28. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 7a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak, 2004ko abenduaren 23an egindako bilkuran, Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza behin betiko onetsi zuen.

HIRI HONDAKINEN KUDEAKETA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Iruñerriko Mankomunitatea (hemendik aurrera "Mankomunitatea" soilik) toki entitatea da, elkarte modukoa, eta bere eginkizunen artean dago hiri hondakinak biltzea eta tratatzea, halako toki entitateen barruti jakin batzuetan edo jarduketa esparru jakin batzuetan, baldin eta haietan Mankomunitateak zerbitzu horren titulartasuna badu, ingurumena eta pertsonen osasuna zaintzeko.

2. artikulua. Mankomunitateak aurreko artikuluan aipatutako zerbitzuak kudeatzen ditu kudeaketa sozietate baten bidez, Iruñerriko Zerbitzuak, E.A. (IZEA) sozietatearen bidez, hain zuzen. Mankomunitateak sozietatea eratu zuen horretarako, tokiko zerbitzuak emateari dagokionez indarrean diren arauek ezarritakoarekin bat.

3. artikulua.

1. Ordenantza honek helburu du harremanak arautzea Izearen eta hiri hondakinen kudeaketa zerbitzuaren erabiltzaileen artean, aipatutako lurralde eremuan, alderdi bakoitzaren eskubide eta betebeharrak zehaztuz.

2. Emandako zerbitzuengatiko prezioei dagokienez, prezioak arautzeko ordenantzak _Mankomunitateak onetsia_ ezarritakoarekin bat eginen da beti.

4. artikulua.

1. Ordenantza hau orokorrean aplikatuko zaie hiri hondakinen kudeaketa zerbitzuei bere eskumenari dagokion eremuan, eta, egoki den kasuan, osoki edo zati batean aplikatuko zaie eremu horretatik kanpo ematen diren zerbitzuei.

2. Zehazki arautu ez diren kasuetan, beren izaeragatik ordenantza honen aplikazioari badagozkio, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira analogiaz.

3. Ordenantza hau aplikatzerakoan zalantzak agertzen badira, Mankomunitateak egoki irizten duen interpretazioa ezarriko du.

5. artikulua. Ordenantza honen arauak bat datoz Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearekin, eta hondakinen kudeaketari buruzko gainerako xedapen aplikagarriekin.

6. artikulua. Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legearen arabera, hau da hitz hauekin adierazten dena:

"Hondakina": edonolako gai edo objektu Legearen eranskineko kategoriaren bati dagokiona, bere jabeak utzi egin nahi duena edo uzteko asmoa edo betebeharra duena. Halaber, hondakintzat hartuko dira Europako Hondakinen Katalogoan (European Waste Catalogue) _Europako Batasuneko Instituzioek onetsia_ agertzen direnak.

"Hiri edo udal hondakinak": partikularren etxeetan, saltoki, bulego eta zerbitzuetan sortzen direnak, eta, arriskutsu gisa sailkaturik ez izanik, beren izaera edo osaeragatik aurreko toki edo zerbitzuetan sortutakoen berdintzat jo daitezkeenak. Halaber, hiri hondakintzat joko dira honako hauek:

_Bide publiko, berdegune, jolas eremu eta hondartzak garbitzeak eragindako hondakinak.

_Etxeko animalia hilak, eta utzitako altzari, tresna eta ibilgailuak.

_Eraikuntza txiki eta etxeko konponketetatik eratorritako hondakin eta zaborrak;

"Hondakin arriskutsuak": 952/1997 Errege Dekretuko zerrendan agertzen direnak, eta hondakin arriskutsuak eduki dituzten ontziak, Europako Batasuneko arauek arriskutsutzat jotakoak eta Gobernuak ezar ditzakeenak, arau horiek nahiz nazioarteko hitzarmenek ezarritakoarekin bat.

"Ekoizlea": edozein pertsona fisiko nahiz juridiko, baldin eta bere jarduerak _etxeko kontsumoak eragindakoa kontuan hartu gabe_ hondakinak ekoizten baditu edo hondakinak aldez aurretik tratatu, nahasi edo bestelakoak egiten baditu, hondakin horien izaera edo osaeran aldaketak eraginez. Halaber, ekoizletzat joko da hondakinak inportatu edo Europako Batasuneko kide den edozein estatutatik hartzen baditu.

"Jabea": hondakinak ekoizten dituena edo bere jabetzapean dituen pertsona fisiko nahiz juridikoa, hondakinen kudeatzaile izan gabe.

"Kudeatzailea": hondakinen kudeaketa osatzen duten eragiketetako edozein egiten duen pertsona nahiz entitatea, publikoa nahiz pribatua, horien ekoizlea izan edo ez.

"Kudeaketa": hondakinak jaso, biltegiratu, garraiatu, balioztatu eta ezabatzea, jarduera horiek zaintzea barne, eta hondakinak utzi edo isurtzeko tokiak itxi ondoren horiek zaintzea.

"Ezabatzea": hondakinak botatzeko nahiz suntsitzeko _erabat nahiz neurri batean_ prozedura guztiak, giza osasuna arriskuan jarri gabe eta ingurumenean kalte egin dezaketen bideak erabili gabe. Betiere kontzeptu horren barnean sartuko dira 1996ko maiatzaren 24ko Batzordearen (96/350/CE) erabakiaren II.A eranskinean zerrendatzen diren prozedurak, eta, egoki bada, Gobernuak onesten duen zerrendan agertzen direnak.

"Bilketa": hondakinen garraiorako horiek bildu, sailkatu, taldekatu nahiz prestatzeko eragiketa guztiak.

7. artikulua. 10/1998 Legearekin bat, hiri hondakinak Mankomunitatearen jabetza izanen dira behar den bezala utzi ondoren.

8. artikulua. Hiri hondakinen jabeak erantzukizunetatik salbuetsita geldituko dira hiri hondakin horiek egin dezaketen kalteagatik, baldin eta horiek libratzean ordenantza hau eta aplikatu beharreko gainerako arauak bete badira.

