21. ALDIZKARIA - 2005eko otsailaren 18a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, Zuzenbideko Lizentziatuen zerrenda bat hautapen proben bidez osatzeko, ondoren aldi baterako kontratatzeko

2005eko urtarrilaren 19an, Iruñerriko Mankomunitateko buruak 7/2005 ebazpena eman zuen. Hona hemen ebazpen horren testu osoa:

"Mankomunitateko Estatutuen 20. artikuluarekin bat, Mankomunitateko buruari dagokio langileak hautatzeko proben oinarriak onestea.

Horren arabera,

EBATZI DUT:

1._Zuzenbideko lizentziatuen zerrenda bat aukeratze proben bidez osatzeko deialdia onestea, ondoren aldi baterako kontratatzeko, Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko, gerta daitezkeen beharren arabera.

O I N A R R I A K

1.1. Deialdi honen xedea da zuzenbideko lizentziatuen zerrenda bat aukeratze proben bidez osatzea, Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko lanpostuak aldi baterako betetzeko, gerta daitezkeen beharren arabera.

1.2. Probak gainditzen dituztenek bitarteko gisa kontratatzeko izangai-zerrenda bat osatuko dute, Aholkularitza Juridikoko lanpostuak betetzeko, erdietsitako puntuazioaren arabera, gerta daitezkeen beharrekin bat.

Zerrenda hori osatzen dutenak 2002ko azaroaren 29ko NAOean argitaratutako Aholkularitza Juridikoko lanpostu bat betetzeko deialdiaren ondorioz osatutako zerrendan azken lekua duenaren atzean kokatuko dira.

1.3. Izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Zuzenbideko lizentziatuaren titulu ofiziala izatea edo, bestela, hura eskuratzeko eskubideak ordaindu dituela frogatzen duen agiria.

b) Nazionalitatez espainiar eta adinez nagusi izatea.

c) Eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez egotea.

d) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

Baldintza horiek 5. oinarrian ezarritakoaren arabera egiaztatuko dira.

1.4. Deialdian parte hartu nahi dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Iruñerriko Mankomunitateko Erregistro Orokorrean (Chinchilla jeneralaren k/ 7, Iruñea), deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta biharamunetik hasita hamabost egun naturaleko epean. Eskabideak deialdi honetan aurkezten den ereduari lotu beharko zaizkio eta izangaiek eskatutako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu beharko dute horiek aurkezteko epea amaitu aurretik, lehiaketa-fasean baloragai diren merezimenduen egiaztagiriekin batera, hamargarren oinarriarekin bat.

Minusbaliatuek ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

1.5. Eskabidearekin batera ondoko dokumentuak aurkeztu beharko dira:

a) Deialdi honetako baremoari begira izangaiek alegatzen dituzten merezimenduen jatorrizko agiriak edo notarioak zein administrazioak konpultsaturiko kopiak.

b) Titulu ofizialaren edo, bestela, titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izana frogatzen duen agiriaren kopia konpultsatua, bai eta Nortasun Agiri Nazionalarena ere, 3. oinarriko a) eta b) ataletan ezarritako baldintzen betetzea egiaztatzeko.

1.6. Izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda Iruñerriko Mankomunitateko iragarki oholean jarriko da.

Hurrengo bost egun naturaletan izangaiek erreklamazioak egin ahalko dituzte eta, halakorik bada, egindako akatsak zuzendu, merezimenduen gainean deialdi honen 10. oinarrian xedatutakoaren kasuan izan ezik.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzitakoan, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da, behin-behinekoa bezala.

1.7. Hautaketa eginen duen epaimahaia kide hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Luis Ibero Elía jauna, Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: Juan Luis Sanchez de Muniain jauna, Mankomunitateko presidenteordea.

Mahaikidea: Fernando Chueca Inchusta jauna, Kontratazio Ataleko burua.

Ordezkoa: Manuel Lumbreras Navas jauna, Mankomunitateko kontu-hartzailea.

Mahaikidea: María Moral Gurrea andrea, Mankomunitateko Aholkularitzari atxikitako letratua.

Ordezkoa: Belén Pascual Morrás andrea, Kontu-hartze Zerbitzuari atxikitako ekonomialaria.

Mahaikidea: Manuel Iribarren Oscoz jauna, Ekonomialaria, Iruñerriko Zerbitzuak, E.A.ren, Giza Baliabideen Alorreko zuzendariordea.

Ordezkoa: Teresa Azcona Calahorra andrea, Iruñerriko Zerbitzuak E.A.ren, Giza Baliabideen Alorrari atxikitako teknikaria.

