136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

855/2005 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, San Adriango "Colepccl Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 83/2005).

Ikusirik San Adriango "Colepccl Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua (espediente zenbakia: 83/2005), negoziazio batzordeak sinatua.

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko irailaren 29an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 38 artikuluz, 1 xedapen gehigarriz, 2 xedapen iragankorrez eta 1 eranskinez (2005erako lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (UGT, CC.OO. eta USO) 2005eko uztailaren 21ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. San Adriango "Colepccl Navarra, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea (kodea: 3108202), Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko urriaren 5ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

COLEPCCL NAVARRA, S.A. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Hitzarmen honen helburua da ColepCCL Navarra, Sociedad Anónima enpresaren eta hartan sartutako langileen arteko lan baldintzak arautzea.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

Hitzarmen honetan biltzen diren arauek ColepCCL Navarra, S.A. enpresako langileen eskubideak eta betebeharrak erregulatuko dituzte.

Hitzarmen honetatik at gelditu dira, enpresan kontseilari edo goi mailako zuzendaritzaren karguetan aritzen diren langileak.

3. artikulua. Iraunaldia.

Hitzarmenak, aldizkari ofizialetan argitaratzeko eguna edozein dela ere, onesten den egunean hartuko du indarra eta 2007ko abenduaren 31 arte iraunen du. Baldintza ekonomikoek, aldiz, 2005eko urtarrilaren 1etik aitzina hartuko dute indarra.

Hitzarmen honen bukaera iragarritzat joko da, berez, indarraldia amaitu baino hiru hilabete lehenago, baina arauok aplikatuko dira beste hitzarmen batek ordezten dituen arte.

4. artikulua. Osotasunarekiko lotura.

Hitzarmen honetako baldintzek multzo organiko eta zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira, eta aldeek beteko dituzte hitzarmenaren osotasunari lotetsirik.

Lan arloko agintaritzak edo jurisdikzioak, euren eskumenen erabileran, hitzarmen honetako klausularen bat onartu ez edo ezabatzen baldin badute, aldeetako batek espresuki eskatuz gero, hitzarmena berriz ikusi eta aztertu beharko da oso-osorik.

5. artikulua. Legeria osagarria.

Hitzarmen honek arautzen ez dituen kasuetan arau-hutsunerik izan ez dadin, Langileen Estatutua eta aplikagarri diren eta indarra duten gainerako legezko eta erregelamenduzko xedapenak aplikatuko dira.

6. artikulua. Irenspena.

Hitzarmen honetako lansariek indarra hartu aurreko guztiak konpentsatu eta irentsiko dituzte, haien jatorria legean izan, jurisprudentzian izan, goragoko mailako hitzarmenean izan, edozein itunetan izan, banakako kontratuetan izan, enpresaren oparietan izan, bertako ohituretan izan edo beste edozeinetan izan.

Gero batean, ezarpen orokorreko legezko xedapenak ezartzearen ondorioz, ordainsari guztietan edo batzuetan gertatzen ahal diren gehikuntzek hitzarmen honetan itundutako baldintzak gainditzen dituztenean bakar-bakarrik ukituko dituzte, urteko konputuan eta multzoan hartuta.

Gainerakoan, hitzarmen honetako baldintzek irentsi eta konpentsatu eginen dituzte, hitzarmenak bere horretan segituko du eta kontzeptuetan, moduluetan eta ordainsarietan ez da aldaketarik gertatuko.

7. artikulua. Batzorde misto paritarioa.

Batzorde paritarioa sortu da eta alderdi sinatzaileek bina kide izanen dituzte. Aholkulariak ere izaten ahal dituzte. Batzorde paritarioaren helbidea enpresarena berarena izanen da.

Eginkizun hauek beteko ditu: hitzarmen kolektiboaren interpretazioa eta hura betetzen dela begiratzea.

Batzordde paritarioa bi aldeetako batek eskaturik bilduko da, bere eskumenen barneko gaiak jorratzeko, deialdi idatzia egin eta hurrengo hogei egun naturaletan, gehienez ere. Bilera guztietan akta eginen da.

II. KAPITULUA

Antolaketa arauak

8. artikulua. Lanaren antolaketa.

Lanaren antolaketa eta arrazionalizazioa enpresako zuzendaritzaren zeregina izanen da, indarra duten legezko xedapenekin eta enpresaren barne araudiarekin bat.

Aurrekoa deusetan ukitu gabe, langileen ordezkariek proposatu, orientatu bai eta aholku eman ere egiten ahal dute, lanaren antolaketari eta arrazionalizazioari dagokienez.

