136. ALDIZKARIA - 2005eko azaroaren 14a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

329/2005 EBAZPENA, urriaren 27koa, Justizia zuzendari nagusiak emana, kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko eta epaileen laguntzaileen kidegoko funtzionarioentzako lanpostu hutsak betetzeko lehiaketarako deialdia egiten duena.

Justiziako Administrazioan lanpostu hutsak daudela eta aurrekontuetan horretarako dirua dagoela ikusirik, hain zuzen ere kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoan, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoan eta epaileen laguntzaileen kidegoan, bidezkoa da horiek betetzeko lekualdatze lehiaketarako deialdia egitea, Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatu zuen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren seigarren xedapen iragankorrean eta otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Justiziako Administrazioaren ofizial, laguntzaile eta agenteen kidegoetako Erregelamendu Organikoaren IV. tituluko III. kapituluan ezarritakoari jarraikiz.

Hori guztia kontuan hartuz, Justizia zuzendari nagusiak I. eranskineko zerrendako lanpostuak betetzeko lehiaketarako deialdia egitea erabaki du, honako arau hauen arabera:

A R A U A K

Lehena._Eska daitezkeen lanpostuak.

1._Lehiaketa honetan parte hartu eta Justizia Administrazioko kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko eta epaileen laguntzaileen kidegoko lanpostu hutsak eskatu ahalko dituzte kidego horietako funtzionarioek, daukaten administrazio egoera edozein izanda ere; egitekoak kenduta, etenaldian jarraitzen dutenek, ordea, ez dute parte hartzerik izango. Parte hartu ahal izateko, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 57. artikuluan lehiaketetan parte hartzeko jarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2._Deialdi honetako I. eranskinean ageri diren lanpostuetatik edozein eskatu ahalko dute, betiere eskabideak aurkezteko jarritako epea amaitzen den egunean baldintza orokorrak betetzen badituzte.

Lanpostu hutsei identifikazio bana emango zaie, deialdiaren hurrenkera zenbakia hain zuzen. I. eranskinean ageri den organo judizial bateko lanpostu baterako eskaerak organo horretan kidego horretan dauden lanpostu huts guztietarako balioko du.

3._Gainera, lehiaketa honen ondorioz hutsik gelditzen diren Justizia Administrazioko lanpostuak ere eskatu ahalko dira, orain eskaintzen diren lanpostu hutsen ondoriozko lanpostu gisa sartuko baitira, salbu eta amortizatu nahi badira eta plantilla organikoa aldatzeko edo lantoki bateko langileak berrantolatzeko proiektu bat baldin badago, kasu horretan kidego horretako deialdiaren ondoriozko lanposturik ez baita iragarriko.

Lanpostuak deialdiaren hurrenkera zenbakia emanda identifikatu behar dira. Organo judizial bateko lanpostua eskatzearekin batera, organo eta kidego horretan diren lanpostu huts guztiak ere eskatzen direla ulertuko da. I. eranskinean ageri den lanpostu huts bat ondorio gisa eskatu nahi denean, asterisko bat jarri beharko zaio ondoan, lanpostu huts gisa eta ondorio gisa eskatzen dela jakiteko, adierazten den lehentasun hurrenkeraren arabera.

Lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen diren lanpostuak eskatzeko eskubideaz baliatu ahal izateko, agindu hau argitaratzen denetik eskabideak aurkezteko epea amaitu bitartean, Justizia Ministerioaren webgunean (www.mju.es), Departamentuko Lurraldeetako Gerentzietako iragarki oholetan, eta haien bitartez baita Auzitegi Nagusietan, Entzutegi Probintzialetan ere, Justizia Ministerioaren Argibide Zerbitzuan eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileak hartzeko eskumena duten autonomia erkidegoetako departamentu eskudunetan ikusgai jarriko da ondoko informazioa, lanpostuak egoki identifikatu eta eskatu ahal izateko:

_Deitutako lanpostu hutsen izaera berekoak izanik, eska daitezkeen Justizia Administrazioko lanpostuen zerrenda, bakoitzaren hurrenkera zenbakia emanda.

