21. ALDIZKARIA - 2005eko otsailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

6/2005 FORU AGINDUA, urtarrilaren 31koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, bizitzaren arlo guztietan emakume eta gizasemeen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko entitateei Nafarroako Emakumearen Institutuak dirulaguntzak emateko 2005eko deialdiaren oinarriak onesten dituena.

Nafarroako Emakumearen Institutua Nafarroako Gobernuaren erakunde autonomo bat da, gizaseme eta emakumeen arteko bereizkeria guztiak egiazki desagertzen laguntzeko sortua, bai eta Nafarroako bizitza politiko, ekonomiko, kultural eta sozialeko esparru guztietan benetako berdintasuna erdiesteko beharrezkoak diren neurriak hartzeko ere.

Helburu hori lortzearren Nafarroako herritar guztiek hartu behar dute parte eta lan egin. Ezinbestekoa da, horretarako, gizarte mugimenduek esku hartzea, eta bereziki emakumeen elkarteek. Horregatik diruz lagundu nahi zaie emakumeen elkarteak sortzen eta sendotzen laguntzen duten jarduerei eta programei, eta genero arrazoiengatiko bereizkeria desagerrarazten eta Nafarroako Foru Komunitateko gizaseme eta emakumeen arteko berdintasun egiazkoa erdiesten laguntzen dutenei.

Horiek horrela, Nafarroako Foru Komunitatearen Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak emandako ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Bizitzaren arlo guztietan emakume eta gizasemeen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko jarduerak irabazi asmorik gabe egiten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko entitateei Nafarroako Emakumearen Institutuak dirulaguntzak emateko 2005eko deialdiaren oinarriak onestea. Oinarriak foru agindu honetako eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu hau Nafarroako Emakumearen Institutura igortzea, baita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALera ere, argitara eman dezan.

Iruñean, 2005eko urtarrilaren 31n._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, José Ignacio Palacios Zuasti.

E R A N S K I N A

Bizitzaren arlo guztietan emakume eta gizasemeen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko jarduerak irabazi asmorik gabe egiten dituzten Nafarroako Foru Komunitateko entitateei Nafarroako Emakumearen Institutuak dirulaguntzak emateko deialdiaren oinarriak

1. oinarria. Xedea.

1. Deialdiak hauxe du helburua: Nafarroako Foru Komunitateko irabazi asmorik gabeko entitateei dirulaguntza ematea, entitate horiek bizitzaren arlo guztietan emakume eta gizasemeen arteko egiazko berdintasuna erdiesteko jarduerak egin ditzaten.

2. Jarduerak Nafarroako herritarren edozein sektorerentzakoak izan daitezke. Emakumeak botere-guneetara sar daitezen erraztea izan beharko dute helburu, horretarako mugak kenduz edo konpentsatuz. Gizasemeen eta emakumeen jarrera eta jokabideak aldatuz joan daitezen eta berdintasunaren beharraz jabetu daitezen bultzatuko dute. Gure gizartean emakumeak parte-hartze handiagoa izan dezala bultzatuko da.

3. Besteak beste, jarduera hauek sar daitezke:

3.1. Emakumeek erabaki-gune sozial eta politikoetan parte har dezaten bultzatzeko jarduerak, sareak sortuz eta sareen arteko lankidetza sustatuz, eta horretarako trebetasunak erakutsiz.

3.2. Sentsibilizazio eta prestakuntza jarduerak eta jarduera sozio-kulturalak, gizasemeak eta emakumeak bidegabekeria egoerez jabetzeko eta haien garapen pertsonalean laguntzeko.

3.3. Adiskidetzearen arloan eta erantzukizunak partekatzearen arloan jarrerak aldatzen laguntzeko jarduerak, gizonei zein emakumeei gaitasuna eskainiz adin guztietan etxeko lan eta ardurak elkarrekin eta zuzen banatuta egiteko.

3.4. Historian zehar eta gaur egun ere bizitzaren arlo guztietan emakumeek egindako aportazioak eta lana ezagutarazi eta nabarmentzeko jarduerak.

3.5. Emakumeen lanaren balioa eta emakumeek antzinako esku-langintza berreskuratu eta bultzatzeko zereginean duten garrantzia ezagutarazi eta nabarmentzeko jarduerak. Jarduera horiek jendaurreko proiekzioa eduki beharko dute.

