129. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

202/2005 EBAZPENA, urriaren 13koa, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probetarako deialdia egiten duena.

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak martxoaren 8an emandako 18/2004 Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuak betetzearren hizkuntzen jakintza-maila neurtzeko berariazko probak arautu ziren.

Foru agindu horren 3.3. artikuluak xedatzen du proben deialdia Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez eginen dela eta ebazpena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dela eta, hala bada, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko iragarki-ohol ofizialetan eta haren webgunean ere bai. Ebazpenean balorazio proben gaineko kontuak zehaztuko direla adierazten da, honako hauek hain zuzen: eskabideak aurkezteko epea, idatzizko proba, idazlana, ahozko proba, probaren mailaketa ...

Aipatutako xedapenean adierazitakoa betetzeko, bidezkoa da behar den administrazio ebazpena ematea, hizkuntzak baloratzeko proba berariazkoen deialdiaren oinarriak ezartzeko. Eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko estatutuak onartzen dituen irailaren 12ko 112/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskara, ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia egitea, Nafarroako Administrazio publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako.

2. Deialdi hori arautuko duten oinarriak (eranskinean ageri direnak) eta erabili beharreko inprimaki-ereduak onestea.

3. Ebazpen honen berri ematea Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuari eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Araubide Juridiko eta Administratiboaren Atalari.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea eta Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko iragarki-ohol ofizialetan eta haren webgunean ere argitaratzea, jende orok horren berri jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta haren aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko dute, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, honako artikuluei jarraikiz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazio Publikoari buruzko abuztuaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57.eta 115. artikuluak; uztailaren 28ko 267/2003 Foru Dekretuak onartutako erakunde autonomoa den Nafarroako Administrazio Publikoko Institutuko estatutuen 46. artikulua (otsailaren 24ko 38/2005 Foru Dekretuko 6. xedapen gehigarriak aldatu zuen); Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluak (lege hori urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen).

Iruñean, 2005eko urriaren 13an._Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Ignacio Bandrés Urriza.

O I N A R R I A K

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskara, ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia, Nafarroako Administrazio Publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako.

Lehen oinarria._Arau orokorrak.

Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen euskara, ingeles, frantses eta aleman maila neurtzeko proba berariazkoetarako deialdia egiten da, Nafarroako Administrazio Publikoen lanpostuak betetzearen ondorioetarako, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak martxoaren 8ko 18/2004 Aginduak ezarritakoarekin bat (2003ko martxoaren 31ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, 39. zk.).

Bigarrena._Betebeharrak.

Proba berariazkoetan onartuak izateko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) Eskaera aurkeztea, hirugarren oinarrian adierazitakoari jarraikiz.

b) Nafarroako Administrazio Publiko bateko funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea. Proba hauek ezin izanen dituzte egin administrazio horietan administrazio kontratudun gisa edo aldi baterako edo behin-behineko lan kontratadun gisa aritzen diren langileek.

c) Lanpostuak betetzeko azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuan araututako lehiaketetan parte hartzeko legez gaituak izatea.

Hirugarrena._Eskabideak noiz eta nola aurkeztu.

1. Proba hauetan parte hartzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izanen da, ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori luzaezina da.

2. Eskaerak epea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dira, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak prestatutako eskabide-orria erabiliz. Eskabide-orriaren eredua oinarri hauen bukaeran dago.

3. Interesatuek ebazpen honetan ageri den eskabide-orria erabil dezakete, edo eredua Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuaren bulegoetan eskatu edo Interneteko helbide honetan eskuratu: www.cfnavarra.es/inap.

4. Eskabide-orriak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutura igorriko dira (Navarreria kalea, 39, Iruña, 31001 posta kodea), eta aurkezteko bide hauetako bat erabili beharko da:

_Zuzenean Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuko administrazio bulegoetan.

_Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, Karlos III.aren etorbidea, 2.

_Posta bidez.

_Posta elektronikoaren bidez, helbide honetara bidalita: servicio.vascuence.inap@cfnavarra.es.

_Internet bidez, www.inapidiomas.net helbidean.

_Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 4/1992 Legearen 38.4 artikuluan onarturiko baliabideen bidez.

