28. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 7a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

17/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 17koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, garapenerako lankidetza proiektuak eta arlo horretan sentsibilizatu eta hezteko proiektuak aurrera eramateko 2005eko dirulaguntzetarako deia egiten duena.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra erregulatzen du. Lege horrek dirulaguntza publiko guztiak gobernatzen ditu eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea.

Nafarroako Parlamentuak, gure Foru Komunitatearen kontzientzia sozialaz jabetuta, herri eta herrialde pobretuen giza garapen jarraituari laguntzeko asmoz, fondoak eman izan ditu, Garapenerako Laguntza Ofizial gisa.

Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legeak nazioarteko lankidetzaren oinarriak, helburuak eta bitartekoak finkatzen ditu, besteak beste.

Horrenbestez, beharrezkoa da urtero garapenerako lankidetza proiektuetarako dirulaguntzen araubideko oinarrien deialdia ezartzea, dirulaguntza horien publizitatea, lehiakortasuna eta objektibitatea bermatzeko.

Hori horrela, Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 8. eta 14. artikuluek ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Lehenbizikoa._2005ean garapenerako lankidetza proiektuak eta arlo horretako sentsibilizazio eta hezkuntzarakoak aurrera eramateko deialdiaren oinarriak onartzen dira, foru agindu honen eranskinean ageri direnak.

Bigarrena._13.173.890 (hamahiru milioi ehun eta hiruretan hogeita hamahiru mila zortziehun eta lauretan hogeita hamar) euroko gastua onestea, honela banaturik: 9.923.890 (bederatzi milioi bederatziehun eta hogeita hiru mila zortziehun eta lauretan hogeita hamar) euro 2005eko gastuen aurrekontuko 900000-91200-4810-143102 kontusailaren kargura (Garapenerako nazioarteko lankidetza); 2.250.000 (bi milioi berrehun eta berrogeita hamar mila) euro 2006ko gastuen aurrekontuko Garapenerako nazioarteko lankidetza izeneko kontusailaren kargura eta 1.000.000 (milioi bat) euro 2007ko gastuen aurrekontuko Garapenerako nazioarteko lankidetza izeneko kontusailaren kargura.

Hirugarrena._Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko otsailaren 17an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

2005ean garapenerako lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntza deialdiaren oinarriak

Lehenbizikoa._Helburua, aurrekontuko baliabideak eta esparrua.

1. Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak 2005eko dirulaguntzetarako deia egiten du, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeekin (GGKE) batera garapen bidean diren herrialdeetako populazio pobretuaren oinarrizko beharrak zuzenean asetzeko proiektuak finantzatzeko. Nafarroako entitateek proposaturiko proiektu hauek, herrialde horietako solaskideekin batera abian jarriko dira eta pobreziaren kontra borrokatzeko, beren onuradunen bizi-kalitatea hobetzeko eta bertakoen garapen endogenoa bultzatzeko helburua izanen dute.

2. 2005. urtean Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak diruz lagunduko die munduko garapen arazoei eta nazioarteko harremanei buruz Nafarroako populazioak dituen sentsibilizazioa, hezkuntza eta informazioa bultzatzeko Nafarroako GGKEek sustaturiko ekintzei ere.

3. Xede horietarako diru zenbatekoa 9.923.890 eurokoa izanen da, eta "Garapenerako nazioarteko lankidetza" izeneko kontusailean eskuratzen ahal da.

Zenbateko horretatik, gehienez ere, 800.000 euro mikroekintzak finantzatzeko izanen dira; halakotzat ulertzen baitira deialdi honetako 6.3. oinarrian xedatzen direnak, 350.000 euro, gehienez ere, aurreko atalean adierazitako sentsibilizazio, hezkuntza eta informazio proiektuak finantzatzeko.

4. Garapen bideko edo trantsizioko herrialde edo lurraldetzat hartuko dira OCDEren Garapenerako Laguntza Batzordearen (GLP) onuradunen egungo zerrendan daudenak.

5. Ekintza eta proiektu horiek guztiak Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 3. artikuluak ezarritako lankidetza-printzipioen araberakoak izanen dira.

