129. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

1101/2005 EBAZPENA, urriaren 6koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana, Unibertsitate honetako Administrazio Kudeaketako Eskalako lanpostu huts bat betetzeko hautaprobetarako deia egiten duena.

Abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen 19. artikuluan eta martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuan xedatutakoari jarraikiz, azken horrek onetsi baitzuen Estatuaren Administrazio Orokorraren Zerbitzuan Langileak Sartzeko eta Estatuaren Administrazio Orokorreko Funtzionario Zibilen Lanpostuak Hornitzeko eta Sustapena egiteko Erregelamendua, bidezkoa da Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio Kudeaketako Eskalan sartzeko hautaprobetarako deia egitea.

Langileen Kudeaketarako Ataleko buruaren txostena ikusirik, Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendariak ontzat emana, eta zeinean baieztatzen baita ezen, Unibertsitatearen Gizarte Kontseiluak onetsi duen Lanpostuen Zerrendaren arabera, badagoela B taldeko lanpostu huts bat, aurrekontuan kontu-saila badaukana eta Unibertsitateak 2004. urterako onetsi duen Lan Eskaintza Publikoan ezartzen denaren arabera bete beharrekoa dena.

Unibertsitateko kudeatzaileak proposaturik.

Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 20. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, aipatu legeko 2.2 e) artikuluarekin loturik, eta Unibertsitateko Estatutuetako 40. eta 41. artikuluek ezartzen dutenaren arabera,

EBATZI DUT:

Lehena._Hautaprobetarako deia egitea, Unibertsitateko Administrazio Kudeaketako Eskalako lanpostu huts bat betetzeko.

Bigarrena._Deialdi hau arautuko duten Oinarriak, Ebazpen honekin batera doazenak, onestea.

Hirugarrena._Sortzen den gastua honako kontu-sail hauei egotziko zaie: AZLen Oinarrizko Lansariak, AZLen Lansari Osagarriak eta 2005eko ekitaldiko Gastuen Aurrekontuko I. kapituluko Gizarte Segurantzako kontu-saila.

Laugarrena._Ebazpen hau eta deialdiaren oinarriak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzea, bai eta dagokion iragarkia Estatuko Aldizkari Ofizialean ere.

Bosgarrena._Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoaren 6.4 artikuluak xedatzen duenari jarraikiz, eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke errektorearen aurrean, edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, hilabeteko epean lehenengo kasuan, eta bi hilabeteko epean bigarrenean, biak ere ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2005eko urriaren 6an._Errektorea, Pedro Burillo López.

O I N A R R I A K

1._Arau Orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Unibertsitate honetako Administrazio Kudeaketako Eskalako karrerako funtzionario izateko lanpostu huts bat oposizio-lehiaketaren bidez betetzea.

Deialdi honek aipatzen duen Eskalako lanpostu huts gehiago geldituko balitz Unibertsitatean, huts horiei dagozkien lanpostuak eta 1.1. atalean eskainitakoak metatu ahal izango dira, Unibertsitateko errektoreak emandako ebazpenaren bidez. Hori oposizioaldiaren azken ariketa egin baino lehen gertatuko da, eta baimena emango da lanpostu horiek deialdi honen helburu diren hautaprobetan betetzeko.

1.2. Xedapen aplikagarriak. Hautaprobak egiteko honako arau hauetan xedatuari jarraituko zaio: Funtzio Publikoa Eraberritzeari buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legea, martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretua, Unibertsitateei buruzko Lege Organikoa, Unibertsitateko Estatutuak eta deialdi honetako araudia.

2._Izangaiek bete beharrekoak.

2.1. Betekizunak. Hautaprobetan onartuak izateko izangaiek betekizun hauek bete behar dituzte:

a) Espainiako nazionalitatea edukitzea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen batekoa. Halaber, Espainiako eta Europar Batasuneko estatuetako edo aipatu nazioarteko itunetan onartutako estatuetako nazionalitatea dutenen ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude; nazionalitatea duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, gurasoen kontura bizi badira.

b) Hamazortzi urte beteak izatea, eta legez ezarritako gehienezko adina betegabe izatea.

c) Unibertsitateko Diplomadun titulua, Ingeniari Teknikoarena, Arkitekto Teknikoarena edo baliokidea edukitzea, edo, bestela, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, titulua edukitzeko moduan egotea.

1272/2003 Errege Dekretuak, urriaren 10ekoak, Espainiako unibertsitateko edo unibertsitatez kanpoko goi mailako tituluak, izaera ofiziala duten eta estatuko lurralde osoan baliozkoak diren unibertsitate tituluekin baliokidetzeko baldintzak arautzen dituenak, lehen xedapen gehigarrian, eta Unibertsitateetarako Zuzendaritza Nagusiak 2004ko martxoaren 11n emandako Ebazpenean, Funtzio Publikoa Eraberritzeko neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legeak ezartzen duenaren arabera aplikatzeko emandakoa, ezartzen denaren arabera, honako hauek izango dira unibertsitate diplomadun tituluaren baliokideak:

1._Lizentziadun, arkitekto edo ingeniari titulu ofiziala lortzera bideratzen duten ikasketetako lehenengo hiru ikasmailak osorik gainditu izana

2._Ikasketa horien lehen zikloa gainditu izana, beti ere lehen ziklo horren irakastorduek 180 kreditu hartzen badituzte gutxienez.

Atzerrian erdietsitako titulazioak badira, aipatutako egunean izangaiak eskuan izan behar du homologazioaren egiaztagiria.

d) Egin behar dituen eginkizunak egitea galarazten dion gaixotasunik edo muga fisiko edo psikikorik ez izatea.

e) Diziplina espediente baten bidez inongo administrazio publikotako zerbitzutik bereizita ez egotea, eta epai irmo baten bidez eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea.

Espainiako nazionalitatea ez dutenek zinpeko aitorpenaren bidez frogatu beharko dute funtzio publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo zigor kondenarik ez dutela.

2.2. Betekizunak betetzeko data. Aurreko arauetan ezarritako betekizunak bete behar dira eskaerak aurkezteko epea bukatzen denerako, eta karrerako funtzionario bezala jabetza hartu arte beteko dira.

3._Eskaerak.