4._Lanpostu hutsak adierazten dituen I. eranskinean, Zaragozako I. auzialdiko 19. epaitegia agertzen da eta ondoriozko lanpostuen zerrendan baita merkataritzako eginkizunak dituen egungo 19. epaitegia ere, abenduaren 30ean Merkataritzako gaien 1. epaitegia izanen dena.

5._Zenbait lanpostutan agertzen diren E.K.B. siglek esan nahi dute epaitegi horiek, zigor eta zibil arloko eginkizunekin batera, emakumearen kontrako bortxikeriaren ingurukoak hartuko dituztela beren gain, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak 2005eko ekainaren 22an egindako osoko bilkuran hartutako erabakiari jarraikiz (2005-6-28ko Estatuko Aldizkari Ofiziala).

Bigarrena._Parte hartzeko betebehar eta baldintzak.

1._Justizia Administrazioko kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko eta epaileen laguntzaileen kidegoko funtzionarioek parte hartu ahalko dute eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako urte bat egina baldin badute gaur egun behin betikoz duten lanpostuaren jabe izanda (249/1996 Errege Dekretuko 57.c. artikulua), salbu eta 2004. urtean edo 2005. urtean iragarritako lekualdatze lehiaketetan destinoa lortu duten funtzionarioak, horiek ezin izanen baitute lehiaketa honetan parte hartu harik eta Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzeko abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoaren 529.3 artikuluan ezarritako epeak bukatu arte.

2._Behin-behineko atxikipena duten jarduneko funtzionarioak lehiaketa honetan parte hartzera beharturik daude.

Lehiaketan destinorik lortzen ez badute, beren kidegoari dagokion lanpostu bat emanen zaie behin-behinekoz, herri berberean.

3._Botere Judizialari buruzko uztailaren 1eko 6/1985 Lege Organikoa aldatzeko abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoren 506. artikuluko e) eta f) letretan ezarritako borondatezko eszedentzia egoeretan dauden funtzionarioek (familia-elkartzeak eta norberaren interesak eragindako eszedentziak) lehiaketan parte hartu ahal izateko, eskabideak aurkezteko epea betetzen den egunean, bi urte iraganak izan behar dituzte gutxienez egoera horretan deklaratu ziren datatik.

4._Seme-alabak zaintzeko eszedentzia egoeran dauden funtzionarioek parte hartu ahalko dute azkeneko behin betiko destinoaren izendapenetik urtebete igaro baldin bada.

5._Nahitaezko eszedentzian daudenek, behin betiko funtzio-gabetzearen ondorioz lanpostua galdu dutenek eta sektore publikoaren zerbitzuetan aritzeko borondatezko eszedentzian daudenek lehentasuna izanen dute, hurrenkera horretan, jarduneko zerbitzua utzi zutenean beren zerbitzuak ematen zituzten herri berean beren kidegoko lanpostu hutsen bat lehiaketara lehenbizikoz ateratzen denean, lanpostu hori eskuratzeko (Erregelamendu Organikoaren 44.3 artikulua).

6._Erregelamendu Organikoak 44.3 artikuluan ezarritako lehentasun-eskubidearen erregulazioa. Lehentasunak bere ondorioa toki jakin bateko lanpostu guztietara hedatzen duenez, eskubide honetaz baliatu ahal izateko, lehentasunaz baliatu nahi den tokian eskatzen diren lanpostu huts guztiak eskatu beharko dituzte, eta eskaera horiek eskabidearen lehentasun-hurrenkerako lehen tokietan bildu; gainerako postuak, lehentasunik gabe eskatuak, jarraian ordenatuko dituzte. Halaber, eskabidean adierazi beharko dute, jabetzan eta behin betikoz izaniko azken zerbitzuan ziharduteneko probintzia edo udalerria zehaztuz, V-2 edo V-3 ereduko P-1 atalean, kasuan-kasuan, lehentasun hori frogatzen duten agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztuz.

Lehentasun eskubidea ezin izanen da erabili honako kasuotan: dagokion herrian diren lanpostu huts guztiak eskatzen ez badira, eskabidean dagokion tokian inguruabar hori aipatzen ez bada edo aurreko lerroaldean adierazi agirien fotokopia konpultsatuak aurkezten ez badira.