Bi aldeek agintzen dute, bai eta helburutzat hartu ere, instalazioen erabileraren optimizazioa, denbora ez galtzea eta, hortaz, produktibitate handiagoa lortzea. Horretarako, lanaren antolaketa sistemak kontuan hartuko du:

a) Adarrak jotzen duelarik, langileek euren lanpostuetan egon beharko dute.

b) Atsedenaldietarako (otartekoa, segurtasun eta higienea, etab.), lankideen arteko txandak eta errotazioak jartzen ahalko dira lanpostua betea egon dadin edo, bestela, geldialdi horiek noiz egin adostuko da.

c) Lanpostutik ezin lekutu da behin ere, non eta betetzen ez den behar den bezala, ezarritako moduan. Txanda aldatzean, ateratzen den lagileak "lekukoa" emanen dio sartzen denari eta gorabeherarik balego, haien berri emanen ere.

d) Produkzio zikloa bukatzen duen txanda amaitzean, instalazioak adarrak jotzen duelarik itzaliko dira.

e) Produkzio sistema behar den bezala dabilela bermatzeko, lan talde bakoitzean honako hauek finkatuko dira:

_Garbiketa, koipeztaketa eta mantentze lanak egiteko modua, maiztasuna eta momentua.

_Laneko orriak eta gainerako kontrolak eta estatistikak betetzeko prozedura.

_Kalitate onargarria.

III. KAPITULUA

Lanaldia, oporrak eta baimenak

9. artikulua. Lanaldia.

Hitzarmen honetako langile guztiendako lanaldia, urtean, 1.752 lanordukoa izanen da.

Lan egutegia eta lanorduak finkatzea enpresako zuzendaritzaren eskumena izanen da.

Enpresak, aurrez behar den denboraz jakinarazi ondotik, lanaldi aldagarria paratzen ahal du urteko sasoietan dagoen lan kontzentrazioaren arabera. Eguneko lanaldi txikiena ez da zazpi ordu baino gutxiagokoa izanen eta luzeena hamar ordu baino handiagokoa. Lanaldi aldagarri horrek ez du lehenbiziko idatz-zatian adierazi den urteko lanordu kopuruan aldaketarik ekarriko. Lanaldi malgutasun hori ez da, urtean, hiruretan hogeita hamabi ordu baino gehiagokoa izanen.

10. artikulua. Lan egutegia.

Enpresako zuzendaritzak, langileen ordezkariei kontsulta egindakoan, lan egutegia prestatuko du, baldintza hauek kontuan harturik:

a) Egutegiak ezarri behar ditu ahalik eta lanegun gehienak enpresa irekia egoteko, finkatu behar diren oporraldiak, taldekakoak edo banakakoak, deusetan ukitu gabe.

b) Jaiegunetakoren bat, herrikoak nagusiki, aldatzen ahalko da eta haren partez pertsona kopuru handiago batendako egokiagoa izan daitekeen beste bat hartu.

c) Enpresako egutegia produktibitate handieneko aldietara moldatu behar da, ahalik eta egokituena, eskatzaileei ahal den zerbitzurik onena eman ahal izateko.

d) Urtero, enpresak eguneko lanaldia hasteko eta/edo bukatzeko orduak finkatzen ahalko ditu, urterako ezarri den egutegiaren arabera.

Beraz, aurrekoari jarraikiz, egutegi batek "egun motak" agertuko ditu (hurrengo artikuluan azaltzen da nolakoak diren) eta beste batek, edo batzuek, oporrak, taldekakoak edo banakakoak, baldin balego.

11. artikulua. Egun motak.

Oporrei eta ordainsariei dagokienez, hurrengo artikuluak hobeki ulertu ahal izateko, hona hemen definizioak:

1. Egun naturalak: urteko hirurehun eta hiruretan hogeita bost egunak dira, bisurteen kasuan izan ezik, hirurehun eta hiruretan hogeita sei egun baitira.

2. Jaiegunak (baliogabeak): Espainiar Estaturako, Nafarroako Foru Komunitaterako eta San Adrian herrirako legeriak paratutako nazioaren, erkidegoaren eta herriaren mailako jaiegunak

3. Lanegunak: jaiegun ofizialak ez diren urteko gainerako egunak.

4. Lanegun baliodunak: enpresako egutegian lanegun gisa adierazitakoak, aginte eskudunak emandako kalifikazioa edozein dela ere.

5. Egun bakanteak: ez dira jaiegunak ez eta opor egunak ere. Lanegunak dira baina, lanegunak urteko kontuan egokitzeko, baliogabeak utzi dira.

