27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

A U R I T Z

Ordenantza behin betikoz onetsirik

Aurizko Udalak, 2004ko abenduaren 12an egin bilkuran, bertzeak bertze erabaki zuen behin betikoz onestea Hirigintzako tramitazioen tasak arautzen dituen ordenantza; hona hemen haren testua:

HIRIGINTZAKO TRAMITAZIOEN TASAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Oinarria

1. artikulua. Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 12.1. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babespean ezarri da ordenantza hau.

Zergapeko egintza

2. artikulua. Zergapeko egintza da hirigintzako edozein jarduketa tramitatzeari dagozkion zerbitzu tekniko edo administratiboak ematea, hirigintzako jarduketa udal mugapearen edozein tokitan egiten denean, hala lur pribatuan nola publikoan.

3. artikulua. Tasa hauei loturiko udal ekintza hirigintzako jarduketa hauetan gauzatzen da:

a) Arau subsidiarioen aldaketa puntualak tramitatzea.

b) Plan partzial edo bereziak eta haien aldaketak tramitatzea.

c) Lerrokaduren azterlan osagarriak edo xehetasun azterlanak tramitatzea.

d) Unitateen mugapenak eta erabilera aldaketak tramitatzea.

e) Lurren banantzeak tramitatzea.

f) Birzatiketak edo kudeatzeko bertzelako bitartekoak tramitatzea.

g) Urbanizazio proiektuak tramitatzea.

h) Hirigintzako kontsultak.

i) Eta, oro har, aurrekoetan sartzen ez den hirigintzako edozein tramitazio , Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko uztailaren 4ko 35/2002 Foru Legeak babestua baldin bada.

Ordaindu beharra

4. artikulua. Dagokion hirigintzako tramitazioa eskatzen den unean sortzen da tasa ordaindu beharra.

Subjektu pasiboa

5. artikulua. Dagokion hirigintzako tramitazioa eskatzen duten pertsona fisiko edo juridikoek ordaindu behar dute.

Tarifak eta karga-tasa

6. artikulua. Aplikatu beharreko tarifa, tasa eta karga-oinarriak ordenantza honen eranskinean agertzen dira.

Alkatetzak eginen du tasen behin betiko likidazioa, eta behar den osoko bilkuran emanen dio horren berri Udalbatzari.

Tramitazioa

7. artikulua. Hirigintzako tramitaziorako eskari orok berarekin beharko ditu Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legeak aipatzen dituen edukia eta determinazioak.

Kudeaketa arauak

8. artikulua. Planeamendurako espedienteak tramitatzeko arduradunek, udal teknikarien adostasun txostena hartu ondotik, likidazio-bulegoari igorriko dizkiote espedienteak. Bulego horrek likidazioa eginen du, eta bertan honako hauek aipatuko ditu: subjektu pasiboaren izena, tasa zer kontzepturen arabera likidatzen den, tasaren tarifa eta zenbatekoa.

9. artikulua. Tasen likidazioa onetsi eta gero, interesatuari jakinaraziko zaio, erregelamenduzko epean tasak ordain ditzan.

Salbuespenak eta hobariak

10. artikulua. Edozein hobari eskuratu ahal izateko, ezinbesteko baldintza da hirigintza-tramitaziorako eskaria erregelamenduzko betebehar guztiekin egitea, eta dagozkion egiaztagiriak ere ematea. Zein hobaritarako eskubide izan, hartarako eskaria ere egin beharko da, noski.

11. artikulua. Eraikin, etxebizitza eta lokal katalogatuak zaharberritzeko tramitazioei dagokien tasak ehuneko 50eko hobaria izanen du. Behar den egiaztagiria aurkeztu beharko da horretarako.

12. artikulua. Eskatzaileren bati hirigintzako tramitazioa ukatzen bazaio, ehuneko 50eko hobaria izanen du, tramitazioari zegokion tasaren gainean.

13. artikulua. Tasak ehuneko 25 murriztuko dira baldin eta hirigintzako tramitazioen eskatzaileek tramitazioari uko egiten badiote, txosten teknikoak luzatu baino lehen, uko berariazkoa eginez Alkatetzari idatziz zuzenduta.

AZKEN XEDAPENAK

Bakarra._Behin betiko onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra ordenantza honek.

E R A N S K I N A

I. epigrafea._Antolamendurako plan partzial edo berezien tramitazioa.

Espedienteak tramitatu eta ebazteko tasak plan bakoitzean hartutako lurzoruaren azaleraren arabera likidatuko dira, ondoko eskalaren arabera likidatu ere:

_Azalera: 5.000 metro karratu bitarte, 0,072 euro metro karratu bakoitzeko.

_Azalera: 5.000tik goiti eta 10.000 metro karratu bitarte, 0,066 euro metro karratu gehiago bakoitzeko.

_Azalera: 10.000tik goiti eta 25.000 metro karratu bitarte, 0,060 euro metro karratu gehiago bakoitzeko.

_Azalera: 25.000tik goiti eta 50.000 metro karratu bitarte, 0,054 euro metro karratu gehiago bakoitzeko.

_Azalera: 50.000 metro karratutik goiti, 0,048 euro metro karratu gehiago bakoitzeko.

II. epigrafea_Arau subsidiarioetako aldaketen tramitazioa. Plan partzialak, plan bereziak, unitateen mugaketak, erabilera aldaketak eta xehetasun azterlanak.

Aplikatzeko tarifak I. epigrafekoen antzekoak izanen dira.

III. epigrafea._Birzatiketen tramitazioa.

III-A. Birzatiketa espediente bakoitza tramitatu eta ebazteagatik, tasak tarifa hauei jarraikiz likidatuko dira, azaleraren arabera:

Metro karratu eraikigarri bakoitzeko: 0,072 euro.

III-B. Birzatiketak aldatzeko tramitaziorako, tarifak III-A epigrafean ezarritakoen ehuneko 50 izanen dira.

IV. epigrafea._Eskatzaileek berek egindako hirigintzako proiektuen tramitazioa.

Tasak proiektuaren kostuaren arabera likidatuko dira, eta karga tasa ehuneko 1'5 izanen da.

V. epigrafea._Gutxieneko eskubideak.

Aurreko epigrafeengatik likidatu beharreko tasak iristen ez badira aipatzen diren gutxieneko kopuruetara, honako kopuru hauek ordaindu beharko dira:

_Arauen aldaketak edo plan partzial edo berezien idazketa tramitatzea: 600 euro.

_Plan partzial edo berezien aldaketen tramitazioa: 600 euro.

_Xehetasun azterlanak: 600 euro.

_Banantzeak (lurzati bakoitzeko): 600 euro.

_Lerrokaduren azterlanak, unitateen mugapenak, erabilera aldaketak: 600 euro.

_Kudeatzeko bitartekoen tramitazioak: 600 euro.

_Hirigintzako hitzarmenak: 3.000 euro.

_Hirigintzako kontsultak: hirigintzako kontsultengatik Udalak kontratatutako teknikariek luzatutako txostenen kostu erreala.

Auritzen, 2005eko otsailaren 3an._Alkatea, Iñaki Cilveti Lecumberri.

Iragarkiaren kodea: L0501883