136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

MENDIGORRIA

Behin betikoz onetsirik Gasaren sareari lotzeko tasa arautzen duen ordenantza

Mendigorriko Udalak, 2005eko ekainaren 23an egin osoko bilkura arruntean, Gasaren sareari lotzeko tasa arautzen duen ordenantza onetsi zuen.

Espedientea jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, erreklamazioak eta iradokizunak aurkezteko. Bakarrik ere aurkeztu ez denez, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da behin betikoz onetsitako ordenantza.

Mendigorrian, 2005eko irailaren 27an._Alkate udalburua, Jesús María Azcoiti Narvaiz.

MENDIGORRIKO GASAREN SAREARI LOTZEKO TASA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

Mendigorriko Udalak, 1997tik hona, gasbidea pasatzeko obrak egin ditu, zenbait karrikatako obra zibilean: Verdura, Martín Salvador, Carretera de Larraga, Julián María Espinal, Navarrería, Santa María, San Pedro, Las Parras.

Obra horiek finantzatzeko, interesatuek beren izenak eman zituzten Herriko Etxean eta 96.000 pezeta, erran nahi baita, 576,97 euro ordaintzeko konpromisoa hartu zuten.

Tasa kobratzeko Udalak zenbatekoa ezartzeko behar diren erabakiak hartu ditu, baita horiek berritu ere Mendigorriko Udalaren tasak onesteko hurrengo erabaki eta iragarkietan. Azkena, 2004ko 131. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 1ean.

Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatuari jarraikiz, onesten da gasaren sareari lotzeko tasa, 100.4 artikuluan aurreikusten diren kasuetan oinarriturik:

k) Toki entitateko eremu publiko edo jabari publikoko bertzelako lurretan edo haien hegalkinean kokatuta dauden hariak, hodiak eta galeriak, argi indarra, ura, gasa edo bertze edozein fluido eramateko, barne direla lineetarako zutoinak, kableak, horma-besoak, loturarako, banaketarako edo erregistrorako kaxak, transformadoreak, burni-barrak, baskulak, eta salmenta automatikorako tresnak eta gisakoak.

Baita 5.ean ere: t) Uraren, gasaren eta argindarraren banaketa, baita bertzelako hornidura publikoak ere, barne direla lineak lotzeko eta kontagailuak eta gisako muntadurak erabiltzeko eskubideak, toki entitateek ematen dituztenean zerbitzu edo hornidura horiek.

Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 13. artikuluari jarraikiz, ordainarazpen guztiei baitagokie:

13. artikulua.

1. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen Bederatzigarren Tituluko Lehen Kapituluaren 3. saileko xedapenekin bat eginen dira ordenantzak, eta ondoko zenbakietan adierazten diren ezaugarriekin.

2. Ordenantza fiskalek hau izanen dute gutienez:

a) Hauen zehaztapena: zergapeko egintza, subjektu pasiboa, erantzuleak, salbuespenak, murriztapenak eta hobariak, zerga-oinarria eta likidazio-oinarria, karga-tasa edo tributu-kuota, zergaldia eta ordainarazpena.

b) Aitorpena eta dirusarrerak egiteko araubideak.

c) Onesteko eta aplikatzen hasteko datak.

3. Ordenantza fiskalak onesteko erabakiak horiei dagozkien tributuak ezartzeko erabakiekin batean hartu beharko dira.

4. Ordenantza horietan aldaketak egiteko erabakiek hauek izan behar dituzte: ukitutako arauen idazketa berria eta haiek onesteko eta aplikatzen hasteko datak.

5. Ordenantza fiskalen eta haien aldaketen onespena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarriko da eta haien edukia, publikoa izanen denez, Ordenantza Fiskalen Erregistroari jakinaraziko zaio, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osotara edo partez argitaratzea deusetan ukatu gabe.

Horrenbertzez artikulatu da Mendigorriko gasaren sareari lotzeko tasa arautzen duen ordenantza:

1. artikulua. Zergapeko egintza.

Ordainarazpen honen zergapeko egintza eskaria da gasaren sareari lotzeko, Mendigorriko Udalak haren obra zibila egin baitu. Sareari behar diren eskaria eta baimena gabe lotzea ere zergapeko egintza da.

2. artikulua. Subjektuak.

Bizitegiaren edo lokalaren titular nahiz erabiltzaile gisa gasaren sareari lotzeko eskatzen duen pertsona izanen da tasaren zergaduna. Gauza bera gertatuko da lotura ez eskaririk ez baimenik gabe egiten bada ere.

Zergadunaren ordezkoa, lehen-lehenik, bizitegiaren edo lokalaren jabea izanen da, bigarrenik erabiltzailea eta hirugarrenik etxegilea edo sustatzailea. Denak izanen dira zorraren erantzule solidarioak.

3. artikulua. Salbuespenak.

TAFLaren 103. artikulua.

Tasen ordainketan ez da bertze salbuespenik onartuko ezi eta Foru Lege honen borzgarren eta seigarren xedapen gehigarrietan ezarriak Foru Komunitateko administrazioaren, mankomunitateen, batasunen eta beraiek sorturiko entitate juridikoen alde aipatu aginduetan aurreikusitako kasuetan.

1012. artikulua. Administrazio publikoak ez daude behartuak tasak ordaintzera jabari publikoaren erabilera pribatiboagatik edo aprobetxamendu bereziagatik, aprobetxamenduak baldin badira ustiapena zuzenean egiten duten komunikazioetako zerbitzu publikoek edo herritarren segurtasunari edo defentsa nazionalari berez-berez dagozkienek eginak. (Martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legeak aldatuak).

4. artikulua. Kuota bakarra.

Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 105.3 artikuluri jarraikiz, kuota bakarra ezarri da, zerga-oinarririk edo likidazio oinarririk gabe, 96.000 pezeta edo 576,97 eurokoa.

5. artikulua. Zergaldia.

Hiru hilabete izanen da eskatzen eta baimentzen denetik edo gasaren sareari lotzen denetik.

6. artikulua. Sortzapena.

Tasa interesatuak baimena eskatzen eta hartzen den unean sortuko da edo, bertzenaz, gasarearen sareari lotzen denean.

Ordaintzeko epea hogeita hamar egun baliodun izanen da, sortzapenetik hasita.

Iragarkiaren kodea: L0519613