28. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

1280/2004 EBAZPENA, abenduaren 30ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Fundación Forem-Navarra" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 90/2004).

Ikusirik Iruñeko "Fundación Forem-Navarra" enpresaren lan hitzarmen kolektiboa, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 90/2004).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2004ko abenduaren 21ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 44 artikuluz, xedapen gehigarri batez eta 2 eranskinez (2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (CC.OO.) 2004ko azaroaren 12an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Fundación Forem-Navarra" enpresaren (kodea: 3108292) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2004ko abenduaren 30ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

"FOREM-NAVARRA" FUNDAZIOAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2005 -2008

1. artikulua. Lurraldea eta lantokiak

Lan hitzarmen hau arau izanen da eta Forem-Navarra Fundazioak Nafarroako lurraldean dituen edo izanen dituen lantoki guztietan aplikatuko da indarra duen artean.

2. artikulua. Langileria.

Lan hitzarmen hau lan kontratu baten bidez Fundazioari loturik dauden persona guztiei aplikatuko zaie, langileen kontratua eta lege araubidea edozein dela ere.

3. artikulua. Aplikatzekoa den araudia eta ordezkoa.

Aldeek erabaki dute ezen, datako egunera arte indarrean egon daitezkeen itun, hitzarmen eta akordio kolektibo eta pribatu guztiak, hitzarmen honetan espresuki sartu ez direnak, indarrik eta eraginik gabe geldituko direla hitzarmen honek indarra hartzen duen unetik aitzina.

Lan hitzarmen kolektibo honek biltzen dituen gaiek indarra hartu aurreko xedapen itunduak ordeztuko dituzte.

Hitzarmen honetan aurreikusi ez den orotan, Langileen Estatutuan eta indarra duen legeria osatzen duten gainerako arau eta erregelamenduetan xedatutakoari jarraituko zaio.

4. artikulua. Indarraldia eta iraupena.

Hitzarmen honek 2005eko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra eta 2008ko abenduaren 31 arte iraunen du.

5. artikulua. Ondorio ekonomikoak.

Hitzarmen honek I. Eranskinean biltzen dituen lansariak 2005eko urtarrilaren 1etik aurrera aplikatuko dira. Hurrengo urteetan aplikatuko den igoera ondoko hau izanen da: Nafarroako KPI erreala gehi 1 puntu 2005ean, gehi 0,75 puntu 2006an eta gehi 0,5 puntu 2007an eta 2008an. Urtero, erreferentzia gisa, urtearteko azaroa-azaroa indizea erabiliko da.

6. artikulua. Hitzarmenaren luzapena, amaiera iragartzea eta berrazterketa.

Lan hitzarmen kolektibo hau automatikoki luzatuko da epemuga iristen zaionean, urtez urte, betiere ezarritako epean amaiera iragarri ez baldin bada. Negoziazioak hitzarmenaren epemugaz haratago luzatzen badira, hura luzatuko da hitzarmen berriak indarra hartzen duen arte.

Alderdiek amaiera iragartzen ahal dute epemuga baino bi hilabete lehenago bederen. Hitzarmen berriaren negoziazioa edo indarra duenaren berrazterketa alderdi legitimatuek eginen dute, negoziazioa hasteko egunaz ados jarririk edo, hala ez bada, 7. artikuluak dioenari jarraikiko zaio.

7. artikulua. Zaintza eta interpretazio batzordea.

Batzorde Parekide bat sortuko da lau kiderekin: langileen bi ordezkari eta horien bi ordezko, Lan Batzordeak berak bere kideen artetik aukeratuak, eta Fundazioaren bi ordezkari, Fundazioak berak izendatuak, hitzarmena interpretatu edo aplikatzean sor daitezkeen arazoak ebazteko. Batzorde hau bakarra izanen da hitzarmen osorako eta ohiko bilerak lauhilabetekoan behin eginen ditu eta bereziak beharrezkoa denean eta alderdietako batek hala eskatuta.

Hitzarmenaren arauren bat edo intzidentziaren bat interpretatzean bat etortzerik ez badago, bi alderdiek, ados jarririk, Nafarroako CCOOen Comfia Federazioko pertsona bat izendatuko dute, eta haren bitartekotzat sortu diren arazoak konponduko ditu, alderdiek onetsiz gero.

Bitartekotza onartzen ez bada, alderdi bakoitzak, edo biek batera, 1995eko uztailaren 21eko Ebazpenaren bidez argitaratu zen Nafarroako Foru Komunitateko lan gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioan (91. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa) ezarritako bitartekotza eskatzen ahalko dute.

8. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen kolektibo honetan itundutako baldintzak osotasun organiko bat dira eta zatiezinak. Hortaz, aplikatzerakoan, osorik hartuko dira.

9. artikulua. Xurgapena.

Hitzarmen honen aplikazio eremuan sartutako langileek hark indarra hartu aurretik zituzten lan baldintzak eta lansariak, hitzarmenekoek xurgatu edo konpentsatzen ahal dituzte, langilearen alde jotzen duten heinean.

10. artikulua. Lanbide sailkapena.

Hitzarmen honetan bildutako langileen sailkapenak adierazpen mailan daude eta ez du erran nahi kategoria horiek guztiek beterik egon behar dutenik.

Fundazioan hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek euren eginkizunak izanen dituzte eta, hortaz, ordainsarien kontuetarako mailetan sailkatuak. Eginkizunen arabera, langileak beren kontratuetan irakasleak eta irakasle ez direnak izan daitezke.

Ezarritako mailek lanpostuen deskribapen orokorrak eta ordaintzeko irizpideak biltzen dituzte. Honako hauek:

Irakasle ez diren langileak

.I. maila

_Garbitzaileak.

_Zerbitzuetako langileak.

.II. maila

_Ludotekako langileak.

_Administrari laguntzaileak.

_2. mailako administraria.

_1. mailako administraria.

.III. maila

_Junior teknikaria.

_Administrazioko teknikaria.

_Teknikaria.

_Erdi mailako teknikaria.

_Goi mailako teknikaria.

Irakaskuntzako langileak

_Irakaslea.

Eginkizunen, eskumenen, espezializazio mailen eta kudeatzeko eta harremanetan jartzeko gaitasunen zerrenda II. eranskinean agertzen dira.

11. artikulua. Plantillaren egitura.

Fundazioaren kudeaketa eremu bakoitzean plantilla izanen da momentu bakoitzean kontratatu, hitzartu edo erabakitzen diren programazio eta jarduerak ongi garatu eta betetzeko behar diren lanpostuen kopurua, langileak finkoak izan nahiz aldi baterakoak izan, eta betiere lan beharren arabera.

12. artikulua. Kontratazio sistema.

Fundazioaren beharrak betetzeko langileen kontratazioa momentu bakoitzean indarra duten legeei jarraikiz eginen da, eta betiere errespetatuko da langileen ordezkarien informazio eskubideei buruz ezarritakoa. Fundazioak, lehenbizi, Lan Batzordeari jakinaraziko dio zein diren bete beharreko lanpostuak, eskakizun profesionalak, eginen den hautapen prozesu mota, bai eta kontratazioen xede diren lanpostuak betetzeko behar diren kontratuen ezaugarriak eta datuak ere.

Enplegu Poltsan ez dira sartuko Fundazioaz besteko erakundeek agindurik edo beste entitate batzuekin egindako hitzarmenen ondorioz kontratatu beharreko pertsonak. Salbuespen horiek direla kausa kontratatutako pertsonen berri emanen zaio Lan Batzordeari.

Behar diren kontratazioak betetzeko pertsonak hautatzerakoan, Fundazioan lehenago lan egin duten langileak lehenetsiko dira, betiere eskaintzen den lanpostuan aritzeko kalitatea, gaitasuna, balioaniztasuna, titulazioa eta egokitzapena erakusten badituzte. Amatasun bajak ordezteko kontratuetan haien kargura familia duten emakumeak lehenetsiko dira.

Mugagabeko kontratazioa izanen duten pertsonendako proposamena Fundazioak eginen du, irizpide operatiboei eta programazio eta jardueren beharretarako egokitzapenari jarraikiz.

