136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

B U R L A T A

Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren zerbitzuko kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdia

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi publiko honen helburua da Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren zerbitzuko kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzea; sarbide hori Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan azaltzen da.

1.2. Hautapen probak gainditurik, deialdiko lanpostua betetzeko izendatua gertatzen den pertsona B mailan egokituko da, eta maila horren lansariak eta plantilla organikoan ezarrita dauden osagarriak hartuko ditu.

1.3. Deialdi honetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko langileak izendapenaren aurretik zuen funtzionarioen edo lan-kontratudunen araubide juridikoa. Eskubide pasiboen eta osasun laguntzaren araubide berari ere eutsiko dio.

1.4. Lanaldia osoa izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokituko da; administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, zerbitzuaren beharren arabera.

1.5. Oinarri hauetan zehaztuta ez dauden gaietan, Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan eta 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduan xedatutakoa aplikatuko da.

2._Eginkizunak.

2.1. Deialdi honen kariaz izendatzen den izangaiak ondoko eginkizunak izanen ditu:

a) Gerentziak gainbegiratzen duela, alorrean garatuko diren programak eta jarduerak taxutzea nahiz planifikatzea; berak zuzenduko ditu haiek antolatzeko eta abiarazteko lanak, betiere hartutako erabakiekin eta ezarritako irizpideekin bat; kirol jarduerak, esku hartzekoak eta aisialdikoak izanen dira.

b) Zuzendu eta ongi burutzea herritarren kiroleko, aisiako eta astialdiko jarduerak, Kirol Klub eta Eskolen bidez; orobat, bere eskumeneko alorrean herritarrek gauzatzen dituzten jarduera guztiak.

c) Jarduera fisikoarekin eta kirolarekin lotutako taldeak osaraztea eta bultzatzea eta behar den laguntza teknikoa ematea, Entitateak ezarritako betebeharrekin bat.

d) Herritarren mugimendu eta ekimenak sustatu eta lagunduko ditu bere jarduera esparruan, elkarren artean jarduerak antolatu ahal izateko.

e) Herritarrei harrera egin eta informazioa eta orientabideak emanen dizkie bere lan esparruko gaietan.

f) Herritarren eskakizunak eta eskaerak kudeatuko ditu, haiek betetzeko behar diren ekintzak taxutuz.

g) Antolaturiko jarduera eta programak iragartzeaz eta ezagutarazteaz arduratuko da.

h) Programaturiko jarduerak nola betetzen diren ebaluatu eta segimendua egin beharko du, beharrezkoak diren zuzenketak sartuko dituelarik.

i) Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeari berriak, informazioa eta aholkuak eman, txostenen bidez, egiten diren hitzarmenak aztertuz.

j) Kirol instalazioetako erabilera ordutegiak antolatzea, abonodunek, kiroletako eskola eta kublek, bizilagun elkarteek, federazioek eta horien gisakoek erabil ditzaten.

k) Etenik gabeko harremana izatea kultura, hezkuntza, emakume eta gazteriaren alorrekin eta besteekin, Udalean kirola bultzatzeko.

l) Herriko jaietako kirol jarduerak, kirol jarduera bereziak, kirol ikuskizunak eta horien antzekoak diseinatu eta planifikatzea. Horiek antolatu, abian jarri, kontrolatu eta bukatzeko lanetan, zuzendari lanak egitea.

ll) Aipatutakoez gain, bestelako zereginak beteko ditu: bere karguari lotutako gaitasun eta ahalmen profesionalekin bat, ezarritako helburuak lortzearren agintzen zaizkionak.

3._Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

3.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Burlatako Udaleko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea, deialdiko lanpostu hutsaren maila berekoa edo beheragokoa.

b) Gutxienez ere, Gorputz Hezkuntzako diplomatura edo, Gorputz Hezkuntzako espezialitatea hartuta, Irakasle titulua edukitzea; edota Gorputz Hezkuntzako lizentziaturako lehen hiru urteak gaindituak izatea; gainera, bost urteko antzinatasun aitortua izatea Administrazio Publikoetan.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.

d) Gidatzeko baimena izatea, gutxienez ere B1 kategoriakoa.

3.2. Baldintza horiek deialdi honetako laugarren oinarrian adierazitako epean eta eran frogatu beharko dituzte izangaiek, baita bete ere oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

4._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko erregistroan aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko 14:00ak arte. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legean adierazitako gainerako moduak ere erabiltzen ahal dira eskabideak aurkezteko.