3.6. Genero-indarkeriari aurrea hartzeko prestakuntza jarduerak, auziak konpontzeko gaitasunak ikastekoak eta norberaren babeserako eta segurtasunerako jarduerak.

3.7. Osasunari eta emozioen ongizateari loturiko jarduerak, kontuan hartuta emakumeen berezitasun guztiak, eta ez bakarrik umeak izateko gaitasunarekin ikustekoa dutenak.

3.8. Gizartean eragin handiena duten emakume-elkarteak inplikatu eta koordinatzeko jarduera bereziak, hala nola, topaketak, jardunaldiak, foroak, eta halaber emakumeen eskubideen aldeko borrokan, dela tokian-tokian, dela nazioartean, garrantzi berezia duten egunak ospatzeko eta horren gainean nafar gizartea sentsibilizatzeko.

3.8. oinarriko jardueretarako urte osoan eskatzen ahalko dira dirulaguntzak, zehazki, urriaren 30era arte, 9. oinarrian ezarritako baldintza bererezien arabera. Horretarako, dirulaguntzen kontusail osotik zati bat erreserbatuko da.

4. Entitateek aholkularitza eta orientazioa eskatzen ahal dizkiote Nafarroako Emakumearen Institutuari, bai proiektuak foru agindu honen arabera planifikatu eta antolatzeko, bai proiektuak gauzatzeko bestelako afera batzuetarako.

5. Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira Nafarroako Gobernuko beste departamentuetan edo Nafarroako Emakumearen Institutuaren programetan aurreikusitako deialdiaren xede izan daitezkeen jarduerak. Halakoetan, ahal balitz, aholkua eta laguntza emanen zaie entitate eta elkarteei bestelako finantzabideak bilatzeko. Bazter geldituko dira, halaber, lege-egoerari buruzko hitzaldiak, izan ere, Nafarroako Emakumearen Institutuan dohainik eskatzen ahal dira (Prestakuntza ELZ).

2. oinarria. Esparrua.

Jarduerak egiteko esparrua Nafarroako Foru Komunitatea da. Salbuespen gisa, hortik kanpora egindako jarduerak ere aintzat har litezke, konparazio batera, sareak trukatzeko programetan eta Espainiako emakumeen kontseiluen ikastaro, biltzar eta topaguneetan parte hartzea, betiere behar bezala justifikatuak badaude eta deialdi honetako helburuekin zerikusia baldin badute.

3. oinarria. Egiteko epea.

Jarduerak 2005eko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin behar dira.

4. oinarria. Entitate onuradunak.

Irabazi asmorik gabeko elkarte eta entitate pribatuek eska ditzakete foru agindu honetan araututako dirulaguntzak, betiere legeria indardunaren arabera eratuak egonda nortasun juridikoa baldin badute eta beren lana Nafarroako Foru Komunitatean garatzen badute.

5. oinarria. Eskabideak.

1. 1. oinarriko 3.1. puntutik 3.7. puntura bitarteko proiektuetarako.

Dirulaguntzaren eskaerak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztuko dira Nafarroako Emakumearen Institutuko Erregistroan zuzenean, edo Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako erredakzioan, aurreikusitako prozeduretako edozeinen bidez. Eskaerak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, kartazala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak zertifikatu baino lehen, eguna eta zigilua jar diezazkion eskaerari.

2. 1. oinarriko 3.8. puntuan sartutako proiektuetarako.

Eskaerak urte osoan aurkezten ahalko dira, urriaren 30era arte. Programa egin baino 15 egun lehenago aurkeztuko dira, gutxienez, aurreko lerroaldean adierazitako baldintzetan.

6. oinarria. Agiriak.

1. Entitate interesatuek, dirulaguntza eskatzeko, honako dokumentazioa aurkeztu beharko dute:

A) Eskabide-orria.

Dirulaguntza eskatzeko orria inprimaki normalizatuan aurkeztu behar da, entitateak buru izendatutako pertsonak edo ordezkaritza duen pertsonak sinatuta.

B) Entitateari buruzko dokumentazioa.

_Horretarako ezarritako eredua bete.

