21. ALDIZKARIA - 2005eko otsailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

12/2005 FORU AGINDUA, otsailaren 3koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2005eko deialdia onesten duena.

Espainiako Konstituzioaren 51.2 artikuluaren arabera, botere publikoek kontsumitzaile eta erabiltzaileen informazioa eta hezkuntza bultzatuko dituzte, eta haien erakundeak lagundu eta entzun eginen dituzte haiei dagozkien arazoetan, legeek ezartzen duten neurrian.

Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako uztailaren 19ko 26/1984 Lege Orokorraren arabera, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteak kolektibo horien interesak babesteko baliabideak dira, eta bertan aipatzen da laguntza eta dirulaguntzak jasotzen ahal dituztela.

Bestalde, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean Nafarroako aurrekontu orokorren kargura dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide juridikoa ezarri zen.

Orain arte, kontsumitzaile eta erabiltzaileen erakundeentzako dirulaguntzak Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak 2004ko otsailaren 12an emandako Foru Aginduari jarraikiz arautu dira.

Beraz, kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsari buruzko arauek kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei aitortzen dizkieten eginkizunen garrantzia kontuan hartuz, bidezko da Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2005eko deialdiko arauak onestea. Laguntzak 8/1997 Foru Legearen arabera emanen dira.

Horrenbestez,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2005eko deialdia onestea.

2. Deialdi horretako arauak onestea, foru lege honen eranskinean ageri direnak.

3. Foru agindu honen bidezko konpromisoak pagatzeko 2005erako gastu aurrekontuetako 860001-81510-4810-492300 kontusailetik 130.302,00 euroko gastua baimentzea.

4. Foru agindu hau eta bere eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Foru agindu honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko otsailaren 3an._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

E R A N S K I N A

Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko 2005eko deialdiko arauak

1. araua. Xedea.

Arau hauen xedea da kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteei dirulaguntzak emateko arauak ezartzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako 2005ean egiten dituzten jardueretarako.

2. araua. Elkarte onuradunen betebeharrak.

Dirulaguntzak jasotzeko, kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Legearen arabera eratuak eta kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteen erregistroan inskribaturik egotea.

b) Egoitza Nafarroan izatea.

c) Nafarroako kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsa izatea jarduera nagusitzat.

d) Kontsumoari buruzko aholkularitzarako behar bezalako gaitasuna duen pertsona bat izatea gutxienez.

e) 2004an gutxienez 100 bazkide izatea, kuotak ordainduta dituztenak.

f) Jendea hartzeko bulego bat izatea, astean gutxienez 30 orduz irekita.

g) Irabazi asmorik ez izatea, eta bazkideen artean irabazi asmoa duen pertsona juridikorik ez izatea.

h) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei ondasun edo zerbitzuak ematen dizkien enpresen laguntza edo laguntzarik ez jasotzea, ez zuzenean, ez zeharka.

i) Ondasun, produktu edo zerbitzuen merkataritzako publizitaterik ez egitea.

3. araua. Dirulaguntzak har ditzaketen jarduerak.

Ondoko gastu hauengatik jasotzen ahalko da dirulaguntza:

1. Bere eginkizunak betetzeko behar diren funtzionamendu-gastuak: bulegoetako mantentze-lanak, bulegoko materiala, web-gunea prestatu edo mantentzeko gastuak, informatikako material suntsigarria. Kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulego baten ardura elkarteak esleitua baldin badu, haren gastuak deialdi honen kanpoan geldituko dira, bai eta erakundeei ordaindu beharreko zerbitzuak ematekoak ere.

2. Elkarteko langileen eta haien joan-etorrien gastuak. Elkarteko langileen gastua bi zatitan egotziko da: alde batetik elkartean berean ematen dituzten orduak eta elkarteak kudeatzen duen kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulego batean ematen dituztenak. Joan-etorrien gastuei dagozkien diru kopuruak ezin izanen dira kontzeptu horretarako Nafarroako Gobernuak bere langileentzat ezarritako ordainak baino handiagoak izan.

