27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

16/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 14koa, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak emana, Nafarroako liburutegi publikoetarako langile osagarriak 2005ean kontratatzeko dirulaguntzen deialdiko arauak onesten dituena.

Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariak agindua eman du Nafarroako liburutegi publikoetarako langile osagarriak 2005ean kontratatzeko dirulaguntzen deialdiko arauak onets daitezen.

Nafarroako liburutegi publikoetarako langile osagarriak 2005ean kontratatzeko dirulaguntzen deialdiko arauak onesten dituen foru aginduaren aurka bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea Nafarroako Gobernuan, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Toki entitateek haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahalko dute Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabeteko epean. Hala ere, aurretiazko errekerimendua egiten ahalko zaio Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 44. artikuluan aipatzen den moduan eta epean.

Iruñean, 2005eko otsailaren 14an._Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilaria, Juan Ramón Corpas Mauleón.

NAFARROAKO LIBURUTEGI PUBLIKOETARAKO LANGILE OSAGARRIAK 2005EAN KONTRATATZEKO DEIALDIKO ARAUAK

Nafarroako Gobernuko Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuak, Nafarroan udalen liburutegi publikoetako langile gehiago kontratatzeko eta liburutegien zerbitzua hobetzeko asmoz, deialdi hau egin du, guztira gehienez ere 50.000 euroko kontsignazioa duena. Honako hauek dira arauak:

A R A U A K

1._Xedea.

Deialdi honen xedea udalei 2005ean dirulaguntzak ematea da, Nafarroako liburutegi publikoetarako langile osagarriak kontratatzeko, Nafarroako Gobernuko liburuzainei lagundu eta horrela jendearendako zerbitzua hobetzearren.

Hori dena, Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen arabera.

2._Dirulaguntzaren xede diren gastuak.

Foru Komunitateko liburutegi publikoei Nafarroako Gobernuko liburuzainei laguntzeko liburutegiko laguntzaile osagarriak kontratatzeko udalek izaniko gastuak.

3._Aurrekontua.

2005eko ekitaldirako, Kultura eta Turismo Departamentuak esleituko dion aurrekontua 50.000 eurokoa da. "Liburutegi publikoen zerbitzua hobetzeko laguntzak" izeneko A11001 A1320 4600 332200 kontusailetik finantzatuko da.

4._Onuradunak.

Foru Komunitateko toki entitateek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, haien liburutegi publikoa Nafarroako Gobernuarekiko hitzarmenen bidez kudeatzen bada.

5._Bateragarritasuna.

Laguntza hauek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren beraren eta Espainiako eta atzerriko bestelako entitate publiko edo pribatuen dirulaguntzekin bateratzen ahal dira.

6._Eskabideak eta agiriak.

6.1. Dirulaguntza eskaerak aurkeztu beharko dira, Turismoko eta Turismoaren Sustapeneko Zuzendaritza Nagusiko Liburutegi Zerbitzuko zuzendariari igorririk, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo Departamentuko erregistro orokorrean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren tokietako edozeinetan. Bertan deialdi honen izena adieraziko da.

6.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztuko dira:

a) Liburutegiko langile osagarriak kontratatzeko proposamena, betebehar hauek bildu behar dituena:

Maila: liburutegiko laguntzailea, Foru Administrazioko D mailaren baliokidea.

Gutxieneko kontratazioa: 1.025 ordu urtean, hamabi hilabetean banaturik. Kostua gutxi gorabehera 14.000 eurokoa izanen da, gizarte zamak eta zergak barne

b) Eskatzaileak bere eskaera hobeki arrazoitzeko interesgarritzat jotzen dituen agiriak, bosgarren arauan aipatzen diren balorazio irizpideei dagokienez.

6.3. Eskaerak behar diren baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean osa edo zuzen dezala, eta aditzera emanen, egin ezean, eskaera bertan behera utzi duela juzgatu eta espedientea beste izapiderik gabe artxibatuko dela.

7._Epea.

Eskabideak aurkezteko epea 30 egun naturalekoa da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

8._Emateko prozedura eta irizpideak.

8.1. Eskaerak aztertzeko Ebaluazio Batzorde bat sortuko da, Liburutegi Zerbitzuko zuzendaria buru izanen duena eta kide hauek: Liburutegi Sareko atalburua, Nafarroako Kultura Kontseiluko kide bat eta Langileriaren eta Kudeaketa Administratiboaren Bulegoko burua, idazkari lanetan arituko dena, hizpidea eta botoa izanen duena. Ebaluazio Batzordeak arlo horretan adituak diren pertsona fisikoen edo entitate pribatuen aholkua eska dezake.

