21. ALDIZKARIA - 2005eko otsailaren 18a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

8/2005 FORU AGINDUA, urtarrilaren 27koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Nafarroako ikastegietan 2004/05 ikasturtean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiteko banakako laguntzen deialdia egiten duena, zentzumenetan edo mugimenean ezgaitasunen bat duten edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar izaten duten ikasleentzat.

Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuak txostena aurkeztu du eta hartan proposatu du ikasteko banakako laguntzen deialdia onets dadila, zentzumenetan edo mugimenean ezgaitasunen bat izanik edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar izanik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko ikasketak araubide orokorrean egiten ari diren ikasleentzat.

Deialdi honen bidez, beraz, banakako laguntzak emanen zaizkie halako ikasleei, beren egoera dela-eta behar duten arreta pedagogiko bereziak dakarren gastua ordaintzen laguntzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Gobernua eta Administrazioa arautzen dituen apirilaren 11ko 23/1983 Foru Legeak 36.2. artikuluko c) eta d) idatz-zatietan eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Zentzumenetan edo mugimenean ezgaitasunen bat duten edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar duten ikasleentzako banakako laguntzen deialdia onestea 2004/05 ikasturterako, eranskinean dauden oinarrien arabera.

2. Baimena ematea deialdi hau Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiak ebatz dezan eta ematen diren Beka eta Laguntzen ordainketa, 2005eko Gastuen Aurrekontuaren "Hezkuntza Berezirako Beka eta Laguntzak" izeneko 423001-41610-4809-322400 kontusailaren kargura egin dadin. Gehieneko zenbatekoa 26.000 eurokoa da.

3. Deialdia eta haren eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren Zuzendaritza Nagusiari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuari, Hezkuntza Premia Berezien Atalari, Berariazko Programen Bulegoari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, Argibide eta Agiri Bulegoari eta Guraso eta Ikasleentzako Argibide eta Aholku Bulegoari eta Nafarroako Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko zuzendariari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2005eko urtarrilaren 27an._Hezkuntza kontseilaria, Luis Campoy Zueco.

E R A N S K I N A

Oinarriak

Lehena._Deialdiko laguntzen hartzaileak.

Zentzumenetan edo mugimenean ezgaitasunen bat duten edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar duten ikasleek eskatzen ahal dituzte ikasteko banakako laguntzak, ondoko betekizun hauek betez gero:

a) Ezgaituen kasuan, Minusbalioaren Kalifikazioaren Ziurtagiria edukitzea, eta ikusmenaren, entzumenaren edo mugimenaren minusbalio gradua gutxienez % 33koa izatea.

b) Sendagileek aginduta, etxean egon behar izatea, 30 egun baino gehiago eritasun luzea duenean, edo aldizka, eritasun kronikoa duenean. Eritasun horiek behar bezala justifikatu beharko dira.

c) Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeren batean Derrigorrezko Hezkuntzaren ondoko araubide orokorreko ikasketetan matrikulaturik egotea, unibertsitateko ikasketak salbu.

d) Zentzumenetan edo mugimenean ezintasunen bat izateagatik edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar izateagatik, pedagogi laguntza berezia behar izatea ikasketak egiteko, Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko (CREENA) lan-taldeen iritziz.

e) Eskatu den laguntza ez jasotzea ikastetxean.

f) Eskabidea aurkezten den egunean helbidea Nafarroan izatea.

Bigarrena._Ikasteko banakako laguntzen gehieneko zenbatekoak.

a) Pedagogi laguntza: 1.325 euro bitarte.

b) Garraioa: 510 euro bitarte.

Garraiorako laguntza eskatzen ahal da baldin eta pedagogi laguntza jaso ahal izateko etxetik 8 kilometro baino urrutiago joan beharra badago.

Onesten diren laguntzen zenbateko osoa handiagoa gertatzen bada deialdi honetarako kontusailean dagoen diru kopurua baino, laguntzak hein berean gutxituko dira.

Hirugarrena._Eskabideak noiz eta nola aurkeztu.

Eskabideak I. eranskineko ereduaren arabera eginen dira, Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuari zuzenduta. Eskabideak eta gainerako agiriak deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta ondoko 20 egun naturaletan aurkeztuko dira, Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo, z.g., 31001 Iruña), edo Nafarroako Gobernuaren Iruñeko Erregistro Orokorrean (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña), edo Guztientzako Administrazio Prozedura arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan aipatzen diren bulegoetatik edozeinetan.

Laugarrena._Aurkeztu behar diren agiriak.

