21. ALDIZKARIA - 2005eko otsailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

6/2005 EBAZPENA, urtarrilaren 7koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Milagroko "Bonduelle España, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 92/2004).

Ikusirik Milagroko "Bonduelle España, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua (espediente zenbakia: 92/2004), negoziazio batzordeak sinatua.

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2004ko abenduaren 29an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 79 artikuluz, xedapen osagarri batez, bi xedapen iragankorrez eta 11 eranskinez (2004-2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen batzordeak (CCOO eta UGT) 2004ko abenduaren 15ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horrenbestez, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak, uztailaren 14an eman eta 2003ko 92. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, uztailaren 18an, argitaraturiko 105/2003 Foru Aginduaren bidez, eman dizkidan ahalmenez baliaturik,

EBATZI DUT:

1. Milagroko "Bonduelle España, S.A." enpresaren (kodea: 3100872) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak sor ditzan.

Iruñean, 2005eko urtarrilaren 7an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

MILAGROKO "BONDUELLE ESPAÑA, S.A." ENPRESAREN LAN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Lurralde eremua.

Oinarrizko hitzarmen hau Bonduelle España, S.A.ren Milagroko (Nafarroa) lantegian aplikatuko da.

2. artikulua. Eremu funtzionala.

Oinarrizko hitzarmen honetako manuek arautzen dituzte Milagroko (Nafarroa) Bonduelle España, S.A.ko zuzendaritzaren eta enpresa horretako plantillako langileen arteko gutxieneko lan harremanak.

3. artikulua. Langileria.

Oinarrizko hitzarmen hau aplikatuko zaie Milagroko (Nafarroa) Bonduelle España, S.A. enpresako langile guztiei eta eremu funtzionalean sartuta dauden enpresei; salbuespen dira Langileen Estatutuko 2. artikuluaren edo xedapen orokorren araberako lan harreman bereziak dituztenak eta horretatik kanpo daudenak.

4. artikulua. Iraunaldia.

Eranskin ekonomikoek 2004ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era arte izanen dute indarra.

1. Iraupena._Oinarrizko hitzarmenak iraunaldi mugagabea izanen du, arlo zehatz bat hitzartzen den gaietan izan ezik, ezarritako mugaegunari jarraituko baitzaio halakoetan.

2. Amaiera._Itundutakoaren amaiera iragarri nahi duen alderdiak arau hauek bete beharko ditu:

a) Amaiera iragartzen duen alderdiak besteari edo besteei horren berri emanen die urte bakoitzeko azken bi hilabeteen barnean, eta amaiera iragartzeko idazkian aldaketa proposamenak zehaztuko dira. Amaiera iragartzen ez bada, artikuluen saila urtebetez luzatutzat joko da, lansarien taula izan ezik, alderdiek negoziatuko baitute.

b) Iraunaldi zehatz bat duen arlo baten amaiera iragartzen denean, amaiera iragartzen duen alderdiak horren berri emanen dio besteari, iraunaldiaren azken hilabetean, aldaketarako proposamena biltzen duen idazki baten bidez.

c) Nahi bada, amaiera iragartzen duen aldeak edo aldeek horren berri emanen dio edo diote Lan arloko Administrazio Zentralari.

5. artikulua. Ondorioak.

Oinarrizko hitzarmen hau, alderdien arteko lege den aldetik, betebeharrekoa da sinatzaileentzat, bai eta pertsona fisiko edo juridikoentzat zeinen izenean egin baita kontratua, eta zuzenbide beharrezko absolutukoa ez den edozein arauren gainetik egonen da. Eranskinak ere betebeharrekoak dira. Gutxienez urtebete iraun behar duten gai negoziagarriak arautzen dituzte eranskinek.

Itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dutenez, ezinezkoa izanen da arau bat edo beste aplikatzea gainerakoak ahaztuta, oso-osorik aplikatu eta bete behar baita, ondorio guztietarako.

Ezarritako baldintzek konpentsatu eta irentsi eginen dituzte oinarrizko hitzarmen honek indarra hartzean zeuden guztiak, edozein dela ere haien izaera eta jatorria, bai eta gero batean xedapen orokor edo hitzarmenezkoek ezartzen dituzten aplikatu beharreko baldintzak ere; salbuespen dira kalte-ordainak, ordejarritako gastuak eta Gizarte Segurantzaren prestazioak ordainketa delegatuaren araubidean.

Oinarrizko hitzarmen honetan itundutako baldintzak aldatzen ahalko dira baina bakarrik, berriek, multzoan eta urteko konputuan hartuta, hemen itundutakoak gainditzen dituztenean. Hala ez bada, oinarrizko hitzarmenak segituko du, bertako kontzeptu, modulu eta ordainsariak batere aldatu gabe.

Errespetatu eginen dira enpresaren eta langile baten artean egindako banakako kontratuak, oinarrizko hitzarmen honek indarra hartzean indarra zutenak eta, oro har, oinarrizko hitzarmena gainditzen dutenak multzoan eta urteko konputuan hartuta.

Oinarrizko hitzarmen honek indar arau-emailea du eta betebeharrekoa izanen da indarra duen denbora guztian, beste edozein alde batera utzita, Milagroko (Nafarroa) Bonduelle España, S.A. enpresarentzat eta plantillako langileentzat.

6. artikulua. Batzorde Paritarioa.

1. Batzorde Paritario bat sortu da eta eginkizun hauek izanen ditu:

a) Haren esku jartzen diren banakako eta taldeko gatazketan bitartekari, arbitraje eta adiskidetze lana egitea.

b) Itundutakoa interpretatu eta aplikatzea.

c) Akordioen jarraipena egitea.

2. Batzorde Paritarioak denen intereseko arloetan hartzen dituen akordioak oinarrizko hitzarmen honen partetzat joko dira eta horiek ere betebeharrekoak izanen dira. Halako akordioak lan arloko agintaritzari igorriko zaizkio, erregistra ditzan.

3. Batzordea honako hauek osatuko dute: Enpresa Batzordeko hiru ordezkari, duten ordezkaritzaren arabera banatuak, eta Bonduelle España, S.A.ko zuzendaritzako hiru ordezkari. Sei kide horiek Hitzarmenaren Deliberazio Batzorde kideen artetik hautatuta izendatuko dira. Batzorde horretakoak izanen dira, halaber, bi alderdietako lege aholkulariak.

4. Funtzionamenduko erregelamendua:

a) Bilerak._Batzorde Paritarioa zeregin hauetarako bilduko da:

_Aurreko artikuluko 1 a) eta b) atalean aipatu eginkizunak betetzeko, esku hartzeko eskatzen zaionean.

_1 c) ataleko kasurako, hiru hilean behin.

b) Deialdiak._Batzorde Paritarioa biltzeko deia alderdi sinatzaileetako edozeinek eginen du, eta horretarako aski izanen da idatzizko komunikazio bat, eguneko gai zerrenda azalduko duena.

Batzorde Paritarioa bilduko da gaiaren garrantziaren arabera komeni den epearen barnean, baina deialdia egin eta hamabost eguneko tartean gehienez.

Epe hori bukatu eta Batzordea bildu ez bada, ondorio hau izanen da:

Agortutzat joko da Batzorde Paritarioaren esku-hartzea, eta interesatuak egokiak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.

c) Quoruma-Aholkulariak._Batzordea eratutzat joko da ordezkaritza bakoitzaren gehiengo soila bertaratzen denean.

d) Akordioen baliozkotasuna._Batzordeak akordioak adosteko, edonola ere bi ordezkaritzetako bakoitzaren 100eko 60aren aldeko botoa beharko da.

Bilera bakoitzaren akta eginen da, eta idazkariek eta alderdi bakoitzeko ordezkari batek sinatuko dute.

e) Helbidea._Jakinarazpen eta deietarako, Batzorde Paritarioaren helbidea hau izanen da: Bonduelle España, S.A. enpresaren egoitza, Valtierratik San Adrianerako errepidea, z.g., 31320 Milagro (Nafarroa).

5. Batzorde Paritarioaren mende jarri beharra:

Alderdiek Batzorde Paritarioaren mende jarri behar dituzte edozein ekintza judizial edo administratiboren aurretik sortzen diren interes orokorreko gai guztiak, nahiz horrek ez duen galarazten gero eskubide kolektiboak erabili ahal izatea.

Nolanahi ere, on ustearen printzipioari jarraikiz negoziatu beharko da.

II. KAPITULUA

Lanaren antolaketa

7. artikulua. Lanaren antolaketa

Lanaren antolaketa tekniko eta praktikoa enpresaren zuzendaritzari dagokio, arlo horretako legezko xedapenen arabera.

Lanaren arrazionalizazio, mekanizazio eta zuzendaritza sistemek ezin izanen diote kalte egin langileen lanbide prestakuntzari; langileek eguneko lanaren bidez prestakuntza hori osatu eta hobetzeko eskubidea eta betebeharra dute.

Mekaniazioak, aurrerapen teknikoek edo antolakuntzakoek ezin izanen dute inolako murrizketarik eragin soldatapeko langileen egoera ekonomikoan; aitzitik, aurrerapen horien ondoriozko onurak ez dira enpresaren soberakina handitzeko bakarrik erabili behar, langileen egoera ere hobetzeko balio behar baitute.

III. KAPITULUA

Langileen sailkapena

8. artikulua. Xedapen orokorra.

Oinarrizko hitzarmen honetan ageri diren lanbide kategoriak adierazi baizik ez dira egin, eta ez dakarte berekin adierazi diren lanpostu eta kategoria guztiak beteak izan beharra enpresen beharrek eta bolumenak eskatzen ez badute.

Langile guztiak behartuta daude nagusiek agintzen dizkieten lan guztiak egitera, beren lanbide kategoriari dagozkion eskumenen barnean, eta Langileen Estatutuko 22. eta 39. artikuluan aurreikusitakoa galarazi gabe.

Lanbide kategoria oinarrizko hitzarmen honetan finkatua ez duten langileen kasuan, aipatu diren kategorien artean antzekoenak direnekin parekatuko dira haienak.

1. ATALA

Eginkizuna

9. artikulua. Sailkapen taldeak.

Milagroko (Nafarroa) Bonduelle España, S.A.rentzat lan egiten duten langileak, oinarrizko hitzarmen honen eraginpean daudenak, lanbide talde hauetakoren batean sartzen dira:

1. Teknikariak.

2. Administrazioko langileak.

3. Beharginak.

4. Menpeko langileak.

10. artikulua. Teknikarien lanbide taldeko kategoriak.

Teknikariak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Goi mailako titulua duen teknikaria.

2. Erdi mailako titulua duen teknikaria.

3. Fabrikazioko buru teknikoa.

4. Titulurik gabeko teknikaria.

5. Ataleko arduraduna edo maisua.

11. artikulua. Administrarien lanbide taldeko kategoriak.

Administrariak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Lehen mailako burua.

2. Bigarren mailako burua.

3. Salmenten burua.

4. Lehen mailako ofiziala.

5. Bigarren mailako ofiziala.

6. Laguntzailea.

7. Telefonista.

8. Bidaiari edo saltzailea.

9. Analista.

10. Programatzailea.

11. Operadorea.

12. artikulua. Beharginen lanbide taldeko kategoriak.

Beharginak azpitalde hauetan banatzen dira:

A) Industriakoak diren lanbideetako beharginak:

1. Lehen mailako ofiziala.

2. Bigarren mailako ofiziala.

3. Makinako operadorea.

4. Espezialista.

5. Laguntzailea.

B) Zerbitzu osagarrietako langileak:

_Hotz-kameretan:

1. Makinista.

2. Makinistaren laguntzailea

_Zenbait lanbidetan:

1. Lehen mailako ofiziala.

2. Bigarren mailako ofiziala.

3. Laguntzailea.

13. artikulua. Menpeko langileen lanbide taldeko kategoriak.

Menpeko langileak kategoria hauetan banatzen dira:

1. Biltegizaina.

2. Zinpeko zaintzailea.

3. Zaindaria edo atezaina.

4. Mandataria.

5. Garbitzaileak.

2. ATALA

Gaitasuna

14. artikulua. Teknikarien taldeko lanbide kategoriak.

1. Goi mailako teknikaria._Estatuak Unibertsitateen edo Hizkuntza Eskola Ofizialen edo legez onartutakoen bidez emandako goi mailako titulua izanik, enpresak lanbide titulu horren arabera kontratatu duena, bere lanbideko eginkizunak egiten dituena eta lanaren ordaina soldata bidez bakarrik edo batez ere jasotzen duena.

2. Erdi mailako teknikaria._Aurrekoa ez bezalako lanbide titulu ofizial bat izanik, bere lanbideko zerbitzuak dagozkion eginkizunak betez egiten dituena, bere ordainsaria goi mailako tituluko langile teknikoarentzat ezarritako moduan jasotzen badu betiere.