6. Aurkeztutako proiektuaren izaera eta helburuengatik urte batzuetako dirulaguntza bat beharrezkoa denean, kofinantzaketa onetsi ondoren, hitzarmen bat izenpetuko dute Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak eta hartaz arduratzen den entitateak. Horretan ekitaldi ekonomiko bakoitzean dirulaguntza aplikatzeko behar diren gorabehera zehatzak bilduko dira. Hitzarmenak, gehienez ere, hiru urte iraunen du izenpetzen denetik hasita.

Hurrengo ekitaldietan ondoko diru kopuru hauek erabiliko dira xede horretarako: 2005ean 2.000.000 euro gehienez, 2006an 2.250.000 euro gehienez eta 2007an 1.000.000 euro gehienez.

Bigarrena._Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen beharkizunak.

Deialdi honen ondorioetarako, Nafarroan diren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Izaera pribatuko pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erregistroan inskribatuak.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan egotea, erakundearen xede gisa, garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Egoitza edo delegazio iraunkorra izatea Nafarroako Foru Komunitatean. Artikulu honetako a) atalak aipatzen duen erregistroko inskripzioaren bidez egiaztatu beharko da hori.

e) Helburuak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

f) Nafarroako Ogasuneko zergak ordaindu beharretan eguneratua izatea.

g) Aldez aurretik proiektu berbera egiteko dirulaguntzarik jaso badu, erakundeak egiaztatu beharko du betetzen dituela proiektuarentzako dirulaguntzak eman zituzten ebazpenetan ezarritako beharkizunak.

h) Proiektua egin behar den herrialdean kontraparte edo bazkide bat izatea, proiektua aurrera eramanen duena. Bazkide horrek pertsona juridikoa izan behar du, bertako herrialdeko legeriaren araberakoa.

Hirugarrena._Proiektuen beharkizunak.

Dirulaguntza jasotzeko, proiektuek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honetako 1. oinarriko printzipioei eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen 2. eta 3. artikuluei lotzea.

b) Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri Departamentuak dirulaguntza emanez gero, Proiektuaren zeharkako gastuak ez dira izanen emandako dirulaguntzaren 100eko 10etik goitikoak. Zeharkako gastutzat hartuko dira Nafarroako GGKEaren gastu administratiboak (langileriaren gastu arruntak, lokalaren gastuak, bulego materiala eta proiektuaren identifikazio _atal honetan 2004ko azken lauhilabetekoan egindako gastuak aplikatzen ahal dira_, formulazio, segimendu eta ebaluazioa egiteko behar diren joan-etorri eta bidaietatik zuzen-zuzenean sortzen diren gastuak). Kontusail horren barrenean 100eko 1 izan daiteke gehienez proiektua zabaltzeko jardueretarako, hots, iritzi publikoa garapenerako lankidetza arloaz jabetzeko sentsibilizazio gisa egiten diren horietarako.

c) Finantzaketaren 100eko 20, gutxienez, erakundeen fondoetatik aterako da, beste administrazio publikoetatik _Nafarroako Gobernuaren beste departamentuak eta erakunde autonomoak kenduta_, edo beste entitate batzuetatik. Emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko, beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta, egin beharreko proiektuaren kostua.

d) Garapen proiektu bakoitzerako 180.000 euro eskatzen ahalko dira gehienez, urtero.

Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak finantzatzeko, gehienez ere, 35.000 euro eskatzen ahalko dira.

Hala ere, muga horiek handituko dira (250.000 euro eta 80.000 euro, hurrenez hurren) 3 GGKEk edo gehiagok osatutako partzuergo edo elkarteek aurkezturiko proiektuen kasuan, betiere legez eratuak baldin badira eta GGKE bakoitzak aurreko oinarrian ezarritako baldintzak betetzen baditu.

Laugarrena._Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

1. GGKEek 30 egun naturaleko epea izanen dute eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusian (Yanguas y Miranda kalea, 27, behea, 31003, Iruña) edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak zertifikatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

3. Entitate bakoitzak, gehienez ere, garapenerako 3 lankidetza proiektutarako finantzaketa eskaera aurkezten ahalko ditu, alde batera utzita Foru Komunitatean mikroekintzak eta garapenerako sentsibilizazio eta hezkuntza jarduerak kofinantzatzeko eskaerak. Bigarren oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituzten hiru GGKEk edo gehiagok osaturiko elkarteek aurkeztutako eskaeren kasuan, banaka aurkeztutako eskaeretatik aparte zenbatuko dira.