3.1. Eskaera-eredua. Hautaproba hauetan parte hartu nahi dutenek IV. Eranskinean argitara emandako eskabidean asmo hori jakinaraziko dute. Eskabidearekin batera hauek aurkeztuko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo izangaien nazionalitatea eta nortasuna ziurtatzeko agiri baliokidearen fotokopia, eta, hala badagokio, ahaidetasun-harremana eta harreman hori duen beste estatu bateko nazionalitatea duenaren kontura bizi direla edo kargura daudela egiaztatzen duten dokumentuak. Era berean, zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko ez dagoela zuzenbidez banandurik bere ezkontidearengandik, eta, hala badagokio, izangaia bere kontura bizi dela edo kargura dagoela.

b) Deialdian eskatutako tituluaren kopia edo eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren ordezkagiria. Hala badagokio, atzerriko tituluaren homologazioa duela erakusten duen egiaztagiriaren kopia.

c) Azterketa egiteko eskubideak ordaindu direla erakusten duen bankuaren agiria, 3.5. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

3.2. Ehuneko 33 edo gehiagoko ezintasuneko elbarritasuna duten izangaiek egoera hori baieztatu beharko dute, organismo eskumendunek emandako agiriaren bidez, eta, halaber, beren ezintasunaren eta haren mailaren berri emango dute eskabidearen 6. eta 7. ataletan. Hautaketa-prozesua egin ahal izateko egokitzapenen bat beharrezkoa den kasuetan, zer egokitzapen-mota behar duten aipatu beharko dute, berariaz, eskaeraren 8. atalean. Atal hau betetzen ez bada, ulertuko da oposizioaldiko ariketak egiteko ez dutela inolako egokitzapenik behar.

3.3. Euskarazko proba borondatezkoa. Euskararen ezagutzari buruzko borondatezko proba, lehiaketa-aldikoa, egin nahi duten izangaiek eskabidearen 24A atalean adieraziko dute esaldi honekin: "Euskarazko proba borondatezkoa. Lehiaketaldia". Hautaprobetara onartua izateko eskabidean jasota ez badago, ez da onartuko eskaerarik borondatezko proba hori egiteko. Hautaproba hori seigarren oinarrian ezarritakoari jarraikiz egingo da.

3.4. Eskabideak aurkezteko tokia eta epea. Eskabideak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (Administrazio eta Kudeaketa eraikina. Beheko solairua. Arrosadiko Campusa, 31006 IRUÑA), edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko Legearen 38.4 artikuluak aurreikusitako moduan, hogei egun naturaleko epean, deialdi hau Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore jaunari zuzenduko zaizkio. zuzenduko zaizkio.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izango da luzatu.

3.5. Azterketa-eskubideak. Azterketa-eskubideak 18 euro izango dira, Nafarroako Rural Kutxako 3008-0001-18-0700190523 zenbakidun kontu korrontean sartuko dira, eta honako hau adieraziko da: "Hautaprobak-Kudeaketako Eskala (Langileria)", bai eta izangaiaren izena eta deiturak ere.

Tasak ordaintzetik salbuetsita egongo dira:

a) Ehuneko 33 edo gehiagoko ezintasuna dutenak, hori egiaztatzen badute.

b) Hautaproben deialdia Estatuko Aldizkari Ofizialean egin aurretik hilabetez edo luzaroago lan-eskatzaile gisa inskribaturik egon direnak. Salbuetsita egoteko baldintza izango da kasuko epean eskainitako inolako lan egokiri uko egin ez izana, eta lanbide sustapen, prestakuntza edo eraberritze ekintzetan parte hartzeari uko egin ez izana, justifikaturiko arrazoirik ez badago. Hori egiaztatzeko dagokion Enplegu Bulegoaren ziurtagiria aurkeztu behar da.

Azterketa-eskubideak dagokion banketxean ordaintzeak ez du edukiko inolaz ere eskaeraren izaerarik. Izangaia hautaprobetatik behin betikoz baztertua izango da eskaerarik aurkezten ez badu, eskubide horiek ordaindu izana justifikatu arren.

Azterketa eskubideak ordaintzen ez dituen izangaia hautaprobetatik baztertua izango da.

3.6. Eskubideen itzulketa. Martxoaren 27ko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasa eta prezio publikoei buruzko 7/2001 Foru Legearen 15. artikuluak ezartzen duenarekin bat etorriz, bidezkoa izango da eskatutako tasak bueltatzea egitate zergapegarria gauzatzen ez denean subjektu pasiboari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik. Hala bada, interesdunak eskubidea du sartutako diru-kopuruak buelta diezazkioten, betiere hala eskatzen bada dagokion banku-transferentziarako datuak emanez.

Hortaz, ez da bidezkoa izango azterketa-eskubideen zenbatekorik bueltatzea interesdunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik hautaprobetatik baztertua izan bada.

3.7. Agiriak berreskuratzea. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratu ahal izango dituzte, horrelakorik berariaz eskatzen badute, izendapena egiten duen Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunetik aurrera. Aipatu egunetik aurrera, eta urtebeteko epearen barruan, agiriak bereganatzen ez dituztenek uko egiten diote agiriak berreskuratzeari, eta, hortaz, horretarako eskubidea galduko dute.

3.8. Datuen babesa. Norberaren Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoak (abenduaren 14ko "Boletín Oficial del Estado", 298 zk.) xedatzen duenari jarraituz, izangaiek emandako datuak Giza Baliabideetako fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen zeregina Nafarroako Unibertsitate Publikoko langileen kudeaketa egitea da.

4._Izangaiak onartzea.

4.1. Onartuen eta baztertuen zerrenda. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gero, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak ebazpena emango du, gehienez hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dena. Ebazpen horretan onartu eta baztertuen zerrenda onetsitzat emango da, bigarren kasuan baztertzearen zergatia azalduko delarik, eta, gainera, lehen proba noiz eta non izango den jakinaraziko da.

4.2. Zuzentzeko epea. Baztertutako izangaiek hamar eguneko epea edukiko dute baztertuta gelditzeko egin duten akatsa konpontzeko, Ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Inola ere ezin izango da zuzendu eskabidearekin batera ordainagiria aurkeztu ez izana.

4.3. Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda. Zuzentzeko epea amaiturik, onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsiko da. Onartu eta baztertuen zerrenda behin betikoz onesten duen ebazpenaren aurka, administrazio bidea agortzen baitu, interesdunek, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen aurrean, hilabeteko epean, ebazpen hori argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

5._Epaimahaia.

5.1. Osaera. Hautaprobak kalifikatuko dituen epaimahaia deialdi honetako II. eranskinean datorrena da.

5.2. Abstentzioa eta errefusatzea. Epaimahaiko kideek ezin izango dute jardun, eta halaxe jakinaraziko diote Unibertsitateko errektoreari, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 28. artikuluak ezartzen dituen inguruabarrak gertatzen direnean, edo eta deialdi hau argitaratu eta lehenagoko bost urteetan hautaprobetarako izangaiak prestatzeko lanak egin badituzte.

Halaber, izangaiek epaimahaiko kideak errefusatu ahalko dituzte, oinarri hauetan aipatzen diren inguruabarrak gertatzen direnean.