3. Fabrikazioko buru teknikoa._Lanaren antolaketan eta ataleko langileen ordenamenduan ardura handiena duen teknikaria, entitatearen antolaketaren arabera betiere, enpresak bere aginte lanari jartzen dion mugaren barrenean. Langile horren jarduketa aurrez ezarritako zioen mende dago, eta horien barnean eta bere ekimenez era guztietako azterlanak egiten ditu metodoen denbora eta hobekuntzei, programazioari, planeamenduari, ikuskapenari eta kontrolari buruz: kalifikazio tekniken azterketa eta garapena, zereginen balorazioa, laneko segurtasuna, langileen hautaketa eta prestakuntza. Era guztietako planoak interpretatu beharko ditu, era guztietako fitxa osoak interpretatu eta banatu, material zehatzen ebaluazioak egin zenbait lanetarako, lan horietarako datuak planoetatik bezala obretatik ateratzen direla. Buru bati dagozkion lanak egiten ahalko ditu makinen erabilerari, instalazioei eta eskulanari, merkaturatze prozesuari eta kostu zein emaitzei buruzko eginkizunetan.

4. Titulurik gabeko teknikaria._Lanbide titulurik izan gabe, industriako elaborazio prozesuetako edo zerbitzuetako fase guztietan edo batzuetan prestakuntza, gaitasun onartua eta praktika duen langilea eta exekutibo baten edo teknikari espezializatu baten eginkizunak dituena.

5. Ataleko arduraduna edo maisua._Behar den ezagutza eta gaitasuna izanik, atal baten edo batzuen ardura duen langilea, bere mende dagozkion langile profesionalak daudela; langile horiei agintzen zaien lana betearazi behar die, eta bere ardurapean dago errendimendua eta lortutako produktuaren kalitatearen eta egindako lanaren kontrola.

Arduradunak industriako lanbideen izenak hartzen ahal ditu.

Beraz, bere eginkizunen artean honako hauek daude, besteak beste:

_Bere ataleko makina eta tresnen kontserbazio eta errendimendua zaintzea.

_Langileen zuzendaritza bere gain hartzea, ahalik eta errendimendurik handiena lortzen saiatuz eta langileen ordenaz arduratuz.

_Langileei agintzen zaizkien prozesu edo lanen ordena, funtzionamendu eta zainketa egokiaz arduratzea.

_Agintzen zaizkion lan programak betetzearen erantzule izatea.

_Agintzen zaizkion parte, egoera-orri eta txostenak egitea, behar diren datuak jarrita.

_Produktu manipulatuen eta erabilitako lehengaien kalitatea eta akabera modu arduratsuan onartzea.

_Bere mende duen ataleko fitxategien ordena egokia zaintzea.

_Zehapenak edo sariak proposatzea, bere mendeko langileei dagokienez.

Hotz eta lurrun ekoizpenari dagokionez, maisu makinistak, bera baita bere ardurapean dauden makinetako organo mugikor guztiak, bai eta balbulak, ixteko giltzak, hodiak eta abar muntatu eta desmuntatzeko gai den langilea, instalazioak zaintzeko beharrezkoak diren lanak egiten jakinen du, instalazioak martxan egon daitezen eta matxurak saihestu edo aurreikusi daitezen. Adierazgailuak (termometroak, higrometroak, voltmetroak, anperemetroak, kontagailuak, etab.) irakurtzen eta irakurritakoa interpretatzen jakin beharko du, behar den errendimendua lortzeko beti. Gainera, erabili behar dituzten edo bere esku uzten diren makina eta aparatuak zaindu, mantendu eta maneiatzeko beharrezkoak diren mekanika eta elektrizitateko ezagutzak izan beharko ditu, eta egin beharreko konponketak egin.

15. artikulua. Administrarien taldeko lanbide kategoriak.

Administrarien kontzeptu orokorrean bulegoko lanak egiten dituztenak sartzen dira. Halako lanak: kontabilitatea, fakturazioa, kalkulua, kobrantza, posta, informatika, etab.

1. Lehen mailako administrazioburua._Administrazio zerbitzu guztiak ezagutzen dituen eta enpresaren administrazio ardura eta zuzendaritza bere gain hartzen dituen langilea.

2. Bigarren mailako administrazioburua._Lehen mailako administrazioburuaren edo haren ordezkoaren agindupean enpresaren administrazioa zuzentzen duen langilea; eginkizun hori nolabaiteko autonomiarekin betetzen du eman zaion betebeharraren barnean, bere agindupean aritzen diren langileen lana antolatu eta kontrolatuz.

Kategoria horrekin parekatuta daude kontulariak, enpresaren kontabilitatea egiten dutenak, erantzukizunez.

4. Lehen mailako ofiziala._Ekimenez eta erantzukizunez eta bere agindupean beste langile batzuk izanda edo izan gabe, lan hauek egiten ongi dakien administraria: fakturak eta horien kalkulua; estatistiken kalkulua; kontu korronteen liburuak, egunkari liburu nagusia eta korrespontsalak eramatea, eskutitzak norberaren ekimenez idaztea, likidazioak, eta lansarien nominak, soldatak eta Gizarte Segurantza kalkulatzea. Lehen edo bigarren mailako bururik baldin badago, haren agindupean aritzen ahal da.

Kategoria horretan sartzen dira, halaber, takimekanografoak, baldin eta diktatuta atzerriko hizkuntza bateko 100 hitz hartzen badituzte minutuko eta makinara seitan zuzen pasatzen.

5. Bigarren mailako ofiziala._Hemezortzi urtetik gorako langilea, ekimen eta erantzukizun mugatuz lehen mailako ofizialari laguntzen diona, halakorik bada, kontabilitateko idatzoharrak egiten dituena, artxiboa eta fitxategiak maneiatzen eta lehen mailako ofizialentzat ezarritako zereginen antzekoak diren gainerakoak egiten.

Kategoria horretan sartzen dira, halaber, takimekanografoak, baldin eta diktatuta gaztelaniazko 100 hitz hartzen badituzte minutuko eta makinara hamarretan zuzen pasatzen.

6. Laguntzailea._Hemezortzi urtetik gorako langilea, oinarrizko administrazio lanak egiten dituena, hala nola fakturak kalkulatu eta prestatzea, datuak pasatzea nominetan eta kontu korronte osagarrien liburuan, eta ordainagiriak eta kanbio-letrak eta halako agiriak prestatzea.

Kutxako laguntzailea eta mekanografoa kategoria horretan sartzen dira. Halaber, kobrantza eta ordainketa lanak etengabe egiten dituzten langileak sartzen dira.

7. Telefonista._Telefono deien banaguneaz arduratzen den langilea. Ez dagoenean administrari laguntzaileren batek har dezake haren lana.

Administrari laguntzaileen kategoriarekin parekatua.

8. Bidaiari edo saltzaileak._Langile horiek enpresaren zerbitzuan, haren plantillakoak baitira, produktuen salmenta egiten dute, bidaiatuz edo bidaiatu gabe, enpresako zuzendaritzak ibilbideei, prezioei eta salmenta baldintzei buruz ematen dizkien jarraibide eta aginduak betez; horretaz gainera, eskabideak zein diren idatzi, horien berri eman eta bideratu eta gero kobratu egiten dituzte. Enpresa dagoen herrian pasatzen duten denboran beren lanaren osagarri diren zeregin administratibo eta teknikoak egiten ahal dituzte.

9. Analista._Langile horrek, lana antolatzeko teknikak eta ordenagailu motak eta horien aukerak ezagutzen baititu, enpresako datu prozesua ezarri, eguneratu edo aldatzeko eta enpresako gainerako departamentuetan pixkanaka aplikatzeko azterketak egiten ditu.

Bigarren mailako administrazioburuarekin parekatua.

10. Programatzailea._Langile horrek ordenagailuaren teknikak eta kodeketa lengoaiak menperatzen ditu, aplikazio orokorreko programak edo lan zehatz batzuk egiten dituzten programak formulatzeko.

Lehen mailako administrari ofizialarekin parekatua.

11. Operadorea._Ordenagailua erabiltzen trebatua den eta programatzaileek emandako jarraibideak ongi ulertzen dituen langilea, horrela lortu nahi den helburura iristeko.

Bigarren mailako administrari ofizialarekin parekatua.

16. artikulua. Beharginen lanbide taldeko kategoriak.

Talde horretan sartzen diren langileek, behar den prestakuntzaren jabe direla, beren espezialitateko lanak egiten dituzte, horiek lan nagusiak edo laguntzaileenak izan, eta ekimenez, arduraz eta errendimenduz gauzatzen dituzte, beren kategoriaren arabera.

Kategoriak, oro har, hauek dira:

A) Industriakoak diren lanbideetako beharginak:

1. Lehen mailako ofiziala._Langile horrek, arduradun baten edo haren ordezko baten agindupean, lanbide bateko lan guztiak egiten daki eta praktikan jartzen ditu, espezializazioaren arabera eta errendimendu egokiz. Bakarka lan egin dezake edo taldean, kategoria bereko edo txikiagoko langileekin, eta egindako lanaren kalitatearen erantzulea da.

2. Bigarren mailako ofiziala._Lanbide bateko lan guztiak egiten dakien eta praktikatzen dituen langilea, laneko errendimendu eta kalitate normalez betiere. Bakarka edo taldean lan egin dezake.

3. Makinako operadorea._Langile horrek makinen eta instalazioen funtzionamendua eta abiaraztea ezagutzen du, badaki aparatuak irakurtzen eta interpretatzen funtzionamenduko ohiko maniobrei dagokienez eta, gainera, behar diren koipeztaketak egiten ditu, bai eta bere ataleko makina eta instalazioen garbiketa, kontserbazioa eta zaintza ere.

Barne garraioko gidari makinistak kategoria honekin parekatuta daude.

4. Espezialista._Langile horiek industri prozesuko eginkizun edo lanetako batean edo gehiagotan espezialitate nabarmena dute eta trebetasuna eta azkartasuna ohiko lanetan.

5. Laguntzailea._Langile horrek batik bat ahalegin fisikoa eskatzen duten lanak egiten ditu, lan praktiko erraza, kasu bakoitzean beharrezkoa den arreta jarriz.

B) Zerbitzu osagarrietako langileak:

Hotz-kameretan:

1. Makinista._Bere ardurapean dauden makinetako organo mugikor guztiak, bai eta balbulak, ixteko giltzak, hodiak eta abar muntatu eta desmuntatzeko gai den langilea. Uhalen lotura egiten jakin behar du eta, azken batean, instalazioak funtzionamenduan mantentzeko beharrezkoa den guztia, horrela matxurak saihestuz edo horiei aurrea hartuz. Adierazgailuak (termometroak, voltmetroak, kontagailuak, etab.) irakurtzen eta irakurritakoa interpretatzen jakin beharko du, behar den errendimendua lortzeko beti. Gainera, erabili behar dituzten edo bere esku uzten diren makina eta aparatuak zaindu, mantendu eta maneiatzeko beharrezkoak diren mekanika eta elektrizitateko ezagutzak izan beharko ditu, eta egin beharreko konponketak egin.

2. Makinistaren laguntzailea._Makinistei laguntzen die beren eginkizunetan eta aldian behin haiek ordezka ditzake; aparatuak irakurtzen jakin behar du eta koipeztaketa egokia den egiaztatzen, bai eta bere ataleko makina eta lokalen garbiketa eta kontserbazioa ere; bere zereginak uzten badio, garabilariaren lanak ere badagozkio, garabiak prozedura elektrikoz aktibatzen direnean, edo izotz zamaketa beste edozein prozedura mekanikoren bidez.

C) Zerbitzu osagarrietan:

Aipatzen ahal diren lanbideen artean hauek dira ohikoenak: doitzailea, tornularia, argiketaria, muntatzailea, zurgina, gidaria, etab.; horiei buruzko definizioak ezartzen dituzten legezko xedapenetan edo hitzarmenekoetan esleitutako eginkizunak garatzeko ezagutzak izan beharko dituzte.

1. Lanbide osagarrietako lehen mailako ofiziala._Langile hori, klasiko deitzen den lanbide bat izanik, halako perfekzio mailarekin aritzen da horretan, non lan orokorrak ez ezik, ahalegin eta arreta berezia eskatzen dutenak ere egiten baititu.

2. Lanbide osagarrietako bigarren mailako ofiziala._Kategoria horretan sartzen dira, lan perfektuek eskatzen duten espezializaziora iritsi ez arren, lanbide bateko lanak nahiko zuzentasun eta eraginkortasunez egiten dituztenak.

3. Lanbide osagarrietako laguntzailea._Lanbide bateko ikaskuntza aldia egin badu ere, lanak bigarren mailako ofizial bati eska dakiokieen zuzentasunarekin egiteko behar den ezagutza praktikoa oraindik lortu ez duena.