9. artikulua. Debekaturik dago hiri hondakinak estolderia sarera botatzea (zigarro-mutxikinak, haur-ohialak, janari hondarrak, etab.), baita aldez aurretik txikitu badira ere.

10. artikulua. Debekaturik dago udalek kontratatutako udal garbiketa lanek eragindako hondakinak edukiontzietan uztea: eskuz nahiz mekanikoki eskobatzeak eragindako hondakinak, udazkenean bildutako hostoak, etab.

11. artikulua. Hondakinen dentsitatea handituko duten instalazioek aldez aurreko baimena beharko dute, egoki diren Mankomunitatearen zerbitzuek emana.

II. TITULUA

Hiri hondakinen bilketari buruz

I. KAPITULUA

Baldintza orokorrak

12. artikulua. Kapitulu honek arautuko du zein baldintzatan emanen dituen Mankomunitateak hiri hondakinak biltzeko zerbitzuak eta zein baldintzatan erabiliko dituen erabiltzaileak.

13. artikulua. Zerbitzu horiek emateko, erabiltzailetzat joko dira zerbitzu horien onuradun diren edo zerbitzu horiek ukitzen dituen pertsona fisiko nahiz juridiko guztiak, baldin eta helbidea badute udalerri eta kontzeju horietan zeinetan Mankomunitateak duen hiri hondakinak bildu, tratatu eta ustiatzeko eskumenaren titulartasuna.

14. artikulua. Honako hondakin hauek bilduko dira:

a) Herritarrek beren etxebizitzetan elikadura eta kontsumoaren ondorioz sortutako hondakinak.

b) Herritarrek espaloiak erratzez garbitzeak eragindako hondakinak.

c) Zuhaitzak inausteak eta landareak mantentzeak eragindako arbasta, zatikatua ematen bada.

d) Saltokietan sortutako bilgarri, ontzi eta bestelako hondakinak.

e) Zerbitzu, merkataritza eta industria jarduerek ekoiztutako material hondakinak, etxeko hondakinen antzeko ezaugarriak badituzte.

f) Tabernetan, jatetxeetan eta elikagai kuzinatuak zerbitzatzen diren gainerako establezimenduetan eta edonolako kontsumizioak egiten diren horietan sortutako hondakinak. Halaber, supermerkatu, autozerbitzu eta antzeko establezimenduetan sortutakoak.

g) Oro har, egoitza, hotel, eskola eta beste establezimendu publikoetako nahiz jendeari irekiak dauden establezimenduetako kontsumoaren ondorioz sortutako hondakinak.

h) Udal merkatuen jarduerak eragindako hondakinak.

i) Etxeko obra txikien ondorioz sortutako hondakinak.

j) Etxebizitza eta saltokietan sortutako errautsak.

k) Altzariak, etxeko tresnak eta traste zaharrak, baita arropa, zapatak eta antzeko beste edozein produktu.

l) Etxeko animalia hilak.

m) Herritarrek beren etxebizitzetan sortu eta arriskutsu gisa sailkatutako hondakinak.

n) Ordenantza honetako 32. artikuluan ezarritako I. eta II. taldeetako hondakin klinikoak.

o) Beren ezaugarri nahiz osaeragatik Hiri Hondakin gisa har daitezkeen beste edozein.

15. artikulua. Bilketa honetan inola ere sartuko ez diren beste hondakin batzuk:

a) Hondakin arriskutsuak, etxeetakoak izan ezik.

b) Industria eta merkataritzako hondakinak, beren ezaugarri, osaera nahiz aurkezpenagatik Hiri Hondakintzat har ezin daitezkeenak.

c) Pneumatikoak.

d) Nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetatik etorritakoak, animaliak barne.

e) 32. artikuluan ezarritako sailkapeneko III. taldeko hondakin klinikoak.

f) M.A.R. (Arrisku Handiko Materialak) eta M.E.R. (Arriskuko Material Espezifikoak) gisa sailkatutako hondakinak, haragi-ustiategi eta harategietakoak.

g) Hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak.

h) Erradiaktiboak.

i) Bere ezaugarri nahiz osaeragatik Hiri Hondakintzat hartu ezin den beste edozein.

16. artikulua. Bai Hondakinei buruzko 10/1998 Legeak bai Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko 11/1997 Legeak helburu hauek ezartzen dituzte: hondakinak neutralizatzea, birziklatzea eta hondakinak balioztatzeko beste modu batzuk, ingurumena eta pertsonen osasuna zaintzeko.

17. artikulua. Aurreko artikuluaren ondorioetarako, Mankomunitateak badu hondakinak era sailkatuan biltzeko sistema bat. Horren arabera, erabiltzaileek betebeharra dute bereizita botatzeko erabilerak izan ditzaketen hondakinak edo bereizita jasotzea komenigarritzat jo daitezkeenak.

18. artikulua. Halaber, Mankomunitateak zenbait produktu atariz atari bilduko dituela erabaki ahalko du, eta horrelakoetan aldizkakotasuna, ordutegia eta ezaugarriak adieraziko ditu, esaterako gai hauekin: papera, trapuak, altzariak, tresnak, traste zaharrak, etab.

19. artikulua. Mankomunitateak urtero ezarriko du hondakinak biltzeko zerbitzuarengatiko prezioa, baita ondorengo tratamenduarena ere, egoki den Prezioen Ordenantzak dioenarekin bat.

II. KAPITULUA

Edukiontzi bidezko bilketari buruz

20. artikulua. Mankomunitateak ezarri du hondakinak edukiontzien bidez biltzeko zerbitzua, eta erabiltzaileak behar bezala erabili beharko ditu. Hondakinen bilketa zerbitzuak hauek barne hartuko ditu:

_Edukiontziak bilketa-ibilgailuetaraino eramatea.

_Edukiontziak hustea.

_Edukiontziak, hustu ondoren, ohiko kokalekura itzultzea.