Fundazioak libreki izendatuko ditu erantzukizuneko lanpostuetarako aukeratu beharreko pertsonak edo egin behar den lanaren ezaugarriak direla-eta Fundazioaren konfiantzako pertsonak behar direnean, zuzendari kudeatzailea eta Alorreko arduradunak kasu.

Izendapen libreak eginkizun horietan kargu-uzte librea ere ekarriko du eta aurreko kategoriara itzultzea.

13. artikulua. Kontratatzeko irizpideak eta probaldia.

Programazio bakoitzaren beharren arabera kontratatuko dira langileak, kontratazio legeei eta lan hitzarmen honetan ezartzen denari loturik. Fundazioak konpromisoa hartzen du legean ezarritako kontratazio eredu desberdinak erabiltzeko, kontratu bakoitzaren xede eta ezaugarrien arabera eta egin beharreko lan eta eginkizunen arabera. Kontratuak, betiere, idatziz eginen dira.

Fundazioan kontratazioa lehenbiziko aldiz egiten zaien pertsonek probaldia bete beharko dute, ondokoa kategoria profesionalen arabera:

II. eta III. mailetako langileak

Urtebetetik goitiko kontratuetarako, bi hilabete.

Hiru hilabete baino gehiago eta urtebete baino gutxiagoko kontratuetarako, hilabete bat.

Hiru hilabete baino gutxiagoko kontratuetan probaldia zuzenki proportzionala izanen da hiru hilabeteko kontratua hilabeteko probaldia erlazioarekin.

I. mailako langileak

Hamabost egun.

Espezialitate berri baterako kontratatzen ahal diren irakasleek, lanbide arlo berean bada ere, maila horretarako ezarritako probaldia bete beharko dute.

14. artikulua. Kontratazio motak.

Badira lanak edo jarduerak berez iraunkorrak edo mugagabeak ez direnak eta programazioak eta hitzarmenak egin behar dira entitate publiko edo pribatuekin aurrera atera ahal izateko. Hori guztia kontuan harturik, kasu horietarako legeak ezarri dituen kontratu motak erabiltzen ahal dira, eta langileen legezko ordezkariei horren berri emanen zaie. Ondoko irizpideei jarraikiz, kontratu mota hauek lehenetsiko dira:

_Obra eta zerbitzu jakin baterako kontratua. Obra edo zerbitzu jakin bat egin nahi denean eta Fundazioaren ohiko jardueraren edo jardueren aldera autonomia edo munta propioa duenean. Kontratu horietan zehatz-mehatz adieraziko da zer lan edo zerbitzutarako kontratatzen den, zer kontratazio mota, iraupena, lansaria eta lan baldintzak.

_Bitartekotasun edo ordezpen kontratua. Fundazioan lanpostua erreserbatzeko eskubidea duten langileen ordezpenak egiteko erabiliko dira. Kontratuan ordeztu den pertsonaren izena eta ordezpenaren arrazoia adieraziko dira, eta kontratu mota hori arautzen duten legeetan xedatutakoa aplikatuko da.

_Aldi baterako kontratuak. Eginbeharren edo jardueren metaketa gertatu eta produkzioaren egoera espezifikoak sortzen direnean eginen dira aldi baterako kontratuak. 2720/98 E.D.ak arautuko ditu kontratu hauek, gehieneko iraupenari dagokiona izan ezik: gehieneko iraupena 12 hilabetekoa izanen da 18 hilabeteko tarte batean.

Betiere, kontratu mota hauen araudia errespetatu eginen da.

_Praktikaldiko kontratuak. Hitzarmen honek indarra duen bitartean, 488/98 E.D.an eta abenduaren 26ko 63/97 Legean ezarritako kontratazio motak (praktikaldiko kontratuak) egiten ahalko dira, prestakuntza tresna eraginkor gisa lan merkatuan sartu ahal izateko. Langileen ordezkariekin ados jarri eta gero, eranskineko taulan finkatu diren maila eta kategorietan ezarritakora moldatuko dira.

Kontratuaren gehieneko iraupena urtebetekoa izanen da, luzaezina, eta kontratazioak, gehienez ere, plantillaren 100eko 5 izanen dira.

Fundazioko patronatuak konpromisoa hartzen du laneko egonkortasunaren bide sistema aztertzeko, lan harremanetarako marko iraunkorra sortzen lagundu dezan, betiere atal honetan arauek diotenari men eginez.

Hala ere, Tailer-eskola eta Enplegu-tailerretako ikasleei prestakuntza/ikasketa kontratua 12/2001 Legean eta L.E.aren 11.2 artikuluan xedatzen den bezalaxe aplikatuko zaie.

15. artikulua. Lan harremanak etetea.

Langileak lana utzi behar duenean Fundazioak idatziz emanen dio abisua gutxienez 15 egun lehenago, kontratazio mota edozein dela ere, bai eta, ahal baldin bada, obra eta zerbitzu jakin baterako kontratuen kasuan ere. Gaztiguan kontratua bukatzean jasoko den finikitoaren berri emanen zaio langileari. 15 egun baino gutxiagoko kontratuetan ez da abisurik eman behar.

Lana langileak berak utzi nahi duenean, Fundazioari gaztigua igorriko dio irizpide hauei jarraikiz:

_Hiru hilabete baino gutxiagoko kontratuen kasuan, langileak gutxienez astebete lehenago eman behar du abisua.

_Sei hilabete bitarteko kontratuen kasuan, langileak gutxienez 10 egun lehenago eman behar du abisua.

_Sei hilabete baino gehiagoko kontratuen kasuan, langileak gutxienez 15 egun lehenago eman behar du abisua.

Langileak abisua behar den denborarekin emateko obligazioa betetzen ez badu, Fundazioak eskubidea izanen du haren likidaziotik egun bat deskontatzeko abisuaren atzerapenaren egun bakoitzeko.

Fundazioak egiten duen lana uzteko jakinarazpen edo abisu guztiekin batera likidazio proposamena ere igorriko du. Ez da beharrezkoa abisua edo jakinarazpena langileak berak egiten badu.

Langileak hala nahi izanez gero, langileen ordezkari batek lagundurik egoten ahal da finikitoa sinatzeko ekitaldian. Langileak finikitoa sinatu ondotik, konpromiso guztietatik libre geldituko da.

Denbora jakin baterako kontratuak bukatzen direnean finikitoa jasotzeko eskubidea dago eta bilduko ditu lan egindako denborari dagozkion aparteko lansarien eta gainerako ordainsarien zati proportzionalak. Modu hainbanatuan jaso baldin badira, ez dira orain jasoko.

16. artikulua. Prestakuntza eta ikerketak.

Fundazioak eta Lan Batzordeko kideek -hauek prestakuntza planak gauzatzeko informazioa, aholkularitza eta orientazio irizpideak ekarriko baitituzte-aldian-aldian eginen diren prestakuntza jarduerak erabakiko dituzte.

Ikastaro horiek antolatzeko, Fundazioa eta langileen ordezkariak ados jarriko dira, ahal dela Fundazioaren egitekoak eta jarduerak deusetan ukitu gabe.

Prestakuntza eta birtziklapen ikastaroak lan orduetan egiten direnean, asistentzia nahitaezkoa da. Norberaren lantokitik kanpoan baldin bada, sortzen diren gastu guztiak Fundazioak hartuko ditu bere gain.

Edozein lantokitan eta lan orduetatik at egiten baldin badira, asistentzia borondatezkoa izanen da.

Fundazioko langileek lanalditik at 40 eskola ordu ematen ahal dituzte gehienez ere. Prestakuntza jarduera horiek emateko pertsonen hautapena irakasleak hautatzeko ezarritako irizpideen arabera eginen da. Lanaldian emandako prestakuntzak Fundazioaren onura elikatuko du.

17. artikulua. Laneko mailaz igotzea.

Mailaz igotzea. Irakasleak ez diren langileak goragoko lan kategorietara pasatzen saiatzen ahalko dira Fundazioak ezarritako lan antolamenduaren beharrek hala eskatzen dutenean.

Langileak mailaz igotzeko bidea ematen duten irizpideak ondokoak dira:

Igoeraren xede den kategoriaren eskakizun akademiko eta profesionalak (II. eranskinean daude).

