129. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 28a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

CASTEJON

Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantza behin betikoz onetsirik

Castejongo Udalak, 2005eko abuztuaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Herrilurretako aprobetxamenduen ordenantzako aldaketa. 103. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean behar zen iragarkia argitaratu zen, abuztuaren 29an, eta erregistroan ez da alegaziorik edo erreklamaziorik aurkeztu. Horrenbertzez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluarekin bat, aipatu ordenantza behin betikoz onetsitzat jotzen da, eta osorik argitaratzen da.

Argitara ematen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Castejonen, 2005eko irailaren 30ean._Alkate udalburua, Francisco Javier Sanz Carramiñana.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Castejongo herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beraien gain tributurik izanen.

Ez dute aldaketarik jasanen beren izaeran nahiz tratamendu juridikoan, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bertzenaz, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Castejongo Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herrilurretako ondasunen inguruan Castejongo Udalak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati tikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko eta soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Castejongo Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.

Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Castejongo Udalaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Castejongo Udala herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Castejongo Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aitzinetik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko ditu, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Castejongo Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Udalbatzak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.

10. artikulua. Castejongo Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.

11. artikulua. Castejongo Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herrilurretako ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Castejongo Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretatzeko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

13. artikulua. Castejongo Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

IV. TITULUA

Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak honako hauek dira:

a) Laborantzako herrilurren aprobetxamendua.

b) Herrilarreen aprobetxamendua.

c) Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak.

15. artikulua. 1. Orokorrean, herrilurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea edo adingabe burujabea nahiz judizialki gaitua.

b) Castejongo Biztanle Erroldan bizilagun bezala inskribatua egotea urtebeteko antzinatasunez.

c) Castejonen urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.

d) Castejongo Udalarekin zerga betebeharrak egunean izatea.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere beraien dirusarrerak lanbidearteko gutxieneko soldata baino tikiagoak badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Castejongo Udalak ebatziko ditu, osoko bilkuran eta banan-banan ebatzi ere, nekazaritza gaiez aritzen den batzordeak edo legelariak txostena egin ondotik.

II. KAPITULUA

Laborantzako herrilurren aprobetxamendua

16. artikulua. Castejongo laborantzako herrilurren aprobetxamenduak hiru modutan eginen dira, lehentasun ordena honen arabera:

a) Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak.

b) Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak.

c) Enkante publikoaren bidezko esleipena edo Castejongo Udalaren zuzeneko ustiapena.

Castejongo Udalak laborantzako herrilurren aprobetxamendua esleitzeko hiru modu horiek erabiliko ditu, bata bertzearen ondotik, emandako ordenaren arabera.

2. SAILA

Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduak

17. artikulua. 1. Aprobetxamendu modu honen onuradun izateko, famili unitateen titular diren herritarrek 15. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta famili unitateko kide bakoitzarengatik, dirusarrerek lanbidearteko gutieneko soldataren % 30 baino tikiagoak izan beharko dute, edo famili unitatearen dirusarrera osoak soldata eta erdiaren azpitik egon.

2. Famili unitatean gorputzez edo adimenez ezinduak diren kideak baldin badaude, agiri bidez egiaztatuta, lanbidearteko gutieneko soldataren % 50ren pareko dirusarrera kontatuko da kide bakoitzeko.

3. Errenta mailak zehazteko jarraitu behar diren irizpideak datu objektiboetan oinarrituz finkatuko dira. Hartuko dira kontuan pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena, soldatak, laborantzako lurrak errentamenduan nahiz bertze edozein tituluren bidez edukitzea, landalurraren, aziendaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hirilurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu ere.

18. artikulua. 1. Ereduko loteek ondoko azalerak izanen dituzte esleipen modu horretan:

_Lehorreko lurra: 5 erregu.

_Ureztalurra: 25 erregu.

