27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

I R U Ñ A

Hiritarren entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publikoa, 2005. urtean euskarazko kultur jarduerak egin ditzaten

OINARRI ERREGULATZAILEAK

1._Xedea.

Deialdi publiko honek publikotasun, konkurrentzia, objektibotasun, berdintasun eta ez diskriminazio, gardentasun, eraginkortasun eta eragimen printzipioak ditu oinarri, eta haren xedea hiritarren elkarteei diru-laguntzak ematea da, 2005. urtean euskarazko kultur jarduerak edo euskara sustatzekoak egiteko.

2._Onuradunen betekizunak.

Deialdi honi kulturaren, artearen eta hiritarren parte hartzearen esparruan ari diren elkarteek orok eutsi ahal izanen diote, baldin eta ondoko baldintzak betetzen badituzte:

2.1. Legeekin bat eraturik izatea, eskaera aurkeztu behar den datan.

2.2. Elkartearen egoitza nahiz zergetarakoa Iruñean edukitzea.

2.3. Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte Segurantzari buruzko betebeharrak.

2.4. Sartua ez izatea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluak jasotzen dituen kasuetakoren batean.

3._Diru-laguntzaren xede diren jardueren betekizunak:

Jarduerek, Iruñeko Udalaren diru-laguntzak jaso ahal izateko, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

3.1. Kulturalak edo artistikoak izatea eta hiritarren parte hartzea sustatzea.

3.2. Irekiak izatea eta batez ere udal mugapean egitea.

3.3. Iruñeko Udalak finantzatzen dituen bestelako programetan sarturik ez izatea.

3.4. 2005. urtean egitea.

4._Diru-laguntzek, osotara zenbat

Hiritarren entitateei diru-laguntzak emateko deialdi publiko honek, 2005. urtean euskarazko kultur jarduerak programatu eta egin ditzaten, gehienez ere 20.000 euroko aurrekontua izanen du, konkurrentzia ez-lehiakor gisara.

Diru-laguntzaren zenbatekoak ez du inolaz ere gaindituko jarduerak onuradunari eragiten ahal dion defizita. Halaber, kontuan harturik diru-laguntza publikoek ezin dutela, inolaz ere, irabazirik sorrarazi, horrekin batera beste hainbat diru-laguntza edo diru-sarrera eskuratzeak, jarduera edo helburu jakin batzuetarako, berekin ekarriko du Udalaren diru-laguntza murriztea.

5._Eskabideak aurkezteko deia, tokia eta epea.

Eskabideak Iruñeko Udalaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira.

20 egun naturaleko epea dago eskabideak aurkezteko, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Epea azken egun balioduneko 14:00etan amaituko da.

6._Aurkeztu beharreko agiriak.

Diru-laguntzaren eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, Udal Idazkaritzan edo notario baten aurrean konpultsatutako fotokopiak.

Eskatzaileei 10 eguneko epea emanen zaie, gehienez ere, jakinarazpena jaso eta biharamunetik aitzina, aurkeztu gabeko agiriak aurkezteko edo egin diren akatsak zuzentzeko. Halakorik ez badute egiten, behin emaniko epea iraganda, eskaera artxibatuko da, eta eskatzaileak eskaera bertan behera utzi duela joko.

Eskatutako agiriak:

6.1. "Jarduera-orria" izeneko inprimakia, zeina deialdi honi erantsi baitzaio. Halako "orri" bat bete beharko da, diru-laguntzak jasotzeko aurkezten den programazio bakoitzeko.

6.2. Elkarte eskatzailearen nortasun juridikoa egiaztatzeko agiriak, jatorrizkoak edo kopia eskuetsiak, eta dagokion erregistroan izena emana duela ziurtatzekoak ere. Halaber, elkarteak egiaztatu beharko du Iruñean duela bere egoitza _zergak ordaintzekoa barne_, eta legeekin bat eraturik dagoela, eskabidea aurkezten duen datan.