4.2. Deialdi honetan argitaratzen den ereduari lotuko zaizkio eskabideak (III. eranskina), eta Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoetan eskuratzen ahal da, Elizgibela kiroldegian (Elizgibela kalea, z.g., Burlata). Haietan izangaiek adierazi behar dute baldintza guzti-guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epearen azken egunean.

4.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun agiri nazionala edo horren parekoak.

b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Izangaia zer lanpostutan eta zer mailatan dagoen, eta administrazio publikoetan zer antzinatasun aitortzen zaion, horren egiaztagiria.

d) Burlatako Udalaren Kirol Patronatuak Nafarroako Aurrezki Kutxan duen 2054.0210.97.3000001156 kontuan 3,85 euro sartu izanaren agiria. Azterketa eskubideen tasa da hori, eta langabezian dauden izangaiek ez dute ordaindu behar, enplegu eskatzailearen txartela aurkezten badute.

e) Bederatzigarren oinarrian ezarri diren merezimenduak _lehiaketaldian baloratuko direnak_ frogatzen dituzten agiriak. Agiriak jatorrizkoak edo behar bezala konpultsatutako kopiak izanen dira, bestenaz aurkeztu gabetzat joko dira.

4.4. Izangaiek oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkezten dutenean egiaztatu eta frogatu beharko dituzte, agiri bidez, baldintzak eta merezimenduak, edo, betiere, eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean. Dokumentazio hori aurkezten ez bada eskabideetarako ezartzen diren epean eta moduan, merezimenduak ez dira baloratuko. Nolanahi ere, lehiaketaldiko merezimenduak kontuan hartzeko, epearen mugatzat hartuko da deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna.

4.5. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

5._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

5.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko buruak, alkateak, ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, erreklamazioak aurkezteko eta egindako akatsak zuzentzeko.

5.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzita, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko buruak, alkateak, onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko du. Ebazpen horretan probak non, zein egunetan eta zer ordutan hasiko diren adieraziko da.

6._Epaimahaia.

6.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

_Mahaiburua: José Muñoz Arias, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko burua eta alkatea.

Ordezkoa: Silvio Lozano, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko buruordea.

_Mahaikidea: Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko kidea.

Ordezkoa: Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko kidea.

_Mahaikidea: udal mugakide bateko kirol koordinatzailea.

Ordezkoa: udal mugakide bateko kirol koordinatzailea.

_Mahaikidea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak izendatutako kirol teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak izendatutako kirol teknikaria.

_Mahaikidea: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hautatzen duen pertsona.

Ordezkoa: Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak hautatzen duen pertsona.

_Mahaikidea: Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko langileen ordezkaria.

Ordezkoa: Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko langileen ordezkaria.

_Burlatako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: udal aholkularia.

6.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

6.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren arauak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

6.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko.

7._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehenbizi lehiaketaldia eta ondotik oposizioaldia.

8._Lehiaketaldia.

8.1. Lehiaketaldia ez da baztergarria izanen eta gehienez ere 25 puntu eskuratzen ahalko dira.

8.2. Laugarren oinarriaren arabera alegatu eta frogaturiko merezimenduak ondoko baremoari jarraikiz baloratuko dira:

_Administrazio publiko batean, kirol koordinatzaile gisa edo horren antzeko beste lanpostu batean emandako zerbitzuak: lanaldi osoan urtebete egiteagatik puntu 1; gehienez ere 10. Gutxienez lanaldi erdian betetako lanpostuak baloratuko dira, betiere dagokien proportzioan. Nork bere toki administrazio publikoko organo eskudunak emandako egiaztagiriaren bitartez frogatu beharko du.

_Entitate pribatuetan kirolaren arloko edo gizartearen eta kirolaren arloko kudeaketari lotutako zerbitzuak ematea: lanaldi osoan urtebete egiteagatik 0,5 puntu; gehienez ere 5. Gutxienez lanaldi erdian betetako lanpostuak baloratuko dira, betiere dagokien proportzioan. Zerbitzu horiek frogatzeko, lan kontratua edo horren kopia behar bezala konpultsatua aurkeztuko da; horrekin batera, lan bizitzaren ziurtagiria.

_Jardunaldiak, ikastaroak edo mintegiak, administrazio publikoen esparruan kirol arloko planifikazioari, kudeaketari, kalitateari, giza baliabideei, programazioari, antolakuntzari edo ebaluaziori buruzkoak: puntu bat 100 orduko; gehienez ere 2 puntu. Ikastaroa eman zuen entitateak emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko da; hor berariaz agertuko da zenbat ikastordu izan diren.

