136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

1096/2005 EBAZPENA, irailaren 5ekoa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Honen bidez agindu da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Irakasleak eta Ikertzaileak Kontratatzeko Erregelamendua aldatzen duen Erabakia argitara eman dadila. Erregelamendu hori Gobernu Kontseiluak onetsi zuen, 2005eko irailaren 30ean harturiko Erabakiaren bidez.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Unibertsitateko Estatutuen 40. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, 2005eko irailaren 5ean Gobernu Kontseiluak onetsi zuen Erabakia argitaratzea agintzen dut. Honako hau da:

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko Erregelamenduaren aldaketa.

Artikulu bakarra._Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko Erregelamenduaren aldaketa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak eta ikertzaileak kontratatzeko Erregelamenduan aldaketa hauek egin dira:

Bat._16. artikuluan (Deialdien edukia), (j) atalak honela behar du:

(j) Lanpostuaren profila; deialdiak zehazten ahalko du kontratatuak egin beharko dituen lehen edo bigarren zikloko titulu ofizialak lortzeko ematen diren irakasgaietako bati loturiko jardunak zeintzuk izanen diren. Lanpostuak irakasle kontratatu doktoreenak direnean, Unibertsitatearen ikerketako ildo estrategikoei edo dagokion arloko ikerketa profilei egokitzen zaien ikerketa profil bat zehazten ahalko da. Zehaztapen horiek egoteak ez du inoiz ere esan nahiko kontratatuak daukanik irakaskuntza jardun horrekiko lotura esklusiborako denbora, toki edo formaren araberako eskubiderik, eta ez du mugatuko Nafarroako Unibertsitate Publikoak bestelako irakaskuntza edo ikerketa jardunak emateko daukan eskumena,"

Bi._16. artikuluan (Deialdien edukia), (n) letrako datu berri bat gehitu zaio edukiari, eta lehengo (n) letra (o) berrira pasatu da. Honela idatzita agertuko da:

"n) Kontratazio Batzordearen osaera Unibertsitateko iragarki oholean eta web orrian zein egunetan argitaratuko den,

o) Gobernu Kontseiluak eskatzen dituen baldintza guztiak."

Hiru._21. artikuluan 6. lerroaldea aldatu eta berri bat gehitu da, 7 zenbakiarekin:

"6. Kontratazio batzordeko kideak errektorearen ebazpen baten bidez izendatuko dira, eta batzordearen osaera horretarako prestatzen den Unibertsitateko iragarki oholean eta web orrian argitaratuko da, batzordearen eratzea baino 72 ordu lehenago, gutxienez.

7. Gobernu Kontseiluak eta Saileko Kontseiluak irakasle elkartuen, irakasle laguntzaile doktoreen eta irakasle laguntzaileen lehiaketetarako kontratazio batzorderako izendatzen dituzten kideak bi urterako izanen dira. Halakoetan, eta kasuan kasuko Saileko Kontseiluak izendatutako kideei dagokienez, artikulu honetako 2 (c) puntuan ezarritakoaren ondorioetarako, sail bereko edozein arlo hartuko da kideko arlotzat."

Lau._22. artikuluko 1. eta 2. lerroaldeak (Kontratazio Batzordea eratzea eta irizpideak finkatzea) honela idatzita agertuko da:

"1. Kontratazio Batzordea formalki eratuko da bere jardunetan hasi baino lehen. Egintza horretarako beharrezkoa izanen da kide guztiak bertan egotea.

2. Irakasle kontratatu doktoreen eta irakasle lankideen lanpostuetarako, batzordea hiru hilabeteko epean eratuko da, gehienez, 20.3 artikuluak ezartzen duenetik abiaturik. Kasu horretan, batzordea eratutakoan, eta aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta ebaluatu aurretik, lehiatzaileen balorazioan erabiliko diren irizpideak finkatuko dira eta horien berri emanen. Lehen saioan, izangaiek aurkeztuko diote Kontratazio Batzordeari, boskoizturik, lehiaketako xedea den lanpostuaren jakintza arloko irakasgai baten programa zehaztua, bere baitan honako hauek edukiko dituena: gaitegia, bibliografia, irakaskuntzaren helburuak eta metodologia, eta irakasle kontratatu doktorearen kasuan, egindako ikerketa lanak eta izangaiak egin nahi duen ikerketa-jardunaren proiektua. Horretaz gain, izangaiak lehen aldiko ahozko proba egiteko deituko ditu. Deialdiak probak zer tokitan, egunetan eta ordutan eginen diren zehaztuko du. Lehiakide bat baino gehiago badago, proba egiteko hurrenkera zozketatu eginen da. Azkenik probetarako deialdia eta proba egiteko hurrenkera argitaratuko ditu."