7._Funtzionarioei ezin zaie esleitu gaur egun destinoa duten zentro bereko lanposturik, honako salbuespen honekin: otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuko 52.c) artikuluan aurreikusitakoa, giza baliabideen berrantolamendua arautzeari dagokionez.

Erregelamendu Organikoko 52. artikuluan jasotako baliabideen berrantolamendua dela-eta lanpostua nahitaez esleitu zaion funtzionarioak zilegi du lekualdatze lehiaketan parte hartzea, are Erregelamendu Organikoko 57. artikuluko c) lerroaldeak eskatzen duen urtebeteko epea bete ez bada ere. Horrez gain, lehentasun-eskubidea izanen du, behin bakarrik, zentro bereko beste lanpostu bat eskuratzeko, halakorik eskaintzen bada lehiaketa arruntean eta bertan parte hartzen badu.

Eskubide horretaz baliatzeko honako zehaztasun hauek kontuan hartu beharko ditu:

Lehentasun hori lantokiko zein lanpostutarako baliatu nahi duen, lanpostu horiexek eskatu bere eskaerako lehentasun-ordenaren lehen lekuetan.

Lehentasunaz baliatzeko zein lantoki eta herri hautatu dituen, haiexek adierazi V-3 eskabidearen ereduan, P-1 atalean.

P-1 atalean adierazten diren lantoki eta herrirako egin zen nahitaezko izendapenaren fotokopia konpultsatua aurkeztea.

Aurreko hiru lerroaldeetan zehaztutako jarraibideei kasu egin ezean, galdu eginen du, lehiaketa honetarako, 52.c) artikuluak aitortzen dion lehentasun-eskubidea.

Hirugarrena._Baremoak.

Lanpostuak esleitzeko merezimenduak baloratzeko honakoei dagokien baremoa erabiliko da: antzinatasuna, autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofizialaren ezagupena eta informatikako ezagupenak, ezagupen horiek ezarrita dituzten lanpostuak direnean. Eskabidearekin batera autonomia erkidegoetako bertako hizkuntza ofizialen ezagupena eta informatikako ezagupena frogatzeko agirien fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dira. Behar bezala konpultsatuak aurkeztu ezean, ez dira baloratuko.

1._Antzinatasuna: kidegoan emandako urte oso bakoitzeko puntu bat emanen da eta denbora tarte txikiagoak proportzionalki baloratuko dira (0,0027777 puntu eguneko). Hilabeteak 30 egunekoak izanen dira. Zerbitzu horiek eskabideak aurkezteko azken egunera arte kontatuko dira.

2._Autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala hitz egiten eta idazten jakitea: Bertako hizkuntza ofiziala duten autonomia erkidegoetako lanpostuetan, haren ezagupen ahozko eta idatziak, autonomia erkidegoaren ziurtagiri ofizialaren bidez behar bezala frogatuak, edo aurkeztutako tituluaren eta hari dagokion mailaren homologazioak, gehienez ere, eta ondorio hauetarako soilik, 6 puntu bitarte eskuratzeko eskubidea ematen du, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuko Erregelamendu Organikoko bigarren xedapen gehigarriak agindu bezala frogatutako ezagupenen arabera, honela:

2.1._Nafarroako Foru Komunitatearen abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikuluan aipatzen den eremu euskaldunean eta mistoan, irizpide hauek erabiliko dira:

1. 2. hizkuntz eskakizuna: bi puntu.

2. 3. hizkuntz eskakizuna: lau puntu.

3. 4. hizkuntz eskakizuna: sei puntu.

Nafarroako Foru Komunitatean 2. hizkuntz eskakizunerako ziurtagiri ofizialik ez dagoenez, azterketa bat egin beharko da maila hori frogatzeko, gai horretan eskumena duten organoek antolatua. Proba gaindituz gero, ziurtagiria luzatuko dute organo horiek.