Bosgarrena._Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

Dirulaguntza eskatu nahi duten GGKEek Nafarroako Gobernuko eskabide orokorra aurkeztu beharko dute, honako agiri hauekin batean:

a) Dirulaguntza eskatzen duen GGKEaren gaineko dokumentazioa, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatuak (dagoeneko Foru Komunitatearen eskuetan ez badago edo dokumentazioaren edukia aldatu bada):

1._Entitatearen estatutuak.

2._Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren GGKEen Erregistroan egin den inskripzioaren ziurtagiria, eta bereziki adierazirik Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean ordezkaritza ireki dela.

3._Identifikazio Fiskaleko Txartela.

4._Dirua transferentziaren bidez jasotzeko eskabidea, Nafarroako Gobernuari dirulaguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako dirulaguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada.

5._Erakundeak Nafarroan aurreko urtean antolatutako lankidetza eta sentsibilizazio jarduerei buruzko txostena, baita kontabilitatearen egoeraren eta finantzaketa iturrien berri ere. Hori guztia 2005eko lehenbiziko seihilekoan aurkeztuko da.

6._Bi proiektu edo gehiagotarako dirulaguntza eskatzen bada, aurreko ataletako dokumentazioa eskabideetako bakar batean aurkeztuko da.

b) Bazkidearen edo kontrapartearen gaineko dokumentazioa:

1._Estatutuak.

2._Eraketa legalaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

3._Helbide legala, osorik.

4._Ordezkari legalaren kredentzialak.

c) Proiektuari buruzko dokumentazioa:

1._Proiektuaren memoria, inprimaki ofizialean. Memoriari proiektua gauzatzeko behar diren material, ekipamendu, hornidura, eraikin, lur eta abarren gastuak justifikatzen dituen dokumentazio ekonomikoa eransten ahal zaio (proformako fakturak, profesionalen aurrekontuak, lurren peritazioa, etab.).

2._Proiektuaren xede den lekuaren ezaugarriei eta proiektuari berari buruzko laburpen txiki bat erantsiko da euskarri informatikoan (helburu zehatzak, jarduerak eta lortu nahi diren emaitzak).

3._Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duen mapa (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

4._Dokumentazio grafikoa eta teknikoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

5._Proiektuaren zikloko faseetako batean, zuzenean edo zeharka, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileren batek parte hartzen badu, izenen zerrenda aurkeztu beharko da proiektuan eman duten denbora eta izan dituzten lana eta eginkizunak atxikirik.

Seigarrena._Balorazioa.

1. Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiak, Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuaren bitartez, eskabideak tramitatu eta aztertuko ditu, eta eskabideetan aurreko artikuluetan aipaturiko baldintzak betetzen diren ala ez begiratuko du.

2. Eskabideen balorazioa batzorde tekniko batek eginen du eta kideak honako hauek izanen dira: Garapenerako Nazioarteko Lankidetzaren Zerbitzuko zuzendaria, Garapenerako Lankidetza Ataleko burua, Gobernuz Kanpoko Erakundeekiko Harremanen Bulegoko burua eta Garapenerako Lankidetza Ataleko bi teknikari. Batzorde horrek ebazpen proposamen lotzailea bidaliko dio laguntza emateko eskumena duen organoari.

3. Espedienteak honelako irizpideei segituz baloratuko dira:

a) Garapenaren aldeko sentsibilizazio eta hezkuntza proiektuak finantzatzeko ez diren eskaerak bi taldetan banatuko dira, haien izaeraren eta edukiaren arabera: mikroekintzak eta proiektuak.

b) Mikroekintzatzat hartuko dira 35.000 eurotik beheitiko proiektuak, tamaina txikiko ekipamenduak, azpiegiturak edo antzeko lan puntualak dauzkatenak.

Dirulaguntzaren zenbatekoa eskatutakoa bera izanen da, eta gehieneko muga 20.000 euro.

