136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

I R U Ñ A

"Estalpean" udal zerbitzua arautzen duen ordenantza

Iruñeko Udalak, 2005eko uztailaren 5ean egin osoko bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea "Estalpean" udal zerbitzua arautzen duen ordenantza eta haren zeharkako kudeaketa.

Jendaurrean azaldu da, iragarkiak jarrita Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean (103. zk., 2005eko abuztuaren 29koa) eta Iruñeko Herriko Etxeko iragarki oholean, eta jendaurreko egonaldian inork haren kontra alegazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez, ordenantza behin betikoz onetsirik gelditu da eta testu osoa argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko ekainaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 326. artikuluan xedatutako ondorioetarako.

Iruñean, 2005eko urriaren 5ean._Alkate udalburua, Yolanda Barcina Angulo.

"ESTALPEAN" UDAL ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

LEHENBIZIKO KAPITULUA

Izaera eta xedea

1. artikulua. "Estalpean" udal zerbitzua gauaz abegi egiteko zentroa da. Bazterketa larrian dauden lagunendako da.

Hartan sartzeko bete behar diren baldintzei dagokienez, definizioa da "baldintza maila apala".

Ildo beretik, Udalaren gizarte zerbitzuen garapenarekin bat, gauekoaren programa osagarriak ezartzen ahalko dira eraikinean.

Gisa hartara, interes berezia dute eguneko aritze jarduerek, ingurune irekiko hezkuntza-jarraipenak eta gizarte bazterketaren behatokiak, informazioa emateko ekimenekin eta higienearen inguruko pleguekin batean.

2. artikulua. Iruñean bizi direnen artean norbanako batek gizarte bazterketa edo bazterkeria egoera bizi eta hura hautematen denetan abiatzen da zerbitzua, baldin eta harekin batera etxerik gabe gelditzea gertatzen bada. Ohe bat eskaintzen du eta lehen urratseko eskuhartze eta harrera sistema ezartzen, premia duenaren egoera hobetzeko xedea duena, ahal dela sarbidea emanez gizarte zerbitzu normalizatuetara.

3. artikulua. "Estalpean" udal zerbitzua Udalekoa baizik ez da haren antolaketari, funtzionamenduari eta diru hornidurari dagokionez; Iruñeko Udalak berea du, ez bertze inorena, hura kudeatzeko manera eta haren aldaketa edo iraungipena erabakitzeko ahalmena.

4. artikulua. "Estalpean" udal zerbitzuak ez du nortasun juridikorik; Iruñeko Udalak zerbitzuak antolatu eta emateko erabiltzen ohi dituen arau eta plegu orokorrei lotuko zaie haren administrazio araubidea.

5. artikulua. Zerbitzuaren ordutegia 21:00etatik 9:00etara izanen da, urteko egun guztietan. Uztailaren lehenbiziko hamabostaldian zerbitzua mugatu edo itxi ahal izanen da, atseden hartzeko eta instalazioetan garbiketa, birjartze edo mantentze lanak egiteko.

Jendea hartzeko ordutegia, beranduenez, 22:00ak izanen da. Udaltzaingotik desbideratzen diren larrialdiak muga hori gabe onartuko dira, lekurik bada.

BIGARREN KAPITULUA

Erabiltzaileak

6. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, zerbitzua espresuki Iruñean dauden etxegabeendako da. Gisa hartara, baldintza hauek ezarri dira "Estalpean" programarako:

1._Normalean karrikan (atarietan, kabinetan...) eta noizbehinka pentsaoetan lo egiten duten jendeak. Sarrera mugatua izanen da Udalaren gizarte zerbitzuek, Udaltzaingoak eta gizarte nahiz osasun laguntzako gainerako baliabideetan (ospitaleetako larrialdiak) ezagutzen edo baloratzen dituztenendako.

2._Noski etxegabe dauden lagunak, Udaltzaingoak ezagutzen ez dituenak, ordutegia edo bertze arrazoiren bat dela-eta Caritasen aterpetxean edo bertze teilatupe normalizatu batean gaua egiterik posible ez dutenetan.