1. Ikasteko laguntzen eskabideari agiri hauek erantsi behar zaizkio:

a) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki-kutxako libretaren lehen orriaren fotokopia. Eskatzailea adingabea baldin bada, laguntza eskatzen duenaren aitak, amak edo tutoreak izan behar du libretaren titularra.

b) Laguntza kobratzeko erabiliko den banku edo aurrezki-kutxako libretako titularraren NANaren fotokopia.

c) Famili Liburu osoaren fotokopia. Ikaslea adingabea bada eta gurasoak bereizirik edo dibortziaturik baldin badaude edo tutoreak baldin badauzka, eskabidea egin duenaren menpe dagoela ziurtatzen duen agiria erantsiko zaio.

c) Zentzumenetako edo mugimen-aparatuko ezgaituen kasuan, Minusbalioaren Kalifikazio Ziurtagiriaren fotokopia. Minusbalio graduak gutxienez % 33 izan behar du.

e) Familiaren etxean luzaro egon beharra duen kasuetan, ziurtagiri medikoa, eskatzailearen eritasuna dela-kausa familiaren bizitokian luzaro egon behar duela adierazi eta behar hori justifikatu eta azaltzen duena.

f) Laguntza transferentzia bidez ordaintzeko inprimakia, behar bezala betea, eskaera lehen aldiz egiten denean edo lehengo bankuko kontua aldatzen denean. Inprimakia Hezkuntza Departamentuan jaso daiteke.

g) CREENAko lan-talde bereziko orientatzailearen txostena. Bertan zehatz azaldu behar da ikaslearen hezkuntza-premia bereziak zertan diren, laguntza zertarako emanen zaion, eta zergatik jo behar duen ikastegitik kanpo laguntza jasotzera.

Txosten hori egiteko, ikastegian informazioa eskatuko da.

h) Pedagogi laguntzaren kostuaren aurrekontua, laguntza emanen duen profesionalak edo zentroak ziurtatua.

i) Bigarren oinarriko b) idatz-zatian aipatzen den laguntza, hau da, garraiorako laguntza eskatzen bada, garraio zerbitzuaren hileko kostuaren aurrekontua aurkeztu behar da, hilean zenbat egunetan erabili beharko den kontuan harturik.

i) Bizilekua Nafarroan duela egiaztatzen duen ziurtagiriaren fotokopia.

2. Eskatzaileei agiri gehiago eskatzen ahal zaizkie, behar izanez gero, betekizunak betetzen dituztela egiaztatzeko.

Bosgarrena._Deialdiaren ebazpena eta erreklamazioak.

1. Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiak adjudikatuko ditu ikasteko banakako laguntzak, eskabideak aztertu eta baloratu ondoren, eta Hezkuntza Berezirako Laguntzen Batzordeak proposamena eginda. Batzordeko kideak honako hauek izanen dira:

a) Lehendakaria: Dibertsitate, Kultura-Aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuko zuzendaria edo haren ordezkoa.

b) Kontseilukideak:

_Hezkuntza Premia Berezien Ataleko burua.

_Berariazko Programen Bulegoko burua.

_Hezkuntza Bereziaren koordinatzailea.

_Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko gizarte-langile bat.

_Hezkuntza Berezirako Baliabideen Zentroko orientatzaile bat.

2. Hezkuntza Departamentuak noiznahi erabakitzen ahal du eskabideei buruzko espedienteak ikuskatu behar direla, haietan bildutako datuak, laguntza ematerakoan kontuan hartutakoak, egiazkoak ote diren frogatzeko.

3. Ikasle onuradunak ikerketan lagundu nahi ez badu edo eskatzen dizkioten argibide eta agiriak ukatzen baditu, berehala onuradun izaera kenduko zaio eta laguntza gisa hartutako dirua itzuli beharko du.

4. Laguntza jasotzen duen ikasleren bat aldi berean beste erakunde publiko edo pribaturen baten laguntza jasotzen ari bada, deialdi honetakoa adinakoa edo handiagoa, berehala ikasle horrek deialdi honetako laguntzaren onuradun izateari utziko dio. Zenbatekoa txikiagoa izanez gero, diferentzia emanen zaio.

5. Ezinbesteko baldintza da 2002/2003 ikasturteko deialdian eskatu ziren egiaztagiriak aurkeztu izana, deialdi horretako laguntzarik jaso bada, eta aurreko ikasturteetako laguntzetatik deus ere itzultzekorik ez izatea.