_Eragiketa horien ondorioz eremu publikora botatako hondakinak garbitzea.

_Mankomunitateak hartarako prestatutako tratamendu zentroetara eramatea eta bertan uztea.

_Edukiontziak garbitu eta mantentzea.

Edukiontzi mota, erabili beharreko edukiontzi kopurua eta haien kokapena Mankomunitateak erabakiko ditu, eta egoera berezietan kendu ahal izanen dira.

Mankomunitateak edukiontzien kokapena finkatu ondoren, ezin izanen da aldatu teknikoek zehazki baimendu gabe.

Erabiltzaileek ezin izanen dituzte edukiontziak beren lekutik mugitu, ezta denbora baterako ere.

Edukiontziak jabetza publikoa direnez, Mankomunitateko zerbitzuek horiek berrituko dituzte, partikularrek horregatik deus ordaindu gabe, baldin eta konpondu ezin diren hausturak badituzte edo desagertu badira, eta egoki den ardura erabiltzaileari egotzi ahal izanen zaio baldin eta baliorik gabe gelditu badira gaizki erabili izanagatik (gehiegizko zama, erabilera bortitza, etab.).

Mankomunitateak eskatu ahal izanen du hiri eremuan ibi eta erreserba bereziak ezartzea zamalanetarako eta zerbitzua ongi emateko behar diren beste eragiketetarako.

Jabeak hala eskatuta, edukiontziak jarri ahal izanen dira jabetza pribatuetan, betiere bilketa aldaketarik gabe egiten ahal bada eta ibilgailu biltzailea horietara eragozpenik gabe sartzen ahal bada.

21. artikulua. Lurpeko edukiontziak._Mankomunitatearen barnean dauden udalek, alde bakarreko erabakiz, aukeratu ahal izanen dute beren lurralde eremuko zenbait tokitan lurpeko edukiontziak ezartzea, baldin eta bateragarria bada Mankomunitateak une horretan duen bilketa, mantentze eta garbiketa sistema ohikoarekin, eta baldintza hauek bete beharko dira:

_Eskaera egin duen Udalaren ardura izanen da aukeratutako sistemaren obra eta instalazioaren inbertsioa.

_Biltzeko tokien kokapenak eta instalazioaren ezaugarriek Mankomunitateko zerbitzu teknikoen oniritzia beharko dute.

_Mankomunitatearen zerbitzu teknikoek erabakiko dute lurpeko puntu bakoitzean jarri beharreko edukiontzi mota, gutxieneko kopurua eta bilketaren maiztasuna.

_Lurpeko edukiontziak jartzeko instalazioak eraiki edo txokoak prestatu behar diren urbanizazioetan, sustatzaileak eta/edo Udalak erabakiko dute kokalekua eta puntu bakoitzean jarri beharreko edukiontzi kopurua, Mankomunitateko zerbitzu teknikoen oniritziaz.

_Udalaren ardura izanen dira instalazioaren garbiketa eta mantentze lanak. Mankomunitatea arduratuko da, gainerako kasuetan bezala, instalazioan ezarritako edukiontzien garbiketa eta mantentze lanez.

_Mankomunitateko zerbitzu teknikoek erabakiko dute zein kolore eta ezaugarriez identifikatu beharko diren hondakinak uzteko hartuneak.

_Interesa duen udalak ordaindu beharko dio Mankomunitateari bilketaren gainkostua (hustuketan erabilitako denbora handitzeagatik).

Gainkostu hori, urterokoa, kasu bakoitzean zehaztuko da honako formula honen arabera, plataforma jasotzaile bakoitzerako kalkulatua:

Kostua = 133,00 euro (Fv + Fe + Fc + Fp)

F asteroko bilketa kopurua da, eta azpindizeak (v, e, c eta p) edukiontzi mota adierazten du (berdea, ontziak, beira eta papera). 2004 urterako da gainkostu hori, eta hurrengo urteetan KPI (Kontsumorako Prezioen Indizea) gehituko zaio.

_Mankomunitateko zerbitzu teknikoek onetsi beharko dute instalazioaren irekiera sistema, bai eskuzkoa (giltza) bai automatikoa (urrutiko agintea).

_Sistemaren hutsengatik ezin bada hiri hondakinen bilketarik egin, Udalak ahalik eta denbora laburrenean konpondu beharko du sistema, eta behar diren neurriak jarriko ditu bitartean zerbitzu egokia bermatzeko.

_Udalak konpromisoa hartuko du bilketa gunea handitzeko, txikiegia bihurtu denean, denda berriak irekitzeagatik, hiri hondakin gehiago sortzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

_Aukeratutako instalazioetarako kontuan hartu beharko da gune horiek bilketa sistema berrietara moldatzeko aukera (adibidez, albotik egindako bilketa).

_Iruñerriko Zerbitzuetako teknikariek instalazioari oniritzia eman ondoren, Udalak eta Izeak kontratua sinatuko dute Mankomunitateak instalazioa kudeatzeko.

III. KAPITULUA

Bilketarako baldintzak eta erabiltzailearen betebeharrak

22. artikulua. Erabiltzaileak, oro har, betebehar hauek izanen ditu:

_Titulu honi dagozkion hondakinak Mankomunitatearen esku jartzea, zehazten diren zatietan bereizita eta kapitulu honetan ezartzen diren baldintzetan.

_Mankomunitateak kasu bakoitzean erabakitzen duen edukiontziak erabiltzea, indarrean diren lege arauekin bat.

_Hondakinak edukiontzien barnean uztea eta erabili ondoren estalkiak ixtea.

_Hondakinak, egoki denean, tolestea edo zatitzea (kartoizko kutxak, zura, plastikoa, etab.).

_Kalte egin dezaketen hondakinak (beira laua, toska, latorria), kalterik ez egiteko moduan utzi beharko dira.

_Kalterik ez egiteko kontuz erabili behar dira hondakinetarako edukiontziak.

_Errautsak aldez aurretik itzalita eta hotzak bota behar dira.