_Entitatearen izaeraren berri ematen duen dokumentazioa eta, beharrezkoa denean, estatutuak, dagokion erregistroko izen-ematea eta Identifikazio Fiskalerako Txartela. Agiri hauek ez dira aurkeztu beharko lehendik baldin badaude Nafarroako Foru Komunitatearen organoren batean eta aldaketarik izan ez badute, horrelakoetan eskatzaileak aipatzen ahalko baitu azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 35.f) artikuluan ezarritakoari lotzen zaiola, betiere idatziz jartzen badu zein egun eta organo edo bulegotan aurkeztu edo, bestela, luzatu ziren, eta dagokien prozedura bukatu zenetik 5 urtetik gorako tartea igaro ez bada.

_Entitatea zerga-beharkizunetan eta Gizarte Segurantzaren ordainketetan egunean dagoela adierazten duen ziurtagiria. Halaber, azaldu beharko du, espresuki, ez duela inolako zorrik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

_Entitatearen ordezkaritza duenak sinatutako ziurtagiria, ordezkaritza organoetako kide direnen izenak ematen dituena. Ez da beharrezkoa izanen agiri hori eranstea baldin eta ordurako informazio hori Nafarroako Emakumearen Institutuan badago.

C) Proiektuari buruzko dokumentazioa.

_Horretarako ezarritako eredua bete.

2. Informazioa ezarritako ereduen formatuan aurkeztu beharko da. Eredu horiek Nafarroako Emakumearen Institutuan edo http://www.cfnavarra.es/INAM web-orrian eskuratu daitezke.

3. Aurkezten diren agiri guztiek jatorrizkoak izan beharko dute, edo behar bezala konpultsatutako fotokopiak.

7. oinarria. Okerrak zuzentzea.

Aurkeztutako dokumentazioa aski izan ez edo deialdian eskatzen direnak betetzen ez baditu, entitateari eskaera eginen zaio, jaso izanaren agiriaren bidez, hamar egun balioduneko epean dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan, eta ohartaraziko zaio hala egin ezean ezetsi eginen dela bere eskaera, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak dioen bezala.

8. oinarria. Balorazio batzordea.

1. Proiektuak Balorazio batzorde batek baloratuko ditu. Ondoko hauek osatuko dute batzordea: Informazio eta Lankidetza Ataleko burua, batzordeburu lanetan arituko dena, Nafarroako Emakumearen Institutuko Administrazio Unitateko burua, batzordeko idazkari lanetan, eta Nafarroako Emakumearen Institutuko bi teknikari.

2. Dirulaguntzaren xede diren proiektuak baloratzeko orduan, eskabidearekin batera aurkeztutako dokumentazioa hartuko da kontuan, ez besterik.

3. Balorazio Batzordeak, aurkezten diren jarduera moten arabera, Institutuko edo beste departamentu batzuetako aholkulari teknikoei eska liezaieke laguntza. Bestetik, egoki iruditzen zaizkion jarduketak egin litzake ebazpen proposamenaren oinarri izanen diren datuak zehaztu, ezagutu eta frogatzeko.

4. Proiektuen balorazioa egindakoan, batzorde honek ebazpen proposamena bidaliko dio Nafarroako Emakumearen Institutuko zuzendari kudeatzaileari.

9. oinarria. Dirulaguntza emateko irizpideak eta balorazioa.

1. Dirulaguntza emateko irizpideak.

1.1. Deialdi honetarako 270.233 euroko funtsa aurreikusi da, kontusail hauetan:

.A atala: 220.000 euro.

1. oinarriko 3.1. puntutik 3.7. puntura bitarteko proiektuetarako, eskaera deialdian ezarritako epean aurkeztu bada.

Aurrekontuaren arabera, proiektuak hiru sailetan sailkatuko dira:

1. modalitatea: 2.000 euro bitarteko aurrekontuko proiektuak.

2. modalitatea: 2001etik 4.000 eurora bitarteko aurrekontua duten proiektuak.

3. modalitatea: 4001etik 6.000 eurora bitarteko aurrekontua duten proiektuak.

.B atala: 50.233 euro.

1. oinarriko 3.8. puntuan sartzen diren proiektuetarako. Laguntza urte osoan eskatu daiteke, urriaren 30era arte, hain zuzen.

