27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

UHARTE

Datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen arauketa

2005eko urtarrilaren 27an, Uharteko Udaleko Kirol Patronatuko buruak 63503 ebazpena eman zuen; hona hemen haren testu osoa:

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak bere 20.1. artikuluan xedatzen duenez, Administrazio Publikoen fitxategiak sortu, aldatu eta kentzeko nahitaezkoa da orotariko xedapen bat, Estatuko Aldizkari Ofizialean edo kasuan kasuko egunkari ofizialean argitaratua.

Halaber, Lege horren lehenbiziko xedapen gehigarriak ezartzen du titulartasun publikoko fitxategien ardura duten administrazio publikoek nahitaezko dutela lehendik dauden fitxategi horiek arautzeko xedapenak egokitzea, indarra hartu eta hiru urteko epean.

Ekainaren 20ko1332/1994 Errege Dekretuak 5/1992 Lege Organikoaren zenbait alderdi garatzen ditu eta gaur egun indarrean dago, 15/1999 Lege Organikoaren hirugarren xedapen iragankorraren arabera. Errege Dekretu horren 5. artikuluak dioenez, datu pertsonalen fitxategiaren ardura duen administrazioko organo eskudunak haren berri eman beharko dio Datuak Babesteko Agentziari, Datuak Babesteko Erregistro Orokorrean inskribatu ahal izateko. Horretarako, fitxategia sortzeari buruzko xedapenaren kopia bat bidali beharko da, Agentziak egindako eredu normalizatua baliatuz.

Uharteko Udalaren Kirol Patronatuak datuen gaineko babesari buruzko egungo arautegiari egokitzea erabaki du.

Horrenbertzez,

Ebatzi dut:

Lehenbizikoa._Aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen eranskinean banan-banan ageri dira Uharteko Udalaren Kirol Patronatuan datu pertsonalak dituzten fitxategiak.

2. Datu pertsonalak babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren 20.2 artikuluarekin bat, ondoko hau adierazten da ebazpen honen eranskinean aipatutako fitxategi bakoitzerako:

_Aurreikusitako xede eta erabilerak.

_Datu pertsonalak zein pertsona edo talderi buruz lortu nahi diren edo zein diren datu horiek ematera behartuta daudenak:

_Datu horiek biltzeko prozedura.

_Fitxategiaren oinarrizko egitura eta nolako datu pertsonalak biltzen dituen.

_Hirugarrenei lagatako datu pertsonalak edo/eta nazioarteko transferentziak.

_Administrazioko zein organok duen fitxategiaren ardura.

_Interesatuek zer zerbitzutan erabil ditzaketen fitxategietan sartu, datuak zuzendu, ezabatu eta haien aurka jotzeko eskubidea.

_Aipatu fitxategi bakoitzari aplikagarri zaizkion segurtasun neurrien maila (oinarrizkoa, ertaina, handia).

3. Fitxategiko arduradunak behar diren segurtasun neurriak hartu behar ditu datuen konfidentzialtasuna, integritatea eta eskuragarritasuna bermatzeko, ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuak eskatu bezalaxe, eta, horiez gain, 15/1999 Lege Organikoan ezarritako eskubide eta betebeharren erabilera errazteko behar direnak ere bai.

Bigarrena._Fitxategiaren arduraduna.

Ebazpen honen eranskinean dauden fitxategi guztien erakunde arduraduna Uharteko Udalaren Kirol Patronatua izanen da, deusetan ukatu gabe segurtasuna antolatzeko ereduaren egituraketa, eginkizunak zenbait figuratan eskuordetzea aurreikusiko duena; eredu hori segurtasun agirian ezarria da.

Hirugarrena._Segurtasun eta kudeaketa neurriak.

Fitxategiaren arduradunak behar diren neurriak hartuko ditu bermatu ahal izateko datu pertsonalen segurtasuna eta fitxategiak erabiliko direla sortu zirenean ezarritako xedeetarako eta aldaketak, galerak, edo baimendu gabeko tratamendu eta sarbidea eragozteko. Halaber, behar diren neurriak hartuko ditu Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko araudian onartutako berme, betebehar eta eskubideak betearazteko.

