129. ALDIZKARIA - 2005eko urriaren 28a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

512/2005 FORU AGINDUA, irailaren 12koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana, energia elektrikoa sortzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematen duena. Elerebro, S.A. enpresak sustatzen du Castejongo udalerrian, 400 MW-ko bi multzok osaturiko 800 MW-ko ziklo konbinatuko zentral termiko baterako.

Elerebro, S.A. enpresak, 2004ko otsailaren 24an, Castejongo ziklo konbinatuko zentral termikorako ingurumen arloko baimen osatua eskatzeko agirien hiru ale aurkeztu zituen Ingurumen Departamentuan.

Instalazio hori kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeko I. eranskineko "Araubide arruntean edo araubide berezian energia elektrikoa sortzen duten instalazioak, erregai fosilak, hondakinak edo biomasa erretzen dituztenak" deritzon 1.1.a) atalaren barruan dago. Horregatik, lege hartan aurreikusten den prozedurarekin bat, ingurumen arloko baimen osatua lortu behar du.

Halaber, instalazio hau ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri da, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatzen duen maiatzaren 8ko 6/2001 Legeko I. eranskineko 3. multzoko b) 1 idatz-zatian sarturik baitago.

Gaur egun, ziklo konbinatuko zentral termiko honek 400 MW-ko multzo bat badauka (1. multzoa deritzona), eraikia eta abian dena. Orain, beste multzo bat instalatu nahi da, 2. multzoa. Hori ere 400 MW-koa da.

Ingurumen Idazkaritza Nagusiak, 1. multzoaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin zuen 2000ko martxoaren 24an. Horren arabera, proiektua bideragarria da ingurumenari dagokionez.

Kutsadurari eta Klimaren Aldaketari Aurrea Hartzeko Idazkaritza Nagusiak, 2005eko apirilaren 18ko Ebazpenaren bidez, 2. multzoaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin du. Horren arabera, zentral termikoa handitzeko proiektua bideragarria da ingurumenari dagokionez.

Bestaldetik, instalazioa udalez gaindiko proiektu sektorial gisa onetsia izateko izapidatu da, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatzekoak diren beste arauetan xedaturikoarekin bat.

Halaber, titularrak kalkulu bat egin du eta horren arabera instalazioa ez dago ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legean adierazitakoaren arabera izapidatu da ingurumen arloko baimen osatuari buruzko espedientea eta haren gaineko txostena egin.

Horregatik, 2004ko ekainaren 16an, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaraturik, proiektua jendaurrean paratzeko epea hasi zen, kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 16. artikuluan xedaturikoarekin bat.

Jendaurrean egoteko epean, Murillo de las Limasko Ureztatzaileen Elkarteak eta Castejongo Udalak alegazioak aurkeztu zituzten.

2004ko uztailaren 27an eta abuztuaren 31n, hurrenez hurren, alegazio horien kopia bana igorri zitzaion Elerebro, S.A. enpresari.

2004ko irailaren 2an eta irailaren 21ean, hurrenez hurren, alegazio horiei Elerebro, S.A. enpresak eman zizkien erantzunak hartu ziren.

IV. eranskinean alegazioen eta erantzunen azalpena ematen da.

2004ko abuztuaren 13n Castejongo Udalari espedientearen kopia bidali zitzaion eta derrigorrezko txostena eskatu zitzaion, bere eskumeneko alderdietan instalazioa egokia zen ala ez adieraz zezan, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 18. artikuluan ezarritakoari jarraituz.

2004ko irailaren 2an Castejongo Udalaren txostena hartu zen. Horretan, 2. multzoa zabaltzeko kontrako jarrera adierazten zen, herrian kutsagune anitz bilduko baitziren. Udalak eskatu zuen, ingurumen arloko baimen osatuaaren gainean ebatzi baino lehen, sustatzaileak ingurumen arloko kontu batzuk froga zitzala modu egokian. Froga horiek jendaurrean egoteko epean aurkezturiko alegazioekin bat datoz.

Halaber, 2004ko abuztauaren 13an, Ebroko Ur Konfederazioari espedientearen kopia eta jasotako alegazioak igorri zitzaizkion, eta uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 19. artikuluan isurketen onargarritasunari buruz aipatzen den nahitaezko txostena eskatu zen.

2004ko abenduaren 16an, 2. multzorako isurketak baimendu eta adierazteko eskabideen eredu ofizialak aurkeztu zituen enpresak Ebroko Ur Konfederazioan. Eredu horiek ekainaren 2ko MAM/1873/2004 Aginduaren bidez onetsi ziren (ekainaren 18ko 147. Estatuko Aldizkari Ofiziala).

2005eko otsailaren 11n, Ebroko Ur Konfederazioaren adostasun txostena hartu zen. Hare erreferentzia 2004.S.328 da eta bertan baimena ematen da 2. multzoko hondakin urak eta hoztekoak isurtzeko.

Halaber, Ebroko Ur Konfederazioak, 2000ko abenduaren 5eko Ebazpenaren bidez, ur publikoak aprobetxatzeko eta 1. multzoko hondakin urak isurtzeko baimena eman zuen. Gero, Konfederazioak berak, 2004ko urtarrilaren 13ko Ebazpenaren bidez, isurtzeko baimen hori aldatu zuen isurketaren kanonari dagokionez.

Interesatuei entzunaldia emateko izapidea betetzearren, uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 20. artikuluan xedatu bezala, 2005eko abuztuaren 10ean, ingurumenaren arloko baimen osatuaren gainean ebazteko proposamena igorri zitzaion Elerebro, S.A.enpresari, gehienez ere hamabost eguneko epean, bidezkotzat jotzen zuena adieraz zezan.

Elerebro, S.A.k, 2005eko abuztuaren 26an, alegazio batzuk aurkeztu zizkion proposamenaren testuari. Alegazio horiek, aztertu ondoren, foru agindu honetan baildu dira hein batean.

Baimen honek Ebro ibaira isurtzekoak biltzen ditu, uztailaren 2ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuko hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Horren bidez, Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zen. Horretarako, Ebroko Ur Konfederazioak eman ebazpen eta txostenen edukia bildu da.

Baimen honek hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko azterlanaren onespena biltzen du. Ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat, hondakin arriskugarriak ekoizten dituztenek azterlan hori prestatu eta lau urtean behin autonomia erkidegora igorri beharko dute. Hondakinak ahalik eta gehien txikitzeko neurriak kontuan hartu dira titularrak egiten ahal diren hobekuntza teknikoen barruan aurkezturiko agirietan.

Ingurumena babesteko esku hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Energia elektrikoa sortzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematea. Elerebro, S.A. enpresak (CIF: A-31621899) sustatzen du Castejongo industrialden, 400 MW-ko bi multzok osaturiko 800 MW-ko ziklo konbinatuko zentral termiko baterako.

2. Jarduera ingurumen arloko baimen osatua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 112/04 (IPPC) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatu beharko da eta betiere foru agindu honen II. eta III. eranskinetan aipatzen diren neurriak bete beharko dira.

3. Ingurumen arloko baimen osatu honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

4. Ebroko Ur Konfederazioak, txosten baten bidez, eskatzen ahalko du ingurumen arloko baimen osatua aldatzeko prozedura ekin dakiola legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.

5. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, ingurumena babesteko esku hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

6. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko ikerlana onestea, titularrak haren neurriak sartu baititu agirietan, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

7. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

8. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

9. Foru agindu hau jakinaraztea Elerebro, S.A.ri, Castejongo Udalari, Ebroko Ur Konfederazioari, Murillo de las Limasko Ureztatzaileen Elkarteari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko irailaren 12an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesatuen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0519891