27. ALDIZKARIA - 2005eko martxoaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

24/2005 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana. Honen bidez onesten dira Foru Komunitateko Zerga Administrazioari egoitza-aldaketa adierazteko ereduak, lan-etekinetan atxikipenak egin behar direnerako, eta arautzen dira ereduok aurkezteko modua, lekua eta epea.

Abenduaren 29ko 20/2000 eta martxoaren 17ko 16/2003 Foru Legeek Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga aldatu dute, langileek nazioartean mugitzeko dituzten aukerak eta ondorioz egoitza-aldaketak (Espainiatik atzerrira edo alderantziz) errazteko. Era berean, abenduaren 18ko 46/2002 Legeak Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren Legea aldatu zuen.

Hortaz, kasu horietan lan etekinei aplikatzen zaien atxikipen-sistemari dagokionez, egoitza-aldaketa Zerga Administrazioari jakinarazteko prozedura arin bat jarri da abian. Jakinarazpen-sistema hori jaso da bai Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legean, 81.8. artikuluaren aldaketaren bidez, bai Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren Testu Bategina onesten duen martxoaren 5eko 5/2004 Legegintzako Errege Dekretuan, 32. artikuluaren bidez.

Horrela aukera ematen zaie, Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren peko zergadunei, egoitzaz aldatzen badira, eta ondorioz Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren peko zergadun bihurtzen, edo alderantziz, aldaketa horren ondorioak aurreratzeko besteren konturako lanaren errentek jasandako atxikipenei dagokienez. Azken batean, honako hau da helburua: prozedura honetaz baliatzen diren langileei lan-etekinen ordaintzaileak atxikipenak egin diezazkiela, lehenbiziko kasuan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren peko zergadun gisa, urte naturalean zehar 183 egun baino epealdi luzeagoa Espainiako lurraldean eman arte itxaron gabe, edo, bigarrenean, Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren araudiari jarraikiz, atzerrian egoitza fiskal berria izatearen froga eduki arte itxaron gabe.

Prozedura hau aplikatzeko, frogatu egin behar da badirela datu objektiboak pentsatzeko lan-harreman horren ondorioz langileak seguruenik Espainiako lurraldean egon beharra izanen duela (eta zehazkiago Nafarroan), edo beste herrialde batean, gutxienez 183 egunetik gora urte naturalean. Jakinarazpen-sistema honetarako, egonaldiaren gutxieneko denbora horrek lekualdatzea egiten den urte berekoa izan behar du edo, urte horretan egun kopuru horretara iristea ezinezko egiten duen data batean egiten bada, hurrengokoa.

Prozedura honek duen aurreratzeko asmoa dela-eta, epe jakin batzuetan bakarrik onartuko dira jakinarazpenak; izan ere, epe horiek betetzen direnean, alferrikakoak dira; Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, aurreratu nahi diren atxikipenen gainean duten eragina zuzenean aplikatu ahal izanen litzatekeelako erregularizazioaren mekanismo orokorra erabilita; eta Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren kasuan, bukatua izanen bailitzateke komunikazioaz baliatuz eskuratu nahi diren Administrazioaren agiriek eragina duten epea.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 72 bis artikuluak, azaroaren 10eko 673/2003 Foru Dekretuak erantsi baitzitzaion, eta Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduko 17. artikuluak garatzen dituzte, hurrenez hurren, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen 81.8 artikulua eta Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergari buruzko Testu Bategineko 32. artikulua, eta xedatzen dute Zerga Administrazioak onetsiko duela langileek erabili behar duten jakinarazpen-eredua eta ezarriko duela noiz, non eta nola aurkeztu behar den, hala nola inprimakiari erantsi beharreko dokumentazioa.

Horiek horrela, eta eman zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. artikulua. Jakinarazpen-ereduen onespenak.

147 eta 247 jakinarazpen-ereduak onesten dira, foru agindu honen I. eta II. eranskinetan jasoak; besteren kontura lan egiten duten langilek erabili behar dituzte, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen 81.8 artikuluak eta Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergari buruzko Testu Bategineko 32. artikuluak aipatzen duten egoitza-aldaketa Zerga Administrazioari jakinarazteko aukeraz baliatzen direnean.

Eredu hauetako bakoitzak bi ale ditu, "Administrazioarentzako alea" eta "langilearentzako alea".

2. artikulua. Jakinarazpenaren ezaugarriak.

1. Jakinarazpena borondatezkoa da, eta besteren kontura jardun eta egoitza-aldaketaren ondorioak atxikipen-sisteman aplikatu nahi dituzten langileek erabili ahal izanen dute, baldin eta gertatzen badira edo betetzen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko 81.8 artikuluan edo Zergaren Testu Bategineko 32.ean aipatzen diren gorabeherak eta baldintzak edo haien erregelamenduetako 72 bis eta 17. artikuluetan, hurrenez hurren, adierazten direnak.

