136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

515/2005 EBAZPENA, irailaren 14koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofiziala inskriba dadin eta haren estatutuak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzen duena.

Ikusirik Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak aurkezturiko inskripzio eskaria eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiaren txostena.

Kontuan izanik Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direla, bai eta lege hori garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduan ezarritakoak ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen azken xedapenetako lehenak ezarritakoaren arabera.

EBATZI DUT:

1. Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legearen lehenbiziko xedapen gehigarriaren babesean, Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofiziala Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari atxikitako Nafarroako Lanbide Elkargoen eta Elkargoen Kontseiluen Erregistroan 18 zenbakiarekin inskribatzea.

2. Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialaren estatutuak, eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

3. Ebazpen honen berri Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialari ematea eta ohartaraztea beronen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko duela, kontseilariari zuzendua, jakinarazpena egin eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluan eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeareb 114. eta 115. artikuluetan ezarritako moduan.

Iruñean, 2005eko irailaren 14an._Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

E R A N S K I N A

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialaren Estatutuak

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Izaera juridikoa.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofiziala zuzenbide publikoko korporazio bat da, ordezkaritza izaera duena, nortasun juridiko propioarekin eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoarekin.

2. artikulua. Osaera.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak bere baitan hartuko ditu Nafarroako Foru Komunitatean Gizarte Laneko Diplomadunen edo/eta Gizarte Laguntzako unibertsitateko titulazioa dutenak. Horiek nahitaezkoa dute Elkargo Ofizialean bazkide egitea euren lanbidean arituko badira.

3. artikulua. Lurralde eremua.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak Iruñeko udalerrian izanen du egoitza eta bere lurralde eremua Nafarroako Foru Komunitate osoa izanen da.

4. artikulua. Administrazioarekiko harremanak.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak zuzeneko harremanak izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoekin.

II. KAPITULUA

Elkargoaren helburuak eta eginkizunak

5. artikulua. Elkargoaren helburuak.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak funtsezko helburu hauek ditu: lanbide jardueraren antolamendua, lanbidearen ordezkaritza esklusiboa lurralde eremuan, lanbidearen printzipio juridikoak, etikoak eta deontologikoak zaintzea, elkargokideak etengabe prestatzea eta haien interes profesionalak defendatzea.

6. artikulua. Elkargoaren eginkizunak.

Nafarroako Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak ondorengo eginkizunak ditu bere lurralde eremuan:

a) Bere helburuak betetzeko legeek ezarritako ordezkaritza izatea.

b) Administrazio Publikoek esleitzen dizkien eginkizunak betetzea eta haiekin elkarlanean aritzea, horretarako azterlanak eginez, txostenak luzatuz, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin zerikusia duten beste jarduera batzuk, eskatzen ahal zaizkionak edo euren kabuz egitea erabakitakoak, eta orobat, lanbidean aritzeko baldintzen gaineko lege proiektuez eta beste edozein mailako xedapenez txostenak egitea.

c) Laguntza ematea elkargoko kide diren profesionalei, gizarte arazoak dituzten gizabanako, talde eta komunitateentzat ekintza bateratuak sustatzeko abiarazten dituzten jardueretan, haien egoera aldatzeko euren parte-hartze aktiboa lortze aldera.

d) Euren lurralde eremuko administrazio publikoetako kontseiluetan eta aholku-erakundeetan parte hartzea lanbidearen eskumeneko gaietan.

e) Ikasketa planen prestakuntzan parte hartzea eta, hala behar denean, lanbidearekin loturiko ikastetxeetako antolakuntza arauez txostenak egitea, haiekin harremanetan egonik etengabe, bai eta lanbide jardueran profesional berrien sarrera errazteko behar den informazioa prestatzea ere.

f) Bere lurralde eremuan, lanbidearen ordezkari eta defendatzaile izatea administrazio publikoen, erakunde publiko zein pribatuen, epaitegien eta partikularren aurrean, erabateko zilegitasuna duelarik lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzietan parte hartzeko eta eskea egiteko eskubidea erabiltzeko, legeari jarraikiz, Lanbide Elkargoei buruzko legeetan xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

g) Epaitegiei, legeetan ezarritakoa betez, elkargokideen zerrenda ematea, gai judizialetan peritu gisa esku hartzeko deitzeko edo hark izendatzeko, kasuan kasu.

h) Elkargoko kideen lanbide jarduera antolatzea, etika eta duintasun profesionala zainduz, partikularren eskubideak behar bezala errespetatuz eta lanbidearen zein elkargoaren arloan diziplina ahalmena erabiliz.

i) Elkargoko kideentzat interesgarri izan daitezkeen jarduera eta zerbitzu bateratuak arautu eta antolatzea, kultura, laguntza eta prebisio arlokoak, eta horretarako behar den dirua jartzea.

j) Elkargokideen arteko adiskidantza eta lankidetza sustatzea eta haien arteko bidegabeko lehia eragoztea.

k) Lanbidean intrusismoa galarazteko neurriak hartzea.

l) Adiskidetze edo arbitraje bidez esku hartzea elkargokideen artean, lanbide gorabeherak direla eta, gertatzen diren auzietan, elkargokideek eskatzen badute, betiere.

m) Eremu bakoitzeko zerbitzu-sarien baremoak ezartzea, orientaziorako baizik balio ez badute ere.

n) Zerbitzu-sarien, hartzekoen edo ordainsarien kobrantzaz arduratzea, elkargokide interesatuen eskariz.

ñ) Zerbitzu-sari profesionalak eztabaidatzen direneko prozedura judizial edo administratiboetan informazioa ematea.

o) Elkargokideen lan profesionalak ikus-onestea, eurek eskatuta. Ikus-onespenean lana izenpetzen duen profesionalaren nortasuna, titulazioa eta gaikuntza azalduko dira eta bertan egiaztatuko da dokumentuak kautotu eta erregistratu direla eta formaz zuzenak direla. Lanaren edukia ez da ikus-onetsiko, ez eta profesionalak adierazitako ondorio teknikoak edo zientifikoak ere.

p) Ikastaroak edo bestelako jarduerak antolatzea elkargokideen lanbide prestakuntzarako.

q) Indarrean dauden legeak betetzea eta elkargokideei betearaztea, eta orobat, Estatutu Partikularrak, Elkargoaren Barne Araubidearen Erregelamendua eta Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialen Estatutu Orokorrak, bai eta Elkargoaren eta Kontseilu Nagusiaren organoek euren eskumeneko gaietan emandako arauak eta hartutako erabakiak ere.

r) Bere aurrekontuak onestea eta elkargokideen ekarpen ekonomikoak arautu eta finkatzea.

s) Elkargokideen eta orokorrean lanbidearen interes profesionalen onerako izan daitezkeen eginkizunetan aritzea.

III. KAPITULUA

Lanbide jarduera eta elkargokideak

7. artikulua. Lanbide jardueraren betebeharrak.