Bost._31. artikuluko (Premiazko kontratazioak) (a) lerroaldea honela idatzita agertuko da:

a) Deialdi arrunten batean proposatu diren izangaien zerrendaren bat badago, eta deialdiak bi urte baino gutxiago badu, beharra sortu duen lanpostuaren jakintza arlo bereko irakasle eta ikertzaileak kontratatzeko, punturik gehien duen izangaia kontratatuko da, edo honen ondorengoak, betiere ezarri den gutxieneko puntuazioa gainditu badu. Izangaien zerrenda bat baino gehiago baldin badago, Sailaren txostenak erabakiko du lanpostuari hobekien egokitzen zaiona zein den.

Sei._Aldatu egin da 34. artikuluko (Irakasle elkartuen lanpostuen baremoa) azken-aurreko lerroaldea, eta honela idatzita agertuko da:

"Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzari dagokion balorazioa azalduko da, arrazoituta eta zenbaki bidez emandako puntuazioarekin."

Zazpi._Aldatu egin da 19. artikuluaren 2. lerroaldea, laguntzaileak kontratatzeko eskabideekin batera aurkeztu behar diren agiriei dagokienez, eta agiri bat gehitu da;

"c) Izangaiak lehiaketako lanpostuari lotuta eskaini duen irakaskuntza eta ikerketa arloko lankidetzari buruzko memoria laburra."

Zortzi._Testu hau izanen du 35. artikuluak:

"35. artikulua.

Laguntzaile lanpostuak.

Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 49. artikuluak arautzen dituen laguntzaile lanpostuetarako, honako baremo hau finkatuko da.

Irizpide orokor gisa, honako elementu hauek balioetsiko dira, beti kontuan hartuko delarik, atal guztietan, lanpostuaren jardueraren eta profilaren arteko harremana:

a) Ikasketa espedientea (gehienez 12 puntu). Batez besteko nota 34 (b) artikuluan ezarri den irizpideari jarraikiz kalkulatuko da, modu proportzionalean aplikatuta.

b) Entitate publikoetako lankidetza bekak (gehienez 2 puntu).

c) Unibertsitateko irakaslanak, behar bezala frogaturik kontratuaren bidez eta jarduera balioesteko txostenaren bidez, hala behar izanez gero (gehienez 6 puntu).

d) Ikerketarako bekak eta zientziaren arloko argitalpenak (gehienez 8 puntu).

e) Irakaskuntzako eta ikerketako lankidetzari buruzko memoria (gehienez 4 puntu).

f) Deialdiko lanpostuari dagokion jakintza arloan, unibertsitateko edozein irakasle kidegotarako gaitua izatea (10 puntu).

g) Irakasle laguntzaile doktorea edo irakasle kontratatu doktorea izateko kreditazioa (gehienez 5 puntu).

h) Beste merezimendu batzuk (gehienez 4 puntu). Atal honetan, batzordearen irizpidearen arabera, ondokoak balioetsiko dira: unibertsitatekoak ez diren beste lanbide jarduera batzuk, hizkuntzak, jasotako espezializazio ikastaroak, atzerriko egonaldiak, beste titulazio batzuk, bekak, sariak eta lehiakideak ematen duen beste edozein datu.

Batzordeak elkarrizketa egiten ahalko du, behin betiko proposamena egiteko, eta gehienez 2 puntu eman ahalko ditu horregatik.

Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzari dagokion balorazioa azalduko da, arrazoituta eta zenbaki bidez emandako puntuazioarekin.

Kontrataziorako proposamena egin ahal izateko, azken puntuazioa 12 puntukoa edo gehiagokoa izanen da."