_Ez dira eragotzi behar edukiontzien zamalan, mantentze lan, lekualdatze eta garbiketa eragiketak.

_Bilketa zerbitzua ematea eragozten duten ezinbesteko kasuetan _behar bezala jakinaraziko da_, ez da hondakinik atera behar, zerbitzua normalizatu arte.

_Arriskutsuak izan daitezkeen hondakinen berri ematea Mankomunitateari, eta hala badira, haien jatorri, ezaugarri, xede eta abarren berri ere ematea.

Mankomunitatearen zerbitzuek behar bezala _aurreko zehaztasunekin bat_ utzi ez diren hondakinak jasotzeari uko egin ahal izanen diote.

1. ATALA

Ohiko bilketari buruz

23. artikulua. Bilketa eredua.

Oro har Iruñerriko Mankomunitatean ezarri den ohiko bilketa ereduaren arabera, erabiltzaileek hondakinak lau zatitan aurkeztu behar dituzte:

1. Gai organikoak eta gainerakoa.

2. Ontziak.

3. Papera eta kartoia.

4. Beira.

Horietako bakoitzerako dauden edukiontzietan utzi beharrekoak.

24. artikulua. Gai organikoak eta gainerakoak edukiontzi berdeetan biltzeari buruz.

"Gainerakoa" esaten denean adierazi nahi da organikoa ez den hondakina eta ez bilketa berezirik ez edukiontzi zehatzik ez duena.

Gai organiko eta gainerakoaren zatia edukiontzi berdeetan utzi beharko da. Aldez aurretik aukeratutako hondakin sortzaileei dagokienez, Mankomunitateak derrigortu ahal izanen ditu gai organikoak bereiztera eta zehazki horietarako diren edukiontzietan uztera.

Edukiontzi berdeetan uzten diren hondakin guztiak, bai gai organikoak bai gainerakoak, ongi itxitako poltsetan egon beharko dute, isuririk ez botatzeko moduan, eta edukiontzia eta eremu publikoa ez zikintzeko moduan. Debekatua dago poltsak eta zakarrontziak lurrean arrastaka eramatea. Hondakinak behar bezala ez aurkezteagatik isuriak gertatuko balira, eragin dituen erabiltzaileak izanen du gertatutako zikinkeriaren erantzukizuna. Inola ere ez da onartzen hondakinak pakete nahiz kutxatan botatzea.

Hondakinak uzteko ordutegia 20:00etatik 23:00etara da.

Mankomunitateak exijentzia bereziak ezarri ahal izanen ditu, esaterako edukiontzietan poltsak jartzea, baldin eta zerbitzu teknikoen iritziz, sortutako hondakin kantitate nahiz motak neurri bereziak eskatzen baditu.

25. artikulua. Ontzien bilketari buruz. Ontziak eta ontzien hondakinak (brika, plastikoa eta metala) edukiontzi berezietan utzi beharko dira.

26. artikulua. Papera eta kartoia edukiontzietan biltzeari buruz. Mankomunitateak hartarako ezarritako edukiontzietan utzi beharko dira papera eta kartoia. Tamaina handiko ontzien hondakinak tolestu edo hautsi egin beharko dira bota aurretik. Paperak eta kartoiak ez dute plastiko, zur, metal eta halakorik izanen.

27. artikulua. Beira edukiontzietan biltzeari buruz. Beirazko ontziak hartarako ezarritako edukiontzietan utzi beharko dira. Poltsa, estalki eta tapoirik gabe utzi behar dira.

Debekatua dago 22:00 eta 8:00ak artean beirazko ontziak botatzea.

2. ATALA

Bilketa bereziei buruz

28. artikulua. Inausketa eta lorezaintzak eragindako hondakinak biltzeari buruz. Mankomunitateak hartarako ezarritako edukiontzietan utzi behar dira inausketa eta lorezaintzak eragindako hondakinak, osagai arrotzik gabe eta inoiz ez poltsetan. Enborrek ezin dute izan 20 zentimetroko diametroa eta 1,5 metroko luzera baino gehiago.

29. artikulua. Altzariak, tresnak eta etxeko traste zaharrak biltzeari buruz. Mankomunitateak bilketa bereziko zerbitzua du, etxez etxekoa eta aldez aurretik abisatu beharrekoa, ondoko gai hauetarako: era guztietako altzari, etxeko tresna eta traste zaharrak. Ez dira jasoko bitarteko mekanikoak _esaterako garabiak, poleak, etab._ eskatzen dituztenak. Altzariak desmuntaturik eta berehalakoan eramateko prest egonen dira.

Debekatua dago altzariak, tresnak eta traste zaharrak eremu publikoan uztea, baita edukiontzietan edo horien ondoan uztea ere.

30. artikulua. Etxeko Hondakin Arriskutsuak biltzeari buruz. Etxeko Hondakin Arriskutsuak (ikus I. eranskina) eta horien ontziak Puntu Garbietan utzi beharko dira.

31. artikulua. Arrandegiek eragindako hondakinak biltzeari buruz. Arrandegiek eragindako hondakin guztiak behar bezala itxitako poltsa iragazgaitz eta iraupen egokikoetan utzi behar dira.

Inola ere ez dira edukiontzietan utziko hondakin likidoak edo likidotu daitezkeenak (esaterako izotza, odola ...).

Hondakinak uzteko ordutegia 20:00etatik 23:00etara da.

32. artikulua. Osasun hondakinak bildu eta garraiatzeari buruz. Ordenantza hau aplikatzeko eta 296/1993 Foru Dekretuarekin bat, osasun hondakinak honako talde hauetan sailkatuko dira:

I. taldea

Hiri hondakintzat har daitezkeenei buruz: zehazki osasunekoak ez diren jarduerek sortutakoak dira, eta beraz ez dute arrisku garrantzitsurik, eta ez dute neurri berezirik eskatzen. Talde honetan sartzen dira etxeko hondakintzat har daitezkeenak, esaterako papera, kartoia, sukalde eta janarietako hondarrak, lorezaintzakoak, bulegoetakoak eta osasun jarduerakoak ez diren egoitzetakoak, edo infekziozkoak ez diren gaixoengandik _eta I eta II taldeetan sartu ez direnak_ eratorritakoak.

