I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
3/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeei 2005eko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.
Nafarroako Foru Komunitatean beste eskualde batzuetako seme-alabak edo jatorria beste erkidego batzuetan duten herritarrak biltzeko eta adiskidantza garatzeko kultura eta jostetarako elkarteak daude. Elkarte horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi diren euren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriak mantentzen dituzte.
Nafarroako Gobernuak erakunde horien jarduerak egiteko eta horien funtzionamendurako laguntzak ematen ditu, eta 2005eko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorrean badira xede horretarako kontusail zehatzak.
Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren etxe horiek egiten dituzten jarduerak mantentzea eta horiek sustatzea gizarte-interesekoa dela adierazi da eta oraingo honetan bidezkoa da etxe horiei laguntza ekonomikoak emateko deialdi berria onestea. Laguntza horien bidez, besteak beste, jarduera kulturalak eta sozialak, inbertsioak eta funtzionamenduko gastuak finantzatuko dira.
Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz,
AGINDU DUT:
1. Nafarroan beste erkidego batzuetako etxeek eta horien federazioei laguntzak emateko 2005eko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako foru agindu honetan bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.
2. Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko lerro hauetako gehieneko dirua izanen du muga:
_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4810-921B02 kontusaila, gehienez ere 52.500 euro.
_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B02 kontusaila, gehienez ere 3.000 euro.
3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
Iruñean, 2005eko otsialaren 7an._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.
E R A N S K I N A
Nafarroan dauden beste erkidego batzuetako 3txeei 2005eko ekitaldian laguntzak emateko deialdiaren arauak
Lehenbizikoa._Laguntza horien helburuak hauek izanen dira:
a) Jarduera kulturalak, hala beraien jaietan antolatzen dituztenak nola jarduera kultural arruntak; 2005eko ekitaldian edo aurrekoan egin diren ekintzak izaten ahal dira.
b) Gastu hauek egiteko izanen dira: funtzionamendukoak edo finantzen arlokoak.
c) Egoitza erosi edo hobetzekoak edo bertan altzariak paratzekoak.
Bigarrena._Laguntza hauek ezarri dira:
a) Jarduera kulturalak antolatzeko. Ondore horretarako jatorrizko lurraldeko talde artistikoen emanaldien antolakuntza gastuak zenbatuko dira (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), bertako talde artistikoen funtzionamendu gastuak, kultur eta josteta arloko lehiaketak eta bestelako jarduera kultural eta sozialak antolatzea.
b) Funtzionamenduko eta finantzaketako gastu arruntetarako laguntzak. Funtzionamenduko gastu arruntetan gehienez ere 2.500 euro sartzen ahal dira ospakizun sozial, ordezkarien bidaia eta gisakoetarako.
c) Aparteko laguntzak, lehiaketak, erakusketak eta kultur jarduerak antolatzeko edo aparteko gastu, inbertsio edo funtzionamenduko gastuei aurre egiteko. Halaber, aurreko ekitaldian egin direnak ez beste jarduerak ordaintzeko erabiltzen ahal dira munta horiek.
Laguntza horien kopuruak aurrekontuan eskuragarri dauden munten arabera ezarriko dira.
Hirugarrena._Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.
Laugarrena._Laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:
_Lehentasuna emanen zaie, ekimenean, gaietan edo adierazpenean berariaz jatorrizko lurraldearen jarduera kulturalak diren proiektuei.
_Lehentasuna izanen dute, halaber, aurreko ekitaldietan jarduera kulturalak burutzeagatik eta funtzionamenduagatik gasturik handiena izan duten etxeen proiektuek.
_Laguntzak emateko, kontuan hartuko da proposamena egin duen etxeko bazkideen kopurua.
_Lehentasuna izanen dute sozietatearen egoitza eskuratzeko, hobetzeko edo altzariak jartzeko inbertsioek.
_Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.
_Berariaz hartuko dira aintzat Nafarroan egoitza duten lurralde edo herrialde guztien arteko elkarlotura eta lankidetza ekarriko duten proiektuak.
Bosgarrena._Egoitza Nafarroan duten etxe edo federazioek jasotzen ahal dituzte laguntzak, baldin eta ondoko baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Elkartea legez eraturik egotea eta dagokion Erregistro Ofizialean izena emana egotea.
b) Irabazi asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta sozialak antolatzea izatea.
c) Barneko estatutuak izatea, behar bezala onetsiak.
d) Erakundearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.
e) Gutxienez 50 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea, salbu eta federazioen kasuan.
