27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

1/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 7koa, Toki Administrazioko kontseilariak emana, Nafarroako Gobernuaren eledun den aldetik, Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei 2005eko ekitaldian laguntza emateko deialdia onesten duena.

Espainiako lurralde batzuetan kultura eta jostetarako elkarteak daude Nafarroako seme-alabak edo jatorria Nafarroan duten herritarrak biltzeko eta adiskidantza garatzeko, hau da, elkarte horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik beste lurralde batzuetan bizi direnek Nafarroarekiko ohiko harremanak gauzatzen dituzte.

Nafarroako Gobernuak harreman iraunkorrak mantentzen ditu Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeekin eta horien jardueretarako eta funtzionamendurako laguntzak ematen ditu eta Nafarroako 2005eko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrean bada ondore horretarako den kontusail zehatza.

Espainiako beste lurralde batzuetan dauden nafar etxe horiek egiten dituzten jarduerak mantentzea eta horiek sustatzea gizarte-interesekoa dela adierazi da eta oraingo honetan bidezkoa da etxe horiei laguntza ekonomikoak emateko deialdi berria onestea. Laguntza horien bidez, besteak beste, jarduera kulturalak eta sozialak, inbertsioak eta funtzionamenduko gastuak finantzatuko dira.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernuari eta Administrazioari buruzko Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman kudeatu eta kontrolatzeko erregimen orokorra arautzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeari jarraikiz,

AGINDU DUT:

1. Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei eta horien federazioei laguntzak emateko 2005eko deialdia onestea. Dirulaguntzak honako foru agindu honetan bildu diren arauetan ezarritakoari jarraikiz emanen dira.

2. Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_220004-22200-4810-921B00 kontusaila, "Nafar etxeentzako laguntzak", gehienez 115.883 euro.

_220004-22200-7810-921B00 kontusaila, "Nafar etxeen egoitzak erosi eta hobetzeko laguntzak", gehienez 42.000 euro.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2005eko otsailaren 7an._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

E R A N S K I N A

Espainiako beste lurralde batzuetan dauden Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeei laguntza emateko 2005eko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa: Laguntza horien helburuak hauek izanen dira:

a) Jarduera kulturalak, kirolak edo jostetaren arlokoak, hala jaietan antolatzen dituztenak (San Frantzisko Xabierkoa, Sanferminak, etab.) nola ekintza arruntak; 2005eko ekitaldian edo aurrekoan egin diren ekintzak izaten ahal dira.

b) Gastu hauek egiteko izanen dira: funtzionamendukoak edo finantzen arlokoak.

c) Egoitza erosi edo hobetzekoak edo bertan altzariak paratzekoak.

Bigarrena: Laguntza hauek emanen dira:

a) Jarduera kulturalak, kirol edo jostetaren arlokoak antolatzeko. Ondorio horretarako Foru Komunitateko talde artistikoen emanaldien edo Nafarroako gaiei buruzko hitzaldien antolakuntza gastuak zenbatuko dira (emanaldi horiek ordaintzea, garraioa eta ostatua, publizitatea, lokalen alokairua, etab.), beste lurralde batzuetako nafar etxeen talde artistikoen emanaldiak, bestelako jarduera kultural batzuen gastuak, ekipo artistikoen eta kirol taldeen gastuak eta kirol eta josteta emanaldietan ematen diren sarienak.

b) Funtzionamenduko eta finantzaketako gastu arruntetarako laguntzak. Diru kopuru horren barrenean zenbatzen ahal dira, funtzionamenduko gastu gisa, gehienez 2.500 euro gizarte ekintzak antolatzeko, ordezkarien joan-etorri eta antzeko beste batzuetarako.

c) Aparteko laguntzak, emanaldiak edo erakusketak antolatzeko edo aparteko finantza gastu, inbertsio edo funtzionamenduko gastuei aurre egiteko. Halaber, aurreko ekitaldian egin direnak ez beste jarduerak ordaintzeko erabiltzen ahal dira munta horiek.