II. taldea

Zehaztu gabeko osasun hondakinei buruz: osasun jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, eta horiekin kontaktuan daudenak eta ezabatu behar direnak, betiere III. taldean sailkaturik ez badaude.

III. taldea

Osasun hondakin zehatzei buruz: osasun jarduerako berezko material eta produktu biologikoak dira, eta horiekin kontaktuan daudenak eta ezabatu behar direnak, baina zuzenean eta aldez aurreko tratamendurik gabe ezabatzen balira, infekzio arrisku nabarmena ekarriko lukete lanaren bidez haiekin kontaktua dutenentzat edo, ingurumenaren bidez, osasun publikoarentzat oro har.

Talde honetan sartzen dira:

_Hondakin infekziosoak: hondakin infekziosoak dira infekzioak transmititzen ahal dituztenak, 296/1993 Foru Dekretuko I. eranskineko zerrendan agertzen diren eritasunen infekzio-eragileren bat izan dezaketelako edo infekzio horiek kaltetutako eriengandik datozelako.

_Infekzio-eragileen kulturak eta erreserbak eta haiekin kontaktua izan duten baztertutako materialak.

_Orratzak eta hondakin ziztatzaile eta ebakitzaileak.

_Gorputz likidoak, odola eta hemoderibatuak, likido moduan edo 100 mililitro baino gehiagoko ontzi eta kantitateetan.

_Anatomia hondarrak, baldin eta beren txikitasunagatik Hilotzen gaineko osasun arauen erregelamenduan sartzen ez badira.

_Animalia infekziosoen hondakinak eta/edo 296/1993 Foru Dekretuko I. eranskineko zerrendan agertzen diren infekzio-eragileekin inokulatutako animalien hondakinak. Hilotzak, gorputz atalak, anatomia hondarrak eta ukuiluratzearen ondorioz sortutako hondakinak.

Ohiko bilketan jasoko dira soilik I. taldeko hondakinak.

II. taldeko hondakinak tratamendu zentroan jaso edo onartuko dira trinkotu gabeko kutxa itxietan.

Tratamendu zentroan ez dira jasoko, ez onartuko ere, III. taldeko osasun hondakinak.

33. artikulua. Etxeko animalia hilak jaso eta/edo hartzeari buruz.

Debekaturik dago animalien hilotzak abandonatzea, edozein espezietakoak eta edozein lurretan izanda ere. Jabetza publikoko lurretan lurperatzea ere debekaturik dago.

Etxeko animalia hilez gabetu nahi dutenek, tratamendu zentroaren kudeaketa arauekin bat, beren kabuz eginen dute edo, ordenantzak jasotzen dituen kasuetan, Mankomunitateak ezarri dituen zerbitzuen bitartez. Halakoetan Mankomunitatearen zerbitzuek animalia hilak jaso, garraiatu eta ezabatuko dituzte.

Zehazki, animalia hilei dagokienez Mankomunitateak zerbitzu hauek ematen ditu:

_Konpainiako etxeko animalia hilak jaso, garraiatu eta ezabatzea, baldin eta banako nahiz multzoaren pisuak 100 kilogramoak gainditzen ez baditu.

_Animalia hilak hartu eta suntsitzea, hondakinak tratatzeko zentroan.

Konpainiako etxeko animaliak jasotzea eskatzen dutenek poltsa itxi iragazgaitz eta iraupen egokikoetan emanen dituzte, hautsi ez daitezen eta likidoak isuri ez daitezen.

Ez dira jasoko oso ustelduta dauden animalia hilak.

Animalia hilak tratamendu zentroan jaso eta/edo hartzeko, albaitariaren egiaztagiria eman beharko da, animalia eritasun kutsagarriak jota ez dela hil adierazten duena. Exijentzia horretatik kanpo geldituko dira eremu publikoan jasotako animalia hilak, baita etxe partikularretan jasotako konpainiako etxeko animaliak ere.

Animalia hilak ezabatuta ere, jabeek beti animaliaren baja jakinarazi beharko dute, baita heriotzaren zergatiak ere, ordenantzek nahiz arauek hala ezartzen dutenean.

34. artikulua. Saltoki eta industrietan papera eta kartoia biltzeari buruz.

Kasu berezietan, egokitzat jotzen ez denean papera eta kartoia edukiontzien bidez biltzea, Mankomunitateak atez ateko bilketa zerbitzu berezia ezarria du. Zerbitzu horrekin bat egin beharko dute ukitutako establezimendu eta enpresa guztiek, honako baldintza hauetan:

_Papera/kartoia tolestu eginen da, eta plastiko, zur, metal eta horrelakorik gabe utziko da lokalaren sarreran, hartzeko moduan eta azkar biltzeko prestatua, kasu bakoitzean adierazten diren data eta ordutegian.

35. artikulua. Papera eskoletan biltzeari buruz. Mankomunitateak bilketa bereziko zerbitzua du, edukiontzi berezien bidez, eta eskatzen duten ikastetxe guztiek egiten ahal dute bat harekin, baldintza hauetan:

_Ontziak lokalaren sarreratik hurbil egonen dira, hartzeko moduan eta azkar biltzeko prestatuak, kasu bakoitzean adierazten den data eta ordutegian.

_Ezarritako egutegiaren arabera bilduko dira edukiontziak.

_Papera beste materialik gabe botako da.

_Edukiontzia kamioia igarotzen den lekutik ahalik eta hurbilen egonen da, hartzeko moduan erabat, eta azkar biltzeko prestatua.

36. artikulua. Iruñeko alde zaharreko establezimenduetan beira biltzeari buruz.