6. Opor egunak: ikusi hurrengo artikulua.

12. artikulua. Oporrak.

Langile guztiek, taldea, kategoria edo antzinatasuna edozein direla ere, urtean hogeita hamar egun naturaleko oporraldi ordaindua izanen dute, hau da, oporren egutegia egiteari dagokionez, 11. artikuluan emandako definizioaren arabera 21 lanegunez. Enpresak ahalmena du, produkzioaren beharrak direla eta, oporrak hartzeko egunak seinalatzeko.

Hamalau egun natural, bederen, jarraian eta etenaldirik gabe hartuko dira ekainaren 1etik irailaren 30erainoko tartean. Mantentze lanetako langileek eta enpresaren jarduera gutxitzen denean beharrezkoak diren langileek banan-banan hitzartuko dute enpresarekin oporraldia noiz izan.

Oporren sasoian jarduera gutxitzen den lan eremuetan, bertako langileek, nahitaez, oporrak hartu beharko dituzte aldi horietan, eta, lan egutegia negoziatzean, zenbait egun gordetzen ahalko dituzte interesatuek nahi dutenean hartzeko, arautegi orokorretik atera gabe. Eremu bakoitzean finkatuko da taldeko edo jarduerako gehienez ere zenbat pertsonak hartzen ahal dituzten oporrak batera. Eskaeren data errespetatuko da eta, gutxienez, oporrak hartu baino hamabost egun natural lehenago eskatu beharko dira.

Beste lan eremuetan, zerbitzuaren beharrek hala uzten badute, langileak zatika hartzen ahalko ditu oporrak, enpresarekin adostu ondoren.

Urtean zehar sartzen diren langileek, urtea bukatu aurretik, emandako zerbitzuen arabera dagokien oporren zati proportzionala hartuko dute.

Oporrak edo egun baliogabeak direla medio, lantokia ixten baldin bada, enpresako zuzendaritzak tarte horietan egin beharreko obrak, enpresa lanak, mantentze lanak, bezeroarendako arreta-zerbitzuak, etab. eginen dituzten langileak izendatzen ahalko ditu, urteko oporrak noiz eta nola hartu banan-banan zehazturik, bakoitzari komeni zaion moduan.

13. artikulua. Aparteko orduak - Kontzeptua.

Aparteko orduak urteko lanaldiaz gainerako lanorduak dira.

Langileak bere borondatez sartuko ditu aparteko orduak. Hala ere, ezinbesteko kasuetan derrigorrez egin beharko dira, hau da, ezbeharrak aurreikusteagatik, ohiz kanpoko kalteengatik edo gaiak zein produktuak galtzeko arriskuagatik eta egituretan egin beharreko premiazko konponketengatik.

Aparteko orduak balio bereko atsedenaldiarekin konpentsatuko dira, enpresaren produkzio prozesua oztopatu gabe betiere. Enpresako zuzendaritzarekin ados egon ondotik, aparteko orduak zortzinaka metatzen ahal dira, kopentsazioko atseden egun batekin trukatzeko.

14. artikulua. Baimenak.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileak, aldez aurretik gaztigatu eta justifikaturik, lanetik ateratzen ahalko dira ondoko kasu hauetan:

a) Baimen ordainduak (horietarako bide eman duen gertaera gertatzen den egunetik):

1. Ezkontza: hamabost egun natural.

2. Seme-alaben, gurasoen eta anai-arreben (odolkideen nahiz ezkontza bidezkoen) ezkontza: egun natural bat.

3. Ohiko bizilekua aldatzeko: egun natural bat.

4. Seme-alaben jaiotza: hiru egun natural.

Eskatzaileak bere bizitokitik 200 kilometroko edo gehiagoko bidaia (joan eta etorri) egin behar duenean, egun bat gehiago emanen zaio.

5. Ezkontidearen, gurasoen, seme-alaben, aitatxi-amatxien, iloben eta anai-arreben (odolkideen nahiz ezkontza bidezkoen) heriotza: hiru egun natural.

Eskatzaileak bere bizitokitik 200 kilometroko edo gehiagoko bidaia (joan eta etorri) egin behar duenean, egun bat gehiago emanen zaio.

6. Bi ezkontideen gurasoen, ezkontidearen, seme-alaben, anai-arreben eta aitatxi-amatxien (odolkideen nahiz ezkontza bidezkoen) eritasun larria edo ebakuntza kirurgikoa, anestesia orokor nahiz epiduralarekin: hiru egun natural.

Eskatzaileak bere bizitokitik 200 kilometroko edo gehiagoko bidaia (joan eta etorri) egin behar duenean, egun bat gehiago emanen zaio. Betiere, Lizarrara, Logroñora eta Iruñera joan behar denean, 200 kilometro baino gehiagoko bidaia balitz bezala kontsideratuko da.