3._Informatikako ezagupenak: informatikako ezagupen bereziak eskatzen dituzten lanpostuak adierazi egingo dira bai 1. eranskineko lanpostuen zerrendan, bai lehiaketaren ondorioz hutsik gelditzen direnen zerrendan; ezagupen horiek ziurtagiri ofizialaren fotokopia konpultsatuaren bidez frogatzen dituztenei, ondorio horietarako soilik, 6 puntura arteko balioa emango zaie, antzinatasunagatik edo kasuan kasuko autonomia erkidegoko bertako hizkuntza ofiziala jakiteagatik lortutako puntuez gain, otsailaren 16ko 249/1996 Errege Dekretuaren 54. artikuluaren 10. idatz-zatian ezarritakoaren arabera. Ondorio horretarako, honako irizpide hauek izango dira kontuan:

1. 1. maila: informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiri ofizialak, Hezkuntza eta Kultura Ministerioak, Administrazio Publikoetarako Ministerioak, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioak, gai horretako eskumenak eskualdatu gabe dituzten autonomia erkidegoek eta homologatutako eta/edo onartutako zentroek emanikoak: 0,5 puntu ikastaroko eta gehienez bi puntu.

2. 2. maila: 100 eskola-ordu arteko informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiri ofizialak, Justizia Ministerioak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituzten autonomia erkidegoetako justizia departamentuek eta/edo homologatutako edo onartutako zentroek emanikoak: hiru puntu.

3. 3. maila: 100 eskola-ordutik gorako informatika ikastaroetan parte hartzearen eta/edo aprobetxamendu ona izatearen ziurtagiriak, Justizia Ministerioak eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituzten autonomia erkidegoetako justizia departamentuek eta homologatutako eta/edo onartutako zentroek emanikoak: lau puntu.

4. 4. maila: II. edo III. graduko Lanbide Heziketako tituluak, informatika espezialitatean, eta informatikako diplomatura: bost puntu.

5. 5. maila: informatikako lizentziatura, sei puntu.

Ez da irizpide horiek metatzerik izango. Hori dela eta, funtzionarioak bi irizpideri edo gehiagori aplikatzekoak diren informatika ezagutzak azaltzen baditu, puntuaziorik handiena ematen diona bakarrik hartuko da kontuan, eta Justizia Ministerioak edo Justizia Administrazioaren zerbitzuko langileen kudeaketan eskumenak dituen autonomia erkidegoak emandako ikastaroaren orduak agertzen ez badira, sailkapen honen 2. puntuan adierazitakoen balorazioa izango dute.

Laugarrena._Eskabideak aurkezteko ereduak eta epeak.

1._Kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko eta epaileen laguntzaileen kidegoko lanpostuen zerrendetako postuetan behin betiko destinoa duten funtzionarioek, zerbitzu berezietan daudenek eta seme-alabak zaintzeko eszedentzian daudenek _eta lanpostua Nafarroako Foru Komunitatean gordea_ ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-1 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean, Justizia zuzendari nagusiari zuzendua, Justizia Zuzendaritza Nagusiko Erregistroan (Iratxeko monasterioa kalea, 22, 31011 Iruña).

2._Justizia Administrazioko beste kidego batzuetako edo beste administrazio batzuetako lanpostuen zerrendetako destinoak dauzkaten funtzionarioek, baldin eta sektore publikoan kudeaketa prozesal eta administratiboaren, izapidaketa prozesal eta administratiboaren edo epaileen laguntzaileen kidegoetan aritzeko borondatezko eszedentzian badaude eta lehiaketa honetan eskainitako lanposturen bat eskatu nahi badute kidego horretako funtzionario gisa, ebazpen honen II. eranskinean agertzen den V-2 ereduaren araberako eskabidea aurkeztu beharko dute, ebazpen hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean, helbide honetara bidaliz:

Ministerio de Justicia - Subdirección General de medios personales al servicio de la Administración de Justicia - Sección Concursos - Calle San Bernardo, 21 (28015 Madrid).

3._Lehiaketa honetan parte hartu nahi duten gainerakoek, besteak beste: nahitaezko eszedentzian daudenek behin-behineko destinoa izan arren; lanpostua behin betiko kendu zaielako dagoeneko galdu dutenek; jarduneko egoerara itzuli eta behin-behineko destinoa dutenek; borondatezko eszedentzian dauden gainerakoek _familia biltzeagatik edo norberaren interesagatik_ eta, orobat, Erregelamendu Organikoaren 52.c) artikuluan aurreikusitako langileen berrantolamenduaren ondorioz nahitaezko atxikipena hartu behar izan dutenek ebazpen honen II. eranskinean ageri den V-3 ereduaren araberako eskabidea erabili beharko dute eta deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 10 egun naturaleko epean aurkeztu, helbide honetara bidaliz:

Ministerio de Justicia - Subdirección General de medios personales al servicio de la Administración de Justicia - Sección Concursos - Calle San Bernardo, 21 (28015 Madrid).

