27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

30/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 21ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitatean esne prima onartzeko eta, Europako Batasunak esnearen sektorearentzat 2005ean ematen dituen zuzeneko dirulaguntzei dagokienez, pagamendu gehigarriei buruzko zenbait aspektu ezartzen dituena.

Apirilaren 13ko 543/2004 Errege Dekretuak esnearen sektoreari 2004., 2005. eta 2006. urteetan zuzenean laguntzeko oinarrizko araubidea ezarri zuen. Zuzeneko laguntza horien artean esne prima eta pagamendu gehigarriak zeuden. Aipatu errege dekretuak, bestetik, dirulaguntza horiek eskatzeko epe eta baldintzak arautu zituen.

Errege dekretu horren 6. artikuluaren arabera, pagamendu gehigarriak autonomia erkidego bakoitzak erabakitzen duen bezala eginen dira, edo esne primaren arabera banatuz proportzioan, edo 7. artikuluan adierazitako irizpideei jarraikiz. Orobat, arestian aipatutako 6. artikuluko 4. puntuan ezarritakoarekin bat, zenbait ekoizle bazter litezke pagamendu horietatik. Horrela, bada, Nafarroako Foru Komunitateari dagokio gaur egun bere lurraldean funts gehigarri horiek ematerakoan ekoizleak onartzeko edo baztertzeko irizpideak finkatzea. Gainerako kontuetan, betiere, apirilaren 13ko 543/2004 Errege Dekretuaren xedatutakoari eginen zaio men.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legearen 36.2 b) artikuluak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Xedea.

Foru agindu honek hauxe du xedea: Nafarroako Foru Komunitean, 2005. urterako, esne prima emateko prozedura arautzea eta, Europako Batasunak esnearen sektorearentzat ematen dituen zuzeneko dirulaguntzak onartzeko edo ukatzeko irizpideak finkatzea besteren artean. Zuzeneko dirulaguntzak hauek dira: esne prima eta pagamendu gehigarriak.

2. artikulua. Laguntzen onuradunak.

1. Apirilaren 13ko 543/2004 Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezartzen duenaren arabera, 2005eko martxoaren 31n esne kuota duten ekoizleek eskuratzen ahal dituzte dirulaguntza hauek, betiere 2004-2005 kanpainan esnea baimena duen erosleren bati saldu badiote edo salmenta zuzenekoaren aitormena behar zen epean aurkeztu badute.

2. Hala ez balitz eta ekoizlea 2005eko martxoaren 31z geroztik hasi bada berriz esne entregak egiten edo zuzeneko salmenta egiten, hala dela frogatu beharko du Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuari jakinaraziz, ahalik lasterren eta betiere dirulaguntzen eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehenago.

3. Ekoizlea, ezinbesteko arrazoiengatik edo behar bezala justifikatutako salbuespenengatik, 2004-2005 kanpainan entregarik edo zuzeneko salmentarik egin ez badu ere, dirulaguntza jaso lezake baldin eta hala gertatu dela jakinarazi izan balio Abeltzaintza Zerbitzuari, ahalik lasterren eta betiere 2005eko martxoaren 31 baino lehenago.

4. Dirulaguntza hauen eskatzaileek ingurumenaren gaineko zenbait betebehar hartuko dituzte aintzat, eta zenbait laguntza-erregimen komunitario kudeatu eta kontrolatzeko sistema integratua bete beharko dute, apirilaren 13ko 543/2003 Errege Dekretuaren 4. artikuluak agindu bezala.

3. artikulua. Esne primaren zenbatekoa.

1. Esne prima honela emanen da: urte naturaleko, ustiategiko eta prima izateko eskubidea ematen duen kuotaren kilogramoko.

2. 2005. urtean, esne primaren urteko zenbatekoa 16,31 eurokoa izanen da prima izateko eskubidea ematen duen kuotaren 1.000 kilogramoko. 1782/2003 (EE) Erregelamenduaren 95. artikuluko 4. puntuan ezarritakoari jarraikiz, prima izateko eskubidea ematen duen kuota, Espainian, 5.566.950 tona da. Espainian araudian zehazten diren betebehar guztiak betetzen dituzten eskatzaile guztien kuoten baturak aurretik aipatutako kopurua gainditzen badu, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak koefiziente zuzentzaile bat finkatuko du modu linealean eskaera guztiei aplikatzeko.

4. artikulua. Pagamendu gehigarriak onartzeko funtsezko oinarriak.

1. Nafarroako Foru Komunitateak, 2005. urterako, 1.200.840 euro ditu pagamendu gehigarrietarako, esne kuoten datu base nazionalean diren informazioen arabera, Nafarroan kokatuta dauden ekoizleen artean banatzeko. Funts gehigarri horiek esne primaren osagarri izanen dira. Baliabide jakin batzuk atenditze aldera, zenbateko horren portzentaje baten atxikipena egin liteke. Atxikipenaren zenbatekoa Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak erabakiko du ebazpen bidez.

2. Honakook ezin dira izan pagamendu gehigarrien onuradun:

a) 2004-2005 kanpainan beren kuota oso-osoa utzi edo eskualdatu duten ekoizleak edo 2005-2006 kanpainan horretarako eskabidea eskatu dutenak, hau da, daukaten kuota guztia uzteko edo eskualdatzeko.

b) 1679/1994 Errege Dekretuaren arabera esnearen kalitaterako berme guztiak betetzen ez dituzten ekoizleak. Horretarako erreferentzia hauxe izanen da: 2004-2005 kanpaina osoko zenbaketen emaitzen batez bestekoa, bai zelula somatikoena bai bakterioena. Aurrekoa inola ere ukatu gabe, abeltzainak ez dira dirulaguntzarik gabe geldituko baldin eta 2005eko lehenbiziko sei hilabeteetan zelulen eta bakterioen batez bestekoak aipatu araudia betetzen badu.