Laguntza horien kopuruak aurrekontuan eskuragarri dauden munten arabera ezarriko dira.

Hirugarrena: Laguntza hauek bateraezinak dira helburu berberekin Foru Komunitateko Administrazioko edo bere erakunde autonomoetako beste edozein organok ematen ahal dituen beste batzuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek emaniko dirulaguntzen zenbatekoak gastu sortua gainditzen duenean, deialdi honi dagokion laguntza gutxituko da.

Laugarrena: Laguntza horiek emateko irizpideak hauek dira:

_Jatorri, gai, interprete edo esanahiagatik Nafarroari lotutakoak diren kultur jardueren proiektuek lehentasuna izanen dute.

_Lehentasuna izanen dute, halaber, aurreko ekitaldietan Nafarroako berariazko jarduera kulturalak burutzeagatik eta funtzionamenduagatik gasturik handiena izan duten etxeen proiektuek.

_Laguntzak emateko, kontuan hartuko da proposamena egin duen etxeko bazkideen kopurua.

_Lehentasuna izanen dute sozietatearen egoitza eskuratzeko, hobetzeko edo altzariak jartzeko inbertsioek.

_Gazteek sustatzen dituzten proiektuek edota gazteentzakoek lehentasuna izanen dute.

_Berariaz hartuko dira aintzat nafar etxeen arteko elkarlotura eta lankidetza ekarriko duten proiektuak.

Bosgarrena: Ondoko baldintza hauek betetzen dituzten Nafarren Txoko, Biltoki eta Etxeak edo federazioek jasotzen ahalko dituzte aipatu laguntzak:

a) Elkartea legez eraturik egotea eta dagokion Erregistro Ofizialean izena emana egotea.

b) Irabazi asmorik ez edukitzea eta sozietatearen xedea jarduera kulturalak, kiroletakoak eta sozialak antolatzea izatea.

c) Barneko estatutuak izatea, behar bezala onetsiak.

d) Erakundearen ordezkariak hautatzean eta barreneko funtzionamenduan esku-hartze demokratikoa ziurtatua egotea.

e) Gutxienez 50 bazkide aktibo eta ordaintzen dutenak izatea, salbu eta federazioen kasuan.

Seigarrena: Laguntza hauek eskuratzeko interesa duten Nafarren Txoko, Biltoki edo Etxeek jarraian adieraziko den dokumentazioa aurkeztu behar dute Nafarroako Gobernuko Komunikazio Zuzendaritza Nagusian:

_Elkartearen legezko eraketaren ziurtagiria eta Erregistro Ofizialeko inskripzioa.

_Indarra duten estatutuak (ez da beharrezkoa aurkeztea lehen hala egin bazen eta aldaketarik izan ez bada).

_Bazkide aktibo eta ordaintzen dutenen zerrenda, elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko duena.

_Zuzendaritza Batzordearen osaera; batzorde hori estatutuen arabera hautaturik egonen da eta hori ere elkarteburuak edo idazkariak ziurtatuko du; eraketa horren data adierazi behar da.

Funtzionamendu eta finantza gastuetarako laguntzak eskatzen dituzten etxeek, adierazi diren horiek ez ezik, ondokoak aurkeztu behar dituzte:

_2005eko ekitaldiko gastuen edo sarreren urteko aurrekontu arrunta.

_Aurrekontuan sartu diren kontzeptuak azaltzen dituen memoria.

Jarduera kulturalak, kiroletakoak edo josteten arlokoak egiteko laguntza eskatu duten etxeek, horiek ez ezik, ondoko hauek aurkeztu behar dituzte:

_2005. urtean egin gogo duten programazioa azaltzen duen memoria.

_Gastuen aurrekontu xehekatua.