Merezimenduen lehiaketa: kontuan hartuko du igo nahi den kategoriari lotutako prestakuntza osagarria eta kategoria berdintsuetan daukaten lan eskarmentua.

Izangaien arteko hautapen proba espezifikoa.

Lan antolamenduaren beharrek hala agintzen dutenean, Fundazioak izangaien kopurua mugatzen ahal du bai eta parte hartzen ari diren lurralde edo departamentuak ere.

Igoerak aplikatu eta gauzatzeko, arau hauei jarraituko zaie:

Maila igoeraren datuak Fundazioak erabili ohi dituen hedabideetan argitaratzea, eta jakinarazpena izan eta eskabideak aurkezteko azken eguna 3 egun baliodun tartekatuko dira; hautapen probak egiten baldin badira, jakinarazpen horretan berean adieraziko dria paratu diren hautapen irizpideak, bai eta proba eginen den eguna, ordua eta tokia ere.

Fundazioak Lan Batzordeari probak egin dituzten pertsonak, egindako ebaluazioak eta hautatutako izangaiak jakinaraziko dizkio.

Aurreko irizpide horiek ez dira aplikatuko Fundazioak, hartutako erabaki ponderatu baten bidez, langile bat igotzen baldin badu, betiere goratu beharreko langileak merezimenduak eta irizpide profesionalak baldin baditu. Maila igotze horiek egin aurretik Lan Batzordeari haien berri emanen zaie.

18. artikulua. Kategoria handiagoko edo txikiagoko lanak.

Lan kontratuaren arabera lan kategoria bat duten langileei Fundazioak, espresuki jakinarazi ondotik, lan kategoria altuago bateko eginkizunak esleitzen badizkie eta sei hilabeterako, jarraian, bada edo urte batean tarteka sei hilabete betetzen badira, kategoria altuago hori onartu eginen zaie.

Aurreko lerroaldean aipatzen den jakinarazpena egin baldin bada, langilea lansariaren diferentzia kategoria altuagoko lanak egiten hasten den momentutik kobratuko du.

Langileak uste baldin badu kategoria altuagoko lanetan aritu dela artikulu honetan paratutako denbora tarteetan, eta Fundazioak espresuki jakinarazi ez baldin badio, Fundazioari erreklamatzen ahalko dizkio egoki jotzen dituen onurak Lan Batzordearen bitartez.

Produkzioan denbora baterako edo ustekabeko beharrak sortu eta Fundazioak langile bat kontratukoa baino kategoria baxuagoko eginkizunak betetzera bidali behar baldin badu, behar den denboran bakarrik arituko da eginkizun horietan eta kontratuko lansariak eta bere kategoriatik heldu diren gainerako eskubideak izanen ditu. Aldaketa hori Lan Batzordeari jakinaraziko dio Fundazioak.

19. artikulua. Lanaldia.

Irakasle ez diren langileak

Lan Hitzarmen honek eta, zehatzago, artikulu honek indarra duten bitartean, irakasle ez diren langileek urtean 1.620 orduko lanaldia beteko dute.

Eguneko lanaldi jarraia sei ordutik goitikoa den kasuetan, atsedenaldiko 20 minutuak lanaldiaren barrenean eginen dira. Lanaldi arrunta astelehenetik ostiralera izanen da. Lanaldi zatituetan langileak 5 minutuko 3 atsedenaldi izanen ditu, 2 goizean eta 1 arratsaldean.

Fundazioak, ezarritako lanordu kopurua errespetaturik, Lan Batzordearen bitartez jakinaraziko du urte sasoi bakoitzean dauden programazioen arabera zein den ordutegi egokiena, eta urteko sasoi batean lan egindako ordu sobera atsedenarekin konpentsatuko dira lan gutxiagoko sasoietan.

Ekainaren hondar astean eta uztailean eta abuztuan lanaldi trinkoa eginen da eta, behar izanez gero, produkzioaren eta zerbitzuen beharrak betetzeko behar diren txanda eta guardiak ezarriko dira.

Irakasleak

Lan hitzarmen honek indarra duen bitartean, irakasleek astean gehienez ere 25 eskola-orduko lanaldi arrunta izanen dute. Langile horiendako lanaldi partzialeko kontratuetan proportzio hori mantenduko da eta 25 orduak izanen dira lanaldi osoaren erreferentzia.

Programazioen beharren arabera, eskola emateko lanaldia zabaltzen ahal da, langileen lege ordezkariei horren berri eman ondoren.

20. artikulua. Lan egutegia eta ordutegia.

Bertako patroiaren festak oporraldietan dituzten herrietan, lanegun batzuk aukeratuko dira, langileen eta Fundazioaren artean ados jarrita, haiekin trukatzeko.

Artikulu honen aplikazioa eta garapena bat etorriko dira 19. artikuluan ezarritakoarekin.

Urteko lan egutegia eta ordutegia egitean, toki bakoitzeko jaiak eta jai ofizialak kontuan hartuko dira, eta horietaz gainera, beste jaiegun batzuk ere hartzen ahal dira, baina hauek errekuperatzeko jaiak izanen dira.

Laneko ordutegi arrunta ondoko hau izanen da:

_Astelehenetik ostegunera, 9:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:45era.

_Ostiraletan, 8:30etik 14:30era.

_Astean behin eta antolamenduaren eta langileen errotazioaren irizpideei eutsiz: 9:00etatik 16:00etara.

_Lanaldi trinkoan: 8:30etik 14:30era edo 8:15etik 14:15era.

Enpresaren beharrak direla-eta, Fundazioak langileendako beste ordutegirik ere ezartzen ahal du, baina bakoitzari berea emanen zaio behar horien arabera.

21. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek eskubidea dute laneko urte bakoitzeko 24 laneguneko opor ordainduak izateko, edo zati proportzionala Fundazioan kontrataturik egondako denboraren arabera. Betiere, urte naturalaren barrenean hartuko dira, eta inola ere ez dira ekonomikoki konpentsatuko.

Oror har, oporrak ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte hartuko dira, zerbitzuaren beharrek beste hilebete batzuetan hartzea agindu ezik. Urte bakoitzeko maiatzaren 20an, beranduenez, eta lan egutegian ezarritakoa kontuan harturik, Nafarroako Forem zentro guztietako langile kontratatuek oporrak noiz eta nola hartu finkaturik egonen da. Fundazioaren eta langileen lege ordezkarien arteko akordioa izanez gero, oporraldia bi zatitan partitzen ahalko da, kontuan hartu gabe Fundazioak eskualde bakoitzean ezartzen duen oporraldi finkoa (Forem zentro bakoitzaren herriko zaindariaren festekin bat etortzen da). Gainera, langileek oporralditik kanpoko 5 egun hartzen ahalko dituzte, 3 alditan gehienez ere, betiere Fundazioko arduradunekin ados jarri eta gero. Egun horiek, beranduenez, azaroaren 30erako finkatu behar dira, hala egin ezean ez baitira hartzen ahalko.

Langileen kontratuak egiten direnean, kasu eman beharko da dagozkien oporrak kontratuaren iraupenaren barrenean har ditzaten.

Eritasun edo istripu larri batek eragindako aldi baterako ezintasuna, ospitalizazio agiriekin, oporren aurretik gertatzen bada, ez dira nahitaez hartu beharko eta langileek eskubidea izanen dute oporraldi berria seinalatzeko, sendagiria eskuratutakoan, betiere urte naturalaren barrenean. Eritasun edo istripu larri batek eragindako aldi baterako ezintasuna, ospitalizazio agiriekin, gertatzen den kasuetan, oporraldia hasia baldin bada ez da oporren etenaldirik izanen.

Amatasun bajen kasuan, oporrak lan egutegi negoziatuan ezarritako alditik kanpo hartzen ahalko dira eta amatasun bajaren ondotik hartuko dira. Kasu honetan, halaber, nahitaezko oporraldia ez da kontatuko eta ondoren hartuko da.

22. artikulua. Baimen ordainduak eta ordaindu gabeak.