8.2. Ebaluazio Batzordeak, aurkezturiko eskaerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa ezartzeko, irizpide eta puntuazio-ehuneko hauek izanen ditu kontuan:

Liburutegi publikoa dagoen herriak zenbat bizilagun dituen. Iruñaren kasuan, liburutegi publikoa dagoen barrutiko bizilagunak hartuko dira kontuan: ehuneko 35.

Liburutegiko langile osagarrien lanetan aritzeko proposatzen diren langileen curriculum profesionala: ehuneko 25.

Liburutegi publikoa 2005ean ireki berria bada: ehuneko 20.

Kontratazio berria: ehuneko 20. Kontratuaren urte bakoitzeko lau puntu kenduko dira.

9._Ebazpena.

9.1. Ebaluazio Batzordeak, eskaera guztiak aztertu ondoren, foru agindu baten bidez, Vianako Printzea Erakundea-Kultura eta Turismo kontseilariari proposamen arrazoitua eginen dio, eskaerak aurkezteko epea amaitu eta hilabeteko epearen barruan ebazpena eman dezan.

9.2. Laguntzak lortutako puntuazio ordenaren arabera banatzea proposatuko da. 60 puntura iristen ez diren eskaeretarako ez da inolako dirurik izanen.

9.3. Deialdi honen xede diren dirulaguntzen banaketa jakinarazi edo argitaratu ondoren, toki entitateak hamabost eguneko epea izanen du dirulaguntzaren baldintzak onartzen dituela eta kontratazioa arauetako 5.2.a) idatz-zatian aipatzen diren baldintzekin bat egiteko konpromisoa adierazteko.

10._Dirulaguntzaren ordainketa.

10.1. Laguntzaren zenbatekoa lortutako puntuazioaren araberakoa izanen da, deialdi honetako 7.2. arauan adierazitako moduan, eta ez du aurkeztutako aurrekontuaren ehuneko 70 gaindituko.

10.2. Ordainketa bi zatitan eginen da. Lehena kontratua Liburutegi Zerbitzuan aurkeztean eginen da eta lehenengo lau hilabeteetako zenbatekoa bilduko du. Bigarren ordainketarako, beste hilabeteetako zenbatekoa bilduko duena, toki entitate onuradunak Liburutegi Zerbitzuan aurkeztuko ditu, 2005eko abenduaren 13a baino lehen, urte osoan izaniko gastuak frogatzen dituzten agiriak, jatorrizko fakturen edo faktura konpultsatuen bidez.

10.3. Dirulaguntza Liburutegi Zerbitzuak adostasun txostena eman ondoren pagatuko da, Turismorako eta Turismoaren Sustapenerako Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez.

11._Onuradunaren betebeharrak.

11.1. Turismoko eta Turismoaren Sustapeneko Zuzendaritza Nagusiko organo kudeatzaileak kasuan kasuko ordainketak egin baino lehen gastuaren egiaztapen materiala egin dadila eskatzen ahalko du.

11.2. Arau honetan aipatzen diren dokumentuak aurkeztea ezinbesteko baldintza izanen da ordainketak dirulaguntza osoaren adinakoak izateko.

12._Gorabeherak eta eginbeharrak ez betetzea.

12.1. 5.2.a idatz-zatian aipatzen den lanerako proiektuaren ezaugarriak aldatzeko, aldez aurretik Liburutegi Zerbitzuko zuzendaritzak adostasun txostena eman beharko du. Horretarako Kultura eta Turismo kontseilariak ebatzi beharko du, foru agindu baten bidez. Horrek onetsi eginen du, Ebaluazio Batzordearen iritziz, aldaketak proiektuan eragin handirik ez baldin badu.

12.2. Arau hauetan edo lehenengo arauan aipatzen den arautegian aurreikusiriko eginbeharretakoren bat betetzen ez bada, edo emaniko datuak faltsuak badira, Administrazioak ahalmena izanen du laguntza kentzeko eta harturiko dirua itzul dadila eskatzeko.

12.3. Beste entitate batzuetatik ere dirulaguntzarik edo laguntzarik hartuz gero, emaniko laguntza aldatuko da, laguntza guztien zenbatekoak diruz lagunduriko kontratazioaren kostua gainditzen badu.

13._Arau-hausteak eta zehapenak.

13.1. Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio. Orobat, Turismoko eta Turismoaren Sustapeneko Zuzendaritza Nagusiak hala erabakitzen duenean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, hartarako ebazpena emanda, atzematen bada behin eta berriz ez direla betetzen organo kudeatzaileak dirulaguntzaren helburu kulturalak betetzen laguntzeko asmoz emandako jarraibideak.

13.2. Zehapen prozedura Administrazio Publikoen Araubideari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa izanen da.

14._Errekurtsoak.

Foru agindu honen eta arauen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iragarkiaren kodea: F0502610