2. Jakinarazpenaren xedea da Foru Komunitateko Zerga Administrazioak luzatutako agiri froga-emaile bat eskuratzea, lan-etekinen ordaintzaileei emateko, foru agindu honek 7. artikuluan ezarritako moduan. Lan-etekinen ordaintzaile horiek behartuak dira etekin horiei egindako atxikipenak Foru Komunitateko Zerga Administrazioaren kontuan sartzera, hura baita ordainarazpenetarako eskuduna, Estatuaren eta Nafarroaren arteko Hitzarmen Ekonomikoan ezarritako irizpideen arabera.

3. artikulua. Beharkizunak eta baldintzak.

1. Honako hauek erabil ditzakete jakinarazpen-ereduak:

a) 147 eredua, besteren konturako langileek, baldin eta ez badira Foru Komunitateko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo eta hala bihurtzekoak badira Espainiako lurraldera etorri eta Nafarroan beren ohiko bizilekua ezarri behar dutelako.

b) 247 eredua, besteren konturako langileek, baldin eta Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren zergadun izan gabe, hala bihurtzekoak badira atzerrira bizitzera doazelako eta lan-etekinen ordaintzaileak behartuak badira etekin horien atxikipenak Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Administrazioari ordaintzera. Erabili ahal izanen da, halaber, Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergari buruzko Testu Bategineko 13. artikuluan jasotako Espainian lortutako errentak zehazteko arauak aplikatuz ez baldin bada atxikipenik egin beharrik.

2. Zerga Administrazioak luzatutako agiria eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da behar bezala frogatzea ezen lan-harremanean badirela datu objektiboak honako kasu hauek aurreikusaraz ditzaketenak:

a) 1.a) atalean aipatzen denaren arabera Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazenen kasuan, alegia, Espainiako lurraldean egiten duten lana dela-eta sortzen den lan-harremanaren ondorioz, bertan gutxienez 183 egun baino gehiago emanen dituztela, Espainiako lurraldean lan egiten hasi eta ohiko bizilekua Nafarroan ezartzen dutenetik kontaturik, urte natural horretan zehar.

Espainiaratzea gertatzen den data dela-eta, ezin baldin bada bete gutxieneko denbora hori bertaratzea gertatzen den urtean, nahitaezkoa izanen da egonaldi hori hurrengo urtean gertatzea, eta kasu horretan hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontatuko da. Kasu horretan, subjektu pasibo izate hori ez denez gertatuko bertaratzearen urte berean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren araberako atxikipenak hurrengo urteko urtarrilaren 1ean hasiko dira egiten, salbu eta jakinarazpena data hori baino geroago egiten bada.

b) Aurreko 1.b) atalean aipatzen denaren arabera Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazen langileen kasuan, atzerrian egiten duten lana dela-eta, bertan gutxienez 183 egun baino gehiago emanen dituztela, atzerrian lan egiten hasi eta bertaratzea gertatzen denetik kontaturik, urte natural horretan zehar.

Atzerriratzea gertatzen den data dela-eta, ezin baldin bada bete gutxieneko denbora hori urte horretan, nahitaezkoa izanen da egonaldi hori hurrengo urtean gertatzea, eta kasu horretan hurrengo urteko urtarrilaren 1etik aurrera kontatuko da. Kasu horretan, zergadun izate hori ez denez gertatuko atzerriratzearen urte berean, Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren araberako atxikipenak hurrengo urteko urtarrilaren 1ean hasiko dira egiten, salbu eta jakinarazpena data hori baino geroago egiten bada.

Horretarako, atzerriratzea herrialde edo lurralde bakar batera egina izan behar da.

4. artikulua. Agiriak.

3. artikuluko 2. atalean eskatzen dena frogatzeko foru agindu honen bidez onetsitako jakinarazpen-ereduari erantsi beharko zaio lan-etekinen ordaintzailearen agiri froga-emaile bat, honako hauek adieraziko dituena:

a) 3. artikuluko 2. ataleko a) letrak aipatzen dituen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazenen kasuan, langilearekiko lan-harremanaren onarpena, Espainiako lurraldean lanean hasitako eguna, lantegia eta haren helbidea, kontratuaren iraupena eta lanaren iraupenari buruz ordaintzaileak duen asmoa, alegia, langileak Espainiako lurraldean gutxienez 183 egun baino gehiago egin ditzala bertan lanean hasi zen egunetik hasita urte natural horretan, edo, bestela, egonaldi gutxieneko hori hurrengo urte naturalean gerta dadila.

b) Aurreko 3. artikuluko 2. ataleko b) letran aipatzen denaren arabera Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazen langileen kasuan, langilearekiko lan-harremanaren onarpena, zein lurraldetara atzerriratu behar duen, kontratuaren iraupena, atzerrian lanean hasi zen data eta egonaldiaren iraupena, bukaeraren gutxi gorabeherako data adierazita.

5. artikulua. Jakinarazpena aurkezteko tokia.

Jakinarazpena eta erantsitako agiriak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuan aurkeztuko dira.

6. artikulua. Jakinarazpena aurkezteko epea.