Mahaikide idazkaria: M.ª Angeles Agúndez Caminos andrea, Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoko zuzendaria.

Ordezkoa: Maite Donázar Pascal andrea, Iruñerriko Mankomunitateko idazkaria.

Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratuko da.

1.8. Oposizioa honako ariketez osatuko da:

Lehen ariketa: eranskinean jasotzen diren gaiekin zerikusia duten test erako 50 galderei erantzutea 120 minututan. Erantzun zuzen bakoitzak 0,8 puntu balioko du eta erantzun oker bakoitzarengatik 0,33 puntu kenduko dira.

Probak zein egunetan eta ordutan izanen diren Mankomunitateko iragarki oholean adieraziko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta biharamunean bertan. Izangaiek Nortasun Agiria eraman beharko dute, eta oposiziotik at geratuko dira agertzen ez direnak edo euren nortasuna egiaztatzen ez dutenak.

Lehen ariketaren emaitzak Mankomunitateko iragarki oholean adieraziko dira. Halaber, bigarren ariketa zein egunetan eta ordutan izanen den adieraziko zaie gainditu dutenei.

Bigarren ariketa: gehienez ere 5 ordutan, 2 irizpen edo txosten juridiko egin beharko dira, horietako bakoitza eranskinean jasotzen diren gaiekin loturiko egitatezko baldintza bati buruz.

Epaimahaiak aukeratuko ditu bi baldintzak.

Programako gaiekin loturiko lege-testu egokiak (aipatu gabeak) erabiltzen ahalko dira.

Bi probak plika sistemaren bidez eginen dira.

1.9. Oposizioko ariketen balorazioan 80 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

1. ariketa: 40 puntu gehienez.

2. ariketa: 40 puntu gehienez.

Ariketa bakoitza baztertzailea izanen da, eta baztertu eginen dira ariketa bakoitzari esleitu puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez dutenak.

1.10. Izangaiek egiaztaturiko merezimenduen balorazioan 20 puntu lortu ahalko dira gehienez, ondoko baremo honen arabera:

a) Esperientzia:

Toki entitate batean Zuzenbideko lizentziatuaren titulua eskatzen duen lanpostuan aritutako urte bakoitzeko, 4 puntu.

Atal honetan gehienez ere 12 puntu lor daitezke.

b) Eranskineko gaiekin lotura zuzena duten gaiei buruzko ikastaroetan parte hartzea. Gehienez ere 2 puntu emanen dira ikastaro bakoitzeko, betiere horien iraupena eta eranskineko gaiekiko lotura kontuan hartuta.

Atal honetan gehienez ere 8 puntu lor daitezke.

Aipatu balorazio irizpideak aplikatzeko, arau hauek hartuko dira kontuan:

Baloratu beharreko urte kopurua osoa ez bada, dagokion proportzioa aterako da.

Ez dira bi aldiz kontatuko baremoko zerbitzuak, aldi berean eman badira.

Jatorrizko agirien edo behar bezala konpultsatuen bidez egiaztaturiko merezimenduak baizik ez dira kontuan hartuko. Agiri horiek eskabideekin batera aurkeztu beharko dira. Eta epaimahaiak ez du baloratuko, inolaz ere, alegatzeaz gainera agiriekin ere kreditatu ez den merezimendurik, eta ez du kreditatzeko biderik emanen.

1.11. Ariketetan lortu puntuazioa eta egiaztaturiko merezimenduen balorazioa batuta aterako da azken kalifikazioa. Hautaturiko izangaien zerrenda, puntuazio hurrenkeran emana, Iruñerriko Mankomunitateko iragarki oholean jarriko du epaimahaiak.

Hautapen probetako azken emaitzetan berdinketa gertatuz gero, lehenetsiko da oposizioaldiko ariketetan puntuaziorik altuena lortu duen huraxe, hurrenez hurren eta egin diren hurrenkeran aintzat harturik.

Dagokion kontratua egin aurretik, hautatu izangaiak, puntuazio hurrenkeraren arabera, agiri hauek aurkeztu beharko ditu jakinarazi ondoko bost eguneko epean:

a) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez dagoela, ezta Administrazio Publikoen zerbitzutik baztertua ere, adieraziko duena.

b) Osasun txosten edo egiaztagiria, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak minusbaliotasuna alegatu badu, txostenak ere ziurtatu beharko du, minusbaliotasun hura bateragarri dela deialdi honetako lanpostuan aritzeko.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez badira, puntuazioen zerrendan hurrena datorren izangaiari eskatuko zaio agiriak zehaztutako epean aurkezteko.