5.3. Aldaketa osaeran. Oposizioaldiko hautaprobak hasi baino lehen, deialdia egiten duten agintariek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ebazpen bat argitaratzea aginduko dute, zeinak izendatuko baititu 5.2. oinarrian aipatzen diren arrazoietakoren batengatik epaimahaiko kide izaera galdu duten kideen ordezkoak.

5.4. Bilerak. Epaimahaiburuak hala deiturik, epaimahaia eratuko da, eta han egongo dira, gutxienez, epaimahaiburua, idazkaria eta kideen gehiengo absolutua, titularrak edo ordezkoak. Epaimahaiburuak eskatzen ahalko die epaimahaiko kideei berariazko aitorpena, zeinean aitortuko baitute ez daudela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeko 28. artikuluak ezartzen dituen gorabeheretan sartuta. Bilera horretan, Epaimahaiak hautaprobak behar bezala egin ahal izateko beharrezkoak diren erabaki guztiak hartuko ditu.

5.5. Epaimahaiaren jarduna prozesuan. Epaimahaiak argituko ditu hautaprobak egin bitartean araudi hau interpretatzeak eta aplikatzeak sorraraz ditzaketen zalantzak, eta neurriak hartuko hautaprobak aurrera egin ahala arautegian aurreikusten ez diren eta sor litezkeen auziak ebazteko.

Epaimahaiaren jarduna, uneoro, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak ezartzen duenaren arabera gauzatuko da.

5.6. Aholkulariak. Epaimahaiak erabakitzen ahal du bere lanetan aholkulari adituak sartzea, egoki jotzen dituen probetan edo proben parteetan, aholkulari hauen eginbeharra beren espezialitate teknikoen alorrean laguntza ematera mugatuko delarik. Aholkulari hauen izendapena Unibertsitateko errektoreari jakinarazi behar zaio, eta berak erabakiko du horri buruz.

Era berean, eta proben garapenak horrela eskatzen duenean, prozesuko izangaien kopuruarengatik, probak ongi garatzeko behar adina laguntzaile izendatu ahalko ditu epaimahaiak.

5.7. Elbarrientzako egokitzapena. Epaimahai kalifikatzaileak neurri egokiak hartuko ditu hau beharrezkoa den kasuetan, elbarritasunak dituzten izangaiek gainontzeko izangaien baldintza berberak eduki ditzaten probak egiteko orduan, 3.2 oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

5.8. Bermeak. Epaimahaiburuak egoki jotzen dituen neurriak hartuko ditu oposizioaldian idatziz egingo diren eta irakurri behar ez diren ariketak zuzen daitezen izangaiak nortzuk diren jakin gabe.

5.9. Parte-hartzaileentzako informazioa. Jakinarazpenak emateko eta bestelako gorabeheretarako, epaimahaiaren egoitza Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Kudeaketako eraikina izango da.

5.10. Kategoria. Epaimahaiak bigarren kategoria edukiko du, maiatzaren 24ko 462/2002 Errege Dekretuak zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainei buruz ezartzen duenaren arabera.

5.11. Gainditu dutenen zerrenda. Epaimahaiak ezin izango du inoiz aldarrikatu deitu diren lanpostuak baino izangai gehiagok gainditu dituztela hautaprobak. Ezarritakoaren kontra doan edozein proposamen erabat deuseza izango da, martxoaren 10eko 364/95 Errege Dekretuak onetsitako Estatuko Administrazioaren Zerbitzuan Langileak Sartzeko Erregelamenduaren 25.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

6._Hautatze prozesua.

6.1. Izangaiak hautatzeko prozesuak aldi hauek edukiko ditu:

A) Oposizioaldia.

A.1._Lehen proba. Nahitaezkoa eta baztergarria izango da.

Deialdi honetako I. eranskinean agertzen den Programaren zati bakoitzari dagokion gai bana garatu beharko da, idatziz, aipatu zati horietako bakoitzean zozketaz ateratako bi gairen artean aukeratuz.

Lehen proba egiteko denbora ezin izango da lau ordu baino luzeagoa izan. Izangai bakoitzak irakurriko du proba hau Epaimahaiaren aurrean, jendaurreko ekitaldian.

A.2._Bigarren proba. Nahitaezkoa eta baztergarria izango da.

Deialdi honetako I. eranskineko programari buruzko hainbat galdera erantzun beharko da, eduki praktiko, teoriko edo teoriko-praktikoa dutenak, idatziz.

Bigarren ariketa egiteko denbora ezin izango da hiru ordu baino luzeagoa izan.

A.3._Hirugarren proba. Nahitaezkoa eta baztergarria izango da.

Epaimahaiak proposatuko dituen bi kasu praktiko edo gehiago ebatzi beharko dituzte izangaiek, programan agertzen diren gaiekin loturikoak, baita deitu den lanpostuari datxizkion eginbeharrekin loturik ere.

Proba hau egiteko izangaiek PC ekipo informatikoak, Windows 2000 Sistema Operatiboa, Internet Explorer 6.0 Nabigatzailea eta Office 2000 izango dute.

Hirugarren ariketa egiteko denbora ezin izango da lau ordu baino luzeagoa izan. Izangai bakoitzak irakurri eta defendatuko du ariketa hau epaimahaiaren aurrean, jendaurreko ekitaldian.

A.4._Oposizioko proben balioespena:

_Lehenengo proba: gehienez ere 18 puntuz balioetsiko da. Gai bakoitzari 0tik 6ra puntu emango zaizkio, eta beharrezkoa izango da proba hau gainditzeko, gutxienez 2,5 puntu izatea gai bakoitzean, beti ere, izangaiak probaren balioespen osoan, gutxienez 9 puntu erdiesten baditu.

_Bigarren proba: gehienez ere 24 puntuz balioetsiko da, eta proba hau gainditzeko gutxienez 12 puntuko kalifikazioa erdietsi behar da.

_Hirugarren proba: gehienez ere 28 puntuz balioetsiko da, eta proba hau gainditzeko gutxienez 14 puntuko kalifikazioa erdietsi behar da.

Izangai bakoitzak hiru probetako bakoitzean erdietsitako puntuazioen batura izango da oposizioaldiko puntuazio osoa.

B) Lehiaketaldia:

Epaimahaiak balioetsi egingo ditu oposizioaldia gainditu duten izangaiek azaldutako merezimenduak. Horretarako, ondoren azaltzen den baremoa erabiliko da. Lehiaketa-aldiko atal bakoitzari dagozkion merezimenduak batu, eta erdietsitako puntuazioa inolaz ere ez da izango 30 puntu baino gehiagokoa. Erdietsitako puntuazioa oposizioaldia bukatutakoan argitaratuko da, eta bi aldietako puntuazioen batura izango den behin betiko puntuazioa argitara eman aurretik.