Laugarrena._Baloratzeko eskumena.

1. Onarturikoen azterketak baloratzea Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuari dagokio.

2. Hizkuntza bakoitzerako Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak arduradun bat izendatuko du.

3. Interesatuen hizkuntza maila ebaluatzeko ardura ebaluatzaileei dagokie. Ebaluatzaileak Administrazio Publikoko langileak izanen dira edo lan horretarako propio kontrataturiko adituak, eginkizun horietarako titulazio ofiziala izan beharko dutenak.

Bosgarrena._Balorazio mailak.

1. Izangai bakoitzari 0tik 5 puntura bitarteko puntuazioa emanen zaio aurkezten den hizkuntza bakoitzean, hamarrenik gabe, erakusten duen mailaren arabera.

2. Hizkuntz maila baloratzeko lau hizkuntz gaitasunak ebaluatuko dira: ulermena, irakurmena, mintzamena eta idazmena.

Hizkuntz mailak gainditzeko (1etik 5era) lau atal horiek guztiak gainditu beharko dira deialdi berean. Beraz, aurreko deialdi batean hizkuntz gaitasunen bati dagokion proba gainditua izanda ere, ez da aintzat hartuko.

3. Kalifikazioa orotarikoa izanen da, hots, ebaluaturiko langileak hizkuntza maila bat osorik gainditu ote duen ikusiko da.

Seigarrena._Balorazio probak.

1. Proba berariazkoak egiteko egintzan onartuak izateko, eta bai, halaber, probak egiten diren bitartean, interesatuek nortasun agiri nazionala aldean eduki beharko dute eta arduradunek eskatzen dutenean erakutsi.

2. Balorazio probak bi zati izanen ditu: idatzia eta ahozkoa.

a) Idatzizko zatian, gramatikaren ezaupideak, testuen ulermen orotarikoa eta berariazkoa, eta idazmena baloratzeko ariketak egin beharko dira.

Ariketa horrek bost zati izanen ditu: parte-hartzaile bakoitzak, ariketak egiteko unean berean, erabakiko du proba idatziaren zati bat, bi edo gehiago eginen dituen, bere hizkuntza mailaren arabera. Dena dela, komenigarria da gutxienez bi zati egitea, aztertzaileek beren balorazioa zehaztu ahal izateko behar adina informazio izan dezaten. Horretarako, proba hasi aitzin, ariketen gaineko informazio zehatza emanen zaie parte-hartzaile guztiei eta zati bat, bi edo gehiago egiteko behar den denbora. Idatzizko ariketa guztiak egiteko sei ordu emanen zaizkie gehienez ere parte-hartzaileei.

b) Ahozko zatian, ulermena eta mintzamena ebaluatuko dira.

Ahozko gaitasuna neurtzeko proba, oro har, euskarri batetik abiatuko da (testu bat, argazki bat, galdetegi bat, ...) eta grabatuko da. Interes orokorreko gai bat azaldu edo elkarrizketa bat egin beharko da, banaka edo binaka.

Zazpigarrena._Probak egiteko egunak.

1. Probak 2006ko urtarrilean eginen dira.

2. Eskaera guztiak jasorik, proben egunak eta orduak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Nafarroako Administrazio Publikoren Institutuko iragarki-ohol ofizialetan eta Institutuaren webgunean iragarriko dira, deusetan galarazi gabe Nafarroan argitaratzen den egunkariren batean ere iragartzea.

3. Proben egutegia parte-hartzaileen kopuruaren arabera eta egiteko dauden aukerabide teknikoen arabera prestatuko da.

4. Probak Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuan eginen dira, goizez eta arratsaldez.

Zortzigarrena._Emaitzen jakinarazpena.

1. Probak bukatu eta ariketak zuzendu ondoren, Euskara eta Hizkuntza Komunitarioen Zerbitzuak interesatu bakoitzari emandako balorazioaren egiaztagiria eginen du.

2. Egiaztagiri hori interesatuak jakinarazpenetarako eman duen tokira bidaliko zaio, probak amaitu ondoko hilabetearen barrenean.

Iragarkiaren kodea: F0520687