Iruñeko establezimenduentzat, ez bazaie edukiontzien bidezko beira bilketa zerbitzua ematen, Mankomunitateak badu atez ateko bilketa zerbitzu berezia. Ukitutako establezimenduek baldintza hauetan hartu behar dute zerbitzua:

_Beira beti hartarako emandako ontzietan egonen da. Garbi joanen da, poltsarik, estalkirik, tapoirik, etab. gabe, lokaletik hurbil eta berehalakoan eramateko prestaturik, kasu bakoitzean adierazten diren data eta ordutegian.

37. artikulua. Pilen bilketari buruz. Mankomunitateak pilak biltzeko zerbitzua du, establezimendu laguntzaileetan jarritako edukiontzien bidez _ekimen honekin bat egin nahi dutenek eskatu egin beharko dute_, eta beira edukiontzietan dauden gordailuen bidez.

38. artikulua. Hiri hondakintzat har daitezkeen industria hondakinak bildu eta garraiatzeari buruz. Mankomunitateak, ekoizleak aldez aurretik eskaturik, hiri hondakintzat har daitezkeen hondakinak bilduko ditu.

Gainerako hondakinei dagokienez, ekoizleak kudeatuko du Gongorako tratamendu zentroan uztea edo baimendutako kudeatzaile baten bidez tratatzea.

39. artikulua. Obra-hondakinen bilketari buruz. Eraikuntza txikietatik eta etxeko konponketetatik eratorritako hondakin eta zaborrak uzteko, Mankomunitateak edukiontzi bereziak ditu, eta erabiltzaileek baldintza hauetan erabiliko dituzte:

_Hondakinak edukiontzien barnean utziko dira.

_Honelako beste hondakinak uztea debekaturik dago: organikoak, arriskutsuak, tamaina handikoak, pneumatikoak, kartoia, etab., eta oro har hirugarrenei, ingurumenari nahiz higiene publikoari kalte egiten ahal dien guztia.

_Hondakinak behar bezala utziko dira, haizeak arrastaka eraman ez ditzan.

_Mankomunitateak material mota hauek uzteko beste puntu edo sistema batzuk ezarri ahal izanen ditu, egoki diren baldintzetan: maiztasuna, gehienezko kantitatea, prezioak, etab.

III. TITULUA

Hiri hondakinen tratamenduari buruz

40. artikulua. Baldintza orokorrak.

Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan (HHTZ) utzi beharreko hondakinak ekoiztu, manipulatu edo garraiatzen dituzten ekoizle, jabe eta hirugarren baimenduak beharturik daude eskatzen zaien informazio guztia ematera hondakinen jatorriaz, izaeraz, konposizioaz, ezaugarriez, kantitateaz, hustuketaz eta aurretratamendu eta behin betiko tratamendu sistemaz. Halaber, beharturik daude garraioa egitera ezarritako edo ezarriko diren baldintza eta moduan eta eskatutako edo eskatuko den moduan.

41. artikulua. Garraioaren baldintzak.

Gongorako Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan utzi beharreko hondakinen garraioa ondoren zehazten diren modu eta baldintzekin bat eginen da:

_Garraioa, kutxa irekia duen ibilgailuan.

Zama guztia estaliko duen olana edo sarez egin beharko da, eremu publikoan hondakin isurketarik ez gertatzeko moduan.

_Garraioa, kutxadun ibilgailuan, trinkatzailearekin edo gabe

Honela eginen da: ateak behar bezala itxita, kargatzeko ataka ez da kutxatik aterako eta estalita edo itxita egonen da olana edo sare bidez, eremu publikoan hondakin isurketarik ez gertatzeko moduan.

_Garraioa, kutxa autotrinkatzailea duen ibilgailuan

Honela eginen da: ateak behar bezala itxita, kutxa hustuketarako prest dagoela, eta kargatzeko ataka erabat garbi egonen da, edo hondakinik badu, estalita edo itxita egonen da olana edo sare bidez, eremu publikoan hondakin isurketarik ez gertatzeko moduan.

42. artikulua. Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroaren (HHTZ) ordutegia.

Hau da HHTZAren jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera, 8:00etik 20:00era.

Hondakin motaren menpe eta horiek uzteko behar diren baldintzen menpe egonen da hondakinak zentroan sartzeko ordutegia. Badira ordutegi desberdinak, erabiltzaile bakoitzari emandako hustuketa baimenekin bat. Hauek dira ordutegiak:

_Ohiko baimenarekin: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:30era.

_Baimen murriztuarekin: astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 14:30era.

_Jaiegunetan ez da HHTZan hustuketarik eginen.

43. artikulua. Hondakinak nola aurkeztu.

Hondakinak hustuketaren baimenean ageri den moduan aurkeztu beharko dira, edo kasu bakoitzean teknikoek zehazten duten moduan, eta aurreko artikuluetan adierazitako garraio baldintzetan.

Hondakinen libratzea egiaztatu beharko da egoki den albaranaren bidez, ekoizleak eta garraiolariak derrigorrez sinaturik eta zigilaturik.

44. artikulua. Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroaren (HHTZ) arauak.

Hona hemen HHTZan hondakinak emateko eta husteko bete eta jarraitu behar diren arau eta prozedurak.

.Ibilgailuen abiadura:

_HHTZra sartzeko errepidea: Errepide nagusitik zentroko sarreraraino dagoen bidean orduko 40 kilometroko abiaduran ibiliko dira gehienez ere.

_Barneko instalazioak: ez da orduko 20 kilometroko abiadura gaindituko.

.Baskularako sarrera.

_Hondakinak eramaten dituen garraiolaria sarrera gisa ezarritako baskulan sartuko da, mantso, ibilgailua erdigunean kokatuz, zama pisatzeko.

_Ondoren, garraiatzen dituen hondakinen albarana behar bezala betea emanen du, aurretik adierazitakoarekin bat.

_Garraiolariak, egoki deritzonean, beste aldi batzuetarako hondakin mota berdinetarako albaranak eskatu ahal izanen ditu.