Baimen ordainduak

Langileak, jakinarazi eta justifikatu ondotik, eta ahal den guztietan idatziz eskaturik, lanetik kanpora joaten ahal dira, kobratzeko eskubidearekin, ondoko kasu hauetan:

_15 egun natural ezkontzagatik edo sexu bereko edo desberdineko pertsona batekin elkarrekin bizitzen hasteagatik. Bi kasuetan Fundazioak eta langileen lege ordezkariek erabakiko dute nola egiaztatu.

_3 egun natural andrea edo neska-laguna erditzeagatik.

_3 egun natural lehenbiziko graduko odol bereko edo ezkontzako ahaide bat hil, istripua edo eritasun larria edo ospitalizatua izateagatik, eta 2 egun natural bigarren graduko odol bereko edo ezkontzako ahaidea denean.

_1 egun natural ohiko bizilekuz aldatzeagatik.

_1 egun natural lehenbiziko graduko odol bereko edo ezkontzako ahaide bati ebakuntza anbulatorioa egiteagatik.

_1 egun natural lehenbiziko graduko odol bereko edo ezkontzako ahaide bat ezkontzeagatik, ekitaldia lanegunean egiten baldin bada.

_Erabilera libreko 2 egun, Fundazioko arduradunei eskatu eta justifikatu ondotik.

Aurreko kasuetan langilek 200 kilometro edo gehiego egin behar badu, baimenek beste egun natural bat izanen dute.

_Eginkizun sindikalak edo ordezkaritzakoak egiteko behar den denbora, legeak eta hitzarmen honek xedatzen dutenari jarraikiz.

_Beharrezkoa den denbora kontsulta medikora joateko. Kontsultatik zer ordutan atera eta lantokira zer ordutan iritsi den adierazten duen agiria aurkeztu beharko da.

_Toxikomaniaren batek edo alkoholemiak jotako langileek baimen ordaindua izanen dute agindu eta justifikatutako tratamendua jarraitzeko behar den denbora hartzeko, betiere aldi baterako ezintasuna onartu ez baldin bazaio.

_Euren ardurapean adin txikiko seme-alabak dituzten langile guztiek programatu gabeko eta aski justifikatutako kontsulta medikoetara laguntzeko behar duten denbora hartzen ahalko dute. Kontsulta programatzen ahal baldin bada, langileak erabilitako orduak errekuperatu beharko ditu.

_Saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denbora, betiere egiaztagiria aurkeztuz gero.

_Langile baten eta/edo bere bikotekidearen ugalkortasunik ezaren ondorioz ernalketa lagunduaren teknikak jasotzea erabakitzen badute, baimen ordaindua izanen dute behar den denbora hartzeko.

_Orobat, langile haurdunen kasuan baimen ordainduak emanen dira medikuek agindutako azterketak egiteko eta erditzea prestatzeko gimnastika saioetara joateko, beharrezkoa den kasuetan, eta betiere aurretik jakinarazirik eta lanorduetan egin behar dela justifikaturik.

_Bederatzi hilabete baino gutxiagoko semea edo alaba izateagatik, langileek lana ordubete uzteko eskubidea dute, lanaldian zehar aukeratzekoa. Langileak berak hala nahi baldin badu, eskubide hori erabili beharrean eta xede berarekin, lanaldia ordu erdia murrizten ahal du, lanaldi murriztuan, eta ordubetea, lanaldi osoan. Baimen hori hartzeko eskubidea badu aitak zein amak. Halaber, amak bularra emateko dagozkion orduak biltzen ahal ditu eta amatasun bajari beste 2 aste atxikiko zaizkio.

Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek zortzi urte bitarteko haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat -odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa-zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du.

Atal honetan ezartzen den lanaldi murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, norberarena, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, horrelako pertsona jakin bat zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, Fundazioak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

Haurrari esnea emateko baimenaren eta lanaldi murrizketaren orduak eta epealdia zehaztea (artikulu honetako aurreko atalak) langileari dagokio, bere lanaldi arruntaren barruan betiere. Langilea eta Fundazioa ados jarriko dira baimen horretaz baliatzeko gutxieneko eta gehieneko epeez, langilearen urteko programazioa egin ahal izateko.

Araudiari jarraikiz, murrizketa 1/3tik 1/2ra bitartekoa izan daiteke. Nafarroako Gobernuak, urriaren 3ko 105/2002 Foru Aginduaren bidez (2002ko 126. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, urriaren 18koa), seme-alaben zaintza dela medio lanaldia erdira murrizten duten langileei dirulaguntza ematen diela lehenbiziko urtean, hilabetean gehienez ere 125 euro.

Foremek lanaldi murrizketa behar duten langileei lagundu nahi die eta, horrela, 105/2002 Foru Aginduaren osagarri gisa, lehenbiziko urtean gobernuaren laguntzari 60 euro erantsiko dizkio, lanaldi erdiko murrizketetan. Bigarren urtetik seigarrenera bitarte neurri honen babespean dauden langileei Foremek 125 euro emanen dizkie lanaldi erdiaren osagarri gisa. Lanaldi horrek ez du etenaldirik izanen langilea amatasun bajan dagoen bitartean.

Neurri hori Gobernuak bigarren urtetik seigarrenera bitarteko aldira ere zabaltzen baldin badu, Foremek 60 euro gehituko dizkio. Neurri horren babespean egon ahal izateko murrizketa, betiere, lanaldi erdikoa izanen da eta ordainketa langilearen eta Fundazioaren artean ordutegiaz ados jartzen direnean hasiko da. Laguntza honetarako eskabideak Fundazioaren Kudeaketa Arloaren bidez izapidatzen ahal dira.

Umea goiztiar jaio delakoz edo beste edozein arrazoirengatik erditzearen ondotik ospitalizaturik egon behar duten seme-alaben kasuan, bai aitak bai amak eskubidea izanen dute lantokia ordubete uzteko. Orobat, lanaldia bi ordutan, gehienez, murrizten ahal dute, eta lansaria ere proportzionalki murriztuko zaie.

Hitzarmen honetan adierazten ez denaren gainean, men eginen zaio Langileen Estatutuan eta gainerako lege araudietan xedatutakoari.

Ordaindu gabeko baimenak

Salbuespen gisa eta aski justifikatutako arrazoiak direla kausa, ordaindu gabeko baimenak eskatzen ahal dira, sei hilabete baino txikiagokoak. Langileak eskatu egin beharko du hamabost egun aurretik. Langileen ordezkariei entzun eta gero baimena eman edo ukatu eginen da.

Semearen edo alabaren eritasun larri edo luzearen kasuetan, soldatarik gabeko behar adina egun izanen dira eta behar den denboran, baina 6 hilabeteak gainditu gabe. Lana uztea justifikatu beharko da.

Ezkontidearen, bikotekidearen edo 1. edo 2. graduko ahaide baten eritasun larri edo luzea gertatzen bada eta egoera horretan eria zaindu behar baldin bada, soldatarik gabeko baimenak behar den denbora hartuko du, sei hilabete gainditu gabe.

Langileak lanpostuari lotutako eta lanaldian egiteko etengabeko prestakuntzako ikastaro batera joan nahi badu, Fundazioari jakinaraziko dio eta, kasua aztertu ondotik, honek baimena eman lezake. Hala gertatuz gero, denboraren 100eko 50 Fundazioaren kargura joanen da eta beste 50 langilearen kontura.

Halaber, ordaindu gabeko baimenak eskatzen ahal dira azterketak prestatzeko, eta Fundazioaren antolamenduan aukera baldin badago eman eginen dira. Ez dira hilabetea baino luzeagoak izanen.

23. artikulua. Eszedentziak.

Nahitaezko eszedentzia.

Nahitaezko eszedentzia kargu publiko edo sindikal baterako izendatua izatean emanen da, eta bukatutakoan lanpostura automatikoki itzultzeko eskubidea dakar berarekin. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta, gehienez ere, hurrengo hilabetearen barnean eskatu beharko da.

Eszedentzia berezia.

_Langileek eskubidea dute hiru urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak, adoptatuak edo etxean hartuak izan, eta adoptatu aurreko harrera-fasean nahiz era iraunkorrean egon. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

_Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat - odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa-zaindu behar duten langileek. Gehienez ere urtebetekoa izanen da.