_Etxeak aurreko hiru urteetan egin dituen jarduera kulturalen eta horien zenbatespen ekonomikoaren memoria laburtua. Ez da beharrezkoa izanen lehenbiziko bi urteetako erreferentziak ematea, baldin eta aurreko urteetako deialdietan aurkeztu badira.

_Aurreko urtean dirulaguntzak hartu zituzten jardueretako materialak (egitarauak, afixak, eta abar), non Nafarroako Gobernuaren ikurra edo haren aipamena agertuko baita, deialdian eskatzen denarekin bat.

Aparteko laguntzak eskatzen dituzten etxeek beren proiektua azaltzen duen txostena aurkeztu beharko dute eta txosten horretan aurrekontua eta eskatzen duten laguntza adieraziko dituzte. Egin diren gastu handiagoetarako laguntzen eskabideen kasuan gertatu diren inguruabarrak eta eskaeraren arrazoiak adieraziko dira.

Dokumentazio horiek 2005eko martxoaren 31ko 14:30 baino lehenago aurkeztuko dira Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean.

Zazpigarrena: Eskabide horiek organo kolegiatu batek aztertu eta neurtuko ditu; organo horrek proposatuko du zein laguntza emanen den, bai berehala emanen direnak, bai onetsi behar direnak, horretarako diru gehiago baldin badago.

Organo horretan Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko zuzendaria, Komunikazio Zuzendaritza Nagusiko Protokolo eta Argitalpen Zerbitzuko Protokolo Ataleko burua eta Izapide Administratiboen Bulegoko burua egonen dira.

Eskabideei buruzko txostena egin ondoren, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hilabeteko epean, Komunikazio zuzendari nagusiaren ebazpenaren bitartez, bidezko laguntzak emanen dira, aurrekontuan dagoen diruaren arabera. Araudian ezarri dena bete ez duten edota aipatu diruarekin bete ezin diren eskabideei ezetza emanen zaie.

Erakunde onuradunak egin duen gastua justifikatu beharko du jatorrizko fakturak aurkeztuz. Faktura horiek 2005ean aurkeztuko dira, ahal dela ondoko bi epe hauetan: maiatzaren 31 baino lehen eta abenduaren 15a baino lehen. Egun horretatik aurrera ez da beste fakturarik onartuko.

Laguntzak, frogagiriak onartu ondoren, 30 eguneko epean ordainduko dira.

Gastuen azken aurkezpenean laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria erantsi beharko da, lehendakaria oniritziarekin, non entitateak ekitaldi horretan organo ofizial edo pribatuetatik harturiko bestelako laguntzak adieraziko baitira, horrelakorik bada.

Salbuespen gisa, dirulaguntza onartu ondoren horren erdia ordain liteke gastuak justifikatu baino lehenago, betiere eskaera batean arrazoiak emanez.

Entitateren batek laguntzari uko egin diolako edo beste edozein arrazoirengatik kontusailetan dirurik gerdituko balitz, beste laguntza batzuk ematen ahalko lirateke, proposamena egiten duen organo kolegiatuak adostasun txostena egin eta gero.

Zortzigarrena: Nafarren etxeek sustatu dituzten eta foru agindu honen arabera eman diren laguntzak jaso dituzten programetan eta bestelako argitalpen eta iragarkietan, Nafarroako Gobernuak babestuta daudela adierazi beharko da.

Bederatzigarrena: Laguntza horien kopuruak 2005eko Gastuen Aurrekontuko ondoko kontusailen kontsignazioa izanen du muga:

_220004-22200-4810-921B00 kontusaila, "Nafar etxeentzako laguntzak", gehienez 115.883 euro.

_220004-22200-7810-921B00 kontusaila, "Nafar etxeen egoitzak erosi eta hobetzeko laguntzak", gehienez 42.000 euro.

Hamargarrena: Arau hauetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Hamaikagarrena: Deialdi honen araun kontra eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

Iragarkiaren kodea: F0502593