_Hustu beharreko hondakinaren eta hustuketaren baldintzen arabera, poltsa bat emanen zaio garraiolariari, hondakinaren laginak hartzeko eskatzen den unean eta moduan.

_Zentrora sartzeko prozesua bete ondoren, eta baskularen kontrola duten langileek adierazten dutenean _hitzez edo argi seinaleen bidez_ garraiolariak ibilgailua aterako du mantso, eta hustuketa eremura eramanen.

.Hustuketa gelara joatea eta sartzea.

_Ez da orduko 20 kilometroko abiadura gaindituko

_Gelan sartuko da semaforoa berde dagoenean.

_Olana kenduko du _kamioia kutxa irekikoa denean_ hartarako egokitutako tokian.

_Olana kentzean hondakinak isurtzen badira, bildu eta utziko ditu.

_Nor lehenago iritsi, hurrenkera hori errespetatuko da.

_Baskulatu aurretik, pala-gidariei galdetu beharko die zama non hustu.

_Pala-gidariek agintzen diotena beteko du beti.

_Hustutako hondakinaren laginak hartu behar badira, egindako hustuketatik hartuko dira.

_Hustuketa gelatik atera aurretik, ziurtatu beharko du garraiorako edukiontzian ez dela gelditzen pasatzeko tokietan edo instalazioetan isur daitezkeen hondakin hondarrik.

_Inoiz ez da erabiliko HHTZaren makina eta ibilgailurik ibilgailuak atoian eramateko edo behar diren beste ekintzetarako, hustuketa gelan ibilgailuak hondoratu, gelditu edo bestelakoak gertatu izanagatik. Halakoetan garraiolariak bilatu eta eman beharko ditu egoki iruditzen zaizkion konponbideak.

_Ezohiko egoeran, eta ezinbesteak bultzatuta, HHTZaren bitartekoak erabili behar badira, inoiz ez dira HHTZaren erantzukizuna izanen gerta daitezkeen kalteak.

.Gelatik irteera baskulara joatea.

_Orduko 20 kilometroko abiadura errespetatuko da denbora guztian.

_Gelan hustuketa egin duten ibilgailu guztiak igaroko dira, derrigorrez, gurpilak garbitzeko instalaziotik.

_Gurpilak garbitzeko instalazioak markagailu, argi taula nahiz semaforoen bidez adierazten dizkioten pausu eta ziklo guztiak bete beharko ditu.

.Irteera baskulara sartzea.

_Irteera gisa ezarritako baskulara mantso sartuko da, ibilgailua erdigunean kokatuz.

_Nor lehenago iritsi, hurrenkera hori errespetatuko da.

_Hondakinaren lagina hartu behar bada, eman eginen da.

_Albaranak eskatu badira, hartu eginen dira.

_Albaran zigilatua hartuko da, ibilgailuaren tara zehaztu ondoren.

_Baskulatik aterako da pixkanaka

_Errepide nagusiko gurutzea arteko ibilbidea aurretik adierazitako abiadura errespetatuz eginen da.

45. artikulua. Animalia hilak hartzea.

Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentrora (HHTZ) lurperatzeko eramaten diren konpainiako etxeko animaliak beti makinaz maneiatzeko baldintza egokietan eramanen dira, betiere ordenantza honetako 33. artikuluan agertzen diren oharrekin bat.

Beti erantsi beharko da albaitariaren egiaztagiria, animaliaren heriotzaren egoera eta zergatiak adierazten dituena.

IV. TITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Arau hausteak dira jarduera eta egoera hauek:

I._Bilketari dagozkionak

Arau hauste oso larriak:

1. Erabiltzaileak, bidezko arrazoirik gabe, berak ekoiztutako hondakinak Mankomunitatearen esku uzteari uko egitea.

2. 2. Edukiontziei kalte egitea.

3. Edukiontziak eremu publikoan ezartzea eragoztea edo oztopatzea.

4. Edukiontzien inguruko zamalanak, mantentze lanak eta garbiketa eragoztea, eta oro har zerbitzu hau emateko bete behar diren jarduerak oztopatzea edozein modutan.

5. Hondakinak estolderia saretik hustea.

6. Etxean hondakinen aurretratamendurako instalazioak egitea (esaterako trinkatzea) Mankomunitatearen baimenik gabe.

7. Hondakin arriskutsuak uztea, edo bildu beharreko hondakinekin nahastea.

8. Bildu behar ez diren osasun hondakinak uztea edo onartzen diren hondakinekin nahastea.

9. Animalien hilotzak edozein lurretan abandonatzea edo eremu publikoko lurretan lurperatzea.

_Arau hauste larriak

1. Hondakinak uztea ordenantza honen arabera hondakin mota bakoitzari dagokion edukiontzietatik kanpo.

2. Hondakinak uztea Mankomunitateak ordenantza honen bidez ezarritako baldintza, toki eta ordutegiak bete gabe.

3. Edukiontziak mugitu edo tokiz aldatzea, Mankomunitatearen baimenik gabe.

4. Ordenantza hau behar bezala betetzeko ikuskapen eta egiaztapenak eragoztea.

5. Edukiontzietan pintadak eta grafittiak egitea, kartelak edo edonolako eranskailuak jartzea, eta iragarkietarako erabiltzea. Egilea edo iragarlea izanen da erantzule zuzen edo subsidiarioa.

_Arau hauste arinak:

1. Hondakinak hartzea, behar bezala utzi ondoren.

II._Tratamenduari dagokionez

_Arau hauste larriak:

1. Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroko (HHTZ) langileenganako errespetu falta.

2. Ustiategiaren eta instalazioen funtzionamendu egokia eragozten duten ekintza eta ez-betetzeak.

3. Informazio edo ikuskapen lanak nahiz lagin hartzeko lanak oztopatzea, bai jatorrian bai Hiri Hondakinak Tratatzeko Zentroan.