Atal honetan ezartzen den eszedentzia langile bakoitzaren eskubidea da, norberarena, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Halako pertsona jakin bat zaintzeko eskubidea Fundazioko bi langilek edo gehiagok izaten badute, entitateak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago. Kasu horietan jakinarazpena igorriko da gehienez ere 15 egunetan.

Beste subjektu eragile batek eszedentzialdi berri bat sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.

Langilea eszedentzian, edozeinetan, dagoen bitartean lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izanen du, eta Fundazioak eginen dio deia, bereziki lanean berriz hastekoten dagoenean. Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epea akituta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliakidekoa izanen da.

Aparteko kasuetan, urtebete baino denbora gutxiagoko eszedentziak ematen ahal dira.

Borondatezko eszedentzia.

Borondateko eszedentzia Fundazioan urtebeteko antzinatasuna, bederen, daukaten langile guztiek eskatzen ahal dute. Ez da izanen urtebete baino gutxiagokoa ez eta hiru urte baino gehiagokoa ere. Eszedentzia horrek ez du inongo lansaririk jasotzeko eskubidea ematen eta haren denbora ez da inon ere kontatuko.

Borondatezko eszedentziarako eskubidea aurreko eszedentziaren bukaeratik lau urte iragan arte ezin da berriz erabili.

Borondatezko eszedentziaren eskabidea idatziz eginen zario Fundazioko Zuzendaritzari, eta modu horretantxe ere erantzunen du, eman ala ez eman. Kasu horietan jakinarazpena igorriko da gehienez ere 15 egunetan.

Borondatezko eszedentzietan, urtebetekoetan lanpostura berehala itzuli beharko da eta itzulera eszedentzia bukatu baino hilabete bat lehenago idatziz eskatu beharko da. Lehenbiziko urtetik aurrera, itzulera lanpostu huts bat dagoenean gertatuko da.

Lehenbiziko urtean lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du. Epea akituta, gordeko zaion lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliakidekoa izanen da.

24. artikulua. Lansariak.

Irakasle ez diren langileek hilabetero jasoko dute lansaria, I. eranskinean dagoen taularen zenbatekoen arabera.

Etengabeko Prestakuntzako, Lanerako Prestakuntzako eta beste programazioetako irakasleek programazio bakoitzaren arautegian eskola emateko kostuei buruz ezarrita dagoenaren arabera jasoko dute lansaria. Irakasleen kasuan, lansariak bilduko ditu aparteko soldaten zati proportzionalak.

Orobat, kontratua bukatzeagatiko kalteordaina eta indarra duen legerian ezarritako ordainketa guztiak ere bilduko ditu.

Irakasle ez diren langileek hilabeteko lansaria aurreratzeko eskatzen ahal dute, gehienez ere jasoko duen lansari garbiaren 100eko 50.

Irakasle ez den langileak, Fundazioan urtebetetik goiti ari baldin bada lanean, hiru hilabeteko, gehienez ere, lansarien balioko mailegu bat eskatzen ahal du, urtebetean itzultzeko, hilabetean kuota finko bat ordainduz. Aldi baterako kontratua daukaten eta irakasle ez diren langileek ere eskatzen ahal dute mailegua baina osoa itzuli beharko dute kontratua bukatzen zaien egunerako.

Kanpoko entitate pribatu edo publikoekin lankidetza hitzarmenak edo akordio inplizituak sinatzekotan, Fundazioak kontratuak egiten ahalko ditu lankidetza hitzarmen horietan ezarritako lansariekin.

25. artikulua. Aparteko pagak.

Aparteko bi paga ezartzen dira. Horietako bakoitza hilabeteko oinarrizko lansaria adinakoa izanen da. Paga horiek ekainean eta abenduan emanen dira, hilabetearen 15etik 20ra bitarte, eta aurreko seihilabeteko naturalean lan egindako denboraren arabera, proportzionalki, ordainduko dira.

Aldi baterako kontratua daukaten langileak, finikitoari eta aparteko pagen ordainketari dagokienez, 15. artikuluak xedatzen duenak arautuko ditu.

Urte bateko edo gehiagoko kontratua duen edozein langilek aparteko bi pagen zenbatekoa aurreratu diezaion eskatzen ahal du eta baita Fundazioak onartu ere. Behar den egunean, izan daitezkeen igoerengatik sortutako diferentziak ordainduko dira.

26. artikulua. Aparteko eta gaueko orduak.

Aparteko orduak salbuespen eta mugatuak dira.

Aparteko orduak dira urteko lanaldiaren gehieneko iraupenaren gainetik lan egiten direnak, betiere Alor bakoitzeko langile arduradunen baimenarekin.

Atseden ordainduaren denbora berdinarekin eta 100eko 50 gehiturik, konpentsatzen ahal da.

Lanaldi partzialean kontratatutako langileak orduak sartzen ahal dituzte eta kontratuko orduak baino ordu gehiago sartzen badituzte, ordu horiek osagarriak balira bezala kontsideratuko dira.

Aparteko orduetan lan egitea borondatezkoa izanen da.

Aparteko orduen erregistroa Fundazioko zuzendaritzak prestatu eta Lan Batzordearekin ados jarritako ereduetan eginen da.

Gaueko 10etatik goizeko 6etara bitarteko lanaldiak, lana berez gauean egitekoa izateagatik propio ezarritako lansaria izan ezik, berariazko ordainketa izanen du eta oinarrizko soldatari 100eko 25 gehituko zaio.

27. artikulua. Dietak.

Lana dela medio, euren helbidetik kanpo gosaldu, bazkaldu, afaldu edo lo egin behar duten langileek honako dieta hauek izanen dituzte:

Gosaria: 3 euro.

Bazkaria: 12 euro.

Afaria: 12 euro.

Logela: 30 euro.

Nolanahi dela ere, ordaindu aurretik frogagiriak aurkeztu beharko dira.

28. artikulua. Garraiorako plusa.

Zerbitzuaren beharrak direla-eta, lantokitik atera eta euren ibilgailua erabili behar duten langileei 0,24 euro ordainduko zaie kilometroko, bakoitzaren lantokitik kontaturik.

29. artikulua. Eritasun, istripu edo amatasun osagarriak.

Fundazioak Gizarte Segurantzaren prestazioak osatuko ditu ondoko kasuetan: eritasun arrunta, lanetik kanpoko istripua, lan istripua, lanbide eritasuna eta/edo haurdunaldiko eta haurra jaio ondoko arriskuak. Langilea egoera horretan dagoen bitartean, bajaren lehenbiziko egunetik, lansariaren ehuneko ehunerainoko osagarria jasoko du.

30. artikulua. Amatasunaren babesa lantokian.

Haurdun edo bularra ematen ari den langilearen egoera bereziari kasu eginez, Fundazioak haurdunaldirako edo bularra ematerako kaltegarri izan daitekeen lanpostua aldatzeko erraztasunak ematen ditu, lansaria, kategoria edo gero batean aurreko lanpostura itzultzeko eskubidea deusetan ukitu gabe.

Haurdunaldian edo bularra eman bitartean debekatua izanen da lan toxiko, nekeza edo arriskutsuak egitea.

31. artikulua. Lan osasuna.

Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko Legea aplikaturik (azaroaren 8ko 31/1995 Legea), sinatu duten alderdiek bi hilabeteko epean Segurtasun eta Osasun Batzordea sortzea erabaki dute. Lau kide izanen ditu, bi Fundazioan aldetik eta bi langileen aldetik. Segurtasun eta Osasun Batzordea parte hartzeko organo paritario eta kolegiatua da enpresako Zuzendaritzaren jarduera aldian behin aztertzen duena, arriskuen prebentzioaren arloan. Batzordeak bere funtzionamendu arauak prestatuko ditu.

Segurtasun eta Osasun Batzordearen eskumen eta ahalmenak Aurrea Hartzeari buruzko Legearen 39. artikuluari lotuko zaizkio.

Batzorde hori iraunkorra eta bakarra izanen da hitzarmenaren arlo guztietarako. Lau hilabetean behin bilduko da edo, hala behar duen gertakari bat badago, alderdietako edozeinek eskaturik.