3. Laguntza juridikoaren gastuak.

4. Erakunde, topagune eta abarretan kontsumitzaile eta erabiltzaileen izenean parte hartzeko gastuak.

5. Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako burututako berariazko jarduketek sortu duten defizita. Horrelakotzat hartuko dira ondoko hauek bakarrik:

5.1. Eduki nagusia kontsumoari buruzkoa duten aldizkari, liburuxka eta argitalpenen edizioa.

5.2. Kontsumitzaile eta erabiltzaileak informatu eta prestatzeko jardunaldi, ikastaro, mintzaldi edo beste edozein jardueraren antolamendua. Hedabideen bidez burutzen diren jarduera guztiak ere sartuko dira.

5.3. Kontsumo gaiei buruzko azterlan berariazkoak, argitaratzen direnak edo zabalkude orokorra dutenak, egitea.

Jarduerak sortzen dituen dirusarreren eta hura egiteko egin diren gastuen arteko aldea defizit lagungarritzat joko da, behar bezala justifikatuz gero.

4. araua. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

Deialdi honetako aurrekontuko dirua erakundeen artean banatuko da, ondoko irizpide hauei jarraikiz:

1goa. Bazkideek 2004ko ekitaldian pagaturiko kuoten ondoriozko dirusarrerak 100eko 35 ponderatuko dira.

2garrena. Jendea hartzeko astean 30 orduz irekirik dauden elkarteko bulegoen kopurua. Irekitzeko ordutegi txikiagoa duten bulegoak dagokien proportzioarekin baloratuko dira. Irizpide honen ponderazioa 100eko 20 izanen da.

3garrena. Elkartearen bulegoetan edo elkartearendako bakarrik lan egiten dutenen kopurua, haien tituluak, lan egoera eta lanaldia, 100eko 25 ponderatuko dira. Horretarako, ez kontatzeko, pertsona bakoitzak kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulego batean hilero ematen dituzten orduak adieraziko dira, elkartean berean diharduten orduetatik bereizirik.

4garrena. 3. arauko 5. idatz-zatian aipatzen diren jardueren programa, aurreko urtean burutua, 100eko 20 ponderatuko da.

5. araua. Laguntzen zenbatekoa.

Elkarte bakoitzari dagokion esleipenaren barruan ondoko laguntza hauek emanen dira:

1. Funtzionamendu gastuak: haien 100eko 80, gehienez ere. Elkartearen funtzionamendu gastua kontatuko da, ez kontsumitzaileei argibideak emateko udal bulegoarena.

2. Elkarteko langileen ordainsariak: haien 100eko 80, gehienez ere.

3. Laguntza juridikoaren gastuak: haien 100eko 80, gehienez ere.

4. Erakunde, topagune eta abarretan kontsumitzaile eta erabiltzaileen izenean parte hartzeko gastuak: haien 100eko 80, gehienez ere.

5. 3. arauko 5. idatz-zatian aipatutako jarduketa berariazkoak: sorturiko defizitaren 100eko 100 finantzatuko da.

Lehen lau kontzeptuetan, elkarteak gainerako 100eko 20a jarriko du.

Dirulaguntza hurrenkera honetan emanen da: lehenbizi berariazko jarduketak, gero funtzionamendu gastuak, langileenak, laguntza juridikoarenak eta, azkenik, topagune eta erakundeetan parte hartzekoak, aipatutako mugekin betiere.

6. araua. Eskabideen aurkezpena.

Eskabideak, elkarteburuak sinaturik, 15 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, eta haiekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Elkarteko idazkariaren ziurtagiria, edo, bestela, zuzendariarena, ondoko datu hauek azaltzen dituena:

_Zuzendaritza batzordeak laguntza eskatzeko hartutako erabakia.

_Deialdi honetako 2. arauan ezarritako baldintzak betetzen direla.

_Elkartearen liburu ofizialetan inskribaturik izanik, 2004ko kuotak ordainduta dituzten bazkideen kopurua, zer kuota ordaindu behar duten eta 2004an kuotengatik jasotako dirua.

_Elkartearen bulegoen zerrenda, helbidea, jendearentzat irekirik egoteko asteko egun-orduak eta haien ardura duten pertsonen identifikazioa, baita hilero lanean ematen dituzten egun eta orduak ere.

_Elkartean lanean diharduten langileen izenen zerrenda, haien dedikazioa barne.