Aurkeztu beharreko agiriak eta bete beharreko baldintzak deialdian aipatu dira.

Jarduera hauei buruzko publizitatean, Nafarroako Gobernuko Nafarroako Emakumearen Institutuaren dirulaguntzarekin egin dela adierazi beharko da, 13. oinarrian azaltzen den bezala, eta argitaratu edo/eta editatu aurretik Nafarroako Emakumearen Institutuan probak aurkeztu beharko dira, onets ditzan.

1.2. Elkarte bakoitzak proiektu bakar baterako laguntza jaso dezake, eta bi baino ez zaizkio baloratuko.

1.3. Aurreikusita ez dauden arrazoiengatik, dela laguntzak itzuli direlako, dela diru guztia eskatu ez delako, dela beste arrazoi bereziren bat, dirua baloratu diren proiektuen artean banatuko dira.

1.4. Proiektuaren % 100era bitarteko dirulaguntza eman liteke.

1.5. Ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira beste batzuekin, administrazio berarenak izan nahiz beste administrazio publiko batzuenak, nahiz beste entitate publiko edo pribatu batzuenak, edo partikularrenak, baldin eta entitate eskatzaileak beste laguntza ekonomiko hori jaso eta berehala Nafarroako Emakumearen Institutuari jakinarazten badio.

1.6. Dirulaguntzaren zenbatekoa erabakitakoan, % 75 ordainduko da.

1.7. Gainerako % 25a proiektua bukatuta eta, hamabigarren oinarriari jarraikiz, memoria eta balantzea aurkeztu eta dirusarrera eta gastuak justifikatu ondoren ordainduko da.

1.8. Onartutako dirulaguntzaren dirua gastu hauetarako erabil daiteke, izan ere, justifikazioa horien gainean egin beharko da:

_Jardueraren inguruko gastu orokorrak: alokairuak, argindarra eta telefonoa, 5% gehienez.

Jarduera egiteko aretoren bat propio alokatu bada, elkarteak alokairuaren faktura aurkeztu beharko du, edo bestela, elkarteak alokairuaren, argindarraren edo telefonoaren gastuak ohiz ordaintzen dituela adierazten duen erreziboren bat.

_Administrazioaren eta kudeaketaren gastuak, % 20 gehienez.

Elkarteak kargu-agiri bat aurkeztu beharko du, kudeaketa gastutzat jotzen duen diru-kopurua adierazteko.

_Material suntsigarrirako gastuak, % 25 gehienez.

Elkarteak fotokopietan, paperetan, posta-zerbitzuan eta bulegoko gauza txikitan egindako gastuen jatorrizko fakturak aurkeztu beharko ditu.

_Material inbentariagarrirako gastuak.

Salbuespen gisa onartuko dira, betiere Balorazio Batzordearen irizpidearen arabera.

1.9. Dirulaguntzaren diru kopurua 3.005,06 eurotik beheitikoa bada, pagamendu bakar batean ordainduko da dena, aldez aurretik. Kasu horretan elkarte onuradunak oinarri hauetan ezarritako epe eta moduan justifikatu beharko ditu hartutako fondoak ere.

1.10. Dirulaguntzen artean jardueraren kostu osoa gainditzen bada, dirulaguntza murriztuko da edo kostutik goitikoa itzuli.

1.11. Gastuak hasierako aurrekontuan pentsatutakoa baino gutxiago baldin badira, horri dagokion partea itzuliko da edo, bestela, bidezko den diru kopurua kenduko da dirulaguntzaren bigarren pagamendutik.

2. Balorazio irizpideak.

2.1. Balorazioa deialdi honetan ezarritako betebeharren arabera eginen da, eta irizpide hauei jarraikiz:

a) Proiektua zenbatekoraino egokitzen den deialdiaren helburuari. 40 puntu gehienez.

Aintzat hartuko da proiektuak nola laguntzen duen berdintasunaren bidean, emakumeak botere-guneetara sartzeko bidean eta populazioaren sentsibilitatea eta jarrerak eta jokabideak aldatzen.

b) Aurkeztutako proiektuaren kalitatea. 30 puntu gehienez.