3._Adinduak, gauaz pausatzeari dagokionez, teilatupea dakarten bertze baliabide, zentro edo zerbitzuetan haiei ostatu ematea posible ez denetan.

7. artikulua. Gizarte Zerbitzuetako eta Emakumearen Alorreko udal zerbitzu teknikoak erregelamenduz zabaltzen edo mugatzen ahalko dute zentroaren erabiltzailearen profila, hiriaren etxegabeen problematika nola bilakatzen den eta alor honetan eskura dauden baliabideen sarea nolakoa den.

8. artikulua. Iruñeko Udalaren gizarte zerbitzuen sareko profesionalek erabakiko dute norbait udal zerbitzuan sartzea.

Udalaren zerbitzu tekniko horiek balorazio bat eginen dute eta kasuaren plan bat eginen dute zentroan ohiko bilakatzen den erabiltzaile bakoitzarendako.

Plan horren barrenean sartzen ahalko da hura gizarteratzeko ibilbidearen aurreikuspena eta bertze zerbitzuekiko koordinazioa, gehieneko egonaldia eta haren premien lehenestea.

HIRUGARREN KAPITULUA

Zerbitzuak

9. artikulua. Abegi Etxean zerbitzu hauek emanen dira:

_Argibideak emateko eta abegi egiteko zerbitzua.

_Ostatu emateko zerbitzua.

_Higiene zerbitzua.

10. artikulua. Argibideak emateko eta abegi egiteko zerbitzuaren egitekoak dira balorazioa, argibideak eta aholkularitza, baita orientazioa ere erabiltzailearen egoera sozialaz eta pertsonalaz.

Argibideak emateko eta abegi egiteko zerbitzuaren eginkizunak dira erabiltzailearendako beharrezkoak diren prestazioen tramitazioari hasiera ematea eta hura Udalak kudeatzen edo hitzartzen dituen bergizarteratze programetan sartzea.

11. artikulua. Ostatu emateko zerbitzuaren xedea da lo egiteko toki bat lortzea ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiendako. Horretarako, lehen mailako premia oinarrizkoak asetzen direla bermatuko du, 21:00etatik 9:00etara, gehienez ere 20 lagunendako, larrialdia izanez gero 25 laguneraino zabal badaiteke ere. Hona zer dakarren berekin:

1._Gauaz ostatu ematea.

2._Azpiegitura norberaren higienerako (profesionalen laguntzarekin).

3._Txukuntzeko kitaren hornidura.

4._Edari beroa gauaz eta gosaria.

12. artikulua. Higiene zerbitzuaren eginkizuna da Abegi Etxeko zerbitzuen erabiltzaileen higiene pertsonalaren gutieneko baldintzak posible egitea:

a) Dutxak. Haren erabilpena baitezpadako baldintza izanen da aterpetxeko gainerako zerbitzuak erabili ahal izateko. Txukuntzeko kita emanen da.

b) Jantzigela. Haren xedea da azpiko arropen aldagarrien premiak asetzea eskatzen dutenei.

13. artikulua. Abegi Etxeko zerbitzu hauek erabiltzeko, beharrezkoa izanen da zerbitzuen txartela eguneraturik izatea; hura Argibideak emateko eta abegi egiteko zerbitzuak emanen du, sarreraren unean.

14. artikulua. Beharrezkoa bada, salbuespenez neurri hauek ezartzen ahalko dira:

a) Abegi Etxeko instalazioetan plazak falta badira eta aurrekontuek horretarako aukera emanez gero, hotelen batean ematen ahalko zaie ostatu.

b) Baldintza materialek eta aurrekontuek horretarako aukera ematen badute, bertze pertsona batzuek ere erabiltzen ahalko dute gauaz edari beroa eta gosaria emateko zerbitzua, nahiz eta ezarritako baldintzak ez bete, baldin eta haien egoera ekonomiko eta sozialak komenigarri egiten badu.