_Bestelako erakundeei eskatutako edo 2005ean eskatu behar dizkieten dirulaguntzak.

b) 2004an egindako jarduerei buruzko txostena. Lehenbiziko atalean, "Jarduera orokorrak" izenarekin, beren bulegoetan jasotako eta tramitatutako kontsulta, erreklamazio eta salaketen kopurua azalduko dute, bai eta zein arbitraje elkartetan parte hartu duten, kontsumitzaileei argibideak emateko zenbat udal bulego dituzten esleiturik, zein erakunde eta topagunetan parte hartu duten eta bestelako jarduerak, hurrengo ataletan aipatzen ez direnak. Bigarren atalean, "Berariazko jarduerak" izenarekin, foru agindu honetako 3.5 arauan aurreikusitakoak aipatuko dira, haien edukia eta exekuzio maila (argitaratutako aleen kopurua, azterlanen zabalkundea) zehazturik.

c) 2004ko abenduaren 31ko egoera-balantzea eta urte bereko irabazi eta galeren kontua; horretan dirusarrerak honela zehaztuko dira: bazkideen kuotak, erakundeei emandako zerbitzuengatik jasotako dirua, Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza eta bestelako dirulaguntza edo dohaintzak. Gastuak ere atalka azalduko dira, honela: funtzionamendu gastuak (instalaziokoak, langileenak eta bestelakoak zehazturik) eta foru agindu honetako 3. arauko 5. idatz-zatian aurreikusitako jarduerek sortzen dituzten gastuak eta bestelako gastuak.

d) 2005eko aurrekontua, irabazi eta galeren konturako ezarritako xehetasunak azaltzen dituena.

e) 2005ean egin beharreko jardueren programa, 2004ko memoriarako ezarritako xehetasunak azaltzen dituena.

f) Nafarroako Foru Ogasunarekiko obligazioak beteak izatea.

g) Laguntzak lehen aldiz eskatuz gero, elkartearen estatutuen kopia kautotua aurkeztuko da.

Dokumentazioa Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorraren bulegoren batean aurkeztu beharko dute (bulegoen zerrenda Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen duen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren II. eranskinean ageri da), deusetan galarazi gabe Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko Legeko 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduak erabiltzeko eskubidea.

7. araua. Izapidaketa.

1. Organo eskudunak eskabidea aztertu eta ebaluatuko du. Aurkeztutako eskabidea eta dokumentazioa aztertu ondoren, osatu gabe daudela ikusiko balitz edo beharrezkotzat joko balitz datu edo agiri osagarriak eskuratzea, hamar egun naturaleko epea emanen litzaioke eskatzaileari horiek aurkezteko, eta hori egiten ez badu, eskabidea bertan behera uzten duela ulertu eta espedientea artxibatuko da.

2. Dokumentazio osoa aurkeztu bada, elkarte bakoitzari dagokion dirulaguntza finkatuko da, 4. arauan ezarritako irizpideei jarraikiz.

3. Elkarte bakoitzaren dirulaguntza zehaztu ondoren, kontzeptu bakoitzari dagokion zenbatekoa ezarriko da, 5. arauan finkatutakoari jarraikiz.

4. Ebaluazioa bukatuta, proposamena igorriko zaio ebazpen organoari, eta bertan azalduko da eskatzaileak laguntzak jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituela, baita haien zenbatekoa eta laguntza jasotzen ahal dituzten kontzeptuen araberako banaketa ere.

5. Eskabidearen ebazpena gehienez ere hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazten ez bada, eskabidea ezetsitat emanen da.

8. araua. Dirulaguntzen ordainketa.

Dirulaguntza lau zatitan ordainduko dira, hiru hilabetetik behin. Laguntza onartzearekin batera, haren 100eko 25 pagatuko da aurrerakin gisa. Apirilaren, uztailaren eta urriaren lehenbiziko hamabost egunean aurreko hiruhilekoan eginiko jarduerak frogatzen dituzten agiriak aurkeztuko dira. Agiriak egiaztatu ondoren, kasuan kasuko dirulaguntza pagatuko da, behin ere dirulaguntzaren osoa 100eko 25 baino gehiago eginen ez duena. Laugarren hiruhilekoko gastuen ziurtagiriak 2005eko abenduaren 20a baino lehen aurkeztuko dira. Epe horretan aurkezten diren gastuek aurrerakin gisa emandako diru kopuru osoa berdintzen ez badute, onuradunak soberakin den diru hori itzuli beharko du.