Lanbidean aritzeko ezinbestean bete beharrekoak:

a) Gizarte Laneko Diplomadunaren edo Gizarte Laguntzailearen titulua edukitzea.

b) Interesatuak lanbide helbidea edo helbide printzipala non duen, hango kide izatea, Nafarroako Elkargoaren barnean, eta hori aski da Espainiako lurralde osoan lanbidean aritzeko, betiere, Nafarroako Elkargoaren bitartez bere adskripziokoa ez den beste elkargoetan jakinarazten baditu zein jarduketetan arituko den haien demarkazioetan, aipatu lanbide elkargo horien antolamendu, ikus-onespen, kontrol deontologiko eta diziplina ahalmenari egokituta aritzeko.

c) Izaera edo intentsitateagatik gizarte lanari dagozkion eginkizunetan aritzea galarazten dion eragozpen fisikorik edo mentalik ez izatea. Eragozpen hori deklaratu egin beharko da ezintasunari buruzko ebazpen judizial irmoaren bitartez.

d) Epai irmoaren bidez lanbidean aritzeko gaitasuna kenduta edo etenda ez edukitzea.

e) Diziplina-zehapenaren bidez lanbidean aritzeko baimena etenik ez edukitzea edo Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen edozein Elkargo Ofizialetatik kanporatua ez egotea.

8. artikulua. Elkargokide izatea eskuratzea.

1. Elkargoan sartzeko baldintza hauek bederen bete behar dira:

a) Adinez nagusi izatea.

b) Behar den eskabidea aurkeztea, Elkargoaren Gobernu Batzordeko lehendakariari zuzendua. Horrekin batera titulu profesionala edo bestela ikasketak bukatu izana egiaztatzen duen ziurtagiri akademikoa eta titulua eskuratzeko eskubideen ordainagiria.

c) Gainera, Elkargoan sartzeko edo inskripzioko kuota ordaindu izanaren agiria.

2. Elkargoko kide egiteko Elkargoaren ebazpen espresua beharko da, artikulu honetako 1. atalean ezarritako baldintzak bete direla egiaztatu ondoren.

3. Era berean, Nafarroako Elkargo Ofizialeko kide egiten ahal dira Gizarte Laneko profesionalak artikulu honen lehenengo atalean ezarritako baldintzak bete arren elkargoko kide egiteko unean lanbidean aritzen ez badira ere. Alde horretatik, behin kide egin ondoren, estatutu hauetan lanbidean ari diren elkargokideentzat ezarritako eskubide eta betebehar berberak izanen dituzte.

9. artikulua. Elkargoko kidearen izaera galtzea.

Elkargoko kidearen izaera kasu hauetan galduko da:

a) Epai irmoaren bidez kondenatua izan eta lanbidean aritzeko gaitasuna kendu bazaio kideari, dagokion erantzukizuna iraungi bitartean.

b) Diziplina-zigor irmoz Elkargotik kanporatua izan bada.

c) Interesatuak bere kabuz lanbidea utzi edo baja jotzen badu edo Gizarte Laneko Diplomadunen edo Gizarte Laguntzaileen beste Elkargo Ofizial bateko kide egiten bada. Dena den, diziplina jarduketen menpe egonez gero, batek ezin du bere borondatez kide izateari uko egin.

d) Urte beteko epean elkargoko kuotak ez ordaintzeagatik, bai eta Batzar Nagusian ezarritako kuota bereziak ez ordaintzeagatik ere, elkargokideari ordainketa egiteko eskatu eta entzun ondoren.

10. artikulua. Elkargokideen eskubideak.

Elkargokide guztiek eskubide berberak dituzte. Elkargoko kideen eskubideak:

a) Lanbidean aritzea askatasun osoz, esparru juridikoan, deontologikoan eta estatutupekoan.

b) Korporazioaren kudeaketan parte hartzea, eta, horrenbestez, eskatzeko, boto emateko eta zuzendaritza postu eta karguetara iristeko eskubideaz baliatzea, estatutuetan ezarritako prozedurak erabiliz eta eskatzen diren baldintzak betez.

c) Lanbidean zuzen aritzeko, bai eta lanbide edo elkargoko eskubideak kaltetuak izan direla uste duenean ere, behar izan dezakeen laguntza eta babesa Elkargoari eskatzea eta lortu izatea.

d) Gainerako elkargokideei zor zaien begirunea izanik, Elkargoaren ondasunak eta zerbitzuak erabili eta haietaz baliatzea, Estatutuetan ezarritako baldintzetan.

e) Elkargoaren jarduera profesionalaz eta sozialaz informazioa jasotzea, aldizkarien, gidaliburuen, urtekarien eta beste argitalpenen bidez.

f) Elkargokide guztientzat interesekoak diren jarduerez eta zerbitzuez baliatzea, lanbide, prestakuntza, laguntza eta prebentzio arloetan.

g) Lan profesionalen ikus-onetsia galdatzea Elkargoari, profesionalak eskatzen duenean.

h) Elkargoaren babesa lortzea sekretu profesionala erabili eta mantentzeko.

i) Elkargokide txartela erabiltzea.

j) Gobernu Batzordeari interpelazioak egitea.

k) Zentsura botoa ematea.

11. artikulua. Elkargokideen betebeharrak.

Elkargokide guztiek eskubide berberak dituzte. Elkargokideen betebeharrak:

a) Lanbidean aritzea etika profesionalaren arabera.

b) Euren lanbide jarduna legezko baldintzen eta elkargoko estatutuetakoen arabera izatea, eta organoek hartutako erabakiak betetzea.

c) Elkargoko organoen aurrean agertzea hala eskatzen dietenean.

d) Elkargoaren kuotak ordaintzea, bai eta gainerako kargak ere, arruntak nahiz bereziak, Estatutu hauetan ezarritakoari jarraikiz.

e) Lanbide intrusismoko edozein egintzaren berri ematea Elkargoari, horrelakorik gerta ez dadin behar diren neurriak har ditzan, eta orobat jakinaraziko zaio profesionala jardunean legez kanpo aritzen bada, elkargoko kide egin ez delako edo lanbidean aritzeko gabetua edo ezgaitua izan delako.

f) Elkargoarekin eta gainerako kideekin harremanik lehialena izatea.

g) Sekretu profesionala errespetatzea, kasu guztiak zuzenki lantzeko bideratzen diren lanbidearteko komunikazioak galarazi gabe.