Laugarrena._Datuak tratatzeko zerbitzuak egitea.

Inork zerbitzuak egiten baditu, Uharteko Udalaren Kirol Patronatuak kudeatutako datu pertsonaletan sarbidea behar dutenak, zorrotz bete beharko ditu fitxategiko arduradunaren jarraibideak. Horrela jasoko da xede horretarako eginen den kontratuan eta ez da libre izanen aipatu datuak bertze deusetarako erabili, ez jakinarazi bertze inori, ezta zaintzeko ere, 15/1999 Lege Organikoaren 12. artikuluan xedatu bezala.

Bosgarrena._Sarbidea izateko, zuzenketa egiteko, bertan behera uzteko eta kontra egiteko eskubideak

Ondoko eranskinean sartutako fitxategi guztietan, interesatuek sartu, zuzendu, ezabatu eta aurka jotzeko eskubidea erabiltzen ahalko dute, Uharteko Udalaren Kirol Patronatuaren bulego orokorrei zuzendurik, betiere helbide honetan:

Ugarrandia etorbidea, z.g.

31620 Uharte.

Seigarrena._Hartu beharreko neurriak, Patronatua egungo arautegiari egokitzeko.

A) Uharteko Udalaren Udal Patronatuak Datuak Babesteko Agentziari jakinaraziko dizkio Uharteko Udalaren Kirol Patronatuan datu pertsonalak dituzten fitxategiak, ebazpen honen eranskinean agertzen baitira, erregistroan sar ditzan.

B) Ebazpen honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

C) Ebazpen hau irmoa da administrazio bidean eta haren kontra bi errekurtso hauetako edozein aurkez daiteke: hilabeteko epean, jakinarazten denetik hasita, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua eta bi hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua. Dena dela, bi kasuetan, aldez aurretik, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa ezar daiteke.

Uharten, 2005eko urtarrilaren 27an._Patronatuko burua, Severiano Maillo.

E R A N S K I N A

Datu pertsonalen firxategiak Uharteko Udalaren Kirol Patronatuan

1._"Langileria" fitxategia:

_Xedea eta erabilerak:

Uharteko Udalaren Kirol Patronatuko langileria eta giza baliabideak kudeatzea.

_Datu pertsonalak zer pertsona edo taldetatik lortzen diren:

Uharteko Udalaren Kirol Patronatuko funtzionarioak eta lan-kontratudunak

_Datuak nondik eta nola biltzen diren:

Datuak interesatuarengandik biltzen dira, inkesta edo elkarrizketen bidez.

_Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: izen-deiturak, helbidea, telefonoa, NANa.

Datu pertsonalak: jaiotze inguruko datuak eta adina, sexua eta egoera zibilaren ingurukoak.

Enpleguko xehetasunen gaineko datuak: lanbidea, lanpostua, eta nominaren gaineko datu ez-ekonomikoak.

Datu ekonomiko-finantzarioak: banku-datuak.

Bereziki babestutako datuak: osasunaren gaineko datuak.

_Datu pertsonalen lagapenak:

Atzeman gabeak.

_Segurtasun maila:

Handia.

2._"Administrazioa eta Kudeaketa" fitxategia:

_Xedea:

Uharteko Udalaren Kirol Patronatuko instalazioen kudeaketa eta administrazioa.

_Datu pertsonalak zer pertsona edo taldetatik lortzen diren:

Kirol instalazioetako abonatuak eta erabiltzaileak.

_Datuak nondik eta nola biltzen diren:

Datuak interesatuarengandik biltzen dira, inkesta edo elkarrizketen bidez.

_Fitxategiaren oinarrizko egitura:

Identifikazio-datuak: izen-deiturak, NANa, telefonoa, irudia, sinadura, helbidea.

Datu pertsonalak: egoera zibila, jaiotzea, adina, sexua.

Inguruabar sozialen datuak: zein klub edo elkartekoak diren...

Datu ekonomiko-finantzarioak: banku-datuak.

_Datu pertsonalen lagapenak:

Atzeman gabeak.

_Segurtasun maila:

Ertaina.

Iragarkiaren kodea: L0502157