2. 17. artikuluan ezarritakoa aplikatzearen ondorioz onuradun suertatzen direnei entregatuko zaizkien loteak, ereduko loteari ondoko koefizienteak aplikatuz aterako dira:

a) 3 kide bitarteko famili unitateak, 1 koefizientea, hau da, lehorreko 5 erregu eta ureztalurreko 25 erregu.

b) 4 kidetik 8ra bitarteko famili unitateak, 2 koefizientea, hau da, lehorreko 10 erregu eta ureztalurreko 50 erregu.

c) 7 kidetik 9ra bitarteko famili unitateak, 3 koefizientea, hau da, lehorreko 15 erregu eta ureztalurreko 75 erregu.

d) 9 kidetik goitiko famili unitateak, 5 koefizientea, hau da, lehorreko 25 erregu eta ureztalurreko 125 erregu.

19. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamendurako finkatutako baldintzak betetzen dituzten famili unitate anitz badira, eta horrek arazo sozialik sortzen badu, Castejongo Udalak, aldez aurretik Nafarroako Gobernuaren baimena jasota, Ordenantza honetako 17 eta 18. artikuluetan adierazitako faktoreak beheititzen ahalko ditu proportzionalki eta arrazoituz, baina inoiz ez igo. Halakoetan, Udalak laborantzako beren herrilurren % 50 erabiliko ditu, gutienez, banaketa modu honetarako.

20. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea 12 urtekoa izanen da. Urte bat baino gehiagoko laboreak badira, eta Udalak baimendu ondotik, epe hori landare motaren bizitza erabilgarriaren arabera luzatuko da, baina betiere ez 24 urtetik goiti. Ezarrita dagoen epea amaitzen denean, finketan emankor jarraitzen duen landarerik edo hobekuntza lanik gelditzen bada, finkaren eta udalerriaren mesederako geldituko da, inolako kalte ordainerako eskubiderik sortu gabe.

Esleipenaren 12 urteen epea amaitutakoan, onuradunak betetzen ez baditu esleipen modu honetarako eskatzen diren baldintzak, ez du kalte ordaina jasotzeko eskubiderik izanen, ezta urte bat baino gehiagoko laborea paratzeko Udalaren baimena hartu badu ere.

21. artikulua. Aprobetxamendu modu honetan, herrilurren onuradunek hurrengo lur-sari hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurra: 0'60 euro erregu/urtea.

_Ureztatzeko lurra: 11 euro erregua/urtea.

Zenbateko horri gainerako kontzeptuak batuko zaizkio; 2005ean ondoko zenbatekoak dira:

_Ureztatzeko ura: ureztatzaileen elkarteak finkatua.

Zenbateko hauek 2005erako proposatutako lur-sariari dagozkio eta esleipenak irauten duen urteetan urtero eguneratuko dira KPIaren gorakadaren heinean, salbu eta gizarte aseguruei eta ureztatzeko urari dagozkienak, erakunde eskudunek zer finkatzen duten, halakoxea izanen baita haien gorakada. Nolanahi ere, lur-sariak Castejongo Udalak hartzen dituen kostuak berdintzeko bezainbatekoa beharko du izan, gutienez ere. Esleipen berriak izanez gero, zenbateko hauek berrikusten eta aldatzen ahalko dira.

22. artikulua. Herrilurretako lurzatiak onuradunek berek zuzenean landu beharko dituzte, eta ezin izanen dituzte errentan eman edo ustiatu norberaren lana ez den bertze moduren baten bidez.

Onuradunei esleitutako lurzatien laborantza hainbaten artean egiten denean ere laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertuko da, haiek kooperatibetan edo legez eratutako lan taldeetan elkartzen direnean eta kide guztiek 17. artikuluan adierazitako baldintzak betetzen badituzte.

23. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, laborantza zuzenean eta norberak egina dela ulertzeko, esleipen-hartzaileak edo haren famili unitateko kideek egin behar dituzte laborantza lanak, ordenantza honetako 17. artikuluan jasotzen diren ezaugarriak izanik, eta soldatapekorik ezin izanen dute hartu, non ez duten urtaroen edo nekazaritzako ustiapenaren goiti-beheitik horretara behartzen. Alabaina laborantza zuzenean eta norberak egiteko ahalmenik ez da galduko, Udal honen iritzian, laborantza norberak egitea eragozten dion eritasun edo aldi bateko bertze arrazoirengatik soldatapekorik hartzen denean. Horrelakoetan, hamabortz eguneko epean jakinaraziko zaio Castejongo Udalari, behar den baimena eman dezan.