Eskabideek lehenbiziko oinarriaren 3. zenbakian ezarritako aurrekontu muga gainditzen badute, GGKE eskatzaile bakoitzari onetsiko zaizkion mikroekintzen kopurua murriztuko zaie, eta oinarri honen c) atalean adierazitako irizpide sektorial eta geografikoen arabera emanen zaie lehentasuna.

c) Proiektutzat sailkatutako eskaerak bi fasetan baloratuko dira prozedura honen arabera:

1. fasea. Ondoko aldagaietako bakoitzari 0 eta 100 puntu bitarte emanen zaio, portzentaje hauen arabera:

1._Eskaeraren sorrera eta onuradunak (pisu espezifikoa: 100eko 22,5).

2._Proiektuaren aktoreak, hau da, entitate eskatzailea eta tokian tokiko bazkidea (pisu espezifikoa: 100eko 17,5).

3._Proiektuaren barne koherentzia (pisu espezifikoa: 100eko 32,5).

4._Proiektuaren bideragarritasuna eta denbora-proiekzioa (pisu espezifikoa: 100eko 27,5).

Lehen fase honetan proiektu bat ontzat eman dadin 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez. Nafarroako Gobernuak aurretik diruz lagundutako proiektuak izan ezik, horiek 50 puntutik gora lortu beharko baitituzte.

2. fasea. Aurreko fasea gainditu duten proiektuetan, lehentasuneko aldagaietako bakoitzari 0 eta 100 puntu bitarte emanen zaio, portzentaje hauen arabera:

1._Lehentasun Sektorialak (I): Pobreziaren kontrako borroka multidimentsionala edo herri onuradunen oinarrizko beharretara egokitzea (pisu espezifikoa: 100eko 35).

2._Lehentasun sektorialak (II): Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna eta emakumezkoak bizitzeko baldintzak hobetzea (pisu espezifikoa: 100eko 10).

3._Lankidetzaren lehentasun sektorialak (III) Garapen iraunkorra eta ingurumenaren kontrako erasoa (pisu espezifikoa 100eko 5).

4._Lankidetzaren lehentasun sektorialak (IV): garapen esku-hartzailea, giza eskubideak sustatu eta defenditzea, erakundeak indartzea eta gobernu zuzena (pisu espezifikoa: 100eko 10).

5._Lehentasun geografikoak (I): Herriko Giza Garapenaren indizea (pisu espezifikoa: 100eko 15).

6._Lehentasun geografikoak (II): Jarduteko eremu espezifikoaren egoera aztertzea (pisu espezifikoa: 100eko 15).

7._Erakunde eskatzaileen elkartea (pisu espezifikoa: 100eko 10).

Proiektu bat ontzat eman dadin bi fasetan osotara 120 puntu lortu beharko ditu gutxienez (aurretik diruz lagundutako proiektuek, berriz, 100 puntutik gora). Dirulaguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da.

Emandako kontsignazioa gainditzen baldin bada, irizpide hauei men eginen zaie:

_Dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta.

_Entitate eskatzaile bakoitzaren proiektu onetsien kopurua murriztuko da.

d) Nafarroako populazioaren sentsibilizazio, hezkuntza eta informaziorako proiektuak honako aldagai hauei segituz baloratuko dira:

I._Proiektuaren ezaugarri teknikoak:

i) Onuradunak (gehienez 20 puntu)

ii) Helburuak, eragina eta emaitzak (gehienez 35).

iii) Jardueren kronograma zehatza (gehienez 10 puntu).

iv) Aurrekontu zehatza (gehienez 10 puntu).

II._Proiektuan parte hartzen duten erakundeen kopurua, gehienez 15 puntu, honela banatuak:

i) Bi edo hiru (7,5 puntu).

ii) Lau edo gehiago (15 puntu).

III._Bazkide kopurua eta erakundeak Nafarroan duen ezarpenaren balorazioa (10 puntu arte).

Proiektu bat ontzat eman dadin 60 puntu lortu beharko ditu gutxienez, Nafarroako Gobernuak aurretik diruz lagundutako proiektuek izan ezik, 50 puntutik gora lortu beharko baitituzte. Dirulaguntza lortzen den puntuazioaren arabera eta helburu horretarako bideratzen den aurrekontuaren arabera emanen da.

Emandako kontsignazioa gainditzen baldin bada, dirulaguntza kalkulatzeko tarte proportzionalak finkatuko dira, eskatutako laguntzatik abiatuta eta erdietsitako puntuazioen arabera.

e) Aurreko idatz-zatietako irizpideak aplikatu ondotik lehenbiziko aldiz Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren dirulaguntzen onuradun suertatzen diren entitateen proiektuek dirulaguntza mugatua izanen dute, gehienez ere 30.100 euro.