Bederatzi._Aldatu egin da 36. artikuluko (Irakasle laguntzaile doktoreen lanpostuen baremoa) azken-aurreko lerroaldea, eta honela idatzita agertuko da:

"Kontratazio batzordearen erabakietan izangai bakoitzari dagokion balorazioa azalduko da, arrazoituta eta zenbaki bidez emandako puntuazioarekin."

Hamar._Desagertu egin da xedapen iragankor bakarra.

Hamaika._VI. titulua gehitu da. Honako hau:

VI. TITULUA

Irakasle emerituak eta bisitariak sartzea

I. KAPITULUA

Irakasle emerituak

39. artikulua. Kontratazioa.

Nafarroako Unibertsitate Publikoak aldi baterako kontratatzen ahalko ditu irakasle emerituak. Hauek, unibertsitatean zerbitzu nabarmenak egin dituzten irakasle kidegoetako funtzionario erretiratuak izanen dira. Horretarako kontuan hartuko dira aurrekontuetako aurreikuspenak eta lanpostuen zerrendan ezarritakoa.

40. artikulua. Irakasle emerituen kontratazioa eskatzeko baldintzak.

Irakasle emeritu gisa kontratatu ahal izateko bete beharreko baldintzak:

_Doktore izatea,

_Adinagatik nahitaez erretiratu izana eta

_Nafarroako Unibertsitate Publikoan zerbitzu nabarmenak eman izana.

41. artikulua. Irakasle emeritua kontratatzeko proposamena.

(a) Irakasle emerituen lanpostuetarako eskaerak urrian eginen dira urtero. Eskaera irakaslea erretiratzen den ikasturtean egin daiteke, edo erretiroa hartu eta gero.

(b) Errektoreari igorriko dio eskaera interesatuak. Irakasle emerituaren lanpostua lortzeko eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira curriculum vitaea eta garatuko diren jardueren memoria, jakintza arloa zehaztuta, lanpostua ematen bada.

(c) Errektoreak, edo irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak eskaera igorriko du eskatzaileak zehaztutako jakintza arloari dagokion sailera.

(d) Saileko Kontseiluak txosten bat eginen du irakasle emeritua kontratatzeko eskabideari buruz eta eskatzaileak egin nahi dituen jarduerak saileko irakaslanera edo ikerketara egokitzeari buruz. Irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeari igorriko zaio txosten hori.

42. artikulua. Prozedura.

(a) Batzorde akademikoak ondoko irizpideak baloratuko ditu egindako eskaeraren gaineko txostenari begira.

1._Kategoria akademikoa: gehienez ere 5 puntu.

1.1. Unibertsitateko katedradunak: 5 puntu.

1.2. Unibertsitateko irakasle titularra edo unibertsitate eskolako katedraduna: 3 puntu.

1.3. Unibertsitate eskolako irakasle titularra: puntu bat.

2._Ikerketa: gehienez ere 15 puntu.

2.1. 2 puntu produktibitateko osagarriaren tarte bakoitzeko (seiurtekoa).

2.2. Zuzendutako tesien kopurua.

2.2.1. Bost tesi bitarte: 1 puntu.

2.2.2. Zazpi tesi bitarte: 2 puntu.

2.2.3. Zortzi tesi edo gehiago: 3 puntu.

3._Irakaskuntza: puntu bat, berariazko osagarriaren irakaskuntza-merezimenduengatiko osagaiaren tarte bakoitzeko (bosturtekoa).

4._Ekintza instituzionalak edo garrantzi handiko aparteko sariak: gehienez ere 5 puntu.

5._Beste merezimendu aipagarri batzuk: gehienez ere 2 puntu.

6._Irakasle emeritu izendatuz gero garatuko dituen jardueren memoria: gehienez ere 5 puntu.

7._Atzerrian aritu diren irakasleek irakaskuntza eta ikerketa arloan dituzten merezimenduak, baldin eta ezin izan badira ebaluatu unibertsitateko irakasleen ordainsariei buruzko 1086/89 Errege Dekretuaren arabera, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren 89. artikuluari jarraikiz baloratuko dira.