4. Hondakin toxiko nahiz arriskutsuak botatzea, hutsik nahiz beste hondakin batzuekin nahasita.

5. Administrazioaren baimenik ez duten hustuketak egitea.

6. Behar den bezala hustu ez diren hondakinak kentzeari uko egitea.

7. Hustuketa baimen eskaeran adierazitako datuak ezkutatu edo aldatzea.

8. Dokumentuak, albaranak, azterketak eta antzeko beste datu batzuk manipulatzea edo faltsutzea.

Aurretik aipatutakoez gain, ordenantza honetan, 10/98 legean nahiz ondorengo garapenetan ezarritakoari aurka egiten dion edozein ekintza nahiz ez-betetze.

47. artikulua. Arau hauste horiei aplikatu beharreko zehapenak 3.000 euro artekoak izanen dira arau hauste oso larrien kasuan, 1.500 euro artekoak arau hauste larrien kasuan eta 750 euro artekoak arau hauste arinen kasuan.

Zehapenak aplikatzeko, aintzat hartuko dira asmoa, errepikatu den, egindako kalteen ezaugarriak eta berrerortzea, baldin eta urtebetean antzeko arau hauste bat baino gehiago gertatu bada eta hala adierazi bada ebazpen irmoaren bidez.

48. artikulua. Ordenantza honetan tipifikatutako arau hausteengatik erantzukizuna exijitzeko, aurretik zehapen prozedura izapidatu beharko da, abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuak arautua (haren bidez onetsi zen zehapen ahalmena erabiltzeko Erregelamendua).

V. TITULUA

Erreklamazioak

49. artikulua. IZEAren (Iruñerriko Zerbitzuak, Elkarte Anonimoa) ekintzei kontra egin ahal izanen zaie Mankomunitateko buruaren aurrean, hilabeteko epean eta ondoko baldintzekin bat:

a) Errekurtsoa jarri ahal izanen da Elkartearen ebazpen eta izapide egintzen aurka, baldin eta horiek prozedura bati jarraipena ematea eragozten badute edo babesgabetasuna sortzen badute. Errekurtsoa jarri ahal izanen dute interesatuak direnek Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta GUztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen arabera.

b) Interesatuak aurretik Elkartearen aurrean erreklamatu behar du.

Elkarteak erreklamazioari erantzun badio, interesatuaren nahiak bete gabe, interesatuak erantzunaren kopia erantsi beharko du.

Interesatuak Elkartearen aurrean erreklamatu eta 15 egunera erantzunik jaso ez badu, interesatuaren nahiari ezezkoa eman zaiola ulertuko da, eta hark Mankomunitateko buruaren aurrean errekurtsoa jarri ahal izanen du. Errekurtsoan Elkartearen aurrean jarritako erreklamazioaren kopia erantsi beharko du, bertan Erregistro Orokorreko sarrera data ageri dela.

50. artikulua. Aurreko artikuluan aipatzen diren errekurtsoe Mankomunitateko buruak ematen duen ebazpenak bukaera emanen dio bide administratiboari, eta aurka egin ahal izanen zaio Nafarroako Administrazio Auzitegian jakinarazpena egin eta hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izanen da jakinarazpena egin eta 2 hilabeteko epean,

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza hau indarrean sartuta, indargabetu dira, eta balio eta ondoriorik gabe utzi dira, maila berekoak edo beheragokoak izanik aurka egiten dioten xedapen, araudi eta ordenantza guztiak, bereziki Hiri Hondakin Solidoen kudeaketa arautzen duen Ordenantza eta Gongorako ustiakuntza-plana.

AZKEN XEDAPENA

Ebazpen hau indarrean sartuko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behin betiko onetsi dela argitaratu eta biharamunean.

I. ERANSKINA

Etxeko hondakin arriskutsuak

Hondakinen Europako zerrendan agertzen diren guztiak, hondakinei buruzko 75/442/EEE arteztarauko 1. artikuluko a) letrarekin bat, eta hondakin arriskutsuei buruzko 91/689/ EEE arteztarauko 20. kapituluko 1. artikuluko 4. atalarekin bat (arteztarau hori Batzordearen 2000/532/CE erabakian, maiatzaren 3koan, onetsi zen, eta Batzordearen 2001/118/CE erabakiak, urtarrilaren 16koak, eta 2001/573 erabakiak uztailaren 23koak, aldatu zuten), eta hauek dira:

_20 01 13*: Disolbatzaileak.

_20 01 14*: Azidoak.

_20 01 15*: Alkalisak.

_20 01 17*: Produktu fitokimikoak.

_20 01 19*: Pestizidak.

_20 01 21*: Hodi fluoreszenteak eta merkurioa duten beste hondakin batzuk.

_20 01 23*: Klorofluorokarbonoak dituzten baztertutako tresneriak.

_20 01 26*: 20 01 25 kodean (20 01 25 jan daitezkeen olio eta koipeak) agertzen ez diren olio eta koipeak.

_20 01 27*: Gai arriskutsuak dituzten pintura, tinta, itsasgarri eta erretxinak.

_20 01 29*: Gai arriskutsuak dituzten detergenteak.

_20 01 31*: Botika zitotoxikoak eta zitostatikoak.

_20 01 33*: 16 06 01, 16 06 02, 16 06 03 kodeetan agertzen ez diren bateria eta metagailuak eta bateria horiek dituzten sailkatu gabeko bateria eta metagailuak.

_20 01 35*: Baztertutako tresneria elektriko eta elektronikoa, 20 01 21* eta 20 01 23* kodeetan agertzen ez direnak, osagai arriskutsuak dituztenak (9)*.

_20 01 37*: Gai arriskutsuak dituzten zurak.

(9)* Tresneria elektriko eta elektronikoetako osagai arriskutsuak barne har ditzakete 16 06 azpikapituluan arriskutsu gisa sailkatutako pila eta metagailuak, baita merkuriozko etengailu, hodi katodikoetatik eratorritako beirak eta beste kristal aktibatu batzuk.

Iruñean, 2004ko abenduaren 23an._Mankomunitateburua, Luis Ibero Elía.

Iragarkiaren kodea: L0502179