LAUGARREN KAPITULUA

Eskubideak eta betebeharrak

15. artikulua. Hona hemen Abegi Etxeko erabiltzaileen eskubideak:

a) Abegi Etxeko barne funtzionamendurako arauen berri izatea.

b) Bere uste eta sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoekiko errespetua.

c) Abegi Etxearen egoitza eta zerbitzuak erabiltzea ezartzen diren ordu eta baldintzen barnean.

d) Onartzeko eta ostatu emateko baldintzak mantentzea, ordenantza honetan ezarriari trabarik egin gabe.

e) Zentroan programatzen diren jardueretan parte hartzea.

f) Bere beharrei aurre egiteko diren baliabide eta prestazioen berri izatea.

g) Bere historia sozialaren datuekiko sekretu profesionala.

16. artikulua. Hona hemen Abegi Etxeko erabiltzaileen betebeharrak:

a) Abegi Etxean ostatu harturik dauden edo zerbitzu egiten ari diren guztien uste eta sineste zibiko, politiko, moral eta erlijiosoekiko errespetua.

b) Abegi Etxearen funtzionamenduaren gaineko arauak jakin eta betetzea. Zerbitzuaren arauetan formalizatua (I. eranskina).

c) Bizikidetza, higiene eta txukuntasun arauak gordetzea, bai norberari bai Abegi Etxeari dagokionez.

d) Abegi Etxean zerbitzu egiten duten pertsonekin behar bezain begirunetsu jokatzea.

17. artikulua. Aitzineko artikuluetan adierazten diren betebeharrak ez betetzeak erabiltzaile izatetik gelditzea ekarriko du eta, beraz, Abegi Etxean egiten ari diren zerbitzuak hartzetik.

18. artikulua. Halako batek ez badu, aitzinetik gaztigatu gabe, zerbitzua erabiltzen ezarritako momentuan eta moduan, hari uko egiten diola ulertuko da.

BORZGARREN KAPITULUA

Funtzionamendua

19. artikulua. "Estalpean" abegi etxeko laguntza sistemak sarean dauden gainerako zerbitzu sozio-sanitarioekin batean egiten ditu lehenespenak eta koordinazioa. Orobat, halako kasu batzuk bertze zerbitzu horietara bideratzen ditu. Bereziki honako hauekin da interesgarria profesionalen arteko elkarlana:

_Udalen gizarte zerbitzuen sistema orokorra.

_Udaltzaingoa, nagusiki Gizarte Babes eta Laguntzako Unitatea atala.

_Elizbarrutiko Caritas.

20. artikulua. Abegi Etxeak barne funtzionamendurako arauak ditu eta horiek ordutegia eta funtzionamendurako eta zerbitzuak erabiltzeko baldintza berariazkoak arautzen dituzte. Eskubide eta betebehar horien berri ematen zaio erabiltzaileari eta "Zerbitzuaren funtzionamendurako arauetan" (I. eranskina) eta "Konpromisoen fitxan" (II. eranskina) daude bildurik.

21 artikulua. Erabiltzaileek ez dute tasarik ez bertzerik ordainduko hartutako zerbitzuagatik.

22. artikulua. Erreklamazioen liburua dago erabiltzaileen eskura.

23. artikulua. Abegi Etxearen erabiltzaileen puskak behar den takillan egonen dira, haien gelan, bertan dauden bitartean. Kudeatzaileen lan taldeari jakinarazi eta harekin hitzartuta kanpoan egiten diren aldietan, Abegi Etxeak duen zaindegi-zerbitzua erabiliko da. Abegi Etxetik behin betikoz lekututa zaindegian utzitako zerak eramaten ez badira, uko egin zaiela ulertuko da.

Udalak ez du bere gain hartuko gordailuan uzten ez diren zera eta arropen gaineko erantzukizunik, Konpromisoen Fitxan (II. eranskina) agertzen den bezala.

SEIGARREN KAPITULUA

Antolaketa

24. artikulua. Koordinatzailea. Koordinatzaileak, erantzule gorena den aldetik, zentroaren zuzendaritza eta ordezkaritza ditu eginkizun, baita zerbitzua kudeatzeko lan taldeak horren gainean ezartzen dituenak ere Pobrezia eta Gizarte Kohesioa izeneko Iruñeko Udalaren programaren zerbitzu teknikoekiko koordinazioan, zerbitzua egitean funtzionaltasun eta kalitate handia lortze aldera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ahalmena ematen zaio zinegotzi delegatuari zerbitzuak ongi funtzionatzeko barne funtzionamendurako jarraibideak emateko; horiek ez dute inola ere ordenantza honetan ezarria ezeztatuko.