Sekretu profesionalak esan nahi du elkargokideak obligatua dagoela eta eskubidea duela bezeroak uki ditzakeen ezein gertaera ez erakusteko eta inolako dokumenturen berri ez emateko, elkargokideak bere lanbidean aritzearen ondorioz ezagututakoen artean.

h) Gobernu Batzordeari laguntzea eta eskatzen ahal zaien informazioa ematea interes profesionaleko gaietan eta elkargokideek komenigarritzat jotzen dituzten bestelakoetan.

i) Egoitza aldaketak eta lanbide bulegoarenak Elkargoari jakinaraztea.

j) Batzar Nagusietara joatea, pertsonalki nahiz legeak agindu bezala ordezkaturik, eta hauteskundeetan parte hartzea, Estatutu hauen 26. eta 27. artikuluetan aurreikusi bezala.

k) Estatutu hauen artikuluetan ezarritakoez gainera, elkargokideek Estatutu hauei men egin eta bete bete behar dituzte, bai eta Estatutu hauetatik nahiz une oro indarra duten agindu juridiko, etiko edo deontologikoetatik ondorioztatzen diren beste betebeharrak ere.

IV. KAPITULUA

Elkargoaren egitura edo antolakuntza

12. artikulua. Gobernu organoak.

Elkargoak gobernu organo hauek ditu: Batzar Nagusia eta Gobernu Batzordea.

13. artikulua. Batzar Nagusia: osaera eta izaera.

Batzar Nagusia, Elkargoaren Gobernu Batzordeko lehendakariak eta gainerako kideek eta bertaratzen diren legez ordezkaturiko elkargokide guztiek osatzen dutena, Elkargoaren organo gorena da. Modu baliozkoan hartutako erabakiek eta ebazpenek elkargoko kide guztiak behartzen dituzte, kontrako botoa ematen dutenak, abstenitzen direnak edo bertaratugabekoak barne.

14. artikulua. Batzar Nagusia: funtzionamendua.

1. Batzar Nagusiak, arruntak nahiz bereziak izan daitezke, eta Estatutu hauetan ezarritako moduan eta epeetan eginen dira.

2. Urtean bi batzar arrunt bederen eginen dira, bata lehen seihilekoan, aurreko ekitaldiko kontuak onesteko, eta bestea azken seihilekoan, zeinetan onetsiko baita hurrengo ekitaldirako aurrekontua.

3. Batzar Nagusi berezia eginen da Gobernu Batzordearen erabakiz edo elkargokideen ehuneko hamarrek, gutxienez, eskatzen badute. Eskaera idatziz eginen da, bertan adieraziz jorratu beharreko gaiak.

4. Elkargokide guztiek Batzar Nagusietara joateko eskubidea dute, hizpidea eta boto eskubidea dituztela. Onartua dago ordezkariak eta delegazio bidezko botoa, batzar bakoitzerako idatzizko baimena medio. Delegazio hartzailea Nafarroako Elkargo Ofizialeko beste kide bat izanen da nahitaez.

Baliozkoak izateko, ordezkari zerrendak Batzarra hasi baino lehen idazkariari entregatuko zaizkio.

Batzarreko bozketak sekretuak izanen dira elkargokideren batek eskatzen baldin badu.

15. artikulua. Batzar Nagusia: Batzar Nagusiaren eraketa eta erabakiak hartzea.

1. Batzar Nagusia behar bezala eratuta egonen da, lehenengo deialdian, elkargokideen erdiak eta bat gehiago biltzen badira, bertaratuak zein legearen arabera ordezkatuak. Bigarren deialdian, zeinahi delarik elkargokideen kopurua, bertaratuak zein legearen arabera ordezkatuak, "quorum" berezia eskatzen den kasuetan izan ezik.

Bigarren deialdia eginen da lehenbizikorako finkatutakoa baino ordu erdi geroago.

2. Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira eta berdinketak lehendakariaren edo legez hura ordezkatzen duenaren botoaren bidez hautsiko dira. Batzarreko bozketak sekretuak izanen dira elkargokide batek bederen eskatzen duenean.

3. Nafarroako Elkargo Ofizialarekiko bategite, irenste edo desegiteari buruzko erabakiak hartzeko Batzar Nagusiaren bi herenen gehiengo kualifikatua beharko da.

4. Bilkura bakoitzaren akta eginen da eta bertan agerraraziko dira inguruabar guztiak, tokia, bertaratutakoen kopurua, jorratutako gaiak eta hitza hartutakoak, bai eta hartzen diren erabakiak ere. Akta lehendakariak eta idazkariak sinatuko dute.

Akta horiek hurrengo Batzar Nagusian onetsiko dira, deialdiaren gai zerrendan agertuta.

16. artikulua. Batzar Nagusiaren eginkizunak.

Batzar Nagusiak eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren Estatutuak onestea, barne araubideko erregelamenduak eta Elkargoaren antolakuntza eta funtzionamendua zuzentzen dituzten arauak, bai eta horien aldaketak ere.

b) Hurrengo ekitaldirako aurrekontuak eta aurreko ekitaldiko dirusarreren eta gastuen kontua onestea.

c) Elkargoko kide izateko kuotaren zenbatekoa finkatzea, bai eta aparteko izaeraz eta behar bezala arrazoituta Gobernu Batzordeak proposatzen dituenak.

d) Elkargoko jardueren urteko memoria onestea.

e) Gobernu Batzordeko lehendakariari eta gainerako kideei euren erantzukizuna eskatzea eta, hala behar denean, zentsura mozioa bultzatzea.

f) Arauen edo estatutuen arabera Elkargoaren arloan esleitzen ahal zaizkion gai guztien gainean erabakiak hartzea.

g) Elkargoa desegitea eta, horrelakoetan, ondasunei emanen zaien norabidea.

17. artikulua. Biltzarretarako deialdia.

Batzar Nagusi arruntetarako deia hamabost egun lehenago eginen da, gutxienez, elkargokideei etxera idazki bana igorriz eta bertan agerraraziz batzarreko eguna, tokia, ordua eta gai zerrenda.

Aparteko Batzar Nagusitarako deia egiteko epea hamar egunekoa izanen da, batzar arruntetarako baldintza berberak betez.

Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatutakoa baino ordu erdi geroago eginen da.

18. artikulua. Gobernu Batzordea: izaera eta osaera.

1. Gobernu Batzordea Elkargoko organo exekutiboa eta ordezkaritzakoa da, eta hari dagokio Elkargoaren zuzendaritza eta administrazioa, betiere lege indardunen eta Estatutu hauen menpean.

2. Gobernu Batzordea Elkargoko lehendakariak, lehendakariordeak, idazkariak, diruzainak eta bost kidek osatuko dute.

a) Elkargoko kideetatik ezin dira Gobernu Batzordeko kide izan epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz kargu publikoetan aritzeko gaitasunaz edo ahalmenaz gabeturik daudenak; edozein elkargotan diziplina zehapen larria edo oso larria izan dutenak, diziplinako erantzukizuna iraungi arte.

19. artikulua. Gobernu Batzordearen funtzionamendua.

1. Gobernu Batzordeak hilean behin bederen bilkura arrunta eginen du eta aparteko bilkurak beharrezkoa denean edo kideen heren batek eskatzen duenean.