Atal honetan hauek hartuko dira kontuan: proiektuaren jardueren plangintza; helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko barren-lotura; berrikuntza; eta ebaluazio sistema.

c) Beste elkarte eta entitate batzuen inplikazioa: 10 puntu gehienez.

Aintzat hartuko da eskualdean beste entitate publiko edo pribatu batzuek bultzatzen dituzten proiektuekiko koordinazioa.

d) Emakumeen kopurua zuzendaritza taldean. 10 puntu gehienez.

Zuzendaritza taldean emakumezkoen proportzioa handiagoa duten entitateei puntuazio hobea emanen zaie.

e) Eskualde geografikoa. 10 puntu gehienez.

Biztanle kopuru txikiagoa duten herrietan egiten diren proiektuei puntuazio handiagoa emanen zaie.

2.2. Proiektuek, dirulaguntza izateko, gutxienez 30 puntu lortu beharko dituzte lehenbiziko bi ataletako puntuazioak batuta.

2.3. Betiere, aurrekontuaren mugak eta sortzen den lehia kontuan hartuta, dirulaguntza nori eman proposatzeko orduan hauek izanen dira aintzat hartzekoak: aurkeztutako proiektuak lortutako puntuazioa, modalitatea eta deialdi honen irizpide ekonomikoak.

10. oinarria. Ebazpena.

1. Dirulaguntzak emateko ebazpena zuzendari kudeatzaileak emanen du eskaera aurkezteko epea bukatu eta bi hilabeteko epean gehienez. Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta, ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

Urte osoan aurkez daitezke eskaeren kasuan, laguntzak emateko ebazpena zuzendari kudeatzaileak emanen du eskaera aurkeztu eta ondoko hamabost egunetan gehienez. Ebazpena entitate interesatuei jakinaraziko zaie, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoari jarraikiz. Epe hori bukatuta, ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaerak ezetsi direla ulertuko da.

2. Dirulaguntza onesten duen ebazpenean proiektu bakoitzari ematen zaion diru kopurua adieraziko da.

3. Eskaera lehen aldiz egiten duten entitate onuradunek transferentzia bidez ordaintzeko eskaera aurkeztu beharko dute, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik 10 eguneko epean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa jaso nahi badute.

11. oinarria. Gorabeherak proiektuak gauzatzerakoan.

1. Salbuespen gisa, entitateren batek ezin badu burutu dirulaguntza hartu duen jardueraren bat, ordezko proiektu bat proposa diezaioke Nafarroako Emakumearen Institutuari, laguntza moduan emandako dirua egoki bideratzeko.

2. Proposatzen diren aldaketak arrazoitu eginen dira, eta jarduera egin gogo den data baino gutxienez hilabete bat lehenago aurkeztu behar dira.

3. Ordezko proiektuak ere oinarrietan ezarritako irizpideei jarraikiz baloratuko dira eta epe eta baldintza beretan justifikatu beharko dira.

4. Proiektu berriak baldintza hauek bete beharko ditu:

a) Deialdiaren 1. oinarrian adierazitako gairen bat izatea helburu.

b) Ordezkatzen den proiektuaren maila tekniko berekoa izatea.

c) Oinarrietan ezarritako baldintza berak betez eta modu berean aurkeztea.

5. Nolanahi ere, Balorazio Batzordeak erabakiko du, ordezko proiektuak aztertuta, aldaketak eta horiek egiteko arrazoiak onartzeko modukoak diren eta, horren arabera, jarduera ordezkatzeko tramiteari bide ematen zaion ala ez.

6. Behin balorazioa egindakoan, Nafarroako Emakumearen Institutuak espresuki adieraziko du aldaketa onartzen duen ala ez, zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez. Horrelakoetan, Institutuak dirulaguntzaren zenbatekoa aldatzen ahalko du.

12. oinarria. Frogagiriak.

1. Entitate onuradunek dirulaguntza jaso duten jarduerak egin direla frogatu beharko diote Nafarroako Emakumearen Institutuari. Horretarako, honako agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Eskabidea.

b) Memoria. (ereduaren araberakoa).

c) Jardueretarako parte-hartzaileen sinadura-orriak. (ereduaren araberakoak).

d) Fakturen zerrenda. (ereduaren araberakoa).