6.3. Ordezkariaren ahalorde-agiriak, jatorrizkoak edo kopia eskuetsiak, non egiaztatuko baita diru-laguntza eskatzeko ahalmena duela, edo, bestela, jatorrizko agiriaren kopia kautotua, eta ordezkariaren nortasun agiri nazionalaren kopia kautotua ere.

6.4. Elkarte eskatzailearen agiri bat, non aitortuko baitu eguneratuak dituela Foru Ogasunarekiko betebeharrak, eta, hala behar bada, Gizarte Segurantzarekikoak ere.

Iruñeko Udalak bere kabuz egiaztatuko du deialdi honetako diru-laguntzak eskatzen dituzten elkarteek harekiko zerga-betebeharrak eguneratuak dituzten.

6.5. Diru-laguntza jaso duten jardueren eta entitatearen ekonomiaren gaineko memoria, aurreko urteari dagokiona, baldin eta Udalean memoria hori jasota ez badago, eta, betiere, diruz lagundutako jarduerari buruzkoa soilik.

6.6. Agiri edo aitorpen bat, non adieraziko baita merkataritzako zer harreman motak lotzen dituen elkartea eta monitoreak, programatutako jarduerak halakoak beharrezko badituzte.

6.7. Entitateak 2005. urtean jasotzeko dituen diru-laguntzen gaineko aitorpena. Horretaz gain, bestelako erakundeen aurrean aurkeztu eta deialdi honetan parte hartzen duen unean ebazteke dauden laguntza-eskaerak aipatuko dira, eta 10.1 atalean ezarritako betebeharra ere bete beharko du.

Elkarteek ez dituzte 6.2. eta 6.3. ataletan aipatu agiriak aurkeztu beharko, baldin eta aurreko deialdietan aurkeztu badituzte. Kasu horretan elkartearen ordezkariak aitorpen erantzulea aurkeztu beharko du, non egiaztatuko baitu ez dela inolako aldaketarik izan elkartearen estatutuetan, ezta horren ordezkaritzan ere; aurrekoa gorabehera, elkarteak, legezko ordezkarien bidez, bere helburuei eta zuzendaritza-taldeari dagozkien aldaketak oro jakinarazi eta egiaztatu beharko ditu, horiek eskaera aurkeztu ondoren gertatzen badira.

7._Batzordea eta baloratzeko irizpideak.

7.1. Batzorde batek baloratuko ditu eskabideak. Batzorde horrek Kulturako Alorreko Zinegotzi Delegatua izanen du buru, eta Alor horretako zuzendaria, idazkari teknikoa eta teknikari bat, kide. Batzordeak eskatzen ahalko du kanpoko hainbat adituk aholku ematea.

7.2. Batzordeak, gehienez ere, 30 egun balioduneko epean baloratuko ditu aurkeztu eskabideak, horiek aurkezteko ezarritako mugaegunetik aitzina.

7.3. Aurkezten diren jarduerak baloratzeko eta laguntzaren zenbatekoa zehazteko, Batzordeak ondoko irizpideak hartuko ditu kontuan, eta horiei ondoren azaltzen diren puntu-kopuruak emanen zaizkie, betiere, guztira, 100 punturen gainean:

7.3.1. Laguntza zein jardueratarako eskatu eta horren interesa, kalitatea, originaltasuna eta dimentsioa _parte-hartzaileen kopurua, behar diren azpiegiturak, etab._ (40 puntu bitarte). Atal honetan gutxienez 20 puntu lortu ezean, ez da eskatutako diru-laguntza emanen.

7.3.2. Aurreko urteetan egindako kultur programazioaren gaineko ebaluazioa. Halakorik bada, alderatzea, alde batetik, proposatutako jarduerak eta diru-laguntzak jasotzeko aurrekontuak, eta, bestetik, benetan egin dena eta justifikatu dena. (25 puntu bitarte). Laguntza hau lehendabiziko aldiz eskatuz gero, zuzenean 10 puntu jasoko dira atal honetan.