2. Bilkuretara Gobernu Batzordeko kide guztiek joan beharko dute eta bidezko arrazoirik gabe lau aldiz huts eginez gero karguari uko egin zaiola ulertuko da.

20. artikulua. Gobernu Batzordearen eginkizunak.

Gobernu Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Batzar Nagusiak hartutako erabakiak betetzen eta betearazten direla begiratzea, eta Batzarrak agintzen dizkion ekimenak bultzatzea.

b) Profesional berriak Elkargoan sartzeko eskabideei buruzko ebazpenak ematea, horien sartzea onartzeko edo ukatzeko.

c) Elkargoaren ondasunak administratzea eta haren baliabideak erabiltzea.

d) Jardueren urteko memoria prestatzea, Batzar Nagusiak onets dezan, eta orobat, memoria ekonomikoa eta Elkargoaren aurrekontuak, eta haren aurrean kontuak aurkeztea.

e) Diziplina ahalmena erabiltzea elkargokideen gainean.

f) Lanbide jardueran elkargokideen artean sor daitezken gatazken gaineko ebazpena ematea.

g) Batzar Nagusia egiteko eguna eta gai zerrenda finkatzea.

h) Barne araubidearen erregelamendu proiektua eta horren aldaketak prestatzea eta proposatzea, Batzar Nagusian onets daitezen, eta Estatutuen aldaketa ere Batzarrari proposatzea.

i) Elkargokideei lehenbaileen informatzea interes orokorreko gai guztietaz eta egiten dizkioten kontsultei erentzutea.

j) Gobernu Batzordearen baitan behar diren batzordeak sortzea, Elkargoaren gobernua hobetze aldera.

k) Behar den espedientea ireki ondoren, era guztietako diziplina zehapenak proposatzea.

21. artikulua. Elkargoko lehendakaria.

Lehendakariak eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren ordezkari izatea botere publikoekin, era guztietako entitate eta korporazioekin, bai eta pertsona fisiko zein juridikoekin dituen harremanetan.

b) Elkartearen ordezkari gisa Kontseilu Nagusiaren Batzarretara joatea.

c) Gobernu Batzordeko eta Batzar Nagusiko lehendakari izatea eta organo horien bilkuren ondorengo aktak sinatzea.

d) Elkargoaren txosten eta eskabide ofizialak, agintariei eta korporazioei igorritakoak, baimentzea.

e) Gobernu Batzordeko bilkuretarako deiak egitea eta Gobernu Batzordean gertatzen diren berdinketak bere kalitateko botoaren bidez haustea.

f) Ahalordetzeak ematea edozein motatako auzi-gaietarako edo auzi aurrekoetarako, posizioei erantzuteko ahalmena barne dela, Gobernu Batzordearen edo Batzar Nagusiaren erabakiz horretarako baimena baldin badu.

g) Bankuko kontu korrenteak irekitzeko, funtsak mugitzeko eta nolanahiko deposituak eta hipotekak eratzeko eta ezeztatzeko baimena ematea.

h) Elkargokideen jokabide profesionala zaintzea, zuzena izan dadin, bai eta Elkargoaren ohorea ere.

i) Elkargoaren administrazio zerbitzuen funtzionamendua gainbegiratzea, berak edo bere ordez Gobernu Batzordeko idazkariak.

22. artikulua. Elkargoko lehendakariordea.

Lehendakariordeari dagozkio lehendakariak espresuki esleitzen dizkion eginkizun guztiak, lehendakaria kanpoan edo eri dagoen kasuetan eta kargua hutsik gelditzen denean edo kargua uzten badu, betiere kargu uztea Gobernu Batzordeak onartu eta Batzar Nagusian berretsia izanez gero.

23. artikulua. Idazkari nagusia.

Idazkariak eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren zerbitzua ona eta ordenatua izateko behar diren liburuez arduratzea.

b) Batzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen bilkuren ondoren egin beharrekoak diren aktak idaztea eta sinatzea, lehendakariaren sinaduraren aldamenean.

c) Elkargora iristen diren eskaera eta komunikazio guztiak jasotzea eta horien berri lehendakariari eta Gobernu Batzordearei ematea.

d) Urteko kudeaketaren memoria idaztea.

e) Administrazio zerbitzuak zuzentzea eta langileriaren burutza bere gain hartzea, Elkargoaren Estatutuen arabera.

f) Elkargokide bakoitzaren espediente pertsonalez arduratzea eta horiek zaintzea, Elkargoko kideen errolda beti eguneratuta edukirik.

g) Ziurtagiriak luzatzea, lehendakariaren ikus-onespenarekin.

h) Kontseilu Nagusiarekin eta gainerako elkargokideekin komunikatzeko eta mintzatzeko organoa izatea.

i) Lehendakariaren aginduei jarraikiz, elkargoaren egintza guztietarako zitazio-ofizioak idatzi eta bideratzea, behar den denborarekin.

24. artikulua. Elkargoaren diruzaina.

Diruzainak eginkizun hauek ditu:

a) Elkargoaren funtsak bildu eta zaintzea.

b) Elkargoaren kontabilitateaz eta ondasunen inbentarioaz arduratzea.

c) Diruzaintzako kontu orokorra eramatea eta urteko aurrekontuen proiektua prestatzea.

d) Diruzaintzaren urteko egoerari buruzko kontaketa eta balantzea egitea, eskatzen zaion bakoitzean.

e) Lehendakariak edo Gobernu Batzordeak agindutako ordainketak egitea.

f) Gobernu Batzordeak baimena ematen ahal dio diruzainari aholkulariak hartzeko bere eginkizunetan aholku eman edo lagundu diezaioten.

25. artikulua. Gobernu Batzordeko kideak.

Batzordeko kideek laguntza eman behar dute Gobernu Batzordearen eginkizunetan, bilkuretan eta eztabaidetan parte hartuz. Gobernu Batzordeak zein batzorde edo ponentziatarako izendatzen dituen haietan parte hartu eta haiek zuzenduko dituzte.

V. KAPITULUA

Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko prozedura

26. artikulua. Hautatuak izateko baldintzak.

1. Gobernu Batzordeko karguak hauteskunde bidez beteko dira. Hauteskundeetan elkargokide guztiek hartzen ahal dute parte, Elkargoko kuoten ordainketa eguneratua dutenak, non ez diren hutsegite oso larriagatik zehatuak izan edo epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz kargu publikoetan aritzeko gaitasunaz gabetuak, zehapena betetzeko denborak dirauen arte.

2. Kargu guztietarako, gutxienez sei hilabetez elkargoko kide izatea eskatuko zaie hautagaie.

3. Hautagai bat ezin izanen da Gobernu Batzordeko bi kargutarako aurkeztu.

4. Gobernu Batzordeko kargu guztien agintaldiak hiru urteko iraupena izanen du, eta berriro hautatuak izateko eskubidea izanen dute.