Seigarrena._Laguntza hauek eskuratzeko interesa duten lurraldeetako etxeek jarraian adieraziko den dokumentazioa aurkeztu behar dute Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusian:
_Elkartearen legezko eraketaren ziurtagiria eta Erregistro Ofizialeko inskripzioa.
_Indarra duten estatutuak (ez da beharrezkoa aurkeztea lehen hala egin bazen eta aldaketarik izan ez bada).
_Bazkideen zerrenda, elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko duena.
_Zuzendaritza Batzordearen osaera; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da eta hori ere elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko du; eraketa horren data adierazi behar da.
Funtzionamendu gastuetarako laguntzak eskatzen dituzten etxeek, adierazi diren agiriak ez ezik, ondokoak aurkeztu behar dituzte:
_2005eko ekitaldiko gastuen edo sarreren urteko aurrekontu arrunta.
_Aurrekontuan sartu diren kontzeptuak azaltzen dituen memoria.
Kultur ekintzetarako laguntzak eskatzen dituzten etxeek, horrez gain, honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte:
_2005. urtean egin gogo duten programazioa azaltzen duen memoria.
_Gastuen aurrekontu xehekatua.
_Etxeak aurreko hiru urteetan egin dituen jarduera kulturalen eta horien balorazio ekonomikoaren memoria laburtua. Ez da beharrezkoa izanen lehenbiziko bi urteetako erreferentziak ematea, baldin eta aurreko urteetako deialdietan aurkeztu badira.
_Aurreko urtean dirulaguntzak hartu zituzten jardueretako materialak (egitarauak, afixak, eta abar), non Nafarroako Gobernuaren ikurra edo haren aipamena agertuko baita, deialdian eskatzen denarekin bat.
Aparteko laguntzak eskatzen dituzten etxeek beren proiektua azaltzen duen txostena aurkeztu beharko dute eta txosten horretan aurrekontua eta eskatzen duten laguntza adieraziko dituzte. Egin diren gastu handiagoetarako laguntzen eskabideen kasuan gertatu diren inguruabarrak eta eskaeraren arrazoiak adieraziko dira.
Dokumentazio horiek 2005ko martxoaren 31ko 14:30 orduak baino lehenago aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.
Zazpigarrena._Eskabide horiek organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den, bai berehala emanen direnak, bai onetsi behar direnak, horretarako diru gehiago baldin badago.
Organo horretan Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua eta Izapide Administratiboen Bulegoko burua egonen dira.
Eskabideei buruzko txostena egin ondoren, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, Komunikazio zuzendari nagusiaren ebazpenez bidezko laguntzak emanen dira, aurrekontuan dagoen diruaren arabera. Araudian ezarri dena bete ez duten edota aipatu diruarekin bete ezin diren eskabideei ezetza emanen zaie.
Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak aurkeztuz. Faktura horiek 2005ean aurkeztuko dira, ahal dela ondoko bi epe hauetan: maiatzaren 31 baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da beste fakturarik onartuko.
Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.
Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakaria oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.
Salbuespen gisa, dirulaguntza onartu ondoren horren erdia ordain liteke gastuak justifikatu baino lehenago, betiere eskaera batean arrazoiak emanez.
Entitateren batek laguntzari uko egin diolako edo beste edozein arrazoirengatik kontusailetan dirurik gerdituko balitz, beste laguntza batzuk ematen ahalko lirateke, proposamena egiten duen organo kolegiatuak adostasun txostena egin eta gero.
Zortzigarrena._Etxeek edo haien federazioek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen eta iragarkietan, Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.
Bederatzigarrena._Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko ondoko lerroetako gehieneko dirua izanen du muga:
_Funtzionamendu eta jarduera kulturaletako gastuak: 220004-22200- 4810-921B02 kontusaila, gehienez ere 52.500 euro.
_Lokalak eskuratzeko eta hobetzeko gastuak: 220004-22200-7810- 921B02 kontusaila, gehienez ere 3.000 euro.
Hamargarrena._Arau hauetan aurreikusirik ez dauden gaietan dirulaguntzei buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzkoa).
Hamaikagarrena._Deialdi honen arauen kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Iragarkiaren kodea: F0502598