Oposizioaldia gainditu duten izangai guztiek agirien bidez frogatu beharko dituzte alegatutako merezimendu guztiak, oposizioaldiko emaitzak jakinarazi eta hamar egun naturalen epean, bai jatorrizko agiriaren bidez, bai administratiboki erkatutako kopien bidez, deialdi honetan ezartzen den baremoaren arabera. Emandako zerbitzuen agiria zerbitzuak eman diren organismoaren langileen bulegoak luzatu beharko du.

Merezimenduak balioesteko kontuan hartuko dira, bakarrik, eskaerak aurkezteko epera arte lortu direnak, eta baliogabeak izango dira egun hori eta gero lortutakoak.

B.1._Lanbide-esperientzia: atal honetako gehieneko puntuazioa 16,5 puntu da eta balioets daitekeen gehieneko denbora lau urte. Balioetsiko diren merezimenduak hauek izango dira:

a) Eskabideak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoetan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuei dagozkien titulazioko taldean eta eginkizun antzekoetan 0,35 puntu.

b) Eskabideak aurkezteko epea bukatzean unibertsitate publikoa ez den edozein administrazio, organismo edo erakunde publikotan zerbitzu ematen egindako hilabete bakoitzeko, deialdiko lanpostuei dagozkien titulazioko taldean eta eginkizun antzekoetan, 0,15 puntu.

B.2._Euskara eta beste hainbat hizkuntzari buruzko ezagutza: balioetsiko diren merezimenduak hauek izango dira, eta atal honetako gehienezko puntuazioa 9 puntu izango da.

B.2.1. Euskara:

a) Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) edo titulazio ofizial baliokidea edukitzeagatik, 6,75 puntu.

b) Euskarazko Oinarrizko Zikloaren Ziurtagiri Ofiziala edo titulazio ofizial baliokidea edukitzeagatik, 4,5 puntu. Bateraezina izango da balioespen hau eta aurreko atalak aipatzen duen merezimenduarena.

c. a) eta b) atalek aipatzen dituzten titulazioak egiaztatzeko moduan ez dauden izangaiek, nahi izanez gero, daukaten euskara maila balioesteko proba egin ahal izango dute. Proba hori borondatezkoa eta merezimenduzkoa izango da eta 0tik 2,7ra bitarteko puntuazioa izango du. Proba hori seigarren oinarriko bigarren atalean ezarritakoari lotuko zaio.

B.2.2. Beste hizkuntza batzuk:

a) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialaren Gaitasun Agiria, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulazio baliokidea, 4,95 puntu hizkuntza bakoitzagatik.

b) Europar Batasuneko edozein hizkuntza ofizialaren Oinarrizko Zikloaren Ziurtagiri Ofiziala, Hizkuntza Eskola Ofizialek ematen dutena, edukitzeagatik edo, bestela, titulazio baliokidea, 3,15 puntu hizkuntza bakoitzagatik.

Atzerrian erdietsitako edo atzerriko erakundeek emandako hizkuntza-titulazioak badira, izangaiak eskuan izan behar du homologazioaren egiaztagiria eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako.

B.3._Beste merezimendu batzuk: gehienez ere 4,5 puntu emango zaie.

B.3.1. Titulazioak edukitzeagatik, betiere, izangaiek ez badituzte azaldu 2.1.c) oinarrian eskatutakoa betetzeko, gehienez ere, 2 puntu emango zaie, honela:

1._Zuzenbidean, Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan edo Ekonomian lizentziadun titulua edukitzeagatik: 2 puntu.

2._Gizarte Graduatuan edo Enpresa Zientzietan diplomaduna: 1,5 puntu.

3._Izaera ofizialeko Unibertsitate titulu bat edo gehiago edukitzeagatik: 1 puntu.

Atzerrian erdietsitako edo atzerriko erakundeek emandako titulazioak badira, izangaiak eskuan izan behar du homologazioaren egiaztagiria eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako.

B.3.2. Unibertsitateek, Administrazio Publikoko institutuek, Organismo Publikoek, Sindikatuak barne, ematen dituzten ikastaroak dira balioetsiko direnak. Ez dira balioetsiko titulu akademiko bat, graduondoa edo/eta masterra erdiesteko den ikastarorik, irakasgairik, mintegirik edo kidekorik. 0,1 puntu emango dira 10 prestakuntza-orduko, eta ikastaro bakoitzagatik gehienez ere puntu 1 emango da; atal honetako gehienezko puntuazioa ezin da izan 2,5 puntu baino gehiagokoa.

Deialdiko lanpostuari dagozkion eginkizunekin zerikusia duten gaiei buruzko ikastaroak balioetsiko dira soilik, eta zehazki gai hauek:

_Langile-kudeaketa eta administrazioa.

_Nominak, Gizarte Segurantza eta beste aurreikuspen-sistema batzuk.

_Lan zuzenbidea.

_Administrazio-prozedura.

_Unibertsitatearen legeria eta kudeaketa.

_Funtzio publikoari buruzko legeria.

_Aurrekontu-legeria eta kudeaketa.

6.2. Deialdiaren lehiaketa-aldiko B.2.1.c) atalean aipatzen den euskara-maila balioesteko proba saio bakar batean egingo da oposizioaldia bukatu eta gero. Proba egiteko eguna eta ordua ezarriko dituen deialdia Unibertsitateko Administrazio eta Kudeaketa eraikineko iragarki-oholean jarriko da, eta hala eskatzen dutenei beren izenean bidalitako gutunaren bidez jakinaraziko zaie. Proba osoa euskaraz egingo da, eta atal hauek izango ditu:

a) Idatzizko gaitasuna, gramatika edukiak eta idazmena balioetsiko dituena.

b) Ahozko gaitasuna, ulermena eta mintzamena neurtuko dituena.

7._Proben garapena.

7.1. Proben hasiera. Oposizioaldiko lehen ariketa 2006ko irailetik aurrera egingo da.

7.2. Proben izaera. Oposizioaldiko proba bakoitza baztergarria izango da; baztertu egingo dute ariketa horietako bakoitzean eskatzen den gutxienezko puntuazioa erdietsi ez duen izangaia.

7.3. Nortasuna egiaztatzea. Epaimahaiko kideek noiznahi eska diezaiekete izangaiei nortasuna egiazta dezatela.

7.4. Deialdi bakarra. Izangaiak oposizioaldiko proba bakoitza egiteko deituko dituzte deialdi bakarrean, eta agertzen ez direnak baztertuta geldituko dira, ezinbesteko kasuetan salbu, betiere Epaimahaiaren aurrean justifikatu eta honek justifikazioa onartu eta gero.

Izangaien jarduteko hurrenkera oposizioaldian alfabetoaren hurrenkeran hasiko da F letratik hasita, Administrazio Publikorako Estatu Idazkaritzaren 2005eko urtarrilaren 10eko Ebazpenean (urtarrilaren 17ko Estatuko Aldizkari Ofiziala) ezarritakoari jarraituz.