27. artikulua. Hautesleak.

1. Gobernu Batzordeko karguak hautatzeko, hauteskundeak baino hilabete lehenago gutxienez Elkargoko kide egin diren guztiek eskubidea dute botoa _sekretua eta zuzenekoa_ emateko, kuoten ordainketa eguneratua izanik legearen edo estatutuen araberako debekurik ez badago betiere.

2. Botoa Elkargora bertaratuz edo posta bidez eman daiteke, Estatutu hauetan ezartzen diren berme giztiekin.

Botoa posta bidez emateko modua:

Elkargokideek botoa posta ziurtatuz igortzen ahal dute. Kasu horretan, hautesleak boto papera erditik tolestua sartu gutunazalean eta itxi eginen du. Aitzinaldean bere izena jarriko du, deiturak eta elkargokide zenbakia, eta atzealdean bere sinadura gutunazalaren hegala gurutzatuz. gutunazal hau beste batean sartuko da, Elkargoari igorria, zeinetan igorlearen izena eta helbideaz gainera elkargokide zenbakia jarriko baita, eta atzealdean goian aipatu bezala sinatuko da.

Gutunazal hauek, botoa barnean dutela, Elkargoaren egoitzara igorriko dira, eta baliozkoak izateko Elkargoan jaso beharko dira hauteskunde egunerako, hautestontzia ixteko ordua baino lehen. Boto-papera Elkargoak editatzen duena bezalakoa izanen da. Eskatzen dutenei elkargokideen zerrendak eta boto-paperak emanen zaizkie. Era berean, bere botoa postaz igorriko dutenei ere boto-paperak emanen zaizkie, boto eskubidea erabiltzeko eguna baino hamar egun lehenago.

28. artikulua. Hauteskunde prozedura.

1. Hauteskundeetarako deia Gobernu Batzordeak eginen du hilabete eta erdi lehenago, gutxienez.

2. Hauteskunde eguna baino hogei egun lehenago, gutxienez, Gobernu Batzordeak boto eskubidea duten elkargokideen behin betiko zerrenda jendaurrean jarriko du Elkargoaren Idazkaritzan. Delako zerrenda Elkargoko iragarki oholean egonen da hauteskunde prozesua bukatu arte.

Zerrenda horren gainean erreklamazioak egin nahi dituzten elkargokideek bost egun balioduneko epea dute horretarako, iragarki oholean jarri ondoren. Erreklamazioak idatziz eginen dira, Gobernu Batzordeari igorriak eta hark erreklamazioak egiteko epea amaitu eta bost egun balioduneko epean horiei buruzko ebazpena emanen du.

3. Hautagai izan nahi duten elkargokideek euren hautagaigoa aurkeztuko diote idatziz Elkargoko lehendakariari, hauteskundeak baino hamabost egun lehenago, gutxienez. Epe hori amaitu eta hurrengo bost egunetan, Gobernu Batzordeak hautagaien zerrenda jendaurrean jarriko du eta bost eguneko epea irekiko kontrako erreklamazioak jarri ahal izateko. Erreklamazio horien gaineko ebazpena emanen du Gobernu Batzordeak, epe hori amaitu eta hurrengo hiru egunetan.

4. Nahi duten elkargokideek hautagai zerrenda oso bat eratzeko elkartzen ahal dira. Zerrenda hori zenbat kargu hautatuko diren beste hainbeste hautagaiez osatuko da. Zerrendaburuak Elkargoko lehendakariari jakinaraziko dio, aurreko idatz-zatian ezarritako prozeduraren arabera.

5. Hauteskunde-mahaia honela osatuko da: lehendakaria, bi kide eta idazkari bat, guztiek nork bere ordezkoa izanen dutelarik. Horiek guztiak Gobernu Batzordeak izendatuko ditu hautagai ez diren elkargokideen artean.

Hautagaiek ikuskatzaileak izenda ditzakete, era honetan: bozketa hasi baino hogeita lau ordu lehenago hautagaiek mahaiko ikuskatzaileak zein izanen diren jakinaraziko diote Gobernu Batzordeari. Hautagai-zerrenda bakoitzak ez ditu bi ikuskatzaile baino gehiago izanen, eta bat bakarra zerrenda indibidualak. Ikuskatzaileak bertan egon daitezke bozketa eta kontaketa prozesu osoan eta egoki iruditzen zaizkion erreklamazioak jar ditzake. Egiten diren erreklamazioak mahaiburuak ebatzi eta idazkariak aktan jasoko ditu.

6. Elkargokideek boto-paper bakarra erabiliko dute botoa ematerakoan. Identifikatu ondoren, boto papera mahaiburuari emanen diote, euren aitzinean hautestontzian sar dezan. Hautesleek botoa eman ahala, mahaiko idazkariak Elkargoko kideen zerrendan markatuko ditu.

7. Botoa egoitzan bertan ematen ez duten elkargokideek posta bidez eman dezakete, aurreko artikuluan aurreikusitako prozedurari jarraikiz.

8. Bozketa amaiturik, boto guztiak kontatuko dira jendaurrean, hautagai bakoitzak lortutako boto guztiak kontatuz. Baliogabeak izanen dira zerrendetan hautagai bezala agertzen ez direnei emandako botoak eta, orobat, hautagaiaren izena eta kargua ez diren zirrimarrak, esaldiak edo adierazpenak dituztenak.

9. Boto gehien eskuratzen dituztenak aukeratuko dira zerrenda indibidualean nahiz osoan aurkeztutako karguetarako. Berdinketarik izanez gero, Elkargoan lanbidean zeinek daraman denbora gehien, huraxe aukeratuko da.

10. Boto kontaketa egin eta biharamunean, hautagaiek egoki iruditzen zaizkien erreklamazioak egin ditzakete. Gobernu Batzordeak ondorengo bi eguneko epean, gehienez ere, ebazpena emanen du egindako erreklamazioen gainean. Aurkeztutako inpugnazioak ikusirik, Batzordeak erabakiko balu hauteskundeak baliogabetzea, Kontseilu Nagusiari jakinaraziko lioke, eta hauteskundeak berriro eginen lirateke hilabeteko epean, gehienez ere. Kasu horretan, Gobernu Batzordeak jardunean segituko luke aukeratzen den Batzorde berriko karguak aldarrikatzen diren arte.

Erreklamaziorik aurkeztu ez edo aurkeztutakoak ezetsi badira, aukeratutako hautetsien aldarrikapena eginen da.

11. Gobernu Batzordeak hauteskunde arloan ematen dituen ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal du edozein elkargokidek, Kontseilu Nagusiaren Gobernu Batzordeari zuzendua, eta haren ebazpenak administrazio bidea agortuko du.

12. Gobernu Batzordeko hautetsiak euren karguez jabetuko dira hamabost eguneko epean, gehienez, aldarrikapen egunetik aitzina. Ateratzen den Batzordearen berri emanen zaio Kontseilu Nagusiari.