(b) Batzorde akademikoak eskabidearen aldeko txostena egiteko, 25 puntu beharko dira gutxienez.

(c) Batzorde akademikoak irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeari igorriko dio txostena. Horrek, berriz, eskatzaileari.

(d) Batzorde akademikoaren txostena aldekoa bada, irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak Unibertsitate Koordinaziorako Kontseiluari proposamena igorriko dio, behar den txostena egin dezan.

(e) Irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak irakasle emeritua kontratatzeko proposamena, aldekoa izan ala ez, igorriko dio errektoreari.

(f) Errektoreak erabakiko du irakasle erretiratua irakasle emeritu gisa kontratatzea bidezkoa den ala ez. Nolanahi ere, errektoreak baimena eman dezan irakasle emeritu bat kontratatzeko, beharrezkoa izanen da Unibertsitateko Koordinaziorako Kontseiluaren txostena aldekoa izatea.

(g) Eskatzaileak eskubidea izanen du irakasle emeritu gisa kontratatzeko eskaera prozesuaren edozein unetan bertan behera uzteko.

43. artikulua. Kontratuaren iraupena eta luzapena.

(a) Irakasle emerituaren kontratua hiru urterako izanen da gehienez.

(b) Interesatuak eskaturik, kontratua behin luzatzen ahalko da, hiru urterako gehienez. Eskaera horretan luzapenaren beharra agertaraziko da, garatuko diren jardueren memoriarekin bat (irakasle emeritu gisa kontratatzeko eskabidearekin batera aurkeztua).

(c) Kasu bakoitzeko Saileko Kontseiluak txostena eginen du luzapen eskaerari buruz.

(d) Luzapena emateko beharrezkoa izanen da batzorde akademikoak aldeko txostena egitea, bai irakasle emerituak garatutako jardueren gainean, bai Saileko Kontseiluak adierazitako luzapen beharraren gainean.

(e) Edonola ere, irakasle emerituaren kontratua luzatzea erabaki aurretik, batzorde akademikoaren txostena ikusiko du errektoreak.

(f) Kontratua amaitu arren, irakasle emerituaren izaera biziartekoa eta ohorezkoa izanen da.

44. artikulua. Odainsarien araubidea.

(a) Irakasle emerituek Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin duten kontratuagatik jasotzen duten ordainsaria, erretiroko pentsioarekin bateragarria, Nafarroako Foru Komunitateak Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 55. artikuluaren arabera ezartzen duena izanen da.

(b) Kontratuari ez zaio alta emanen Gizarte Segurantzaren Erregimen Orokorrean, Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoaren hogeita bigarren xedapen gehigarrian ezarri bezala.

45. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.

Irakasle emerituen eskubide eta betebeharrak irakasle kontratatuentzat oro har ezarritakoak izanen dira, kontratu bakoitzeko klausuletan ezarritakoa galarazi gabe.

Sailek irakaskuntzako, egonaldiko eta ikerketako betebeharrak ezartzen ahal dizkiete irakasle emerituei, gainerako irakasleek ez dituztenak hain zuzen, eta bereziki mintegiak eta doktorego ikastaroak emanen dituzte.

II. KAPITULUA

Irakasle bisitariak

46. artikulua. Irakasle bisitariak

Nafarroako Unibertsitate Publikoak irakasle bisitariak kontratatzen ahal ditu, aurrekontuetan dagoen diruaren arabera. Horiek, ospe handi eta ezaguneko irakasleak edo ikertzaileak izanen dira, beste hainbat unibertsitatetan edo ikerketa zentrotan zerbitzu nabarmenak ematen ari direnak, zentro horiek Espainiakoak edo atzerrikoak izan.

47. artikulua. Irakasle bisitaria kontratatzeko proposamenak.

(a) Irakasle bisitaria kontratatu nahi duen sailak kontrataziorako proposamena igorriko dio irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeari.

(b) Proposamen bakoitzean azaldu beharrekoa:

_Saileko Kontseiluak hartutako erabakiaren ziurtagiria, bertako idazkariak emana,

_Beharren memoria, Sailak egina,

_Curriculum vitaea, irakaskuntza eta ikerketa proiektuarekin batera, proposatutako irakasleak aurkeztua.