7.3.3. Elkartearen bazkide kopurua (10 puntu bitarte).

7.3.4. Proposatzen den jardueraren eragina, hala hiriko dinamizazio kulturalean edo artistikoan nola hiritarren parte-hartzean (15 puntu bitarte).

7.3.5. Entitateak jardunean daraman denbora, antzinatasuna eta haren jardutearen iraunkortasuna (10 puntu bitarte).

Eskaerek diru-laguntzen kopurua gainditzen badute, bi aukera daude: ezetza ematea balorazioan puntu gutxien jaso dituztenei, edo zenbateko gaindikina proportzioan egoztea onetsitako eskaera guztien artean.

8._Prozedura ebazteko epea.

Gastua baimendu eta xedatzeko faseak bi hilabeteren buruan eginen dira, eskabideak noiz aurkeztu eta hortik aitzina. Ordaintzeko aginduak banan-banan gauzatuko dira, onuradun bakoitzaren alde, behin 10.1.2 klausularen betebeharra bete eta gero.

9._Interesatuei jakinaraztea eta errekurtsoak.

Interesatuei haien eskubideak eta interesak ukitzen dituzten ebazpenak eta administrazio-egintzak jakinaraziko zaizkie, Administrazio Publikoaren Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 58, 59, 60 eta 61. artikuluek ezarritakoarekin bat.

Oinarri hauen eta horiek betearazteko har daitezkeen administrazio-ebazpenen kontra, ondoko errekurtsoak paratzen ahalko dira, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintza Udalaren zein organok gauzatu eta horri zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, halakorik bada, argitaratu eta biharamunetik aitzina.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

10._Onuradunaren eta diru-laguntza ematen duen. administrazioaren arteko harreman juridikoaren edukia

10.1. Onuradunaren betebeharrak.

10.1.1. Diru-laguntzari bidea ematen dioten jarduerak oro egitea, salbu horiek ez egiteko justifikaturiko ziorik bada.

10.1.2. Behin diru-laguntzaren xede den jarduera burutu eta 60 egun naturaleko epean, betiere 2005eko abenduaren 31 baino lehen, ondokoak aurkeztu beharko dira Kulturako Alorrean: memoria deskriptibo eta ekonomiko labaurra, gauzatu den programaren gainean, eta, horrekin batera, foiletoak, kartelak, prentsako ebakinak, argazkiak eta abar; programaren ebaluazio kuantitatiboa eta kualitatiboa, eta entitate antolatzaileak berak egiten duen balorazioa; diru-sarreren eta gastuen balantzea, eta, horrekin batera, entitate antolatzailearen ordezkariaren aitorpen formal bat, non haren erantzukizunpean adierazi beharko baitu datu ekonomiko horiek benetakoak direla eta Udalak edozein unetan egiazta ditzakeela. Horiei ondokoak atxiki behar zaizkie: lortutako diru-sarreren (1.) eta fakturen (2.) egiaztagiriak edo, bestela, jarduera egitean izandako gastuei dagozkienak, jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatuak, betiere gastuen egiaztagiriek esleitutako diru-laguntzak zenbat jo eta horrenbestekoa gutxienez behar dutelarik.

Halaber, egiaztatu beharko da 10.1.4. oinarrian ezarritako betebeharra bete egin dela.

Fakturak zergei buruz indarra duten legeen arabera jaulkiko dira, haietan zehazturik enpresa hornitzailearen izena eta NAN edo IFK, gastuaren data, kontzeptua, zenbatekoa, zigilua, ezarritako BEZa eta igorlearen sinadura. PFEZen atxikipena ere adieraziko da, baldin eta zerbitzua pertsona autonomo batek emana izan eta merkataritzako jarduera bati lotzen bazaio.

Monitoreei eta bestelako zerbitzuei lotutako gastuak bakarrik hartuko dira kontuan, baldin eta nominak edo fakturak aurreko puntuan ezarri bezala aurkezten badira, betiere zehaztuta ordubeteko prezioa eta zerbitzuan egindako orduen kopurua. Zerbitzu-emaileek izena emana izan beharko dute Iruñeko Udalaren JEZen, halakorik behar denean.