6. Erreklamazioak.

Deialdiaren gaineko behin-behineko ebazpena Laguntzen Batzordearen erabakiaren bidez emanen da. Eman eta ukatu diren beka eta laguntzen zerrenda interesatuen eskura izanen da Hezkuntza Departamentuko Dibertsitate, Kultura-aniztasun eta Immigraziorako Zerbitzuan (Santo Domingo aldapa kalea, z.g., Iruña). Prentsaren bidez jakinaraziko da zein egunetatik aurrera kontsultatu daitekeen zerrenda.

Eskatzaileren batek deialdi honen arauak ustez gaizki aplikatzeagatik bere eskubideak urratu egin direla iritziz gero, Laguntzen Batzordeari eskaera aurkezten ahalko dio ukatutako beka eta laguntzak eta haien zenbatekoak berrazter ditzan, laguntzen zerrenda Hezkuntza Departamentuan interesatuen eskura paratzen den egunetik aurrera 15 egun naturaleko epean.

Eskaerak Eskola eta Lanbide Irakaskuntzaren zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko dira behin betikoz; ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da. Horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean.

Seigarrena._Ikasteko banakako laguntzen ordainketa.

Ikasteko banakako laguntzak behin betiko ebazpena eman ondoren ordainduko dira. Onuraduna adingabea baldin bada, famili buruari ordainduko zaio eta adinez nagusia bada, onuradunari berari.

2005eko ekainaren 21a baino lehen, onuradunak jasotako laguntzari dagokion gastua justifikatu beharko du. Horretarako ondoko egiaztagiri hauek aurkeztu beharko ditu Hezkuntza Departamentuaren Erregistroan (Santo Domingo kalea, z.g., 31001 Iruña), Nafarroako Gobernuaren Iruñeko Erregistro Nagusian (Karlos III.aren etorbidea, 2, 31002 Iruña), edo Guztientzako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazten diren bulegoetatik edozeinetan:

_Pedagogi laguntza eman duen profesional behar bezala kreditatuak egindako ziurtagiria. Bertan agertu behar da ikasleari zer-nolako laguntza eman zaion eta laguntzagatik zenbat ordaindu den guztira.

Ziurtagiri hori behar den epean aurkeztu ezik, hartu bai baina justifikatu ez den dirua itzuli beharko da.

Laguntzaren xedea den jarduera egiten ez bada, onuradunak jasotako zenbatekoak itzuli beharko ditu.

Frogatzen den gastuaren zenbatekoa kobratutako laguntzarena baino txikiagoa bada, laguntza murriztuko da, frogatutako gastuaren neurrira, eta onuradunak justifikatu ez duen dirua itzuli beharko du.

Zazpigarrena._Ikasteko banakako laguntzen deuseztapena.

Bekadunek edozein unetan gal ditzakete hartutako laguntzak; horretarako, eskabidean laguntza horiek emateko oinarritzat adierazitako datuak benetakoak ote diren frogatzeko espedientea ireki beharko da. Espediente hori Hezkuntza Departamentuak ireki eta ebatziko du.

Espedientearen ondorioz laguntza deuseztatzen bada, eskatzaileak hartutako dirua itzuli beharko du, arlo administratiboan, zibilean eta/edo penalean izan lezakeen erantzun beharra galarazi gabe.

Laguntzak deuseztatzeko ebazpena interesatu guztiei jakinarazi behar zaie banaka-banaka.

Zortzigarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra, eta bere oinarrien eta bera aplikatzeko egintzen kontra zilegi izanen da gora jotzeko errekurtsoa jartzea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, aurkatu nahi den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik kontatuta.

I. ERANSKINA

Ikasteko banakako laguntzen deialdia, zentzumenetan edo mugimenean ezgaitasunen bat duten edo, sendagileen aginduz, etxean luzaro egon behar duten ikasleek Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren ondoko araubide orokorreko ikasketak egin ditzaten Nafarroako ikastetxeetan. 2004/2005 ikasturtea.

Ikaslearen datuak:

Deiturak:

Izena:

NANa:

Jaioteguna: ................................. Herria:

Probintzia:

Aitaren, amaren edo ordezkariaren deiturak eta izena:

....................................................... IFZ:

Helbidea: kalea: ............., zk: ......., solairua: .........., letra:

Herria: ............................ Posta kodea:

Probintzia: ......................... Telefonoa:

Ikastegia:

Herria: ........................ Posta kodea:

Ikasketak:

Ikasmaila:

Ikasteko banakako laguntza eskatzen du, deialdi honetan ezarritako baldintzak onarturik.

Iruñean, 200...(e)ko ........................aren ............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

DIBERTSITATE, KULTURA-ANIZTASUN ETA IMMIGRAZIO ZERBITZUKO ZUZENDARIA.

Iragarkiaren kodea: F0501587