Bigarrena._Ordenantza honetan arautzen ez den orotan, Iruñeko Udalak zerbitzuak antolatzeko eta egiteko dituen erregela eta plegu orokorrei jarraituko zaie.

I. ERANSKINA

"Estalpean" zerbitzuaren funtzionamendurako arauak

1. Zerbitzuan sartzean baitezpadakoa da onarpen eta konpromiso fitxa betetzea, lan taldearen arduradun bertan dagoenak aditzera ematen dion bezalaxe.

2. Bortizkeria gorputzezko nahiz hitzezkoaren erabilpena saihestea eta, aldiz, elkarrizketa bidezko konponbideak bilatzera saiatzea gatazketarako.

3. Ez da aizu izanen inolako drogarik sartzea, ez bertze gai toxikorik edo botikarik, medikuaren agindurik ez badute, kafea eta tabakoa kenduta. Nolanahi ere, ez da ez onartzeko arrazoirik izanen sartu aitzin kontsumitu izana.

4. Aterpetxean animaliak sartzera saiatazen denak ez du zerbitzua erabiltzen ahalko.

5. Hau guztia emanen dizugu: dutxarako toalla, bizarra egiteko makina, aldagarriak, etab. zure txukuntasunerako.

6. Zerbitzua erabiltzen duenak, aterpetxean sartzean, ohea jantziko du ematen zaizkion mihise eta mantekin. Erabilitako mihise, toallak-eta gela bakoitzean horretarako dauden kuboetara botako dira erabili ondoan.

7. Gauaz eta goizean erabiltzen diren tresna guztiak (edalontziak, platerak, mahai-tresnak, etab.... ontzi garbigailuan utziko dira

8. Zerbitzuaren funtzionamendu egokirako, beharrezkoa da gauza guztiak aurkitu bezala uztea: gelak, sukaldeak, komunak, dutxak...

9. Ez da aizu inolako armarik sartzea, ezta tresna zorrotzik ere, hala nola ganibetak, makilak, bihurkinak, etab.

II. ERANSKINA

Konpromisoaren fitxa

Zerbitzu hau erabili ahal izateko beharrezkoa da ondotik ematen diren konpromisoak jakin eta onartzea. Horietako edozein ez betetzeak zerbitzua erabiltzetik gelditzea ekar dezake.

Konpromiso hauek hartzen ditut:

_Etxean inolako drogarik ez sartzea, ezta barrenean kontsumitzea ere (tabakoa salbu).

_Bortizkeria gorputzezko nahiz hitzezkoaren erabilpena saihestea eta, aldiz, elkarrizketa bidezko konponbideak bilatzera saiatzea gatazketarako.

_Etxean tresna zorrotzik ez armarik ez sartzea, ezta horiek erabiltzea ere zerbitzuaren barrenean.

_Zerbitzuaren funtzionamendu egokian laguntzea, eta nire jarrerarekin harremanak eta bizikidetza bultzatzea.

_Etxeko mantentze eta garbiketa lanetan laguntzea:

1._Baxera ontzi-garbigailuan sartzea.

2._Mahaia garbitzea.

3._Ohea jantzi eta eranztea eta mihiseak kuboan sartzea.

4._Norberaren gauzak takillan gordetzea, mahaitxoa libre utzita.

_Gutienez ere astean bitan dutxatzea.

_Geletan ez erretzea.

_Ezarritako arauak errespetatzea eta betetzea.

_Kontratua ez betetzeagatik lan taldeak hartzen dituen erabakiak bere gain hartzea.

Ordainean, lan aldeak konpromisoa hartu du banan banako laguntza emateko, beharrezkoak izan litezkeen zerbitzu guztiak eginez.

"Estalpean" zerbitzuko profesionalen lan taldeak ez du erantzukizunik izanen erabiltzaileen gauza baliotsuren bat galduz gero, lehenago gordailuan eman ez bazaie.

Sinadura, lan taldearen izenean Sinadura, interesatuarena

Iruñean, ...........(e)ko..............aren .....(e)an.

Iragarkiaren kodea: L0520284