_Jardunaldiak, ikastaroak edo mintegiak, kirol arloko planifikazioari, kudeaketari, kalitateari, giza baliabideei, programazioari, antolakuntzari edo ebaluaziori buruzkoak: 0,5 puntu arte 100 orduko; gehienez ere puntu 1. Ikastaroa eman zuen entitateak luzatutako ziurtagiriaren bidez frogatuko da; hor berariaz agertuko da zenbat ikastordu izan diren.

_Euskaraz jakiteagatik, gehienez ere 5 puntu. Hizkuntza eskola ofizial batek luzaturiko gaitasun agiriarekin edo ofizialki haren baliokidetzat jotzen den titulazioarekin frogatzen ahalko da, edo, bestela, epaimahaiak zehaztuko duen proba bat gaindituz. Euskararen proba egin nahi duten izangaiek hala adierazi beharko dute eskabide orokorrean. Proba hori oposizioaldirako aurreikusiak dauden probak bukatuta eginen da.

_GHIN/INEFeko goi mailako titulua edo antzekoa: 2 puntu. Titulua aurkeztuta frogatuko da.

8.3. Epaimahaiak edozein momentutan eska ditzake lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.

8.4. Lehiaketaldia bukatu ondoan, Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoen iragarki oholean (Elizgibela, z.g.) eta Burlatako Udalarenean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa adieraziko da; bost egun balioduneko epea emanen da, erreklamazioetarako. Oposizio-lehiaketako guztirako puntuazioa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

9._Oposizioaldia.

9.1. Oposizioaldiak ariketa hauek izanen ditu, eta gehienez ere 75 puntu lortzen ahalko dira bertan:

a) Lehenbiziko ariketa:

I. eranskineko gaiei lotutako 20 galdera laburri erantzutea, idatziz, gehienez ere ordu eta erdian. Atal honetako puntuazioa 10 puntukoa izanen da gehienez ere. Proba honetan gutxienez ere 5 puntu eskuratzen ez dituztenak baztertu eginen dira.

b) Bigarren ariketa:

Idatziz II. eranskineko bi gai garatzea, gehienez ere bi ordutan. Gai bakoitzaren gehieneko puntuazioa 10 da; beraz, atal honetako gehieneko puntuazioa 20 da. Baztertuko dira osotara 10 puntu eskuratzen ez dituztenak, baita gaietariko batean 5 puntu baino gutiago erdiesten dituztenak ere.

c) Hirugarren ariketa.

Kasu praktiko bat, kirol arloko kudeaketari eta plangintzari buruzkoa; ariketa hau gehienez ere 3 ordutan egiteko da. Atal honetako puntuazioa 35 izanen da gehienez ere. Baztertuko dira gutxienez 17,5 puntu lortzen ez dituztenak.

Epaimahaiak zehaztuko du zein egun eta ordutan etorriko diren izangaiak banan-banan nork bere proposamena defendatzera; zozketa bidez erabakiko da ordena. Epaimahaikoek galderak egin eta argibideak eskatu ahalko dituzte.

d) Laugarren ariketa.

Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hauek Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Aplikatuaren Zerbitzuak eginen ditu. Atal honetako puntuazioa 5 izanen da gehienez ere. Ariketa ez da baztergarria izanen.

Burlatako Udalak 2005eko otsailaren 7an eman ordenantzaren arabera (29. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, martxoaren 9koa), "Udalak lanpostuak betetzeko egiten dituen deialdi publiko guztietan % 5eko balorazioa izanen du probetan hizkera ez baztertzailea erabiltzeak". Beraz, oposizioaldian, aldi honek guztira dituen 75 puntuetatik gehienez ere 5 puntu emanen zaizkie proba teorikoan eta praktikoan hizkera ez baztertzailea erabiltzen duten izangaiei. Balorazio hau Emakumearen Informazio Batzordeak eginen du, eta oposizioaldiko lau ariketak gainditzen dituzten pertsonei bakarrik eginen zaie. Balorazio hau ez da baztertzailea izanen. Hizkera ez baztertzailea erabiltzeari buruzko manuala aurkitzen ahal dute izangaiek Burlatako Udalaren web orrian (www.burlada.es) edo Udal horretako Emakumearen Departamentuan.

9.2. Oposizioaldiko ariketa bakoitza bukatutakoan, honako informazio hau paratuko du epaimahaiak Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoen iragarki oholean (Elizgibela, z.g.) eta Burlatako Udalarenean: izangai bakoitzak lortutako puntuazioa, hurrengo ariketak non eta noiz eginen diren eta alegazioak aurkezteko ematen den epea.

9.3. Probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago emanen da aditzera, edo hogeita lau ordu lehenago, hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

9.4. Izangai guztiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiria aldean dutela agertu beharko dute probetara. Probetan iruzurra egiten bada, edozein delarik ere, izangaia segituan baztertuko da, etor daitezkeen jarduketa penalak ukatu gabe.