4._Eskabideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38 artikuluan aurreikusitako moduan ere igor daitezke.

Posta-bulegoetan aurkezten direnak honako bi modu hauetan bidal daitezke:

a) Posta arruntaren bidez, eta kasu horretan Justizia Ministerioko Erregistro Orokorrean, Justizia lurraldeko gerentziakoan nahiz eskumen horiek transferituak dituen autonomia erkidegoko justizia departamentukoan izan beharko dute sarrera emana, eskabideak aurkezteko epea bete baino lehen.

b) Posta ziurtatuaren bidez, eta kasu horretan gutun-azal irekian aurkeztu behar dira posta-bulegoetan, han diharduen funtzionarioak data eta zigilua ezar diezaizkien bidali aurretik. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek posta-bulegoko zigilua duen eskabidea bidali behar dute, eskabideak aurkezteko epa bukatu eta gero ez baita beharkizun hori betetzen ez duen eskabiderik onartuko, nahiz eta gero zigilua jarri izana frogatu.

5._Norberaren interesarengatik borondatezko eszedentzian direnek administrazio publikoetatik bereiziak ez izanaren aitormena erantsi behar diote beren eskabideari.

6._Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea bakarra izanen da funtzionario bakoitzarentzat, nahiz eta eskatutako lanpostuak eskumenak eskualdatuak dituzten autonomia erkidegoetakoak izan. Lanpostu horietako deialdiak aldi berean eginen dituzte autonomietako gobernuek eta tokian tokiko aldizkari ofizialetan argitaratuko dira.

Era berean, eskabide bakarraren bidez hautatu beharko du funtzionarioak jardunean dagoen kidegotik parte hartzea edo eszedentzian dauden kidegoan ez baizik eta aurreko kidegoan jardunera itzultzea. Bi eskabide aurkeztuz gero, kidego bakoitzarentzat bat, bi eskabideak indargabetuko dira. Beraz, funtzionarioa bazterturik geldituko da lehiaketa honetatik.

7._Funtzionarioak eskaturik lortutako behin betiko destinoak uko egin ezinezkoak direnez, lekualdatze lehiaketaren ondorioz zerbitzura itzultzen denak destinoa lortzen badu, besterik gabe eszedentzian geldituko da jardunean zegoen kidegoan, eta, beraz, oraingo destinoa lanpostu huts gisa eskainiko da hurrengo lekualdatze lehiaketetan, ondoriozko lanpostu gisara.

8._Egindako eskaera lotzailea izanen da eskatzailearentzat, eskabideak aurkezteko epea betetzen denean. Beraz, ezin izanen da aldatu.

Nolanahi ere, lehiaketan parte hartzeari noiznahi uko egin ahalko zaio, lehiaketaren behin-behineko ebazpenaren aurkako alegazioak aurkezteko epea bukatu baino lehen.

9._Nahitaezko eszedentzian egon eta behin-behineko atxikipena duten funtzionarioei, lehiaketa honetan parte hartzen ez badute, helbideraturik dauden udalerri, probintzia edo autonomia erkidegoko lanpostu bat esleituko zaie behin betikoz.

Bosgarrena._Eskaera baldintzatuak.

Kudeaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko, izapidaketa prozesal eta administratiboaren kidegoko eta epaileen laguntzaileen kidegoko bi funtzionariok udalerri, epai-barruti edo probintzia berean dauden lanpostu hutsak nahi izanez gero, aukera izango dute euren eskaera baldintzapean jartzeko, hau da, destinoa biek probintzia berean lortzeko eskaera egin dezakete, eta hori gertatu ezean, biek egindako baldintzapeko eskaerak deuseztatu egingo dira. Baldintzapeko eskaera hori egiten duten funtzionarioek eskabidean zehaztu beharko dute, eta beste funtzionarioaren eskaeraren fotokopia aurkeztu.