17. artikulua. Menpekoen taldeko lanbide kategoriak.

Langile horiek eginkizun osagarriak dituzte enpresan, eta horietarako lehen ikasketetan lortutako prestakuntza baizik ez da behar; oinarrizko ardura dute bakarrik, hala administratiboa nola agintekoa.

1. Biltegizaina._Menpeko langile horrek ardura hauek ditu: biltegietako eskabideak bideratzea, salgaiak jaso eta egokiro banatzea biltegian balioa gal ez dezaten eta erraz aurki daitezen, lan egunean izan den mugimendua liburu edo fitxetan erregistratzea eta hornikuntza beharrak detektatzea, etab.

2. Zinpeko zaintzailea._Langile horren zeregin nagusiak ordena eta zaintza dira, eta bere lana indarra duten xedapenetan ezarritakoaren menpe dago, agintaritza eskudunak emandako tituluaren bidez.

3. Zaindaria edo atezaina._Langile horren zeregin nagusiak ordena, babesa eta zaintza dira, ez du industria edo merkataritzako zinpeko zaintzailearen titulurik, eta, batez ere lantegiko edo bulegoetako sarrerak zaintzen ditu, alegia, enpresakoak ez diren pertsonen sartu-irtenak.

4. Mandataria._Menpeko langile horren lana ondoko hau da: mandatuak egitea, kobrantza edo ordainketak egitea, agiriak kopiatzea, ematen zaizkion enkarguak egitea, eskutitzak hartu eta ematea eta antzeko beste lan batzuk.

5. Garbitzaileak._Langile horien zeregina da komunak, denek erabiltzen dituzten lokalak eta bulegoak garbitu eta txukun uztea.

18. artikulua. Arau subsidiarioa.

Lanbide kategorien definizio orokorrak Milagroko (Nafarroa) Bonduelle España, S. A. enpresaren barruan integratuta dauden edo integra daitezkeen jardueretarako egokiak dira eta horiei aplikatzen ahal zaizkie; hala, edozein lanpostu ezarri diren kategorietako batekin parekatuko da, lanpostuak eskatzen duen lanbide gaitasunaren arabera.

3. ATALA

Ordainsari maila

19. artikulua. Mailak.

Eranskinetan ageri dira lanbide kategoria bakoitzari dagozkion lansari mailak.

4. ATALA

Kontratazio modalitatea

20. artikulua. Motak.

Indarra duten legezko xedapenetan ezarritako modu eta baldintzetara egokituko dira kontratu mota hauek: plantillako langile finkoak, aldi batekoak, behin-behinekoak, bitartekoak, lan edo zerbitzu jakin batekoak, aldizkako langile finkoak edo beste edozein kontratazio mota, dela lanaldi osorako edo dela lanaldi partzialerako.

21. artikulua. Kanpainak finkatzea.

Kanpainak, indarra duen legeriari jarraikiz, enpresako zuzendaritzak finkatuko ditu, baina lehenik enpresa batzordeari horren berri emanen dio.

Alde horretatik, kanpainak finkatzerakoan kontuan izanen da, horretarako jartzen den denboraren barrenean, lanean egindako egunak aski izanen direla kanpainako langileak langabezia izateko, arlo horretako legeak ezartzen duen moduan.

Era berean, kanpainen artean eten aldirik ez izaten saiatu beharko da.

22. artikulua. Kanpainarako deialdi finkoak.

Langileen Estatutuan xedatutakoaren arabera eginen da kontratazioa, eta deialdia, berriz, arau hauei jarraikiz:

a) Aldizkako langile finkoei eta lanaldi partzialeko kontratu mugagabea dutenei antzinatasuna kontuan hartuta deituko zaie, lantoki bakoitzeko jarduera bolumenaren arabera. Enpresak, bere egitura eta neurriagatik komeni bada, beharrezkoak iruditzen zaizkion atalak sortzen ahalko ditu, bai eta atal bakoitzean zerrenda bat osatu ere deialdiak egiteko. Langile bat zerrenda edo atal batean edo gehiagotan sartzen ahalko da. Atal berriak sortzearen ondorioz deien ordena aldatu behar bada, enpresa batzordearekin edo langileen ordezkariekin ados jarrita kokatuko ditu langileak enpresak. Kanpaina hasi baino 3 egun lehenago eginen da deia. Atal horiek sortzeak ez dio oztoporik jarriko enpresan antzinatasun handiagoa duten langileen jarraipen eta lehentasunari.

b) Enpresa batzordeak eta sindikatuen ordezkariek jakinen dute nolakoak diren enpresak erabiltzen dituen lan kontratu idatzien ereduak.

23. artikulua. Erroldak.

Enpresak, urtero, lantokiko eta ataletako errolda osatu eta argitaratuko du. Horretan langileak agertuko dira kontratazio motaren eta kategorien arabera eta, horien barnean, enpresako antzinatasunaren, lanbide kategoriaren eta kategoriako antzinatasunaren arabera.

Enpresak erroldaren kopia bat enpresa batzordeari emanen dio eta argitaratu eginen du, langileek jakin dezaten, iragarki oholean jarriz hamabost egunez. Kalte egin zaiola uste duen langileak erreklamazioa egiten ahalko du idatziz, epe berean, enpresako zuzendaritzan.

Enpresak eskaera ukatzen badu edo 15 egun igarotzen badira eskaeraren gaineko ebazpenik eman gabe, kaltetuak legez bidezkoak diren ekintzak gauzatzen ahalko ditu.

IV. KAPITULUA

Lanean hastea, igoerak eta lana uztea

24. artikulua. Probaldia.

Probaldi bat hitzartzen ahalko da: sei hilabete gehienez teknikari tituludunentzat eta hiru gehienez gainerako langileentzat, kualifikazio gabekoentzat izan ezik, hamabost lanegunekoa izanen baitute gehienez.

Probaldi hori idatziz agerraraziko da eta eten eginen du lanerako ezintasun iragankorrak.

Enpresa eta langilea behartuta daude probaren xedea osatzen duten esperientziak egitera.

Probaldian, langileak bere lanbide kategoriari eta lanpostuari dagozkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu, plantillakoa balitz bezala eta kontratazio motaren arabera, lan harremana suntsitzearen ondoriozkoak izan ezik (aldeetako edozeinen eskariz suntsi daiteke lan harremana).

Probaldia bukatutakoan, atzera egin ez bada, kontratuak dagozkion ondorioak sortuko ditu, eta enpresan lanean aritutako denbora kontatuko da antzinatasunerako.

25. artikulua. Mailaz igotzea.

Mailaz igotzeko arau hauek izanen dira:

1. Beharginak._Ofizialen lanpostu hutsak antzinatasunaren arabera beteko dituzte, espezialitate bakoitzean, beheragoko kategorietako langileek, baldin eta enpresak horretarako gai kalifikatu baditu edo halakotzat jotzen badira egiten zaien proban. Gai ez badira, plantillatik kanpoko langileak onartzen ahalko dira.

Mailaz igotzeko probak hasi baino bi hilabete lehenago gutxienez, enpresek deialdia egin eta eskatzen diren programak argitaratuko dituzte. Halako programek argi eta zehatz azalduko dituzte hitzarmen honetan lanbide kategoria edo lanpostu bakoitzerako ezarritako eginkizunekin bat etorri behar duten arlo eta ezagutzak.

2. Menpekoak._Atezain eta mandatarien lanpostuetan lehentasuna izanen dute istripu edo eritasunagatik gaitasuna murriztua duten eta hori dela-eta sorospen eskubiderik ez duten langileek, enpresa barnekoek betiere.

Egoera hori ez bada, enpresak izendatuko ditu talde horretako langileak eskaera egiten duten enpresako langileen artetik hautatuta, eta eskatzailerik ez badago, enpresak berak izendatuko ditu.

26. artikulua. Kalifikazioko Batzorde Mistoa.

Kalifikazioko Batzorde Mistoa ondokoek osatuko dute: enpresako zuzendaritzak izendatutako bi kidek, horietako bat buru, eta bete beharreko lanpostuen kategoriatik beherakoak ez diren bi langilek, enpresa batzordeak izendatuek; ados jarrita, azterketetan eskatuko diren gaien programa prestatuko dute.

Kalifikazioko Batzorde Mistoko kideek bakarka emanen dituzte puntuazioak, baremoaren arabera, eta azterketaren bukaeran puntu guztiak zenbatuko dira. Puntuazioan berdinketarik izaten bada, antzinatasunak izanen du indarra, eta hala ere berdinketa hausten ez bada, urte gehien duena hartuko da.

27. artikulua. Likidazioa.

Enpresa uzten duten langileei, dagozkien ordainsari guztien likidazioa emanen zaie, zehatz azalduta, kontzeptuak zer diren eta zenbatekoa zein den argi ikus dezaten. Langileen legezko ordezkariei kontsulta egin diezaieke interesatuak.

Beren borondatez enpresatik alde egin nahi duten langileak behartuak daude enpresari jakinaraztera, aurreabisurako epe hauek betez:

_Teknikariak eta administrariak: hilabete bat.

_Menpekoak eta beharginak: zortzi egun.

Langileak, aurrez abisatzen ez badu, ezin izanen du lana uzteagatik edo dimititzeagatik dagokion likidazioa jaso, harik eta enpresak langile guztiei hurrengo ordainsaria ematen dien arte.

V. KAPITULUA

Lanaldia, aparteko orduak, atsedenaldiak eta oporrak

1. ATALA

Lanaldia.

28. artikulua. Lanaldia.

Legeak ezartzen duenaren arabera moldatuko da lanaldia, eta hitzarmen honen eranskin batean azalduko dira urteko lanorduak eta horien banaketa, horrela hitzarmen honen eraginpean dauden langileek beti jakin dezaten lanaldian zenbat ordu dituzten.

29. artikulua. Luzapenak.

Lehengaia galkorra denez eta garraioen ohiko erritmoari lotuta dagoenez, enpresak aukera izanen du, ezusteko atzerapenak edo beste egoera berezi batzuk izaten direnean, lanaldia luzatzeko; halakoetan egiten den gehiegizko denbora egiturazko aparteko ordu gisa ordainduko da. Lanaldi arruntean ez dira inolaz ere egiazko bederatzi lanordu baino gehiago eginen.

Lanaldien arteko atsedena hamabi ordukoa izanen da gutxienez.

Beste langileen lana abiarazi edo ixten duen lana egiten duten langileek beren lanaldia luzatzen ahalko dute, horretarako behar-beharrezkoa den denbora bakarrik.

30. artikulua. Lanaldia antolatzea.

Enpresaren ahalmena izanen da ahalik eta lanaldirik egokiena antolatzea lantokian, horretarako lan txandak, lanaldi etengabea eta abar ezarriz, indarra duen legeriari jarraikiz.

31. artikulua. Lanaldia hozkailuetan.

Hozkailuetan lan egiten duten langileentzat kasu hauek bereiziko dira:

a) Zerotik zero azpiko bost gradura bitarteko hozkailuetan egiten den lanaldia normala izanen da.

Hozkailuetan etenik gabe egindako hiru lanorduko hamar minutu izanen dituzte errekuperazio atsedenerako.

b) Zero azpiko sei gradutik zero azpiko hemezortzi gradura bitarteko hozkailuetan sei ordu egonen dira barrenean.

Hozkailuetan etenik gabe egindako lanordu bakoitzeko hamabost minutu izanen dituzte errekuperazio atsedenerako.

Lanaldi normala hozkailuetatik kanpoko lanarekin osatuko dute.

c) Zero azpiko hemezortzi graduko edo hortik beherako hozkailuetan lau ordu egonen dira barrenean.

Hozkailuetan etenik gabe egindako lanordu bakoitzeko hogei minutu izanen dituzte errekuperazio atsedenerako.

Lanaldi normala hozkailuetatik kanpoko lanarekin osatuko dute.

Langile horiek, jasan behar dituzten tenperaturen arabera, beharrezkoak diren babes jantziak izanen dituzte.

2. ATALA

Aparteko orduak.

32. artikulua. Aparteko orduak.

Aparteko lanorduak dira enpresako egutegian (adiera nagusian hartuta) ezarritako lanalditik kanpo edo horren gainetik egiten direnak, eta atal batzuek, ohituragatik, produkzioaren antolaketagatik edo akordio batengatik, dituzten edo izaten ahal dituzten ordutegi bereziak.

Enpleguaren alde egitearren, bi aldeak ados jarri dira aparteko orduak ezinbesteko kasuetara murrizteko.

Era berean, azaldu behar da ezen, kontserba industriaren ezaugarri bereziak direla medio -kanpaina aldietan gehienbat-, presako edo arazoduneko egoerak izaten direla fabrikazio prozesua normalizatzeko.