Horretarako, izangaiek helbidea eta telefonoa aldatuz gero, Mankomunitateari horren berri eman beharko diote, gertatu bezain pronto.

1.12. Deia izaten dutenean, aldi baterako ezgaitasuna izateagatik edo haurra izan ondoko bajan egoteagatik edo beste arrazoi justifikatu batzuengatik kontratatu ezin diren izangaiek, betiere, puntuazioaren arabera zerrendan duten tokia izaten jarraituko dute. Hala izanez gero, egoera hori medikuaren ziurtagiriarekin egiaztatu beharko dute, edo zuzenbidean onartutako beste edozein frogaren bitartez. Hori guztia bi eguneko epean egin beharko da.

Lanpostuari uko egiten zaion gainerako kasuetan, izangaiak hautatuen zerrendako azken tokira pasatuko dira, eta puntuazioaren arabera hurrengoa den izangaiari deituko zaio.

1.13. Kontratatzen diren izangaiek A maila izanen dute eta lanpostuko lansariak jaso dituzte, plantilla organikoan ezarritakoari jarraikiz.

Kontratatuei Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanen zaie eta bertan afiliatuko dira, eta erregimen horretako babesa izanen dute.

1.14. Deialdi honetan ezarritako arauak aplikatu edo interpretatzerakoan sor daitezkeen zalantza edo gorabeherak epaimahaiak ebatziko ditu.

1.15. Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara: Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean, edota aurretik eta aukeran, Berraztertzeko errekurtsoa, Iruñerriko Mankomunitateko buruari zuzendua edo Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean biak.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ...................., adinez nagusi; NAN zenbakia: ........., jaioteguna: ................, jaioterria: ..............., (.........), helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua): ....................., posta kodea: .........., etxeko telefonoa: ........., bigarren telefono bat: .........,

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

Zuzenbideko lizentziatuen zerrenda bat hautapen proben bidez osatzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala. Zerrenda horren bidez, Iruñerriko Mankomunitateko Aholkularitza Juridikoan sortzen diren premien araberako lanpostuetan aritzeko aldi baterako kontratazioak eginen dira. Deialdia 2005eko .........aren .....(e)ko ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen.

Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian adierazten den titulazioa badudala.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guztiak betetzen ditudala.

Aukeran. Ezgaitasuna dudala eta, horrenbestez, azaltzen dudan egokitzapena eskatzen dudala, adierazten ditudan arrazoiengatik. (Beste orri batean, ezgaitasunaren arrazoiak eta eskatutako egokitzapenak azalduko dira).

Horregatik, sartzeko probak egiteko deialdian parte hartzeko onar nazatela eskatzen dut.

Iruñean, 2005eko .........aren ...........(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

Programa

1._Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta hori garatzen duen araudia.

2._Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legea eta hori garatzen duen araudia.

3._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

4._Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Prozedura Administratiboari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea.

5._Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea.

6._Ur, energia, garraio eta telekomunikazio arloetan kontratuak egiteko prozedurei buruzko abenduaren 30eko 48/1998 Legea.

7._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legea.

8._Ingurumena Babesteko Jarduera Sailkatuen Kontrolari buruzko abenduaren 5eko 16/1989 Foru Legea.

9._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua.

10._Iruñerriko Mankomunitatea. Estatutuak. Gobernu organoen antolaketa eta funtzionamendua. Erregelamendu Organikoa.

11._Iruñerriko Zerbitzuak, E.A.ren estatutuak.

12._Iruñerriko Mankomunitatearen eta huraxe kudeatzen duen sozietatearen arteko erlazioen araubidea.

13._Euskararen araubidea Iruñerriko Mankomunitatean. Erregelamendu arauemailea.

14._Uraren ziklo integralaren kudeaketa arautzeko ordenantza.

15._Nafarroako hondakin uren saneamenduari buruzko abenduaren 29ko 10/1988 Foru Legea.

16._Hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legea. Iruñerriko Hiri hondakinen kudeaketa arautzen duen ordenantza.

17._Errepide bidezko hiri garraio publikoa arautzeko ekainaren 1eko 7/1998 Foru Legea. Hiri garraio publikoaren arau-hausteen zehapen araubidea.

18._Iruñerriko bidaiari-garraio erregularrari buruzko ekainaren 1eko 8/1998 Foru Legea.

19._Iruñerriko hiri garraioaren zerbitzu publikoa arautzeko ordenantza.

Iruñean, 2005ko urtarrilaren 19an._Mankomunitateko burua, Luis Ibero Elía.

Iragarkiaren kodea: L0502178