Justifikatutako arrazoiak direla-eta, Kontsumo Zerbitzuan eskatu ondoren betiere, kontzeptu batengatik jasotako diru guztia edo zati bat kontzesioko ebazpenean ageri den beste baterako erabiltzen ahalko da, baldin eta laguntza handitu nahi zaion kontzeptuari emandako gehieneko zenbatekoaren 100eko 50 gainditzen ez bada. Nolanahi ere, ezin izanen da inola ere 3. arauko 5. idatz-zatian aurreikusitako berariazko jarduerei dagokien zenbatekoa desbideratu.

9. araua. Gastuen justifikazioa.

Gastuak 2005ean ordainduko dira.

Gastuen eta haiek ordaindu izanaren ziurtagiriek ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:

_Dirulaguntza zein kontzepturengatik eman zen, haien arabera taldekatuta aurkeztuko dira, bakoitzak bere zenbakia duela. Gainera, kontzeptu bakoitzeko agirien zerrenda bat erantsiko da, non azalduko baitira emandako zenbaki korrelatiboa, hornitzailea, agirian ageri den kontzeptua, zenbatekoa eta ordainketaren eguna.

_Agiriak jatorrizkoak edo Administrazioak kautotutako kopiak izanen dira.

_Gastuak justifikatzeko fakturak aurkeztuko dira, baldin eta legeak haiek ematera behartzen badu, baita haien ordain-agiriak, hala nola gordekinak eta bankuko letra eta karguak ere.

_Langileen gastuak justifikatzeko nominak eta kotizazio orriak aurkeztuko dira.

_Horrelakorik egonez gero, fakturak edo nominak ez diren frogagirietan argi eta garbi azalduko da zer ordaintzen den, hartzailea nor den, IFZ edo IFK barne, eta dagozkien atxikimendu fiskalak.

_Bidaiak justifikatzeko garraioari, egonaldiari eta mantenuari dagozkien gordekin eta fakturak aurkeztuko dira.

10. araua. Onuradunen betebeharrak eta arau-hauste eta zehapenen araubidea.

Laguntzak jasotzen dituzten elkarteek ondoko betebehar hauek izanen dituzte:

_Zer helburutarako ematen den laguntza, hartarako erabiltzea.

_Kontsumo Zerbitzuan 8. eta 9. arauetan aipatutako frogagiriak aurkeztea, hiru hilabetetik behin.

_Publizitatean, argibideetan eta paperetan, elkarteak Nafarroako Gobernuaren babesa eta lankidetza adieraziko du. Halaber, dirulaguntzak hartu dituzten proiektuei buruzko agiri guztietan, Nafarroako Gobernuaren logotipoa agertuko da eta publizitate guztian espresuki Nafarroako Gobernuaren parte hartzea adieraziko da. Hedabideak bertan daudela eginiko ekitaldietara Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren ordezkari bat gonbidatu beharko da.

_Kontsumitzaileei eta erabiltzaileei doako argibideak ematea beren eskubideez eta eskubide horiek defendatzeko moduaz.

_Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuarekin elkarlanean aritzea, kontsumitzaile eta erabiltzaileak babesteko jarduketak egiteko.

_Emandako dirulaguntzen jarraipena eta kontrola egiteko komenigarritzat hartzen diren datuak, dokumentazioa eta frogak Nafarroako Gobernuaren esku uztea.

Baldintza horiek eta ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 21. artikuluan ezarritakoak bete ezean, dirulaguntzak itzuli beharko dira, aipatu legean agintzen duen moduan.

Deialdi hau ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko VI. kapituluaren bidez ezarririko arau-hauste eta zehapen araubidearen menpe dago.

11. araua. Laguntzen bateragarritasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira xede berarekin beste edozein erakundek ematen dituen bestelako dirulaguntzekin. Bestelako dirulaguntzak jaso ondoren 5. arauan ezarritako gehieneko portzentajeak gainditzen badira, soberakina Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eman beharko zaio.

12. araua. Errekurtsoak.

Arau hauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F0501798