Horrekin bat, irizpide hauek ezarri dira:

1. Aparteko ordu normalak edo ohikoak: Kentzea.

2. Ezbeharrak izan edo aurreikusteagatik, ohiz kanpoko kalteengatik edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskuagatik egiten diren aparteko orduak: Egitea.

3. Lanaren egitura eta antolakuntzan ohiz kanpoko egoerak sortzeagatik egin behar diren aparteko orduak (lanera ez agertzea, txanda aldaketak, ohiz kanpoko lanak, lan pilaketa handiak, etab.): Mantentzea, hitzarmen honetan edo legezko xedapen osagarrietan aurreikusitako behin-behineko langilerik edo antzekorik kontratatu ezin denean. Aparteko orduak txandaka eginen dira, ahal dela, eta atal honetakoak, berriz, norberaren borondatez.

Langile bakoitzak ezin ditu aparteko laurogei ordu baino gehiago egin urtean.

Enpresako zuzendaritzak egin diren aparteko orduen berri emanen die langileen legezko ordezkariei eta sindikatuetako ordezkariei, bi astean behin, gutxienez, edo maizago, denek horixe erabakitzen badute.

Aparteko orduak, horien kopurua, bakoitzaren zenbatekoa eta osoa, legezko manuek eskatzen dutenaren arabera agertuko dira nominetan. Langileen legezko ordezkariek eta sindikatuen ordezkariek hori betetzea bultzatu eta eskatuko dute.

33. artikulua. Aparteko orduen prezioa.

Oinarrizko hitzarmen honen eranskinean kategoria bakoitzarentzat finkatuta dago aparteko orduen balioa.

3. ATALA

Atsedenaldiak

34. artikulua. Asteko atsedenaldia.

Langileek eskubidea izanen dute astean bi egun jarraituko atsedenaldia izateko gutxienez; oro har, larunbata eta igandea izanen dira.

Arau orokor horretatik kanpo daude:

a) Eten ezin diren lanak.

b) Beharrezkoak diren konponketa eta garbiketa lanak, industri tokietan asteko zereginak ez eteteko; horretarako, behar-beharrezkotzat jotzen dira, bakarrik, industrietako zereginak eragotzi edo haietan oztopo eta kalte larririk ez sortzeko igandean ere egin beharrekoak.

c) Zaintza lanak.

d) Premiazko lanak, ezinbesteko arrazoiengatik.

35. artikulua. Ordutegiak.

Lantokian bertan agerian egonen den kartel baten bidez azalduko da lan ordutegia.

4. ATALA

Oporrak

36. artikulua. Oporrak.

1. Langileak eskubidea izanen du oporraldi ordaindua izateko urtean, lan egindako denboraren proportzioan; oporren iraupena eta zenbatekoa dagokien eranskinean ageri dira.

Lizentzia ordainduek eta aldi baterako ezintasun prozesuek, urtebetetik beherakoak direnean, ez dute kenketarik izanen oporren ondorioetarako. Langilea oporretan dagoela lizentzia ordainduak sorrarazten dituzten egintzek ez dute eskubiderik sortuko halako lizentziak onartzeko.

Enpresako zuzendaritzak zehaztuko du oporrak urteko zein garaitan hartuko diren, langileen ordezkariekin hitz egin ondoren, zerbitzu beharrak kontuan hartuta eta ondoko irizpideak errespetatuta:

A) Enpresako zuzendaritzak oporraldietatik kanpo utz dezake produkzio handieneko garaia.

B) Aurreko puntuan aipatu garaia bazterturik, langileen oporrak ateratzen diren txandatan banatuko dira, txanda bakoitzean proportzio berean, bestelako erabakirik hartu ezean.

C) Oporraldian jaiegunen bat baldin bada, langileari konpentsazioa emanen zaio, urteko lanaldia baino gehiago edo gutxiago egin ez dezan.

D) Oporraldia zatitu egiten ahalko da, alde guztiak ados jarriz gero.

2. Enpresa batzordeak edo langileen ordezkariek, zuzendaritzarekin batera, txandetan banatuko dituzte langileak, sindikatuaren ordezkariak, baldin bada, esaten duena entzun ondoren. Txandetan banatzeko irizpideak hauek izanen dira:

a) Enpresako atal edo departamentuetan beti bete behar diren zerbitzuak.

b) Familia duten langileek lehentasuna izanen dute beren oporrak eskolako oporrekin batera izan daitezen.

c) Langileen proposamenetan oinarrituta osatuko da txanda bakoitzeko zerrenda. Desadostasunak antzinatasuna eta kategoria kontuan hartuta argituko dira, baina eskubide hori urtebetez bakarrik izanen da, zeren eta, ondorengo ekitaldian, antzinatasunean hurrengoa denak jasoko baitu eskubide hori.

3. Lantokian oporren egutegia finkatzerakoan kontuan izanen da langileak gutxienez ere bi hilabete lehenago jakin behar duela noiz izanen dituen oporrak.

4. Oporrek ez dute inolaz ere konpentsazio ekonomikorik izanen, non ez duen langileak baja izaten urte batean zehar, zeren orduan, azken kitatzea egitean, oporren zati proportzionalaren konpentsazioa emanen baitzaio eskudirutan, eta, baldin eta baja egunera arte legozkiokeen egunak baino gehiago hartu baditu, ateratzen den kopurua kenduko zaio.

Aldizkako langile finkoek, behin-behinekoek eta aldi batekoek oporren zati proportzionalari dagokion ordainsaria jasoko dute, egiazki lan egindako egunen eta eguneko soldaten zenbatekoen arabera.

VI. KAPITULUA

Lizentziak eta eszedentziak

1. ATALA

Lizentziak

37. artikulua. Lizentziak.

Langileen Estatutuan ezarritakoari jarraikiz arautuko da arlo hori.

Aldez aurretik abisatuta, hitzarmen honen eraginpeko langileek zilegi izanen dute lanera ez joatea soldata jasotzeko eskubidearekin, ondoko arrazoiengatik eta honako epeetan:

a) Ezkontzagatik: hamabost egun natural.

b) Hiru lanegun gurasoak, seme-alabak, aitona-amonak, ezkontidea edo anai-arrebak hiltzen badira, odol-ahaideak edo ezkontza-ahaideak izan, heriotza Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta, lau lanegun, Nafarroako Foru Komunitatetik kanpo izanez gero.

c) Lau lanegun gurasoek, seme-alabek, aitona-amonek, ezkontideak edo anai-arrebek ospitalizazioa edo eritasun larria (ospitalizazioa eskatzen duena) izaten dutenean, ohol-ahaideak edo ezkontza-ahaideak izan.

d) Ohiko bizilekua aldatzeko: egun bat.

e) Publikoa eta pertsonala den eginbehar saihestezina betetzeko behar-beharrezkoa den denbora. Aldi jakin bat lege bidez edo hitzarmenen bidez ezarritako arau batean jasota dagoenean, absentziaren iraupenari eta konpentsazio ekonomikoari dagokienez arau hartan xedatutakoari jarraituko zaio.

f) Seme-alaben jaiotzagatik: hiru egun.

g) Langileak medikuarengana joan behar badu eritasunagatik, lanaldiaren barnean, enpresak ordainduko du arrazoi horrengatik lanean egiten ez diren lehen 16 orduen zenbateko osoa. Langile bakoitzak bi ordu izanen ditu gehienez familia-medikura joaten den aldiro. Eskubide hori gehienez ere lau egunekoa izanen da urtean. Gainera, horri dagokion absentismo indizea degradatzen bada 2004ko ekainaren 30ean zuen balioaren aldean, aurreko egoerara itzuliko da.

h) Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria izateko eskubidearekin, jaioaurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik enpresaburuari abisatu egin behar zaio, eta horiek guztiak lanaldian egin beharra justifikatu.

38. artikulua. Lanaldia murriztea.

a) Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordubetez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal dute (biek aldi berean ez), beren nahierara, biak lanean ari badira.

b) Legepeko zaintza dela eta, langileren batek sei urtetik beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen urritu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

Adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat -odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa-zaindu behar duen langileak ere eskubide bera izanen du. Halako pertsona jakin bat zaintzeko eskubidea enpresa bateko bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

c) Haurrari esnea emateko baimenaren eta lanaldi murrizketaren orduak eta epealdia zehaztea (artikulu honetako a) eta b) atalak) langileari dagokio, bere lanaldiaren barruan betiere. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago emanen dio horren berri enpresaburuari.

39. artikulua. Ikasketak.

Langileek, ikasketak edo lanbide karrera bat egiteko ikastetxe ofizial batean matrikulatuta badaude eta azterketaren batera aurkeztu behar badute, baimena eskatuko diote enpresari, eta enpresak behar duten denborarako baimena emanen die, urtean hamar egunez gehienez. Baimen hori ordainduko da hitzarmeneko lansariarekin eta antzinatasunarekin; langileak frogatu beharko du azterketara joan dela eta azterketetako irakasgaien erdiak gutxienez gainditu dituela deialdi arruntean edo berezian.

Baimen horietatik kanpo daude gidari azterketak, zeinetara langileak joan behar baitu Administrazioan edo lantoki ez duen enpresa batean sartzeko.

Langileak lanaldi arrunta egokitzeko eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joan behar badu, edo lanbide prestakuntza edo hobekuntzarako baimena lortzeko lanpostua gordeta.

40. artikulua. Soldatarik gabeko lizentziak.

1. Oro har, enpresan gutxienez ere bi urte egin dituztenek soldatarik gabeko lizentzia eskatzen ahalko dute, gutxienez hamabost egunerako eta gehienez hirurogeirako, eta hurrengo hilabetearen barrenean emanen zaie, zerbitzu beharrek uzten badute eta eskaeraren arrazoiak egokiro justifikatzen badituzte.

Ezin izanen dute beste lizentzia bat eskatu azken lizentziatik bi urte iragan arte.

2. Aurrekoa alde batera utzita, enpresan biurteko bat behintzat osatu duten aldizkako langile finkoek soldatarik gabeko lizentzia eskatzen ahalko dute, hamabost egunerako gutxienez eta hogeita hamarrerako gehienez, eta hurrengo hogeita hamar egunen barrenean emanen zaie, zerbitzu beharrek uzten badute eta eskaeraren arrazoiak egokiro justifikatzen badituzte.

Lizentzia lortzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) Langileak, aurreko urtean, egiazki 180 egun baino gehiago eginak izatea enpresan lanean.

b) Horretatik kanpo daude enpresetan izaten diren lan metaketa handiko garaiak edo kanpainak.

3. Lizentziak irauten duen denboran enpresak langilearen baja emanen du Gizarte Segurantzan.

41. artikulua. Antzinatasuna lizentzietan.

Ez da deskontatuko, inolako ondorioetarako, atal honetan araututako lizentzietan iragandako denbora, non ez diren soldatarik gabeko hiru lizentzia edo gehiago eskatu dituzten langileak edo urtearen barnean guztira sei hilabete baino gehiago egin dutenak. Halakoetan, kendu egin beharko da, ondorio guztietarako, izandako lizentzia guztiak batuta ateratzen den denbora.

2. ATALA

Eszedentziak

42. artikulua. Eszedentziak.

a) Eszedentzia borondatezkoa edo nahitaezkoa izan daiteke, eta enpresan kontratu mugagabea duten langile finkoek bakarrik hartzen ahalko dute. Nahitaezkoa, lanpostua gorde eta antzinatasuna kontatzeko eskubidea emanen duena, lanera joatea galarazten duen kargu publikoren baterako izendatu edo hautatua izateagatik emanen da. Lanera itzultzea kargu publikoa utzi eta hurrengo hilabetearen barnean eskatu beharko da.

b) Enpresan gutxienez urtebeteko antzinatasuna duen langileak eskubidea du borondatezko eszedentzia izateko, bi urterako gutxienez eta bosterako gehienez. Eskubide horretaz berriro balia daiteke langile bera, aurreko eszedentzia bukatu eta lau urte igaro eta gero.

c) Langileek eszedentziarako eskubidea izanen dute, hiru urtekoa gehienez, seme edo alaba bakoitza zaintzeko, bai berea bada eta baita adopzioan hartua bada ere, haurraren jaiotegunetik hasita.

Hurrengo seme-alabek beste eszedentzia baterako eskubidea emanen dute, baina lehendik beste bat izanez gero hura bukatu eginen da. Aitak eta amak, biek lan egiten dutenean, batek bakarrik erabiliko du eskubide hori.

Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko da, eta eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Denbora horretan lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du.

d) Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat -odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa-zaindu behar duten langileek. Gehienez ere urtebeteko eszedentzia, negoziazio kolektiboan epea luzatu ezean.