10._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.

10.1. Oposizio-lehiaketako bi aldiak bukatu ondoren, epaimahaiak Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoen iragarki oholean eta Burlatako Udalarenean paratuko du probak gainditu dituztenen zerrenda, lortutako puntuazioaren hurrenkeran, izangaiek lehiaketaldian eta oposizioaldian lortutako puntuazioak batuz, eta puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Proposamen hori Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren bulegoen iragarki oholean eta Burlatako Udalarenean paratuko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

10.2. Izendatzeko proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposaturiko izangaiak Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren erregistroan ondoko agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

b) Deialdiaren hirugarren oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua lortzeko eskubideen ordainagiriarena.

c) Gaitasun fisiko edo psikikoaren osasun egiaztagiria.

d) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena.

Aipatu epearen barrenean, eta aski arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu agiriak aurkezten ez baditu, ezin izanen dute izendatu eta, beraz, bere jarduketa guztiak deuseztaturik geldituko dira, betiere bere eskabidearen faltsukeriagatik legokiokeen erantzunbeharra ukatu gabe.

10.3. Proposatutako izangairen batek espresuki uko egiten badio bere izendapenari, ulertuko da izendapen proposamenean sartzen dela gainditu dutenen zerrendako hurrengoa edo hurrengoak.

11._Izendapena eta jabetza hartzea.

11.1. Aurreko atalean agindutakoa betetzen duen izangaia izendatuko du Burlatako Udalaren Kirol Patronatuko buruak, alkateak.

11.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

11.3. Izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaz jabetzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Ezinbesteko kasuetan salbu, jabetzarik hartzen ez badu epe horretan, izendapenak lekarzkiokeen eskubide guztiak galduko ditu, 10.3 atalean ezarritako moduan eta ondorioekin. Lanpostuaz jabetu edo bere lan kontratuaren eranskina formalizatzen ez duen bitartean, ez du ordainsaririk eskuratzeko eskubiderik izanen.

12._Errekurtsoak.

12.1. Deialdiaren, oinarrien eta hura aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauek aurkezten ahal dira, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitalpenaren edo jakinarazpenaren bihamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

I. ERANSKINA

1. gaia._Espainiako Konstituzioa. Printzipioak, egitura eta eduki orokorrak. Toki administrazioaren eta gorputz hezkuntzaren eta kirolaren aipamen berezia.

2. gaia._Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoa. Aurrekariak. Atariko titulua.

3. gaia._Nafarroako foru erakundeak. Foru Parlamentua edo Nafarroako Gorteak. Comptos Ganbera. Nafarroako Gobernua edo Foru Diputazioa.

4. gaia._Toki administrazioa. Udal organoak: alkatea, osoko bilkura eta gobernu batzordea. Beste organo batzuk. Udal organoen eskumenak eta eskurantzak, oro har.

5. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua. Kontzeptu orokorrak eta edukiaren azterketa.

6. gaia._Administrazio prozedura. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea. Printzipio orokorrak eta aplikazio esparrua. Administrazio prozeduraren faseak: ideia orokorra.

7. gaia._Udal zerbitzuen kudeaketa motak.

8. gaia._Udalaren eskumenak kiroleko gaiei buruz eta aplikatzen ahal diren legeak.

II. ERANSKINA

1. gaia._Udalerria eta kirola. Egitura eta eskumen orokorrak. Udalaren eginkizuna kirol gaietan. Eskaintza eta eskaeraren arteko oreka. Udalaren kirol antolaketarako osagaiak. Udalaren kirol esparruko lege-euskarria.

2. gaia._Udalaren kirol zerbitzuaren kudeaketa. Kudeaketa motak. Zuzeneko kudeaketaren ereduak. Zeharkako kudeaketaren ereduak. Kudeaketa eredu mistoak. Udalaren zuzendaritza-kudeatzailetza.

3. gaia._Plangintza. Definizioa. Xedeak, helburuak eta jomugak. Motak eta mailak. Plangintzako prozesua.

4. gaia._Lehen maila: diagnosia egitea. Egoera zehaztu, aztertu eta ikertzea. Aurrekariak bilatzea. Arrazoiak zehaztea. Kirol eskaera. Antzemandako arazoen garrantzia.

5. gaia._Bigarren maila: erabakiak hartzea. Lehentasunak finkatzea. Erabili beharreko irizpideak. Lehentasunak finkatzeko bideak.

6. gaia._Hirugarren maila: metodoa garatzea. Kirol planak. Kirol programak. Kirol proiektuak. Ardurak. Errekurtsoak. Langileen egitekoak.