13. Gobernu Batzorderako hauteskundeetan hautagai-zerrendarik aurkeztu ezean, ez indibiduala ezta osoa ere, Gobernu Batzordeak jardunean segituko du, artikulu honen 10. idatz-zatian ezarri bezala.

14. Aurreko idatz-zatian aipatu kasuan Kudeaketa Batzordea sortuko da, eta horren eginbeharra izanen da hautesle izateko eskubidea duten elkargokideen artean Elkargoko Gobernu Batzorderako hautagai zerrenda bat bultzatzea.

29. artikulua. Kargu-uzteak.

1. Gobernu Batzordeko kideek arrazoi hauengatik utziko dute kargua:

a) Agintaldia betetzeagatik.

b) Interesatuak uko egiteagatik.

c) 26. artikuluan aipatzen den hautagai izateko baldintzak galtzeagatik.

d) Epai irmoaren bidez zigortua izateagatik, kargu publikoetan jarduteko ezgaitasuna badakar.

e) Hutsegite oso larria eginda, diziplina zehapenagatik.

f) Zentsura mozioa.

2. Edozein arrazoirengatik kargua uzten duten kideen kopurua hain handia izan eta erabakiak hartzeko behar den quoruma ezin bermatuzkoa gertatzen bada, hauteskundeetara deia eginen da kargu huts horiek betetze aldera.

3. Gobernu Batzordeko kide guztiek uzten badute euren kargua, Estatutu hauen 28. artikuluko 14. atalean ezarritakoari jarraituko zaio.

VI. KAPITULUA

Zentsura mozioa

30. artikulua. Zentsura mozioa.

1. Batzar Nagusiak Gobernu Batzordeko lehendakariari eta gainerako kideei euren erantzukizuna, bakarkakoa edo taldearena, eskatzen ahal die, gehiengo osoaren zentsura botoaren bidez.

2. Zentsura mozioa idatziz proposatuko da, gutxienez Batzar Nagusiko kideen ehuneko hogeita bosten aldeko botoarekin eta argi utzita zein arrazoitan oinarritzen den.

a) Zentsura mozioa Batzar Nagusian onetsiz gero, batzarrean bertan izendatuko dira Gobernu Batzordeko kide berriak, zentsura mozioaren ondorioz kendutakoak ordezkatzeko eta hilabeteko epean hauteskundeak egiteko deia eginen da kargu hutsak betetzeko. Zentsura mozioa onesten ez bada, hura sinatu zutenek ezin izanen dute beste bat aurkeztu harik eta beste sei hilabete iragan arte.

VII. KAPITULUA

Lan batzordeak

31. artikulua. Lan Batzordeak.

Elkargokide gehienak Elkargoaren jardueretan parte har dezaten, hainbat batzorde eratuko dira berariazko lan arloetan banatuak.

Batzorde horiek irekiak izanen dira eta edozein kidek har dezake parte horietan. Gobernu Batzordeak koordinatuko ditu. Batzordeen kopurua, osaera eta eskumenak une bakoitzean zehaztuko dira, aztertu edo ebatzi beharreko beharren edo helburuen arabera.

32. artikulua. Batzordeak sortzea.

Lan Batzordeak sortzea proposa dezakete:

a) Gobernu Batzordea.

b) Edozein elkargokidek proposa dezake, gutxienez hamar kideren babesarekin, Gobernu Batzordeari idatziz eskatuz, baina horrek uko egiten badio, Batzar Nagusiari proposa diezaioke idatziz.

33. artikulua. Batzordeen eginkizunak.

Batzordeek eginkizun hauek izanen dituzte:

a) Aholku ematea Gobernu Batzordeari, honek eskatzen dionean.

b) Lan profesionalei buruzko planak garatzea eta Gizarte Lanarekin loturiko edozein motatako azterlan, ikerketa edo proiektuak egitea.

c) Gobernu Batzordeari ekimenak proposatzea.

d) Batzar Nagusien bilera arruntetan eta berezietan proposamenak egitea. Horiek eguneko gai-zerrendan jasoko dira.

h) Batzar Nagusian egindako lanaren berri ematea.

34. artikulua. Ondorioak eta proposamenak.

Batzordeek ateratako ondorioak eta proposamenak Gobernu Batzordeari igorriko zaizkio, zeinek hurrengo bileran aztertuko ditu, egokitzat jotzen ez dituenei buruzko arrazoizko txostena eginen du eta Batzorde bakoitzarekin ados jarrita betearaziko ditu, Estatutu hauetan eta Barne Araubideko Erregelamenduetan ezarritakoari lotuz, betiere.

Gobernu Batzordeak atzera botatzen baditu batzorde baten erabakiak edo proposamenak, batzorde horrek Gobernu Batzordearen ebazpenaren kontrako errekurtsoa jartzen ahal du Batzar Nagusi berezirako deia eginez, Estatutu hauetan ezarritako prozeduraren arabera.

35. artikulua. Erabakiak.

Batzorde horien erabakiak kideen gehiengo soilaz hartuko dira, baina baliozkoak izanen badira bi herenen quoruma beharko da.

Hiru bilkuratan jarraian ez bada aipatu quoruma lortzen, batzordea desegin eginen da, aldi baterako behintzat, eta horren eskumenak bere gain hartuko ditu Gobernu Batzordeak.

VIII. KAPITULUA

Araubide ekonomikoa eta finantzarioa

36. artikulua. Ondare ahalmena.

Gizarte Laneko Diplomadunen eta Gizarte Laguntzaileen Elkargo Ofizialak ondareari dagokionez ahalmen osoa du bere helburuak betetzeko eta erabateko autonomia bere ondasunak kudeatu eta administratzeko.

Elkargoak baliabide ekonomiko arruntak eta bereziak izanen ditu eskura.

37. artikulua. Baliabide ekonomiko arruntak.

Elkargoaren baliabide arruntak ondorengo hauek dira:

a) Elkargoan inskribatzeko elkargokideek ordaindutako kuotak.

b) Gobernu Batzordeak proposatuta Elkargoaren Batzar Nagusiak finkatutako kuota arruntak eta bereziak.

c) Elkargokideei ordaindu beharreko tarifa, Elkargoak gainikusi edo ikus-onesten dituen lan profesionaletan.

d) Elkargoak izan ditzakeen dirusarrerak argitalpenen salmentan, harpidetzak egitean eta ziurtagiriak luzatzean, bai eta eskatzen ahal zaizkion irizpenetan, aholkularitzan eta antzekoetan.

e) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasunek eta eskubideek sortzen dituzten edozein motatako etekinak, bai eta Elkargoak garatzen dituen edozein motatako jardueretan sortutakoak ere.

38. artikulua. Baliabide ekonomiko bereziak.