3. Pagamendu gehigarriak ez dira pasatuko, unitateko, ustiategiko eta urteko, 4.500 eurotik. Ustiategien elkarteen kasuan, zenbateko hori haietan kontratu finkoarekin lanean ari den pertsona fisiko edo ogibide nagusi duen nekazari bakoitzari aplikatuko zaio, betiere alta emanda baldin badago Gizarte Segurantzan (Nekazaritzako Araubide Berezian edo Autonomoen Araubide Orokorrean, nekazaritza arloan) eta ordaindu beharrak eginak baldin baditu. Irizpide horiek baloratzeko, 2005eko apirilaren 1ean dagoen informazioa hartuko da aintzat.

5. artikulua. Pagamendu gehigarriak banatzeko irizpideak.

Pagamendu gehigarriaren unitateko zenbatekoa metatuz gehituko da honako irizpide hauen arabera:

a) % 20, Nekazaritzako Ustiategien gaurkotzeari buruzko uztailaren 4ko 19/1995 Legean ustiapen lehenetsitzat ematen den familiako edo elkarteko nekazaritza-ustiapena izateagatik. Beste % 10 igo daiteke, gainera, 347/2003 Errege Dekretuaren 2. artikuluan finkatzen denaren arabera, nekazari gazte baten ustiategia bada. Elkarte-ustiapen izateko, gutxienez elkarteko kideen ehuneko 50ek bete behar dute ezarritako baldintza. Bi betebehar horiek aintzat hartzeko, 2005eko apirilaren 1ean eskura dagoen informazioa hartuko da kontuan.

b) % 30, uztailaren 19ko 1804/1999 (EEE) Erregelamenduaren arabera "abeltzaintzako ustiapen ekologiko"tzat kalifikatua izateagatik. Horretarako 2005eko ekainaren 30ean eskura dagoen informazioa hartuko da kontuan.

c) % 20, abere produkzio integratua arautzen duen abenduaren 16ko 253/2002 Foru Dekretuaren arabera eta esnetarako behien produkzio integratuaren Erregelamendu teknikoa onesten duen 2003ko ekainaren 26ko Ebazpenaren arabera nekazaritza-ekoizpen integratuko ustiapentzat kalifikatua izateagatik. Irizpide hau betetzen den ala ez egiaztatzeko, 2005eko ekainaren 30ean esnetarako behien produkzio integraturako kontrol eta ziurtapen organoak egiaztatutzat ematen dituenak hartuko dira kontuan. Irizpide hau aintzat hartzea eta b) atalean aurreikusia bateraezinak dira.

d) % 10, 2005eko apirilaren 1ean Esne Kontrolaren Gune batean sartutako ustiapen integratua izateagatik.

6. artikulua. Eskabideen tramitazioa eta kontrola.

1. Deskribatutako dirulaguntzak eskuratu nahi eta azaleren aitormena egitera beharturik dauden ekoizleek eskabidea azaleren aitormena aurkezten duten autonomia erkidegoan hain juxtu aurkeztu beharko dute eskabidea.

Ekoizlea azaleren aitormena egitera behartuta ez badago, bere ustiategia Nafarroako Foru Komunitatean duenean betiere, dirulaguntzarako eskabidea Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren Abeltzaintza Zerbitzuan aurkeztu beharko du, eta unitate horixe arduratuko da eskabide horiek tramitazioaz.

Ustiategia autonomia erkidego bat baino gehiagotan baldin badago, ustiategiaren parte handiena duen autonomia erkidegoko organo eskudunean aurkeztu beharko da eskabidea.

2. Eskabideak martxoaren bigarren ostirala arte aurkezten ahal dira, azken eguna barne. Hala ere, epea bukatu eta hurrengo 25 egun naturaletan eskabideak onartuko dira. Atzeratzen diren egun bakoitzeko laguntzaren zenbatekoa ehuneko bat gutxituko da, Batzordeak 2001eko abenduaren 11n eman 2419/2001 EE Erregelamenduko 48. artikuluan aipatzen diren ezinbesteko kasuetan eta salbuespenezko gorabeheretan izan ezik.

3. Eskabide bat aurkeztu eta gero, edonoiz zuzen liteke, edo erretiratu, salbu eta ekoizleei esan bazaie irregulartasunak daudela edo abisua eman bada kontrol bat egin beharra dagoela ustiategian, edo kontrola egindakoak frogatu baldin badira irregulartasunak.

4. Kontrolei, kontrol planei edo ez-betetzeei dagokienez, apirilaren 13ko 543/2004 Errege Dekretuaren 9., 10, eta 11. artikuluetan xedatutakoari eginen zaio men.

7. artikulua. Ebazpena eta laguntzen ordainketa.

1. Laguntzak onartzea edo ukatzea Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak erabakiko du ebazpen bidez.

2. Laguntza hauek 6. artikuluan ezarritako kontrolak egindakoan ordainduko dira, betiere 2005eko abenduaren 1etik 2006ko ekainaren 30a bitartean.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru agindu honetan ez dagoen guztian, apirilaren 13ko 543/2004 Errege Dekretuan xedatutakoari eginen zaio men.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko otsailaren 21ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0502988