Ezintasun fisikoa edo bertzeren bat, Udalaren osoko bilkuraren iritzian, behin betikoa bada eta herrilurrak norberak zuzenean lantzen ahal ez baditu, ondoko artikuluan xedatzen dena aplikatuko da.

24. artikulua. Laborantza norberak zuzenean egiteko ezintasun fisiko hori Gizarte Segurantzaren elbarritasun ziurtagiriaren bidez frogatu beharko da, eta esleipenaren unean nahiz lurrez baliatzen ari diren bitartean kasu horretan gertatzen diren titularren lurzatiak herrilurrak aprobetxatzeko hurrengo moduan esleituko ditu Castejongo Udalaren osoko bilkurak, erran nahi baita, herritarren arteko zuzeneko esleipenaren bidez, eta hala ez bada, bertze modu batean, hau da, Castejongo Udalak berak ustiapena eginez edo enkante publikoaren bidez. Castejongo Udalak lurzatien onuradunei esleipenetik ateratako dirusarrerak ordainduko dizkie, lur-saria kendu ondotik.

Castejongo Udalak ezintasun fisikorik edo bertzeren bat noiz dagoen erabakitzeko eskumena du, eta egoki juzkatzen dituen agiriak eskatuko ditu.

Beren laborea apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurrak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.

Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte udal diruzaintzan.

25. artikulua. Castejongo Udalak egoki juzgatzen dituen egiaztapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza norberak zuzenean egiten duela ziurtatzeko.

Honelakoetan ulertuko da lurrak ez dituela zuzenean norberak lantzen:

a) Nekazaritzako makineria izanik, nork berari esleitu herrilurrak lantzeko erabiltzen ez badu.

b) Landazain Zerbitzuaren edo Nekazaritza Batzordearen ustean, esleitutako lurzatiak, ordenantza honetako 22, 23 eta 24. artikuluetan xedatzen den bezala, norberak zuzenean lantzen ez baditu.

c) Ondoko alderdi hauen gaineko egiaztagiriak eskatu eta Castejongo Udalak agindu epean aurkezten ez badira: laborantza lanak egitea, lehengaiak erostea eta produktuak saltzeko lanak, berek edo Udalak baimendutako pertsonek eginak.

d) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik ez egonik ere.

e) Esleituriko lurzatiaren % 80 bederen lantzen ez denean.

f) Laborantzako lurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan emanda badituzte.

2. SAILA

Herritarren artean zuzenean esleitutako aprobetxamenduak

26. artikulua. Lurzatiak Lehen Sailean ezarritakoaren arabera banatu ondotik, geratzen diren laborantzako herrilurrak, bai eta onuradunek berek zuzenean lantzen ez dituzten lurzatiak ere, zuzenean esleituko dira 15. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateko titularrak diren herritarren artean.

27. artikulua. Zuzenean esleitzen diren loteen azalera Udalak erabakiko du, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondoan, eta gelditzen den azaleraren eta eskatzaile kopuruaren ariora eginen da, famili unitate bakoitzak dituen dirusarrera garbien edo ustiategiak duen tamainaren alderantzizko proportzioan, esleipen hartzaileak nekazariak izanez gero.

28. artikulua. Esleipenaren epea 20. artikuluan adierazitako berbera da.

29. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek lur-sari hauek ordainduko dituzte:

_Lehorreko lurrak: 1 euro/erregua.

_Ureztatzeko lurrak: 19 euro/erregua.

Gainera, gainerako kontzeptuak sartuko dira, 2005ean zenbateko hauek baitira:

_Ureztatzeko ura: ureztatzaileen elkarteak finkatua.

Zenbateko hauek 2005erako proposatutako lur-sariari dagozkio eta esleipenak irauten duen urteetan urtero eguneratuko dira KPIaren gorakadaren heinean, salbu eta ureztatzeko urari dagozkionak, erakunde eskudunek zer finkatzen duten, halakoxea izanen baita haien gorakada.