7.5. Hautaprobak hasi eta gero, gainontzeko probetarako iragarkiak jendaurrean jakinaraziko dira gutxienez probaren eguna baino 24 ordu lehenago. Iragarki horiek Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko oholetan jarriko dira, eta ahalik eta zabalpen handiena emateko egoki jotzen den beste edozein bitarteko ere erabiliko dira.

7.6. Hautaproben edozein unetan, epaimahaiak jakiten badu izangaietakoren batek ez dituela deialdi honetan eskatzen diren betekizun guztiak betetzen, eta interesdunari entzun ondoren, Unibertsitateko errektoreari proposatu behar dio izangai hori baztertzeko, eta esan beharko dio, halaber, zein zehazgabetasun edo faltsukeria jarri dituen izangaiak hautaprobetara onartua izateko eskaeran, horrek bere ondorioak sor ditzan.

7.7. Gaztelaniaren ezagutza-proba, Espaniako nazionalitatea ez duten izangaientzat. Oposizioaldiko probak egin baino lehen, Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek gaztelaniaren ezagutza egiaztatu behar dute proba bat eginez, non ahozko eta idatzizko ulermen eta adierazpen-maila egokia dutela egiaztatuko baita. Gaztelaniaz mintzatzen diren herrialdeetako nazionalitatea dutenak salbuetsita daude proba hori egitetik.

Urriaren 31ko 1137/2002 Errege Dekretuak (azaroaren 8ko "Boletín Oficial del Estado"), espainierako diplomak atzerriko hizkuntza gisa (Dele) arautzen dituenak, arautuko du proba honen edukia. Proba honetako kalifikazioa "gai" edo "ez gai" izango da, eta gai balioespena erdietsi behar da, oposizioaldiko probak egiteko.

Espainierako diploma dutenak (tarteko maila edo maila aurreratua) proba egitetik salbuetsita daude, aipatu Errege Dekretuaren 4.2 artikuluak ezarritakoarekin bat etorriz, bai eta Hizkuntza Eskola Ofizialek emandako espainierazko gaitasun agiria dutenak ere.

8._Gaindituen zerrenda eta izendapen-proposamena.

8.1. Proba gainditu dutenen zerrenda. Oposizioaldiko proba bakoitza amaiturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du Administrazio eta Kudeaketa Eraikineko iragarki-oholean, txanda bakoitzean erdietsitako puntuazioaren arabera sailkaturik, eta nortasun agiri nazionala adieraziz.

8.2. Oposizioaldia gainditu dutenen zerrenda. Oposizioaldia amaiturik, epaimahaiak gainditu duten izangaien zerrenda argitaratuko du aurreko oinarrian aipaturiko tokian, proba bakoitzean erdietsitako puntuen batuketa egin ondoren, bakoitzak txanda bakoitzean erdietsi duen behin betiko puntuazioaren arabera sailkaturik, eta nortasun agiri nazionala adieraziz.

8.3. Lehiaketaldiaren balioespena. Lehiaketaldia amaiturik, epaimahaiak 8.1 oinarrian aipatutako tokian argitaratuko du jendaurrean izangai bakoitzaren merezimenduen behin-behineko balioespenaren zerrenda. Izangaiek bost laneguneko epea dute, zerrenda argitaratzen denetik kontatzen hasita, behar diren zuzenketak alegatzeko.

Epea amaiturik, epaimahaiak lehiaketaldiaren behin betiko balioespena duen zerrenda argitaratuko du.

8.4. Izangaien zerrenda. Epaimahaiak izangaien zerrenda argitaratuko du, lortu duten behin betiko postuaren arabera antolatuta, oposizioaldian eta lehiaketaldian lortu dituzten puntuazioak batu eta gero.

Hautaproben azken emaitzan gertatzen diren berdinketak ebazteko, oposizioaldian puntuaziorik altuena lortu duenaren alde egingo da; berdinketak segitzen badu, probak egin diren hurrenkeraren alderantzizko hurrenkeran ateratako puntuazioen arabera ebatziko dira, eta, hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrenaren alde ebatziko da.

8.5. Gaindituen zerrendaren behin-behineko argitarapena. Epaimahaiak behin-behinekoz argitaratuko du hautaprobak gainditu dituzten eta, sartzeko betekizunak bete dituztelarik, puntuazio handiena erdietsi duten izangaien zerrenda, oposizio eta lehiaketa-aldietako puntuazioen batuketa egin ondoren, betiere deialdia egindako lanpostu kopurua baino handiagoa izango ez dena.

8.6. Lanpostuen esleipena. Administrazio Organo eskumendunak egingo duen lanpostu hutsen esleipena, hautaketa-prozesua gainditu duten izangaien zerrenda behin betikoz argitaratu baino lehen egingo da, gainditu duten eta deialdiko lanpostu-kopuruaren barruan sartzen diren izangaien eskaeren arabera, oinarri hauek ezartzen dituzten baldintzak betetzen badituzte, hautaprobetan erdietsitako puntuazioen hurrenkeraren arabera eta betiere ezintasuna dutenen txandako izangaiek lehentasuna izango dutelarik.

Elbarritasuna duten izangaiak baleude eta elbarritasun horrek lanpostu hutsak betetzeko baldintzetan eragingo balu, aukeraketa egin aurretik beren elbarritasunarekin egokien diren lanpostuak esleituko zaizkie, horri buruz egindako txostena ikusi eta gero.

8.7. Hautaketa-ekitaldia. Lanpostu-hautaketa, hala behar denean, horretarako adierazten den tokian, egunean eta orduan bertaratuz egingo da. Adierazitako epearen barnean hautaketa egiten ez duten izangaiak azkenak jarriko dituzte 8.5 oinarrian aipatzen den gainditutako izangaien zerrendan.

8.8. Gainditutako izangaien zerrendaren behin betiko argitarapena. Hautaketa-ekitaldia amaiturik, Epaimahaiak behin betiko izaeraz argitaratuko du hautaprobak gainditu dituzten izangaien zerrenda.

8.9. Izendapen-proposamena. Hautaprobak gainditu dituzten eta, beraz, hautaprobak gainditu dituzten izangaien behin betiko zerrendan diren izangaiak, lanpostuetan sartzeko betekizunak betetzen dituztela egiaztatu badute, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak izendatuko ditu Epaimahaiak proposaturik, beren behin betiko destinoa adierazita.

9._Agirien aurkezpena eta funtzionarioen izendapena.