32. artikulua. Aukera berdintasuna.

Aukera Berdintasunerako Batzordea sortu da eta kideak izanen dira bi pertsona langileen ordezkari, Lan Batzordeak izendatuak, eta bi pertsona Fundazioaren ordezkari, Fundazioak berak izendatuak. Batzordeak xedeak ditu ekintza positiboetako neurriak sustatu, proposatu, negoziatu eta ezartzea eta diskriminaziorik ezaren eta aukera berdintasunaren printzipioak bermatzea.

Batzorde hori iraunkorra eta bakarra izanen da hitzarmenaren arlo guztietarako. Bi hilabetean behin bilduko da edo, hala behar duen gertakari bat badago, alderdietako edozeinek eskaturik.

Foremeko langileen lan-bizitza eta bizitza pertsonala ongi uztartzea xede, Fundazioak ondoko ekintza positiboak ezarri ditu lanaldia malgutzeari buruz:

32.1. Norberaren lan ordutegiaren malgutzea, ordu erdikoa (goiti beheiti) sartzean/ateratzean afera pertsonal-familiarrengatik, baldin eta egoerak denboran irauten badu eta langilea lanean egoki hastea modu larrian eragozten badu. Adibidez: ahaide bat eguneko zentro batera egunero laguntzea, seme-alabak eskolara edo ikastolara egunero laguntzea, errehabilitaziora aldian-aldian joan behar izatea, e.a.

_Aurkezteko prozedura:

Baimen hau eskuratu nahi duen langileak, aurretik, behar den denborarekin, idatziz eskatu beharko du:

.Eskatu nahi den ordutegiaren proposamena eta zerk eragiten dion, aski justifikaturik.

.Eginen lukeen ordutegiaren xehetasun guztiak eta zenbat denbora iraunen lukeen.

Gainera, egoera horretan inplikaturik dagoen erakunde/entitate ofizialaren egiaztagiria ere aurkeztuko da.

32.2. Norberaren lan ordutegiaren malgutzea, eta seme-alabak haurtzaindegietan, haur eskoletan edo eskoletan daukaten egokitzealdiko orduak errekuperatzea.

_Aurkezteko prozedura:

Eskolako edo haur eskolako egokitzealdian bere semea edo alaba lagundu nahi duen langileak aurretik, behar den denborarekin, idatziz eskatuko du:

.Laguntza horretarako behar dituen orduen proposamena.

.Eginen lukeen ordutegiaren xehetasun guztiak eta zenbat denbora iraunen lukeen.

.Eta orduak errekuperatzeko proposamena.

Proposamen horretan langileak ordu muga izanen du bere eskabidean, muga hori egokitzealdirako behar diren ordu guztien 100eko 50 izanen da, eta arrazoia da erantzukizun hori aitaren eta amaren artean zuzenki partitu behar dela.

Gainera, ikastetxean egokitzealdirako ezarri diren aldiak-etapak-orduak bilduko dituen egutegi adierazgarria ere aurkeztuko da. Egutegi-agiri horrek ikastetxekoa bertakoa behar du izan.

32.3. Egoera pertsonal edo familiarra dela medio, behar den bezala justifikaturik, langileen ordutegia banan-banan aldatu edo malgutzea.

_Aurkezteko prozedura:

Baimen hau eskuratu nahi duen langileak, aurretik, behar den denborarekin, idatziz eskatu beharko du:

.Eskatu nahi den ordutegiaren proposamena eta zerk eragiten dion, aski justifikaturik.

.Eginen lukeen ordutegiaren xehetasun guztiak eta zenbat denbora iraunen lukeen.

Gainera, egoki juzgatzen diren egiaztagiri guztiak ere aurkezten ahal dira.

Kasu horietan guztietan berdintasun batzordeak kontuan hartuko du familia unitatea osatzen duten pertsonen arteko banaketa orekatua, edo kontraproposamena eginen du, inplikatutako alderdi guztien elkarren arteko erantzukizuna.

Departamentu bereko bi edo langile gehiagok ordutegi aldaketa eskatzen badute, berdintasun batzordeak ebatziko du, Fundazioko zuzendaritzarekin batera.

Berdintasun batzordea, zuzendaritzarekin eta lan batzordearekin batera, organo egokiak dira eskabideei baietza edo ezetza emateko, inplikatuekin kontsulta egin eta zuzenketa edo kontraproposamena egin eta ondoan, jakina.

33. artikulua. Osasun azterketa.

Fundazioan lan egiten duten pertsona guztiek urtero osasun azterketa egiteko eskubidea daukate. Hala eskatzen duten gizonezkoei eta emakunezkoei azterketa urologiko eta ginekologikoa, hurrenez hurren, eginen zaie. Azterketa horietan, eta erranen den moduan eta denboran, lantokiko arrisku faktoreei dagozkien berariazko probak eginen dira. Horretarako, hitzartutako Mutuarekin berariazko protokoloa negoziatuko da.

Protokolo horrek kontuan hartuko ditu lanpostu bakoitzaren berariazko arriskuak. Protokoloa Fundazioko Prebentzio Planean sartuko da.

Fundazioak Lan Batzordeari kontsulta eginen dio Mutua kontratatzeko erabakia hartu baino lehen. Langile bakoitzari egin zaion azterketa medikoaren kopia ulergarria emanen zaio. Nolanahi dela ere, txosten klinikoa langilearen intimitatekoa da eta, halakoa delakoz, behar du babestua izan.

34. artikulua. Pentsio plana.

Fundazioak bi urteko antzinatasuna, gutxienez, jarraian daukaten langile guztiei pentsio plan bat prestatuko die.

Fundazioaren ekarpenak hilabetean eta langile bakoitzeko honako hauek izanen dira: 2005ean 17 euro, 2006an 18 euro, 2007an 19 euro eta 2008an 20 euro.

Barreneko funtzionamendua dela medio, Fundazioak planaren entitate sustatzailearekin erabakiko du ordainketak noizero eginen diren, hau da, hiru hilabetean behin, sei hilabetean behin edo urtean behin izaten ahalko dira.

Beste aldetik, Lan Batzordeak eta Fundazioko zuzendaritzak plan horren funtzionamendurako erregelamendua erabakiko dute. Eta agiria prestatutakoan planaren onuradunei emanen zaie.

35. artikulua. Lekualdatzea.

Langileen Estatutuaren 20. artikuluak xedatzen duenari men eginen zaio. Antolamenduaren arrazoiak direla kausa, Foremek Nafarroan daukan hedapen geografikoari kasu eginez eta Lan Batzordeari jakinarazi ondotik lekualdatze bat egiteko baimena ematen denean, langileak eskubidea izanen du lekualdaketa eta gastuen ordainean konpentsazioa aukeratzeko, edo kontratua iraungi eta finkatuko den kalteordaina jasotzeko, arrazoi teknologiko edo ekonomikoengatik egindako iraungipen baimendua balitz bezala.

Lanpostu berrian hasteko epea finkatuko da, betiere 30 egun edo gehiago.

36. artikulua. Eskubide sindikalak.

Langileek eskubidea izanen dute hilabetean ordu bat, ordaindua eta metagarria, hartzeko lanorduetan batzarreak egiteko.

Lanorduetako batzarreak Langileen Estatutuaren 77. artikuluan ezarritako irizpide eta bermeen arabera eginen dira.

Fundazioak Lan Batzordeari programazio guztietan izandako jarduera eta kudeaketa jakinaraziko dio eta emaitzen kontua, balantzea eta txostena emanen. Orobat, urtero Fundazioaren aurrekontuen eta balantzeen kopiak igorriko zaizkio.

Langileen lege ordezkari bakoitzak Langileen Estatutuaren 68.e) artikuluan ezarritako hilabeteko ordu kopuruen kreditua izanen du. Fundazioarekin ados jarri ondotik, orduak eskualdatu eta metatu daitezke, guztiak edo parte, batzordekide batenak edo batzuenak.