Langileak artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian pasatzen duen denbora antzinatasunerako kontatuko da, eta eskubidea izanen du lanbide prestakuntzako ikastaroetara joateko, enpresaburuak deituta, batez ere lanera itzuli behar duenean. Denbora horretan lanpostua gordetzeko eskubidea izanen du.

e) Probintzia barneko edo esparru handiagoko sindikatu eginkizunetan aritzen diren langileek ere eska dezakete eszedentzia enpresan, beren karguak irauten duen denborarako.

f) Eszedentzian dagoen langileak enpresan hutsik dauden eta bere kategoriakoak edo antzekoak diren lanpostuetan sartu ahal izateko lehentasuna baino ez dauka.

VII. KAPITULUA

Ordainsariak

1. ATALA

Lansaria

43. artikulua. Ordainsari mailak.

Lansarien taulen eranskinean azalduko dira lanbide kategoriei dagozkien ordainsari mailak, ordu, egun, hilabete eta urteen arabera.

Oinarrizko hitzarmen honetan eta eranskinetan ageri diren lansariak ezarritako lanaldiaren arabera finkatu dira, eta bakoitzari dagokion jardueran eta lanbide kategorian eska daitezke.

44. artikulua. Lansaria ordaintzea.

Lansaria hilero ordainduko da, ohiturari jarraikiz.

Langileak aurrerakinak eskatzen ahalko ditu sortuak dituen kopuruen kontura, 100eko 90era bitarte, betiere eskaera horren beharra frogatzen badu langileen ordezkarien aurrean. Aurrerakina deuseztatu eginen da dagokion denbora aldiko ordainketa-agindua ematen denean.

Kategoria igoeretan araua izanen da hileko 15era bitarte, hori barne, izaten direnean hil bereko 1ean izan balitz bezala hartuko direla, eta 15aren ondoren izanez gero, hurrengo hilabeteko 1era arte atzeratuko dela.

Indarra duen legeriak baimendutako ereduaren araberakoa izanen da soldataren ordainagiria.

Aparteko orduak eta produkzioko primak aurretiaz itxiko dira nominak prestatu ahal izateko, gehienez ere hamabi egun lehenago; sartu ez diren egunak hurrengo hilabetean gehituko dira.

Lansaria, aurrerakinak eta Gizarte Segurantzako prestazioen ordainketa delegatua legezko erabilerako monetarekin edo taloi edo transferentzia bidez egin dezake enpresaburuak, bai eta ordainketarako antzekoa den beste modalitate batez, kreditu entitateen bitartez.

Lanaldiaren barrenean eta lantokian bertan ondokoak baizik ez dira eginen: taloia ematea, eskudirutan ordaintzea, egoera berezietan hala egin behar bada, eta soldaten ordainagirien sinadura.

Lege, itun edo agindu judizial bidez ezarritako atxikipenak baino ez dira eginen lansarietan.

45. artikulua. Antzinatasuna.

1. 1996ko urtarrilaren 1az geroztik aplikatu beharreko araubidea._Artikulu honetan araututako antzinatasuna finkatuko da langile bakoitzak 1995eko abenduaren 31n zuen zenbatekoarekin. Kopuru horrek, "ad personam" osagarria baita, oinarrizko soldatarako ituntzen diren portzentajezko igoera berberak izanen ditu, eta ezin izanen dira hitzarmen kolektibo honetako lansari kontzeptuen igoerekin konpentsatu edo irentsi.

1996ko urtarrilaren 1az geroztik, oinarrizko hitzarmen honen eraginpeko enpresako langileek ez dute behin betiko izaerako antzinatasunik sortzen, eta, horren konpentsazio gisa, hitzarmeneko oinarrizko soldaten taulan % 2ko gehikuntza izanen da 1997an eta 1998an, hurrenez hurren.

2004ko uztailaren 1etik aurrera sartu diren behin-behineko langileen kasuan, antzinatasuna kontatuko da aldizkako langile finko bihurtzen diren egunetik hasita.

46. artikulua. Nekagarritasun eta arrisku plusak.

Oinarrizko hitzarmen honen eraginpean dauden eta lan arloko agintaritzak nekagarri eta arriskutsutzat jotzen dituen lanetan ari diren langileek eskubidea izanen dute plus bat jasotzeko (eranskinetan ageri da zenbatekoa), non ez den lan murrizketarik kontzeptu horiengatik.

Osagarri hori funtzionala da, eta lan arloko agintaritzak edo banakako itun batek onartzen dituen edo gaur arte onartuak dituen lanak egiteagatik bakarrik jasoko da; hortaz, ez da finkagarria, ezta "ad personam" ere.

47. artikulua. Gaueko lanaren plusa.

22:00etatik 06:00etara bitarte lan egiten dutenek 10. eranskinean zehaztutako gaueko lanaren plusa jasoko dute, denbora horretako ordu bakoitzeko.

Plus horretatik kanpo daude gaueko lanetarako kontratatu diren langileak.

48. artikulua. Aparteko pagak.

Oinarrizko hitzarmen honen eraginpeko langileek eskubidea izanen dute bi hilabete sari jasotzeko aparteko ordainsari gisa; hots, horietako bakoitza oinarrizko hitzarmenaren taulako lansariko hogeita hamar egun gehi hogeita hamar eguni dagokion antzinatasuna. Uztailaren 16an eta abenduaren 16an ordainduko dira.

Aparteko ordainsari horiek hainbanatu eginen dira urteko seihileko naturaletan eta, hala, langile bakoitzak seihilekoan sortutako aldiaren araberakoa izanen da ordainketa; hau da, udako aparteko ordainsaria urtarrilaren 1etik ekainaren 30era bitarte sortuko da eta Gabonetakoa uztailaren 1etik abenduaren 31ra bitarte.

49. artikulua. Iraunkortasuneko saria.

Plantillako langile finkoek iraunkortasuneko saria jasoko dute, hain zuzen ere hitzarmeneko lansariaren 30 egun gehi antzinatasuna, baldin bada, uztaileko eta Gabonetako aparteko ordainsariak emateko oinarri diren ordainsarien arabera. Iraunkortasuneko sari hori bi zatitan ordainduko da: bat martxoaren 31n eta bestea urriaren 31n. Lehenengo zatia sortuko da urriaren 1etik martxoaren 31ra bitarte, eta bigarrena apirilaren 1etik irailaren 30era bitarte, eta, hala, langile bakoitzak seihilekoan sortutako aldiaren araberakoa izanen da ordainketa.

Hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden aldizkako langile finkoek eta behin-behineko langileek eskubidea izanen dute iraunkortasuneko saria jasotzeko. Sari horren zenbatekoa ezarriko da kategoria bereko langile finko bati dagokion hileko saria eta antzinatasuna batuta. Iraunkortasuneko sariak urteko sortzapena izanen du (uztailaren 1etik hurrengo ekitaldiko ekainaren 30era bitarte), eta ekainaren 30ean eskatzen ahalko da. Osagarri hori jasotzeko baldintza bakarra, honako hau:

_Egiazko 1.558 lanordu 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte.

_Egiazko 1.554 lanordu 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte; 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte, eta 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era arte.

Horrekin batera erabaki da urteko muga horietara iristen ez diren langileek lanean egiazki egindako orduen araberako kopurua jasoko dutela.

2. ATALA

Lekualdatzeak eta joan-etorriak

50. artikulua. Lekualdatzeak eta joan-etorriak.

Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 40. artikuluan xedatutakoari jarraikiz arautuko dira lekualdatzeak eta joan-etorriak.

Lekualdatzea jakinarazita, langileak eskubidea izanen du aukera bat egiteko: lekuz aldatzea, gastuengatiko konpentsazioa barne, ala kontratua amaitzea, lansariaren hogei eguneko kalte-ordaina jasota lanean egindako urte bakoitzeko, hamabi hilabeteko mugarekin.

51. artikulua. Joan-etorrietako dietak eta gastuak.

Dietak kalte-ordainak edo gastu ordejarriak dira, eta sortzen dira langileak, zerbitzua dela eta, bere lantokia dagoen herritik kanpora joan behar izaten duenean.

Dietaren zenbatekoa dagokion eranskinean ageri da.

Langileak enpresaren ibilgailuetan egiten ez duenean bidaia, zein garraiobide erabiltzeko baimena ematen zaion, bidaia haren zenbatekoa jasotzeko eskubidea izanen du.

VIII. KAPITULUA

Hutsegiteak eta zehapenak

52. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak

Hutsegitetzat hartuko dira indarra duten legezko xedapenek eta, bereziki, oinarrizko hitzarmen honek ezarritako betebeharren kontrako ekintzak edo ez-egiteak.

Hutsegiteak honela sailkatuko dira, duten garrantziaren arabera: arinak, larriak eta oso larriak.

53. artikulua. Hutsegite arinen sailkapena.

Ondokoak joko dira hutsegite arintzat:

1. Hilabete baten barnean lanera behin, bitan edo hirutan berandu iristea, bidezko arrazoirik gabe.

2. Lanerako ezintasun iragankorreko baja edo lanera ez agertzearen bidezko arrazoiak bi egun balioduneko epean ez jakinaraztea, hori egiterik ez dela izan frogatu ezean.

3. Lanetik denbora gutxirako alde egitea, bidezko arrazoirik gabe.

4. Norberaren garbitasun edo txukuntasun eza.

5. Bizilekuz aldatu izanaren berri ez ematea, aldaketa egin eta hamar eguneko epearen barnean.

6. Hilabete batean egun batez lanera ez agertzea, bidezko arrazoirik gabe.

7. Noizean behin mozkortuta agertzea.

8. Lanarekin zerikusirik ez duten inprimaki edo argitalpenak irakurtzea lanorduetan.

9. Arropak edo gauzak gordetzeko tokietatik kanpo uztea. Laneko jantziak enpresako instalazioetatik kanpo erabiltzea.

54. artikulua. Hutsegite larrien sailkapena.

Honako hauek dira hutsegite larriak:

1. Lautik zortzira bitarteko hutsegite lanera berandu iristeagatik, hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean.

2. Hogeita hamar eguneko epean lanera bi egunez ez agertzea, bidezko arrazoirik izan gabe.

3. Familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzako prestazioetan ondorioak izan ditzaketenak, behar den garaian ez jakinaraztea.

4. Lanorduetan edozein motatako jokoetan ibiltzea.

5. Beste langile bat lanera agertu dela simulatzea, haren sinadura, fitxa edo kontrol txartela erabiliz.

6. Lanean zuhurtziarik gabe jokatzea. Jokabide hori hutsegite oso larritzat jo daiteke, baldin eta langilea bera edo lankideak istripua izateko arriskuan jartzen badira edota instalazioak edo salgaiak hondatzeko edo su hartzeko arriskuan.

7. Lan orduetan norberaren lanak egitea, bai eta enpresaren tresnak norberarendako erabiltzea ere, lanalditik kanpo izan arren, horretarako baimenik izan gabe.

8. Langileak ikusitako egintzak edo hutsegiteak ezkutatzea, horrek kalte larriak sortzen baditu, eta instalazioetan ikusten den edozein arazo garrantzitsuren berri buruei berehala ez ematea.

9. Norberaren akatsak nahita ezkutatzea, enpresari kalteak sortzen ahal dizkioten arren.

55. artikulua. Hutsegite oso larrien sailkapena.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1. Lanera maiz berandu iristea eta ez joatea, inolako justifikaziorik gabe:

a) Lanera zortzi aldiz baino gehiagotan berandu iristea arrazoirik gabe, hogeita hamar egun naturaleko epean, eta lanera hamasei aldiz berandu iristea arrazoirik gabe, ehun eta laurogei egun naturaleko epean.

b) Lanera ez joateagatiko hutsegitea: lanera hiru egunez ez agertzea, arrazoirik eman gabe, hogeita hamar eguneko epean.

2. Agindutako kudeaketetan iruzur egitea, eta enpresari, lankideei edo beste edozeini lantoki barnean nahiz lanean beste edozein lekutan aritzean ebastea edo lapurtzea.

3. Enpresaren lanabes, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari edo agiriak desagerrarazi, ezdeus bihurtu edo hondatzea.

4. Enpresaren edo langileen isilpeko eskutitzen edo agirien sekretua haustea.

5. Enpresakoa ez den norbaiti nahitaez isilpean eduki beharreko datuak ezagutaraztea.

6. Nagusiei edo lankideei kolpez edo hitzez erasotzea.

7. Istripu larriak sorraraztea, zabarkeria edo zuhurtziagabekeria desenkusaezinagatik.

8. Lankideekin liskarrak eta iskanbilak maiz sortzea, arrazoirik gabe.

9. Segurtasun eta higieneagatik debekatuta dagoen tokietan erretzea. Debeku hori argi azaldu beharko da halako tokietan, kartelen, banderen edo beste edozein sistema egokiren bidez.