Bigarren lehiakidearen eskabidearen fotokopia aurkezten ez bada, biek egindako eskabide baldintzatua deuseztatu egingo da.

Arau honi atxikitzen zaizkion funtzionarioek baldintzapeko lanpostuak eskabidearen lehentasunezko hurrenkerako lehen zenbakietan ipini beharko dituzte, eta ondoren, baldintzatu gabeko gainontzekoak.

Seigarrena._Izapideak.

Lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak aurkezten direneko Justizia Ministerioko luralde gerentzietako langileria unitateek eta Justizia Administrazioarekiko Harremanen Zuzendaritza Nagusiak eta eta eskumenak transferiturik dauzkaten autonomia erkidegoek eginen dute baremazioa, eskaeran agertzen diren datuetatik abiatuta.

Estatuko Aldizkari Ofizialean aditzera emango da zein tokitan jarriko diren parte-hartzaile guztien III. eranskinak, non baremazioa eta esleituriko behin-behineko destinoak azalduko baitira.

Funtzionario interesatuek hamar egun naturaleko epea izanen dute III. eranskinean azaltzen diren datuak zuzentzeko. Horretarako, epe horretan bidezko egiaztagiriak aurkeztu beharko dituzte eta aurkezturiko eskabidearen fotokopia zigilatua, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, IV. eranskinean azaltzen den alegazio-ereduaren arabera.

Epe horretan erreklamaziorik egin ezean, bertan ageri diren datuak, baremazioa eta behin-behineko destinoa ontzat hartu eta haiekin ados dagoela ulertuko da.

Lehiaketaren ondoriozko lanpostuak ere eskainiko direnez, behin-behinekoz esleitzen diren lanpostuen eta behin betiko ebazpenekoen artean aldaketak egon daitezke, baremazioan edo eskabideen grabazioan egindako akatsen ondorioz. Nolanahi ere, behin-behinekoz esleitzen diren destinoek ez dute eskubiderik edo eskubide-aurreikuspenik sortzen lehiaketaren behin betiko ebazpenari begira.

Zazpigarrena._Esleipenak.

1._Lanpostuak esleitzeko lehentasun-ordena hirugarren arauko baremoen arabera lortutako puntuazioak emanen du.

2._Guztirako puntuazio bera duten bi izangai izanez gero, funtzionarioaren mailaren arabera ordenatuko dira.

Zortzigarrena._Esleituriko destinoen izaera.

1._Lehiaketa honen ondoriozko lekualdatzeak borondatezkotzat hartuko dira, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak, zerbitzuaren ondoriozko kalte-ordainei buruzkoak, aurreikusitako ondorioetarako.

2._Behin betikoz esleitutako destinoei uko egiterik ez dago.

Bederatzigarrena._Ebazpena eta jabetza hartzeko epea.

1._Deialdi hau ebazteko Justiziako ministroak agindua emango du, arlo horretako eskumenak eskuordetuak dituzten autonomia erkidegoetako organo eskudunekin koordinatuta.

2._Ebazpenean hauek adieraziko dira: destinoa esleitu zaienen jatorrizko lanpostua eta herria, administrazio egoera _jardunekoa ez bada_ eta funtzionario bakoitzari esleituriko lanpostua, lantokia eta herria zehaztuta.

3._Lehiaketaren ebazpenak kidegoz kidego eman ahalko dira, lehiaketan parte hartzen duten funtzionarioen kargu-uzteak txandaka egin daitezen, hori baldin eta Administrazioak uste badu denak batera eginez gero zerbitzu publikoarentzat kaltegarria izan daitekeela.

4._Destino berria hartzeko epea hamar egun naturalekoa izango da, udalerriz aldatzen denean. Udalerri berekoa denean, berriz, aurreko lanpostua utzi eta hurrengo hiru egun naturaletan egin beharko da.

5._Destinoaz jabetzeko epea kargua uzten den egunaren biharamunetik hasiko da kontatzen.

6._Ebazpenak jarduneko egoerara itzultzea badakar, jabetzeko epea lehiaketaren ebazpena Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasiko da.