10.1.3. Kulturako Alorrak eman dituen diru-laguntzak direla-eta egin beharreko egiaztapen eta finantza-kontrol guztiei men egitea.

10.1.4. Behar bezalako publizitatea egitea, dirua jaso behar duen jardueraren finantziazioak izaera publikoa daukala jakitera emateko. Horrez gain, jarduerari buruzko programetan, karteletan eta propaganda idatzia egiteko gainerako bitartekoetan, ondokoa agertuko da: "Laguntzailea: Iruñeko Udala".

10.1.5. Helburu bereko beste hainbat diru-laguntza edo diru-sarrera eskuratzen bada, Kulturako Alorrari gaztigatu behar zaio, diru-laguntza hori edozein administraziok, pertsonak edo entitatek emanik ere.

10.1.6. Eguneratuak izatea zergei nahiz Gizarte segurantzari buruzko betebeharrak.

10.2. Diru-laguntza ematen duen administrazioaren betebeharrak

10.2.1. Diru-laguntzak ematearen gainean ebaztea, gehienez ere bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko ezarritako azken datatik aitzina.

10.2.2. Egiaztatzea jarduera gauzatu dela eta diru-laguntza jasotzeko behar diren baldintza eta betekizunak bete direla; egiaztatzea, baita ere, jarduerak ekarri dituen diru-sarrera eta gastuak.

10.2.3. Entitate esleipendunei proposatutako jarduerak egitea errazte aldera, diru-laguntza 1.200 euro baino gehiago bada eta dena delako entitateak 2003an deialdi honetan bertan diru-laguntzarik jaso bazuen, diru-laguntzaren % 40 deialdia ebazten den unean bertan ordaintzeko agindua emanen da. Behin jarduera burututakoan, edo jarduera iraunkorren kasuan 2005eko abenduaren 31 baino lehen, gainerako %60 ordainduko da, betiere plegu honetako 10.1 klausulan ezarritakoari jarraikiz.

Diru-laguntzaren aurrerakina jasotzeko baldintzak betetzen ez dituzten entitateek 10.1 klausulan ezarritako prozedurari helduko diote.

10.3. Diru-laguntzei buruzko ebazpena noiz aldatu.

Diru-laguntza emateko aintzat hartu diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan, beste administrazioek, pertsonek edo entitate publiko edo pribatuek emaniko diru-laguntzak aldi berean eskuratzen badira, eta ez bada horien berri lehenago eman, diru-laguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

Orobat, diru-laguntza murriztuko da, baldin eta justifikatutako gastuak diru-laguntzaren xede direnak baino txikiagoak izan badira, edo diru-sarrerak, aurreikusitakoak baino handiagoak.

10.4. Jasotako kopuruen itzulera.

A) Kopuru osoaren itzulera.

Ondoren aipatzen diren kasuetan itzuliko dituzte onuradunek jaso duten diru-kopuru osoa, eta zilegi izanen da haiei berandutze-korrituak ere eskatzea, diru-laguntza noiz ordaindu eta hortik aitzina:

a) Justifikatzeko betebeharretariko bat betetzen ez bada.

b) Diru-laguntza lortzen bada, horretarako beharrezkoak ziren baldintzak bete gabe, edo deialdi honen 6. oinarriak galdatzen dituen justifikazio agiriak edo gastu eta diru-sarreren egiaztagiriak faltsututa.

c) Diru-laguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira.

Kontrol edo ikuskapena egitean, jaso den diru-laguntza gaizki lortu edo gaizki erabiltzen ari dela, edo behar ez den helbururako erabiltzen ari delako aztarnarik balego, Udalaren organo eskudunak erabaki ahal du fakturak edo horien agiri baliokide edo ordezkoak atxikitzea; atxiki ahal ditu, halaber, aztarna horiek agerian uzten dituzten beste edozein agiri, bai eta, bermea eratzeko galdatu bada, hura betearazi ere.