10. Kontratuko onustea haustea, eta laneko konfiantza-abusua.

Kontratuko onustea haustea da, besteak beste, lantokitik irtetean paketeek edo bildutako gauzek barruan zer duten erakutsi nahi ez izatea zeregin horretako langileek eskatzen dutenean, Langileen Estatutuko 18. artikuluan ezarritako bermeekin beti.

11. Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

56. artikulua. Zehapenak.

Hutsegiteen arabera, zehapen hauek ezarriko dira:

1. Hutsegite arinengatik:

a) Hitzezko kargu-hartzea.

b) Kargu-hartze idatzia.

c) Egun bateko enplegu-soldaten etenaldia.

2. Hutsegite larriengatik:

a) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

b) Enplegu-soldaten etenaldia, bi egunetik hamabostera bitarte.

c) Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea hiru urterako gehienez.

3. Hutsegite oso larriengatik:

a) Hamasei egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

b) Goragoko kategoria batera pasatzeko gaitasuna kentzea bost urterako gehienez.

c) Hurrengo oporraldiko txanda hautatzeko eskubidea galtzea.

d) Lanetik bidaltzea.

57. artikulua. Zehapenak betetzea.

Zehapen guztiak ematen diren unetik beretik hasita betearaziko dira; horrek ez du alde batera uzten zehapena jasotzen duenak jurisdikzio eskudunean erreklamazioak egiteko duen eskubidea.

58. artikulua. Preskripzioa.

Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatuko dira, larriak hogei egunen buruan eta oso larriak hirurogeiren buruan, enpresa hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.

59. artikulua. Prozedura.

1. Enpresako zuzendaritzari edo haren ordezkariari dagokio sariak eman edo zehapenak ezartzeko ahalmena.

2. Enpresak langileen legezko ordezkariei eta ordezkari sindikalari, hala denean, jakinaraziko die hutsegite larrien eta oso larrien ondorioz langileei ezartzen zaizkien zehapenak.

3. Hutsegiteak arinak direnean ez da espedientea instruitu beharko. Hutsegite larrien edo oso larrien ondoriozko zehapenak ezartzeko ere ez da espedienterik instruitu beharko. Nolanahi ere, horiek idatziz jakinaraziko dira, eta idazkian zehatz azalduko da zer egitatek sortu duen hutsegitea eta nolako zehapena ezarriko den, non ez den hitzezko kargu-hartzea.

Gertaerak argitzearren, enpresak erabakitzen badu espedientea irekitzea zehapenak ezartzeko, interesatuak eskubidea izanen du deskargu orria aurkezteko eta proposatzen dituen eta instruktorearen ustez bidezkoak diren frogak gauzatzeko, eginbideak hasten direnetik hilabeteko epean gehienez.

4. Hutsegite larri edo oso larri baten ondoriozko zehapena ezartzen zaienean karguetan dauden langileen legezko ordezkariei edo agintaldia bukatu eta urtebetea pasatua ez dutenei, aginduzkoa izanen da espedientea irekitzea, arau hauei jarraikiz:

a) Enpresak espedientea ireki dela jakinaraziko dio langileari eta, horrekin batera, espedientean azaltzen diren gertaerak biltzen dituen kargu orriaren berri emanen dio.

b) Enpresak idazkari bat eta insktruktore bat, inpartzialak, izendatuko ditu, eta horien izenak espedientea irekitzeko idazkian berean azalduko dira.

c) Instruktoreak idazki hori interesatuari igorriko dio, alegazioak egin eta bidezkoak iruditzen zaizkion frogak gauza ditzan bost eguneko epean.

Idazki hori langileen legezko ordezkariei ere igorriko zaie, bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak egin ditzaten bost eguneko epean.

d) Espediente irekitzea bukaturik, enpresak ondokoak jakinaraziko dizkio langileari, idatziz: ezarritako zehapena, zein egunetatik hasita izanen dituen ondorioak eta zehapenaren oinarri diren gertaerak.

60. artikulua. Enpresaburuen lan arloko arau-hausteak.

Abuztuaren 4ko 5/2000 Legean eta indarra duten gainerako legezko xedapenetan ezarritakoa aplikatuko da.

IX. KAPITULUA

Segurtasuna eta higienea

61. artikulua. Arau orokorra.

Oinarrizko hitzarmen honen eraginpean dauden langileek eskubidea izanen dute lanean ari direnean babes egokia izateko, segurtasunari eta higieneari dagokienez. Enpresak zorrotz bete beharko du Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea.

Langileek ere segurtasun eta higienearen inguruko legezko eta arauzko neurriak bete beharko dituzte beren lanean.

Arriskuei aurrea hartzeko, enpresako zuzendaritzak eta langileen ordezkariek segurtasun eta osasun arloko prebentzio ordezkariei buruzko arauak gauzatuko dituzte, Laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen V. kapituluan ageri den moduan.

Enpresak segurtasun eta higieneari buruzko informazio praktiko eta egokia eman behar die kontratatzen dituen langileei, beste lanpostu batera aldatzen direnean edo langilearentzat, lankideentzat edo beste batzuentzat arrisku handikoa izaten ahal den teknika berri bat aplikatu behar dutenean, dela bertako zerbitzuen bidez, dela kasuan kasuko zerbitzu ofizialek esku hartuz. Langileak ezinbestekoa du ikasketa horiek hartzea eta beharrezkoak diren praktikak egitea lanaldiaren barruan edo beste ordu batzuetan, baina ikastaroetan pasatutako denbora lanaldian kontatuta.

62. artikulua. Laneko segurtasuna.

Enpresak eta langileek zehatz bete beharko dituzte laneko arriskuei aurrea hartzearen arloan indarra duten xedapen guztiak, batez ere hozkailu-lokalei, makinei, aparatuei eta hotz-biltegiei dagokien oro.

63. artikulua. Lokaletako higienea.

Lokalek baldintza egokiak izan behar dituzte osasun eta ingurumen aldetik, eta garbi eta higiene onarekin edukitzeko baliabideak izan; langileek enpresako zuzendaritzak horri begira ematen dituen arauak bete behar dituzte.

64. artikulua. Osasun azterketak.

Oinarrizko hitzarmen honen eraginpeko langileek urtean behin gutxienez osasun azterketa orokor, egoki eta nahikoa egiteko eskubidea eta betebeharra izanen dute. Langileei egin beharreko proba medikoak lanaldiaren barnean eginen dira.

65. artikulua. Higiene zerbitzuak.

Lantokian edateko ura hartzeko behar beste toki izanen da, bai eta aldagelak, garbigelak, dutxak eta komunak ere, Segurtasunari eta Higieneari buruzko Ordenantza Orokorraren 38. artikulutik 42.era bitarte ezarritakoaren arabera.

66. artikulua. Lanpostua aldatzeko eskubidea.

Haurdun dagoen emakumeak, medikuaren txostena izanik, eskubidea izanen du lanpostua aldatzeko haurdun dagoela jakiten duenetik aurrera, laneko bere tokia arriskutsua baldin bada amarentzat edo fetuarentzat.

67. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak, lanpostuaren ezaugarriak kontuan hartuta, laneko arropa egokiena emanen die langileei. Hona hemen:

_Hotz-kameretan:

Hotzaren kontrako buzo bat.

Buzo bat.

Txano bat.

Hotzaren kontrako jaka bat.

Bota pare bat.

Hotzaren kontrako eskularru pare bat: langileari dagokion departamentuko arduradunaren ustez beharrezkoa denean aldatuko dira.

_Ontziratze planta/Fabrikazioa:

Bata/buzo bat

Bota pare bat.

Jaka handi/txaleko bat

Ur jantziak, beharrezkoak diren lanpostuetan

Txano bat.

Aurikular pare bat.

Eskularruak, lanpostuko beharren arabera.

Mantalak, lanpostuko beharren arabera.

_Mantentze lana:

Buzo bat.

Segurtasuneko bota pare bat.

Jaka handi bat eta txaleko bat.

Txano bat.

Aurikular pare bat.

Larruzko eskularru pare bat.

Hotzaren kontrako buzo bat, hotz-kameretan egin beharreko lanetarako.

_Ataleko arduradunak:

Arduradunek, non lan egiten duten, dagokien arropa jasoko dute, eta buzoaren ordez galtza pare bat eta jaka bat.

_Laneko arropa zaintzea.

Laneko arropak langileek zaindu, garbitu eta txukundu beharko dituzte eta nahitezkoa izanen dute lanorduetan janztea, baina ezin izanen dituzte lantokitik kanpo erabili; arropak enpresarenak dira.

Langileek itzuli egin beharko dute laneko arropa enpresarekin duten lan harremana bukatzen denean. Hala egin ezean, arroparen balioa azken kitatzetik ken daiteke.

68. artikulua. Botika gela.

Enpresa aldez aurretik instalatutako botika gela edo osasun gela hornitzeaz eta mantentzeaz arduratuko da, segurtasun eta higiene arloan indarra duten xedapenei jarraikiz.

69. artikulua. Hotz industriala.

1. Hotz industriala sortzen duten lan esparruek, gas kaltegarrien edo erregaien jarioa izateko arriskua bada horietan, bereizita egon beharko dute, beharrezkoa izanez gero isolatzeko. Gas horien jario edo ihesak detektatu eta abisatzeko gailuak izanen dituzte, bai eta xurgatze bidezko aireztapen mekanikoko sistema bat ere, berehala kanpora bideratu ahal izateko.

2. Gas jario handiak izaten direnean, langileek lan esparrua utzi eta gero, ondoko esparruetatik isolatu beharko da eta aireztapen behartua martxan jarri.

3. Jarioak makinen esparruan gertatzen badira, konpresoreak gelditu eginen dira urrutiko kontrolgailu edo managailuen bidez.

4. Hozkailu industrialen instalazio guztietan arnasketa gas jarioetatik babesteko aparatuak izanen dira, eta gasen araberako aparatuak hautatuko.

5. Amoniakoa, anhidrido sulfurosoa, metil kloruroa edo ikusmenarentzat kaltegarria den beste edozein agente izaten den hozkailu instalazioetan begiak babesten dituzten arnasketa maskarak erabili beharko dira edo ahokadura hermetikoko betaurrekoak.

6. Anhidrido karbonikoa izaten duten instalazioetan aire edo oxigenozko arnasketa aparatu autonomoak erabiliko dira, edo debekatuta egonen dira iragazte motakoak.

7. Arnasketa aparatuak, betaurrekoak eta eskularru babesleak erabiliko dira gas jario handia izan den esparruan sartzea ezinbestekoa denean edo jarioak gertatuko direla uste denean, bai eta konponketa lanetan, instalazioko elementuak aldatu behar direnean, kargan eta abar.

8. Arnasketa aparatuak egoera onean eta modu eta toki egokian gorde beharko dira, istripuren bat izanez gero erraz hartzeko moduan. Aldian-aldian aparatuek eraginkor izaten segitzen duten begiratuko da eta erabiltzen erakutsiko zaie langileei.

9. Hozkailuetako ateak ixteko sistemak barrutik irekitzeko modua izanen du eta argi seinale batek adieraziko du barnean norbait dagoela.

10. Tenperatura baxuko lokaletan, hozkailuetan eta hotz biltegietan luze egon behar duten langileei beroki egokiak, buru-estalkiak eta zola isolatzaileko larruzko oinetakoak emanen zaizkie, bai eta beharrezkoa den beste edozein babesgailu ere.

11. Giltzak, txorrotak eta halakoak erabili behar dituzten edo oso gai hotzak ukitu behar dituzten langileei hotzetik isolatzeko eskularruak edo eskuzorroak emanen zaizkie.

12. Langilea onartzen denean, eta behar den aldizkakotasunarekin, azalpenak emanen zaizkio jariakin frigorigenoen arrisku eta ondorio kaltegarriei, horiek saihesteko babesei eta gas jario do ihesak izaten direnean bete beharreko jarraibideei buruz. Ohiko lantokietan jarriko diren kartelen bidez adieraziko da hori guztia, labur emanda.

70. artikulua. Jantokiak.

Jantokiei dagokienez, indarra duen legerian ezarritakoari jarraituko zaio.

71. artikulua. Gaitasuna gutxitua.

Laneko istripuagatik edo lanbideko gaixotasunagatik gaitasuna gutxitua (ahalmen fisiko edo intelektualak murriztuak) duten langileek lehentasuna izanen dute lanpostu egokiak betetzeko, enpresan dauden baldintzen arabera. Halakoetan, lanbide kategoria berri horri dagokion lansaria jasoko du langileak.

Enpresako plantillan langile finkoak 50etik gora direnean, langile minusbaliatuen erregistroan sartutako langileentzat gordeko da 100eko 2a, 13/1982 Legearen 38. artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

72. artikulua. Langileen higienea.

Jangaiak prestatzen eta maneiatzen zuzenean esku hartzen duten langileek zorrotz beteko dituzte higiene eta osasun neurri guztiak.