Aurreko lerrokadan ezarritakoari begira, GGKEek kreditatu behar duten antzinatasuna errespetatuko da, bakar-bakarrik, elkarte edo fundazio gisa duten formula juridikoa baizik ez badute aldatzen, betiere hori kreditatzen bada entitate juridiko berriaren estatutuetan.

f) Deialdi honetako fondoen gutxienez 100eko 20 emakumeen egoera hobetzeko zuzeneko xedea duten proiektuetarako emanen da.

Zazpigarrena._Alegazioen izapidaketa.

1. Batzorde Teknikoaren ebazpen-proposamenaren aurretik interesatuei entzuteko bilera bat egin daiteke, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legearen 84. artikuluari jarraikiz.

2. Behin-behineko proposamena aldekoa izanez gero, entitate onuradunak aitorpen bat aurkeztu beharko du. Bertan agertu beharko du proiektuaren kostuari dirulaguntzaren zenbatekoa kendu ondoren ateratako emaitza pagatzeko konpromisoa, zuzenean edo hirugarrenek finantzatua.

3. Behin-behineko ebazpenean proposatutako dirulaguntzaren zenbatekoa aurkeztutako eskabidean ageri dena baino txikiagoa baldin bada, eskabidea berregiteko eskatzen ahalko da, xedea eta ezaugarriak errespetaturik, konpromisoak eta baldintzak emanen zaion dirulaguntzari egokitzeko.

4. Eskabideak batzorde teknikoaren adostasuna merezi duenean, batzordeak behin betiko ebazpenaren proposamena igorriko dio organo eskudunari, ebazpena eman dezan.

Zortzigarrena._Ebazteko epea.

1. Gizarte Ongizateko zuzendari nagusiari dagokio aurkeztu diren eskaeren gainean ebaztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak apirilaren 1ean emandako 49/2004 Foru Aginduak esleitzen dizkion ahalmenen arabera. Ematen bazaizkie, ebazpenak dirulaguntzaren helburua, dirutza, pagabidea eta dirulaguntza justifikatzeko epea eta modua zehaztuko ditu.

2. Eskaerak ukatutzat joko dira eskaerak aurkezteko epea bukatu eta handik sei hilabetera ebazpen espresurik eman ez bada.

Bederatzigarrena._Dirulaguntzaren ordainketa.

1. Ematen den laguntza 120.202,42 eurotik beherakoa baldin bada, epe bakarrean pagatuko da, eskaera ontzat emateko ebazpenarekin batera.

2. Laguntza 120.202,42 euro baino handiagokoa baldin bada, haren ordainketa zati batean edo gehiagotan egin daiteke, oinarri honen 3. atalean adierazitakoari jarraikiz.

Ordainketa zatika egiten bada, lehenbiziko zatia laguntza onesten duen ebazpenarekin batera emanen da eta hurrengoa edo hurrengoak, emandako lehenbiziko zatiaren 100eko 75 erabili dela agiriekin justifikatzen denetik aitzina.

3. Laguntza 120.202,42 euro baino handiagokoa baldin bada, aurrerapenak egiten ahal dira bankuko abala edo antolamendu juridikoan ezarritako bestelako bermea aurkeztu ondoren. Berme horrek aurreratu beharreko zenbatekoaren adinakoa behar du izan.

Hamargarrena._Dirulaguntzaren frogagiriak.

Dirulaguntza ematen duen ebazpenean jarriko den epean proiektuaren bukaerako txosten berri-emailea aurkeztuko da Garapenerako Nazioarteko Lankidetza Zerbitzuan hartuko den orri ofizialean (Yanguas y Miranda, 27, behea). Horretan dokumentazio hau bilduko da:

a) Dirulaguntza tokian tokiko bazkideari bidali izanaren agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua.

b) Tokian tokiko bazkide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, jatorrizkoa edo fotokopia konpultsatua, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektuaren exekuzioari buruzko txosten teknikoa, atal hauek aipatzen dituena:

_Proiektuaren eraginkortasuna.

_Eragimena.

_Inpaktua.

_Bideragarritasuna.

_Proiektuaren estrategiaren ebaluazioa.