Zenbate horiek esleipen berri bakoitzean aldatzen ahalko dira.

30. artikulua. Laborantza zuzenean eginen du esleipen-hartzaileak berak. Horretarako, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

31. artikulua. Castejongo Udalak beretako gordeko du laborantzako herrilurren azaleraren % 5 baino gehiago izanen ez den azalera, lehentasuna duten onuradun berriei esleitzeko.

Soberan gelditutako lur horietarako eskaitzailerik ez den bitartean, Udalak behin-behinekoz esleitzen ahalko ditu enkante publikoan. Hala eginez gero esleipena urtebeterako izanen da, bertzerik gabe luzatzea posible izanen bada ere, onuradun berrien eskaririk izan ezean. Modu honetan gehienez ere izaten ahal den luzapena 20. artikuluan ezartzen dena da.

32. artikulua. Aurkeztutako eskaerak lurrak baino gehiago badira, lehentasuna duten herritarrendako esleipena egin ondotik, dirusarrera handiagoak dituzten famili unitateetako titularren eskaerak kenduko dira.

Famili unitateen errenta mailak zehazteko, ordenantza honetako 17.3 artikuluan ezarritako irizpide berei jarraituko zaie.

33. artikulua. Castejongo Udalak uzten ahal dizkie halaxe nahi duten famili unitateetako titularrei erregu bat eta erdiko baratzeak, baldintza hauekin:

a) Eskatzailea ez da ureztalurren jabe ez bertzelako herrilurren lotearen onuradun izanen eta ez du lurrik apartzerian izanen.

b) Baratzea norberak zuzenean landuko du, 22, 23, 24 eta 25. artikuluetan ezarritakoaren arabera.

c) Esleipena 40 urterako eginen da, 1993ko hasierako esleipenetik hasita. Udalak beretako gordeko du esleipenaren irizpideak eta lurzatiaren luze-zabalak komenigarria iruditzen zaionean aldatzeko eskubidea. Esleipen hori Udalak eginen du, osoko bilkuran, eta eskatzaileen artean zozketa eginez.

d) Lur-saria 10 euro izanen da urtean, 1,5 erreguko lurzati bakoitzetik. Lur-sari hori 2005erako proposatu dena da, urtero eguneratuko baita gehienez ere KPIa aplikatuz.

Gainera, lur-sariaren barnean gainerako kontzeptuak sartuko dira, 2005ean zenbateko hauek baitira:

_Ureztatzeko ura: ureztatzaileen elkarteak finkatua.

Castejongo Udalak eskaera horietarako lur azalera aski gordeko du, baina lur hori ez da izanen laborantzako herrilurren azalera osoaren % 10 baino handiagoa.

Soberan gelditutako lur horietarako eskaitzailerik ez den bitartean, Udalak behin-behinekoz esleitzen ahalko ditu enkante publikoan. Hala eginez gero esleipena urtebeterako izanen da, bertzerik gabe luzatzea posible izanen bada ere, onuradun berrien eskaririk izan ezean. Modu honetan gehienez ere izaten ahal den luzapena 20. artikuluan ezartzen dena da.

3. SAILA

Castejongo Udalaren zuzeneko ustiapena edo enkante publikoa

34. artikulua. Castejongo Udalak, Lehen eta Bigarren Sailetan ezarritako prozedurak aplikatu ondoan, laborantzako lurra soberan baldin badago, enkante irekian eginen du esleipena, eta hurrengo banaketa noiz egin behar den, hartarainoko epea emanez.

Erregu bakoitzeko hasierako prezioa 20,00 euro izanen da 2005erako; hurrengo urteetan, eskualde honetan antzeko lurrendako dabiltzan errentamendu prezioen ariora finkatuko du Udalak. Zenbateko hauek urtero eguneratuko dira KPIaren arabera.

Enkantea egin ondoan laborantzako lurra soberan gelditzen bada, Castejongo Udalak zuzenean ustiatzen ahalko du.