Baimen honen erabilera zuzena egiaztagirien bidez justifikatu beharko da.

Bi aldeen arteko akordioa baldin badago, baimen hori luzatzen ahal da, ordainsaririk gabe, behar den denboran, kasu bakoitzaren ezaugarriak aztertu ondotik.

7. Langilea medikuntza orokorreko kontsultetara joan beharra: beharrezkoa den denbora.

8. Langileak 16 urtetik beheitiko seme-alabak medikuntza orokorreko edo pediatriako kontsultetara eramatea: hogeita lau ordu urtean.

9. Norberaren eginbehar publiko saihestezin bat egiteko: horretarako behar duen denbora.

Goian aipatu den eginbehar hori betetzeagatik hiru hilabeteko tartean lanorduetako ehuneko hogei baino gehiagotan ezin izan bada egin beharreko lana bete, enpresak eszedentzia egoerara pasa dezake langilea, Langileen Estatutuaren 46. artikuluaren 1. idatz-zatian arautu bezala.

Langile batek, eginbeharra betetzeagatik edo karguan jardun beharragatik, kalte-ordaina kobratzen badu, diru kopuru horixe deskontatuko zaio enpresak ordaindu ohi dion soldatatik.

Ezarritako kasu guztietan, enpresak egiaztagiriak eskatzen ahal ditu eta, aurkeztu ezean, lanean egon ez den denborari dagozkion eskubide ekonomiko guztiak galduko dira. Baimena, horretarako bide eman duen gertaera gertatu den egunetik kontatuko da.

b) Ordaindu gabeko baimenak

Hirugarren graduko odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren kasuetan, langileak egun bateko baimena, ordainsaririk gabea, hartzeko eskubidea izanen du. Enpresak, aldiz, eskubidea izanen du baimena egiaztagiriekin justifikatzea eskatzeko.

Lanaren antolaketak hala uzten badu eta aurrez behar den denboraz eskatzen bada, iraupen laburreko baimenak ematen ahalko dira norberaren zeregin saihestezinak egiteko.

IV. KAPITULUA

Baldintza ekonomikoak

15. artikulua. Soldata ordaintzea.

Hilabetean kobratu behar diren ordainsari guztiak enpresak hilabetea bukatutakoan ordainduko ditu, hurrengo hilabeteko lehenbiziko hiru egun balionunetan beranduenez. Egun horretarako enpresak bankuko transferentzia egin baldin badu, epea errespetatu dela ulertuko da, nahiz langileak ez izan abonua bere kontu korrontean.

16. artikulua. Oinarrizko soldata.

Hitzarmen honen eraginpeko langileen oinarrizko soldata I. eranskineko taulan zehaztua dago lan kategoria bakoitzerako.

17. artikulua. Antzinatasuna.

Langileek antzinatasun osagarria jasoko dute enpresan emandako bosturteko bakoitzeko, gehienez ere bost bosturteko, eta oinarrizko soldatari ehuneko 5 aplikatuko zaio zenbatekoa zein den jakiteko.

Bosturtekoak enpresan emandako zerbitzuen denboraren arabera zenbatuko dira, eta bosturtekoa betetzen den hilabetean hasiko da hura kobratzen.

18. artikulua. Laneratze eta puntualtasun plusa.

Enpresak hilabetero ordainduko du laneratze eta puntualtasun plusa, lan kategoriaren oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren ehuneko 10ekoa izanen dena.

Plus hau asteka kontatuko da eta hura jasotzeko eskubidea izanen du tarte horretan laneratzean eta puntualtasunean hutsik egin ez duenak.

19. artikulua. Irabazietako partearen plusa.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langileek eskubidea izanen dute irabazietan parte hartzeko. Hilabetero jasoko dute eta oinarrizko soldataren eta antzinatasunaren ehuneko 10ekoa izanen da.

20. artikulua. Pizgarri gabeziaren plusa.

Pizgarri gabeziaren plusaren gainean Sektorearen Estatuko Hitzarmenean hartzen diren erabakiei lotuko zaie artikulu hau.

Plus hori ezartzeak ekarriko duen euro zenbatekoa enpresak ezarriak dituen borondatezko hobekuntza edo eskersariekin konpentsatu eta irentsiko da betiere, ahal den neurrian.

21. artikulua. Aparteko orduak - Kobrantza.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztien aparteko orduen diru zenbatekoa eranskinaren taulan finkatuko da lan kategoria bakoitzaren arabera.