9.1. Aurkeztu beharreko agiriak. Karrerako funtzionario izendatzeko proposamena 5.9 oinarrian aiapatzen den tokian edo tokietan jendaurrean jarri, eta biharamunetik kontatzen hasita, hogei egun naturaleko epean, probak gainditu dituzten lehiatzaileek honako agiri hauek aurkeztu behar dituzte Unibertsitateko Erregistro Orokorrean:

a) 2.1.c) oinarrian eskaturiko tituluaren jatorrizkoa edo kopia erkatua.

b) Zinpeko aitorpena edo hitzematea, adierazteko lehiakidea ez dagoela bereizita diziplina espedientearen bidez inongo administrazio publikotatik, eta ez dagoela ezgaitua eginkizun publikoak betetzeko, deialdi honen III. eranskinean dagoen ereduaren arabera.

c) Mediku ziurtagiri ofiziala, osasun gaietan eskumenduna den Zuzendaritza Probintzialak edo Kontseilaritza/Sailak emana, dagokion bezala, lanpostuko eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela adierazten duena.

d) Halaber, % 33ko edo gehiagoko ezintasuneko elbarritasuna duten izangaiek, lanpostua lortuz gero, Gizarte Gaietarako Ministerioko organo eskumendunen egiaztagiriekin frogatu behar dute ezintasuna, edo, hala behar denean, dagokion Autonomia Erkidegokoarenekin; eta gainera, egiaztagiri horretan adierazi behar da deialdiaren xede diren lanpostuetako egiteko eta eginkizunak bete ditzakeela.

9.2. Jardunak deuseztatzea. Ezinbesteko kasuak alde batera utzita, ezarri den epearen barruan agiriak aurkezten ez dituztenak, edo agiriak aztertzearen ondorioz, 2. oinarrian aipatzen diren betebeharretakoren bat betetzen ez dutenak, ezin izendatuko dira funtzionario, eta beren jardun guztiak deuseztu egingo dira, hasierako eskaeran faltsukeriatan ibiltzeagatik eduki lezaketen erantzukizunaren kaltetan gabe.

Lehengo atalean aurreikusten den kasuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak hutsunea beteko du 8.4 atalak aipatzen duen izangaien zerrendan ondoren dagoen izangaiarekin, eta horrekin aurreko ataletan aipatu den moduan jokatuko da.

9.3. Funtzionarioen izendapena. Deialdia egin duen agintariak, epaimahai kalifikatzaileak hala proposaturik, karrerako funtzionarioak izendatuko ditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko den ebazpenaren bidez.

10._Izendapenetarako eta kontratazioetarako zerrenda prestatzea.

10.1. Zerrendak prestatzea. Kontratazio eta izendapen zerrendak prestatzeko prozedura eta hori kudeatzeko araubidea arautzen dituen erabakiak ezartzen duenarekin bat etorriz, hautaprobak amaitu eta gero, Unibertsitateak izendapenetarako eta kontratazioetarako zerrenda bat egingo du, eta dagokien hautaprobetan gutxienez proba bat gainditu duten izangaiek osatuko dute zerrenda.

10.2. Zerrendak ordenatzeko irizpideak. Zerrendan daudenak ordenatzeko irizpideak hauek izango dira:

a) Lehenengo, oposizioaldia osorik gainditu bai, baina hautaketa-prozesuan lanpostua erdietsi ez dutenak. Oposizioaldiko eta lehiaketa-aldiko puntuak batu, eta guztira izan duten puntuazioarekin azalduko dira.

b) Bigarren tokian, hautaketa-prozesu osoa gainditu ez arren, gutxienez proba bat gainditu dutenak. Gainditutako probaren eta 10.3 oinarriaren arabera lanbide-esperientziari dagozkion puntuak batu, eta guztira izan duten puntuazioarekin azalduko dira.

10.3. Lanbide-esperientziaren egiaztapena. b) atalean aipatutako izangaiek, dagokion eskabidearekin batera, lanbide-esperientzia egiaztatzen duten agiriak aurkeztu behar dituzte oposizioaldiko bigarren probaren emaitzak argitaratzen diren egunetik dagokion hautaketa-prozesuaren behin betiko emaitzak argitaratu eta hurrengo hamar egunak igaro arte.

Lanbide-esperientzia egiaztatu behar da lan egin den Administrazio Publikoko langileen unitateak emandako egiaztagiri jatorrizkoaren edo kopia erkatuaren bidez.

10.4. Lanbide-esperientziaren balioespena. Lanbide-esperientzia honela balioetsiko da:

_0,60 puntu Nafarroako Unibertsitate Publikoan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, deialdi honi dagokion eskalako lanpostuetan egon badira, gehienez ere, 8 urtez. Ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

_0,60 puntu Unibertsitate Publiko batean azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, deialdi honi dagokion eskalako lanpostuetan egon badira, gehienez ere, 7 urtez. Ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

_0,24 puntu Nafarroako Unibertsitate Publikoan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, dagokion deialdiak aipatzen ez dituen beste eskala batzuetako lanpostuetan, titulazio-maila berdineko edo goragokoetan, edota beste administrazio publiko batzuetan azken hamar urteotan lanean emandako hiruhileko bakoitzagatik, deialdiak aipatzen dituen titulazio-maila berdineko eskala edo kidegoetako lanpostuetan, gehienez ere, 7 urtez. Ez dira kontuan hartuko hiruhilekoa baino denbora-zatiki txikiagoak.

11._Azken araua.

Deialdi honen aurka, haren oinarrien aurka eta errektoreak harturiko izendapen-erabakiaren aurka errekurtso hauetako bat jarri ahalko da, indarrean dauden arauekin bat etorriz:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa errektorearen aurrean hilabete bateko epean, egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan bi hilabeteko epean, erabakia argitaratzen edo jakinarazten den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Epaimahaiak erabakitzen dituen deialdi honen gainerako aplikazio-egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da errektorearen aurrean hilabeteko epean egintza edo erabakia jakinarazten edo argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita. Gora jotzeko errekurtsoaren erabaki ebazlearen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahalko da Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

I. ERANSKINA P R O G R A M A

Lehen zatia (Langile-kudeaketa)

1. gaia._Administrazio Publikoetako langileak. Araubide juridikoa. Funtzio Publikoa Eraberritzeko Neurriei buruzko 30/1984 Legea eta hura garatzeko xedapenak. Funtzionario motak.

2. gaia._Lanpostu-zerrendak. Enplegu Publikoaren eskaintza. Funtzionarioak aukeratzea. Funtzionario izaera lortzea eta galtzea.

3. gaia._Administrazio-karrera: lanpostuak betetzeko sistemak eta sustapen-sistemak.

4. gaia._Funtzionarioen administrazio-egoerak.

5. gaia._Funtzionarioen eskubideak eta betebeharrak. Funtzionarioen bateraezintasunak. Diziplina-erregimena.

6. gaia._Funtzionario publikoen sindikazioa. Askatasun sindikala baliatzearen berezitasunak. Baliatzearen mugak. Funtzionarioen ordezkaritza. Langileen Batzordeak.