48. artikulua. Batzorde akademikoaren balorazioa.

(a) Batzorde akademikoak memoria eta proiektua aztertuko ditu, eta proposamenaren aldeko edo kontrako txostena eginen. Irakasleen arloan eskumena duen errektoreordeak errektoreari igorriko dio batzorde akademikoaren txostena.

(b) Irakasle bisitaria kontratatzea erabaki aurretik, batzorde akademikoaren txostena ikusiko du errektoreak.

49. artikulua. Kontratuaren iraupena. Luzapena.

(a) Irakasle bisitariaren kontratua bi urterako izanen da gehienez.

(b) Kontratua gutxienez 6 hilabeterako izanen da.

(c) Salbuespenez, beste urte baterako luzatzen ahal da kontratua, gehienez ere hiru urte egin arte. Luzapena emateko, batzorde akademikoak balorazio positiboa egin beharko du irakaskuntza eta ikerketako hasierako proiektuaren garapenari eta Sailaren beharrei buruz.

(d) Luzapena emateko beharrezkoa izanen da batzorde akademikoak aldeko txostena egitea, bai irakasle bisitariak garatutako jardueren gainean, bai Saileko Kontseiluak adierazitako luzapen beharraren gainean.

(e) Edonola ere, irakasle bisitariaren kontratua berritzea erabaki aurretik, batzorde akademikoaren txostena ikusiko du errektoreak.

50. artikulua. Ordainsarien araubidea.

Irakasle bisitari kontratatuaren ordainsarien araubideak erreferentzia gisa hartuko du haren jatorriko lanpostuak gure unibertsitateko sisteman pareko duen irakasle kontratatuen kategoriarena. Batzorde akademikoari dagokio errektoreari lanpostuen parekatze hori proposatzea, ordainsarien ondorioetarako.

51. artikulua. Eskubideak eta betebeharrak.

Irakasle bisitarien eskubide eta betebeharrak irakasle kontratatuentzat oro har ezarritakoak izanen dira, kontratu bakoitzeko klausuletan ezarritakoa galarazi gabe.

Sailek irakaskuntzako, egonaldiko eta ikerketako betebeharrak ezartzen ahal dizkiete irakasle bisitariei, gainerako irakasleek ez dituztenak hain zuzen, eta bereziki mintegiak eta doktorego ikastaroak emanen dituzte.

Hamabi._VI. titulua sartzeak hitzaurrean aldaketa batzuk egitea dakar. Zazpigarren lerroaldea, erregelamenduaren edukia azaltzen duena, honela idatzita agertuko da:

"Erregelamendu honek berrogeita hamaika artikulu dauzka, sei Titulutan, Xedapen Gehigarri batean, Xedapen Iragankor batean eta Azken Xedapen batean bildurik.

I. tituluak xedapen orokorrak ezartzen ditu.

II. tituluak unibertsitateko irakasleak kontratatzeko irudiak deskribatzen ditu.

III. tituluak kontratatzeko ohiko prozedura arautzen du.

I. kapituluak lanpostuen deialdietako arauak finkatzen ditu.

II. kapituluak lanpostuetarako eskaerei buruzko guztia finkatzen du.

III. kapituluak kontratazio batzordeari eta erreklamazio batzordeari buruzkoak ezartzen ditu.

IV. kapituluak balioespen prozedurak eta kontratazio proposamenak antolatzen ditu.

V. kapituluak kontratuen gauzatzeaz eta izenpetzeaz dihardu.

IV. tituluak premiazko prozeduraren bidezko kontratazioa arautzen du.

V. tituluak kontratazio proposamenetan aplikatuko den baremoa ezartzen du.

VI. tituluak zehazten du kontrataziorako deialdi publikoa behar ez duten bi irakasle mota kontratatzeko prozedura: irakasle emerituak, I. kapituluan, eta irakasle bisitariak, II. kapituluan."

Hamahiru._Kendu egin dira 6. artikuluko 3., 4., 5. eta 6. puntuak.

Iruñean, 2005eko irailaren 5ean._Errektorea, Pedro Burillo López.

Iragarkiaren kodea: F0520277