22. artikulua. Aparteko eskersariak.

Hitzarmen honek ukitzen dituen langile guztiek aparteko bi eskersari jasoko dituzte, bakoitza hogeita hamar egunekoa, oinarrizko soldataren, antzinatasunaren eta irabazietako partearen gainean kalkulatua. Lehenbizikoa urtarrilaren 1etik ekainaren 30erako tartean sortuko da eta ekainaren 24an ordainduko da eta bigarrena uztailaren 1etik abenduaren 31rako tartean sortu eta abenduaren 22an ordainduko da.

23. artikulua. Dietak.

Langileak enpresaren kontura kanpora joan behar baldin badu, enpresak dieta osoa edo dieta erdia ordainduko dio langileari, eranskinaren taulan agertzen diren diru zenbatekoen arabera. Enpresa eta langilea ados jartzen baldin badira, izandako gastua jasotzen ahalko da dietaren ordez, gastuen frogagiriak aurkeztu eta ondoan.

24. artikulua. Kilometrajea norberaren ibilgailua erabiltzeagatik.

Enpresaren zerbitzuaren beharretan langileak bere ibilgailua erabili behar baldin badu, enpresak kilometroko ordainduko dio eranskinaren taulan adierazten den diru zenbatekoa.

V. KAPITULUA

Hobekuntza sozialak

25. artikulua. Erretiro saria.

1967ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko kotizazioa frogatzen ahal duten langileek, enpresan altan egon eta hamar urtetan bederen horrela eman, eta erretiroa 60 urte bete ondotik eta 64 bete bitartean hartzen baldin badute, konpentsazio ekonomikoa jasoko dute zerbitzuan emandako urte kopuruaren eta erretiroa hartzeko adinaren araberakoa, eranskinaren taulan adierazten den bezala.

26. artikulua. Eskolarako laguntza.

Langileek lau eta hamasei urte bitarteko seme-alaba bakoitzeko, eskolarako laguntza gisa, eranskinaren taulan adierazten diren diru zenbatekoak jasoko dituzte.

Sema-alaba bakoitzarendako eskolarako laguntza hilabeteko bederatzi ordainketan, diru zenbateko berdinekoak, emanen da ikasturte bakoitzeko urritik ekainera bitarte, biak barne.

Laguntza langilearen semeak edo alabak lau urte betetzen dituen urte naturalean hasten den ikasturtean sortzen da eta hamasei urte betetzen dituen urte naturalean bukatzen den ikasturtean amaituko da.

Laguntza hori jaso ahal izateko, seme-alabak beren kargura dauzkaten onuradunek ikasturteko eskolatzearen matrikularen frogagiria edo ziurtagiria aurkeztu beharko dute, bai eta ikaslearekin dagoen lotura adierazten den agiria (Familia Liburua, etab.).

Enpresak, bere artxiboak eguneratuak izatearren, informazio hori eskatzen ahalko die langileei ikasturte bakoitzaren hasmentan.

Seme-alaben gurasoak, biak, enpresako plantillakoak izanez gero, laguntza haietako bakar batek, beren aukeran, jasoko du.

27. artikulua. Minusbaliatuendako laguntzak.

Administrazio eskudunak onartutako seme-alaba minusbaliaturik beren kargura daukaten langileek enpresaren laguntza, hilabeterokoa, jasoko dute ondoko eranskinaren taulan adierazten den bezala. Laguntza hori jasoko da langileak Gizarte Segurantzak indarrean dituen arauetan seme-alaba minusbaliatuendako ezarritako prestazioak hartzeko eskubidea baldin badu soilik.

28. artikulua. Aldi baterako ezintasuna (ABE).

Eritasun arrunten kasuan, eta ospitaleratu beharrik bada eta hark iraun bitartean, bajaren lehenbiziko hiru egunak kendurik langilearen kontura izanen baitira, enpresak prestazio ekonomikoak eguneroko kotizazio oinarriaren ehuneko ehuneraino osatuko ditu. Beste ABEetan, legean ezarritakoa mantenduko da.

Lanaldian gertatutako lan istripuek, produkzio zentroaren barrenean zein kanpoan izan, eragiten dituzten ABEen kasuan, enpresak eguneko oinarri arautzailearen ehuneko ehuneraino osatuko ditu prestazio ekonomikoak 2005., 2006. eta 2007. urteetan.

VI. KAPITULUA

Laneko segurtasuna eta osasuna

29. artikulua. Laneko segurtasuna eta osasuna.