7. gaia._Funtzionarioen lansari-sistema. Oinarrizko lansariak eta lansari osagarriak. Zerbitzuaren kalte-ordainak. Unibertsitateetako irakasleen lansariak: Unibertsitateko Irakaskidegoak eta Lan Kontratupeko langileak.

8. gaia._251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duena: egitura orokorra eta lansariak.

9. gaia._Nominak: kontzeptua, egitura eta prestatzeko arauak. Soldata ordaintzeko denbora eta modua. Soldatak jasotzea. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata. Soldataren babesa. Soldata pribilegiozko kreditu den aldetik. Soldatak Bermatzeko Fondoa. Soldata enbargatzeko ezintasun erlatiboa. Zerga araubidea.

10. gaia._Gizarte Segurantza: araubide orokorra eta araubide bereziak. Aplikatzeko eremu subjektiboak. Afiliazioari buruzko arauak. Altak eta bajak Araubide Orokorrean. Prozedura eta ondorioak. Altari atxikitzen zaizkion egoerak. Sailkapena eta inskripzioa.

11. gaia._Funtzionarioen Gizarte Segurantza. Administrazio-mutualismoa: Funtzionario Publikoen Mutualitate Zibila (MUFACE): ekintza babeslea. Kontzeptua eta prestazio-motak. Eskubide pasiboak.

12. gaia._Gizarte Segurantzarako kotizazioa: kotizazioaren subjektu behartuak eta erantzuleak. Oinarriak, motak eta kuotak. Diru-bilketa eta dirua biltzeko prozedura.

13. gaia._Ekintza babeslea: prestazioen edukia eta sailkapena. Lan istripua eta lanbide-gaixotasunak. Prestazioen izaerak. Bateraezintasunak. Preskripzioa. Iraungitzea. Behar izan gabe jasotako prestazioak itzultzea.

14. gaia._Aldi baterako ezgaitasuna. Kontzeptua, onuradunak, gertakizun babestuak, iraupena, prestazioaren zenbatekoa eta ordainketa. Babesa ama izateagatik eta adoptatzeagatik. Ezgaitasun iraunkorra ordaindutakoaren araberako modalitatean: kontzeptua. Ezgaitasunaren mailak. Prestazioak. Zehaztea eta zenbatekoa. Onuradunak. Eskubidea sortzea, irautea eta azkentzea.

15. gaia._Erretiroa ordaindutakoaren araberako modalitatean: kontzeptua, onuradunak, zenbatekoa eta bateraezintasunak. Prestazioaren zenbatekoa zehaztea: oinarri arautzailea eta ehuneko aplikagarria. Prestazioa etetea eta azkentzea. Heriotza eta bizirautea. Alarguntza-pentsioen, umezurtz-pentsioen eta familiartekoen aldeko pentsioen kontzeptua eta betebeharrak.

16. gaia._Administrazio Publikoen zerbitzuetako lan kontratupeko langileak. Bere erregimen juridikoa. Administrazio Publikoko hitzarmen kolektiboak eta lan-baldintzak zehaztea.

17. gaia._Lan-kontratua. Kontratatzeko modalitateak. Kontratazio-sistemak Administrazio Publikoan eta eremu juridikoa. Berezitasunak Unibertsitateetako Kontratupeko Irakasleak kontratatzean.

18. gaia._Lan-kontratua etetea. Amaitzea. Zergatikoak. Kaleratzea.

19. gaia._Langabezia-babesa. Kontzeptua eta motak. Langabezia-egoera legezkoa. Tramitazioa eta ordainketa. Enpresaburuen eta langileen betebeharrak. Prestazioak. Eskubidearen sorrera, edukia, iraupena, zenbatekoa, etena eta azkentzea.

20. gaia._Norberaren Datuak Babesteko 15/1999 Lege Organikoa. Apikazioan unibertsitate eremuan. Datuak Babesteko Agentzia.

Bigarren zatia (Legeria orokorra)

1. gaia._Europar Batasuna (I). Europako Erkidegoko zuzenbidearen iturriak: sorrerako zuzenbidea eta zuzenbide eratorria. Sorrerako itunak eta aldatzeko itunak. Europako Erkidegoko zuzenbidea: arautegiak, zuzentarauak eta bestelako egintzak.

2. gaia._Europar Batasuna (II). Batasunaren erakundeak: Kon- tseilua, Parlamentua, Batzordea, Justizia Epaitegia eta Kontuen Epaitegia. Europaren integrazio-prozesuaren eragina Espainiako Estatuaren antolamenduan.

3. gaia._Espainiako Konstituzioa (I). Oinarrizko edukia eta oinarrizko printzipioak. Oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak. Haien bermea. Koroa. Gorte Nagusiak. Gobernua eta Administrazioa.

4. gaia._Espainiako Konstituzioa (II). Botere Judiziala eta Auzitegi Konstituzionala. Konstituzioaren erreforma. Estatuaren lurralde-antolamendua: Estatuaren eta Autonomia Erkidegoen arteko eskumen-banaketa. Autonomia estatutuak.

5. gaia._Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa. Egitura eta edukia. Nafarroako Foru Erakundeak: Parlamentua edo Nafarroako Gorteak, Gobernua edo Foru Diputazioa. Gobernuaren lehendakaria. Nafarroaren printzipioak eta eskumenak.

6. gaia._Ordenamendu juridiko administratiboa. Iturriak eta hierarkia. Legea. Lege motak. Legearen erreserba. Botere betearazlearen lege-indarreko xedapenak: Lege-dekretuak eta Legegintzako dekretuak.

7. gaia._Arautzeko ahalmena. Titulartasuna eta betetzea. Mugak. Arautegiak egiteko prozedura. Arautzeko ahalmenaren kontrola.

8. gaia._Administrazio-egintza. Kontzeptua eta motak. Administrazio-egintzaren elementuak. Administrazio egintzaren eraginkortasuna eta balioa. Arrazoitzea eta jakinaraztea. Berrikustea, deuseztatzea eta errebokatzea.

9. gaia._Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea: planteamendu orokorra eta printzipio gidariak. Administrazio Publikoen jardunaren arau erregulatzaileak.

10. gaia._Administrazio-prozedura. Subjektuak. Denbora administrazio-prozeduran: epemugak eta epeak. Epeak zenbatzea eta aldatzea. Prozeduraren aldiak. Prozeduraren amaiera. Administrazioaren isiltasuna.

11. gaia._Hiritarren eskubideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean. Prozedura garatzeko bermeak. Administrazio Publikoen erantzukizuna.

12. gaia._Administrazio-prozedurak errekurtso-bidean. Motak eta oraingo erregulazioa. Gora jotzeko errekurtsoa, aukerako berraztertzeko errekurtsoa eta berrikusteko errekurtso berezia.