7. gaia._Laugarren maila: betearazpena. Metodoa garatzea. Jarduerak elkarren artean lotzea. Zuzendaritza. Betetzen direla kontrolatzea.

8. gaia._Bosgarren maila: Ebaluaketa. Kontzeptua. Ebaluazio motak. Prozesua ebaluatzea. Irizpideak. Baldintzak.

9. gaia._Bezero erabiltzailea. Bezero erabiltzailea ezagutzea. Beharrak eta eskaerak. Haiei arreta esakintzeko garrantzia. Noren ardura da? Eskaintzaren ebaluazioa eskaeraren arabera. Bezeroa asebetetzea.

10. gaia._Kirola Nafarroan. Kirol gertakariak Nafarroan. Azterketa sozio-kulturala. Biztanleen sailkapena, eta kirola egiteko duten aukera. Kirol jardueraren ezaugarri nagusiak. Jarduerako eragileak. Kirolaren etorkizuna Nafarroan.

11. gaia._Estamentu publiko zein pribatuak, kirolari eragiten diotenak. Administrazio publikoa. Entitate pribatuak.

12. gaia._Kirol sistema lokala. Haren osagaiak. Haien arteko harremana. Zabaltzeko aukerak.

13. gaia._Antolakuntza eta zertifikazioetako kalitatearen kudeaketa. Kontroletik kalitatera. Normalizazioa, homologazioa eta zertifikazioa. Kalitate sistemak. Azterketak eta diagnosiak. Kalitatearen eta kalitate gabeziaren kostua. Bezeroaren asebetetzearen azterketa.

14. gaia._Kirolaren gaineko ikerketa. Ikerketaren esanahia. Ikertzearen beharra udaletan. Ikerketa hobera jotzeko bidea. Ikertzeko metodoak. Zazpi estatistika tresnak.

15. gaia._Araudi interesgarria. Berariazkoa. Orokorra.

16. gaia._Kirol zerbitzuetako marketina. Zerbitzuen ezaugarriak. Kirol marketinaren betebeharrak. Kirol zerbitzuen osagaiak. Marketineko plana.

17. gaia._Gorputz eta kirol jarduera, toki erakundearen kirol teknikariaren tresna eta eduki gisa. Helburuak. Funtzioak. Modalitateak. Sailkapena. Motak.

18. gaia._Kirol ekipamenduak. Motak eta sailkapena. Erabileraren azterketa. Funtzionamenduaren azterketa. Artatze lanen azterketa. Kostuen azterketa.

19. gaia._Kudeaketaren kirol adierazleak. Beharrak eta ezaugarriak. Aldagaiak. Prestakuntza eta kalkulua. Aginte postuak.

20. gaia._Kirol zerbitzuak garatzeko metodologia. Kontuan hartu behar diren alderdi edo elementuen deskripzioa.

21. gaia._Segurtasuna. Arriskuak estaltzea. Erantzukizun zibila, instalazioetan eta jardueretan.

22. gaia._Kudeaketa ekonomikoa. Gastuen aurrekontuak. Dirusarreren aurrekontuak. Kostuen kalkulua. Prezioak finkatzea. Autofinantzaketa. Eskabide eredua.

23. gaia._Kirol elkarte eta entitateak. Eraketa. Estatutuak. Funtzionamendua. Motak. Herriko kirol antolamenduan duten egitekoa.

III. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izen-deiturak: ......................................, adinez nagusia. NANa: ....................... Jaioteguna: .................. Jaioterria: .................. (...........). Helbidea, jakinarazpenak egiteko; herria: ..................... (.................). Kalea: ................. Zenbakia: ..... Solairua: ........ Posta kodea: ............ Telefonoa: ...........

Zure aurrean agertu eta egoki den moduan, honakoa diot:

Eskatzen dut onartua izatea Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren zerbitzuko kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian (argitaratu deneko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALaren zenbakia eta data: ............).

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

Badudala deialdiko hirugarren oinarrian adierazten den titulazioa.

Deialdian ezarritako azterketa eskubideak ordaindu ditudala, eta horren egiaztagiria erantsi dudala.

Baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epearen azken eguna baino lehen.

Euskarazko probak egitea eskatzen dudala: Bai f Ez f

Horrenbestez,

Eskatzen dut eskabide hau onartzeko eta, ondorioz, onartua izateko Burlatako Udalaren Kirol Patronatuaren zerbitzuko kirol koordinatzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko deialdian.

Burlatan, 2005eko ..........................aren ..............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

Iragarkiaren kodea: L0520162