Enpresak eta langileek beren gain hartuko dituzte segurtasunaren eta osasunaren arloetan elkarrekiko eskubide eta betebeharrak, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 10eko 31/1995 Legeak eta hura garatzen duten arauek ezartzen dutenari jarraikiz.

30. artikulua. Laneko arropa.

Enpresak fabrikako eta biltegiko langileei laneko bi jantzi-joko egoki emanen dizkie, zereginak bete ditzaten.

VII. KAPITULUA

Diziplina araubidea

31. artikulua. Hutsegiteak eta zehapenak.

Enpresak zilegi du langileek egiten dituzten egintza edo ez-egite zigorgarriak zehatzea, testu honetan ezartzen diren hutsegite eta zehapenen mailaketaren arabera betiere.

32. artikulua. Hutsegiteen sailkapena.

Langileak eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen garrantzia: arina, larria edo oso larria.

33. artikulua. Hutsegite arinak.

Honako hauek hutsegite arinak dira:

1. Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz gehienez hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.

2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.

3. Lanera joanen ez dela ez jakinaraztea, aurretiaz edo, bidezkoa denean, hurrengo 24 orduen barrenean, hori egiteko ezintasuna egiaztatzen denean izan ezik.

4. Lanpostua abandonatzea horretarako arrazoirik gabe eta kalte nabaririk sortu gabe.

5. Laneko ekipoak eta materialak zaindu eta mantentzeko akats arinak.

6. Enpresaren bezeroak edo hornitzaileak adeitasunez eta arretaz ez hartzea.

7. Bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea enpresari, horrek lankideei edo enpresari kalterik edo arazorik ekartzen badie.

8. Lankide, bezero edo hornitzaileekin eztabaida izatea lanaldi barrenean.

9. Norbere garbitasun edo txukuntasunik eza.

10. Laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegietan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, langileen osasunerako edo integritate fisikorako ondorio larririk ez badakar, betiere.

11. Langilearen familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan edo Zerga Administrazioan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian.

12. Beren eginkizunetan ari diren nagusiek emandako aginduei jaramonik ez egitea, horrek enpresari kalterik edo pertsonei eta gauzei arriskurik ekartzen ez badie.

13. Ohiko lanaldiaren barnean egiten diren prestakuntza ikastaro teoriko edo praktikoetara ez joatea, bidezko arrazoirik izan gabe.

34. artikulua. Hutsegite larriak.

Hutsegite larriak honako hauek dira:

1. Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik ateratzean, hiru aldiz baino gehiagotan hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.

2. Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea bi egunetik hiru egunera, hilabete baten barnean. Hutsegite bakar bat nahikoa izanen da lankide bati erreleboa hartu behar dionean edo enpresari kalte nabaria egiten zaionean.

3. Lanpostutik alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, eta enpresari nolabaiteko kaltea eragiten baldin bazaio.

4. Lanorduetan jolasean edo denbora pasa ibiltzea, behin eta berriz eta laneko martxa kaltetuz.

5. Laneko edozein gaitan goragokoen esanak ez betetzea.

6. Beste langile baten laneratzea simulatzea, haren ordez sinatuz edo fitxatuz.

7. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan, baina, horren ondorioz, pertsonengan edo gauzetan kalte larririk sortu gabe.

8. Zuhurtziagabekeria lanean.

9. Enpresaren baimenik gabe, lan partikularrak egitea lanorduetan, bai eta enpresako tresnak, erremintak, makinak edo ibilgailuak norberarentzako edo beste batentzako erabiltzea, lanorduetatik kanpo bada ere.

10. Enpresaren hornidurak edo materiala zaintzerakoan arreta gabezia handia.

11. Beste langileekin eztabaidan aritzea, enpresakoa ez den jendearen aurrean edo jendearengana hotsa iristeko moduan.

12. Laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegietan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, langileen segurtasun eta osasunerako kalte larriak izateko arriskua badakar, betiere.

13. Hutsegite arinak egitea behin eta berriz, mota desberdinetakoak izanik ere, hiru hilabetean, aurretik zehapena egin denean.

14. Mozkorturik egotea edo sorgorkariak hartu izana, eguneko lanaldian eta lanpostuan, behin bakarrik nabarmendu bada ere.

15. Jarraian eta ohitura gisa, norberaren garbitasun edo txukuntasunik ez izatea, lankideengan arrazoizko arrenkura sorrarazten duenean.

35. artikulua. Hutsegite oso larriak.

Hutsegite oso larriak honako hauek dira:

1. Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hamar aldiz baino gehiagotan sei hilabetetan, edo hogei aldiz baino gehiagotan urtebetean.