4. SAILA

Esleitzeko bidea

35. artikulua. Castejongo Udalak aldez aurretik erabakia hartuta, 15 egun naturaleko epea irekiko da eskubidea izan uste dutenek herrilurretako lurzatien esleipena eska dezaten, aldez aurretik ediktua paratuta Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean.

36. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Castejongo bizilaguna dela, gutienez ere urtebeteko antzinatasunarekin, eta urtero bederatzi hilabete egiten dituela, bederen, udalerrian.

b) Udal honekin zerga arloko eginbeharrak beteak dituela.

c) Famili unitatea zenbat kidek osatzen duten. Lehentasuna duten herritarrek haietariko inork ezintasun fisikorik edo psikikorik duen aipatuko dute.

d) Famili unitateko kide bakoitzak zenbat erregu dituen jabetzan, bai Udal honetan bai bertzetan; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Famili unitateko kide bakoitzak errentan edo jabetzaz bertzeko tituluren baten bidez lantzen dituen lurrak; lehorreko lurrekoak edo ureztatzekoak diren zehaztuko da.

e) Famili unitateko kide bakoitzaren hirilurreko kapital zergagarriak, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai Castejongo mugapekoak bai bertzelakoak.

g) Famili unitateko kide bakoitzaren abere aberastasuneko zerga oinarriak, udal mugape honetan nahiz bertzeetan, hau da, aziendaren espeziea eta zenbatekoa aipatuz.

h) Famili unitateko kide bakoitzaren dirusarrerak, izanik nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak nahiz gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpena egiaztatzeko, Castejongo Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko; haiek agirietan eta datu objektiboetan oinarrituko dira, 17.3 artikuluan zehazten den bezala.

37. artikulua. Nekazaritza Batzordeak proposaturik, Castejongo Udalak, osoko bilkuran, onartuen zerrenda onetsiko du esleitzeko era bakoitzean, lehentasunekoan edo zuzenekoan. Zerrenda hori behin-behinekoa izanen da.

38. artikulua. Aprobetxamendu modu bakoitzeko behin-behineko zerrenda Udal honen iragarki oholean paratuko da 10 egun naturaleko epean, bidezko diren alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrenda behin betikoa bihurtuko da.

39. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak izanez gero, Castejongo Udalak haiei buruzko ebazpena emanen du osoko bilkuran eta esleipen modu bakoitzean herrilurretako lurzatien onuradun izateko eskubidea dutenen behin betiko zerrenda onetsiko.

40. artikulua. Lehentasuna duten herritarrendako aprobetxamenduan eskubidea duten famili unitatearen titularren behin betiko zerrenda ikusirik, Udalak loteak esleituko ditu, eta horien ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 18. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Laborantzako herrilurren gainerako azalerari dagokionez, Udalak laborantzarako loteak esleituko dizkie herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduko behin betiko zerrendan dauden famili unitatearen titularrei. Loteen ezaugarriak eta azalera ordenantza honen 27. artikuluaren araberakoak izanen dira.

Esleipena egiteko, loteei zenbakia emanen zaie, 1etik hasi eta, zenbat diren, horrenbertze egiten dueneraino, elkarren segidan eta bata bertzearen mugakide izateko maneran. Klase hartara, lehen esleipen hartzaileari 1 zenbakiko lotea emanen zaio, baita horren segidan dagozkionak ere, baldin eta halakorik bada, eta bigarren esleipen hartzaileari lehenbizikoari eman zaion azkenarekin muga egiten duena emanen zaio, baita dagozkionak ere, baldin eta halakorik bada, eta orobat gainerakoekin.

Lurzatiak esleituta, onuradunen eta haiei dagozkien herrilurretako lurzatien zerrenda jendaurrean paratuko da, 15 egunean, Udalaren iragarki oholean. Zerrendak Udalak onetsiko ditu osoko bilkuran.

41. artikulua. Argitaratutako zerrenden aurkako alegaziorik bada, horiek ebatzita eta akatsak zuzenduta, behin betikotzat joko da laborantzako herrilurren aprobetxamenduen esleipena.