Fakturen zerrendaz gainera, egindako gastuen eta ordainketen frogagiriak aurkeztu beharko dira, jatorrizko dokumentuen bidez. Frogagiriak dirulaguntza jaso duen entitate onuradunaren izenean emanak izanen dira eta bertan datu hauek ere sartuko dira: agiria ematen duen pertsonaren edo entitatearen izena, bere IFZ edo IFK, zenbatekoa, zerbitzua edo horniduraren deskripzio xehea eta noiz emana den, fakturazio betebeharrak arautzen dituen maiatzaren 17ko 205/2004 Foru Dekretuak agindu bezala.

Jatorrizko fakturetan azalpen bat erantsi beharko da (atzealdean edo grapaturik) faktura horrek diruz lagundutako zein jarduerarekin duen lotura adierazteko, egiaztapen-lana errazteko.

2. Dokumentazioa jarduera bukatu ondoren aurkeztu beharko da, jarduera egin den urtean betiere.

Muga-eguna 2005eko abenduaren 10a izanen da.

13. oinarria. Entitate onuradunen betebeharrak. Ordainketak itzuli beharra.

1. Hona hemen foru agindu honen babesean dirulaguntza jasotako entitateen betebeharrak:

_Dirulaguntza emateko arrazoi izan den jarduera burutu edo jokabidea edukitzea.

_12. oinarrian azaldutako dokumentazioa ezarritako modu eta epean aurkeztea.

_Jarduera egin izana edo hartarako jokabidea hartu izana frogatzea, baita dirulaguntza lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla ere.

_Emandako dirulaguntzak direla eta, entitate emaileak egiten dituen egiaztapen lan guztiak onartzea.

_Beste edozein administraziori xede berarekin eskatutako nahiz lortutako dirulaguntzen berri ematea organo emaileari, erantzukizun-aitormen baten bidez.

_Hartutako laguntzaren kobraketa kontabilitatean edo erregistro liburuan jasotzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

_Egiten den idatzizko nahiz ahozko publizitatean eta prestatzen den dokumentazio guztian, Nafarroako Emakumearen Institutuaren eta Nafarroako Gobernuaren parte-hartzearen berri ematea, honela:

Nafarroako Gobernuaren logotipo ofiziala.

Testua: Diru-laguntzailea: Nafarroako Emakumearen Institutua-Nafarroako Gobernua.

Justifikazio-memoriarekin batera betebehar hori bete dela egiaztatzeko probak aurkeztu beharko dira.

2. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen duen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21.1. artikuluan aipatzen diren kasuetako edozein gertatzen denean, jasotako diru kopuruak, oso-osorik edo haien zati bat, itzuli beharko dira eta dirulaguntza ordaindu zenetik sortutako berandutza-korrituak eskatuko dira, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko abenduaren 26ko 8/1998 Legeko 19. artikuluan finkatutakoari jarraikiz. Artikulu bereko 2. atalean aipatzen diren kasuetako edozein gertatzen denean baizik ez da itzuliko, osorik edo partez, hartutako dirulaguntza.

3. Proiektuak hasieran aurreikusitako bidetik nabarmen alderatzen badira, bidegabe jasotako kopurua itzultzera behartuko da. Dirulaguntzen azkeneko helburuan aldaketarik egitez gero, aldez aurretik eskatu beharko da baimena Nafarroako Emakumearen Institutuan, behar bezala arrazoiturik, 11. oinarrian, "Gorabeherak proiektuak gauzatzerakoan" izenekoan, ezarrita dagoen bezala.

14. oinarria. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

15. oinarria. Aurrekontuko diru kopurua.

Deialdi honetarako aurreikusitako diru kopurua 2005eko gastuen aurrekontu indarduneko 94000 930001 4810 232200 kontusailean dago ("Emakume elkarteentzako eta beste entitate batzuentzako transferentziak" izeneko kontusaila), eta guztira 270.233 euro dira.

16. oinarria. Administrazio errekurtsoak.

Ebazpen honen eta bere egintzen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan eta hura aldatzen duen urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean xedaturikoarekin bat.

17. oinarria. Ordezko araudia.

Foru agindu honetan aurreikusirik ez dagoen guztian ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean ezarritako araubideari jarraituko zaio, lege hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta bere erakunde autonomoek dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra.

Iragarkiaren kodea: F0501724