Enpresak beharrezkoak diren baliabide guztiak emanen dizkie, behar duten langileei, jangaiak erabiltzeko txartela lor dezaten.

Era berean, enpresak arauak ezarriko ditu, jangaiak zuzenean ukitu ez arren fabrikazio lanak egiten diren lokaletan sartu behar duten langileentzat.

Halaber, kontuan izanen da langileen higiene neurriei dagokienez Laneko Segurtasun eta Higieneko Ordenantzan ezarritakoa beteko dela.

X. KAPITULUA

Langileen ordezkariak

73. artikulua. Eskubide sindikalak.

Enpresak errespetatu eginen du langile guztiek libreki sindikatzeko duten eskubidea, onartuko du sindikatu batean afiliatuta dauden langileek bilerak egin eta kuotak kobratu ditzaketela eta lanorduetatik kanpo eta enpresako ohiko jardueran etenik egin gabe sindikatuko informazioa banatu dezaketela; era berean, ezin izanen du ez afiliatzeko edo afiliazioa uzteko baldintza jarri langile batek bere lanpostuari eusteko, edo afiliazioagatik edo sindikatuko jardueragatik beste modu batez kalte egin langileari.

Sindikatuek informazioa bidaliko dute enpresara, banatu dadin, betiere lanorduetatik kanpo eta produkzio prozesuan etenik egin gabe. Lantokiko plantillan 50 langile baino gehiago daudenean, sindikatu bakoitzaren iragarki oholak izanen dira, behar bezala ezarritako sindikatuek mezuak jar ditzaten; dena dela, horien kopiak enpresako zuzendaritzari edo zentroko titularrari igorri behar dizkiote lehenik.

74. artikulua. Sindikatuak.

Enpresan titulartasun pertsonalaren bidez ordezkatua izateko eskubidea duela alegatzen duen sindikatuak behar bezala egiaztatu beharko du enpresaren aurrean; horren ondoren, enpresak onartuko du ordezkari sindikalak sindikatua ordezkatzeko ahalmena duela, legezko ondorioetarako.

Ordezkari sindikal batek izanen du sindikatua ordezkatzeko ahalmena, plantillan 100 langile baino gehiago daudenean eta sindikatuek 15 langile baino gehiago badituzte afiliatuta.

Sindikatuko ordezkariak jarduneko langilea izan behar du dagokion enpresan, eta ordezkatzen duen zentral edo sindikatuko estatutuen arabera izendatua.

75. artikulua. Sindikatuko ordezkariaren eginkizunak.

1. Ordezkatzen duen sindikatuaren eta enpresan dituen afiliatuen interesak ordezkatu eta defendatzea, eta sindikatuaren eta enpresako zuzendaritzaren arteko komunikaziorako tresna izatea.

2. Enpresa Batzordearen, Segurtasun eta Osasun Batzordeen eta Interpretaziorako Batzorde Paritarioen bileretara joaterik izanen dute, hizpidea dutela baina botorik ez.

3. Enpresak Enpresa Batzordearen eskura jarri beharreko argibide eta agiriak lortzen ahalko dituzte, legeak ezarritakoarekin bat, eta ezinbestekoa izanen dute isiltasun profesionalez jokatzea legearen arabera bidezkoa denean. Legeak eta hitzarmen honek enpresa batzordeko kideei eta langileen ordezkariei onartutako berme eta eskubide berberak izanen dituzte.

4. Langile guztiak oro har eta beren sindikatuko afiliatuak ukitzen dituzten arazoen konponbidearen gainean esateko dutena entzunen du enpresak.

5. Halaber, aldez aurretik, enpresaren berri izanen dute eta enpresak entzun eginen ditu ondokoen gainean:

a) Ordezkatzen duten sindikatuko afiliatuak lanetik bidaltzea eta haiei zehapenak ezartzea.

b) Plantilla berregituratzea, enplegu erregulazioak, langileen lekualdatzea talde bati dagokionean edo lantoki nagusitik egin behar denean eta enpresaren edozein proiektu edo ekintza, langileen interesak nabarmen ukitu ditzakeena.

6. Afiliatuei kuotak kobratzea, sindikatuaren propaganda banatzea eta haiekin bilerak egitea, hori guztia egiazko lanorduetatik kanpo.

7. Bileretako prozedurari dagokionez, bi aldeek indarra duen araudiari segituz jokatuko dute.

8. Ordezkariek dagozkien eginkizunak baizik ez dituzte eginen.

76. artikulua. Sindikatuko kuota.

86. artikuluan aipatzen den ordezkaritza duten sindikatuetako langile afiliatuek eskaturik, enpresak langileen hileko kuotatik kenduko du dagokien sindikatuko kuotaren zenbatekoa. Eragiketa hori egin nahi duen langileak idazki bat bidaliko du enpresako zuzendaritzara, datu hauek emateko: deskontua egiteko agindua argi adierazia, zein sindikatutakoa den, kuotaren zenbatekoa eta diru transferentzia jasoko duen kontu korrontearen edo aurrezki kutxako libretaren zenbakia. Enpresak urtebetez eginen du kenketa, interesatuak kontrakorik adierazten ez badu behintzat.

Enpresako zuzendaritzak transferatziaren kopia emanen dio sindikatuak enpresan duen ordezkaritzari, halakorik baldin bada.

77. artikulua. Ordu metaketa.

Langileen ordezkariek eta enpresa batzordeko kideek legeak ezartzen dituen ordu ordainduak izanen dituzte hilean.

Hileko ordu ordainduen metaketari dagokionez, batzordeko kideek, batzordeko kide diren aldetik, bakoitzari dagozkion orduen 100eko 100era bitarte laga diezaiokete beren sindikatuko langile bati. Lagatuko diren orduak hilean hilekoak izanen dira, eta orduak lagatu baino hamar egun lehenago, gutxienez, esan behar zaio enpresako zuzendaritzari.

78. artikulua. Sindikatuen kontrako jarduketak.

Aldeetako baten batek uste badu sindikatuen kontrakoak diren jarduketak egin direla, legeetan ezarritakoari jarraituko zaio.

79. artikulua. Arau erreferentzia.

Aurreko artikuluetan berariaz bildu ez den orotan, ekintza sindikalaren arloko aldeek Langileen Estatutuan eta Askatasun Sindikalaren Lege Organikoan xedatutakoa bete beharko dute.

XEDAPEN OSAGARRIA

Hitzarmenaren amaiera iragartzea

Oinarrizko hitzarmenaren testu nagusiaren indarraldia mugagabea bada ere, arau hauek eman dira hitzarmenaren amaiera iragartzeko:

Lehena._Hitzarmena, osoa edo zati bat, aldatzen ahalko da alderdi kontratugileak ados jarriz gero.

Bigarrena._Oinarrizko hitzarmenaren amaiera edozein alderdik iragartzen ahalko du bost urtean behin. Bost urteko tarte bakoitza bukatu aurreko laurogeita hamar egunen barrenean jakinarazi beharko da kontratuaren amaiera iragarriko dela.

Hirugarrena._Eranskinen amaiera indarraldia bukatu aurreko hilabetean iragarri beharko da.

Laugarrena._Salbuespenez, indarraldiaren bigarren urterako alderdiek arrazoiak emanda eskatzen ahalko dute oinarrizko hitzarmenekoak diren hiru gai, gehienez, negozia daitezela.

Oinarrizko hitzarmenaren edo eranskinen amaiera iragartzen duen alderdiak besteari jakinarazi beharko dio idazki baten bidez; berriz negoziatu behar diren manuak azalduko dira idazkian.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena._Orduaren balioa parekatzea.

Alderdi kontratugileek hitzartu dute eguneko edo hileko ordainsariak jasotzen dituzten langileen orduko soldata orokorraren balioa parekatzea ordainsariak orduko soldata orokorraren bidez jasotzen dituzten langileekin.

Bigarrena._Kategoriak asimilatzea.

Hitzarmen hau argitaratzen denetik hasita, indarra hartuko du 1989ko maiatzaren 5eko Akordioko VIII. eranskinean ezarri zen kategorien katalogoak, 1989ko ekainaren 2ko Ebazpenaren bidez argitaratuak (ekainaren 22ko "Estatuko Aldizkari Ofiziala"). Honako hau da:

KATEGORIAK ETA LANSARI MAILAK ASIMILATZEKO KATALOGOA

1._Plantillako langile finkoak

TEKNIKARI TITULUDUNAK

Goi mailako titulua 1.1. Goi mailako titulua duen teknikaria

Goi mailakoa ez den titulua 1.3. Erdi mailako titulua duen teknikaria

TITULURIK GABEKO TEKNIKARIAK

Fabrikazioko buru teknikoa 1.6. Fabrikazioko buru teknikoa

Saltzaile bidaiaria 1.9. Bidaiari edo saltzailea

ADMINISTRARIAK

Lehen mailako burua 1.2. Lehen mailako burua

Bigarren mailako burua 1.4. Bigarren mailako burua

Lehen mailako ofiziala 1.7. Lehen mailako ofiziala

Bigarren mailako ofiziala 1.11. Bigarren mailako ofiziala

Laguntzailea 1.14. Laguntzailea

18 urtetik 20ra arteko telefonista 1.14. Telefonista

FABRIKAZIOKO LANGILEAK

Arduradun nagusia 1.5. Titulurik gabeko teknikaria

Ontzien arduraduna 1.8. Ataleko arduraduna

Laguntzaile teknikoa 1.13 Espezialista

Biltegizaina 1.13. Biltegizaina

Zerrenda egilea-Zaintzailea 1.13. Zinpeko zaintzailea

Atezaina-Mandataria 1.13. Zaindaria edo atezaina

18 urtetik gorako mandatugilea 1.13. Mandataria

PEOIAK

Peoi espezializatua 1.13. Espezialista

Peoia 1.13. Laguntzailea

BEHARGINAK

Lehen mailako gozogile ofiziala 1.10. Lehen mailako ofiziala

Bigarren mailako gozogile ofiziala 1.12. Bigarren mailako ofiziala

Ixtailea 1.13. Espezialista

18 urtetik gorako laguntzailea 1.13. Laguntzailea

HOTZ-KAMERAK

Lehen mailako makinista 1.12. Makinista

Laguntzailea 1.13. Makinistaren laguntzailea

LANBIDE OSAGARRIAK

Lehen mailako ofiziala 1.10. Lehen mailako ofiziala

Bigarren mailako ofiziala 1.12. Bigarren mailako ofiziala

BESTE KATEGORIA BATZUK

Salmentaburua 1.4. Bigarren mailako administrazioburua

Analista 1.4. Bigarren mailako administrazioburua

Programatzailea 1.7. Lehen mailako administrari ofiziala

Operadorea 1.11. Bigarren mailako administrari ofiziala

Zulatzailea-Grabatzailea 1.14. Administrari laguntzailea

Garbitzaileak 1.14. Laguntzailea

17 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak 1.15. 17 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak

16 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak 1.16. 16 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak

2._Aldizkako langile finkoak eta behin-behinekoak

Lehen mailako gozogile ofiziala, lehen mailako ofiziala eta upelgilea, egilea 2.10. Lehen mailako ofiziala

Bigarren mailako gozogile ofiziala, bigarren mailako ofiziala 2.12. Bigarren mailako ofiziala

Lehen eta bigarren mailako makinista 2.12. Makinako operadorea

Ixtailea, galdarraztailea, sugina, egoslea eta peoi espezialista 2.13. Espezialista

Peoia, laguntzailea eta urgazlea 2.14. Laguntzailea

17 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak 2.15. 17 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak

16 urtetik gorako izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak 2.16. 16 urteko izangai, mandatugile, pintxe eta laguntzaileak

1. ERANSKINA

Lanaldia

Urteko egiazko lanaldia, bai lanaldi etengabean bai zatituan, ondokoa izanen da:

1.758 ordu 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte, eta

1.754 ordu 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte; 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte, eta 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era arte.

Egiazko lan-denbora kontzeptuaren barrenean etenik gabeko lanaldietako atsedenaldian hartutako denbora sartuko da (ogitartekoa jatekoa), edo beste etenaldi batzuk.

Enpresak, batzordearekin ados jarrita, kanpaina garaietan -urtean 80 lanegun gehienez-egiazko 9 lanordu arrunt ezartzen ahalko ditu egunean, eguneko eta asteko atseden aldiei dagokienez. Gainerako lanorduak modu homogeneoan banatuko dira urteko gainerako lanorduetan, eta aparteko ordutzat joko dira eranskin honetan ezarritako gehieneko lanaldiaren gaineko diferentziatik gorakoak.

Asteburuko lana._Elkarren segidako bi asteburutan lan egiten dutenek, oro har, hirugarrenean izanen dute atsedena.

