaten dituztenei laguntza ematearen arloan diharduten erakundeen artean ahalik eta koordinaziorik hoberena lortzea eta Nafarroako Foru Komunitate osoan jarduera-ildo homogeneoak ezartzea, emakumeen aurkako indarkeria ezeztatzeko botere publikoen esku hartzea hain premiazkoa dela ikusirik, indarkeria hori giza eskubideen aurkako atentatu eta urraketa baita.

Hitzarmen horretako bosgarren puntuan aipatzen da Jarrraipen Batzorde bat sortuko dela, hitzarmenaren edukiak ea gauzaten diren eta nola gauzatzen diren aztertzeko. Halaber, adierazten da batzordeak osoko bilkuren bidez edota gai jakinetarako azpibatzordeen bidez jardun ahal izanen duela, eta Osoko Bilkurari dagokiola azpibatzorde bakoitzerako kideak izendatzea. Erakundearteko Hitzarmenaren Jarraipen Batzordearen lehenbiziko bilkuran, 2002ko ekainaren 10ean egin baitzen, erabaki zen lanerako 4 azpibatzorde osatzea: auzitegien, poliziaren, osasunaren eta gizarte baliabideen arloetakoak, Nafarroako Emakumearen Institutuak koordinatuak guztiak. Halaber, eraginkortasun-irizpideak oinarri harturik, erabaki zen Gizarte Baliabideen Azpibatzordea, Enplegu, Etxebizitza eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko ordezkariek osatua, sar zedila abuztuaren 17ko 59/1999 Foru Aginduaren bidez sortutako abegi-baliabideen jarraipena egiteko Batzorde Teknikoan.

Horiek horrela, beharrezkoa denez Larrialdi Zentroaren eta Abegi Etxearen izen, osaera eta jardunbidean sartutako aldaketak formalki jasotzea, 2004ko irailaren 24ko Aktarekin bat eta, adostasun txostena emana denez, Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Emakumeari ematen zaizkion tratu txarrei arreta eman eta aurrea hartzeko Gizarte Baliabideak aztertu eta baloratzeko Erakundearteko Azpibatzorde Teknikoa sortzea.

2. Azpibatzordeak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Teresa Aranaz Jiménez andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendaria.

Batzordekideak:

_M.ª Luz Munárriz Desojo andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren eta Gizarteratzearen zuzendariordea.

_Ana Fraile Blázquez andrea, Nafarroako Emakumearen Institutuko Azterlan eta Programa Ataleko burua.

_M.ª Cruz Santesteban Arana andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren Ataleko burua.

_Ana Iziz Elarre andrea, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko Etxebizitza Zerbitzuko Etxebizitzetarako Lurzoruaren Ataleko burua.

_Pilar Díaz Laso andrea, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Aukeren Berdintasunerako eta Sustapenerako Ataleko burua.

_Maite Sobrino Barbarin andrea, S.O.S. Nafarroako Aretoko burua.

_Isabel Fernández Casa andrea, Justiziako Gizarte Zerbitzuko Gizarteratzen Laguntzeko Bulegoko burua.

_Carmen Ferrer Cajales andrea, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren ordezkari gisa.

Pilar Baigorri Lega andrea, Iruñeko Udalaren Emakumeari Laguntzeko Udal Zerbitzuaren ordezkari gisa.

Mahaikide idazkaria: María Carmen Maeztu Villafranca andrea, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Oinarrizko Laguntzaren Ataleko burua.

Azpibatzordeak bere esku du aholkulari gisa parte hartzen ahal duten profesionalei laguntza eskatzea, betiere hizpidearekin baina botorik gabe, interesgarri iruditzen bazaio haiek bertan izatea.

3. Azpibatzordearen eginkizunak honako hauek izanen dira:

a) Aldian aldiko jarraipenean oinarriturik, Nafarroako Gobernuak genero-indarkeriaren biktima diren emakumeentzako abegi-baliabideen funtzionamendua (Larrialdi Zentroa, Abegi Etxea eta Abegi ostatu- etxeak) zertan den jakiteko informazioa eskatzea.

b) Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuak proposamenen bat prestatzen badu Larrialdi Zentroaren, Abegi Etxearen edo Abegi ostatu-etxeen jardunbidea aztertzean aldaketak egiteko, hartaz txostena ematea.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta eta tratamentua ematen dieten zerbitzuei informazioa ematea.

d) Genero-indarkeriari buruz sentsibilizatu, hari aurrea hartu eta errotik ateratzeko neurri integralez osatutako proposamenei buruzko txostenak ematea.

e) Indarkeria sexistaren aurkako neurri integralak hartzeari buruzko uztailaren 2ko 22/2002 Foru Legea, martxoaren 7ko 12/2003 Foru Legeak aldatua, garatzeko hartzen diren neurrien jarraipena egitea.

f) Enpleguaren, etxebizitzaren eta gizarte zerbitzuen arloetan baliabideak hobeto kooordinatzeko jarduketen jarraipena.

g) Erakundearteko Hitzarmenaren Jarraipen Batzordeari proposatzea gizarte arloko neurriak, genero-indarkeriarekin loturiko gorabeheretara egokitzen direna, betiere kontuan hartuz Nazioartetik, Europar Batasunetik eta estatutik datozen arauetan gertatzen diren aldaketak, hala nola populazioen mugimenduetatik sortzen direnak.

4. Azpibatzordearen funtzionamendua Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeak organo kolegiatuei buruz dioenari egokituko zaio, eta zilegi du antolamendu eta funtzionamendurako bere Erregelamendua egitea.

5. Azpibatzordeak urtean bi bilera arrunt izanen ditu. Horrez gain, bilera bereziak ere egin ditzake, batzordeburuaren ekimenez edo mahaikideen bi herenek eskaturik.

6. Foru agindu hau azpibatzordeko kideei jakinaraztea eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko otsailaren 7an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

Iragarkiaren kodea: F0502191