Fundazioan hauteskunde sindikalak egiten direnean, hautagai izaten ahalko dira, lan hitzarmen honen arabera, hemezortzi urtez goitiko langileak, Fundazioan, sei hilabeteko antzinatasuna, bederen, baldin badute.

Martxoaren 24ko 1/1995 Legea betez, kontratazio gaietan langileen ordezkariei guztiaren berri emanen zaie. Orobat, eta Langileen Estatutuaren 64.1 artikulua betez, Lan Batzordearen eskumenei dagokienez.

Lan Batzordeak jarri diren zehapen guztien berri izanen du, haien gradua zeinahi dela ere eta gauzatu aurretik.

Arau-hauste larrietatik aitzina, zehatu baino lehen alde biko espedientea irekitzea nahitaezkoa izanen da, langilea langileen ordezkaria izan ala ez.

37. artikulua. Sindikatuko kuota.

Langileak hala eskaturik, Fundazioak nominatik sindikatuko kuotaren zenbatekoa kenduko du eta Sindikatuak emandako kontuan sartuko du.

38. artikulua. Lanaren antolaketa praktikoa

Lan baldintzak aldatzeko Langileen Estatutuan (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretua) orokorrean ezarritakoari men eginen zaio.

39. artikulua. Langileen hutsegiteak.

Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta lan hitzarmen honek ezarritako betebeharrak betetzen ez dituzten edo urratzen dituzten ekintzak edo ez-egiteak.

Hutsegiteak, garrantziaren, ondorioen eta kalteen arabera izan daitezke: arinak, larriak eta oso larriak.

Zuzendaritzak hutsegite arinak, larriak eta oso larriak idatziz jakinaraziko dizkie langileari eta langileen ordezkariei, eta data eta hutsegitearen arrazoiak adieraziko ditu.

Fundazioak kasuz kasu egoki kontsideratzen duen edozein agiri eskatzen ahalko du.

40. artikulua. Hutsegite arinak.

Hutsegite arinak honako hauek izanen dira:

_Hilabete batean bitik laura bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, bidezko arrazoirik gabe.

_Lanpostua bidezko arrazoirik gabe abandonatzea.

_Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

_LEren baja hiru egunetan ez jakinaraztea, ezinezkoa zaiola frogatu izan ezik.

_Nahitaez joan beharreko ikastaro batera joan nahi ez izatea.

_Noizean behineko mozkorrak.

_Jasotako aginduak betetzen atzeratzea edo arduragabekeria edo utzikeria izatea.

_Fundazioaren eraikinen, materialen eta agirien zainketan arduragabe izatea behin eta berriz.

_Kontratuko onustea haustea eta Fundazioaren jarduerari kalte egitea.

_Familian gertatutako aldaketak ez jakinaraztea, Gizarte Segurantzaren prestazioak edo Ogasun Publikoarekin dauden harremanak ukitzen ahal baitituzte.

41. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak honako hauek izanen dira:

_Hilabete batean bostetik zazpira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, bidezko arrazoirik gabe..

_Hilabete batean bi egunez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

_Beste langile bat bere lanpostuan dagoela simulatzea.

_Gaixotasun nahiz istripuren bat simulatzea, hiru egun baino gutxiagotan.

_Hiru hutsegite arin edo gehiago, desberdinak izanagatik, hiruhilabeteko batean, eta zehapenak ere izan baldin badira.

_Fundazioarekin duen kontratuari esker langileak ezagutzen dituen datu edo gaiak behar ez bezala erabili edo zabaltzea.

_Kontratuko onustea haustea eta Fundazioari kalte larriak egitea edo egin ahal izatea.

_Laneko Osasunaren arloan ezarri diren arauak eta neurriak ez betetzea edo abandonatzea.

_Fundazioaren eraikinen, materialen edo agirien zainketan kalte larriak eragin ditzakeen zabarkeria.

_Hilabete batean bi lanegunetan lanpostua abandonatzea, bidezko arrazoirik gabe.

42. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

_Diziplinarik eza lanean.

_Fundazioaren agiriak eta informazioak behar ez bezala argitaratu edo erabiltzea.

_Agindutako kudeaketetan konfiantza abusua edo leialtasunik eza erakustea eta kontratuko onustea haustea.

_30 egun naturaletan lanera berandu iristeagatik 7 hutsegitetik goiti izatea, 6 hilabeteko batean 15etik goiti eta urte batean 25etik goiti.

_Hilabete batean bi egun baino gehiagotan lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

_Egunero mozkortzea.

_Lanorduetan Fundazioaren kontrako leialtasunik gabeko lehian aritzea.

_Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu edo begirune falta larria erakustea lankideei.

_Ohiko lan-errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea, bidezko arrazoirik gabe.

_Bi hutsegite larri edo gehiago, desberdinak izanagatik, hiruhilabeteko batean.

_Toxikomania, baldin eta lanean ondorio okerrak badakartza.

_Beste lankideei, Fundazioari edo beste edozein pertsonari ebastea eta lapurtzea.

_Eritasuna edo istripua behin eta berriz simulatzea.

_Ahozko irainak eta/edo irain fisikoak, sexualak edo bestelakoak, sexu jazarpena barne, edozein langileri edo ikasleri egindakoak.

_Arraza, sexua, erlijioa, hizkuntza, iritzia, sorterria edo beste edozein ezaugarri edo inguruabar pertsonal direla-eta, bereizkeria dakarren edozein jarduketa.

43. artikulua. Zehapenak eta zehapen prozedura.

Bi hutsegite arinek hutsegite larri bat egiten dute eta bi hutsegite larrik oso hutsegite larri bat egiten dute.

Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

Hutsegite arinengatik:

_Hitzezko kargu-hartzea.

_Kargu-hartze idatzia.

Hutsegite larriengatik:

_Egun batetik hamabostera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

_Kontratu berrietarako eta kontratuak berritzeari buruz 12. artikuluan ezartzen diren eskubideak galtzea.

Hutsegite oso larriengatik:

_Enplegu-soldaten etenaldia, hamabost egunetik bi hilabetera bitarte.

_Lanetik bidaltzea.

Zehapen prozedura

Goragoko arduradunek proposaturik irekitzen ahal zaie espedientea langileei. Prozedura hasi baino lehen, arduradunak Fundazioko Zuzendaritzari kasuaren frogagiriak igorriko dizkio, eta izan litekeen zehapenaren gaineko espedientea jakinarazi ondotik, zehapen prozedura hasiko da. Idatziz jakinaraziko zaie langile interesatuari eta langileen lege ordezkariai, eta prozeuan parte hartzen ahalko dute. Froga argigarriak alegatzeko prozesua irekiko da, eta 5 egun baliodun iraunen du.

Alegazioen prozesua bukatu eta hurrengo 20 egunetan Zuzendaritzak zehapena paratu beharko du, eta hala egin ezean diziplina espedientea artxibatuko da.

44. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak 10 egunean preskribituko dira, hutsegite larriak 20 egunean eta hutsegite oso larriak 60 egunean.

Preskribitzeko epea Zuzendaritzak egin den hutsegitearen berri daukanean hasten da eta, betiere, egin eta sei hilabetera.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Odol bereko eta ezkontzako ahaidetasunaren graduak

I. ERANSKINA

2005eko lansarien taula

Irakasle ez diren langileak

HILABETEKO URTEKO

MAILAK SOLDATA ORDAINSARIA,

GORDINA DENETARA

I. maila

Garbitzaileak 771.69 10.803,61

Zerbitzuetako langileak 771.69 10.803,61

II. maila

1. mailako administraria 1.289,47 18.052,57

2. mailako administraria 1.180,21 16.522,98

Administrazioko laguntzailea 1.115,22 15.613,15

Ludotekako langileak 1.115,22 15.613,15

III. maila

Goi mailako teknikaria 1.765,75 24.720,50

Erdi mailako teknikaria 1.641,38 22.979,35

Teknikaria 1.560,50 21.846,95

Administrazioko teknikaria 1.460,00 20.440,00

Junior teknikaria 1.379,30 19.310,19

II. ERANSKINA

Maila eta kategoria profesionalen definizioa

Irakasle ez diren langileak

I. maila

_Garbitzaileak.