Elkargoaren baliabide bereziak ondorengo hauek dira:

a) Administrazio Publikoek, entitate publiko zein pribatuek eta partikularrek emandako dirulaguntzak, dohaintzak edo bestelako laguntzak.

b) Oinordekotzan hartzeagatik, legatu bidez edo beste edozein titulurengatik elkargoaren ondare bihurtzen diren ondasun eta eskubideak.

c) Ezpezifakutu gabeko edozein kontzepturengatik kobratu behar dituzten diru kopuruak.

39. artikulua. Kontuen egoera.

Diruzainaren eskumena gora-behera, eskatzen duten elkargokideen eta Gobernu Batzordeko kideen eskura egonen dira kontuen egoerak, saldoen frogapenak eta baliabide berezien inbentario liburua.

IX. KAPITULUA

Diziplina araubidea. Arau hausteen eta zehapenen tipifikazioa

1. ATALA

Arau-hausteen eta zehapenen tipifikazioa

40. artikulua. Diziplinako ahalmena.

1. Gobernu Batzordeari dagokio elkargokideen gaineko diziplinako ahalmena.

2. Kontseilu Nagusiaren Gobernu Batzordeari dagokio Nafarroako Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordeko kideen gainean diziplinako ahalmena erabiltzea.

41. artikulua. Arau-hausteak.

1. Elkargoko kideek euren lanbidean aritzean egiten dituzten egintza eta omisio guztiak zehapenen gai izan daitezke, Estatutu hauetan hutsegite gisa tipifikatuak badaude.

2. Arau-hausteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

A._Arau-hauste arinak:

a) Lanbide jardunean eta Elkargoko betebeharretan axolagabekeriaz jokatzea.

b) Errespetu falta beste elkargokideentzat.

B._Arau-hauste larriak:

a) Elkargoko kuotak behin eta berriz ez ordaintzea, hala eskatu bazaio ere.

b) Nork bere Elkargoan sartu beharreko tarifa behin eta berriz ez ordaintzea.

c) Elkargoko diziplina behin eta berriz ez betetzea.

d) Beste kideak larriki gutxiestea, iraintzea eta erasotzea.

e) Elkargoko gobernu organoek edo elkargoen Kontseilu Nagusiak hartutako erabakiak ez betetzea.

f) Arau-hauste arinak behin eta berriz egitea. Alde horretatik berrerortzetzat joko da hiru hilabete jarraituan bi huts-egite baino gehiago egitea.

C._Arau-hauste oso larriak:

a) Lanbide jardueran delituak egitea, partaidetza gradua edozein dela ere.

b) Beste profesionalen duintasun edo ohorearen aurka jokatzea.

c) Legez edo Estatutuetan ezarritako eginbehar deontologikoak eta profesionalak ez betetzea.

d) Intrusismo profesionala ezkutatzea.

e) Huts-egite larriak behin eta berriz egitea. Alde horretatik berrerortzetzat joko da urtebetean bi huts-egite larri baino gehiago egitea.

42. artikulua. Zehapenak.

1. Aurreko artikuluan tipifikatutako egintzen ondorioz zehapen hauek jartzen ahal dira:

A._Arau-hauste arinetan:

a) Idatzizko ohartarazpena.

b) Kargu-hartze pribatua.

B._Arau-hauste larrietan:

a) Kargu-hartze publikoa.

b) Lanbide jardueraren etenaldia, gehienez ere sei hilabeterako.

c) Elkargoan karguak izateko aldi baterako debekua, gehienez ere urtebeterako.

C._Arau-hauste oso larrietan:

a) Elkargokide izatetik gelditzea, gehienez ere bi urterako.

b) Elkargotik kanporatzea.

2. Nolanahi ere, proportzionaltasun printzipioa errespetatuko da egindako arau-haustearen eta jarri beharreko zehapenaren artean.

43. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak sei hilabetera preskribatuko dira, larriak bi urtera eta oso larriak hiru urtera, zehapenen arrazoi izandako gertakarien egunetik kontatzen hasita.

Interesatua jakitun delarik zehapen prozedura hasten denean, preskripzio-epea eten eginen da. Berriz hasiko da kontatzen zehapen espedientea hilabetetik gora geldirik egoten bada ustezko arau-hausleari ezin egozteko moduko arrazoiengatik.

2. Arau-hauste arinengatik ezarritako zehapenak urtebetera preskribatuko dira, larriengatik ezarritakoak bi urtera eta oso larriengatik ezarritakoak hiru urtera, zehapena jartzeko ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Interesatua jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egozten ahal ez zaizkion arrazoiengatik.

2. ATALA

Zehapen prozedura

44. artikulua. Aitzineko jarduketak eta zehapen espedientea.

1. Zehapen prozedurari hasiera eman baino lehen, aitzineko jarduketak egiten ahal dira prozedura hastea justifikatzen duten inguruabarrak ba ote diren aldez aurretik jakiteko. Jarduketa horiek, bereziki, prozedurari ekiteko arrazoi izan daitezkeen gertakariak zorroztasun handienarekin zehaztera bideratuko dira eta, orobat, erantzule izan daitezkeen pertsonak eta batzuetan eta besteetan izandako inguruabar garrantzitsuenak identifikatzera.

2. Zehapen larriak eta oso larriak paratu ahal izateko, nahitaezkoa izanen da zehapen espedientea irekitzea. Horren kariaz, Elkargoko lehendakariak elkargokideen arteko edozein instruktore izendatuko du, Gobernu Batzordearekin ados jarri ondoren.

3. Elkargoaren Gobernu Batzordeko idazkariaren bidez eta behar diren bitartekoak erabiliz jakinarazpena egiaztatzeko moduan, espedientea ireki dela jakinaraziko zaio interesatuari, jakinarazpena egiten denetik bost egun baliodunetan deskargu-plegua aurkez dezan, egoki iruditzen zaizkion elegazioak eginez eta beharrezkotzat jotzen dituen proba guztiak proposa eta eraman ditzan. Espedientean arau-haustea osatzen duten gertaeren eta aplikatzen ahal diren zehapenen zerrenda laburra bilduko da. Dena den, aipatu plegua ez aurkezteak ez du espedientearen geroko tramitazioa eragozten.

Deskargu-pleguan proposatzen den proba egiteko epea, kasu bakoitzean bidezko diren baliabideen arabera jarriko da.

4. Interesatuak proposatutako probak eta instruktoreak ofizio bidez eskatutakoak egin ondoren, instruktoreak ebazpen proposamena igorriko dio Gobernu Batzordeari, hogei eguneko epean, gehienez ere, horri buruzko ebazpena eman dezan.

5. Ohartarazpen eta kargu-hartze pribatuko zehapenak jartzeko, zehapen espedientea ireki beharko da. Horren ondoriozko jarduketak hauek izanen dira: huts-egitearen jakinarazpena eta interesatuari jartzen ahal zaion zehapena, hari entzutea ematea deskargu plegua dela medio, artikulu honen 3. idatz-zatiko arauei jarraikiz, eta beste tramiterik gabe Gobernu Batzordeak eman beharreko ebazpena.