2. Lana hiru egun jarraian huts egitea, edo bost egun tartekatutan hilabete batean.

3. Zerbitzutik edo lanpostutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe denbora gutxirako bada ere, baldin eta horrela enpresari edo lankideei kalte handi samarra ekartzen bazaie, segurtasuna arriskuan jartzen bada edo istripuren bat eragiten bada.

4. Zerga kontuan edo Gizarte Segurantzan eragina izan dezaketen datuak maltzurkeriaz faltseatzea edo ez aipatzea.

5. Agindutako kudeaketan iruzur, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari edo edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresaren lantokietan edo, lanean ari dela, beste edozein lekutan.

6. Eritasuna edo istripua simulatzea. Langilea bajan egonik bere zein besteren kontura edozein lanetan aritzea ere hutsegitetzat joko da. Halaber hutsegite oso larritzat joko da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

7. Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea.

8. Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.

9. Ohiko edota itundutako errendimendua nahita eta luzaroan gutxitzea.

10. Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu falta agertzea goragokoei edo haien senideei, baita lankideei eta enpresaren hornitzaile eta bezeroei ere.

11. Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan, baina, horren ondorioz, enpresan, pertsonengan edo gauzetan kalte larriak sortuz.

12. Enpresaren material, lanabes, tresna, makineria, aparatu, instalazio, eraikin, altzari eta dokumentuak desagerrarazi, hondatu, suntsitu edo haustea.

13. Langileen sexu askatasunaren kontrako edozein eraso, hala nola ahoz zein egitez iraintzea eta pertsonen intimitatea edo duintasuna ez errespetatzea.

14. Lanaldian eta norberaren lanpostuan mozkortuta edo drogatuta ohiz ibiltzea.

15. Laneko arriskuei aurrea hartzeko arautegietan ezarritako eginbeharrak ez betetzea, langileen segurtasun eta osasunerako kalte larriak izateko arriskua badakar, betiere.

16. Hiruhileko berean hutsegite larri gehiago egitea, nahiz desberdinak izan, zehapena jaso badute.

17. Laneko edozein gaitan goragokoen esanak ez betetzea, diziplina hautsi dela nabarmen ikusten denean edota jokabide horrek enpresari edo pertsonei kalte nabaria sortzen dienean.

18. Zuhurtziagabekeria lanean, langilearendako edo lankideendako istripua izateko arriskua edo instalazioak hondatzeko arriskua baldin badakar.

36. artikulua. Zehapenen araubidea.

Enpresako zuzendaritzak du zehapenak jartzeko ahalmena, hitzarmen honetan ezarritakoari jarraikiz.

Zehapenak ezartzeko, lanaren arloko legerian ezarritako izapideak eginen dira.

37. artikulua. Gehieneko zehapenak.

Kasu bakoitzean gehieneko zehapen hauek jartzen ahal dira, kontuan hartuta egindako hutsegitearen larria:

a) Hutsegite arinengatik: kargu-hartze idatzia.

b) Hutsegite larriengatik: kargu-hartze idatzia eta bi egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriengatik: kargu-hartze idatzia, hogeita bat egunetik hiruretan hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia eta kaleratzea.

38. artikulua. Preskripzioa.

Graduaren arabera, hutsegiteak preskribatzeko epeak honakoak izanen dira:

_Hutsegite arinak: hamar egun.

_Hutsegite larriak: hogei egun.

_Hutsegite oso larriak: hiruretan hogei egun.

Hutsegiteen preskripzio epea enpresak gertaeren berri izaten duenean hasiko da kontatzen eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

LEHENBIZIKO KLAUSULA GEHIGARRIA

Lanbide sailkapena

Lanbide sailkapenari dagokionez, indarra izanen du Industria Metalgrafikoari buruzko 1971ko abenduaren 1eko Lan Ordenantza indargabetuaren I. eranskinean ezarritakoak.

LEHENBIZIKO XEDAPEN IRAGANKORRA

2001. urtean enpresak Kalagorrin (Errioxa) zeuzkan instalazioak itxi eta bertako langileak San Adriango (Nafarroa) zentrora eraman zituen. Hura zela medio, autobus zerbitzuaren ordez konpentsazio ekonomikoa emateko akordioa lortu zen. Konpentsazioaren diru zenbatekoa hitzarmen honen eranskinean agertzen da.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Lansarien igoerak 2005., 2006. eta 2007. urteetan

2005., 2006. eta 2007. urteetarako xedapen honek biltzen dituen igoerak hitzartu dira, ondoko kontzeptuen gainean:

A) Oinarrizko soldata eta aparteko orduak.