1. Jakinarazpenak epe hauetan ordainduko dira:

a) Aurreko 1.a) atalean aipatzen denaren arabera Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazenen kasuan, jakinarazpena aurkeztu beharko da langilea Espainiaratu eta hurrengo 183 egunen epean, salbu eta, bertaratzearen data dela-eta, egonaldiaren gutxieneko epealdia hurrengo urtean gertatzekoa bada; izan ere, kasu horretan, bertaratzen denetik hurrengo urteko ekainaren 30a bitarte aurkeztu beharko baita.

b) Aurreko 1.b) atalean aipatzen denaren arabera Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren subjektu pasibo bihurtzera doazen langileen kasuan, jakinarazpena aurkeztu beharko da langilea atzerriko herrialde edo lurraldera joaten den unetik Zerga Administrazioak luzatzen dituen agirien ondorioak eragina duten arteko epean, foru agindu honen 7.5. b) artikuluaren arabera.

2. Halaz guztiz ere, epe horiek baino lehen ere izanen da aukera jakinarazpen horiek egiteko, baldin eta Espainiako lurraldean sartu edo lurraldetik atera baino lehenagoko hogeita hamar egunen barnean egiten bada, jakinarazpenean agertzen denaren arabera, betiere.

7. artikulua. Zerga Administrazioak nola luzatuko duen lan-etekinen ordaintzaileei emateko agiri froga-emailea.

1. Foru Komunitateko Zerga Administrazioak, aurkeztu zaizkion jakinarazpena eta dokumentazioa azterturik, bidezko bada, agiri froga-emaile bat luzatuko dio langileari, jakinarazpena aurkeztu zaion datatik hamar eguneko epean gehienez ere, eta bertan honako hauek adieraziko dira: lan-atxikipenen ordaintzailearen identifikazioa, jakinarazpena Zerga Administrazioari noiz aurkeztu zitzaion, dokumentua noiz luzatu den, hala nola noiztik aurrera eginen zaizkion atxikipenak beste Zergaren arabera.

2. Aurreko atalean aurreikusitako dokumentuak bi ale izanen ditu, bata langilearentzat eta bestea lan-atxikipenen ordaintzailearentzat.

3. Langileak berari Zerga Administrazioak luzatu dion alea emanen dio lan-etekinen ordaintzaileari, eta emate eta jasotze daten konstantzia geldituko da.

4. 1. atalean ezarritako dokumentua lan-etekinen ordaintzaileak jasotzen duenetik aurrera eginen dira beste zergaren arauei jarraikiz egiteko atxikipenak. Hala ere, foru agindu honen 3. artikuluko 2. ataleko a) eta b) letren bigarren lerroaldeetan aipatzen diren kasuetan une hori lekualdatzearen hurrengo urteko urtarrilaren 1a izanen da, salbu eta jakinarazpena data horren ondoren aurkezten bada; izan ere, ordaintzaileak jasotzen duen datari kasu eginen zaio kasu horretan. Halaber, jakinarazpena lekualdatzea egin baino lehen egin dela-eta, ordaintzaileak jasotzen badu agiri froga-emailea Zerga Administrazioak beste Zergaren araudiaren arabera atxikipenak egiteko ezarritako data baino lehen, atxikipenak dokumentuan ezarritako datatik aurrera eginen dira.

5. Lan-etekinen ordaintzaileak agiri froga-emailea jasotzen duenean, atxikitzaileak, aurreko atalean adierazten den data kontuan hartuz, atxikipenak eginen ditu, dagokion zergaren araudiak ezartzen duenaren arabera:

a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga baldin bada, atxikipen-tasa kalkulatzeko, Zergaren Foru Legeko 81.8 artikuluan eta Zergaren Erregelamenduko 72 bis artikuluan esaten dena hartu beharko du kontuan. Kasu horretan langileak, gainera, Zergaren Erregelamenduko 72. artikuluak aipatzen duen egoera pertsonala frogatu beharko dio ordaintzaileari.

b) Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zerga bada, zerga horren araudia aplikatu. Kasu horretan dokumentuak bere ondorioak hedatuko ditu, Egoitzagabeen Errentaren gaineko Zergaren araudiaren arabera atxikipenak egiteari dagokionez, gehienez ere, bi urte naturaletara, lekualdaketakora eta hurrengora, edo, lekualdaketakoa kontatzerik ez badago, hurrengo bietara, eta epe hori ez da handituko jakinarazpena aurkeztu zen datarengatik.

6. Lan-etekinen ordaintzaileak gorde egin beharko du, Nafarroako Foru Komunitateko Zerga Administrazioaren eskura, 7. artikuluak aipatzen duen agiri froga-emailea.

7. Agiri froga-emailea luzatzea egoki ez bada, halaxe jakinaraziko zaio interesatuari, motiboak zein diren adieraziz.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Foru agindu honek onetsitako 147 eta 247 ereduak erabil daitezke indar hartu baino lehenago gertatutako lekualdaketak jakinarazteko, baldin eta aurkezteko epea ez bada bukatu.

Iruñean, 2005eko urtarrilaren 31n._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

I. ERANSKINA

II. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F0501720