45. artikulua. Espedientearen ebazpena.

1. Gobernu Batzordearen ebazpena, arrazoitua izanen dena eta deskargu pleguaren eta ebazpen proposamenaren oinarri izandako egitateak baino aipatuko ez dituena, Elkargoaren Gobernu Batzordeko idazkariak jakinaraziko dio zuzenean interesatuari, jakinarazpena behar bezala egiaztatzen duten baliabideak erabiliz.

Ebazpen hori emateko ez dute esku hartuko ez instruktoreak ez eta espedientean jardun duten beste pertsonek ere.

2. Espedienteari bukaera ematen dion espedientearen kontra, interesatuak gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal du, Kontseilu Nagusiari zuzendua.

3. Elkargoan errekurtsoak jartzeko bideak agorturik, interesatuak administrazioarekiko auzi-errekurtsora jotzen ahal du.

XI. KAPITULUA

Elkargoko egintzen araubide juridikoa

46. artikulua. Egintzen eta erabakien eraginkortasuna.

1. Biltzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen egintzak eta erabakiak berehala betearaztekoak dira, non ez den horietan kontrakorik ezartzen.

2. Hala eta guztiz ere, egintza eta erabaki horien eraginkortasuna atzeratu eginen da horien edukiak horrela eskatuz gero edo jakinarazpenaren mende egonez gero.

47. artikulua. Akten liburuak.

Elkargoan akten bi liburu izanen dira, Elkargoko lehendakariak eta idazkariak baimenduak, eta horietan Biltzar Nagusiaren eta Gobernu Batzordearen egintzak eta erabakiak agerraraziko dira.

48. artikulua. Erabateko deuseztasuna.

Elkargoko egintzak erabat deusezak izanen dira kasu hauetan:

a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunen oinarrizko edukiari kalte egiten dietenak.

b) Gaia edo lurraldea dela-eta inolako aginpiderik ez duen organo batek erabakitako egintzak.

c) Ezinezko edukia dutenak.

d) Arau-hauste penala dakartenak edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak.

e) Legez ezarritako prozedura edo elkargoko organoen nahia osatzeko oinarrizko arauak biltzen dituzten erregelak erabat baztertuz erabakitako egintzak.

f) Ahalmenak edo eskubideak lortzeko behar diren oinarrizko baldintzak betetzen ez direnean, ahalmen edo eskubide horiek lortzea ahalbidetzen duten antolamendu juridikoaren kontrako berariazko edo ustezko egintzak.

g) Legezko xedapen batean berariaz azaltzen den beste edozein egintza.

49. artikulua. Deuseztagarritasuna.

1. Legeak nolanahi hausten dituzten egintzak, boterearen desbideratzea barne, baliogabetu egin daitezke.

2. Hala ere, formazko akatsek deuseztagarritasuna ekarriko dute egintzak bere xedea betetzeko ezinbesteko baldintza formalak biltzen ez dituenean edo interesatuen babes gabezia eragiten duenean soil-soilik.

3. Egintzetarako ezarrita dagoen denboratik kanpora egiteak egintzen deuseztapena ekarriko du mugaegunaren edo epearen izaerak eskatzen duenean soil-soilik.

50. artikulua. Administrazio errekurtsoak eta jurisdikzionalak.

1. Elkargoaren organoen ebazpen barariazko edo isilekoen kontra gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Kontseilu Nagusiari zuzendua, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan aurreikusitako moduan eta epeetan

2. Gora jotzeko errekurtsoen gainean Kontseilu Nagusiak ematen dituen ebazpenek administrazio bideari amaiera ematen diote eta haien gaineko errekurtsoa para daiteke Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari zuzendua.

3. Elkargoak Autonomia Administrazioak eskuordetu dizkion ahalmen eta eskumenak erabiliz hartutako erabakien eta egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa para daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, administrazioarekiko auzi errekurtsoaren aurretik, administrazio prozedura erkidean indarra duten arauei jarraikiz.

51. artikulua. Legitimazioa.

Elkargoaren egintzen kontra errekurtsoa jartzea zilegi izanen dute honako hauek:

a) Eskubide subjektiboaren edo bidezko interesaren titularrek, baldin eta egintzek nahiz erabakiek banan-banako ondorio juridikoak badituzte.

b) Elkarteko edozein bazkidek, egintzek edo erabakiek eragina badute zenbait elkargokiderengan edo Elkargo osoan.

XI. KAPITULUA

Elkargoa desegitea, bat-egitea

Elkargoa desegitea.

52. artikulua. Desegiteko tramitea.

1. Elkargoa ez da deseginen bere xedeei uko egiteagatik ez bada eta horretarako propio deitutako Batzar Nagusiak bere erabakia hartu ondoren, Estatutu hauetan ezarritako quorum bereziarekin hartuta, betiere. Erabakia berehala igorriko da Kontseilu Nagusira eta Nafarroako Foru Komunitatera, jakinaren gainean egonik onets dezaten.

2. Gobernu Batzordeak, Batzar bereziak erabakia hartu ondoren eta Administrazioak baimena emanik, Elkargoaren ondarea likidatzeari ekinen dio, indarra duten legeen arabera.

53. artikulua. Bat-egitea.

1. Nafarroako Elkargo Ofiziala lanbide bereko beste Elkargo batekin bat-egiteko erabakia bi elkargo horien artean horretarako propio deitutako Batzar Nagusi berezian hartuko da, Estatutu hauetan ezarritako quoruma izanik.

2. Erabakia berehala igorriko da Kontseilu Nagusira eta Nafarroako Foru Administraziora, jakinaren gainean izan eta onets dezaten.

XII. KAPITULUA

Indargabetzea, indarra hartzea eta erregistroan inskribatzea

54. artikulua. Indargabetzea.

Indarrik gabe gelditzen dira, espresuki, 1982ko Nafarroako Elkargo Ofizialaren Estatutu Partikularrak eta Estatutu hauei aurka egiten dioten Elkargoaren arau guztiak.

55. artikulua. Indar hartzea.

Estatutu hauek onetsi dira 2004ko urriaren 13ko Batzar Nagusian hartutako erabakiz, eta onetsi ondorengo egunean hartuko dute indarra, egokitasun ziurtagiria lortu ondoren.

56. artikulua. Erregistroa.

1. Estatutu hauek, bai eta egiten diren aldaketak, Kontseilu Nagusiaren Estatutuen Erregistroan inskribatuko dira, egokitasun ziurtagiria lortu ondoren.

2. Era berean, eta publizitatearen ondorioetarako, Estatutu hauek eta egiten diren aldaketak Nafarroako Lanbide Elkargoen Erregistroan inskribatuko dira.

Iragarkiaren kodea: F0519842