B) Diru-kopuru baten itzulera.

Kontuan harturik diru-laguntzek ezin dutela gainditu, beraiek bakarrik edo Udalak berak, beste Administrazio Publikoek edota beste entitate publiko zein pribatuek edo partikularrek - naziokoek zein nazioartekoek- emandako diru-laguntzekin edota bestelako diru-sarrerekin batera, onuradunak egin behar duen jardueraren kostua, onuradunek jasotako diruaren parte bat itzuliko dute, bai eta berandutze-korrituak diru-laguntza jaso zuten unetik beretik ordaindu ere, baldin eta, edozein kontzeptu dela-eta, jasotako diru-sarreren adinako gastu-kopurua justifikatzen ez badute, jasotako diru-sarrerek zenbat jo eta kopuru horren arabera justifikatu gabeko gastuek zenbat jo eta horrekin bat.

10.5. Arau-hausteak.

10.5.1. Ondoko portaerak dira diru-laguntza arloko administrazio arau-hausteak, baldin eta horietan dolu, erru, edo, besterik gabe, arreta gabeziarik badago:

_Diru-laguntza bat eskuratzea, hori hartzeko baldintzak faltsutuz, edo hura eragotzi edo murriztuko zutenak ezkutatuz.

_Jasotako kopuruak ez erabiltzea diru-laguntzaren xedeetan, baldin eta ez bada laguntza itzuli, horretarako errekerimendurik egin aurretik.

_Onuradunari edo zuzenbidezko edo egitatezko administratzaile gisa aritutakoei egotz dakizkiekeen zioengatik, diru-laguntza ematerakoan ezarririko eginbeharrak ez betetzea.

_Jasotako funtsei emaniko erabilera ez justifikatzea edo egiaztagiri faltsuak erabiltzea.

10.5.2. Lehen aipaturiko portaerak agertzen dituzten elkarte onuradunak izanen dira arau-hausteen erantzuleak.

10.5.3. Administrazio arau-hausteak eta zehapenak azaroaren 17ko Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 52 eta 69. artikuluetan xedatukoari jarraituz ebatziko dira.

Zehapenak ezartzeko, administrazio-espedientea zabalduko da, eta bertan, edozein modutan, interesatuei entzunen zaie, dagokion erabakia hartu aurretik. Espedientea Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeak ezarritakoarekin bat tramitatuko da.

11._Diru-laguntzak erregulatzeko arauak.

Deialdi hau agiri honetan jasotako oinarriek arautuko dute, eta bertan aurreikusi ez den orotan, Iruñeko Udalaren 2005. urterako Aurrekontua Betetzeko Oinarrien 8. atalak (38-46 oinarriak), uztailaren 2ko Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen Bosgarren Ataleko VI. Kapituluak (221-223 artikuluak), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrak eta horiekin guztiekin bat datozen gainerako legeek.

12._Jarduera-orria.

(Orri bana bete, diru-laguntza jasotzeko aurkezten den programa bakoitzeko).

Entitate antolatzailea

Izena

Taldearen egoitzaren helbidea

PK ................... Herria

Telefonoa ................. Faxa ......... E-posta

IFZ

Arduraduna:

Izena: ................................ Deiturak: ............................................. NAN: ............... Helbidea: ....................................... PK: ............................... Herria: ............................................... Telefonoa: ......................... Faxa: .................. E posta: ............

Jardueraren izenburua

Jarduera, noiz

Non

Nori zuzentzen zaio jarduera?

Jardueraren xedea:

Jardueraren programa zehatza (Edukia, azpiegiturak eta abar)

Diru aurrekontua (Laburpen-orri bat erantsi, eta hor gastuak eta sarrerak zehaztu, kontzeptu ezberdinen arabera sailkaturik)

Gastuak, guztira: euro

Diru-sarrerak, guztira (1): euro

Aurreikusitako defizita: euro

(1) Deialdi honetan eskaturiko diru-laguntza kontuan hartu gabe.

Sinadura Data

Iragarkiaren kodea: L0502371