Esleipen hartzaileek urteko baten zenbatekoa utzi beharko, fidantzatako, 10 eguneko epean.

Familien baratzeen kasuan, esleipen hartzaileek hiru urtekoren zenbatekoa utzi beharko dute fidantzatako; horrek bermatuko du, lurzatiaren laborantza zuzenaz eta baldintzen plegua betetzeaz landa, esleipen hartzaileak lurzatiaren ustiapena bertan behera ez uztea ezta hari uko egitea ere 10 urteko epean esleipenetik aitzina, arrazoi justifikatua dagoenean izan ezik.

III. KAPITULUA

Herrilarreen aprobetxamendua

42. artikulua. Antzinako ohiturari, legeari nahiz hitzarmenari jarraikiz Castejongo Udalaren herrilarreek ustiapen unitate bat eta bakarra osatzen dute finka partikular batzuekin batean; haien aprobetxamendua Castejongo Udalaren Bazkalekuetako larreen aprobetxamenduaren esleipena arautzen duen ordenantzarekin bat eginen da.

IV. KAPITULUA

Herrilurretako bertzelako aprobetxamenduak

43. artikulua. Herrilurrak sartuz eraturiko barrutietako ehizaren aprobetxamendua Nafarroan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz eginen da.

44. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den bertze edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Castejongo Udalak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Horrez landara, beharrezkoa izanen da jendaurrean paratzea, 15 egunez gutienez, eta Nafarroako Gobernuak onestea.

V. KAPITULUA

Hobekuntza herrilurretan

45. artikulua. Castejongo Udalak indarrik gabe uzten ahal ditu herrilurren gainean dauden aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek ukitutako proiektuek honako xede hauek baldin badituzte:

a) Herrilurren gaineko kargak kentzea.

b) Herrilurra hobetzea.

c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrak laguntzeko.

46. artikulua. Aurreko artikuluak aipatzen dituen proiektuak Udalak berak edo interesaturik dauden herritarrek sustatuko dituzte eta lehentasunezkoak izanen dira.

47. artikulua. 45. artikulu horretan aipatzen den ahalmena erabiltzeko prozeduran urrats hauek bete beharko dira:

a) Castejongo Udalak osoko bilkuran hartutako erabakia, proiektua eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautuko duen araubide berezia onesten dituena.

b) Hilabetez jendaurrean egotea eta, alegaziorik aurkezten bada, Castejongo Udalak osoko bilkuran horien gainean hartzen duen erabakia.

c) Nafarroako Gobernuaren onespena.

48. artikulua. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, ordainduko zaizkie, zuzenbidez hala badagokie.

49. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurra hobetzeko egiten dituen proiektuak Castejongo Udalak osoko bilkuran baizik ez ditu onetsiko, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean jarri eta gero aurkezten diren alegazioak ebatzi ondoan.

V. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

50. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Aprobetxamenduen lur-sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

c) Herritarrendako aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

d) Herrilurrari esleipeneko erabilera ez dena ematea.

e) Herrilurrak lantzea udal esleipenik gabe, nahiz eta landu gabeko lurrak edo larre utziak izan.

f) Laborantza iraunkorrak (frutarbolak, zainzuriak, etab.) udal baimenik gabe landatzea.

g) Esleipenetan aipatutako epeak ez errespetatzea.

h) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasun babesari buruzko Foru Legean eta Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

i) Lurzati bat goldatzean ildoa irekia uztea bide baten ertzean.

j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

k) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.

l) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

51. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

a), b), c), d), f) eta h) arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko da, Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak ukatu gabe.

g) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen-hartzailea izateko eskubidea galduko da.

Maltzurkeriaz edo zabarkeriaz Udalaren ondasunetan kalteak sortu edo haiek nolanahi usurpatzen dituztenen aurka ezar daitezkeen zehapenak, ez dira usurpatutakoaren edo eragindako kaltearen balioa baino tikiagoak izanen, ez eta hura halako hiru baino handiagoak ere. Balioa zenbatestea posible ez bada, zehapena 50 eurotik 1800 eurora bitartekoa izanen da.

Iragarkiaren kodea: L0519804