13. gaia._Unibertsitateko irakaskuntzak: iraupena eta zikloen araberako antolamendua. Jarraibide orokorrak eta berekiak. Ikasketa-planak. Europako Unibertsitate Eremua ezartzearen ondorioak unibertsitate ikasketetan.

14. gaia._Unibertsitateko tituluak: araubidea, lortzea, luzatzea eta homologatzea. Europako unibertsitate eremua, tituluei dagokienez. Goi mailako hezkuntzako atzerriko tituluen homologazioa.

15. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoko lehen, bigarren eta hirugarren zikloko ikasketa ofizialak. Araudi erregulatzailea. Titulu berekiak.

16. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko 10/1998 Foru Legea, ekainaren 16koa. Oinarrizko printzipioak. Kontratu motak. Kontratatzeko moduak.

17. gaia._Aurrekontuen betetzea eta administrazio kontratazioa. Kontratuak: lanak egiteko, zerbitzu publikoak kudeatzeko, hornitzeko, aholkularitzarako eta laguntza teknikoa eta zerbitzuak emateko.

18. gaia._Administrazio-jardunaren prozedurak eta formak. Mugatze-jarduera, arbitro-jarduera, zerbitzu publikoko jarduera eta sustapen-jarduera. Zerbitzu publikoak kudeatzea.

19. gaia._Administrazioaren ondasunak. Oinarrizko araubidea. Jabetza publikoa: afektazio-irizpidea. Demanialitatearen helburua eta hedapena. Jabari publikoaren erabilera eta babesa.

20. gaia._Aurrekontua: kontzeptua. Aurrekontu-prozesua: egitea, onestea, betetzea eta kontrolatzea. Aurrekontu-printzipioak. Aurrekontu-sistemak eta egiturak: aurrekontuak programen arabera egiteari buruzko aipamena. Aurrekontuaren kontrola: kontrol-motak.

21. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua: ezaugarriak eta egitura. Dirusarrerak eta gastuak Aurrekontua gauzatzeko arauak.

22. gaia._Hasierako kredituak aldatzea. Kreditu-transferentziak. Aparteko kredituak. Kreditu gehigarriak. Kreditu-zabalpenak. Kreditu-inkorporazioak. Kreditu-sortzapenak.

23. gaia._Gastuaren eta ordainketaren ordenamendua. Erakunde eskudunak. Prozeduraren aldiak. Gastuak eta ordainketak betearaztean zerikusia duten agiri kontableak.

24. gaia._Nafarroako zerga sistema forala. Ikuspegi orokorra. Zergak: kontzeptua eta motak. Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergaren eta Balio Erantsiaren Gaineko Zergaren alderdi orokorrak.

Hirugarren zatia (Unibertsitateko legeria)

1. gaia._Abenduaren 21eko Unibertsitateei buruzko 6/2001 Lege Organikoa. Printzipioak eta edukiak.

2. gaia._Unibertsitatearen Autonomia Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoan, Espainiako Unibertsitateen Estatutuetan eta Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzian.

3. gaia._Unibertsitateen eginkizunak, izaera, sorrera eta aitorpena. Araubide juridikoa.

4. gaia._Unibertsitateen egitura, gobernua eta ordezkaritza. Unibertsitate Koordinaziorako Kontseilua.

5. gaia._Kalitatea Unibertsitateetan. Unibertsitateen Kalitate Plana. Ebaluazioa eta egiaztapena Unibertsitateetan. Kalitatea Ebaluatu eta Egiaztatzeko Agentzia Nazionala.

6. gaia._Unibertsitateen egitura. Unibertsitateko Ikastegiak eta Sailak: kontzeptua, motak eta eginkizunak. Egitura, sorrera, aldaketa eta kentzea.

7. gaia._Unibertsitateko ikerketa. Unibertsitateko irakasleen ikerketa-lana. Ikerketa-proiektuak. Ikerketa Emaitzak Bestetaratzeko Bulegoak (OTRI).

8. gaia._Unibertsitateetako irakasleak: Irakaskidegoetako irakasleak: araubide juridikoa (sarbidea, administrazio-egoerak, arduraldia eta lansariak). Irakaskidegoetako lanpostuak betetzea.

9. gaia._Lan kontratupeko irakasleak: motak eta araubide juridikoa.

10. gaia._Administrazio eta Zerbitzuetako Langileak. Funtzionarioak: aukeraketa eta araubide juridikoa. Lan kontratupeko langileak: araubide juridikoa eta kontratazio-motak.

11. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoa: sorrera. Aro eratzailea, bilakaera eta gaur egungo egoera.

12. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egitura: Sailak, Fakultateak / G.M.E.T. eta U.E. Unibertsitate Institutuak. Bestelako zentroak. Ikasketak eta irakaskuntzak Nafarroako Unibertsitate Publikoan: araudi erregulatzailea.

13. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak. Xedapen orokorrak eta egitura eta Unibertsitateko gobernua.

14. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak: irakaskuntza-jarduerak eta unibertsitate-zabalpena.

15. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak: uniber- tsitate komunitatea.

16. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Estatutuak: ekonomia eta finantza-araubidea eta araubide juridiko-administratiboa.

17. gaia._Nafarroako Unibertsitate Publikoaren aurrekontua: egitura, edukia eta betetzeko araudia.

II. ERANSKINA

Probetako epaimahaia

Epaimahai titularra:

Epaimahaiburua: Errektorea edo berak eskuordetua.

Epaimahaikideak: Nafarroako Unibertsitate Publikoko kudeatzailea edo berak eskuordetua.

Nafarroako Foru Komunitateko beste Administrazio Publiko batzuetako edo Estatuko beste Unibertsitate Publiko batzuetako ordezkari bat.

Ordezkari bat Nafarroako Unibertsitate Publikoko Administrazio eta Zerbitzuetako Langileena, Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen Batzordeak izendatua.

Idazkaria: Nafarroako Unibertsitate Publikoko administrazio eta zerbitzuetako langile bat, Giza Baliabideen Zerbitzuko Zuzendaritzak izendatua epaimahaian parte hartzeko interesa erakutsi dutenen artetik.

Hautaprobetako epaimahaiko kide titular eta ordezkoen behin betiko izendapena onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesten duen ebazpen berean egingo da, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

III. ERANSKINA

.....................................jaun ak/andreak ........................(e)n bizi naizenak eta ............ zenbakidun N.A.N. dudanak, zin edo agindu egiten dut, Nafarroako Unibertsitate Publikoko karrerako funtzionario izendatua izateari begira, inongo Administrazio Publikotako zerbitzutik ez naizela bereizia izan, eta ez nagoela ezgaitua funtzio publikoetan aritzeko.

Iruñean, 200 ...... (e)ko ............................aren............(e)(a)n.

Izenpetua

IV. ERANSKINA

Iragarkiaren kodea: F0520395