_Onuradunen parte-hartzea eta onarpen maila.

d) Txosten ekonomikoa, elementu hauek izanen dituena:

_Entitate onuradunaren lege ordezkariaren adierazpen sinatua, txosten ekonomikoaren datu guztiak egia direla dioena.

_Proiektuaren balantze ekonomikoa.

_Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari dagozkion gastu guztien zerrenda osatua eta norberaren ekarpenaren portzentajea.

_Gastuaren frogagiriak, datu hauekin: jaulkitzailearen datuak, jasotzailearenak, eguna, azalpena eta prezioa.

Gastuak Espainian gertatuz gero, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, gainerakoetan, fotokopiak izanen dira, tokian tokiko bazkideak edo kontraparteak behar den bezala kreditatuak.

_Hirugarren oinaren b) letrak aipatzen dituen gastu administraboak justifikatzeko, jatorrizko agiriak edo fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira.

Justifikatzen zailak diren gastuen kasuan, laguntza jaso duen GGKEren lege ordezkariak egindako ziurtagiria aurkeztuko da. Haren diru zenbatekoak ezin gaindituko du Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzari dagozkion kostu administratiboen 100eko 30.

_Beste edozein dokumentazio grafiko edo idatzizko, borondatez eman nahi dena, diruz lagundutako proiektuaren exekuzioaren edo martxa onaren berri emateko.

Hamaikagarrena._Betebeharrak.

Proiektu jakin baterako dirulaguntza jasotzen duten entitateak behartuak daude:

a) Proiektua dirulaguntza emateko beharkizunetan azaldu bezala egitera. Proiektua dirulaguntza edo, hala bada, horren lehenbiziko puska jaso eta handik hiru hilabetera hasiko da beranduenez. Entitatea beharkizun honetatik libre geldituko da baldin eta ezinbesteko arrazoiengatik ezinezkoa bada hastea. Arrazoi horiek justifikatu beharko ditu eta Gizarte Ongizateko Zuzendaritza Nagusiak onartu.

b) Foru agindu honen bederatzigarren eta hamargarren oinarriek aipatzen dituzten txostenak aurkeztera, proiektua burutu bitartekoak eta bukaerakoak.

c) Nafarroako Gobernuari laguntza ematera proiektuaren garapenaren berri ematen, Nafarroako populazioa garapenerako lankidetzaren arloan sentsibilizatzearren.

d) Proiektuaren publizitatea eta hedatze guztietan dirulaguntza norena den adieraztea. Hedakuntza lana idatzia edo grafikoa baldin bada, Nafarroako Gobernuaren logotipoa erabiliko da, Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen duen maiatzaren 3ko 189/2004 Foru Dekretuak xedatzen duen moduan, eta Garapenerako Nafarroako Lankidetzarenaren logotipoa, dirua jaso duen entitatearen logotipoarekin batean, hiruak tamaina berean eta berdin ikusteko moduan.

e) Behartua dago bestetik tokian tokiko bazkide edo kontraparteari dirulaguntzaren iturriaren berri zehatza ematera.

f) Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren ezaugarri, beharkizun eta baldintzetan egindako aldaketa guztiak Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari jakinaraztera eta, aurretik, horiek egiteko baimena eskatzera. Halaber, beste edozein organismok edo erakunde pribatu zein publikok dirulaguntza geroago emanez gero, laguntza horien zenbatekoa bereziki jakinarazi beharko dio.

g) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharrak eguneratuak dituela egiaztatzea, dirulaguntza kobratu aurretik.

Hamabigarrena._Ez-betetzeak.

Proiektua gauzatu ezin bada edo dirulaguntza ematean ezarritako baldintzak bete ezin badira, entitate onuradunak jasotako dirua itzuliko du, edo dena justifikatu ezin bada, justifikatu ezina itzuliko du. Berandutzagatiko interesa eskatuko zaio dirulaguntza jaso zuen unetik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluak xedatzen duenari jarraikiz.

Aurreko atalean aurreikusten dena ezertan galarazi gabe, lege-hauste eta zehapenei dagokien guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 27. eta hurrengo artikuluek eta Garapenaren aldeko Lankidetzari buruzko martxoaren 9ko 5/2001 Foru Legearen VII. kapituluak xedatzen dutena hartuko da aintzat.

Hamahirugarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0503089