Kontzeptu horietarako 2005. urtean indarra izanen dute eranskinean biltzen diren taulek. Ehuneko 2,7ko igoera daukate 2004ko taulen gainean, 2005eko KPI errealaren gehi ehuneko 0,7ren kontura. 2005eko KPI erreala ezagutu eta gero, 2006ko lehenbiziko hilabeteetan igoera berrikusiko da KPI errealaren gehi 0,7ren eta ehuneko 2,7ren arteko aldea gehitzeko. Portzentaje horrek atzerako eragina izanen du, 2005eko urtarrilaren 1etik aplikatuko baita.

2006. eta 2007. urteetarako, 2005. eta 2006. urteetako taulek, hurrenez hurren, Gobernuak urte bakoitzerako aurreikusitako KPI gehi ehuneko 0,7ko igoera izanen dute, urte horietako KPI errealaren gehi ehuneko 0,7ren kontura. 2006ko eta 2007ko KPI erreala ezagutu eta gero, 2007ko eta 2008ko lehenbiziko hilabeteetan, hurrenez hurren, igoera berrikusiko da KPI errealaren gehi 0,7ren eta aurreikusitako KPIren eta ehuneko 0,7ren arteko aldea gehitzeko. Portzentaje horrek atzerako eragina izanen du, 2006ko eta 2007ko urtarrilaren 1etik aplikatuko baita.

B) Erretiro saria, eskolarako laguntza, minusbaliatuendako laguntzak eta autobusaren konpentsazioa.

2005. urterako diru zenbatekok 2004ko zenbatekoak gehi urte horretako KPI erreala biltzen dituzte.

2006. eta 2007. urteetako diru zenbatekoei, hurrenez hurren, 2005eko eta 2006ko KPI errealak gehituko zaizkie.

E R A N S K I N A

2005. urteko lansarien taula

IZANGAIAK ETA IKASTUNAK:

16 urtekoak 17,52 - 8.830,08 - -

17 urtekoak 18,78 - 9.465,12 - -

BEHARGINAK:

Bigarren mailako lanak 27,44 - 13.829,76 9,75 14,63

Peoia 28,29 - 14.258,16 9,83 14,75

2. mailako espezialista 28,85 - 14.540,40 10,05 15,08

1. mailako espezialista 29,43 - 14.832,72 10,32 15,48

3. mailako ofiziala 30,20 - 15.220,80 10,32 15,48

2. mailako ofiziala 32,07 - 16.163,28 11,21 16,82

1. mailako ofiziala 34,41 - 17.342,64 11,92 17,88

Sekzioko arduraduna 39,95 - 20.134,80 13,67 20,51

Langilezaina 29,94 - 15.089,76 10,32 15,48

Zaindaria, gauzaina, atez. 28,85 - 14.540,40 10,05 15,08

Biltegiko langilea, zerrenda

egilea 30,20 - 15.220,80 10,32 15,48

ADMINISTRAZIOKO LANGILEAK:

Telefonista - 842,64 13.987,82 9,96 14,94

Laguntzailea - 885,24 14.694,98 10,40 15,60

2. mailako ofiziala - 968,22 16.072,45 11,26 16,89

1. mailako ofiziala - 1.057,96 17.562,14 12,24 18,36

2. mailako burua - 1.224,32 20.323,71 13,91 20,87

1. mailako burua - 1.297,71 21.541,99 14,72 22,08

LANGILE TEKNIKOAK:

Maisu arduraduna. - 1.297,71 21.541,99 14,72 22,08

Antolaketako teknikaria - 1.057,96 17.562, 14 12,24 18,36

Gradu ertaineko tituluduna - 1.297,71 21.541,99 14,72 22,08

Goi graduko tituluduna - 1.532,29 25.436,01 17,13 25,70

Sorospenak eta laguntzak:

_Minusbaliatuendako laguntzak (hilabetekoa): 111,02 euro.

_Eskolarako laguntzak (hilabetekoa): 18,26 euro.

_Autobusaren konpentsazioko plusa (urtekoa): 542,11 euro.

Dietak eta norberaren ibilgailurako kilometrajea:

_Dieta osoa: 38,05 euro.

_Dieta erdia: 19,03 euro.

_Norberaren ibilgailua erabiltzeko konpentsazioa (kilometroko): 0,21 euro.

64 urte 2.647,31 2.912,04 3.176,76 30441,49

63 urte 2.912,04 3.203,25 3.454,79 3.785,64

62 urte 3.176,76 3.494,43 3.812,12 4.129,80

61 urte 3.441,49 3.785,64 4.129,80 4.473,94

60 urte 3.706,23 4.076,84 4.447,47 4.818,09

Iragarkiaren kodea: F0520283