Lanpostu hauetarako prestakuntza ez da arautua. Eginkizunak dituzte Fundazioaren instalazioak eta altzariak garbitu eta mantentze lanak eramatea. Hori guztia, arduradunaren kontrolpean.

_Zerbitzuetako langileak.

Kategoria hau Zerbitzu Orokorretako lanpostuei dagokie eta arduradun baten zuzendaritza eta koordinaziopean, berariazko kualifikazioa eta prestakuntza behar ez dituzten lan profesionalak egiten dituzte, aurretik ezarritako jarduketak eta ohiturak gauzatzeko, hau da, atezaintza, zainketa, mantentze lanak, biltegia, laguntza administrazioari, laguntza prestakuntzari, etab.

II. maila

_Ludotekako langileak.

Lanpostu hauek ludoteka eta haurtzaindegi zerbitzuak garatu, kudeatu eta eramateko eginkizunetan trebatzeko prestakuntza eta/edo kualifikazioa behar dute.

_Administrari laguntzailea.

Lanpostu hauek beharren arabera atxikitako zerbitzuak kudeatzeko laguntza eginkizunak garatzen dituzte, bai lan administratiboetan, bai jendearendako harrera lanetan, bai eta instalazioen kontrol lanetan ere.

Euren lanak egiten dituzte erantzukizun eta autonomiarekin, ezarritako prozeduren arabera edo arduradunak emandako jarraibideen arabera.

Eskakizuna LH-II.a titulazioarena edo baliokidearena da, eta pertsonen arteko harremanetarako trebetasuna ere baloratzen da.

Kategoria hau administrazio, kudeaketa, prestakuntza edo enpleguaren eginkizun alorretan aritzen da, arduradunaren zuzendaritza eta koordinaziopean, eta ezarritako prozeduren esparruan lan administratiboak egiten ditu, hala nola: agirien erregistroa, sailkapena eta artxiboa, ofimatikako lote estandarrak erabiltzaile mailan erabiltzea, agiriak mekanizatu eta mekanografiatzea, konplexuak ez diren kalkulu eragiketak egitea.

_Bigarren mailako administraria.

Lanpostu hauek Departamentuei edo Zentroei atxikiak daude eta, beharren arabera eta arduradunaren zuzendaritzapean, lan profesional administratiboak eta mantentze lan tekniko espezializatuak egiten dira.

Lan taldeetan integratzen dira, eta edozein zerbitzutako jardueren kudeaketan laguntza lanak egiten dituzte.

Eginkizunak autonomiarekin, erantzukizunarekin, euren ekimenez eta erabat zuzen egiten badituzte, 2. mailako administrariak izaten ahalko dira. Hori guztia arduradunaren zuzendaritzapean.

Sartzeko eskakizuna LH-II.a titulazioarena edo baliokidearena da.

_Lehenbiziko mailako administraria.

Kategoria hau administrazio, kudeaketa, prestakuntza edo enpleguaren eginkizun alorretan aritzen da, arduradunaren zuzendaritza eta koordinaziopean. LH-II.a edo baliokidea izan behar da, gutxienez, eta lan administratibo espezializatuak bere ekimenez eta autonomiarekin garatu eta gauzatzen ditu (kontabilitatea, diruzaintza, artxiboak, programazioen kudeaketa administratiboa, erosketak). Laguntzako langileak izaten ahal ditu eta prozedurak eta kudeaketa sistemak hobetzeko proposamenak ere egiten ahal ditu.

III. maila

_Junior teknikaria.

Junior teknikaria unibertsitateko erdi edo goi mailako titulazioa du eta ezagupen tekniko-profesionalak. Arduradunaren agindu eta orientabideekin zerbitzu, aholkularitza eta/edo kudeaketa lanetan aritzen da Forem Navarrako edozein zentro edo lan arlotan.

_Administrazioko teknikaria.

Kategoria honi dagozkio administrazioaren eta kudeaketaren arlo funtzionaleko lanpostuen eginkizunak, arduradunaren zuzendaritza eta koordinaziopean. Prestakuntza egiaztatua dute eta, autonomia, erantzukizuna eta berezko ekimena erabiltzen ditu arlo ekonomiko-finantzarioetan esleitutako lan administratiboak egiteko (kontabilitatea, kudeaketa ekonomikoa, aurrekontuen kudeaketa, langileen kudeaketa eta enpresa hornitzaileen jarraipena).

Sartzeko eskakizuna LH-II.a titulazioarena da, antzeko lanpostu batean 4 urteko eskarmentuarekin, edo diplomatuak edo lizentziatuak.

_Teknikaria.

Junior teknikaria unibertsitateko erdi edo goi mailako titulazioa du eta ezagupen tekniko-profesionalak. Autonomia eta erantzukizuna erabiltzen ditu eta arduradunaren agindu eta orientabideekin zerbitzu, aholkularitza eta/edo kudeaketa lanetan aritzen da Forem Navarrako edozein zentro edo lan arlotan.

_Erdi mailako teknikaria.

Kategoria honi dagozkio unibertsitateko erdi mailako edo goi mailako titulazio espezifikoa eskatzen duten lanpostuak, eta titulazioa bera da lanpostuan sartzeko eskakizuna. Lanpostu horietan autonomia, ekimena eta erantzukizuna erabiltzen dira, eta kudeaketa tekinikoaren eginkizunetan aritzen dira. Honako eginkizun hauek: jardueren eta/edo planen araberako aurrekontuak prestatzea; aurrekontuaren eta/edo administrazioaren kudeaketa eta jarraipena; programazioei esleitutako inguruaren mailako baliabideak, baliabide material, informatibo eta profesionalak eta hornidura informatikoa kudeatu eta erabiltzea, plangintzarako proposamena egin ondotik; aholkularitza teknikoa, bezeroen erakundeekin harremanak; Fundazioaren ordezkari izatea, maila tekinikoan, zuzendaritzak esleitzen dizkion esparruetan; haren eskuetan uzten diren proiektuen koordinazioa eta/edo zuzendaritza; lanpostuaren xede diren zeregin profesionalen gaineko ebaluazio eta garapen txostenak prestatzea; ebaluazio proiektu edo sistemak diseinatzea, prestakuntza eta/edo enplegu planak prestatzea; proiektu eta/edo planen zuzendaritza eta koordinazioa; titulazio profesionalari dagozkion zeregin espezifikoak gauzatzea.

_Goi mailako teknikariak.

Goi mailako teknikaria zuzendariaren menpean dago, zuzen-zuzenean, eta alor batean atxikia. Autonomia izan dezake aurretik ezarritako helburuak modu operatiboan gauzatzeko, hau da, Fundazioari kontratatu, hitzartu edo ematen zaizkion programazio eta jarduerak, honek kudeatu, gauzatu eta justifikatu ditzan, garatzeko eta exekutatzeko plangintza operatiboan eta kontrolean erantzukizuna daukaten eginkizunetan aritzeko. Euren jardun gehiena lan taldean egiten dute eta talde burutza ere hartzen ahal dute. Euren kargura izanen dituzte arlo batek dituen eginkizun operatibo eta exekutiboak gauzatzeko izendatutako langileak. Enpresaren egituran laguntzako langileak dira, balioaniztasun horizontala dutenak, lan operatiboak ere egiten ahal dituzte beren jardunean (balioaniztasun bertikala). Sartzeko eskakizuna goi mailako edo erdi mailako titulazioari dagokio, eta hobe talde lanean aritua baldin bada.

Irakaskuntzako langileak

_Irakaslea.

Kategoria hohi dagozkio prestakuntzako arlo funtzionaleko lanpostuak. Langileek, jasotako jarraibideen arabera, erantzukizuna erabiliz, ikastaroak ematean lan tresnen erabilera egokia eginen dute eta eginkizun hauek edukiko dituzte: ikastaroko irakaskuntza prozesua diseinatu, irakatsi eta ebaluatzea, ikastaroaren memoria egitea, tutoretza lanak egiten laguntzea eta ikastaroaren agiri guztiak betetzea; halaber, Forem Navarrako irakasleen eginkizunen esku-liburuak aipaten dituen gainerako obligazioak ere.

Iragarkiaren kodea: F0500265