2. ERANSKINA

Oporrak

Urteko opor ordainduak hogeita hamar lanegunekoak izanen dira 2004rako.

Urtean zehar enpresan sartu edo enpresa uzten duten langileek eskubidea izanen dute lanean egindako denboraren zati proportzionala jasotzeko.

3. ERANSKINA

Heriotza edo baliaezintasunagatiko kalte-ordaina

"Bonduelle España, S.A." enpresak langile guztien aldeko aseguru polizak kontratatuak ditu. Poliza horiek indarra izanen dute langileak enpresan eta Gizarte Segurantzan altan dauden bitartean. Hauek dira polizak:

A) Bizi aseguruaren poliza._Aseguru konpainiak prestazio hauek bermatuko ditu:

_Edozein arrazoiren ondoriozko heriotza izaten denean (estaldura 24 orduetan), eskubidedunek kopuru hau jasoko dute: 6.220 euro 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30erako bitarte; 6.425 euro 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte; 6.625 euro 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte, eta 6.825 euro 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitarte.

_Istripuaren ondoriozko heriotza denean (eguneko 24 orduetan), eskubidedunek ondokoa jasoko dute: 34.225euro 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30erako bitarte; 35.340 euro 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte; 36.400 euro 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte, eta 37.500 euro 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitarte.

_Istripuaren ondoriozko baliaezintasun iraunkor, oso eta erabatekoa denean (eguneko 24 orduetan), eskubidedunek ondokoa jasoko dute: 37.325 euro 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30erako bitarte; 38.540 euro 2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte; 39.700 euro 2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte, eta 40.900 euro 2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitarte.

Enpresaren gain egonen da polizaren 100eko 100aren kostua.

B) Istripu aseguruaren poliza._Aseguru konpainiak bermatuko du aseguratuek lanean edo bizitza pribatuan (estaldura 24 orduetan) izaten dituzten gorputz-istripuetarako ezarritako kalte-ordainak ordainduko dituela. Aseguratu bakoitzarentzat bermatutako kapitalak:

_Lanekoa ez den istripuaren ondoriozko aldi bateko baliaezintasuna, 4. egunetik aurrera: urteko lansari gordinaren 100eko 40a 20. egunera arte, eta 100eko 25a 21. egunetik 365. egunera arte.

_Laneko istripuaren ondoriozko aldi bateko baliaezintasuna, 4. egunetik aurrera: urteko lansari gordinaren 100eko 25a 365. egunera arte.

Poliza horren kostuaren 100eko 50a enpresaren gain egonen da eta beste horrenbeste langileen gain, bi alderdiek 1991eko ekainaren 26an sinatutako akordioaren arabera.

4. ERANSKINA

Erretiroa

1. Erretiro partziala._Langileak eskubidea izanen du hirurogei urtetik aurrera erretiro partziala hartzeko, baldin eta prestazio hori eskuratzeko legez ezarritako beharkizunak betetzen baditu. Horretarako, enpresak errelebo-kontratu bat hitzartu beharko du langile egokiarekin, arlo honetako araudi indardunarekin bat. Hala ere, hemen onartutako eskubideak honako arau eta mugak izanen ditu:

a) Langileak erretiro partziala lortzeko eskaera gutxienez hiru hilabeteko aurrerapenarekin egin beharko du.

b) Hemen onartzen den aukera baliagarria izan dadin, beharrezkoa da langileak bere ohiko lanaldiaren 100eko 85eko murrizketa eskatzea gutxienez. Portzentaje hori baino gutxiagoko murrizketa eskatuz gero, enpresaren adostasuna beharko da erretiro partziala eskuratzeko.

c) Atal honetan ezarritako guztiak balioa izateko, beharrezkoa da legeria indardunean erretiro partzial aurreratua eta errelebo-kontratuaren araudia egotea, eta erreleborako eskaintzen diren lanpostuetarako langile egokiak aurkitzeko moduko enplegu egoera izatea.

5. ERANSKINA

Bidaiak eta dietak

Dietak edo dieta erdiak jasotzeko eskubidea ematen duten bidaiak egitean enpresak ordaindu beharreko zenbatekoak:

a) 2004ko uztailaren 1etik aurrera:

_Gosariagatik: 2,80 euro.

_Bazkari edo afariagatik: 13,57 euro.

_Gaua igarotzeagatik: 31,73 euro.

b) 2005eko uztailaren 1etik aurrera:

_Gosariagatik: 2,90 euro.

_Bazkari edo afariagatik: 14,02 euro.

_Gaua igarotzeagatik: 32,77 euro.

c) 2006ko uztailaren 1etik aurrera:

_Gosariagatik: 3,00 euro.

_Bazkari edo afariagatik: 14,45 euro.

_Gaua igarotzeagatik: 33,76 euro.

c) 2007ko uztailaren 1etik aurrera:

_Gosariagatik: 3,09 euro.

_Bazkari edo afariagatik: 14,89 euro.

_Gaua igarotzeagatik: 34,78 euro.

Hitzarmena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra eranskin honek.

6. ERANSKINA

Laneko gatazkak konpontzea

Oinarrizko hitzarmen hau sinatu duten alderdiek erabaki dute hitzarmen hau interpretatzean sortzen diren desadostasun eta gatazka guztiak, bai taldekoak bai banakakoak, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren esku jartzea, bitartekotza eta adiskidetze faseetan, eta alderdiak beren borondatez aipatu auzitegiaren arbitraje prozeduraren esanetara jartzeko ahaleginak eginen direlako konpromisoa agertzea.

Klausula hau, beraz, alderdiak Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiari atxikitzearen adierazpena da, L.E.ko 83. artikuluak arautzen duen eraginkortasun orokorreko izaera du eta, horren ondorioz, itunak enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak behartzen ditu beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu auzitegiaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera. Hori horrela, ez da nahitaezkoa atxikimendu espresua eta banakakoa egitea, arbitrajera borondatez lotzeko ez bada, zeina bultzatzeko eta sustatzeko konpromisoa hartu baitute lan hitzarmen honen sinatzaileek.

7. ERANSKINA

Etengabeko prestakuntza

"Bonduelle España, S.A." enpresako zuzendaritzak eta sindikatuen ordezkariek, oinarrizko hitzarmen honen sinatzaileek, argi ikusten baitute langileen etengabeko prestakuntzak balio estrategikoa duela eta enpresako giza kapitalean egiten den inbertsioa dela, erabaki dute bi alderdiek batera prestakuntza programak sustatzea, eta plantillako ahalik eta langile gehien sartzea horietan.

8. ERANSKINA

Lan poltsa

Enpresak, lanpostu hutsak betetzeko, lehentasuna emanen die "Bonduelle España, S.A."ko langileen seme-alabei, betiere agintzen zaizkien lanak egiteko baldintza egokiak betetzen badituzte.

9. ERANSKINA

Behin-behineko langilea aldizkako langile finko bihurtzea

Behin-behineko langileak, 450 egunez lan egin badute, aldizkako langile finko bihurtuko dira, denbora horretan beste enpresa batean aritu ez badira behintzat.

Gainera, enpresak konpromisoa hartu du, hitzarmen honen indarraldia bukatu baino lehen, baldintza ekonomikoei dagokienez, data horretan enpresan ari diren aldizkako langile finkoen egoera aztertzeko.

10. ERANSKINA

Lansarien taulak

2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte "Bonduelle España, S.A."ko langileek jasoko dituzten lansariak honako behin-behineko taula hauetan azaltzen dira: Taula horiek lortu dira 2003/2004 urteari dagozkionak 100eko 3,5 gehituta.

Soldaten berrikuspena._Soldatak berrikusteko klausula bat ezarri da 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarteko egiazko KPIak 100eko 2a gainditzen duen orotan. Gehiegizko hori zehazteko (2004ko uztailaren 1etik hasitako atzeraeragineko ondorioa izanen du), 12 hilabete horietan izaten diren egiazko KPIak batuko dira, hilabetez hilabete.

BEHIN-BEHINEKO LANSARIAK: PLANTILLAKO LANGILE FINKOAK

(Balioa izanen dute 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte)

1.1 maila 1.118,97 16.784,55 13,03 0,89

1.2 maila 1.033,29 15.499,35 11,97 0,85

1.3 maila 1.033,29 15.499,35 11,97 0,85

1.4 maila 988,18 14.822,70 11,39 0,76

1.5 maila 987,61 14.814,15 11,27 0,76

1.6 maila 968,39 14.525,85 11,14 0,75

1.7 maila 940,79 14.111,85 10,77 0,73

1.8 maila 937,88 14.068,20 10,71 0,73

1.9 maila 906,16 13.592,40 10,53 0,73

1.10 maila 873,35 13.100,25 10,53 0,73

1.11 maila 867,80 13.017,00 10,53 0,73

1.12 maila 866,79 13.001,85 10,53 0,73

1.13 maila 844,00 12.660,00 10,53 0,73

1.14 maila 844,00 12.660,00 10,53 0,73

1.15 maila 695,62 10.434,30 10,53 0,73

1.16 maila 640,01 9.600,15 10,53 0,73

BEHIN-BEHINEKO LANSARIAK: ALDIZKAKO LANGILE FINKOAK ETA BEHIN-BEHINEKOAK

(Balioa izanen dute 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte)

2.10 maila 6,96 12.235,68 10,53 0,73

2.12 maila 6,90 12.130,20 10,53 0,73

2.13 maila 6,72 11.813,76 10,53 0,73

2.14 maila 6,72 11.813,76 10,53 0,73

2.15 maila 5,54 9.739,32 10,53 0,73

2.16 maila 5,10 8.965,80 10,53 0,73

ASTEBURU ETA JAIEGUNETAKO APARTEKO ORDUEN PREZIOA

(Balioa izanen du 2004ko uztailaren 1etik 2005eko ekainaren 30era bitarte) (Asteburuko plusa barne)

T X A N D A K LARUNBATAK IGANDEAK JAIEGUNAK

Goizez 10,53 12,96 12,96

Arratsaldez 10,53 12,96 12,96

Gauez 12,96 12,96 12,96

Bigarren aldirako (2005eko uztailaren 1etik 2006ko ekainaren 30era bitarte), lansariak aterako dira 2005eko ekainaren 30ean finkatuko soldatei aldi horretako egiazko KPIaren pareko zenbatekoa gehituta eta 100eko 1,25eko diferentziala ezarrita.

Hirugarren aldirako (2006ko uztailaren 1etik 2007ko ekainaren 30era bitarte), lansariak aterako dira 2006ko ekainaren 30ean finkatuko soldatei aldi horretako egiazko KPIaren pareko zenbatekoa gehituta eta 100eko 1eko diferentziala ezarrita.

Laugarren aldirako (2007ko uztailaren 1etik 2008ko ekainaren 30era bitarte), lansariak aterako dira 2007ko ekainaren 30ean finkatuko soldatei aldi horretako egiazko KPIaren pareko zenbatekoa gehituta eta 100eko 1eko diferentziala ezarrita.

Hitzartutako soldata duten langile finkoak._Hitzartutako soldata duten langile finkoen oinarrizko soldata eta ad personam osagarria gehituko dira, 2004ko ekainaren 30etik aurrera, lansari taulak prestatzeko erabilitako portzentaje berberak aplikatuta; eta lanpostuko osagarria, gutxieneko gisa, ez da murriztuko, alderdiek 2000 apirilaren 7an hartutako akordioari jarraikiz.

11. ERANSKINA

Gaueko lanaren plusa

Gaueko lanari dagokionez, hitzarmen honen 47. artikuluak aipatzen dituen plusak jasoko dituzte langileek, taula hauekin bat:

GAUEKO LANAREN PLUSA: PLANTILLAKO LANGILE FINKOAK

1.1 maila 1,55 1,63 1,71 1,80 1,89

1.2 maila 1,45 1,52 1,60 1,68 1,76

1.3 maila 1,45 1,52 1,60 1,68 1,76

1.4 maila 1,39 1,46 1,53 1,61 1,69

1.5 maila 1,39 1,46 1,53 1,61 1,69

1.6 maila 1,35 1,42 1,49 1,56 1,64

1.7 maila 1,30 1,37 1,44 1,51 1,59

1.8 maila 1,30 1,37 1,44 1,51 1,59

1.9 maila 1,26 1,32 1,39 1,46 1,53

1.10 maila 1,26 1,32 1,39 1,46 1,53

1.11 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

1.12 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

1.13 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

1.14 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

1.15 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

1.16 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

GAUEKO LANAREN PLUSA: ALDIZKAKO LANGILE FINKOAK ETA BEHIN-BEHINEKOAK

2.10 maila 1,26 1,32 1,39 1,46 1,53

2.12 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

2.13 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

2.14 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

2.15 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

2.16 maila 1,25 1,31 1,38 1,45 1,52

Iragarkiaren kodea: F0500505