Lehiaketa honen bidez itzulitako funtzionarioak jarduneko egoeran baldin bazeuden beste kidego batean eta ez badute eten nahi Administrazioko zerbitzua, jabetza hartzea egiteko beharrezkoa den denbora eduki behar dela kontuan harturik, oraingo destinoaren erakundeko lehendakariari, epaileari, fiskalari edo buruari eskatzen ahalko diote egun bateko baimen ordaindua, herri aldaketarik ez badago, edo bi egunekoa kontrako kasuan, non ez duten Kanarietara, Baleareetara, Ceutara edo Melillara joan behar, orduan hiru egun bitartekoa izan baitaiteke baimena (Erregelamendu Organikoaren 66.1.g artikulua). Lehengo destinoa itzulerako lanpostu berriaren jabetza hartu behar den egunaren bezperan utzitzat joko da.

7._Ebazpena autonomia erkidegoetako aldizkari ofizialetan aldi berean argitaratzea ez bada lortzen, epeak Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatuko dira.

8._Funtzionarioek dauzkaten baimen edo lizentziak amaitzen direnean hasiko dira destinoaz jabetzeko epeak, baldin eta aparteko arrazoi justifikatuengatik lizentziak eten edo baliogabetzen ez badira.

9._Bidezko justifikaziorik izan gabe, norbaitek jabetza hartzen ez badu, lanpostuari eta kidegoan sartzeari uko egiten diola ulertuko da.

Hamargarrena._Errekurtsoak.

Deialdi honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Iruñean, 2005eko urriaren 27an._Justizia zuzendari nagusia, José María Abad Alegría.

Kidegoa: KUDEAKETA PROZESAL ETA ADMINISTRATIBOA

Erkidegoa: NAFARROA

ORDENA ZK. IZENA HERRIA PROBINTZIA LANPOSTUAK ONDORIOZKOAK HIZKUNTZA INFORMATIKA

5.263 A.N. ADMINISTRAZ. AUZIETAKO SALA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.275 AP 3. ATALA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.283 JAKINARAZPEN ETA BAHITURA ZERB. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.292 1. AUZIALDIKO 3. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.307 INSTRUKZIOKO 2. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.340 ADMINISTRAZ. AUZIETAKO 1. SALA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.355 ZIGOR ARLOKO 3. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.358 LAN ARLOKO EPAITEGIA. 1. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.331 LEHEN AUZIAL. ETA INSTRUKZIOKO 1.

EPAITEGIA. TUTERA TUTERA NAFARROA 1 X E B

5.334 LEHEN AUZIAL. ETA INSTRUKZIOKO 2.

EPAITEGIA (E.K.B.). TUTERA TUTERA NAFARROA 1 X E B

14.360 LEHEN AUZIAL. 7. EPAITEGIA. IRUÑA (Merkat.) IRUÑA NAFARROA 1 X B B

Kidegoa: IZAPIDAKETA PROZESAL ETA ADMINSTRATIBOA

Erkidegoa: NAFARROA

ORDENA ZK. IZENA HERRIA PROBINTZIA LANPOSTUAK ONDORIOZKOAK HIZKUNTZA INFORMATIKA

5.317 LEHEN AUZIAL. ETA INSTRUKZIOKO 1.

EPAITEGIA. AGOITZ AGOITZ NAFARROA 1 X B B

5.279 FISKALTZA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.296 LEHEN AUZIALDIKO 4. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

5.350 ZIGOR ARLOKO 1. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B B

Kidegoa: EPAILEEN LAGUNTZAILEA

Erkidegoa: NAFARROA

ORDENA ZK. IZENA HERRIA PROBINTZIA LANPOSTUAK ONDORIOZKOAK HIZKUNTZA INFORMATIKA

5.318 LEHEN AUZIAL. ETA INSTRUKZIOKO 1.

EPAITEGIA (E.K.B.). LIZARRA LIZARRA NAFARROA 1 X B E

5.262 A.N. ADMINISTRAZ. AUZIETAKO SALA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 2 X B E

5.291 LEHEN AUZIALDIKO 3. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B E

5.312 LEHEN AUZIALDIKO 4. EPAITEGIA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B E

5.345 ADMINISTRAZ. AUZIETAKO 3. SALA. IRUÑA IRUÑA NAFARROA 1 X B E

Iragarkiaren kodea: F0521658